Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-06-18: Umezurtzen nonbrea

Gerlak anitz umezurtz utzi ditu pausaleku orotan. Eskualduna-ren aburuz bilatu behar da zer egin “Umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko”. Wilson AEBetako presidenta eta Bryan atzerri-ministroaren arteko liskarra bildu du kazetak. Gallipoli garaipen gisara ageri da. Aurreko ostiralean,  Parisen mundu bat omen zen Bihotz-Sakratuaren Pariseko elizan, gizon anitz, gehienak soldaduak, eta kronikariak fermuki gaztigatzen digu, gerra hasiz geroztik kazeta honek ez du ezer txarrik aipatu lehenagoko gure etsai naturalez, gorriez. Gorri batzuk aldiz, gezurrak hedatzen jaioak dira, eta Aita Santuaren inguruan esandakoak gezur hutsa direla salatzen du kazetariak. Hona galdea, frantses zenbaiten begietan katolikoak ez ote dira Alemanak baino etsaiago?

 

 

Umezurtzak

 

      Gerla huntarik lekora geldituko da bazterretan haur umezurtz anitz; ba eta ere anitz buraso zahar, zituzten semeak galdurik, beren azken egunetako sustengurik gabe.

      Zoin dire izanen urrikalgarrienik: semerik gabeko aitama etenduak, laneko ez deusetako ahalik ez, eta hil arte nolazpeit bizi behar, eta ezin bizi, ala haur ttipi, berenaz egiteko ez oraino heineratuak?

      Urrikalgarrienik zoin, ez ginakike xuxen. Dakiguna da, batzu ala bertzeak ezin gehiago urrikalgarri direla.

      Alta izanen da, bada ja, batzuetarik ala bertzetarik frango. Haur bat izanki, bat bakarra, eta hura gerlarat joana, han hil.

      Bizpalau zituzten batzu ere ja badire orotaz gabetuak, oro hilik; edo azken bat hil ala bizi duten ez baitakite, preso duten ote Alemanian ala norapeit galdua —disparu—!

      Nork daki oraino zonbat diren galduko, zonbat hilen? Agian guti, bainan hori dakiena ixilik dago; gutienik dakiten batzu dire gehienik mintzo: hunenbertze iraunen, harenbertze iraunen gerlak.

      Luze doakela, badakigu orok; noiz arte, nehork ez. Nehork gero, ez eta soldado aitzindariek ere, argituenek ez dakiten asko goiti-beheiti gerta baititake hor, gutien ustean.

      Hilabeteak oraino ala, huntarik has, urte osoa dezan iraun ala ez, segura da: buraso dohakabe anitz geldituko direla, beren beso herdoilduak noren sorbaldari berma ukanen ez dutenik.

      Are gehiago, haur aitarik gabeko, zango-besoz eta buruz ahulegi beren buruen hazteko ala zaintzeko.

      Soldado gerlan hilaren edo norapeit galduaren burasoak, haurrak bezen dohakabe, han da emazte alarguntsa gaztea, haur zehez, lanez, jasan ahal eta gehiago zorrez edo nik oraino dakita zerez kargatua.

      Nork lagunduko du? Nor zaio urrikituko? Bere baitarik eta luzara, nehor guti.

      Etxaldea errekarat, etxeko jende hondarrak, gaztegiz edo zaharregiz, hilerrietarat…edo ospitalerat.

 

* * *

 

      Hel, hel elgarri lehenbailehen, odol bereko izan ala ez, ahaide hurbil ala urrun, ala osoki atze. Bakartasun lotsagarri bati dagozinek beha inguruetarat. Haur umezurtz bat edo bertze altxa, ondokorik ez dutenek, zituztenak gerlan hilik.

      Badire aberats okitu batzu, gerla aitzinean ja nehor ez baitzuten berenik, norekin goza bizi direno beren ontasunak, eta hiltzerakoan ere ez nori utz.

      Halako batzuek ez hartuko beren gain gerlak aitaz gabetu haur gaixoetarik bat edo bertze? Oro bati ez utzirik ere, lagunduko ez adin bateraino, eta orduan dotatuko; hein on batean ez bederen ezarriko, gerlak umezurztu haur dohakabetarik bat edo bertze?

 

* * *

 

      Berak hunkituak direnek, zituzten sustenguak, azken urtetako bihotz-altxatzaleak galdu dituztenek, are hobeki lezakete egin, iloba ttipi edo adixkiden haur, azken beltzean atze huts bat, hartuz alaba ordain, seme ordain.

      Ahaide eskasean, atzetaratzekotz, hauta, preferentziaz, bertze arrazoin berezirik ez bada, familia haurrez kargatu batetarik bat; berehala denak laguntza beharretan, hauta jinagoa; berak altxatu, bere gogorako hazi eta hezi nahiago duenak, berex haurragoa.

      Ez gitzazko solas huni gure baitarik lotuak; gutaz bertzerik direnetarik dugu hau entzuna, edo irakurtua.

      Ez gira ere mintzo ororentzat, sudurra hor sartuz nolanahi, herioak berritan zaurturik dauzkan hil eta bizien artean.

      Solas min hunek, tokitan orai beretik, tokitan sarrixagoko, erein dezake nor edo noren buruan xede on, xede zuhur, bakotxak bere onetako eta haur umezurtz gerlak jo dituenentzat urrikalmenduzko bat. Zonbeit bakar baizik ez balitz ere, hunek bihotza hautsiko diotenik, bakarño hek hobe…oro bakotxa bere gelditzea baino.

      Zertarako gituen gerla hunek ez dakigu; ba ordean uste ez dugun asko ikusiko dugula hunen ondorioz, on eta txar. On baino txar gehiago, dautazue erranen.

      Hartakotz dugu aitzinerat bilatu behar, zer egin, umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko.

      Gaizki mintzatzea dea hau?

 

 

 

Berriak egunka

 

 Astezken, ekainaren 9an

      Arras hiritik iparraldean, Neuville-Saint-Vaast-eko etxe gehienak ja baikinauzkan, azken oldarrez jabetu gira.

      Dardanelles-etan gure itsas untziek tiroka xahutzen dituztelarik etsaiaren leihorrak, gure infanteria jabetzen da geroago eta azkarkiago Galipoli-ko bazter osoaz.

      Etats-Unis-etan Bryan ministro, erresuma arrotzekilakoa zaukanak demisionea eman dio Wilson jaun presidentari, etzirelakotz ados Alemanaren aldeko egitekoez: prezidentak nahi jazarri Alemaniari; ministroak ez. Hau itzaltzea marka da, bana bertze, amerikanoak Alemaniaren kontra direla, zeren dituen orotan oro manatu nahi, mehatxatu oro edo zoinen itsas untziak eta oro torpill ukaldika xehakatzerainokoan.

      Hortaratzen badire, hobe segur. Etsai bat gehiago Alemaniak, ez nola nahikoa!

 

Ortzegun, 10ean

      Lorette-ko aldean eta Hauts-de-Meuse mendi bizkarretan artilleria, gau ez egun, ezta ixiltzen. Hurriki bada hurriki bethi aitzinatuz goazi Labyrinthe, Hébuterne eta inguruetan etsaiari bethi lur pozi bat edo bertze hartzen diogula.

      Italianoek, nahiz lanak ikusirik, beretzen dituzte bizpahiru hiri; hetarik bat Monfalcone delakoa.

      Rusoeri Koziovorenda deithu oihan batean esku-gain poxi bat baderamakote etsaiak; bainan ordainez Dniester ur handiaren bazterretan garhaitzen dute eta presuner hanitz hartzen diote.

      Itsasoan anglesari bi torpilur andeatzen daizko alemanak, sous-marin hetarik bat urpez igorririk jauz-araztera.

      Hortan dute beren indar berezia; hori ere higatuz doakotelako ustekaria guk eta gurekilakoek; gutienik lotsa hor ere anglesak. Berek dakite beren berri.

 

Ortzirale, 11an

      Azkar gaude gure hatzetan, etsaiak zazpi ahalak eginik ere Labyrinthe, Hébuterne, Neuville-Saint-Wast eta han gaindi.

      Dardanelles-etan ez goazi gaizki; ez eta Italianoak ere oraino, hasirik deramaten sailean. Etsaia garhaitu dute bereziki Monte-Neron.

     Rusoek egun onak dituzte hauk; Dniester ur handiaz haraindirat sarthua baitzuten eremu puska batean etsaia, gibelerat itzul-arazi dute, nahi bazuen eta ez.

     Norte-Amerikak geroago eta azkarkiago diozka hortzak erakusten Alemaniari, ez dituenez haren itsas untziak utzi gogo edo zoin estakuruz jazarri gabe; gerlako legeak beiratu nahi ez baditu, harekin dituela ukhanen egitekoak. Hortan dire.

      Ikusi behar, zer ondorio duten ekharriko elhe eta urhats, hauiek orok.

 

Larunbat, 12ean

      Atzo, ortziralean egin diren othoitzak Pariseko hirian Bihotz-Sakratuaren eliza ederrean! Mundu bat han omen zen, emazte bezenbat gizon, edo gehiago: gizon hetarik erdiak soldado; hautarik hanitz ja gerlan ibiliak; kolpatu hanitz, herioa hurbildanik ikusi dutelakotz beren baithan sarthuak. Goxoki egiten zuten orok othoitz.

      Frantziako bertze hanitz hiri eta herritan ere ortziralean da egin Jesusen Bihotz Sakratuari erresumaren kontsekratzea. Goizean mahain sainduek zer komuniant lerroak dituzten ikusi!

      Salbatzalea urrikal dakigula. Herri hanitzetan zeremonia hunkigarri hori bihar iganderat luzatua da.

      Gerla bethi azkar; atzo eta herenegun hartu tokiak nahi ukhan dauzku etsaiak huts-arazi. Hartarik ari dire gure soldadoak!...

      Amerikak Alemaniari bereak heltzen daizko; bere onetan dagola gizontasunaren zedarrietan, bakotxa berearen jabe utziz. Sinesten ez badu, hanbat gaixtoago haren; guretzat aldiz hanbat hobe.

 

Igande, 13an

      Arras-eko aldean artilleria bethi burrunban. Souchez-oko sukreria, etsaiak azkarki bere zaukana, hartu diogu, zerbeit gostarik; eta orai, ez dauka berriz eskuraturik.

      Oldarrean hartu daizkotegu hiru erreka lerro; ehun bat presunerez goiti; eta gizon hanitz hil.

      Bertzetan, deus berriagorik.

 

Astelehen, 14an

      Atzo bezalatsu. Beljikanoek esku-gain puxka bat hartu dute, etsaiari harrasi batzu deseginez.

      Bezperan guretu erreka ziloetarik parte huts arazi dauzlcu etsaiak; ez hanbat denboraren, Jainkoak nahi badu.

      Rusoek Galizian zaldiz jazarririk, garhaitu dituzte alemanak eta otrixianoak; 500 gizon hil daizkote; 2000 preso hartu.

      Italianoen oldarra ezin hautsi dute Otrixianoek; bizpahiru hiri hartzerat utzi diozkate.

      Guk iphar-aldean garhaitzeko ditugun alemanak zoin azkarki diren kokatuak beren ziloetan, ez ditake erran; are gutiago sinets. Behar da ikusia.

      Aleman aitzindariak harriturik dagozi, nola diotegun ihardukitzen ahal, egiten dugun bezala. Berak ere badira zerbeit, bainan gu nausi gituztela artilleriaz diote, egia den bezala nahi dutenek aithortu.

 

Asteart, 15ean

     Atzo bezalatsu. Hilabethearen 6an guk hartu erreka zilo batzu nahi zauzkun etsaiak berriz beretu. Baduk hoberik! Jin bidez igorri dugu, zalhu gibelerat!

     Compiégne-ko hiriari gainerat igorri diote kanoi handi ukaldi bat gaitza; geroxago bigarren bat; ez batak, ez bertzeak nehor ez dute hil, ez hunkitu; ez eta ere deus andeatu.

      Vindau ur handiaren bazterrean eman diogu etsaiari zafraldi bat ona. Atzo gu nausi; egun, etsaia; bihar berriz gu; hola dugu, diote rusoek, egun hautako goitibeheitia.

      Anglesak eta Italianoak, zoin bere eskualde, ari dire gudutan azkarki.

      Presuner pilixta bat eginik daude anglesak; italianoak, andana handi bat; hastapen ona dute oraino italianoek agian araberakoak ukanen ondoko egunak ororen onetan!

 

 

 

BATASUNA

 

      Gerla hasiz geroz, ez duzue kazeta huntan deus aipurik atzemaiten ez gorriez, ez zozialistez, ez eta ere lehenagoko gure bertze etsaiez.

      Gerla hastean errana izan zen, behar ginuela, ordu arterainoko jazarkunde guziak bazterrerat utzirik, Frantses guzien artean bake handi sakratu bat egin, kanpoko etsaieri batasunik ederrenean azkarki ihardokitzeko.

      Badakizue eia bake hori ez duen gure Eskualdun kazeta hunek zinez eta osoki beiratu?

      Bainan guziek beiratu othe dute guk bezala?

      Badu hiru aste irakurtu duzuela, hemen berean, zer izkribatzen zion de Saint Iayme gure adiskideak Dépêche de Toulouse deitu kazetari.

      Nola kazeta horrek erran baitzuen, behin baino gehiagotan, Aita Saindua gerla huntan Alamanen alde zela, eta ez Frantsesen; jokatzen ziozkan hamar mila libera ez zela hori hola. Erroman Italiako erregeren ondoan dugun enbaxadorearen erranerat behar zuten biek erori.

      Ondoko aldian bazinuten zer ihardetsi zuen kazeta horrek: ez zuela jokatu nahi; beren artean eginikako lege berezi batek ez ziola holakorik haizu uzten.

 

      Bizkitartean segur izan balire egiaz mintzatu zirela, zer padara zuten hamar mila liberaren irabazteko! Ezen berek eginikako legea berek errexki hauts zezaketen, egun batentzat bederen. Ez dire gero hamar mila libera non nahi atzemaiten.

      Fgungo egunean bereziki, ederki balia ziteken hetaz, hainbertze behardun baita bazterretan. Segur ez ziola kalterik eginen holako emaitza baten egiteak, Alamanian preso ditugun soldado gaixoentzat, edo etsaiek funditu herri dohakabeentzat.

      Hori bazakien nik bezen ongi Depechak. Ez duenaz geroz egin, ez bide zen fida egiaz mintzo zela.

 

      Holako kazetek barraiatu gezur hori, hainitzek sinhetsia dute, edo bederen gogotik dute errepikatzen.

      Nik badut ene herrian guarda ondo bat hola mintzo dena. Erranen dautzu ere apezek egina dela gerla hau. Haren mihian apez madarikatu hoiek dituzte hoben guziak: deus ez diteke tzarragorik herri batean apezak baino.

      Eta bizkitartean, mezan ibiitzen da igande guziez, bere liburutik begiak baztertu gabe. Nago ene baitan ez othe duenez liburu hori protestanta.

 

      Aita Saindu zena, gerla hastean hil izan dena, gure etsaiekin bat othe zen? Ikusiko duzue huntarik. Ezen huna gauza bat ongi frogatua, eta nehork gehiago uka ez dezakena.

      Gerla hasi bezen laster, Autrixiako enbaxadorea etorri zitzaion Aita Sainduari galdetzerat bere enperadorearen izenean, benedika zezan Autrixiako armada.

      Aita Sainduak ihardetsi zion zer bihotz-min zuen enperadoreak ez zuelakotz haren galdea entzun gerla hunen ez hasteko. Erran zion zoin guti giristino agertu zen hortan enperadorea, eta ez zituela benedikatu nahi haren armadak.

      Hortarik samin gelditu zen enperadorea; eta zenbeit egunen buruan Aita Saindua hil baitzen, ez zioten batere izkribatu kardinaleri bere doluaren erraiteko, aitzineko bi Aita Sainduak hil zirelarik egin zuen bezala. Hola erakutsi zuen mutur zagola Aita Saindu zenari buruz.

 

      Eta oraiko Aita Saindu hunek ere ez othe du handizki frogatu, ez dela batere gure etsaien alde? Bizpahiru aldiz mintzatu da aski garbiki, etsai hoien tzarkerien gaitzesteko.

      Gerla huntako desmasientzat egorri diozkate hogoi-ta bortz mila libera Belgikanoeri, eta berrogoi mila libera Frantseseri.

      Orai, Italia gure alde gerlan hasi delarik, Aita Sainduak egin du eritegi handi bat soldado kolpatuen artatzeko. Zer egin zezaken gehiago, erakusteko norekin den bihotzez?

      Hoik guziak hola ezagutuak direnaz geroz eta frogatuak, zertako dire bertzela mintzo kazeta batzu? Hoien xedea ez othe da, oroz gainetik, katolikoeri jazartzea Frantses guzien elgarrekilako batasunaz axola handirik gabe?

      Frantses zenbeiten begietan katolikoak ez othe dire Alamanak baino etsaiago?

 

 

 

Gerlarien berri

 

      Egungo solas aldia labur igorriko dautzut. Gei txarretik lan txarra. Ez dugu berriagokorik egun hautan.

      Bertzalde, berriak izanik ere zakutaraka, ez dakit batere ez othe nitzazken utz zahartzera; haiztegi baten itzalpetik hasi nitzautzu, ene ustez gostuan eta freskuran behar nintuela iragan bizpahiru oren, ahal bezala ebatsirik. Baduk hoberik!

      Ulitxa luze zikin batzuek bizirik iretsi nahi nute. Hauxe da beroa!

      Ezin eurituz dabila bolta huntan aroa. Euriaren beharrik ez ginuke, guk segurik, nahiz freskatzeak ere zerbeit balio duen. Bainan hemengo lurrak egarrituak dire.

 

* * *

 

      Hemengo berri handiena, gure bi erreximendu joan zaizkigula, lehenik Paueko bat, gero berriz Tarbekoa.

      Norat egin duten, ez dezaket erran. Hauxe bakharrik, eskuineko bidea dutela hartu, Reims-eko alderat.

      Hek gutiago ditugu beraz hemen. Lekuak berak ederki begiratzen gitu etsaiaren kontra. Ezagun da, gero-ta gehiago, indar guti dugula eginen hemen gaindi.

      Gure ezkerrean, kanoi azantz izigarri bat entzun dugu, igande goizean, luzaz. Soissons hiritik haratago jauzi bat egin dugu, Alamanen lerroak gureturik. Bi mila gizon herrautsi diozkategu hor.

      Geroztik ez da harrabots handirik. Bizkitartean gure eskuineko herri batean izan da gudu bat aski borthitza, Ville aux Bois delako oihanen ezkinan. Gaina hartu dugu. Bertzalde, guk ginuen egina lehen urhatsa, bertze tokietan bezala.

 

* * *

 

      Osagarria onean dago bethi. Frantzia barneko hirietan baino hobea da; eta ez guti.

      Hiri hoitan badute bethi zerbeit arrengura. Hemen aire handian, eritasunek ez dute lotki handirik.

      Ondarkin eta zikhinkeriak erretzen ditugu, hartako eginak diren labe batzuetan; ur guti edaten, ahal bezain guti, eta hura ere seguretik.

      Ospitale bereziak badire, zerbeit kutsu daukaten eritasunendako. Bertze batzu kolpatuentzat; erhoen etxea ere badugu hemen berean. Badire alabainan zonbeit bakhar, jada gerlaz kanpo ere guti edo aski nahasiak zirenak, hemen laster galtzen baitute zuten zentzu ondarra. Eskualdunak ez dire hetarik. Odol hotzeko gizonak dire. Bertzeak ere laster sendatzen dire, deskantsuan zortzi egun iragan orduko.

      Garratoinez eta saguz bazterrak betheak ditugu. Ez dute holako pestarik egin aspaldian, eta bizkarra legun derabilate. Bat garbitu bezen laster, bertze bat ikusten dugu zilhotik atheratzen. Alamana iduriak dire, hots, nonbrez, bai eta ere okaztagarriz.

 

* * *

 

      Kolpaturik ez dugu kasik batere. Noiz artio iraunen othe daukun deskantsu hunek, ez jakin. Hemen berean balin bagaude, ez omen dugu hanbat hirrisku, bainan nork daki bethi hemen utziko gituztenez?

      Jada badire han harat joanak, orotarik, artillur eta bertze. Bihar bertzen aldi ditake.

 

* * *

 

      Aireplanak tzarrean ditugu. Alamanek ez daukute barkhatzen airetan nausi gelditze hori. Nausi, eta nola! Aireplan berriak jin zaizkigu, izigarri zalhuak. Halako bat agertuz geroz, etsaiak egiten du lekhu.

      Goizean goiz egiten daukute beren jokoa, argi puntan. Aste huntan ere bizpalau herriren gainerat aurdiki dituzte beren «bonbak»!

      Ikasi dute, ikasi! Hastean baino xuxenago ari dire.

      Uzten zitut. Guti balinbada guti, ulitzek larrutua naukate, eta gain hartan norbeit ene ondotik dabila.

      Ekhainaren 10ean.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

Eskual-Herri

 

HAZPARNE

      Peña Larregaine-tik joana gerlarat azpandar soldado bat, lehenago Maroc-en gerla hunen hastean ja kaporal zena, geroztik sarjant izendatua, berritan ohorezki aiphatua izan da «cité à l'ordre du jour» Bordaldepe deithua.

      Urrian kolpatua, sendatu zen behin; berriz joaitea surat galdatu zuen; eta han ederki mintzarazi ditu bere buruaz lagun eta atzindari, oro; huna bereziki noiz eta nola, zer eginik; hitzez hitz frantsesetik eskuaraz itzulirik, haren balentriarik aiphagarrienak huna buruzagiek izkribuz agertu dituzten bezala:

      «Bordaldepek, bi gauez segidan manatu ditu hura bezala beren nahitarik lurpezko erreka zilo batzuen bethetzera igorriak ziren gizon batzu, etsaiek gutien ustean dinamitaz jauz-araz zitzazketenak.

      »Kuraia gaitza erakutsi du, odol-hotz bat nehon bakhan ikusten dena, herioak den gutienik ez izitzekoa. Hura buruzagi, arizan dire azpiko zituen gizonak zazpi egunez ikharagarriko lan gaixtoan, bala eta bonba uhar batzu, babazuza bezen usu zaizko telarik heldu gainera.

      »Lanjer handiko zerbeit eskukaldi zenean egiteko, bethi lehen izan da bere buruaren eskaintzale Bordaldepe».

      Biba hura. Holakoek dauzkate lagun ahulak eta oro xutik; holakoeri esker goazi etsaiaren garhaitzera.

 

MAKEA

      Bernard Héguy, Makear polotari, gerlan kolpaturik herrirat jinak irakurtu ditu Eskualdun-ean Xikito Kanboarraz eman ditugun laudoriozko lerroak.

      Ongi hartu du, zuzen den bezala, merezi duenaren ohoratzea; bainan halere guk hemen erran ditugunetan bazela zerbeit eskas iduritu zaio.

      Uzten dugu bera mintzo, hitzak xoilki frantsesetik eskuararat itzuliz, gure adixkide Makear pilotariaren herritarrek eta bertze irakurtzale eskualdunek errexkiago ditzaten konpreni:

 

      «Eskualdun-aren egilea,

      »Zuri gerlako berri heltzaletarik batek diona irakurtu dut: Xikito ene pilotari laguna kolpatua izan dela obus batek hari hurbil eginik leher. Atsegin egin daudate Xikito don soldado onaren laudorioek.

      »Xoilki zure berri heltzaleak uste gabetarik huts egin du, dionean, Xikitok bere eginbidea bethe duela bertze eskualdun pilotari batzuek baino hobeki.

      »Nola gutartean ez baita bat bakarra baizik izan eginbideari ukho egin dionik, ez othe zitaken hobe izenaren emaitea? Bertzeak oro garbi litazke orduan.

      »Pilotariak gire bertze zonbeit ere, eta ez zauku eder gutartean desertor batzu izan direla entzutea.

      »Bi aneia d'Elbée gerlan beren eginbidea gizonki betherik galduak direnek —hil ala bizi, zer bilhakatuak diren ez baitakigu— ez dute ukho egin.

      »Ez du ukho egin D. Hirigoyen Itsasuar ene pilotari lagunak; gerlan kolpatua da.

      »Nik ere, buruilaren 21etik hunat zango bat herrestan derabilat; zango hau moztekotan ere egona niz; gutitarik dut beiratua.

      »Kolpatuak ez bagine, han ginitazke gure eginbidearen bethetzen bururaino.

     »La Meuse ur handiaren bazterretako Craonne-ko, plateau des Dames deithu toki aiphatuek badakite gure berri. Gure zizpak eta baionetak hemen ditugu lekhuko gurekin, ez girela ukho egonak, frantses eskualdun pilotariak.

     »Ez ditut lerro hauk Eskualdun-erat igortzen, zuri gaizkien erraiteko, bainan zure berri heltzaleak, nor ere baita, jakin dezan ez dugula atseginekin irakurtu; gutarik bat laudatzearekin harek diona bertzez: badirela gutartean batzu eginbideari uko egin diotenak.

      »Bat ez da batzu.

      »Othoi barkha ene ausartzia».

Bernard HEGUY

Makear pilolaria

 

BESKOIZE

      Herri guti da gerla hunek ja guti edo aski hunkitua ez duenik; batzu gehiago bertzeak baino. Beskoize-ko herria ez da azkenetarik; 1.125 arima dauzkan herritik baitziren 182 soldado joanak, hamabi baditugu hilak; eta zonbeit gizon ezkonduak, haurdunak.

 

LUR ESKU LANA

      Esku lanetarat ordu delarik heltzeko, beso eskasa dugu kanpañetan.

      Aro gaixtoak behin gibelatu lanak, eta orai egiteko diren guziak oro betan gainera jinak. Tokitan langilerik batere ez; orotan erdiak baino gehiago eskas; nor nola hel?

      Iragan egun hoitan erran ginuen, elgar aldizka lagun zezaketenek ongi eginen zutela hitzhartuz lehenbailehen, auzoak elgarretaratuz egitea belharrak bederen, bakotxa bere heien gainean herrestan, ixtapea zabalik, higatzeko orde.

      Geroztik jakina dugu herrixka batean horrela lothurik belharren egiteari, airoski deramatzatela; segurki ez direla urrikituak Eskualdun-aren kontseilua segiturik.

      Menturaz bada bertzerik ere.

      Hunek ez du erran nahi, hola jokatuz, hogoi gizon diren herrian izanen direla berrogoi; bainan egundainotik ezagutua da, lan handixkoeri buruz deus halakorik ez dela, nola elgar lagunduz artzea. Banazkako lan handiak lotsatzen du gizona. Orotakoa da.

 

* * *

 

      Huna lur esku lanetako laguntza bat gutienik igurikitzen ginuen tokitik heldu,... soldadoetarik; soldado gaizoek bertze lanik ez balute bezala, beren etxeak eta etxeko lanak utzirik hor harat joan eta, orai, soldado nekeen artetik, bertzendako nonbeiko laborari etxaldetarat, joaitea baizik belhar ephaile!

      Bizkitartean hola da: ekhainaren 5ean manua ekharri du gerlako ministroak: adineko soldado Frantziako lur erabilietarik helmenean direnak aitzindariek utziko dituztela, Prefetek izenak bildurik ezagut araziko dituzten tokietarat.

      Langile beharretan direnek herrietarik prefeturalat galdeak hel, eta galde arau hitzhar soldado aitzindariekin.

 

      Hamabortz egunentzat ardiets ahalko dire soldado laborariak, behar arau, eguneko hunenbertzetan —tokiko usaiaren arabera— jan-edanak eta etzangia bertzalde.

 

      Territoria edo auxiliaire direlakoetarik dire omen errexkienik ardiesten ahal.

      Soldadoek berek galdatzea hobe, norat duten galdea edo beharra non dakiten erranez.

      Etxerat ez herrirat galderik ez badute, ministroak ordrea eman du, prefetek argiak eskura ditzatela, non nor den laguntza eskasoan, herrika.

 

      Soldado langilerik nahi dutenek berek prefetari xuxen izkiria dezokete zertsu langile nahi duten eta zonbatsu.

      Adreza prefeturalat «bureau militaire».

      Jaun prefetak helduko daizko izenak «Général Commandant de la Région» delakoari.

      Hau ontsa gogoan hartuz eta aski zalhu ernatuz, egin litake hor 15 egunez, lan zinkako bat ona. Ernatuko girea?...

 

 

 

ZER ETA ZER

 

LAGUNTZEZ

      Soldado gerlan direnen burhasoek eta emaztek berentzat eta haurrentzat —beharrak direlarik— ukhan ditzazketen laguntzez badabila elhe hanitz bazterretan; urhats hanitz ere askok omen derabilate, alferretan; deus ez dakitenik hanitz baita; zuzenaren ardiesteko argitu eta gidatu behar lituzketonek ez baitute askotan kharrik, ez eta zonbeitek borondate on izpirik.

      Hau ere gerthatzen da: laguntza beharretan direnak ez baitaozi xuxen, ez argi bilha, ez eta eskukaldi baien galdez, nora joan behar bailukete eta hara; sineste gehiago baitute deus ez diren eta ez dezaketen batzuetan, zuzenezkoetan baino.

      Hartua urhatsa, boz egunetan edo nik dakita noiz nola?... beren beso luzeaz oro espantu diren batzuen gana joaiteko, gero deus eginen ez badautzute ere.

      Elheak elhe, huna Eskualdun huntan egun hemenxe, argi bat, ustez ja emana duguna, bainan hanitzek ahantzia dutena, edo ez ontsa gogoan hartua, bertze batzuen artean ginuolakotz bere denboran eman.

      Berex emanez egun, behar bada, hobeki konprenituko dute, hau jakin eskasean, urhats alferretan dabiltzanek.

      Senharrak gerlan dituzten emazteri edo han ibilirik etxerat itzuliak dituzte, neri gitzeie bereziki mintzo:

      Errazu, emazte ona, noiz joan zen zure senharra gerlarat soldado? —Holako egunean: —Eta noiz egin zinuen allakazione delako laguntzaren galdea? Bigarren galde hori zure zerean ari da lehena bezenbat. Emazu arrapostua xuxen, eta egia deus gorde gabe. Noiz egin zinuen laguntza galdea? —Ordu berean, edo biharamunean, edo handik laster, aste berean edo halatsu. —Ontsa da, zuk ardiets dezakezu legeak ekartzen duen laguntza osoa, bermatuz.

      Eta zuk, holakoak, galdea noiz egina duzu? —Zonbeit aste, edo bizpahiru edo gehiago hilabetheren buruan. —Atx! atx!... emazte gaixoa, zu atheka txarrean zira, deus onik atheratzeko. Baditake haste hartan bat edo bertzek athera duketen galdea egin duten egunaz goragoko hartze gibelatua; bainan burutziarik ezin eginez,... nola erraiten da?... ogi baino gasna gehiago zutelakotz hitzemana, ozka egin dute laguntza galdatu egunean: handik hunateko egunentzat emanen dutela heldu dena; galdea egin baino lehenagoko egunentzat, deus ez.

      Ozka hortan kokatuak dire sosaren emaileak. Ez litakela orori emaitekorik, gizona gerlarat joan egunetik emanez orori, berexkunde bat egina dute hor, berehala laguntza galdatu dutenen eta berantegi egin dutenen artean.

      Goiz ernatu direneri laguntza osoa; galdearen egitea berantzerat utzi dutenentzat hanbat gaixtoago; aski zuten goizago jaikitzea.

      Hortako diren buregoetan izkirio lanean ari den batek errana dugu: galdea egin den egunetik has, handik goitirako hartzea galda ditakela eta ardiets, aski gora mintzatuz.

      Bainan galdea berant egin duenak eztuela zeren ametska egon: holakoak hau, halakoak hura ardietsi, hola eta hola jokaturik.

      Galdea egin den egunaz gorago deus ez dute nahi entzun sos errepartitzalek. Hortan gelditzeko ordrea dute omen orok ukhana.

      Garbiki mintzo girea, ala ez?

      Aihertar emazte gaixo bat badakigu hau jakin eskasean bortz urhats alfer eta hogoi-ta bortz pinta odol gaixto eginik dagona. Buruz buru ere hau erranen ginion, garbiki aithortu balauku, laguntzaren galdea egin baino lehenagoko gibelatuaren ondotik zela ibilia alferretan.

      Hanitz bada hola hatzemanik.

 

 

 

Ziberoan

 

ALTZABEHETI

      Aillande Carriquiry, gure herritarra orok maite eta hanitx estimatzen dügüna, izan da azkarki kolpatürik bürian, aitzineko egün hoietan, Frantzia iphar aldian izan diren güdüka handietarik batetan.

      Lehen berriak xar jin ziren; haien arabera etzen geroko deus hunen egürükiteko biderik.

      Ez da haatik seküla etsitü behar osoki: horra nun operazione batek salbatü dian Carriquiry; ezkapia dü. Liburneko eritegi batetan da orai.

      Felizitatzen dütügü, plazer handirekin Aillande Carriquiry eta haren familia.

 

BETHI GERLA

      Ez deia arren izanen seküla ürhentze bat? Bena bai, ürhentüren da gerla, eta Frantziak bitoria ederra ükhenen dü; sinetsi behar da hori behin eta hartan egon. Gure armadak baduatza bethi aitzina, emeki, bena irabaziak etxekiz.

      Rüsek, igaran egün hoietan, ükhen die arte gaxto bat. Erhaüsten zütien Otrixienak. Hori ikhusirik, Alemanak egin dero heltüra Otrixari, igorri deitzo zunbait errejimentü bere tropa hobenetarik. Ordü berian, nunbaitik ere Rüsak gerthatü dira sü gei edo münizione eskaz batetan. Gibeltü behar ükhen die amiñi bat. Bena berriz hasirik dira etsaiari azkarki bürü emaiten.

      Rüsak gothor dira eta isi gaitzeko. Otrixien ez Alemanek ez die ikhusiren haien aztalik.

      Italiener etzaie etsai handirik orano agertzen. Ez daude lo; ari dira güre hobenetan lekhü hartzen.

 

MAULE

      Iean de Souhy «infanterie coloniale» delakoan sarjant zena izendatürik izan da lotinant. Ederki!