Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-06-11: Ele makurrak

Mihi gaiztoak gaizki esaka ari diren honetan, ele makurrak zokoratu behar direla ohartarazten digu Eskualduna-k. Italiak ireki fronte berriaren berri eman digu kazetak. Greziako Konstantin hil zorian omen, hilez gero Grezia aliatuen alde jarriko omen da. Espainiako gobernuak galdatu die bertako kazetei gerla honen berri ez emateko. Aldaketa Frantziako su zelaietan, eguzkia Euskal Herrian baino goiztiarragoa da Arras aldean. Xori gizonen gerla moldea berria da Gerla honetan, etsaiaren hegazkinlariek preso dituztenen zerrendak airetik jaurti dituzten, batzuk hiltzak zituzten soldadu euskaldunek. Donibane Lohizunen hogei bat gerla zakur hautatu dituzte. Euzkadi-k ohartarazten digunez, Alemanen alde su eta gar ari direnak haserre dira Espainiako gobernuarekin. Italia gerlan sartu aurretik Espainiatik Italian barna hainbat merkantzia bidaltzen ziren Alemaniara, orain bidalketa hori eten da. Kirikiñok doixtarren aldeko Vazquezen jokabidea salatzen du. Bestalde, ezaguna denez, Gezurroff eta Patatenberg herriak elkarren ondoan dira.

 

 

Elhe makhurra!

 

      Bitxi da, non nahi eta noiz nahi, gutartean elhea nola dabilan eta zoin laster doan xutik; bereziki elhe makhurra; makhurrago eta zalhuago doala bi zangoen, ala baten gainean, eta trebeago. Bitxi dela zinez erraiten dautzuet.

      Jende batek haurrean, xutik joaiteko behar ditu, laburrenetik, hamar bat hilabethe; askok bizpalau gehiago. Elhe makhurra xutik joana duzu sor eta berehala, jauzika, punpeka alde orotarat, handituz, hedatuz, umeak, eta zonbat ume, bidean eginez!

      Bethikoa da eta orotakoa; bainan behinere ez, nehon ez, gerla toki eta egunetan bezen ageri.

      Behazue, adixkideak, hau zoin den egia bere bitxian; bardin zaut irri eginen badautazue ere, zer derasadan eta zerk emana dukedan atheraldi hau gogora. Egia den ala ez, erranen dautazue, bururatzearekin.

      Harritua nago garbiki, zonbeit aldiz, ikusten ditudalarik, eta entzuten, jende batzu, edo zoin zerez ala nortaz mintzo, bainan, ola!... Elgarrez ahal bezen makhur eta gaizki hamarretarik bederatzietan. Eta zonbat gisetara!

 

* * *

 

      Behinik behin, gutiz gehienak alderdikari gira. Gure aldekoen itzaleri baino aiherrago bethi bertzekilakoeneri, zuzen baizik ez litakelarik, edo zoinen alde ala kontra, izariz mintzatzea; edo ez balinbadakigu neurriaren atxikitzen, egoitea bederen ixilik.

      Ez gauzke ordean; baitezpada behar dugu norbeit ausiki; eta norbeit hura maizenik da, bertzenaz guretarik ez dena; oraiko edo ohiko etsaia nolazpeit.

      Gerla eta oro baino zaharragoa dugu hori. Gogokoa eztugun batek loterian irabazi duela edo ezkontza on bat egitekotan dela baino ekarriago gira sinesterat... faillit egitera doala; behar ez den zerbeit egin duela, edo gerthatu zaiola nahigabe zerbeit.

      Edo atsegin bat baduela ukha ez badezakegu, eztugu padara huts eginen familia baten edo bien aphaltzeko, aspaldi ahantzi orhoitzapen gaixtoak eta oro piztuz.

 

* * *

 

      Etsaiak etsai, adixkide ditugun edo behar ginituzkenendako bederen elhe ona baginu ezpainetan bethi! Zonbat aldi ez gira gure aldekoez berez gogotikago ari elhe eta elhe... makhur?

      Begi beharriak idekirik dauzkagula, xut eta erne, nortaz nondik zer dugun ikusiko edo entzunen, ahalgegarri denik guti edo aski? Sineskorrago gu bethi makhurreko alderat, onekorat baino.

      Eta bitxi dena, oro; edo bederen orotan orotarik bethi zonbeit, ez erraiteko hanitz.

      Nehor ez dut berexten alderdika. Gorriez xuriak, xuriez gorriak herri batzutan bereziki, gizona, zoin gogotik, zer janhiza gosearekin giren makhur mintzo; elgarri ausikian lotzeko hagin gaixto bihurri bat zorrotz daukagula bethi.

 

* * *

 

      Gerla hastean, baketu ginela bet-betan, zen solasa, duela hamar bat hilabethe; ba eta hein bat atsegin baitzen entzutea, gure bake, batasun on horrek iraunen zuela behin gerlak bezenbat, nahi bezen luze joanik ere; agian gerla ondoan ere, gostu harturik bakeari, atxiki nahiko ginuela oraino aitzina, bethi. Zertako ez?

      Egia: zertako? Zoazte galdatzerat elhe ona baino makhurra lakhetago duteneri. Gerla bethean, aleman tzar hura baizik nehor begietan behar ez ginukelarik gerla hunek dirauno, ez gauzke batek bertzearen hutsak, edo itzalak aho-mihietan gaizki erabili gabe.

      Nahi tutzue zonbeit elhe makhur gutartean dabiltzanetarik? Ehunka balitazke; bainan dotzena erdi bat askiko ahal dire, chantiluntzat.

      Edo zointarik has, bardin zautzue naski? Eni segurik ba. Goazin has arrotzetarik. Ez alemanetarik ez; hetaz mintzatzekotz, behar zira gaizki mintzatu, ona salbu, bertzeak oro baitituzte, diren bezalakoek! Goazin adixkidez.

      Angles lagun hoitaz ja zer eztugu entzunik? Bitziak direla; ez dutela gerlako kaburik; hurriak, hotzak, hilak direla, etsaiaren aitzinean eztuela soldado anglesak frantsesaren erdi zain eta odol; deus kasik ez daukutela oraino laguntzarik egin. Eta holako.

 

      Norbeitek erran zirikeria hoitarik gogora jina, eta orok hura errepika, xuxen ala makhur den errana, gezur ala egia, den gutieneko axolarik gabe.

      Ez orhoitzea deusez: anglesak deus hitzeman gabe ginuela hasia gerla hau; ez baginu anglesa, dena den, pullitak behar ginela; itsasoz laguntza zer nahi, eta bizitzeko hatseraino, heinbertze zor diogula anglesari; guhaur utziz, aspaldi xirxikatuak ginitazkela, ez orhoit!

      Ea badukegunez makhur mintzatzeko padara...

 

      Rusoek eztakite gudu galtzen baizik. Noiz nahi ukho ,ihesi ,harat hunat itzulipurdika.

      Erdia gezur eta bertze erdiaren hiruetarik bat. Zonbat aleman dituzten ja rusoek hilik; zonbat preso altxaturik, nor da mintzo?

      Miliunaz goiti etsai baitauzkate, guri jazarriko zirenak, berekin borroka, hek ez direa deus?

      Eta irautekotz, ihardokitzekotz, noren baithan dugu kondatu behar, ezenez Anglesen eta Rusoen? —Heiek ere ba gu baithan. —Ba, gizona; orok oro baithan.

 

      Italianoak? Hauk, hauk, funts ttipiko gizonak; hain gutikoak non hauk gabe hobe ez ginukenez, bainago, zaundan erraiten, azkenik atzo, jaun batek. Ihardetsi diot, nahiago zukenez Italianoak kontra ukhan baginitu? —«Non, mais je ne sais pas trop...».

      Miliun bat soldado ukhaitetik Italiak gure alde, nonbre beraren ukhaitera gure kontra, ez baita hor goiti-beheiti gaitza!

      Etsai tzar izigarri hunen ehoiteko, zakur hazteriadunak eta oro on direlarik, Italianoen itzalez gu erasian! Ez baikira gure buruaz ahalge! Ixilik bederen ezin egon!

 

* * *

 

      Herritarrentzat bederen mihi hobexagoa baginu? Ez. Atzokoa dut hau; orotaz bethi gaizki mintzatu gabe nehon ez dauken batek bidea hautsi daut, lanera nindoalarik: «Zer da berri? —Eztakit deus handirik; eta zuk? —Nik ba. Zereko errientak emaztea Barthou ministroaren ahaide hurbila omen du. Arren aste huntan soldado deithua izan da. Uste duzu joanen den? —Nik ba uste; zertako ez? —Nahuzu pariatu Barthou horren ganik ardiesten duela xokho goxo bat hemen nonbeit, edo urrunxago, sutik urrun?»

      Irri egin diot, eta galdatu: «Errazu, zinez mintzo zauzkita? —Ba. —Eztuzu ere naski zure gogoko gizona, Barthou hori? —Ez, eta zuk?; —Nik ere ez, bertzenaz. Bainan gerla huntan gizona daukat.

      Hiru urtheko legearen alde bermatu zen azkarki. Parte on bat, hari esker dugu lege hau.

      Geroztik bere seme bakarra, adinik, ere oraino etzuena, utzi du soldado joaitera gerlarat; utzi, ez badu ere berak sustatu.

      Seme hura han hil, bere baitharik joana; eta orai, zuk uste, adixkidea, Barthou, seme gerlan hilaren aita emazte ahaide baten gatik aski berkoi litakela, edo aski ahul, errient bat bere eginbidetik gibelatzeko?»

 

      Hanxe utzi dut ene elheiketari mihi gaixtoa.

 

      Bertze bati entzun berria diot: errient guziak, edo hamarretarik bederatziak, itzalean geldituak direla, sutik urrun, soldado gazten eskolatzeko edo zerbeit estakuruz.

      Errienteri deus ez diotet zor, eta halere, arimaz egia erraiten dautzuet, xuxen mintzatu nahi direnek diotena: errient hanitz, hanitz badirela gerlarat, surat joanik, han hilak beren eginbidea bethez ederki; bertze batzu bizi, nor nahi bezen soldado on.

      Egia zertako ez erran? Hala ez balitz, jakinen da. Anhartean, egon bederen ixilik.

      Hunen aldean emaitekoa da hori: Errient bezenbat aphez, edo araberan gehiago direlarik gerlarat joanak, han ahal guziaren egiteko ez azken egoki, orok jakin hori, eta futxo halere, janhiza gaixtoko gizon eta emazte batzuk baiterasate ahotaraka elhe gaixtoa, gezurra: diru igortzen arizanak direla hemengo apez batzu Alemaniarat, gerla hunen gal-arazteko Frantziari.

      Astokeria hori ez dutea errana eta erraiten ere oraino zokhoz zokho, gezurra, oraino, Aita Sainduaz?

      Zer orhez egina duten barnea, hola mintzo direnek, nahi nuken nik jakin!

      Bainan ez dut nehor berexten; xuri ala gorri, hein bat ororena dugu, janhiza gaixto hau. Bakharrik buru makhurrenek, jite gaixtonekoek huntarik gehiago.

      Jainkoaren eta Jainkotiarren etsaiek gezurra lakhetago; bainan gaizki mintzatzerat oro lerrakor.

      Ihizi ona, elhe makhurra!

 

 

 

Berrian egunka

 

Astezken, ekhainaren 2an

      Frantsesek Arres hiriko aldean gero ta gehiago ari dugu gaina hartzen; erreka zilo hanitz, emeki emeki guretzen, ba eta presuner egiten ere gizontze gaitza.

      Champañen, Beauséjour deithu tokian jazarri zauzku eztakit zonbat garren aldiko; ba gibelerat joan ere zalhu, berenak harturik.

      Reims-eko hiria, oraino ere kanoi ukhaldi zonbeit ukhanik dago.

      Anglesek, handik hurbil, etsaiari jauregi bat hartu diote, lanak erabilirik, bainan hartu, eta atxiki beren.

      Italianoak aitzinatuz doazi; heien lehen aitzindari, Cardona delakoak, hiri batzuz nausiturik, bat egin du gure «chasseurs alpins» andana batekin.

      Elgar lagunduz, eskuz esku Nortean anglesekin bezala, zerbeit onik egin dezakegu hegoaldean italianoekin.

      Rusoak beren hatzean daude, azkar. Alegia edo zinez ihesi badakite behar-orduan, gibelerat itzultzen, etsaiari jazartzeko. Ez dute oraikoa.

 

Ortzegun, 3an

      Gudu gaitza bethi Arras hiritik iphar alderat; bethi guk gaina, guti bada guti. Gure gizon xorietarik 29k andeatu dute tiroka, kronpritz, enperadorearen lehen seme delakoaren tresnalegi bat; haren aitzindari lagunen atherbe handi bat ere bai.

      Italianoak ongi doazi behin oraino. Ikusi behar.Trieste, lehenbailehen beretu nahi luketelako hiria otrixianoek etsiturik beiratzea, jauz-arazteaz mintzo dire.

      Itsasoz nausi dire italianoak; etsaia ihesi, gordeka dabilkote.

      Rusoen ukho-egiteak geldi, egundaino bezen azkar ihardokitzekotan dire.

      Tresnak xuhur balinbadituzte, buruz eta zainez, zailtasunez nehori ez diote zorrik. Jo aitzina.

 

Ortzirale, 4ean

      Arras hiriko inguruan, bereziki Souchez deithu sukretegian eta Labyrinthe delako tokian, ahulduz doakigu etsaia, gu azkar arau.

      Etsaia Verdun hiria ezin andeatuz ari da urrunera heltzen diren kanoi batzuekin; guk aldiz Metz inguruko atherbeak karraskan deramatzagu lurrerat.

      Italianoak aitzina bethi jeneral Cardona buruzagi. Bi zubi handiz jabetzan dire. Carniola deithu herrialdean artilteria azantza bat ikaragarria.

      Rusoek badatxikote azkarki etsaiari tokitan aitzinatu gabe, tokitan etsaia erhautsiz.

      Gizon hanitz galtzen dute: gal-arazten alemanari gehiago. Axolarik ez dute rusoek bethi danik, aitzinka joan ala gibelka, etsaia nolazpeit higatzen, ethentzen duten ber. Napoleon Handi zena hola zuten garhaitu.

 

Larunbat, 5ean

      Hiru aldiz jazarri da etsaia barda Souchez delako sukreriari; hiruetan ukho egin behar ukhan du, gizon hanitz galdurik. Guk behin hartuak badauzkagu oro gure.

      Guk orobat, handik kilometre bat bidetan, Cabaret-Rouge deithuan, eremu puska bat guretua dugu, ez utzi gogoa etsaiari.

      Bertzetan deus berriagorik. Aitzinatu gira. Neuville herria, Lorette, Labyrinthe kasik gure ditugu. Verdun-eko hiriari atzo tiroka arizan kanoi handi alemana guk andeatu ginioten; egun arranjaturik berriz hasi da tiroka; berriz andeatu diotegu, kanoia bera, edo betonezko zola tokia. Gelditu da segurik eta ixildu osoki oraikotik.

 

Igande, 6an

      Greziako errege Contantin eri da handi delakoari operazione bat egin diote, bihotzari hurbil zerbeit min bazuelakotz; Ez jakin norat eginen duen. Hil baladi hortarik laster, Grezia berehala gure alde jar lakigukela diote, zeren hau bere emazteak baiterabila omen eta erregina hori baita Guillaume-ren arreba.

      Holakoetan guk nahi edo uste ez ginuena da gerthatzen ardura. Nor hil, nor bizi. Gaineko haren gain uztea hoberenik.

      Guillaume zer ari zauku? Diote ixilka Italiaren kontra gizon igortzen ari dela zinkako baten egiteko egun hautarik batez. Segurik deus ez: ikusi behar.

      Gu iphar-aldean ongi goazi; alta oldar onik harturik dago etsaia gure lerroen hausteko. Neholere ez dezake zilha hunateko bidea.

      Gehiago dena, zauzkan erreka ziloak ari daizkogu kentzen emeki-emeki.

      Rusoek lan handia deramate ez errexki, bainan kuraia gaitzarekin. Egun guti, presuner multzo bat egiten ez dutenik.

 

Astelehen, 7an

      Dardanelles-etan frantsesek eta anglesek izigarriko oldarrean jazarririk turkoeri, sail guzian; esku-gain handia hartu diote.

      Lehenik artilleria. karraskan, leihor eta itsasoa betan dauzkala. gero infanteria, hiru, lau alditeraino toki berez jabetzerainokoan, azkarki bermatu dire, eta ez alferretan. Lan gaitza egin dute nekez ba! eiki, bainan egin.

      Espainiako gobernamenduak galdatu du, herriaren onetan, eta auzoekilako bakearen gatik, español kazeta egile guziek behin utz dezaten gerla huntaz mintzatea batzu batzuen, bertzeak bertzen alde.

      Buillira bezala nahasirik dauzka gure auzoak aleman horrek, eztona badela sinets-araziz. Sinetsi beharko dute, adeus onik ez dutela zeren igurik alemanaren ganik; oro bere zangopean ezartzea baita haren xede bakarra.

      Erroman gaitzeko jendetze handia bildurik elgarretara. orok elgarrekin bat egiten dutela, karrikaz karrika ibili dire multzoan, oihuka, bibaka: «Biba Italia! Fuera Otrixia! Fuera Alemania! Fuera mundu guziaren nahasleak! Biba Frantzia!»

      Zertarako baita ere gerla hau, zer nahi gostarik azkenean —eta nork duda guk irabazteaz?—, badugu adixkide bazterretan; gero-ta gehiago adixkide eta lagun.

      Iphar aldean ari dire bethi azkarki guduan. Gure saila oso daukagu orotan, etsaiarena tokitan hautsiz, erreka zilo batzuez jabetzen girelarik.

      Egunaz bezenbat gauaz, edo ez othe aro gehiago han hemenka?

      Rusoek hartua baitzuten hiri bat, Przemisl, gero galdua, orai berriz hartzekotan direnez gaude. Gudu bat eman da han ere izigarria.

      Hoinbertze etsairi noiz arte dioten ihardukiren etsaiek, oro galdez...

      Goiz edo berant leher eginen dutela, ezta hor dudarik.

      Anglesak ez dire bakarrik ari Beljika hegal batean 30 bat kilometre sail daukatela. Itsasoetan deramate oldarrik handiena.

      Untzi hanixko galtzen dute, aleman etsaiak bera untziak itzalean gorderik alfer atxikiz, harenak jauz-araziz nahi bailuke garhaitu.

      Beharrik badu Angleterrak orotako itsas untzi, hanitz galdurik ere.

      Galduak gal, etsaia garhaitu arte irautea da guzia: untzi eta bertze, galtzerik handienak azkenean berari jasan-araziko diozkatela da gure eta gurekilakoon esperantza, guziz anglesarena. Agian ba!

 

Asteart, 8an

      Berri guti. Otrixiako enperadore zaharra kasik osoki haurtzen ari dela; ezta berri bat.

      Norte-Amerika makurtzera doala oraikotik Alemaniarekin. Hobe.

      Italianoak aitzinatuz doazila. Berri ona.

      Greziako errege hil hurran dela; ez da hain berri.

      Gehiagoren emaiteko astirik ez dugu, ez da malur handi bat.

 

 

 

Gerlarien berri

 

GURE ASTEA

      Gerlaren berri nahi duenak, ez du zeren lerroen erdi huntarat ager, oraiko deskantsuak dirauno.

      Iduri du toki bakar batek iresten dituela batzu eta bertzen indar, odol eta gizonak oro, funtsezko gudu bat hasi den orenetik: leku guzietan bermatzeko hatsa laburregi.

      Hartan gire. Arras hiritik goraxago deramaten gudu borthitzak deskantsua emaiten du bertze lerroeri.

      Ez dituzte gehiago tropak emendatzen hemen gaindi. Etsaiaren indarrak ere ttipituak dire gure parrean: xixpa guti sendi dugu, firrindan oro tiroka lotzen direlarik.

      Tresna tzar frango badukete gizonen ordain: Hurbiletik ari diren tresna berriak jin zaizkigu guri ere; lehen erreketan ezarriak dire eta izigarriko desmasiak egiten dituzte. Badut uste gure bolborak indar handiagoa duen, etsaiarenak baino.

      Zubi bat edo bertze xehatu nahiz, ari dire noiztenka beren kanoiekin, gure lerroen gibeleko ur handirat. Pausu tokietarat ere, bainan xuhurki.

      Aro ederra, garbi eta bero. Egunak luze dohazi, goizeko hiru orenetako argitzen baitu hemen gaindi. Iduri du iguzkia Eskual-Herrian baino goiztiarrago dela. Ez dugu hemen mendien itzalik. Athe leihoak ere zabalik daude, gau eta egun, ohoinen beldurrik gabe.

 

ARRAS-EKO GUDUA

      Egunetik egunera gure alde trenkatzen ari da gain hartako gudu borthitza. Egun oroz etsaiari muthurreko bat emaiten diogu han edo hemen, bere lurpeko geriza tokiak huts-arazten, tresna eta gizon andana bat biltzen.

      Etsaiak oraino badauzka bizpalau herri ordokirako bidean, aztaparrak barna eta tinki sarturik mendixka bizkar luze batean.

      Hortik ere beharko du jali. Toki hobeak utzirik dago, azken egun hautan, bere tropa hoberenekin bermatu delarik luzaz, zazpi edo zortzi aldiz jauzian lotzerainokoan, galdu lurra beretu nahiz.

      Galdua gal dute, nahi duten indarra eginik ere. Gudua hasiz geroztik, ez da han bertze legerik.

      Luze bada luze, bego gudua jarraikitzera, bere urhats segurean: mendi bizkar, ur erreka, herri, errebide, hilherri, lantegi zabal, bat banazka oro deramatzate gure soldadoek. Gure artilleria izigarriaren lanak bazterrak harrotu ditueneko behar den heinean, erauntsiaren pare dohazi, gero ta beroago.

      Gure etsai salbaiaren kraskatzeak egun guzietako lan dorphe hori galdatzen dauku. Utz lana soldadoen gain, aintzindarien gain: bururatuko dute.

      Eskualdun andana bat baitugu han gaindi, bereziki zaharretarik, bigarren lerroetako lanak kuraie handirekin derabiltzate.

 

RUSOAK

      Gure lagun gaizoak zalaparta handitan ibiliak dire, azken egun hautan, eta orai berriz gainaren hartzen ari.

      Maiatzaren lehen egunetan Alamanek bildu zuten armada izigarri bat Rusoen lerroen erditsuaren kraskatzeko. Hamabortz ehun kanoi eremanik, lau orenez igorri zituzten Rusoen gainera zazpi ehun mila kolpe.

      Rusoek gibelerat egin zuten, Premzil berriki hartu hirirat buruz, handik errexago baitzuten ihardokitzea.

      Hogoi egunez, Otrixiano eta Alaman, azkarki jokatu dire baitezpada bentzutu beharrez; Italiaren izi-arazteko, gerlari uko egin zezan.

      Italia gerlan sartu eta Rusoak ere berriz abiatu Otrixian barna, horra zertaratu diren entsegu hoik oro.

 

ITALIANOAK

      Italianoak Otrixiaren lurretan sartu dire, mugetako hedadura guzian gaindi, mendi ala ordoki, orotan, emeki, zuhurki lurrak gerizatuz, bethi aintzina.

      Ezagun dute Otrixianoek ez zutela uste oraino Italia gerlari lotuko zela gure aldean; oraino segurik ez dire hanbat ageri etsai berri hoien bidean.

      Geroxago zer ere gerthatuko baita, oraidanik lan handia dute Otrixianoek, bi aldetarik buru egiteko.

      Armada berri bat nun eta nola moldatuko dute? Zer gizonez?

      Gizon gazte azkarrenak galduak dituzte. Miliun bat gizon berexi orduko, Rusoen eta Frantsesen aintzineko lerroak arinduko dituzte behar ordu minean, hola hola ere atxikitzea etsigarri zelarik!

      Zer nahuzue egin dezaten zenbeit aste gora behera?

 

XORI GIZONAK KEXU

      Gerlaren hastapenean xori gizonek etzuten bertze lanik egiten, bazterren ikertzea baizik, nun nor zabilan ikusteko, tropen harat hunat guzien berri jakiteko, kanoieri norat jo erakusteko.

      Bertze lanik egin dute geroztik. Etsaiaren berri jakitea etzaiote aski.

      Alamanak hasi ziren lehenik airetarik hirien gainerat «bonba» hoitarik aurdikitzen. Norat nahi jo, bazterrak harri araz, haur edo emazte gaixo batzu xeha, ala elizak herrauts, heientzat on ez denik ez da.

      Gure xori gizonek gerla lan egin nahi dute.

      Berrikitan hemezortzi lagunek egin dute itzuli bat Alamanian, hiri handi bateko lantegien funditzeko, bolbora hanitz moldatzen den toki batean.

      Lantegiak sutan utzirik itzuli dire gibelerat.

      Alaman xori gizonak kexu dire geroztik.

      Igortzen dauzkigute beren presentak gero ta nasaikiago, hurbiltzen ahal direnean.

      Egun hautarik batez Frantses batek tiroz garbitu ditu gain hetan bi Alaman. Hitz dautzut zalhu egin duela jokoa. Aleman aireplana lurrerat joan da, harria bezen xuxen; bi gizonak porroskatuak ziren.

      Kanoiekin ez da errex aireplan baten atzemaitea: halarik ere, Alamanen kanoiak burrustan ari dire bethi gure xori gizoneri buruz.

      Berri on bat aireplanez kestione: egun hautan aurdiki dauzkigute etsaien xori gizonek gure eskualdeko presuneren listak.

      Hiltzat ginauzkan batzu bizi dire. Ez etsi, ez berandets, berririk ez izana gatik.

      Ekhainaren 4an.

J.S.P

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

Ospitaletan

 

(Beretik berriz)

      Erran dugu nola kolpatu guti edo aski ezinduek eskuratuko duten gobernamendutik ikustate bat edo erretreta bat; ikustatea, bizpalau urthetarik ttipitu edo emendatu ahalko zeiena, ezindura ez balinbazakote alderat gogortzen; erretreta baldin ezindura orai beretik arrunt gogortua izaiten bada eta oroz bat ehunetarik hiruetan hogoiez goiti kentzen balin badeie laneko ahaletik.

      Erretreta osoa ezindurarik handienari deratxikikon erretreta, mila liberetara da hurrantzen soldado xoilarentzat; ardura darraikon medailak gizonari dakarkon ehun liberakoa bertzalde. Erretreta hori ixurkor delarik jabea hiltzearekin, parte bederen, alharguntsaren edo haurren alderat.

      Horra diruzko saria. Ohorea, zuzen den bezala, handiago; jenden ganikako begitartea bihotz altxagarriago miletan, Gerlatik urrun egonak izanen girenek dezagula erakuts bethi kolpatu gaizoen alderat, begietan, ezpainetan, bihotzean, zor zakoten errespetu urrikalmenduzkoa!

      Hilez ez dugu erranen deus. Utzi dituzketen familiek hunkiko dute ba diruzko orhoitzapen bat; hek joanak ordean heien begietako atseginik ere ez ahaideek. Beharrik Jainkoak ikusten ditu guziak. Herrialdearentzat beren odola ixuri dutenen ondokoak ez ditu ahantzen. Emanen deie indar bat bizitzeari buruz eta gozotasun bat barnean, bertzek sendituko ez dutena.

      Badea hanitz, galdatuko dautazue, lurrak bethierekotz itzali dituen hoitarik? Ez dut ihardetsiko. Ez dakit. Etzauku zilegi holakorik agertzea. Badakizue bertzalde orok, guk bezain ontsa, zonbatsu diren. Holako berriek zorigaitzez zilatzen ohi dute bethi nunbaitik. Ah! odol hanitz eta nigar gehiago oraino du eskatzen oraiko mendean guziz, bat bederak bere ahuleziaz azkartzerat, utzi etsaiaren garhaitzeak!

 

      Mintza giten, izaitekotz guti edo aski zaurtu ondoan bizirik gelditu direnez.

      Artha handiak badituzte bizpalau hilabethe huntan su tokitik hurbil, gibelago jin behar gabe: ospitale nasai eta eder, xirurjiano jakintsun, lothura berezi, jan edan on, jostatzeko zer asko, kasik han berean badauzkate guziak. Guneka otomobiletan badoazkote erreken ondoraino arthazaleak, beren tresna eta sendagailuekin: beroan dela hoberenik baita errana zauri edozoini esku atxikitzea.

      Egia da operazione handi hanitz, eta geroago gehiago, egiten dela gerla tokian berean. Ez oro bizkitartean han ere. Hastapenean azantz handia bazerasaten medikuek, sabeletan guziz zeramazten lan galtzez. Bainan ohartu dira emeki emeki, gauzek erakutsiz, halako zauriak beren baitharik berdintsu ardura sendatzen zirela (nahiz arras bakhan bethi) eta askotan hanitzez hobekiago, eskuz erabilirik baino. Gizonik jakintsunenen argiak laburttoak direla salhatzen ditu gerlak. Neurrian egoiteko, bai mintzatzeko ere, ez da holako erakasle zorrotzik.

      Ahal dena egiten da, guziz han, errextasun guziak eskupean ukanik ere. Batzutan ontsa heltzen, uste baino biziki hobeki, ez deuskeria bati esker: harritzeko baita gizonak zoin guti aski duen, hiltzeko bezala, itsuski zaurtu ondoan bizirik gelditzeko.

      Operazione handien ondorier dira gero jarraikitzen leihor barnean, su tokitik urrun, ospitaletako medikuak. Zonbait aldiz, bigarren aldikotz lothu behar zako lan berari, errotik. Askotan xuxendu behar, eta lagundu, lehenbiziko ofizialen esku ukaldia. Arduran, lothurer jarraikitzea aski bakarrik.

      Lanik idorren eta nekena, hezur zaurtu eta guziz andeatuen sendatzea. Hila betheak dirau bizpalau alditaraino behar tresnaz erabili. Bizkitartean oneratzen azkenekotz nolazpeit gaztetasunak odola azkar duelakotz araiz.

      Noiztenka gizon batzu ikusten dira gogoetagarriak. Buruko larruan ttitta beltx bat dute doidoi ageri, perdiun baten sargunea. Zauri den gutienik ez ezagun. Nehor etzeie ohartzen zerbait baduketela, ez berak ere. Eta betbetan horra nun buru barne zorotutik heldu zeien oinhaze eta sukhar.

      Buru hezurra xilatzen deiete ezin bertzez. Operazione errexenetarik hori frantzesez deitzen dena trépanation. Barnea nola hatzemaiten den da gero guzia. Gune batzu andeatuak izaiten badira, xahu da nodoko egunetan gizona; bertzenaz badirauke. Badirauke hanbatenaz luzazago non, axal izanez, atheratzen ahal baitakote burdin pozia.

      Medikuen ganik aithortu behar da edozoin sarraskiri gogotik daudela soldadoak. Beldur baino gehiago oraino badute konfiantza. Gizonago agertzen dira beren herrisketan zirenean baino. Eta beharrarekin medikuer ere eskuairea hobetzen zeie orobat.

      Hanitzak sendatzen dira hortakotz arrunt, berriz gerlarat joaiteko on jarriz, hamarretarik sei edo gehixago. Gaineratikoak ere ohetik xutitzen dira noizbait, eta, oinak apur bat trebatzearekin ez dute itxura gaixtoa. Zangoa herrestatzen dautzute ba zonbaitek; maingu egiten ere ba, belhauna edo azpia gogortua izanez , bainan makilarik ez dakar gehiago nehork, makilen ala makoen ekartzea ondar hilabethe hotan debekatua izan delakotz. Ezindu hotzer baizik etzeie haizu.

      Ez ditake amets makilarik gabe zonbat itxura hobea duen gizonak guziz multzoan doalarik. Zonbat lasterrago zalointzen ere den ez ditake sinets, ikusirik baizen. Alegia, ustekeria, gogortasuna, oro kentzen daizko gizonari... gabeak.

 

 

 

Eskual-Herri

 

DONIBANE-LOHIZUNE

      Gerlako zakurrak. Hilabethe hunen 5ean, goizeko bederatzietan Donibanen ginituen jaun batzu, gerlakotzat zenbeit zakhurren bilha ethorriak. Eskaini diozkatenetarik hautatu dituzte hogoi bat.

      Hemen bezala, bertzetan ere badabiltza jaun hoik zakur bilha. Ezen ikusi ditugu egun hautarik batez, Baionako garan, kaiola batzuetan zaramatzatela treinerat, zakur batzu.

      Oro heieri beha, elgarri galdez:

      To, to, zer dire hoik? — Gerlako zakurrak.

 

(Kirikiño)

 

1915-06-02

 

Barriketea ta... barriketea

 

      Eta besterik ez.

      Vazquezek araiñegun Madriden itzeikizuna egin ebala ta, zelako autsa jaso dabe doixtarzaleok? Eta doixtarzaleak diñogu, jaimetarrak iru edo lau katu triste izanik ezin dabelako zarata andirik atara.

      Bai, doixtarren aldez su ta gar dagozanak asarre dira, ez Lerrouxegaz, Españako gobernuaz, badakizue zegaitik? España laterrian (eta geu be laterri onetan gagoz) Pantzerako ta Ingalandarako lan asko egiten dalako, burdiñatan, eunetan eta jantzitan, ugeletan, izkillutan, eta abar, baita alde areetara abere ta jangai asko saltzen dalako be. Ta Españako Gobernuak ikusirik orretara diru asko datorrela Laterrira, ez dau eragozpenik (estorburik) ipinten, itzi egiten dau, guztiontzat ondo dala ta.

      Oraintsu arte, Italia gudan sartu baiño lenago, España laterritik ainbat gauza bidaltzen izan dira Doitxera Italiatik zear. Ta doixtarzaleok orduan isillik egozan. Baiña orain, Italia be nastean sartu dan ezkero, andik ez leike ezer bidaldu Doitxera ta España laterriko lan guztia, osoan, gonduko (aprobetxauko) dabe pantzetar-ingalandarrak, eta auxe ezin eroan dabe, ta asi dira zarataka, batezbatasun (neutralidad) zeatza eskatzen, Gobernua estutu gurarik, edo eratsirik (batek badaki), Laterri onetako iturria agortzeko Doitxeren arerioei.

      Onetarako, Vazquez artu dabe domingillotzat, eta ipiñi dabe barriketan, itzegikari ona dalako eta españarrak, jakiña!, itz politakaz arin arrapatzen diralako.

      Ta or ibilli dira ta dabilz zarata baten euren Vazquez gora ta Vazquez bera, axe dala gizona, ak esan dituanak, ak dakiana ta ez dakiana... ganeko egunen baten or doguz alde guztietan orriak Vazquezen diskurtsu orregaz, eskura edonori emoten. Orretarako bear dan txindia nondik norakoa dan igarten gaitz ez dala.

      Vazquez birigarroak gitxi gorabera betikoa esan eban araiñegun be: Españak ainbat erri menpean artu ta euki ebazala katolikotasuna bitarte zala ta onegaz guzur biribilla diño, ba katolikotasunak, au da, Uzkurtz edo Erlejiñoak ez dau iñoz agindu ez irakatsi, beste erririk izkilluz irabazi ta norberen menpean gura ta ez sartzea zillegi (licito) danik. Ez, Vazquez, Uzkurtzak diñosku beti: «Ez egiok iñori egin euretzako nai ez dokana», edo «maite egik geidia (prójimo) eure burua lez».

      Vazquez oni deitu legikio Artobero, ba bere barriketa geienetan azaltzen dau, ta araiñegun be bai, iñok igarri ez dauana berak igarri ebala lendik, berak esan ebala zer jazoko zan... alantxe ibilten da beti bere burua goralduten. Bere ekiña da, iragarle edo profetatzat agertzea, ta orrek igarten dauz gauzak jazo ta gero, guk euria noz izango dan igarten dogun lez, ura jausten ikusita.

      Emen oraintsu egon zanean aldi zati baten, al.de egieran itzi ebazan bere oldozpen emengo izparringi doixtarzaleenak zarata andiz argitaldu ebazanak, eta antxe iñoan: Ingalandak eta gura ebela Italia euren aldez jartzea, baiña bai zera! Vazquezek ondo ekiala, augaitik eta orregaitik eta agaitik eta besteagaitik (otzara bete arrazoe), Italia etzala gudan sartuko, beintzat Alkartuen aldez.

      Eta ez da sartu!... Profeta barregarriak! Uste izaten dabe barriketa asko egin ezkero, dana eginda dagoala.

Ikusiko dogu zetara joten daben doixtarren, doixtarzaleen eta euron domingillo dan Vazquezen igierak edo maniobrak. Kalera zarataka urteteko gogotan dabilz eurok baiña uste dogu Gobernuak sartuko dituala etxean agudo, ta dana geratuko da ezerezetan.

      Barriketea, barriketea ta guztia barriketea.

 

 

An, zer dabil?

 

      Ia egun askotxu dira irakurten doguzala izparrak, Amsterdametik badatoz, doixtarrak aurrera ta aurrera doiazela Galitzian, egunean ogetaka milla gizon bizirik arrapaurik. Petrogradotik badatoz, errusitarrak gelditu eragin dautsiela doixtarrai, baita jo be, onenbeste ta orrenbeste gizon bizirik arrapauta. Zoaz ta jakizu egia zeiñek diñoan! Gezurroff eta Patatenberg, erri bi orreexek beti dagoz bizibizi ta gertu-gertu euren batekoak ludi guztira bidaltzeko.

      Beintzat, igarten da gauza bat, Galitzian ondiño arazoa gordin dabillela, ta ez dabela doixtarrak beingo-beingoan amaituko an darabillen arloa.