Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-05-14: Fuera bekaizkeria

Nork sinetsiko zuen 46 urteko gizonak artoak egiteko utzirik beharko genituela ikusi, zakua bizkarrean, gerlarako bideari lotzen? Kazetak Euskal Herrian geratu direnei elkarri laguntzea eskatzen die. Fuera bekaizkeria! gerlan eta etxaldeetan elkarri lagunduz aitzinatuko direlakoan. Lusitania transatlantikoaren hondoratzearen berri dakarte bai Eskualduna-k  bai Euzkadi-k. Milatik gora hildako eragin ditu U-20 urpeko alemanak. Asaldaturik ageri da Kirikiño, horrelako triskantza ikaragarriak hotz-hotzean egiten duen gizonak, ba al du Jaunaren beldurrik? Azkenik badirudi gerlan sartu dela Italia, Osterreitzen aurka sartu ere. Fede konturik ez da falta bi kazetetan, aita santuaren sostengua Frantziako katolikoei, Lurdeko urak sendatu zuen soldaduaren istorioa, Metz hiriko apezpikuak Joana d’Arcekoaren potreta kendu zuenekoa, eta salaketa bat, Betor bakea! Oihu egin dio Elgoibarko lekaide gerlazale bati Kirikiñok

 

 

Elgar lagunduz

 

 

      Lan gehiago egiten dela elgar lagunduz, lan hobea, fiteago eta errexkiago, bakotxa bere ariz baino, nehor guti da, zuk ahotik athera orduko, berehala onetsiko ez autzunik hori... elhez.

      Errozu gizon bati, laborari puska on bati: hogoi ephailek, lerro lerro pentze handi bateko belharra ebakiren dutela elgarrekin, lan bera hogoi zathitan berex emanik baino zalhuago. Baiez ba, segurki.

      Aireko hitzari ba eta ba ihardetsiko dio airera. Zinez mintzo dela usteko ere du behar-bada.

      Elhetik egintzara baita ordean bide! Alta ez litake behar.

 

      Solas hau zertara doan, huna bi hitzez. Nere hau gogoan, duela bizpalau egun galdegin diot etxekojaun zuhur bati: «Errazu, adixkidea, zonbat gizon zirezte udako lanari buruz etxean? —Nihaur niz, eta nago belharren egitera nola hel ahalko nizen, gure emaztearekin eta bi haur hotzekin. Egunkari langilerik ez dukegu nahi bezenbat pagatuz ere. —Auzoak? —Ba, ori, zoazi auzoetarat laguntza bilha. Bakotxak bereaz badu aski lan. Gure etxea bezala dire bertzeak ere, edo gaizkiago. Seme adinekoak oro gerlan; heltzekotan zirenak ere ba, heldu gabe hor harat joanak; ondokoak gutien ustean deithuak izanen, egunetik biharrera.

 

      «Muthilik ezin hatzeman; familietako buruzagiak berak ere ja joanak, edo joaiteko kenkan.

      »Berrogoi-ta hamar betheak ditugun hauk ere ez girenez joan beharko, nork daki? —Ez balinba! —Nork sinetsiko zuen 45, 46 urtheko gizonak arthoak egiteko utzirik beharko ginituela ikusi, zakua bizkarrean, gerlarako bideari lotzen? —Zurekin naiz, adixkidea, diot ihardesten. Uste ez ginuenik asko badugu ja ikusirik, eta bertzerik oraino badagoke guretzat, gerla hunen bururat arte huntan.

 

* * *

 

      Hartako nautzu mintzo, langile eskasia izigarri hunen eztitzeko norapeit, gelditzen giren bakharrek elgar laguntzeaz. —Nola ordean? —Lanak, ahal dugun lan guziak, eginez elgarrekin. Oro ez ditazke; oro, oro, oro elgarrekin egitea nahaspide litake askotan, eta denbora galtze, zonbeit aldiz, irabazte orde.

 

      Bainan hainbertze lan bada, guziz udakoetan, hala nola artho ereite eta jorratze, mahasti sarhatze, belhar ephaite, sarrixago ogi eta bertze asko lan, hasi eta zalhu eginik hobeki baitoazi; hetan ginuke behar lagundu elgar, bat bederaren eta ororen onetan.

 

      Zu jinen zira gure etxerat ephaile, ni zurerat; bakotxak bereari baino zain beroagoz lothuren gitzazko elgarren pentze edo alhorrari.

      Nere bi muthikoak enekin ekharriko daitzut hots emaiterat; emazteak eta alaba jinxeak, oro kurutzatuko ditugu kenka gaixtoetan, beren lasto zapelak soinean, arrastelu eta jorrai lan pozi zonbeitan egiteko.

      Nondik has... gure ala zuen etxetik? Ez balinbagira onez onean hitz-hartzen ahal, bota xorte, kurutx-ala-pil.

      Fuera bekhaizkeria, hoztasun, eta gibel-beldur, holakoetan ahalgegarri ere litazkenak.

      Aldizka lan, aldizka jan, elgarren etxean, su beraz bi etxerena egiten dela; poxi bat gora behera, jo aitzina; buru batetik galdua bertzetik hatzemaiten duela bakotxak.

      Jan-edanez bat egin gabe, nahuzu goazin idorrean, emaztentzat, beharbada, mokoka edo erasia bide litakelakotz elgarren eltzean sudurren sartzea; bota lur lana idorrean; erran nahi, jan edanak berex, salbu ogi sartze eta joitetan?

      On litakena da, eta on baino hobe; hobe, kanpo lan handi, zalhu egin nahi direnak egitea, gerla egun hautan, ahal bezenbat, othoi, orok elgar lagunduz.

 

* * *

 

      Gizon lanez nitzauzue mintzo hemen berezikienik; bainan emazte lan eta kasik haur lanetaraino, guzietan gauza ona da; lan zalhu egin beharrak egitea elgarrekin.

      Tokitan eztuzue burutziarik egin ahalko nehorat bertzela, batek eskas duena badukelakotz bertzeak nasaikiago.

      Halere ageriko da, samin izanen da jasaiteko, gerlak hor-harat ereman gizonen eskasa; da ordean arinduko eta eztituko. Emazue hortarik guti dugula irabaziko; guti bada guti, dena ere on.

 

      Nik hitz dautzuet, behinik behin, etxeko-andereak, zueri: zuen senharrek beren lanean, gerlan, ez balute laguntzen elgar orok, sekulan ez lezaketela etsaia garhait.

 

      Hitz dautzuet, hamarretarik bederatzieri, etxeko berriak igortzearekin egin ahalko diozuen atsegin handienetarik luketela jakitea nola zirezten bizi auzoak auzoekin bakean, guziz lehen hotz izanak orai bake, lan gaitxtoenetara heltzen hor oro, elgar lagunduz.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, maiatzaren 5ean

      Ypres-eko iphar-aldean anglasak eta frantsesak garhaiturik daukate alemana, on bazaio eta ez bazaio. Ago hor, diotela erraiten, sarrixago erran gogo, eta menturaz nehork uste baino lehenago: «Habil hemendik urrrun».

      Eskualdun zonbeit badire Ypres-eko alde hetan; bat gure iakinean ja adin bateko gizona, kozinergoan ari.

      Akhitzen direla biziki du igortzen etxerat; bainan etsaiari leher-aldi onik har-arazten diotela, debruak ez badu.

      Meuse et-Moselle ur handien artean, ba eta Eparges delako mendi kaskoan badaukagu azkarki, nahiz urrunerako kanoiez ari zauzkun, erhautsi beharrez.

      Alsacen aitzinatuz goazi.

      Italiatik bethi solas bera: gurekin jartzekotan direla, eta ez noizpeit, orai, laster. Gauden beha; ikus eta sinets.

 

Ortzegun, 6an

      Hiru lekhutan, gain pozi bat hartzen dauku etsaiak, bainan berehala gal-arazten diogu osoki.

      Gallician rusoekin gudu beltzean dugu etsaia.

      Aleman eta otrixiano kazetariek tarrapatan hustu omen dute orok Erromako hiria. Mal sino etsaiarentzat, buen sino guretzat, azken ximixtak dituztela, edo hurbil. Ordu litake.

 

Ortzirale, 7an

      Oraino ere itsas-untzi bat jauz-arazi dute alemanek, anglesarena, Lusitania deithu gaitzeko «transatlantiques» negozioko untzi direlakoetarik.

      Norte-Amerika New-York-etik heldu zen Liverpool-erat, bi mila pasaiant hurbil zeramatzala.

      Irlande-ko itsas hegian du jauz-arazi aleman untzi urpez dabiltzan hetarik batek.

      Bi mila holetan zauzkalako jendetarik bortz ehun bizirik athera zituztela zen berehalako berria; geroztik ere zonbeit gehiago salbatu dituztela diote; zonbat xuxen, ez jakin oraino.

      Ez dugu zeren izi untzi hoien gal berriaz. Holako abrekeriek alemanari berari egiten diote ongi baino kalte gehiago.

      Mundu guziak begietan hartzen ari ditu. Hobe, hobe. Oro kontra altxaturik azkenean leher egin beharko dute.

 

Larunbat, 8an

      Angles untzi Lusitania zelakoak pasaiant hanitz baitzauzkan Norte Amerikanoak, hetarik bat omen, Ameriketako aberats handienetarik bat, Vanderbilt, eta bertze asko jaun-andere hango familia ezagutuenetarik, bazterrak biziki kexu dire alemanaren kontra. Hobe!

      Dardanelles-etan aitzinatuz goazi azkarki.

      Japonia geroago eta aldeago dugu; irabaztekotan girela ezta japones bat, dudarik den gutiesa duenik omen.

 

Igande, 9an

      Lusitania untzi handi hartako bi mila eta gehiago jendetarik oman dira 703 bizirik athera dituztenak bainan 45 ondoan hil direlako berria dugu.

      Itho dire 1502. Zer jendetzea! Gero-ta samurrago dire Norte-Amerikanoak, zuzenik gabe hil diozkotela hoik oro ota untzi bat ederra suntsitu dutela, anglesa izanik ere jauz-araz etzezaketena gerlako legen arabera. Pekatu beharko dutela, diren bezalakoek, alemankeria hori eginik, bertzen gainera.

      Ez dira izituak Amerikanoak; bertze untzi bat itsasoari lotzera zoana, 879 pasaiantekin, aitzina joan da, ukho egite orde; 879 pasaiantetarik 12 dire bakarrik gelditu leihorrean, lanjerari lotsaz.

      Ageriko alemanek hats bera dutenez atxikiko, mundu guzia gontzetarik jauz arazi arte.

      Burutik badutenez gaude, hoinbertze etsai zahar eta berriren ez baitire beldur!

 

Astelehen, 10ean

      Aita Sainduak berritan ja izkribatu zion Amette Jaun Arxapezpiku, Pariseko kardinaleari; berriz oraino bigarren letra bat kardinale berari nahi omen dio igorri, are hobeki erakusteko zoin gogoan duen Frantzia katolikoa gerla huntan.

      Ageriko zer duten erranen, ala diren ixilduko gezur hedatzaleak, baizik eta Aita Sainduak alemanen aldea daukala.

      Zuzenaren alde baizik ez ditake izan, ezta izanen oraiko huntan ere, bethi bezala, Aita Saindua.

 

      Guillaume koska bat dela ez baginaki ja, huna non dugun zeren erran, koska baino koskago dela.

      Zeren duten hor itsas-untzi gorago aiphatu hura jauz-arazi alemanek, egun erdi bat bakantza eman diote Alemaniako enperadoreak eskoletako haur guzieri, bitoria handi bat irabazi balu bezala! Erho tzarra!

      Iduri aski alemankeria ez duen ja egin, Italia egun hautarik batez gure alde jartzen den pondutik, berehala Suisari gainetik pasatuko zaiola, gerla hastean Beljikari bezala, diote. Hobe!

      Bere axola-gabeak du galtzen hasi; axola-gabeak derama leizerat buruz behera. Doala lehenbailehen bere kideko guziekin.

 

Asteart 11an

      Angleterraren gain eman nahi du Alemaniak itsas-untzi haren ithotzea; baizik eta gosetearen emaiterat ari zaiola ahal guziaz Alemaniari Angleterra, merezi zuela beraz untzi hori gal-araz zezon ordainez Alemaniak. Hanbat gaixtoago untzi hartan ziren amerikano, español eta nongo nahiko arrotzentzat, aski zutela ez han aurkitzea.

      Norte-Amerikanoak kexu dire; damu-domai eta gaizki eginaren aithormena dituzte galdatzen; ezin ardiets oraino.

      Gerla balute hortarik gure etsaiek, ez lukete merezi dutena baizik. Gauden beha.

      Arras hiritik iphar-aldean, zinkako bat ederra eginik gaude; hiru mila presoner hartu ditugu; berrogoi bat aitzindari eta kolonel bat.

      Atzo eta egun guretu diozkategu 10 kanoi eta 50 mitrailleuses.

      Alta rusoak ere ez daude bada alfer.

 

      Azken berria huna: izigarriko gizon hil meta bazutela rusoek aitzinean; hainbertze aleman hil non heien gibelekoetarat ez baitzezaketen rusoek beren harmen balarik hel araz; metak beretzen tiroak oro.

      Bertzalde, 13 ehun presuner. Ez daudela alfer, hots.

 

 

Gerlarien berri

 

Maiatzaren 1an

 

      Adixkidea.

      Ez da mirakulu ene bi azken letrak bidean gelditu baitire behar baino gehiago. Burdin bideak hemen gaindi lanean ari ziren azkarki, gau eta egun, gauaz bereziki, soldadoen eremaiteko zoin beren toki berrietarat.

      Soldado berri andana bat jin zaizkigu Frantzia behere hortarik. Bainan bazen bertzalde tropa mobimendu handia, toki batetarik bertze batetarat igorri baitituzte lerroen zaintzeko.

      Gu ez gira higitu gure lekutik. Badire gutartean, toki huntaz aseak diren batzu, bertze norapeit abiatu nahiz zangoak kilika dituztenak. Ez da batere harrigarri, denboraren buruan, bertze toki batzuen ametsaren erabiltzea gogoan, ustez eta berria bethi hobe den.

      Bizkitartean, lerro hauk holatsu direno, duguna baino toki hoberik ez dugu atzemanen buru batetarik bertzerat. Orai gure eskuinean kokatu berriak diren tropak, pausa-lekurat bezala igorriak omen dire, hatsaren hartzeko, bizpahiru tokitan borthizki gudukaturik. Hemen egoiteaz ez dute den gutieneko errengurarik, baitakite bertze zokho frangoren berri.

      Bethi bezala bi hegaletan gerthatzen dira guda gaixtoenak. Erditik haustea, lan tzarra litake, eta ondorio gutikoa. Hegal bat edo bertze kraskatuz edo bederen plegatuz etsaiari, han gaindi inguruan abiatzeko bidea balitake.

 

BERO

      Aro ederra ginuelako solasak igortzen daitzut aspaldian. Egun ala gauak arras goxoak ditugu, bainan ederretik berorat urhatsa labur da sasoin huntan.

      Iguzkia samintzen ari da, eta azken ostoak erasian doazi kanporat. Gerlako sasoin dukegu berriz laster, bazterrak idortuxeak baitire. Bertzalde zilhoetarik kanpo soldadoa nola nahi gordeko da; dela osto, dela belhar, den gutieneko pezoin perde bat askiko du kukutzeko.

 

ORO BETAN

      Iragan asteko «Eskualdunean» irakurrri dugu aintzindari handi batek iskribatu zuelako solas on bihotz altxagarria, baizik eta «onerat ginoazila, arras onerat».

      Bertze bi solas ere bazauzkan letra harek: behar ginuela hitzartu gure adixkide lagunekin, eta elgarrekin orok betan egin gure indar handiena.

      Adixkide eta lagunak badituzkegu bihar bizpahiru berri. Turkian bi aldetarik sartu diren Frantses eta Anglesek eginen dute lan ona, ez bakarrik Turkoak zafratuz eta bidea zerratuz Alamaniari, bainan ere, itxura guzien arabera, hango erresuma ttipiak gure alde gerlako lanean jar-araziz.

      Italia ere hor dago, ez-baiean, orori agurka, ororekin solasean beharri xilorat, ororen ganik eske... Soldadoak hemen ari dire parioka, sarthuko dela gerlan, ez dela sarthuko... zortzi egun ephe, hilabethe bat...

      Aingira bezen legun eta erne izana gatik, traba guzien artetik uste gabean lerratzeko, aldi huntan ez dakit nola iraganen den atheka gaixto huntarik, gerlarat erori gabe.

 

KUKU! KUKU!

      Kukuaren kantua entzun augu aphirilaren ondorrean. Gerla huntaz axola guti dute hemengo xoriek eta bertze ihiziek. Ez dut egundalno ikusi hemen bezalako ihizi aldea.

      Epherrez eta erbiz leherra badabila landetan eta oihan zokhoetan. Urtso palumek ere beren kafiak badituzte. Belea nausi halere. Kanoien burrunbari jarriak dire, ba eta xori gizoneri.

 

KOLPATUAK

      Erreketan ez da zalaparta handirik.

      Hurbiletik ari diren tresna tzar heiekin ez dute hastapanean bezalako kalterik egiten Alamanek.

      «Crapouillots» direlako obus handi heiek badute metre bat baino gehiago goratasunean, hogoi-ta hamar zentimetre zabalean. Urrunerat badute botoila handi baten eite. Hala hala jausten dire, botoila bezala, bilintzi balantza, arras emeki. Bada beraz astia, lurpean barna gordetzeko, erortzen diren tokitik aldaratzeko. Ez dire berehala zapartatzen, lurreratu direneko.

      Eskualdun kozinari bati halako bat erori zitzaion behin alderat. Bere zalhia eskuan beha zagon, etzuela naski zapart eginen, noiz eta ere harrabots izigarri baten erdian airez aire joan baitzen han harat gizagaizoa, luma baten pare; hi egun eman zuen, bere baitharat ontsa itzuli baino lehen; mirakulu baita, bertze handiagokorik ez atzemaitea holako tresna baten aldean.

      «Crapouillots» hoitarik guti gure eskualdean. Gure artillurek laster ixil arazten dituzte.

      Etsaiari emaiten diote galdearen arra postua zalhu, baten ordain igorriz kanoiekin erauntsi bat izigarria. Ukhan baginu hazilean kanoien hazkurri hortarik orai bezala nasaiki, orai bezalako deskantsua zitaken orduan ere.

      Gibeleko herrietan badugu kolpatu zonbeit noiztenka, erreketarik pausurat goazin lekuetan, kanoien menean baitire herri hoitarik asko. Bizkitartean, pausaleku gehienak hirriskutik urrun dire.

 

MAIATZEKO DEBOZIONEA

      Andre dena Mariaren hilabethea dela ez dugu ahantzia. Soldadoek konfientzia handia dute zeruko erreginaren baithan, eta ikusiko duzue gerla ondoan, zer beila ederra eginen dugun Lurderat, bizirik itzuliko giren Eskualdun guziek, eta bertze hainitzek ere. Jada hitzemana dute. Beude gerokoak geroko. Ez dugu hitza janen.

      Anhartean behar dautzuet erran zer ikus ditaken erreka zilho batzuen barnean.

      Andre dena Mariaren potret ttipi batzu, han hemenka, soldadoen aintzinean. Beren aldarea berek moldatua dute lurpean, hilabethe huntan kartsukiago behar dutela othoitz egin. Gure eskualdeko erreximendu batean ikusiaz mintzo gira.

      Solas hunek bertze gerthakari bat gogora emaiten daut, hau ere berrikitan ikusia, gerla tokiaren gibeleko ospitale batean.

      Bazuten horrat ekharria soldado bat, izigarriki kolpatua, ez baitzuen gehiago ezagun, ez ahorik, ez sudurrik, mihiak eta oro xehakatuak, gizonaren itxura galtzerainokoan.

      Gizon hori ez du mediku batek egundaino geroztik hunkitu; bakharrik eri arthatzale andere on batek, apez baten laguntzarekin, egun oroz lotzen zion bere saki izigarria, goiz guzia hortan iragaiten baitzitzaioten.

      Gizonak etzuen deus ere hartzen ahal. Sakitik usteldura barnerat zohan gero-ta gehiago. Azkenean, odola osoki pozoindaturik, soldadoak ezagun zuen laster akhabo zela. Medikuek erran zuten etzela deus egitekorik, gizon dohakhabeari biziaren luzatzeko.

      Orduan andereak galdatu zion apezari: «Zerbeit gogorat heldu zaut. Nahuzu Lurdeko urarakin garbi dezogun bere mina? Berdin galdua da. — Segur! Ahal den guzia egin dugunean, Jainkoak egiten du nahi duena».

      Erran bezala egin, eta horra gizona laster onerat itzulia. Usteldura pozoin hura gelditurik, berriz bizi, handik laster zerbeit hartzen, eta orai sendatzeko bide onean, bide segurean.

 

      Alamantsa baten letra

      Eskuetan ukhan dugu letra bat, Alamana, agorrilaren ondarrean igorria handik Alaman soldado bati. Hemengo herri ttipi batean ahantzia edo utzia, uste baino lasterrago lekua hustu zutenean, buruileko lehen egunetan.

      Neska gazte batek izkribatua bere anaiari. Irakurazue. Ikusiko duzue zer barnearen jabe diren Alamanak, emaztekiak eta neska gazteak barne.

 

      Hamborn, agorrilaren 24an

Anaia maitea,

      Ez diagu oraino hire berririk batere.

      Frantsesak zafratu ditiagu Alsaceko eskualdean. Ez duk hemen phestarik baizen, oro alegrantzia eta bandera karriketan. Karraskan joanen tuk gerlako gora beherak.

      Hire puskak igorri ditukanean, nun utzi dek etxetik ereman athorra xuria?

      Hemengo berrien arabera, Belgika gainean zirezte, Anvers-eko inguruetan. Eian horko erregeño hori atzemanen duzuen bizirik? Ni beldur, utziko duzuela eskapatzerat, eta zangoak zuek baino luzeago dituela.

      Kazetek erraiten die Italiak nahi duela jauzi egin Otrixiari bizkarrerat. batekin finitu orduko, bertze batekin haste.

      Zer gerthatu zauk ortzegun aratsean? Ametsetarik ikusi hut, hemen izan bahintz bezen ontsa, eta amak ere hire oihu bat entzun dik, gauerditan. Erranen daukuk zer gerthatu zaukan.

      Gauza bat orai: othoi, egizak kasu horko jende. Engoitik heziak ditutzue urguluntsu hoik, eta bereziki laborari eta emaztekiak. Kazetek erraiten die Frantsesek ez bezalako gerlariak direla laborari eta emazteki hoik.

      Kantu berri bat igortzen daiat, Liége-ko hiriaren erortzeaz.

Hire Arreba

 

      Hor ditutzue, neska gazte baten eskutik, Alamanen urdekeriak oro: URGULUA, GEZURRA, TZARKERIA, SINHESTE ZOROA.

 

J. S. P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

HAN-HEMENKA

 

ELGARREKIN

      Berrogoi-ta sei urtheko eskualdun gizonetarik baginituen, duela hogoi bat egun, soldado joanak, La Rochelle-rat hamabi. Hara orduko berehala elgar harturik, bakotxak bere etxeko griñak eta oro alabainan elgarrekin aiphatzearekin aneia batzu bezen atxikiak batzu bertzeri eman dire, aspaldiko lagunak izan balire bezala.

      Gaizoek jakin, etzituztela eremanak La Rochelle-rat, han alfer egoiteko, elgarri beha; norat joan beharko ziren ez jakin, ez eta ere zer lani lothu, xedera heltzearekin.

      Zer nahi gertha, nahikundea zuten: balinba bederen ez ahal zituztela elgarretarik bereziko.

      Aiphu zen, etzirela suko deithuak, —ez luke itxura handirik ere, adin hortan,— bainan lur eta etxe gerlak andeatuen arthatzera; etxe batzu estal eta junta, bertzeak aurdik, dilindan utzi gabe, norbeiten gainerat erortzeko lanjerean; lur erain zapilkatuak berriz iraul, ahal denaren eraiteko berriz; aphain aldi bat aski duketen uztak beira, oso ez ditaken tokietan erdi fruitu bederen dukegun?...

      «Norat behar othe dugu joan eta noiz?» solasean daudelarik gure eskualdun gaizoak, hor heldu da berrehunen galdea 46 urtheko hoitarik; berehala parti; 12 eskualdunetarik lau hautatzen dituzte buruzagiek, 200 hoitan barne izaiteko; bertzeak bertze norapeit sarrixago, birazka, banazka ala nola nahi.

      Herioa bezen hits jartzen dire lau bereziak, bertzen uzteari lotsa.

      Gelditzera doazin zortzieri ere bihotza hausten diote, lagun gaizoen ikusteak hoin triste joaki.

      «Baginoazi oro elgarrekin, buruzagieri galdaturik? —Zertako ez? Bardin oro joan behar norapeit, elgarrekin edo berex. Hobe diagu denak batean goazin, hartu nahi bagituzte. Nahuzea galda dezagun? dio batek. —Ba, eta gogotik, ihardesten dute orok.

      Galdatu orduko, ardietsirik, joan dire gaizo gizonak multzoan, elgarren sustengu; ederki egin baitute; eta agian joan bezala jinen, baitire osorik oro elgarrekin, zoin beren etxetarat itzultzeko, lehenbailehen.

      Hiru egun burdin-bidez egiteko zituztela baizik, deus etzakiten partitzean.

      Engoitik han dire nonbeit, urrun, xedera helduak; eta letrak agian bidean, berri onekin, etxekoeri buruz heldu.

      Eskualdunak bihotzaren erditik orori goraintzi; beauzue min-har.

 

EZIN SINETSIA

      Metz hiriko aleman apezpikua, diotenaz, apezpiku den baino alemanago izan behar da. Ez dute bakarrik aleman protestantek eta erlisionerik gabekoek galdua gizontasuna, bainan hango apez eta apezpikuak ere hain aleman bilhakatuak bide dire; edo deus ez dute bertzerik buruan, ez bihotzean, beren Alemania baizik.

      Jainkoa bera ere emozuete alemana. Beharrik hek baino zuzenago da Jainkoa, eta bakotxari berearen emaiteko, merezimendu arau, eztu harek alemaneri galdeginen.

      Zer izanen bada ere, anhartean, Metz-eko hiriko apezpikuak bere diosesako apezeri manatu diote: khen ditzaten eliza guzietarik Joana d'Ark-en potretak oro.

      Saindu baten potretak, Elizak saindutzat ezagutuarenak behar khendu apezek elizetarik, apezpiku baten manuz!...

      Egundaino ezta holakorik entzun, ez ikusi, nehon!

      Burutik aldaratzen ari direnez osoki, gaude. Zer othe dute gure auzo, eskualdun fededun gure aneia batzuek erranen Metz-eko apezpiku aleman itsuaren egitateaz? Egitatea da, ez bertzerik. Potretño hek ezarriko ditugu sarri guk beren tokietan.

 

 

 

Eskual-Herri

 

AINHOA

      Iragan astean ethorri da berria gobernamendutik herriko-etxerat Ainhoar bat Ager soldadoa, tanbur joile zena, hil dela gerlan joan den urrian.

      Urrian?... Eta nola beraz, urriz geroztik, apiril ondar arte, ditu hil delakoak xuxen eta maiz bere berriak etxekoer igorri? Urrian hilak etzuen izkiriatuko.

      Azken letraren arabera, hamabortz egun doi-doia dituela, den gutieneko minik etzioten oraino eginik alemanek Ager gaizoari, berak zionaz.

      Hil bada hil, geroztikakoa izanen da. Bertze baten hil eguna diokete, huts eginik, paperean ekharri.

 

 

 

Ziberoan

 

MARKO AFRIKEÑA

      Marko Afrikeñak igorri dütü gerlako berriak.

      Zer gerlako berri? erranen deitade; zankho bakhotx batekin denaz gañen, ez dabila araüz haboro süia den esküaldetan?

      Bena bai, han bizi da, etsaiari hüillan; eta, gerlak iraiten diano ez dü hunako abiorik hartüren. Laket da gerlako karrasker beha; nulazpait nahi dü gerlan pharte hartü.

      Nurbaitek hebentik igorri dero, holatan, mündia arranküratzen hasirik dela nulaz armadak ez dian gaintitzeko indar bat egiten, lekhü beretan hola egon gabe bethi eta bethi.

      Hola mintzo direner, dio Markok, eman neikeie zanka bat erreñetan ene zur zankhuaz. Ez dakie zer dioien: hüntz batzü dira; ez die enthelegatzen nula dabilan Frantziako armada; ez die enthelegatzen harek egiten dütian ürhatsen baliua; bürheta handiaren emaiteko thenoria jin denian ageri izanen da eia armada lo egon denez arte huntan.

      Zer behar da phentsatü, batian oro elhe, oro bitoria, bestian lotsaz ikhare diren eli batez?

      Deüsere ez dakian batek ere behar lüke bere beithan haü phürü igaran. Alemana izigarritan azkar zelarik eta lehen builta gaitzian, Frantziako armadak bara erazi dü eta ükhuan ezari. Ez dü itxürarik orai egin ahal ükhenen diala hastian ezin egin ükhen dian ürhatsa.

      Hori egia da oso osua.

      Baginaki orano untsa zer heñetan ginen Alemana gaña jauzi zaikünian! Geroxiago hori xüxen jakinen dügü.

      Orai jakin eta sinhetsi behar dena da, Frantziako armada ihurk garhait ez diruan indarretan dela.

      Partida lüze da, orok ikusten dügün bezala; bena Alemana. goitxiago edo berantxiago, südürraz lürrialat juanen dela ihurk ez dü ükhen behar dudarik.

      Gauden sinheste oso hortan.

 

* * *

 

Vitry le François le 26 Avril 1915

      Jaün kaseta egilia,

      Boztarioeki eskietara heltü zitazüt zük igorri Esküaldüna, gogo hunez aitzinara ere hartüko dit.

      Goguan igaraiten dit soldado Üskaldün ororek plazer handia lükiela beren herriko kasetaren irakurtzia; etxekoer etziezü hanitx khosta paperaren irakur eta, envelopa baten barnen ezartia eta igortia.

      Üdüri zitazüt ere berri haboroxe ükheiten ahal zünükiala Zibero hortarik, Mauleko aldetik, Atharratzet-ik bezala: nulako den denbora? lanak aitzina joaiten direnez? politizien zaharrak ükhüatürik direnez ürhats egitetik jüsto eztiren gaiza hanitxen egin erazteko?

      Ene ustekeria düzü gerlaren ondotik politika itsusi hori gobernamentiak ützi beharko dian eta ütsütürik eta errabiatürik politikan ari direnek beharko diela baratü afruntieki eta zehe bat südürreki.

      Bakia kanpoko etsaieki, bakia Frantziaren barnen, deuse eztükezü ederragorik.

      Nik eztit berriagorik jakin erazteko; eri arthazale gerla hatsaretik, badit miseria banisko ikhusirik. Jinko hunak dezala bazterra laster hel dadin; beha; bada maiatz hortan Ama Birjinak egirten dizü Frantziari lagüngoa handi bat.

      Zure adiskide eta zerbütxari fidel bethi.

A.M.

 

(Kirikiño)

 

1915-05-10

 

Orreek dozak!...

 

      Lusitania deritxon itxasontzi andi bat etorren Ipar-Amerikatik Ingalandarantz, ganean ekazala 1.900 inguru notin baketsu, gudeaz zerikusirik ez eukenak.

      Onetan urteten jako bidera doixtarren itxaspeko ontzi gudaria ta geiago barik jaurtiten dautsoz torpedo bi, ta ordu-lauren geroago ondora doa, itoten dirala 1.300 inguru notin.

      Orrelako ontzi bati ezin legio itxi ganean daroiazan erru bakoak ataraten ondatu baiño len? Orrelako triskantza ikaragarria otz-otzean egiten daben gizonak, ba al dabe Jaunaren bildurrik? Orrelako deungakeriak egiteko gizonak bidaltzen dauzan bakaldunak Jaungoikoaren izen deuna miñean erabiltea, ez al da burla bat? Jaunaren boskarren agintza, ez al dago zutik gaur be?

      Ikaragarria da 1.300 notin, baketsuak, erru bakoak, gudeaz zerikusi ez dabenak, bearrizan barik olan iltea!

      Goian begoz.

 

 

Beste bat nastean?

 

      Atzo illuntzean elduriko izparrak diñoenez Italia sartzen da Europako guda-matazean Osterreitzen aurka ta, jakiña, Doixterriaren aurka be izan bearko dau, oneek alkarregaz batuta dabilz ta.

      Egia bada, ara beste odol-errekak eta ganera gudeak beti dakazan kalte ta deungakeri andiak.

      «Betor gudea!» deadar egin ei eban Elgoibarren emen aitatu gura ez dodan lekaide batek.

      Betor bakea! diñogu Doipuruagaz batera enparau kristauak.