Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-06-25: Guda galgarri hau

Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.

 

 

UMEZURTZEZ ORAINO

 

      Garbiki mintzatzeak ez du parerik; xoilki behar litake ahalaz garbiki mintzo dena solas batez, hartan utzi, ongi ala gaizki har dezozun erran duen hura.

      Aiphatu ez duen deusez kondurik ez lakioke galdatu behar, adixkide batek egun zortzi hemen berean gerla hunen ondoriozko umezurtzez eman dugun solasaldiaz kondu galdegin daukun bezala: zertako ez ginen solas delakoan barnago sarthu?...

      Zertako? Gure adixkide onak gogoan zuena, bertze kazetetan araiz irakurturik, eta guk hemen aiphatu duguna gerlako umezurtzez, biga baitire, osoki biga.

      Bertzek aiphatu dutena guk ere aipha ginezaken; ezta errana eztugula egun berean berex aiphatuko. Bainan kazeterian hor derabilaten erasiaz bertzerik ginuen egun zortzi gogoan. Gogoan ginuenetik hasi bagira eta hartan gelditu, zer da gero?

 

* * *

 

      Erran dugu eta erraiten egun beriz, ba eta berriz ere oraino erranen, ongi balin bazauku: gerla hunek utziko dituela burhaso hañitz, seme ondoko-geirik gabe; berak bizi direno laguntzalerik gabe; utziko dituela ere, aita gaizoa gerlan hilik, haur hotz hiru, lau, etxean, ama alhargun ahul baten gain, umezurtz!

 

      Burhaso haur gabe, haur burhaso gabe geldituek, elgarretaratzea nolazpeit, ez luketea bada elgarren onetan?

      Hori erran dugu egun zortzi, eta gure hitzean gaude.

 

      Senhar-emazte haurrik egundaino ukhan ez dutenek ere, ba eta zituztenak gerla hau baino lehen galduak dituzketenek, zer egin hoberik, ba berentzat, ba gerla hunek haurrez kargaturik utzi alharguntsa dohakaben, ba guziz haur aitarik gabekoentzat, muthiko ala neskatoko,... hoberik zer egin, halako bat beren gain hartzea baino?

      Beren gain hartzea, ezta bethi erran nahi, beren etxerat hartzea, beren ganat osoki, jan edan eta etzantza, orotaz.

      Hura litakela ederrenik, erran gabe doa; bainan lagun ditake haur bat, den tokian utziz; har dezakezu etxerat sehi edo muthil bezala, behin,... hitz erdi bat amari erranik beharri xilora, edo erran gabe, zer xede zinuken, haurra ontsa doalalarik, harentzat egiteko sarrixago, muthil edo sehi batentzat ardura egiten ez denik.

      Asko gisetara eta asko izariz has dezakezu gogoan duzuna.

      Sekulan eztu atze batek ahantz-araziko zure odoleko haur hura. Hura ez duzu ordean engoitik hor; hila da, gerlak ereman dautzu egun hits hautan; edo lehenago nolazpeit, herioak.

      Zurea galdurik, edo Jainkoak eztautzulakotz eman zurerik, bihotz gutiago eta gutiago buru zinukea, bertzeren bat zuretuz?

      Ahaide hurbil edo urrun batzuen haur umezurtza hobe, bana bertze, hautura. Azken beltzean ahal dena.

      Bertzeri eta zuhauri ongi egitea litake. Bethi ez; uste gabean bihotz-mina zinuke, esker-gabekeriaz pagatua bazine. Ar mailka, urhaska, gauzak ikusiz, itsura sarthu gabe barnegi.

 

* * *

 

     Deusetarat ez entseatzea da orotako hitsenik. Halakoak segura du, dohakabe gelditzea bakartasunean; zaharrago eta bakarrago, laguntza gabeago.

      Umezurtz bati estekatzen denak, ahalik hobekiena hautatuz jende onetarik, lanjer du gaizki kausitzea; gaizki eror beldurrez ukho dagona, koropilo, harek eztu zeren amets egin ezagutzarik erakuts dezon nehork.

      Ororen buruan, zonbat burhaso ez doazi mundu huntarik, beren haurrek edo zoin atzek bezen idorki arthaturik azken urthetan? Atze batzu hobe askotan. Bego bethi odola lehen; bainan ez ditakenean nahi litakena, bertze askotan bezala huntan ere, zertako ez egin ahal dena?

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, ekhainaren 16an

      Arras-eko aldean aitzinatuz goazi; ba eta Vosges mendietan; halaber la Fecht izena duen ur lasterraren hegietan.

      Reims hiriari aiher zaio itsuski oraino etsaia; bonba bonbaren gainera.

      Nancy-ko hiria ere alta ez daukate ahantzirik; sei gizon-xori ari zaizko gain behera tiroka. Bortz gizon hil dituzte, zuek eta ni baino gehiago soldado etzirenak; bertze zonbeit, kolpatu.

      Monfalkone harturik, Italianoak badoazi bethi aitzina. Noiz eta noraino arte? Ikusi behar. Otrixianoak ukho bezala daudelarik ez baitzazkote Alemanak bederen jazartzen, handi da. Hauiek ere badutela norat aski burutzia egin, marka da: non ez daukaten hor golkoan gorderik, zerbeit jukutria tzar? Gauden beha.

      Rusoen berriak egun hautan xuhur; burdin-bidez eta tresneriaz omen dire gibela; bainan halere hatsa luze baitute, zangoak on eta eremu gaitza beren behingo etsai ditu rusoak, hainbertze etsairen jabe den alemanak.

      Greziar deputatuen bozak gurekilakoen alde joan dire, hiruetarik biak.

 

Ortzegun, 17an

      Bethi Arras hiritik iphar aldean gudurik samurrena, eta egun guziez, guti edo aski, gaina guk; xoilki egun batzuz bertzetan baino gehiago, bereziki Souchez eta Neuville-ko gunean.

      Alsace-tik ere berri onak.

      Italianoak Goritz-eko hiriaz jabetzekotan dire. Badute norat berma! Burdin bideak bonbez andeatu nahiz dute egun hautako lanik handiena.

      Etsaiak urpezko untzi bat jauz-arazi diote.

      Rusoek, tokitan gibelatuz aitzinatuz bertzetan, tresna gehiagoren beha daudeno gizon hanitz hiltzen diote alemaneri; ez gutienik alegia ihesi doazinean. Hori egundainokoa dutela, ez dugu behar ahantzi.

 

Ortzirale, 18an

      Alsace-n goazi atzo ta egun hobekienik, la Fechl ur lasterraren bi bazterretan. Presuner hanitz hartzen diogu etsaiari; are gehiago tresneria.

      Rusoak Galizian azkar dagozi, nahiz guti duten aitzinatzen. Dniester-eko aldean, bi ur lasterren artean daukate, nolako hersturan! ...etsaia.

 

Larunbat, 19an

      Deputatuen bilkuran atzo mintzatu dire soldado guduan hilen, ehorzte orde, erretzeaz. Aspaldiko solasa dute, bertzenaz ere, hilak lur sainduan ez ehorzteko, suntsitzea, errez, hartako egin labe batzuetan, hilen orhoitzapenik, hobirik, kurutzerik, ez deus, ez dadin geidi.

      Orai, gerla egun hautan, estakuaruaz baliatu nahi litazke, soldado hilak errearaziz, geroxago hil guziak suntsi arazteko.

      Utzi balute soldado aitzindarien gain gerla egunetan, bizien ososunak galdatzen duena egin dezatela hilez, deus etzitaken erraitekorik. Hanitzek boza eman dute: aitzindariek soldado hilak erre-arazi behar, berek nahi ala ez.

      Egunak dire ba hauk, ez urrikaltzeko soldado hil gaizoen eta heien etxekoen sinesteaz! Gorputzak erre ondoan, heien hatzik nehon ezin hatzemanezko bihotz-mina bertzalde.

      Agian zenatorrek bihotz gehiago erakutsiko dute deputatuek baino.

      Ez ginuke bertzenaz deusen beharragorik!...

 

     Ezta etsaiak Rusoen lehertzeko egiten eztuen indarrik. Eztauzka leherturik. Ederki diote ihardukitzen. Eskas zituzten puska-muska guzietarik omen dute nasaiki ja; eta ukhanen hemendik goiti, gero-ta gehiago.

      Nausi gitela osoki Dardanelles-etako ur-arte luze eta hertsi hartaz, ordutik harat deusen eskasik ez dute ukhanen Rusoek, gerlako tresnetarik; ez eta guk handik hunat igortzeko rusoek nasai dituzten ogi eta bertzetarik, bereziki jatekoz.

 

Igande, 20an

      Arras hiriko aldean oraino ere kilometre batez aitzinatu gira. Artilleriaz daukagu etsaia azpitik. Presuner andana bat egin diogu.

      Hauts-de-Meuse direlakoetan bi zilo errekaz, bi aitzindariz eta 70 hamar soldadoz jabetu gira.

      Reillon deithu tokian eremu pozi bat hartu dugu; berriz galdu; hartu berriz eta oraikotik atxiki alderat gure, 50 bat presuner eskuraturik; la Fecht ur lasterraren hegietan ere egin ditugu presuner zonbeit.

 

Astelehen, 21ean

      Aitzina bethi; bethi nekez, bainan bethi etsaia gibelaraziz. Artilleria gauaz karraskan.

      Erreka zilo bat osoa hartu diotegu, kilometre bat eta erdi luze. Hartzen ditugun ildo guziak aleman hilez betheak hatzemaiten ditugu.

      Araberan deramagu sail guzia, burutik buru.

      Metzeral-eko hilerriaz jabetu gira, à la baionette; 150 presuner eginik, lau aitzindari handi; ttipi, hameka.

      Esparrtu baitezpadakorik ez, bainan etsaiak baino gehiago bethi. Hola deraramagu higatuz, higatuz.

 

Asteart, 22an

      Gaur etsaiak Dunkerque hiriaren gainerat igorri dauzku, kanoi handi urrun heltzale batekin, 14 obus. Zonbeit gizon hil dauzku, soldado etzirenak.

      Ordainez, beljikanoek hartu diote, Saint-Georges deithu tokitik hegoaldean, erreka zilo bat osoa, barnean zauzkan aleman guziak hilik, edo preso altxaturik.

      Arras-atik iphar-aldean ere gaur zaizku jazarri, oldar gaitzean, bi aldetarik betan. Orotan garhaitu dugu, salbu Souchez-etik ipharrean; han jabetu zauku gure lur ziloetarik pozi batez.

      Urrunxago hil daizkogu leherra gizon. Aire gaixtozko jende ithotzale hetarik botatu daizkute, bainan kalte handirik egin gabe.

      Atxiki diotegu azkarki; hiru mitraillus hartu, eta presuner andana bat.

      Italianoek hartu tokiak, hiri eta herrixka, badauzkate osorik beren.

      Dardanelles-etan osoki nausitzera goazi.

      Rusoen urpezko untzi batek jauzarazi ditu etsaiaren bi untzi; ttipi bat eta handi bat.

 

Astezken, 23an

      Aita Sainduak eta Italiako gobernamenduak, elgar hitz harturik, hautatu dute gerla huntako italiano apez omonieren buruzagitzat, Jaun Apezpiku bat, Bartolomasi deithua.

      Rusoek adi-arazten daukute, ez dugula zeren izi ez eta den gutienik durduza, noiztenka gibelerat egiten badute ere, alemana beren lurretan sartzerat utziz; badakitela zer ari diren; gutien ustean ikusiko ditugula itzultzen, etsaiari aiher, egundaino bezen azkarki.

     Gureaz dezagun egin; rusoek eginen dutela berenaz.

 

     Prantzia eta Italia beren batasunaren orhoitzapenetan elgarrekin pesta handi bat Parisen egitekotan dire. Diraula batasunak.

      Anhartean 30 mila otrixiano heldu zaizkote Italianoer jazartzera... Ikusiko, partida nork duen irabaziren.

 

      Rusoen kontra omen dire, lerro lerro, lau milion aleman eta otrixiano. Ezta, ez, mirakulu, lanak badituzte Rusoek, zonbeit aldiz, guk hemen bezala.

      Ba, debruek ez badute, alemanek ere badituzte lanak; eta ukhanen, gero-ta gehiago.

 

      Haro bat hor derabilate kazetek Aita Sainduaz; baizik eta frantses kazeta-egile bat, Latapie, Paristar kazeta Liberté izena duenean ari dena izan zaiola mintzatzen Erroman, eta hola eta hola diola ihardetsi kazeta egile horri Aita Sainduak.

      Aise, aise ageri da xede on gutirekin joana zela jaun hori Erromarat; hara denean, galdea galdearen gainera: «errazu hau, errazu hura; zertako mintzatu zira, Saint Père, holako egunean hola? Zertako aldiz halakoan hala? Zertako mintzatu behin? Zertako gero ez ixilik egon?»

      Edo zoin gizonek bere meneko duen bat ez lezake bertzela galdeka, errespeturik gabe, nola baitu Latapie horrek galdekatu Aita Saindua, gero haren arrapostuak nahi zituen bezala emanez.

      Ondoko egunetan badukegu hor zertaz mintza, egiari dagokola bide.

      Arras-eko aldean bardako gau guzian ezta ixildu artilleria, ez alemanen, ez gure aldetik. Ihardoki diotegu azkarki. Vosges mendietan lau mila obus botaturik eremu poxi bat hartu daukute; ba eta zalhu berriz utzi ere, kasik oro; 142 presuner egin ditugu.

      Dardanelles-etan Anglesarekin du egun hautako gudurik dorpeena turkoak. Gero eta lotsatuago doa etsaia. Agian eztu luzatuko etsitzea! Hango gure soldado gaizoek ederki merezitua lukete bitoria osoa.

 

 

 

Gerlarien berri

 

      Adixkidea,

      Egungo solas aldian, hemengo tokiez mintzatzeko gogoa nuke. Gure berriak alabainan, aste guzietako hek berak dire: aro eder eta idor, deskantsu, osagarri on; egun, atzo idurikoak.

      Toki hautaz ez niz orhoit solas hanitz erabilirik, nolako diren, zer herri, zer jende, nun gauden pausuan Eskualdunak.

      Berrien orde, hartuko dituzu beraz xehetasun zonbeit. Urrundik tokien erakustea badakit ez dela lan errexa, bainan bi begiak zabalduz zerbeit ikus dezakezu.

      Zato. Goazen jartzera. Bada hor, gain batetarik bista bat xoragarria. Zeru gain argi batekin, ageri dire bazter handiak. Inguruetako hiru katedraleen dorreak ere ikus detzazkegu, bederen largabistaz lagundurik begiak. Hogoi-ta bortz kilometre eskuin, iguzki partean, Reims-eko dorreak, bertze hanbertze ezker, Soissons hirikoak. Gure aintzinean, bide bera eginez, Laon-eko hiria. Eliza nasai eta lan ederrekoa, mendixka baten puntan jarria, bere zaharrean eskualde guzian ez baitu parerik.

 

 BAZTERRAK

      Norat nahi itzul, baduzu begien asetzekoa. Toki eder aberats, landa gizen, hedadura gaitzekoak, mendixka eta ordoki, eremu hautak lur lanetako, beterraba leku, ogi eta bazka pherde.

      Ameriketan ibilia den Eskualdun batek erraiten zuen egun hautan gutartean: «Amerikak ikus, eta toki hauk ikus, biak berdinak dire».

      Bertze batek zion fortuna laster egiteaz ez duela dudarik hemen gaindi, sekulan ardi tropa batekin kokatzera heltzen balinbada zoko batean. Zinez ala trufaz ari den..., ikusiko gerla ondoan. Egiaren erraiteko, begi ona du eta fina. Ardi toki izanak dire hauk denboran. Geroxago, betarrabari loturik jendea, sukre moldatzeko lantegiak altxatu dire bazter guzietan.

      Herriak oro bildu bilduak dire. Etxeak ez dire barreatuak, Eskual Herrian bezala, bakotxa bere lurrean. Lurrak ere bizpalau gizonen eskuetan dire. Bizpalau laborantzako etxe handi, oro tresneria eta atherbe; bertze gizonak heien langile.

 

 ERREKAK

      Eta gerla? Ahanzter dut; hain dire bazterrak ixil. Epherraren kantua da nausi gain huntan: ...prrit, prrit!....

      Bizkitartean, egizu so. Hara hor, zure oinetan, Aisne delako ur laster handia. Handik harat begien aintzinean duzu gure eskualdeko soldadoek daukaten eremu guzia. Hiruetan hogoi mila gizon badire hor kukutuak, lurpean, edo pausu herrietan. Ez da ezagun krixtorik. Nun mirakulu dire?

      Ikusten duzu hantxe, gain hetan, lur zuri hori bat, itzulia, iduri baitu bidexka luze bat?

      Bazirea? —Bueno. Ikus ahala urrun jarraik zazkio begiz, ezker eta eskuin. Hara han nun galtzen dugun bistatik oihan batean; gero berriz ageri da, patar bati goiti, zuri zuria. Bazirea gero?...

      Lur itzuli hori da gure erreken lerroa. Hor daude gure soldadoak, etsaiari buru egiten dutela gisa berean, Frantzia gainetik Belgika leihorretarik Suisa-ko mugetaraino.

 

* * *

 

      Ikusten dituzu bertzalde erreka lerro hartarat dohazila, bertze bidexka batzu, han hemenka, elgar iduriak? Hautan ere lurra iraulirik, barna zilhatua dute bidea. Hauk dire «boyaux» direlako lurpeko bide hertsi gordeak, erreketarat heltzeko eginak, etsaiaren tiroetarik begiratuz soldadoa. Horko lohia negu huntan! Belaunetaraino saltsan ibilirik atheratzen ziren, ez baitzen ageri gehiago gizonak ziren ala philtzar puska batzu.

 

 HERRIAK

      Handik hunatago, zola batean, bi edo hiru herri. Iguzkia gainean dute. Ori, balia zaite ikusteko, zoko zokoan ageri den hura, oihan pean. Ez da gehiago etxe bat osorik. Urtharrilaren hogoita bortzean, erhautsi zuten ondarra.

      Eta han, ezkerrago, ur hegian, bixkar baten zolan, zoin da bertze hura? B..eko herria. Eskualdunez ithoa dago. Halako bat egiten dautzu han sartzeak, bazter guzietan eskuaraz mintzo baitire. Nahi balinbaduzu egin pleka partida bat, zoaz harat. Bainan har lagun onak, xuhurra baduzu, eta ez izi kanoi kolpe bat edo bertzek plaza hegia harrotzen badu.

 

      Garaztar deputatu eskualdunak ere han du bere egoitza, erreketarik pausurat itzultzen direlarik. Bada han bertze eskualdun multzo bat ederra. Eskual-Herriak aipatuko ditu geroxago horko gizon azkar, bihotz eta kuraje handikoetarik hanitz, merezi duten bezala.

      Elizako zeremonietan berek diote parerik ez dutela, auzo herrietan.

      Izaitekotz ere, gure aintzineko herri hortan dituzkete beren parekoak. Horra hor, eskuaren menean kasik, uretik berehala, herri pollit gotor bat. Ez uste bertze bat ageri den hemendik, hoin begikoa. Izena ere halakoa du, Beaurieux, ur hegi eder.

      Eskuinago, ordoki zabal bat oihanak lerroetako bidean, eta hantxet, gain batean, Craonne.

      Hor gaindi erabili diren zalapartak, gerla ondoan bakharrik dire agertuko, zoin bere xehetasunekin.

 

* * *

 

      Brram! Brram!... Hauxe dugu azantza betbetan zola hortarik! Zer da? —Alamanek igorri «marmita» bat, alimalekoa. Ori, horra nun erori den, ur hegian. Zubi horri buruz ari othe diren, ala herri berri luze horren gainerat, ikusiko dugu laster. Bat, bia, hiru... zortzi, hamar, ez othe dire aseko?

      Zaude, bertze hixturik entzunen dugu berehala. Gure kanoiak lotuko dire zoko guzietarik. Hortxe berean bada bat, xara ezkin hortan, orro gaitzekoa. Iratzartu da. Bego bizpalau minota lanean. Heziko ditu hango gizonak eta bakea dukegu berriz laster, solastatzeko goxo goxoa...

 

* * *

 

      Herri guzien erakustea luzegi nuke. Oraino bizpahiru, eta gero banoha «patata» saltsaren jatera.

      Horra bat, ur hegiz alde huntan, bere eliza zahar beltzarekin, Maizy. Badakizu nor zaukun jin berria herri hortara? Soldadoen «omonier» berri bat. «Eskualdunak» zion bidean zela egun hautan, Etxeber apeza, hunat buruz. Hemen dugu, hemen. Ez da haatik hor egoitekoa. Eginen du bide eskualde guzian, bide eta lan. Badakizu zoin den soldadokina egundainotik. Gisagokorik ez zitzaikun jiten ahal.

 

* * *

 

      Bertze herri kukuso bat, eskuinago, zoko batean. Igande aratsaldean itzuli bat egina dut hor gaindi. Hein bat goxoki afaldu nintzen Eskualdunaren berriketari biphil, Zerbitzari-ren mahainean. Bertze lagun frango ere ikusi ditut. Mahaina abarrez egina dute, etxola pollit batean.

      Boza ttipitua zuela erran zaundan Zerbitzarik, kasik galdua, balun jokoan ala ez dakit pilotan sobera bermaturik. Baditake. Apetitua segurik lehengo hura du bethi, Jainkoari esker. Bai eta haren lagunek ere. Ez dut egundaino nehun ikusi hanbertze zahako. Jou!

      Xikito pilotaria ere ikusi nuen. Han dago, oraino etzanik, bainan denbora gutirendako. Lau tokitan jo zuten «crapouillot» tzar baten puskek, bazuelarik gordetzeko astia; baina lagunak utzi ditu lehenik iragaiterat, ez nahiz gibelatu, nahas mahas hartan sarturik.

      Ez du batere gerokorik. Gaztelu ttipi batean arthatua da, eta esku onetan.

      Ekhainaren 18an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

Eskual-Herri

 

BAIONA

      Gure tribunalek badute lan egun hautan; tribunal civil ala tribunal militaire; badute orok norat burutzia egin; batzutan bakotxa berez bere; bertzetan, biak aitzineko berekin.

      Desertor eta ezpion, herri auzo hegi hautan hatzemaiten ez dutenik ez litake, baldin oro hatzeman balitzate.

      Huts egiten dituztenen ordain urhats alfer ederrik hor derabilate hobendun ez diren batzuekin.

     Ororen buruan ontsa egiten dute poliza gizonek fonteraren zaintzea garrazki. Hoinbertze aleman hor dabiltzalarik fontera hoitan, non ginitazke, larderia gaitza ez baginauka?

 

* * *

 

     Iragan aste erditsutan, astezken arratseko zazpietarik bederatziak ondo arte mundu bat hemen ginuen Baiona huntan bildua, tribunalaren aitzin guzia zaukala; karrika guzia jendez mukurru bethea.

 

* * *

 

      Huna zer zen gerthatua.

      Hiru aleman zituzten eremanak, Hendaian preso altxaturik. Baionarat haita-haita, lehenbailehen itzalerat.

      Ez bide ziren ezpionak, bainan ez ere paper xuxenekin sarthuak hunat, gure lurrerat.

      Itsasoaz harainditik ethorriak beren ustez Irunerat, handik gero Alemaniako bideari lotzeko xedetan, soldadogoaren egitera, bidez tronpatu dire. Irunen zirela ustez, eta kontsul alemanaren baithara zoazila, paperen berritzera, ez dire bada erortzen Hendaia-ko jaun komisarioaren eskuetara?...

      Hunek berehala ezaguturik zertsu zitazken, preso hartu daitzu; galdekatu laburzki; aithor-arazi alemanak zirela, Ameriketarik heldu Alemaniarat joaiteko.

      Urriki zuten uste gabez gure lurrerat sarthurik; urrikia zinezagokoa zadin izan, ereman dituzte jandarmek Baionako tribunalerat; hemengo jujek, bi oren luzez kofesaturik, ongi argitu arte atxikirik, urriki egiazkoa zutela segurtatu direnean, gauazko atherbea eman diote jauregi holakoak urririk dauzkaten hartan.

      Ez daukate Alemaniako bidea behin hatzemanik, handik hunat itzultziko berriz gure soldadoen hiltzera.

      Ez holetan ezpion bezala, bainan soldado aleman bezala dute gerlaren finitzea Frantzian iguriki beharko. Hiru etsai gutiago.

 

* * *

 

      Desertor bat, Frantzia barnetik hunaino ethorria bere lagunarekin, hemendik Espainiarat iragaiteko nahikariz Donibane Lohizunen hartu omen dute preso. Behin izana gerlan, ez omen zuen berriz harateko gutiziarik, bainan bidea du gaizki hartu Frantziako lurretik Espainirakoa oxtiko hiru alemanek handik hunakoa gaizki hartu zuten bezala. Hek bezala, hau ere urrikitua da engoitik.

 

* * *

 

      Geroztik oraino, ilhuntze hautarik batez, ikusi dugu lando eder batean, idekirik zabal zabala, bi jandarmeren konpainian joaki jaun bizardun bat Baionan Espainiako karrikari barna. Zer jauna gero? Aphaindua saltsa bezala, sahetsetarat irriz agurka; keinua begiz, ezti eta labur.

      Polizako zonbeit kargudun othe zen, edo mediku? Nork daki? Jarraiki gitzazko behaka tribunaleko parreraino, ea jautsiko zenez han?

      Aitzina joan zaut ene jaun alaman, edo nor eta zer ere baitzen, eta hura. Sant-Izpiritako jauregiraino ala norat? Nik bezenbat badakizue. Ezta gutiago egia: ene burua geroztik aleman gaixtagin ohatze baten iduriko bilhakatua dutala.

      Oro aleman zaizku, jandarmekin ibilki, arrotz itxura dutenak.

 

GEZURRA MERKE

      Baditugu Espainian adixkideak, ba etsaiak ere. Hautarik zonbeitek hedatu dute gezur bat, berek alegia sinetsiarena eginez, gure itsusteko beren ahal guziaz. Ez dute oraikoa.

      Kazeta batzuk bereziki ez dakite aski zer eras gorago aiphatu ditugun hiru alemanen gure poliza gizonek Hendaian preso hartzeaz.

     Batek dio —dakieiarik gezurra diola—, hiru aleman arrotzek non ziren etzakitelakotz, ez eta norat egin, frantses batek tzarkeriaz sinets-arazi diotela gezurra, erranez: «Zoazte, horxeko elektrika-tranbide hortaz; horren buruan hatzemanen duzue konsul alemanaren egoitza; harek ezarriko zaituzte Alemaniarako bidean».

     Gezur hori sinetsirik direla joan hiru gizonak Hendaiaraino, eta han komisarioaren aztaparretarat erori.

      Hiru gizonek Vigo-tik Hendai-erako treina berek hartua zuten; billetek hitzez hitz ekartzen zuten: «Vigo-tik Hendai-ra».

      Nehor tronpatu bada, berak dire tronpatu. Hanbat gaxtoago! Gutaz bethi gaizki mintzatzeko, ezin egona dutenek, auzo hortan, jakin bezate bederen zertaz diren mintzo.

 

DONAPALEU

      Albert Canitrot, Jaun abokat ohoragarriaren seme zaharrena, gerlan ongi arizanik 3e Colonial delakoan, lagun guzien etsenplu eta berotzaie, izendatu dute sous-lieutenant.

      Zinez, Eskual-herriak ez du soldada onez nehori zorrik.

      Bertzeak bertze, atsegin berazi batekin dugu emaiten Eskualdun-ean berri hau.

 

      Herritar bat oraino ereman dauku gerlak, Georges Bourdé.

      Nahiz ontsa direnetarik zen, lanetik behar zuela bere bizia irabazi, herria gizonki zerbitzatuz, behin École Polytechnique, soldado aitzindari geien mindegi handian, gero ingenadorerik hoberenak atheratzen diren bertze Eskola batean argiturik, guti diren bezalako gizon baten urhatsak zituen, gerla izigarri hau jin zaukularik.

      Georges Bourdé zen bezalako gizon gazteak etzezoken eginbideari ukho egin. Nork egin ukho bertzalde holako egunetan?

      Legeak soldado ez deithurik ere, etsaiari buruz bethi aitzina doazinetarik zen Georges Bourdé.

      Ez non, ez noiz, ez nola den xuxen hil, ez dugu xehetasunik. Hil dela herriarentzat dakigu bakarrik.

      Gehiagokorik jakin bagineza, bihotz onez Eskualdun huntan emaitera gaude.

 

 

 

BIBA GERLA!

 

      Bi solas baditut, egun berean entzunak biak, nahiz ez aho beretik. Non ezar Eskualdun-aren ezkrina batean ez nakike. Behinik behin bata ez bertzea ez daut barneak emaiten, zoin herritan altxatuak izan baitira ere, hango izenari eratxikitzea. Bakarrik erranen dut bat Lapurdin, bertzea Garazin direla sorthu, egun hoitan.

      Biba gerla! —Senharra gerlan, eta etxean bortz haur tipi hazteko dituen emazte kozkor batek izkiriatu berri dio bere gizonari: «Gu ontsa gira hemen, Jainkoari esker. Egundaino ezta izan zure emaztea zonbeit hilabethe huntan bezen aberats. Arrantier bizi niz, aspaldiko orde.

      »Ez duzu zeren etxeko griñarik ukhan, hunek hola dirauno.

      »Biba gerla!»

 

JAUN MERA LANETAN

      Lanetan izan berri da herri batetako jaun Mera: senhar-emazte batzu adixkide; biekilakoa egin nahi, eta ez errex egitea.

     Senhar gaizoa gerlan eritu; onerat eginik etxeko itzuli baten egiterat igorri medikuek, azkar dadin, gero berriz joaiteko surat.

     Hogoi-ta bortzek atsegin hartuko zuten elgarren ikusteaz eta elgarrekin ahalik egun gehienaren bizitzeaz.

      Ororen jitea ez baita ordean bardin, ez eta ororen joaiteak.

      Jin ba, jin etxerat gizona; bainan allocations direlako sosño hek geiditu jitetik; agortu zilhar eta urhe ithurria. Zer egin? Emazte buru oneko bati gogoratuko etzaionik ezta. Badoa jaun meraren gana:

      «Agur, jaun Mera. —Bai zuri ere, etxeko-anderea. Zer da berri? —Orizu, jauna, gure etxean ez gitazkela bizi. —Zer duzue? —Jatekorik ez, edatekorik ez, beztitzekorik ez. Nehorat ezin hel. —Orai arte nola egin duzue? —Nola?!... Ahal dakizu, jaun mera, deusen eskasik ez ginuen. Zer uste duzu dela, hilabethe guziez ukaiten genuen sos garbiño haren hunkitzetik ez hunkitzera? Gure gizona handik etxerat itzuliz geroz, agortu zauku ithurria. Hemen dagono, arditik ez omen baitut omen ardiets ahalko, xahu gira oraikotik. —Emaztea, zer nahuzu nik egitea? Hor duzu senharra. —Senharra ba, senharra! Zertako dut nik hura, sosik gabe? —Eztautzut bada, ez, nik sosik emaiten ahal. —Ba, jaun, mera. —Nolaz? —Erranen dautzut. Jin orduko, hasi zen mintzatzen, berriz gerlarako galdea jiten zitzaiolarik, zuk lagunduko zinuela, luzamen poxi baten ardiesten, etzela oraino osoki sendo edo zerbeit holako estakuruz. —Eta gero? —Gero, jaun mera, jina nitzauzu galdez, othoi ez dezozun holakorik deusere sina.

      »Doala bere bidean; handik haz gitzazke, haurrak eta emaztea. Hemen egundaino ezta deus onetako izan. Bego joan dadin».

      Handik biharamunean jaun meraren etxera doa senharra, kopeta zimur batekin: «Agur jaun mera. —Ba hire ere. Berri onez habila balinba. —Ez soberarik, ez. —Eta zer duk beraz? —Orizu, jaun mera, gure emazte hari zer erran dakozun atzo, nahi nuke jakin; eta zertako ez dautazun sinatu nahi galdatu dautzuna. —Zer dautala galdatu daukak, eta zer diotala ihardetsi? —Erran daut galdatu dautzula, ni etxean egoiteko luzamen poxi baten baimena, eta ezetz erran dakozula. —To, rnuthikoa, ihizi ona duk hire emaztea!

      «Erran zautak, jitekotan hintzela hihaur galdatzera baimen horren, eta othoi ez dezadan eman; ez sina hi hemen atxikitzeko balia ditakenik deus;... handik hobeki lagunduko dukala».

 

* * *

 

      Ixtorioño hau ezta supazterrean eginetarik; hitzez hitz hola gerthatua da, izendatzen ahal ginuken herri batean.

      Othe den hanbat holako, ez dakigu xuxen, hauxe baizik: emazte batzu badirela gerla toki hetan trimesta bat bizitzearen beharra luketenak.

      Gizon gaizoek lehenago zerbeit itzal balinbazuten ere, ez bada orai urrikalduko!

 

UMEZURTZ SOLAS

      Holetan ez gira gu mintzo bakarrik gerlako umezurtzez. Gu hemengoez, Eskual-herrikoez mintzatu gira, zer lakiguken ontsa.

      Osoki bertzerik da hor, Gobernamenduaren baimena eta laguntza beretzat ardietsirik, andre batek bere gain hartua duen lagungoa, Frantzia guziko umezurtzak eskola laikorat bildu nahiz.

      Mintzatu behar zirenak ez ixilik egonik bada hor ere haro: baizik eta haur umezurtzen arimez jabetzea, laguntzeko estakuruan, eztela zuzen.

 

      Hautsi-mautsizko elhetan dire gizonak. Badugu uste, egun hautarik batez gure hitza erran beharko dugun, eta menturaz, gu baino goragoko norbeitena ere.

      Anhartean bazauku aski erranik egungotzat: Eskualdun-aren azken bi aldi hautako umezurtz solasa eta frantses kazetek hor derabilatena, biga direla.

 

(Kirikiño)

 

1915-06-23

 

Erbeste

 

      Guda-izparrak. Italitarrak Goritz deritxon Osterreitzeko uria moltsotu edo inguratu dabe, artzeko ustean. Ori artu badaie, itxuraz, aurrerakada andia egingo dabe Ixontzo ibaitik aruntz.

 

* * *

 

      Bulgari ta Errumani, or dabiltz eske ta eske alde bitzuetakoei, zeiñek geien emongo dautson jakin, eta batzuen edo besteen aldez jarteko. Itxuraz, orreek ez dautsoe begiratzen zuzenari, geien ataratzeari baiño. Orreei egin legioe orain asko agindu ta gero guda amaitzean, bape emon ez, edo emona kendu. Ez litzakioe besterik.

 

* * *

 

      Galitzian badarabille abarrotsa doixtarrak eta errusitarrak. Oneek aurrean artuta darabillez, baiña au gorabera luzarorako zeregiña dauke an Hindenburg eta Mackenzeek. Errusitarren gudak asko irauten dabe. Napoleon sartu jaken Moskou bertara ta alan be ez eban atara ezer.

 

* * *

 

      Itxasoan beti be doixtarreh itxaspekoak apurtzen dabe ontzi bat edo beste ingalandarrena, baiña gitxi an dabiltzanen alderako. Aste betean sartu-urteten dira Ingalandako itxas-urietan milla ta irureunetik gora ontzi, ta eurotarik zazpi inguru arrapaten dabez doixtar itxaspekoak.

      Besterik ezebez auxe baiño itxasoan, doixtarren gudontzi andiak bildur diralako zabalera urteten.

 

* * *

 

      Parantze ta Belgikan alkartuak gogor lan egiten dabe. Aurrera ta aurrera doaz, beti irabaziaz, baiña ez dabe bide andirik egiten.

 

* * *

 

      Dardaneletan be badabiz. Atzo esan eben Gallipoli uria sutan egoala, alkartuen ontzietako bonbadak alan ipiñita. Arazo gogorra dirudi a itxas-estuna arrapetan.

 

* * *

 

      Gaur ondiño, ta ia amaika illebete daroaguz, guda galgarri onek ez dauko amaitzeko itxuraren apurrik be.