Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-05-07: Alemankeriak eta alimalekeriak

Denek dakite norainokoa den gure etsaiaren jite okaztagarria. Kronikariaren aburuz alemanaren urguiluaren adierazle dugu segidako errepika. “Ni,… Oro ni,… Biba ni,… Nor naiz ni?... Bethi ni, …Bakarrik ni”. Alemanen alemankeriak salatzen ditu Eskualduna-k, konparaziora bizirik buruz behera ehortzi zituztenen kasuarena. Alta, mendirik handienak azkenean ordokitzen dira, pazientziaren artea da guzia. Hona hainbat adibide, seiehun mila austriar Siberiara bidean jarri omen dituzte errusiarrek, azken hauek Hungariako bidean dira, hori hunkiturik Austriaren bihotza eskura dute. Italiarrak limurtzen saiatu da Eskualduna, negua igaro eta gerlan sartuko… Dirudienez, espainiarrak ez dira surat joanen baina Frantziaren alde jarri omen dira. Gallipoli ageri da kazetan, baina kronikan ez da triskantzaren arrastorik. Danimarkan emakumeek botoa emateko eskubidea bermatzeko lege abian da, kazetak ez dio lege honi kontrarik egiten.. Zuberoatik barna ibili da Ibarnegaray. Joseba Foccrouille gudara doala eta Kirikiñok txapela eranzten du horretarako gauza denaren aurrean. Gainera euskara apur bat (txirriporro) ikasi du belgikarrak.

 

 

Alemankeriak

 

      Badakigu Frantzian, gure gostuz, eta aspalditik hunat, alemankeriaren berri. Izen bertsu eta izaite areagoko: alemankeria eta alimalekeria.

      Noiztenka hemen aiphatzen baititugu etsai hastial tzar den bezalakoaren abrekeria izigarri batzu, hala nola haur eta emazte, neskato gazte dohakabe batzuen hiltze; bizirik Jainkoak dakiela nola erabili ondoan... hek eta halako egitate itsusiak deitzen ahal ginituzke, hitz bakar huntaz guziak oro: alemankeriak.

      Nor non da ezen, bertze jendakiarik, non izan da ere holakorik egundaino, salbai hutsen denboran eta tokietan ere, Alemanian baizik?

      Eta Alemanian berean ere noiz, herrialde hori giristinotu aitzinean, orai diren baino abreago, alimaleago, alemanago alemanak, noiz dire izan? Egundaino ez.

      Erran zaharra baita gure frantses mintzaian, batek bertzeari, zuzenik gabe, eta hots, estakururik, lokiarik den gutiena gabe, gataska bat, gerlapide bat bilhatzen dionean, hura deitzea «querelle d'allemand» oraino ez ginakienek badakigu hemendik harat, zer nahasiak, zer gezurti kalapitari, bihurri higuingarriak diren alemanak!

      Guk bezala dakite gure lagunek: angles, beljikano, ruso, italiano eta orok; aldizka jastatua dute bakotxak bere gain, edo guziek batean, alemankeria; edo sendi usaina, zertsu den eta zer ondorio dakharken.

      Jastatua ez dutenek ere gutizia guti, jastatzeko; baitakite, bertzetarik entzuna, edo ikusia beren begiz bazterretik, norainokoa den gure etsaiaren jite okaztagarria.

 

      Orai arte ere bazakiketen ja, hein bat bederen orok, edo gehienek, aphur bat argituak zirenek, zertsu diren alemanak. Orobat da erraitea garbiki, egia den bezala: jakin nahi zutenek bazakitela.

      Baitire ordean holakoetan, batzu bertzeak baino gor-itsuagoak, ikusten dutenari begiak hetsiko baitiozkate; entzuten dukenari beharriak tapatuko.

      Zonbat itsu, zonbat gor, sineskor, beren nahizko buru ahul edo zozo? Zonbat Frantzian berean, Angleterran ere omen, eta ez gutienik Beljikan, iduri baitzitzeien alemana, 1870eko gerlatik hunat, azkartzearekin, aberastearekin, argitzearekin, onthua zela, gizondua, jendetua, berak ahoa bethez dion bezala, zibilizatua (!) norapeit, gure aspaldiko etsai alemana!

      Zenbatek etzuten hori hola uste, gerla hunen hastapeneraino, hala nola negoziantek?!

      Sal-erospen ala edo zoin lan, esku lan ala buru lan, jakitatearekin gizontasun puska bat galdatzen duten zer guzietan, alemanak etzuela nehori zorrik?

      Lan ona eta ederra bethi, eta maiz merkea; khondua xuxen bethi.

 

* * *

 

      Orai dire denboraren buruan, ohartzen hasiak zonbeit (hasiak baizik ez oraino) alemankeriarik gutiena erakusten zuten egintzetan ginituela behinik behin guk frantsesek, alemanak alemanenik, maltzurrenik, zikanorenik, gu bezalakoaren zakuan sartzalenik.

      Balitake hemen hanitz erraiteko. Hitz batez doazila oro: alemankeriari darraizko, behin ezagutuz geroz, onaz bertzeak oro: maltzurkeria bat, norainokoa!... Bereziki beljikano dohakabek sekula santan amestuko etzutena.

      Gero, gainera, orotan oroz berak nausi beharra, eta ororen jabe. Ezti, zuhur, oro baino hobe itxura batekin, barne egosi ustel bat; bihotz mikorik, berentzat eta beren heientzat baizik.

      Hori horrela, hoberenek. Eta bertzek?!... Aleman gazteriaren altxaratzalek zer ez diote, mende erdi huntan bereziki, erran nahi azken gerlatik hunat, buruetan, hezurretan, odolean sar-arazi beren irakaspenez, etsenpluez eta orotaz, orai soldado diren aleman guzieri!

      Beren Alemaniaz eta aleman izaiteaz urgulu bat, eta araberan aldekoen herra bat, nehork ezin jasanezkoa!

      Aleman bakotxak dio: «Ni... Oro ni... Biba ni... Nor naiz ni?... Bethi ni... Bakarrik ni».

      Bertzeak oro deus ez; edo hartaratu artean, bakerik ez. Ez othe bakerik? Ageriko.

      Bereaz baizik axolarik ez; bertzen zuzena, bertzen ona, bertzen bizia deus ez; urdekeriarik izigarrienek barnea ez kilikatzen den gutiena. Horra hor, norat alha zuen gogoa: zer diren alemanak; eta zer, alemankeria.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, apirilaren 28an

      «Léon-Gambetta» deithu itsas-untzi bat jauz-arazi daukute Italiako aldean otrixianoek; badirela oraino hek ere.

      Zer nahi egin, azken uztarrak dituzte, bederen heiek.

      Alemanek Beljikan esku-gain puska bat hartua ukhanik, galtzen ari dute, pozika, pozika, berriz.

 

Ortzegun, 29an

      Frantses anglesak alde batetik, bertzetik rusoak, tinkatuz deramate turkoa, laguntzerat jinak zituelako aleman lagunekin.

      Rusoak azkartuz doazi beren mendietan; hanitz hil eta presuner gehiago dute kasik egun oroz egiten.

 

Ortzirale, 30ean

      Angleterre-ko itsas hegiz-hegi nahiz hiri zonbeit andeatu, dabiltza omen Zeppelin deithu airezko tresna hetarik bat edo bertze.

      Reims hiriari ez diote oraino bakerik Ypres-eko eskualdean erreka bat osoaz jabetu gira.

      Dardanelles arteka hertsi hartan ez gira izan orai bezen azkar. Alta bada behin han nausituz geroz, gaina dugu edo hartarako bide segura.

 

Larunbat, maiatzaren 1ean

      Berriagorik nehon deus guti; hamar bat obuz aurdiki dituztela etsaiek atzo arratsaldean Dunkerque hiriaren gainerat; hil zonbeit badela, soldado ez direnetarik; holakoeri da bethi aiherrenik alemana.

      Gauaz Bagatelle-ko aldean jazarri zauzku bi aldiz, alferretan.

      «Bois le Prêtre» delakoan 130 gizon preso hartu daizkotegu, eta mitrailleuse bat.

 

Igande, 2an

      Beljikan etsaiak ez ditzazke nehorat zilha gure lerroak. Presoner zonbeit, 80 bat hurbil, gure eskuetan utzirik, behar izan dire gibelerat joan ondarrak.

      Obus usaindu pozoindatu hetarik ere ari zauzku artetan botatzen, min guti eginez oraino. Ikusi behar, beharrez, araberan ihardesteko.

      Thann hiriari tiroka etsaiak hiru haur ttipi hil dauzku. Zer bitoria!

 

Astelehen, 3an

      Angles untzi bat urak iretsi du bi aleman untzi jauz-arazirik; bainan hek ere biak itho dire.

      Bertze bi untzi etsai ere jauz-arazi dituzte anglesek, berek ile ondo bat galdu gabe.

      Gainaren hartzen hasiz geroz behin itsasoan anglesak, hanitz azkarrago baitire eta untziz aberatsago, debruak ereman ditu alemanen torpillur, kontratorpillur eta errementeria guziak.

 

      Sei ehun mila otrixiano badire oraikotz preso rusoek eremanak Siberia delako elhur toki lazgarrirat. Sei ehun mila!

 

      Eta aleman, zenbat othe?

      Kenduz, kenduz, bethi khenduz, mendirik handienak azkenean ordokitzen dire Pazientziaren hartzea da guzia; ukho egin gabe aitzina jarraikitzea lanari.

      Halaker da higatuko, alde orotarik orok ausikiz, hertuz, iretsiz, ttipituz bethi.

      Ja zer ez du galdurik!...

 

      Saint-Julien-en Beljikan anglesek alemanekin ukan dute partida bat gaitza; gizon hanixko galdu anglesek, bainan alemanek hanitz gehiago; xehakaturik gelditzerainokoan hanxe, kasik oro.

      Kolpatuak berak azkenean ar-arazten daitzute tiroka, xutik daudeno.

      Anglesek bi jeneral on galdu dituzte; baitute beharrik ordaina frango.

      Beljikan egun hautan ezkontzen diren neskato gazteak —bethi baita zonbeit—, beltx aphaintzen dire, beren bihotzminaren erakusteko.

      Alemaneri ez ahal baitzaiote eder!

 

Asteart, 4an

      Ostende Beljikako hiri alemanek daukatenari gainerat aurdiki diozkategu anglesek eta frantsesek bonba andana bat. Zer kalte diogun etsaiari egin, jakinen bihar, edo geroxago.

      Otrixanoak, haragi eskasez, arrainari lotzekotan dire.

      Suède eta Norvège eta orotako untziak suntsitu gogo othe dituzte alemanek? Bakotxari bat jauz-arazi diote aste huntan.

      Hobe guretzat, orok begietan har dezaten ororen etsaia.

 

      Presuner Alemanian diren frantsesendako aiphu da, ogi berezi baten egitea, goseak ez hiltzeko bederen doi ukhan dezaten.

      Ordu ginuke holako zerbeit egin.

 

      Frantziako gazteria katolikaren buruzagi lehenetarik bat, Victor Bucaille izan baita egun hautan Aita Sainduaren mintzatzen, erran omen dio Aita Sainduak, handizki atxikia dela gure herriaren ethorkizun onari. Baginakien ja.

 

 

 

HIRI DOHAKABEA

 

      Hiri dohakabe hori Frantzian Reims hiria da. Beira bada: badu zortzi ilabethe Alamanen kanoien menean dela, eta etsai izigarri hoik errabia berezi batekin jazartzen zaizko. Ez dute beren eskuan, bainan urrundik beren kanoiekin unki dezakete, eta irakusten diote ez dutela ahanzten.

      Desmasia gaitzak dire hiri hortan egun gehienez eginak. Hastapenak, goraxago erran bezala, baditu zortzi ilabethe, eta ez dakigu noiz arte iraun dezaken oraino.

      Horko jendea oihuz hasia da Jainkoaren gaztigua dutela hor, eta huna zertako.

      Orai duela zenbeit mende, beren elizanausia erreberritu xutenean —badakizue Frantziako elizarik ederrena zutela egin— hiri hortako jendeek harri lauza hainitz hartu zuten, hiriaren etsaietarik beiratzeko zen harrasi handitik. Nola galdatzen baitzioten zerk bada, harrasi hori barraiatzearekin, gerizatuko zuen hiria, ihardetsi zuten: Jainkoak geriza gaitzala. Eta hitz hoiek izkribatuak izan ziren hiriko zigiluan. Geroztik egiazki Jainkoak beiratu izan du hiria ongi orai arte.

      Bi urthe ditu doidoia, hiriko kontseilukoek hits-arazi dituztela zigilutik goraxago aipatu hitzak, hiriak ez omen zuelakotz gehiago Jainkoaren geriza beharrik.

      Eta horra zer gertatu zaion laster. Jendea kexatua da; ikusten du zertaratua den, Jainkoaren gerizarik gabe; eta galdatzen diote kontseilukoeri, zigiluan berriz ezar-araz detzaten hits-arazi dituzten hitzak.

 

 

 

Gerlarien berri

 

      Gure lerroen hedadura guzian egin ditugu bizpalau urharts aintzinago.

      Anglesek, Belgikan irabazi dute lur puska bat. Bethi bezala, galdu lurra beretu nahiz, indar handia egin dute Alamanek hor gaindi. Azkenean, bertzerik ezin eginez, beren kanoiekin aurdiki dituzte «obus» berri batzu, leher egiteko usain bat hedatzen dutenak. Petrola sutan ixurtzea etzaiote aski; moda berrien ondotik dabiltza bethi, abrekerian bethi barnago jautsiz.

      Oraidanik, oro haizu izanen dire guretzat ere. Ikusiko duzue oro gure gain emanen baitituzte.

      Beheraxago Arras hiriaren gaineko aldean mendixka baten muthurrean aintzinaturik, toki azkarrean kokatu gira. Han ere, etsaiak zazpi ahalak egin ditu, berriz ohiko lekuaz jabetzeko. Debaldetan oro.

 

* * *

 

      Aisne-ko ur handiaren hegietan, ez da izan nehun holako zalapartarik. Bethi bezala, deskantsua. Bizkitartean kanoiak elgarri buruz ari dire bethi. Soissons hiritik hurbil, harrobi zilho batzuetan atzeman dugu kanoi ukaldiz bolborazko tresna eta gizon andana bat. Lurra zilhaturik, gure «obus» izigarri hetarik sarthu zaizkote beren atherbean, eta harrabots handitan harrobi guziak zapart egin du.

      Mendekioz, Reims-eko hiriaren gainerat aurdiki dituzte berrogoi-ta hamar «bonba», su emaitekoak. Etxe lerro ederrik suntsitu da.

      Gaineratiko zer handirik ez da gerthatu, eskualde hortan. Alamanek arras guti tiro egiten dute. Gure kanoiek ez diote uzten bakerik. Gauaz ere badute musika bizkarraren gainerat.

 

      Osasunez ere ontsa gohazi. Hirugarren aldikotz hasi zauzkigu xertatzen, sukharraren kontra. Xerto hori hartu dutenetarik arras guti eritu dire, eta direnak ere atheratu bizirik.

      Gure gibelean tropa berriak jin dire. Ba omen da oraino Afrikano beltz hetarik andana bat jin beharra Frantzia beheretik.

 

* * *

 

      Eskuinago, Champagna gainean, entsegu bat edo bertze egin dute Alamanek, bainan arras ahulki. Xehakatu dituzte gure mitrailusek.

      Urrunago, Argonne-ko oihanetan, lurpeko gerla. Verdun-eko hiriaren inguruetan gaina hartua dugu bazter guzietan, berrikitan irabazi lurrak gerizaturik, eta urrunago hedaturik. Alamanen oldar guziak hausten ditugu, lan handirik gabe.

      Alsace-ko mendietan, Colmar hirirat buruz jausten den bidean aintzinatu gira, ur laster baten bazterrean, egun guziez ordokiari hurbilduz. Mulhouse-ko bidean bagaude azkar.

 

 

 

Italiaren laguntza

 

      «Haro handia» derabilate bazterretan Italiaz. Soldadoak bereziki, gerlaren hastapenetik beha daude, noiz othe den lothuko gerla hunen lanari, gure aldean... Orai dire solasak hedatuenik, kazeta guziak hortan alha direlakotz, egia edo gezur.

      Italiaren gerlan sartzeak etzuen itxura handirik orai artio, ez baitzen prest, bereziki neguari buruz abiatzeko. Bertzalde tira-bira handiak zituzten elgarren artean, batzu alde, bertzeak kontra, bertze batzu, bien artean: egun eskuin, bihar ezker.

      Odol beroko gizonak direlarik Italianoak, kasko gaina ez dute berehala galtzen; karkula gaitza derabilate bethi, beren ona nun atzemanen duten, lan gutiz, hirriskurik gabe. Bertzek egin frikoan zathi baten biltzea, horra heien ametsa.

      Ez-baiean egoiteko lehenak dire, zango bat airean, bertze lurrean, esku batez phereka, mihiaz balaka, bertze eskuaz zure moltsa bil, ezti eztia.

      Ez aipha Italianoari lan dorphea, bereziki hirrisku handikoa. Berek diotena beren erran zahar batean: «geldirik egoiteak ez du enganatzerik».

 

* * *

 

      Bizkitartean, geldirik egonez oraiko huntan, gero ta hobeki ikusten dute: bi eskuak hutsik geldituko direla. Beren errengura guzia Otrixiarekin dute.

      Egundainotik etsai, axalez ez bada, barnez, agertu dire Italianoak Otrixianoekin: lehengo denboretan Otrixiak bere azpiko zauzkan Italia gaineko eskualde zabal ederrak. Nausi ohiari aiher gelditu dire.

      Gehiago dena, oraiko denboretan ere Italiano hanitz Otrixia-ko lurrean daude. Probintzia osoak, hiri osoak Italiano dire mintzaiaz, odolez eta bihotzez: hek nahi lituzkete Italiari josi, Italiano direnaz geroz.

      Azekenekotz, eta hau naski errengura handiena, lehen auzo dire; bien arteko itsaso luzean intres berak dituzte, bizipide berak, Europa barneko komerzioak sar jali handia baitu han gaindi.

 

* * *

 

      Errengura hoik ikustearekin, Alamana sarthu zaiote bien artean, bakearen beiratzeko, hautsi-mautsi baten egiteko.

      Bertzalde, aspaldian sarthua zen Italian Alamana, orotan bezala, edo gehiago. Gure lurrean ez ginakien zer erroak eginak zituen; are gutiago ginakien bertzeen berri.

      Italiako lurrean Alamanen eskuetan ziren lantegi hanitz, banketxe, kazeta, eta bertze zer asko: horra zerk gibelatu dituen bereziki gerla huntan sartzetik: Alamanen gezurrak, Alamanen sosak, Alamanen beldurrak.

      Uste ginuen gure amodioz lothuko zirela jauzian: nehor gutik gitu maite guk uste dugun kharrarekin. Nazioneak bereziki bakotxa bere ari dire. Adixkide hanitz budugu Italian, jeloskor hanitz ere ba; egiaren erraiteko den bezala, bertze hanitz, hoberen hoberenetan ere, Frantzia-tik urrunduak zauden azken urthe hautan, elgarren artean gerla ginuelakotz; gure lehengo fama ona kraskatuz zoalakotz gero-ta gehiago.

      Hoik oro hola, aise da ikustea zertako luzatu duten hoinbertze denbora. Behar baino arrazoin gehiago bazuten geldirik egoiteko.

      Bainan orai negua iragan da; armadak altxatu eta moldatu dituzte deskantsuan, zer gertha ere; Alamanaren balakuek eta mehatxuek ez dute gehiago halako indarrik; Otrixia beheiti ari delarik, ez da halere deusen uztekotan, urririk: gerlarik gabe, deus ez duke beraz Italiak.

      Jendea gure alde jartzen ari da gerota gehiago, ezagun baita nork duen gerla egiten gizonki. Hiri handietan gerlaren alde oihuz egiten dire bilkhurak. Berek diote gerla hobe dela, hola egoitea baino, geroari beha, gisa hortako lazduran.

      Tropak prest dire: bi miliun gizon. Zer soldado diren, geroak erakutsiko; orai artio ez dire agertu gerlari handi. Bainan orai den bezalako hinka huntan, sendi lezakete sahetsean Alamanek eta Otrixianoek, dutenaren gainerat. Etsaiaren azken uztarrak ikusi gintuzke denbora laburrik barne.

      Gauden beha.

 

 

 

Hongria-ko bidean

 

      Rusoen lan handiaz ez da errex egun guziez garbitasun zerbeiten ukhaitea.

      Noiztenka behako bat emanez, ezagun da hobeki zer ari diren, eta norat itzuliko diren laster hango gerlaren goiti beheitiak.

      Premysl hiria hartuz geroz Galiziako eskualde guzia bere zuten Rusoek. Bertzalde armada berri bat gehiago bazuten eskuetan, oldar berri baten egiteko. Bere aintzinean mendi lerro bat gaitza, elhurrez estalia. Mendien haindiko aldean, Hongria-ko lur aberatsak.

      Zer egin? Mendi hoitako lephoak negu minean behar ziren eskuratu, elhurra oraino idor zeno. Geroxago, elhurren urtzeak bide guziak funditzen ditu. Lan handi horri buruz ari dire azkarki. Jada bizpahiru lepho beren eskuetan dituzte Rusoek. Laugarren baten inguruan gudu gaitzak dituzte zonbeit egun huntan.

      Mendiz alde huntarat jausten hasiak dire beraz bizpahiru tokitan. Ez dut erran nahi laster iraganen direla hor gaindi. Hatsaren hartzea merezi dute, mendiak aldean bertze iragan dituztenean. Bertzalde, Otrixianoek eta Alamanek beren indar guziez hetsiko dute bidea, Hongriako ordokien zaintzeko.

 

* * *

 

      Rusoek badakite zer ari diren, horrat abiatu direnean. Eskualde hori da Otrixiako aberatsena. Mugarik ez du ordoki harren zabalak, eta hango jendeak dio bere kantuetan: «Gure lurrean ez dagonak, ez daki zorionaren berri!». Urthe txar lerro bat iranagatik urthe on bat aski dute berriz aberasteko, hain dire uzta nasaiak, ogi eta artoz bereziki.

      Jatekoaren esperantza hor dute bereziki gure etsaiek heldu den udaz harat gerlak irauten balu. Arte huntan galtzen badute eskualde hori, gosetea dukete etsai minena.

      Bihia bezala, Hongriak fornitzen ditu zaldiak. Frantzia guziak bezenbat zaldi, edo gehiago, hazten du Hongria-ko eskualdeak. Hek ere gerla luze huntan baitezpada berritu behar.

 

* * *

 

      Bertzalde, soldado hoberenak eskualde hortarik atheratzen omen dira: gizon lerden, iraunkor eta gogorrak, egundainotik Rusoen etsai izanak. Hek garhaituz, Otrixiaren bihotza dute Rusoek hunkitzen. Sail ona dute hasia. Beude bururatzerat, behar den denborarekin.

      Aphirilaren 24an

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

     

 

ABREKERIAK

 

BURUZ BEHERA

      Egun zortzi Ahurtitik Baionara arte hortan solas egin dut burdin-bidetako berotzale gizon puska on batekin.

      Alde hautakoa da, eta 24 oren lan arte zuelakotz, etxerainoko bat egin behar zuela heldu zen, joan-jin.

      Elhe oneko gizona zela iduriturik, hasten nitzaio gerlaz. Berehala, hitz bereko ginen: alemana bezalako etsai tzarrik ez dela. Baginuen batek bertzeari zer erran!

      Goizean irakurtua omen zuen, bere kazetan: bi frantses alemanek preso harturik, zer nahi sofri-arazi ziotela; eta azkenekotz biak bizirik ehortzi zituzlela buruz behera; bi zangoez dilindan goiti atxik, buruz beheiti zilorat; ziloaren zola kaskoaz hunkitu arte; lurrez ase ziloa eta tinka, zapatuz; bakarrik zangoak ageri.

      Zer nahuzue abrekeria itsusiagorik?

 

SOKA LEPHOTIK

      Bizirik ehortzi bi gizonen hiltzea erran dautanak bere kazetan irakurtua zuen holetan.

      Huna bertze bat izigarriagoa; Frantziako izkiriant argitu, gizontasunez eta orotaz lehenetarik direnak dira mintzo Revue-des-deux-Mondes delakoan.

      Kazetarik handienak baino buruzago egina da, lan eta artha gehiagoz, iraupeneko liburuak bezala.

      Revue-des-deux-Mondes horrek igorri du bere berri biltzaletarik bat, Beljikako aldean itzuli baten egitera, orotan ez bada, bederen hel ditaken tokietan.

      Harrigarri da zer izigarrikeriak ikusirik eta entzunik den ethorri gibelerat. Ezin slnetsizkoak direla dio alemanek han egin abrekeriak, eta bizkitartean egiak.

      Orotarik bat hemen aiphatzeko huna hitz gutiz.

      Bidez bide zoalarik, ahal zituen xehetasunak izkirioz biltzen zituela, hirixka batean sartzerakoan, gizon bat jin zaio etxe baten aitzinean.

      «Agur, jauna; arrotza zitugu zu hemen. —Ba, arrotza, bainan ez etsaia. —Banuen uste; hartakotz dautzut galdatu. Ez duzu etsaiaren itxura; gure gostuz ezaguturik gaude, nolakoak diren gure etsaiak. Zuk, frantses eitea duzu. —Hala niz ere, hola eta hola ibilki, hemen gaindi berri bilha. Baduzue zerbeit ikusirik, ez dea hala? —Ba, jauna, sar zaite, eta jar. —Gogotik, adixkidea. Mintza zazkit, beldurrik gabe. —Ah! jauna! Nola mintza erraiteko nintuzkenez?».

      Hainbertzenarekin, hipaka hasten zaio beljikano gaizoa, mutu, nigarrez.

      Ahal duena erraiten dio frantsesak bihotzaren altxatzeko. Azkenean bere baitharaturik «huna zer dion erraiten».

      «Jauna, beldur niz ez nezazun sinets. —Zertako ez? Ja badut asko entzunik. Zuen lurrak eta etxeak ikustea ez dea aski, sinesteko, zer animaleak diren iraganak hemen gaindi. —Animaleak?... Poxi bat ba, jauna, animaleak. Ez dakizu ongi!

      »Banuen koinat bat, ditaken gizonik eztiena, uli bati minik eginen etziona; herabe hutsa; onaren onez, orok maite zuten. Berekin zuen bizi aneia gazteago bat. Zertako dituzte biak preso hartu alemanak?... Sekulan ez dut jakinen, zertako dire urde tzar batzu?

      »Orhoitzeak ikara jauz-arazten daut.

      »Ene koinat gaizoa preso altxaturik buluz-gorri ezartzen dute gerriraino; lephotik emaiten diote soka-laster bat —eta gogoratzea gehiago den debrukeria!— soka hura eskuz har-arazten diote haren aneia gazteagoari; atxik dezan tinki, eta tira, tira bi eskuz, manatzen diotenean.

      »Erran gabe doa, manamendua joka, ostikoka ziotela artetan erreberritzen aneia gazte dohakabeari.

      »Orduan urhats zalhutuz, behar zuen ene koinatak gora gora erran: 'Je suis un sale Belge; je suis un cochon'.

      »Pentsa hitz hoik gogotik zituenez erraiten, gizagaizoak! Bainan aneia gazteak othoizka erran arazten ziozkan; 'egin zezala sakrifizio hori; heiek manatua eginez, ardietsiko zuela menturaz, bizia bederen utz zezoten'.

      »Horrela joka, ostikoka, harma gider ukaldika, lehertuak, izerdi eta odola zariotela erabilirik biak, hiriaren karrikaz karrika, igan-arazten dute azkenean ene koinata ongarri meta baten gainera, dagola han xutik.

      »Soldado aleman, inguruan baionnette au canon zirenak, parrean lerro-lerro ezarririk, aitzindaria hurbiltzen zaio ene koinatari; bere ezpata puntaz bi bulharren erdiz erdi, esku batez sar, bertzeaz gain behera jo eta jo, urratzen du sabelaren zolaraino».

 

      Hiltzea, bat da; hola hiltzea gizonak gizona,... zer zautzue?

 

 

 

Euskal-Herri

 

BAIONA

      Han gaindi, iphar alde hartan, duela hiru, lau ilhabethe, gehienik eskualduna den erreximendu batek izigarriko lana egin zuen angeles tropa batzu alemanen atzaparretarik atheratzeko. Berrikitan gure herritar fierrek ukan dituzte Angleterra-tik berrogoi-ta hamar mila zigarreta paket... 30 mila liberaren taakoa. Elgar lagunduz hola, eginen dute oraino, lan ederrik. Biba gureak eta biba Angelesak!

 

DONIBANE LOHIZUNE

      Bazterretan lurrak alfer: orotan berdin; gizonik ez alabainan lurren erabiltzeko; alemanari buruz ari guziak. Akoztar familia gehienak nahigabe dorpean zirela ikusirik, gizon eskasez, Espainian barna gan zauku gure jaun erretorra, langile bilha. Izan bide du lan, herriz herri ezinez, nahi zuken laboraririk atzeman, nonbeitik halere bildu ditu berrogoi-ta bortz eskualdun azkar, oro lur langileak.

 

MERKATUA

      Egundaino izatu dugun merkaturik hitsena ginduen joan den merkatua; abererik ez, urde bakar batzuek, eta denak araberan. Lau bat pare idi gizen eta lanekorik batere.

 

 

 

BURDIN BIDEZ

 

      Soldado kolpatuen burhaso eta haurride ikustera doazkoteneri egiten baitiote, urrikariz, burdin bidetako nausiek, joan-jin hortako pagamenduaz hautsi-mautsi poxi bat, soldadoeri bereri bertzenaz bezala, huna non errextasun hori hedatu duten soldado kolpatuen osaba eta tuteur-etaraino, ahaide hurbilagorik ez duten soldado kolpatuen ikustera joaiteko.

      Bakarrik behar dute errextasun hortaz baliatu nahi direnek agertu herriko meraren zertifitata, soldado kolpatu heiek ez dutela bertze jabe hurbilagorik, eta heien ikustera erdi urririk joan nahi den tuteur edo osaba harek altxatuak dituela edo bere gain hartuak.

      Nor edo nor baditake gutartean ere huntaz balia ditakenik. Holakoak jakitea on da.

 

 

 

EGUN ZORTZIKO

 

      Egungo Eskualdun-ean sartzeko, batzu berantegiz, bertzeak toki eskasez, uzten ditugu egun zortzi arte, berri batzu; hetarik bizpahiru, soldado saristatu batzuen izenak, doazkoten ladoriorekin. Othoi barkha luzamena.

 

 

 

HAN-HEMENKA

 

EMAZTEAK BOZ-EMAILE

      Gerla hunek oro ahantz-arazten ez balitu, den baino gehiago litake aiphu egun hautan Danemark-eko lege-egile gizonak legetzekotan direna: emazteak gizonak bezala izanen direla boz-emaile; ba eta, bozez, berak ere herriko kontseilari, deputatu eta zenator izendatu ahalko direla.

      Batzuri ontsa zeie, bertzeri, ez. Orotan hein bat aspaldiko solasa da: gizonen esku berak emaitea emazteri; bertzetan bezala, hemen Frantzian ere.

      Ja baditugu abokatsa eta medikusa emazteak. Angleterran ere badire guti edo aski herrialde batzuetan sarthuak orai arte gizonen egiteko ziren asko zeretan.

      Orhoit ahal zirezte bertzalde, zer kalapita daukaten atxikirik han suffragellle deithu emazte eli batek, Xuberon erraiten dutena, baitezpada bozaren jabe nahiz orotan oro izan angles emazteak.

      Oro hautsi behar zituztela mintzo baitziren, ez bazuten ardiesten galdatua.

      Gerla hau jin eta gizonki utzirik berehala beren zalapartak, eskaini baitzuten soldado joanen zirela, herriaren alde, gizonekin emazte boz gose zirelako hetarik armada baten geia.

      Erran bezala egin; eztakigu zonbat xuxen, bainan badire nolazpeit Angleterra hortan gerla lanean barne sarthu emazteak, bertzetan ez bezala.

      Nork daki, gerla hunen ondotik, dukegun gizon eskasiarekin bertze asko zer berritzeen direlarik, ez denetz orotaratuko emazteak boz-emailetze hori?

      Tokitan segurik ez giniokete, guk gure partetik, beltzuri; mundu huntan ditaken zerik ondorio on edo txar gehienekoa, boza, orai arte gizonek baino hobekixago emaitekotan emaztek.

      Anhartean, Danemarke hortan orori aitzintzera doazi. Lege berria osoki egina ez bada, eginxea da. Deputatu gizonen baia badu. Zer eskas?

 

      MILA ASTO

      Dardanelles itsas arteka luze hura gure untziek angles untzien laguntzarekin berritan egunetik biharrera ustez hartzera gineramalakoa, behin aro gaixtoak gibelatu, gero berriz lothurik ari omen baitugu egun hautan guretzen, han gerthatu da bitxikeria bat.

      Erran den ur-artekari alde batetarik dagon leihor ezkina Gallipoli deithuaz jabetzeko zer duzue uste zeiela gogoratu gure itsas gizon biphil batzuri?

      Oro jukutria tzar baitire aleman eta turko etsai debruz egin hoik oro, behar zituztela behin bederen ederki zakuan sarthu.

      Untzietarik gure gizonak lurrerat atherako zirela itxura gehienik zuen ur hegi baterat jali daitzute mila asto, nonbeitik hortako biduak —astotsu baitira ere toki hek— asto bakotxak bizkarrari estekaturik zeramala zer nahi puska eta gerlako tresneria: zahagi arno edo ur, zaku irin, sukre eta jaki keza, mukurru betheak oro... gezurrez.

      Kanoi hazkurri mitrailleuses eta errementeria, bizkarretik tripa zolari estekatua etzeramatenik ez omen zen han.

      Arte laburrez astalde bat ederra hanxe athera dute uretik lurrerat, alegia etzena bazela.

      Etsaia ohartu, eta zalhu ernatu; beren kanoi, ttipi eta handi guziak oro, karraskan, burrunban harat hustu dituzte alemanek eta turkoek.

      Obuz eta bonba, bolbora, bala, ez omen da xehatu ez duten zerik; oro alferretan.

      Frantses eta anglesek oro alegiazkoak zituzten astoeri estekatuak mitrailleuses batzu guziz, bainan begikoak! — Oro kartoin eta paper hutsez eginak, haztaren doi salbez edo zerbeitez betherik.

      Astoak oro hil dituela etsaiak, erran gabe doa: bainan gure itsas gizonak urrunxagoko toki batetarik athera dire ordu berean untzietarik leihorrerat beren tresna guziekin.

      Biba hek; eztezagutela egin gure gerlariek hori baino astekeria handiagorik.

 

ESPAINIA

      Hau ere gero-ta gehiago alde dugu; bana bertze. Berritan gure ez ginituenak berak ari dire itzultzen, gauzak entzunez, ikusiz, beren ona ere, oraiko eta geroko, non duten ohartuz geroago eta hobeki.

      Espainiako gizon handienetarik bat mintzatu da goraki, iragan astean, eta orok onhartu dute haren errana: surat ez direla jinen españolak, bainan ez dutela gordeko beren atxikimendua gure alde, zuzenaren alde.

 

IRIN ESKASEZ

      Beharrak asko emaiten du gogora; horrela zeie gogoratu Alemaniako buruzagi zonbeiti, behar dutela, ogi irina ja bolta huntan azkarki ari zeielakotz eskasten, eta gero-ta gehiago,... behar dutela beraz andere handiek eta heieri ezin jarraikiz dabiltzen aphalagoek ere orok utzi begitartearen irinkiz perekatzea, xuritzeko; gorritzeko naski haizu oraino tindatzea; bainan xuritzea ez, hartako emaiten duten zer hura, bertze zerbeitekin, loth dadin, nahastikatuz, ogi irinetik omen baita egiten.

      Ez jakin, gizonen gogo bereko izanen othe diren alemanen emazte begitarte aphaintzaleak.

      Anhartean batzu ez bertzeak hanbat gora ez direlako seinale da irinaren hoin xuhurki erabiltzeko solas hori.

 

 

 

Ziberoan

 

SANTA-GRAZIA

      Nahiago günüke jakin hor hiruzpalaü gizonen südürrak zunbatez lüzatü diren egün hoietan.

      Ez dügü erran beharrik zuin diren gizun hurak: Atharratzen has eta bortü huntarano herrokatürik dira bidian.

      Gizon kontzentzia hunekuak.

      Egiaren ithotzeko egin dütien indarren gatik, horra nun haiek bazterriabat ezariak ükhen dian züzenez jiten zeron alokazionia, ez xoilki hebentik aitzina hunkitzekua, bena gerlaren hastetik denbora igaranarena ere oro.

      Erranen dizia orano gizontto horiek —Gük ez badügü nahi, ihurk ez dü Gobernütik deüsere ardietsiren.

      Zer gizon entzünak behar eta!

 

ATHARRATZE

      Azken aste ortan, egün batez, ikhusi dügü, Atharratzen Ibarnegaray, gure depütatü jaüna. Ofizier arropan zen.

      Bethiko gizon begitharte hun eta abagera da —Ez dü ahasten bere arrondisamentia, eta bethi prest da zerbütxü baten egitera—.

      Gerlaren hastetik süian da bürü bürian; eta nahiz izan den eri, bai eta amiñi bat kolpatürik; nahiz bere depütatüguako kargiak libratzen lükian zerbitxütik, nahi dü bethi oso osuan bere soldado eginbidia; ez da hura gibel egoiletarik; haren gerlako gora beherez mintzatzen entzütiak emaiten dü bihotz eta phitz erazten dü odola.

      Elhe gozua aldiz bethi ahuan dü mündü ororen.

      Jaün hori laborari eta langiliaren egiazko adiskidia da.

 

(Kirikiño)

 

1915-05-02

 

Gudara doa

 

      Gaur goizean urtengo da Bilbaotik Parantzerantz geure adiskide maite Foccrouille'tar Joseba belgikarra.

      Mutil gazte au etorri zan ona igazko udan, oraingo guda ikaragarria asi baiño lentxuago. Gudea asi ta laster, joan gura izan eban bere Aberriaren aldez, gudamutil izateko urteak bete baiño len. Baiña emengo bere adiskide batzuk onua (kontzejua) emon eutsoen ez joateko, ta itxaroteko, ta bere aldia etorrenean ondiño gudarik bazan, orduantxe bai.

      Eldu jako bere aldia, bere Aberriak deitu dautso, ta seme zintzoa dan lez, bape zalantza barik, ara doa.

      Mutil gazte au oso argia ta olgetaria da, ta emen bizi izan dan aldi guztian beti ibilli da abertzale gazteekin. Gure Aberriari maitasun andia artu dautso. Euskeraz be, txirriporro, gauza asko esaten ikasi dau, illai be barre-eragingo leuskioela. Agaitik emengo abertzaleok danok ezagutzen dogu belgikar mutil begiko au, ta danok maite dogu.

      Atzo agur egin euskun. Esan eban, guda amaieran bizirik badago, bereala etorriko dala, ementxe geugaz aste bat edo bi igaroteko. Etxakola iñoz aztuko Euzkadi, bere biotzean Belgikaren urrengo dagoana. Bere Aberritik lenengo urteierea onaxe izan dauala, ta emen anaia-artean lez aurkitu dala.

      Beioa ondo, ta bere izeneko Joseba Deunak jagongo al dau guda ikaragarri orretan.

 

* * *

 

      Lengo baten, neuk esan neban lagun artean mutil belgikar au gudara doala deitu dautsoelako baiña deitu baiño lenago be joan gura izan ebala Aberriari dautson maitasunak eraginda.

      Eta entzuten egoan batek esan eban: Lelo galanta! Nik erantzun neutson: Ez, ez da leloa! Aberriaren aldez urteteko biotza daukona ta prakak ondo estututa daukozana, ez da leloa, zindoa baiño.

      Gizon berekoiak, bere burua baiño besterik ezagutzen ez dauan gizonak ezin ulertu dau ezetara be nekerik artu leikenik iñoren aldez urteteagaitik. Aberriaren aldez dirurik emotea edo lanik egitea edo, bear izan ezkero, burruka edo guda-egitea, ezin sartu jako buruan, ezeren maitetasunik ez daukolako.

      Orreetarikoentzat beti da leloa maitekorra dana, ta leloak eurak dira barriz, maitetasunik ez daukona ez da bizi ta. Bizi bai, abereen antzera. Baiña ez gizonaren antzera. Maitetasunak gizonari dakartsozan nekeak bakarrik ikusten dabez, pozak ez dabez ikusten. Urdailletik gorako pozik ez dakie orreek. Esan leike gorputz utsa dirala, gogorik bape baga.

 

* * *

 

      Orreetariko gizon berekoi batek beste bein, gure belgikar au neugaz itz egiten ikusita, itandu eustan nor zan eta jakitun ipiñi nebanean, irribarre burleti bategaz esan eustan: «Ori be abertzalea izango da?». Baietz, bazala ba, ta orduan destaiñaz: «Zelan ez dago ba bere Aberria aldeztuten, emen egon barik?». Esan neutson ba, gaztea zala ondiño, ez egokiola joaterik bere aldia eldu arte ta eldu ekionean joango zala zintzo bere lekua betetzera. «Bai zera» burlez esan eustan, eta kitu, ezin aregaz atondu.

 

* * *

 

      Beraz, gizon berekoi orreekaz ezin atorau leike.

      Aberri-seme zintzoa gudara badoa, leloa dala.

      Ez badoa be, zeresana.

 

* * *

 

      Erea edo ordua izan arte isillik egotea dagokigu, ezin esan geinke zer egingo geunken bizia jokatu bear bagendu aberriaren aldez. Bearbada, orduan adore barik aurkituko gintzakez, ta iñor baiño koldarrago; orregaitik ez dogu esan gura emen gu geiago garala, gaur Egunekoa idazten gomutan euki dodazan gizon berekoi orreek baiño. Ez dogu ori esango.

      Baiña, bai esango dogu, geu gauza izan ez arren bizia jokatzeko orretan, txapela eranzten dogula orretarako gauza danaren aurrean.