Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-05-28: Hortzak luzatu zaizkio Italiari

Poza du erakutsi Eskualduna-k, ordua zen, Italia gerlan sartu da, ez da itsu-itsuan aritu, aterpea preparatu du. Italiak Alemaniari hitza emana eman zion ez ziola kontrarik eginen, baina hortzak luzatu zaizkio gure Italiari eta Austria beheiti zihoala ikusiz Biba gerlaka hasi da. Ez da iritzi berekoa Euzkadi, Italiaren jokamoldea kritikatu du kazeta jeltzaleak, egokiera profitatu duela dio Kirikiñok dioskunez abertzale batek ezin du jokamolde hori onartu, begi bistan baita bereak ez diren lurrak erdietsi nahi dituela. Kontu batean bat datoz bi kazetak, biek italiarrek musikarako duten dohaina ekarri dute gogora. Batxik ez daki geldirik, Glasgowetik Genoara bidean da.

 

 

ITALIA

 

      Egun zortzi erran ginuena, egungotzat Italia gutaratua izanen zela, huna non dugun berria: holetan Beljikaren, Rusiaren, Serbiaren, Angleterraren, Frantziaren aldera eman dela hor azkenean, gerlaren hastetik hunat ezin menturatuz egonik dudan, dilindan, ...Italia.

 

      Gerla deklaratu dio Italiak Otrixiari, eta berehala ordainez Italiari Alamaniak, zeren duten Alemaniak eta Otrixiak, biek bat egiten; bat hunkitzen duenak bertzeari baitio min egiten.

      Horra bi etsairen kontra sei; heiarik bat indar osotan; ez oraino akhitua, ez higatua den gutienik; bertzeak oro zalapartan, karraskan ari zirelarik, elgarri ahalak oro min egin, Italia hori hamar hilabethez gizon, tresneria, leihorrezko eta urezko, gerlari doazkon puska-muska guziak bil eta bil arizanik, aste huntan lothu da beraz aspaldi berandetsirik ginauden urhatsari. Ordu zen!...

 

* * *

 

      Ordu zen, irakurtzale onak, ez dea hala? Hala zautzue zueri, hala zeie hanitzi, ez dea egia? Eni ere ba gisa batera; bertzera ez.

      Holako lan izigarri bati buruz, laguntzarik aski ez duzu sekulan; bethi gehiago eta gehiago nahi litake arrazoinekin.

 

      Bainan da ikusteko nor lagun eta zer laguntza. Hala nola hogoi-ta bortz aldi entzunik gaude, gerla hastetik hunat: ez balitzaio Alemanari bihurtu Beljikanoa, utzi balu zuzen kontra bere lurrean gaindi heldu gure xehatzerat, ja oraikotz aspaldi gureak egin zukela; ederki behartu zitzaukula lehen egun lazgarri hetan, Beljikaren laguntza geroztik hunat ordainez, hari gurea behartzen zaion bezala.

      Ez baita ordean gutiago egia, ez balitz izan Beljika ttipia, bere ttipiaren, bere ahularen gainera, ustegabetarik atakatua, prest izan balitz, hots, bere ahal guziaren egiterat prest, gizonez, itsas untziz, leihorreko puskateriaz, indar gehiagorekin zitzaiola etsaiari jazarriko; laguntza gehiago zaukula, bere burua beiratuz, guri eginen.

      Ezta Beljikaren falta betbetan, igurikitzen etzuelarik balinbadio etsaiak jauzi egin gainera. Haren eta gure hastapeneko zorigaitza baita ordean izan, etsaia guri eta Beljikari lotzea, preparatuak ez ginelarik.

      Italia ezta zoroa izan; nahi ukhan du preparatu atherbean, aski denbora hartuz.

      Behar dire gauzak erran, diren bezala, egiak: etzen Italia gerla huntan gure alde artzekoa; hogoi-ta hamar bat urthe bazituen gure etsaiekin batasun eginik, hartan zagola.

 

      Hitzemana zion Italiak Alemaniari, gu huni azartzen baginitzazkon gerlaz, hura haren alde ariko zela; bainan Alemania bazitzaukun jazartzen guri, ez gu Alemaniari, etzela higituko Italia, hitz-hartuak ziren.

      Zer da gerthatu? Alemana guri jazarri, guk deus egin gabe; Italia egon geldi-geldia, bere hitzean.

      Alemana kexu: zertako etzaion jarraikitzen bertzea. Bertzeak, ez diola hitz-emana. —Baietz. —Ezetz.

      Hoztu dire behin. Gero, ikusiz Beljikan egin dituzten itsuskeriak mundu guziarekin Italia ere okaztatu; emeki-emeki adiskidantzatik etsaigoratu alemanarekin.

      Hastetik ageri zen, zertarako ziren; bainan itzuli horrek bere denbora galdatzen zuen.

      Tresnak bezala, jenden buruak ere behar ziren huntaratu. Populu bat osoa ezta egunetik biharrera bilhakatzen adixkiden etsai, etsaien adixkide.

      Batzu berehala, bertzeak hurrikiago zaitzu gogoz aldatzen: ez oro urhats berean.

      Beljikako itsuskeriek hasi hoztasuna gero-ta barnago bihotzetan sar-arazi dute geroztikako alemankeriek.

      Horra zer den jendetasuna zangopean ostikatzea; galtzen dire adixkideak eta oro. Oro azkenean kasko tzar, barne tzarrekoaren kontra jartzen.

 

* * *

 

      Gero hau ere bazen hor, eta bada, ikusteko dena. Oro gure guhauren onari gaude, xoilki batzu baino gehixago bertzeak; bainan hein batez oro. Italianoa ez gutienik, askok diotenaz.

      Arren badu Italiak Otrixiarekin hanixko kondu zahar xuritzeko; aspaldiko auzo etsaiak dire.

 

      Ginauden ere, gure baithan, ja hogoi-ta hamar bat urthe huntan, nola zauzkan Alemaniak, bere bi lagunak, Otrixia eta Italia berekin, hiruek bat egiten zutela; etzezakela iraun batasun horrek, iduri zitzaukun.

      Ezta faltatu, makurtu baitire.

      Gerla hastetik, alemanarekin hotz, Otrixiarekin hotz eta erdi, gero eta hotzago azkenean, ikusiz Otrixia beheiti zoala, hortzak luzatu zaizko gure Italiari. Gutizia jin zaio, gero-ta handiago, bertze orduz Otrixiak hartu lur pozi batzu, hiri eta leihor batzu, behar zituela gibelerat bildu, onez onean edo indarrez.

      Nalri baziozkan Otrixiak Italiari bere zuzenak bihurtu, egonen zela neutre, erran nahi, gerla huntan sarthu gabe; ez bazuen onez onean deus ardiesten ahal, jazarriko zitzaiola ohiko etsaiari. Hanbat gaixtoago, ez bazioten berea eman nahi.

      Alemania ararteko, arizan dire hor hilabetheak, elhe eta elhe. Orok haria luze eta zail; azkenean hautsi. Horra gerla. Hanbat hobe guretzat. Berant aire hunekin ez othe are hobe oraino?

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, maiatzaren 19an

      Sail guziaren burutik buru Frantzia iphar-aldean eta Beljikan, euria eztelakotz athertzen, deus guti dezakegu.

      Bois-le-Prêtre deithu oihanean etsaiak gauaz egin dauku, euriak euri, oldar bat gaitza. Alferretan.

      Rusoen kontra errabian dugu Alemana; halere ezin garhait.

      Dardanelles-etan lan dorpeari lothuak gira; bainan etsaia han ere, guziz han, higatuz doa.

 

Ortzegun, 20an

      Italian Errege, ministroak, deputatuak, oro alde ditugu; gobernamendua baino beroago jende xehea, populua: ordu dela loth gerlari. Pindar bat aski suaren pizteko. Gibelerat ezin egin; aitzinerat egitetik buruzagiek soldadoen atxikitzea lanik aski; halako oldarraren hartzekotan dire oro.

      Hastean guk bezala sofritu beharko badute ere, sineste osoa, elgar lagunduz etsaia garhaituko dugula.

      Guk iphar aldean erreka-zilho batzu huts-arazirik etsaiari, guretu ditugu.

      Rusoek, han-hemenka, iduriz ukho egiten dutelarik ere, hanitz etsai hiltzen dute. Hilak gutiago bethi alde orotan; ahulduz joaki etsaia. Joffre aitzindari lehenak bethi diona, higatuz, higatuz behar ororen artean garhaitu orok, banazka oro erhautsi nahi ginintuzken Aleman higuingarria.

 

Ortzirale, 21ean

      Lorette deithu mendi kaskoa gure dugu osoki, zerbeit gostaia.

      La Bassée delako tokia beren dute, ez errexki hartua, anglesek.

      Italiako bidetan Otrixianoak ja hasiak dire telegrafa eta trein bide ahal guzien hausten.

      Begiak xuriturik egon behar orai, lehen guduak zertsu eta nontsu diren izanen eta zer ondorio daukuten ekarriko.

      Herra beltzean, lehertu nahiko dute Italia, trahitu dituelako estakuruan, iduri eta berek ez duten nehor trahitu!...

 

Larunbat 22an

      Atheri dugu, aro eder, berehala xuko eta kasik bero; gerla gorria.

      Notre-Dame-de-Lorette-ko bortz mendixka bizkarretarik lau ja guretuak baikinituen, bortzgarrenaz jabetu gira.

      Kanoi bat eta 250 presoner hartu ditugu. Anglesek, beren aldetik hartu dituzte mendixka batzu, etsaiak bero atxiki nahiz egin baititu zazpi ahalak.

      Rusoek egun batzu aski hitsak iraganik ari dute berriz gaina hartzen. Ez daude ukho, urrun da.

      Italiako zenaturrok 262 boz eman dituzte gerlaren alde; kontra joan dira bakharrik 2. Biga!

      Erroman errege, bere familia guziarekin, ministroak, hiriko kontseilu guzia, populua, oro elgarrekin jali dira karrikatarat, oihuka: «Biba gerla!»

      Berotuz doazila bazterrak erraiten dautzuet.

 

Igande, 23an

      Gerla egun deklaratua, biharretik da haste, Otrixiaren eta Italiaren artean.

      Arras iphar aldean guk, anglesek Festubert deithu tokian, gaina dugu.

      Dardanelles-etan, indar gaitza eginik Turkoek, halere ukho egin behar ukhan dute, gizon hanitz galdurik.

      Itsasoan Anglesek itho dituzte aleman torpilleurs direlakoetarik biga Alemaneri Anglesek. Ez irakur: alemanek anglesari.

 

Astelehen, 24an

      Alemaniak Italiari gerla eginen diola heltzen dio, zeren dion hunek egin gogo Otrixiari.

      Ez omen dute alamanek oraino ere aire pozoindatuz gure garhaitzeaz etsitzen. Bainan debaldetan ari dire. Gure soldadoek ikasi dute beren buruen beiratzen.

      Arras hiriaren inguruan gauaz gudukaturik hartu ditugu 120 gizon preso.

      Italian armada eta populua ez dire kantutik ixiltzen; harrotuak osoki.

      Alemanian soldado aitzindariek diote: ez direla etsai berri hunen beldurrago, bertze guzien baino; bainan soldado xoilak azkarki hasiak dire lotsatzen.

      Nola ez alabainan?

      Italiano jeneral buruzagiak izena du Cardona. Eliza gizon jarraikienetarik omen da; bazterrerat emana zaukaten.

      Hemen bezala, han ere, gizon baten beharra dutenean, jakin haatik nora joan bilha!

      Italiako errege, gerla haste huntan, (gerokoaz gero ikhus) Florence hirian kokatzekotan da.

      Erroman dagolakotz Aita Saindua ala zertako, eztakigu,... eztu erregek nahi han egon.

      Guillaumek ez bide du holako ikustaterik gogoan, goraki dionaz geroz Erroma eta oro hartuko dituela, deus ez nehor xutik utzi gabe; haur eta emazte, oro hil, haren aitzinean burua aphalduko ez dutenak.

      Kolerak erhotzen du gizona, ez dakiela zer derasan, ez eta zer ari den. Hartan da Guillaume.

 

Asteart, 25an

      Barda, gauak gau, Ypres, Ablain, Neuville eta inguruetan, bi, hiru, lau alditaraino jazarri zauzku alemanak. Heien errabia!

      Hanitz gizon galdu baizik ez dute ardietsi bertze ondoriorik.

      Gainerako sailean deus berriagorik.

      Anglesek sei mitrailleuses hartu dituzte; nork daki bertze zonbat lurpean ehortzi?

      Rusoek ere berri onak dituzte igortzen; mitrailleuses hanitz hartu dituztela; bi mila eta berrehun presuner.

      Italianoak ere hasi zaizku berri on igortzen. Ez dute den gutienik beldur direlako itxura; zonbeit hil eta presuner multzo bat eginik badituzte ja. Hastapen ona, hots, lehen egunetan galtze zonbeit eginik ere ez litakelarik estonatzeko.

 

 

 

OSPITALETAN

 

      Bi hitz, Bordaletik beheiti gure eskualdeari dauden ospitaletako gora-beherez.

      Departernendu bakotxak baditu bi edo hiru hiri, ospitale handi dunak: hala nola gureak Paue, Baiona, Biarritze; hala nola Landesetakoak Akize eta Mont-de-Marsan. Ospitale handi hoitan dituzte egiten ofiziale bereziek, iduri zaizkoten operazione guziak. Ez da deusen eskasik orai: dela tresna, dela rayons X, dela lothura, dela garbitasun, bada zer ikus, hastapenetik. Eri arthazaleak ere ez dabiltza, ondar bizpahiru hilabethe hotan, hainbertze jauzika harat hunat.

      Kolpatuez bertzalde, eri andana bat badatxikite delako ospitalek: bulharretako gaitz, sukhar, orromatisma, buru eta bizkar muñoetako eritasun; batzu kasernetarik harat hustuak, bertzeak gerla tokitik jinki.

      Kolpatu ala eri, apur bat ontzen diren ber, hiri handi bakotxak igortzen ditu auzo kantonamenduetako herri tarroetarat, hemen idekiak izan diren ospitale ttipietan aire onak eta libertatearen usainak senda ditzan laster. Hotarik lekhora, zonbait egun etxean, eta gero berriz depoterat, zainen zalhutzeko; azkenik gerlarat, batzutan bigarren, hirugarren, laugarren aldikotz.

      Bordaleko hiriak datehikizka bakarrik, gure eskualde guzikotzat, ospitale berezi batzu, zointan arthatzen baitituzte begiak, beharriak, zintzurra, izpirituko gaitzak, larrukoak, sudurretakoak, ahokoak, Mekanikaz zalhutzen ere dituzte han, bai eta Akizen, ahal den bezenbatean, junta gogortuak.

      Soldado kolpatu edo gerlan eritu eri, gehiago gerlakotzat on ez direnak, zer bilhakatzen dira hek? Saristatuak izaiten dira beren ezinduraren eta gradoaren arabera. Zer heinetan, erranen dugu hemen berean geroxago.

      Departemenduan arthatuak izan diren guziak biltzen dituzte departemenduko hiri-nausirat. Bakotxari jarraikitzen zaizko eskustatu duten mediku guzien zertifikatak. Hiri-nausian, bi medikuk ikertzen dituzte berriz xeheki, tropetako aitzindari handi batzuen aitzinean. Xifratzen deiete bat bederari, laneko gelditu zakoketen ahal eskasa.

      Gero, handik zonbait egunen buruan, bertze bi mediku adinetakok ikertzen dituzte berriz, bertze aitzindari batzu behari. Aitzinekoek huts egin badute, hauier dago xuxentzea. Azkenik ministrorat dira igortzen, ezindu bakotxari doazkon izkiriozko xehetasun guziak.

      Ministrotik da heldu sariaren baimena, eta zonbatekoa dan. Medikuen erranetik doa bethi. Biziak diraunokoa da, ezindura bethikotz gogortua izanez; edo bizpalau urthetarik berriz neurtzekoa goiti-behetika balin badabilke ezindura bera. Etxerat itzul eta, ezinduek bizpalau urthetarik berriz agertzea ukanen dute beraz orduan, medikuen aitzinerat.

      Nola neurt ezindu delako norbeiten izari xuxena? Bake denboran industrietako langile kolpatuentzat dotzena bat urthe huntan egiten ohi den bezalatsu. Larrikixago, egiaren den bezala erraiteko.

      Lan osoaren ahala ezartzen duzu ehunetan; ezintze osoari darraikola zero. Bi xifre horien artean doazila hamar mail, bat bertzea baino ozka batez gorago. Hamarretarik batean aski da finkatzea gizona. Ezindura mota guziak ezarriak dituzte ja bertzela mailka, aspaldi danik, medikuek.

      Erran dugu: laneko ahala. Ez dugu erraiten bat bederak bere ofizioari buruz galdu dukena. Hunen neurtzea sobera neke litake.

      Duela berriki, piano joile aiphatu bati erditsutarik moztu behar ukan daizkote esku ezkerreko hiru arte-erhi. Soldado xoil zen. Hirugarren maillean ezarri dute, lanako ahalaz, ezen laneko ez da ororen buruan hain gaizki gelditu gizon hura; bainan nork ez du ikusten bere ofizioaz bezenbatean hamargarren maila zukela merezi? Hiru erhiz gabeturik, izanik ere hok ezkerrak, zer egin dezake arren piano joile ontsa dakien batek?

      Bere erretreta xumearen gatik, ofizio berri bat ikasi beharko du dohakabeak, nahi badu bizi; ez baita errex adin batean, guziz hoinbertze irabazpidetakoa.

      Zonbat holako bitxikeria, gehienik hirietako langile ezinduen artean!

(Helduden eldian ondarra)

 

 

 

 

Gerlarien berri

 

URHATS HANDI BAT

      Iphar aldean egin dugun jauziaren berri eman du «Eskualdunak» xeheki.

      Halakorik etzen gerthatu oraino, buruiletik hunat. Ez Alemanek, ez guk, nehork etzuen holako indarrik egin.

      Anglesekin batean hasi ginuen gure oldarra; guk Arras hiritik berehala, iphar aldean, Anglesek goraxago, Lille-ko parrean.

      Puska gaixtoena zuten Frantsesek beren aintzinean, bizpalau herri, izigarri azkar, oro lurpeko lanez gerizatuak, kanoi eta mitrallusez betheak zokho guzietan.

      Anglesek ereman zuten lur puska bat, ez haatik uste bezenbat. Kanoien hazkurria eskastu, naski, berek diotenaz.

      Frantsesek kanoiekin herrautsi zituzten lehenik bazterrak, herri bakhar baten gainerat hogoi mila kolpe. Gero zalhu erreximenduak igan dire Alemanen zilhoetaraino, etsaia oraino harritua zagolarik.

      Toki batzuetan, ehunka presunerak egin dituzte, belhauniko beren aintzinean ikusten baitzituzten Alemanak. Bertze batzuetan etxez etxe gudukatu behar edo lurpeko atherbe handietan sarturik bat banazka kalitu dituzte, hantxe gorderik zaudenak.

      Ehun mitrallusa baino gehiago atzeman dituzte hor; hogoi-ta zonbeit kanoi, handi eta ttipi, orotarik; bortz mila gizon. Lero lerro ereman dituzte treinerat.

      Lau herriak eskuetan ditugu. Bertze bia oraino badire gain batzuetan, lan handia emanen daukatenak; ere ordokian Leno hiritik harat, Lille-ko alderat.

      Ezagun da gero-ta gehiago gaina dugula. Orai hartzen ditugun tokiak dire gaixtoenak; bederatzi hilabetheren lana horietan bereziki eginik baitute gure etsaiak. Herri bakhar batean atzeman ditugu hemezortzi ehun gizon, oro lur langile, bertze hiru mila soldadoren laguntzerat jinak. Hantxet erabili dituzten lanak ezin sinhetsiak dire.

      Holeiko tokiak galtzen badituzte, nola nahuzue gero atxik detzaten bertzeak gibelago, gure oldarra handitzearekin? Atherbe tokien egiteak denbora galdatzen du. Ez diotegu berriz utziko bederatzi hilabethe.

 

ESKUALDUNAK NUN?

      Arras gaineko gudu borthitz horietan ez dire gure Eskualdeko erreximenduak jokatu. Hek bethi toki berean daude, lerroen erditsutan.

      Bainan Eskualdun zaharrenen erreximendua bigarren lerroetan dago, hor gaindi. Aspaldion deskantsua zuten. Oraiko zalaparta hortan ere bigarren lerroetan egon dire. Hirrisku gutiago zuten beraz biziki, bertzek baino.

      Bertze Eskualdun gazteak, edo orai artio Frantzia barnean egonik, gerlako bidea hartu berria dutenak, bazter guzietarat joan dire. Badire Turkian, badire Belgikan, badire iphar aldeko erreximenduekin nahastekatuak. Bertzalde, erreximendu berriak ere moldatu ditugu Frantzian. Hautan ere sartu dire Eskualdun zenbeit.

 

LERROEN ERDIAN

      Gu bethi toki berean, buruiletik hunat. Bethi deskantsua.

      Deskantsua, gerla batean ukhaiten ahal den hura. Erran nahi dut ez dugula gudukatze handirik, Alamanak eta gu, orai gure erreketan gaudela, sudurrik erakutsi gabe.

      Bainan gerlako tresnak ez daude lo. Harrobotsez bertzerik egiten dute,errekak lehertzen, atherbeak funditzen, gizonak ere atzemaiten. Bainan arras guti kolpatu dugu, funtsean, eta hartako dautzut erran ez dugula errengura handirik.

      Pausu egunetan ere, bidez bide dabiltza goizetan erreximenduak, gibeleko herrietan barna, zakua bizkarrean.

      Iragan astean, gure xori gizonen egoitzari buruz lothu zaizkigu Alamanak beren kanoi luze heiekin. Egundaino etzuten harat igorri kolperik, eta toki segurrean ginauzkan aireplanak, gure ustez.

      Azkenean ohartu dire, eta kanoi handi bat ekharri dute gure lerroen alderaino. Dena den, lehen kolpean aireplan bat xehatu zuten, bere atherbean. Bertze guziak laster handik aldaratu dituzte Frantsesek.

      Geroztik mutu dago kanoi hura. Ez dakit zer gerthatu zaion. Muthurrean jo dukete gure kanoiek.

 

* * *

 

      Ezagun da ez dela hemen egin beharra gerla hunen kraskatzea. Bertzela jokatu nahi dire gure aintzindariak.

      Bizkitartean, Alemana bethi kitzikan ari da, gure eskuineko tropen hausteko.

      Aisne delako ur hartaz haraindiko aldean gire gu sartuak. Gure eskuinean, lerroak beheiti plegatuz dohazi, Reims hirirat buruz, ur hartarik behereko aldean. Horra zertako nahi luketen hor sartu, gure eskuinean, ur hori iraganez gainetik beheiti, gure atzemaiteko gibeletik.

      Berry au Bae eta Ville aux Bois, bi auzo herri hoitan egin dituzte indar handiak. Bainan ez dute irabazi urhatsik. Atheratu direneko, erhautsi dituzte.

      Herri hoik ezagunak ditugu, Eskualdunek. Buruilaren erditsuan, Ville-aux-bois hortako oihan zokoetan erori dire soldado hainitz. Hor gaindi dute bertze frangok ikasi gerla.

 

REIMS-EKO KARDINALEA

      Soldado kolpatu batzuen ikustera jin zauku berrikitan Reims-eko kardinalea.

      Hurbiletik ikusi dut, eta zahartua kausitu, hautsia gerlaren hastetik hunat.

      Ba du zerbeit ikusirik, bere hirian baitago bethi, suaren erdian. Ba dute haren beharra horko jende gaixoek.

      Bere katedralea aipatu du, kanoien menean duela oraino, bainan laster ikusiko duela berritua.

      Ez du den gutieneko dudarik, etsaiak azkenean lekua hustu beharko duela, eta bere esperantza goraki erakusten du guzieri.

 

LANDEN ITZULTZEN

      Berri hau emaiten dautzut erosi prezioan. Erran dautzut behin, ez dakit gehiago noizkoa nuen hori, erran dautzut etsaiak egin dituela lur sagarrak eta ogia ipharreko landetan.

      Landak pherdatu dire. Horra nun orai entzun berria dutan, landa heien itzultzen ari direla, ogiaren ehorzteko lurpean.

      Lehen solasa izan zen, baizik eta xori gizon batek errana zela. Galdatu nuen aintzindari batzueri holakorik ikusi edo entzun othe zuten. Baietz, ikusi, segurki halere, larga bistarekin!

      Hanbertzenarekin, kazeta batean irakurri nuen; gure armadaren parreko leku gizenen itzultzen ari zirela Alamanak. Bertze tokiak ez zituen aipatzen, bakharrik gure aitzinean ditugun herri batzuen izenak emaiten.

      Hoik oro hola, ez dut, oraino sinhetsia. Mando zaharrak bezalako kapeta behar da gerla huntan. Ikusi nahi nuke.

      Hain xuxen lanho tzar batek bazter guziak kukuturik dauzka bizpahiru egun huntan. Uria gelditu da, bainan zeru gaina goibel dago — kanoiak ere pausuan daude, itsura tiratzeak ez baitu tirrit balio.

      Agian bertze garbitasunik bilduko dut bertze aldiko, lur sagarrez kestione.

      Maiatuaren 20an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Eskual-Herri

 

BAIONA

      Hiria inguraturik daukaten harrasi gora zaharren gainetik behera erori da —ala duen othe aurdiki bere burua?— soldado gazte bat.

      Segurenik daukate edana zela eta tokiko itxuraren arabera, bidea galdurik jo duela harrasiaren hegira.

      Hunen zolan du ikusi etzana, eta mutu aldi-xartua, goiti athera, erran daukutenaz, jaun apez soldado infirmier Kesgar Ustaritzeko Seroren omonierak.

      Asteart arratsean ezin bere baitharazi dute; eta biharamunean ez omen zen bobeki.

      Nongoa zen eta nor, ezagutu dute, bainan guk ezin jakin dugu.

 

LEKUNBERRI

      Nola diren izan lau eskualdun gerla toki hetan ohorezki aiphatuak: Beñat Idiart, Etxebarnebordako nausia; Arnaud Xuhurra, Eiheralartarra; Ithurry, Itsasuarra, Pierre Iriart Xuberotarra.

      Huna zer balentria eginik diren saristatuak izan.

      Heien aitzindariak aspaldi etsai bat eskuratu nahiak omen ziren, haren ganik jakiteko zerbait berri. Hori jakinez geroz gure lau eskualdunak erne zauden barrandan.

      Pazko arratseko bederatziak eta erdietan, horra non duten zoriona, preso hartzeko aleman aitzindari bat, afalondoz gure inguruetan zabilana, gordeka, gure berri jakin nahiz.

      Beñat Idiart baitzen, hain xuxen, kaporal, chef de poste, hura izendatu dute, biharamunean, sergent. Bertze hiruak, soldats de 1re classe.

      Omen zuten gure lau Eskualdunek, balentria hori egin eta beren saria ukhanik, bekaizti frango.

      Ez ditugu herritar lehenak hemen aiphu. Jainkoak daki bertze zonbat holako eskualdun, beren sor-herria ohoratzen dutenak!

      Emazue hor, etsaia sail guzian garhaitu arte!

 

HIRIBURU

      Joan den ortzegunean hanitz jonde bildu da Xarles Daguerressar zenarentzat erran duten mezara. Han gaindi borthizki gudukatu ondoan hil den mutiko onak etzuen hogoi ta bi urthe baizik. Inguruetan guziek ezagutzen duten Pierre hargin nausiaren semea zen.

      Ja behin bala batek izigarriko zauri bat eginik buruan, hitzeman zion Andre Dena Mariari, beiratzen bazaukon bizia, joanen zakola lehenbailehen Lurdera eskerren bihurtzera. Etxerat jin, ibiltzeko on izan bezen laster joan Lurdera, hitzemana egin; baitzuen aleman othoitz liburu bat gudu tokian hatzemana, hura utzi zion ama Birjinari.

      Etzen luzaz egon hemen alfer. Sarjant bezala berriz joan erreximendu berri batekin.

      Hil da, alemanak ihes zoazila ikusirik, ezagutza oso batekin, herritar lagun bati emanik zituen gauza baliosenak eta berak erranik nori eta nola igor hil zelako berria. Heriotze handi horren ondotik agian sari ederra ukan du zeruan.

 

ORTZAIZE

      Sortzez edo bederen burhasoz Ortzaiztarra den Anzola jaun medikuak eraskuterat eman du berrikitan zer bihotzeko gizonak diren, familiak eta oro han, Ameriketan utzirik, Frantziaren alde gudukatzera jinak diren eskualdunak.

      Buenos-Airesetik gutaratu orduko joan zen xuxen gerla tokirat, 1er Régiment des spahis delakoarekin. Aipamen hoberenak ukan ditu, ederki irabazirik, soldado guzien aintzinean. Ohore horri eta holakoeri!

 

LARRESORO

      Raymond Diesse Larresoroko Jaun meraren hiru seme gerlan direnetarik bigarrena, ja behin handizki kolpaturik izana, La Marne-ko gudu gaitzean, berriz kolpatua da Dardanelles-etan. Berak gaztiatu dio aitari ez duela gerokorik. Agian laster sendaturik soldado azkar atherako da, eta gero bitorios itzuliko lagunekin herrirat.

 

DONIBANE LOHIZUNE

      Gure erretora gan beharra dugu gerla tokitik arras hurbil den Epinal hirirat bere kusi Maurice Harriet kapitainaren esposatzeko. Jainkoak benedika ditzala han ezkonduko diren bi lagun bihozdunak!

 

(Kirikiño)

 

1915-05-16

 

Batxi

 

      Atzo artu nebazan bere idazki bi, Glasgowwtik eginda, bata gaur doa argitara, ta bestean diño ille onen llan urten dala bere lurrunontzia Glasgowtik Genovarako.

      Ez da izan zaratarik eta oraingo alde eginda dago doixtar gaizto orreen itxaspekoen eskueratik, ba gaur amaseigarrena da, bost egun joan dira ta Galiziatik zear igaroak izan bear dabe.

      Beioa ondo gure Batxi Italia-aldera, andik gero bidalduko ditu iñun diran izparrak gudeatzaz, an be bai nastea galanta izan bear dau ta.

 

 

1915-05-22

 

Darabilkan neurriaz neurtuko abe

 

      Egun guzti oneetan, ikusirik Osterreitz-Ungari dan lako laterri andi ta indartsua apal-apalik Italiaren aurrean, oni esaten: «eskatuizu ta emongo jatzu, emen gagoz zeure gurea betetako» ta Italia, barriz, geroago ta arroago ta eskakizun geiagogaz, ikusirik au diñot gogoratu jatala or goian ipiñi dodan esakuna: «darabilkan neurriaz neurtuko abe».

      Orain arte, Serbiarrak eta Errusitarrak gitxi balirean, laster asiko jakoz bizkar aldetik Italiarrak gudaroste (itxasoko ta leorreko) barri-barri ta ondo gertaurikoekaz ta ortxe estu ta larri ikusiko dogula ta nago Osterreitz-Ungari, len arroa ta zapaldaria izan dan laterri andi ori.

      Ondo irabazita (mereziduta) dauko guztia. Len berak erabilli eban neurri biotz-bagako ori Serbiagaz, au txikiagoa dalako, au bere mendapean sartu gurarik. Arrokeriarik andienagaz eskatu eutsozan iñori eskatu bear etxakozanak eta Serbiak erantzuten ebanean eskakizun garratzegi orreek beste irugarren batzuren eskuetan ipintea, ia oneek zer eritxoen eta oneek erabagia emon egien. Osterreitzek orduan gudea gaztigau ta ganera joan jakon ezer entzun barik. Indarra ebala ta izkilluz iñor azpiratzea gauza goresgarria dala ta, txikientzat ez dagoala lagirik eta!...

      Baiña gizabatza ez darabil alperrik bere Egilleak. Orra illebete batzuk igesi diraneko Osterreitz berbera dakusgula, berak Serbia ipiñi eban baizen estu ta larri, ta Serbia txiki gaxoari ezarri gura izan eutson neurri gogorra berari ezarri dautsola.

      Laterri andi arrook indartsutzat daukozuez zeuen buruok. Ba zuek baiño indartsuagorik bajagok, zuek besteari dazartsezuen neurri berbera dazartsuena. Txikiok be jabea dogu.

 

 

1915-05-25

 

Italia gudan sartu da

 

      Atzoko izparrak diñoenez Italiak gaztigau (abisatu) dautso gudea Osterreitzi.

      Beraz lagun barri bat indartsua batu jake Serbia, Belgika, Ingalanda, Parantze ta Errusiri.

      Emen adiskide gitxi dabe, nik entzuten dodanez, ltaliarrak. Alde guztietatik ez dodaz entzuten oneetariko esakunak baiño: «Orain beste guztiak bat eginda berorri ederrak emon bear leuskioez», «Gauzarik asko baiño gurago neuke Erroma uriraiño sartuko balitzakioez ainbat lasterren», «Orrek biboliña jotetik atara ezkero, zetarako dira, doillorrok?», eta abar eta abar.

      Italiarrentzako eskertasun au sortzen da iturri askotatik, baiña geienak diñoe Italia lagun txarra dala, oraintsura arte alkartuta egon dala Doitxe ta Osterreitzegaz ta zitalkeri txarra dala orretara lagunen aurka jartzea.

      Alan dirudi. Orraitiño, jazokun onek badauko bere zegaitia edo sustarra ta etorri bear eban nai ta ez.

      Orain iru urte Italiak gudea izan eban Tirpolin. Guda au guk abertzaleok ezin dogu ontzat artu ezetara be, Italiak arrapau gura eban bere menpean berea etzan erria ta. Baiña Italia, Osterreitz, Doitxe ta beste Laterriok, danok dira alkarren antzeko arrapalariak, batak besteagaz alde gitxi-gitxi dabela. Ta eurak lez oldoztu daigun, euren auzian zerbait igarteko.

      Tirpoliko guda artan asko eralgi eban ltaliak dirutan eta odoletan, Doitxek eta Osterreitzek debekau eutsoelako, laguna izan arren, Turkiari eskurik ezartea. Ta Turkiatik joiazan Tirpolira dirua, gudariak, eta gudakiak (muniziñoak). Ostikada andia artu eban orduan Italiak bere lagunakaitik eta arrezkero minduta egon da. Debeku ori izan zan, Osterreitzek ez ebalako iñor ikusi gura oiñik ipinten Balkan-Ugartekian, ez adiskiderik ez areriorik.

      Orrez ganera, Osterreitz arrapalari orren azpian bizi dira Italiarren abendakide asko Triste, Tridento, eta Istria ugartekian. Oneek aspaldiko urteetan amesa dabe bat egiteko beste anaiakaz, Italiagaz, eta Italian be, biztanlerik geienak, batez be ipar-aldean, Osterreizpeko anaien aldez agertzen izan dira, irredentista izenagaz. Oneek guztiok, jakiña da, Osterreitzen arerio gogorrak dira ta euren Gobernuari ikara daragitsoe euren aldera.

      Oraingo Europako guda au asi zanean Italiak ez eutsen lagundu gura izan Doitxe ta Osterreitzi, esanik eurok asi zirala iñor joten eta zapaltzen eta berak ez eukola zetan sartu orretan. Ez lagundute au ez eben ondo artu beste biak, isillik gelditu ziran arren.

      Orregaitik aurkitu da Italia zori onetan: Doitxek eta Osterreitzek irabazten badabe guda au, eurak agintari Europan gelditu badaitez, Italiari eskua ezarriko dautsoe gogor, ordaindu erazoko dautsoe gudan lagundu eza eurei.

      On jako ba Italiari orreek azpi gelditzea ta ez da ikaratzeko euren kaltez jarrita ikustea.

      Orain askok esaten dabe: lenengoan alde batera edo bestera agertu izan balitz argi ta garbi, zintzoago izango zan, begikoago egingo jakon edozeiñi. Orain, amar illebeteren buruan orretan astea, zitalkeria, malmuzkeria dirudi. Esan leike ortxe egon dala erabagi eziñik zeiñen aldez jarri, zuzenari baiño bere onureari begi obea ipiñirik.

      Erabagita euki bear izan dau lendik orain egin dauana. Baiña, itxuraz, gudarostea ez eukon ondo gertuta eta orniduta, makal euki bear izan dau. Eta amar illebete oneetan ekin dautso isil-isillik eta gogor gudarostea sendotzen. Naikoa indarren jabe dala bere burua ikusi dauanean argitara urten da, ta orra gudea asiko da toki barrietan.

      Doixtarrak eta osterreiztarrak ei diñoe ez dautsela ardura orreek sartu arren, orreekazkoa laster egingo dabela. Arrokeria dala deritxogu orrexeri. Italiak berrogei milloe inguru biztanle daukoz. Bere gudarostea igoko da milloi ta erdi gizonera ta gudaroste ondo ornidua. Itxasoan indar andia dauko, Ingalanda ta Parantzen urrengoa dala onetan. Ez da ba ezereztzat artzeko arerioa.

      Emen askok esaten dabe, italiarrak musikea joteko baiño ez dirala, baiña esakun oneek barre apur bat eragiteko onak izaten dira, polito esan ezkero. Baiña biboliñari eragiten dautson gizonak ez legio eragin eskopeta edo kañoiari?

      Asi dira gudan eta laster ikusiko da noraiñokoak diran. Ikusi arte, ez legi esan iñogaitik au edo ori. Usterik gitxien dan lekuan urten legio gizon azartu ta burutsuak.

 

 

1915-05-27

 

Gudea

 

      Oraintxe, egun oneetan, asko garraztuten asi da.

      Doitxek (Alemaniak) topekada gogorrak emoten ditu Belgika, Parantze, ta Errusi-aldian beti lez bere gudamutillen odolen erruki bape barik, galtzen diranak galtzen dirala, aurrera ta aurrera itsu-itsuan arerioekana daroezala gixajoak.

      Doixtarrak gudamutilletan galtzen dabena ikaragarria da. Esan leike azkenengo indarkadak egiten dabiltzala, esakerea dan lez «il naiz bizi» egiten, arin irabazi edo arin galdu, atzera edo aurrera, gora edo bera, zirt edo zart egiteko.

      Besteak ez dira eurak baizen azartuak. Baiña bai begiratuak. Eutsin eta eutsin egiten dabe, luzatu gudea. Doixtarrak dira indartsuak. Besteak dira burutsuak.

      Eta, beti jazo oi dana, burutsua danak ibilli ta ibilli indartsua dana galdu egiten dau.

      Joffre ta French, azeri zarrak, piska-piskaka, batean emendik bestean ortik, aurreratu egiten dabez euren gudarilerroak eta bein aurrerakadatxu bat egin daienean, antxe gogortu sendo ta eutsin polito doixtar beroen atomakada bizi-biziai. Astiro baiña eskier (seguru) doaz aurrerantz.

      Errusitarrak ez dirudi ain azeriak diranik. Areek be doixtarren antzekoak dira arerioekana sartzen zuzen-zuzen begiak itxita zezena lez. Orregaitik darabillez an, Sorkalde artan, gora-bera andiak, batzuetan alde batera ta beste batzuetan bestera, batean aurrera ta bestean atzera, alkarri triskantza bildurgarriak egiten dautsiezala (egiak badira andik datozan izparrak).

      Bultzakada itzelak egin dautsiez sarri doixtarrak errusitarrai ta azkenengoa oraintsu Galitzi erki aldean. Baiña bein bez amaitu, beti gelditu len bestean. Bai ba, errusitarrak iñurria baizen ugariak dira ta, barriro be gertau ta jo egiten dabe gudamutil barriekaz. Gudakiña (muniziñoa) dauken artean areekaz gauza onik ezin leike atara.

      Italiarrak asi dira gogor guda-egiten. Abiau dira Osterreitzeko mugetatik barrurantz alde askotatik. Ondiño au ez da ezer. Egunak itxaron bear dira eskier jakiteko goitik ala betik dabiltzan, batzuetan ba abiadea ona izan arren gorakadea urrean izaten dau.

      Edozelan be igarten da Italia ederto gertauta egon dala gudarako. Diñoenez artilleria dauko izugarria, ona ta ugaria, ta erabiltzailleak ondo irakatsita. Baita badiñoe Cardona gudalburu nagusia oso gizon zurra ta jakituna ta begiratua dala, Joffre ta Frenchen antzekoa. Au onan bada, milloi bat eta erdi gudari ondo orniduekaz, burukomin andia emongo dautse Italiak Doitxe ta Osterreitzi.

      Au gitxi dala, zurrumurrua zabaltzen asi da Errumania be sartuko ete dan guda onetan Doitxe-Osterreitzen aurka ta siñestekoa da, Italia ta bera alkar artuta egon bear dabe lendik batak egiten dauana besteak be egiteko ta. Errumaniak ipiñi al legiz bosteun milla gizon, ederto orniduta gudarako, ta biotz-burudun entzute ona dauke errumanitarrak.

      Oraindixek aurrerantz Europako guda andi onek artu bear dau indar andia. Olan ariñago amaituko da astakeri ori. Ainbat lasterren izango al da, guztion onerako.