Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-04-30: Gallipoli ez da ageri

Aste honetan ere ezin neurtu zentsuraren tamaina, pentsa, Gallipoli ez da inon ageri gure prentsan. Eskualduna-ren aburuz errabian dela ageri du alemanak, ke hori lodi bat igorri du ipar-haizeari esker. Diotenez ogirik batere jan gabe erraz bizi da alemana, euskaldun anitzentzat artoa den ber, lur-sagarra da aleman gehienen ogia. Frantziak Gerlaren hasieran denbora zuen eskas, egun aldiz alde du, kanoien hazkurria ez da ments, oraingo honetan kanoien mintzoak erabakiko du borrokaldia, gainera airean alemana da ihesi dabilena. Kazetak sineskeriak hedatzen dituztenak kritikatu ditu, nonbait, haur mutu baten lehen eta azken solasa gerla uztailean bururatuko dela izan da, ez da iragarpen bakarra, ama birjina agertu zaio zortzi urteko haur bati, eta besteak beste gerla maiatzean finituko dela esan dio. Gerlak ez ditu Baiona hiriko eraikuntza lanak gelditu. Uruguaiko euskaldunek Argentinakoen pare, 25.000 libera bildu dituzte sorterriko soldaduen sostengurako. Zuberoako kronikariak diru-laguntzen afera dakargu. Gerla hasi zenez geroztik Liginaga-Astüek hamabost herritar galdu ditu, gerla hasi aitzin 308 biztanle ziren.

 

 

Berriak egunka

 

Astezken apirilaren 21ean

     Frantses eta Beljikano gizon xoriek bonba ukaldika etsaiaren atherbe handi eta lantegi batzu andeatu dituzte.

      Itsasoan rusoek jauzarazirik torpilla tiroka, zolarat doazi Turkoen hamar untzi handi.

 

Ortzegun, 22an

     Ypreseko aldean anglesak alemana ukho dauka egun. Reims hiriko inguruetan artilleria errabian ari da bi aldetarik.

      Saint-Mihiel-etik hurbil, Apremont-eko oihanean, bi erreka sail elgarri darraizkotenez jabetzen gira.

      Alsacen aitzinatuz goazi.

      Karpathes mendietan otrixianoek bide guziak moztuak dituzte. Han daude tente, azken zigorradaren beha.

 

Ortzirale, 23an

     Leihorrezko gerla gero-ta hobeki deramagularik, itsasoz, Dardaneles deithu ur arteka hertsi luze hartan, aro gaixtoak gibelaturik ginauzkanak, berriz lotzen ari gitzazko lanari azkarki. Ur bazterretako hiri batzuek egundaino ez dute hartu holako zafraldirik.

      Otrixianoek azken uztarrak dituzte Rusia aldeko mendietan.

      «Bois d'Ailly» deithu oihanean zazpi ehun metre lur zilo errekaz nausitu gira.

      Ypres-etik harat, iphar aldean, etsaia bonba berri, gizona ithotzen duten batzuekin hasirik, gune batean lur izpi bat hustu behar izan dugu, bainan ordainez jabetu gira bertze hanbertzez hurbil.

      Ez du zeren etsaiak igurik, ukho egin dezogun. Ez gira hartan, ez gu, ez gure lagunak.

 

Larunbat, 24an

     Ypres hiritik iphar aldean, Yser ur-handiaren eta Puelkapelle-ko bidearen artean, gure lerroak aphur bat gibel-arazi zituen herenegun etsaiak. Huna nola: khe hori lodi bat igorriz, iphar haizeari, esker, gure soldadoen gainerat; khe pozoindatu bat, gizonen ithotzeko heinerainokoa, bi kilometra eremetan.

      Atzo berriz guretu dugu galdu eremua; beljikanoen eta anglesen laguntzarekin egun ere aitzinatuz goazi.

      Les Eparges mendi kasko hura khendu nahiz eta bertze bat Têle-à-vache deithua, oldartu zaizku, gaitzeko oldarrean; ba eta jin bidez itzuli ere, on bazitzeien.

      Hil hanitz egin diogu etsaiari.

      Bazterrak bero dire, bero biziki hemen. Suari su; kanoi ukaldiari kanoi ukaldia.

 

Igande, 25ean

     Beljikan, beljikanoekin eta anglesekin bat eginez, eskuz esku badihardukagu.

      Etsaia bethi ari zauku, ithotzen duen aire gaixto hartarik bota eta bota. Ez aski, anglesen, ez gure izitzeko. Errabian dela ageri du alemanak; bainan egun hartu abantzua bihar gal-arazten diogu. Partida zailak dituela garhaitzeko, ikhas beza bere gostuz.

 

Astelehen, 26an

     Etsaia ditaken hatsik gaixtoenean dugu Beljikan, guk eta anglesek. Anglesek eta guk badaukagu egun, aitzinatzerat utzi gabe. Les Eparges mendi haren berriz beretzea ez dezakela etsi, ageri du. Zalaparta guziak alfer doazko. Gizon hanitz galtzen du bethi.

 

Asteart, 27an

     French deithu angles aitzindariak dio etsaiak eztuela neholere inglesaren gurekilako lokarria hausten ahal, ez ahalko.

      Alta indar onik egiten du zonbeit egun huntan, zilhatu nahiz. Alemanak ez aski, otrixiano andana bat ere bazen ethorria, rusoak behin utzirik, hunat, gure lehertzera.

      Berak dire lehertu; hanitz hil; hanitz kolpaturik gibelerat joan, trein-tarako.

      Aleman Zeppelin aireko tresna hetarik bat andeatu diotegu. Bat gutiago bethi.

      Turkiako alderat joan soldadoak badoazi aitzina, xedeari hurbilduz. Itsas untziak berriz hasiak ditugu, aroa onthurik, Dardanelles-etako leihor hirieri kanoi ukaldika.

      Oraikotik sar baginite han harat? Agian ba!

 

 

 

NOIZ ARTE?

 

     Aspaldiko egunetan, ba othe da galderik hain errexki eta hain maiz egiten dugunik, nola hauxe: «Noiz arte iduritzen zaitzu iraunen duela gerla izigarri hunek?»

      Hori da guzien grina handia eta naski gurea bezenbat edo gehiago, gutarik urrun joanak ditugun soldado gaixoena.

      Noiz arte iraunen duen gerlak? Nehork ez daki xuxen, Jainkoak beizik. — Zer! nehork ez jakin! Joffre, jeneral nausiak ere, ez othe? — Ez eta hunek ere. Badaki ba naski noiz eta non eginen duen gudu handia; badaki ere behar badagudu hortan nausituko dela.

      Bainan gero zer ditezken nausituko den gudu horren ondorioak, ez detzazke jakin xuxen. Eta hori jakin gabe, zer erran diteke gerlaren iraupenaz?

      Hainitzek uste dute, ogi eskasiak bortxatuko dituela laster Alamanak amor emaiterat. Huna zer zautan hortaz erraiten Alamanian ibilia den jaun batek: ogirik batere jan gabe errexki bizi direla Alamanak.

      Hango ostatu handienetan, jan izan du maiz Alamanekin. Nahiz bazen ogia nahi zutenentzat, bakarra zen mahainean ogiari lotzen zena.

      Alamanek, ogi orde, lur-sagar egosiak hartzen zituzten. Lur sagarra da Alaman gehienen ogia, Eskualdun hainitzen ogia artoa den bezala. Beraz Alamanek ez dute hainiz pairatuko, ogia eskasturik ere, balin badute lur-sagarra.

      Eta lehenago erran izan dautzuet, zein ausarkian lur-sagarra emaiten duten Alamaniako lurrek.

      Kazeta egile batzu jostatu nahi dire, eta jakinik badirela beti zozoak gauzarik bitxienen sinhesteko, ari zaizkigu nork ezin sinhetsizkoenak amets.

      Orai duela zenbeit aste, kazeta batean agertu da hauxe: Haur gazte bat, sortzez mutua, eri gaizki zen. Horra non, azken hatsa emaiteko heinean, erraiten dituen arras garbiki hitz hauk: gerla bururatuko dela uztailean. Hori izan omen da haur mutu horren lehen eta azken solasa.

      Berehala bertze kazeta hainitzek ere errepikatu dute miragarrizko gauza hori, atsegin baita beti bitxikeria zerbeiten atzemaitea kazetako xoko baten bethetzeko. Eta zenbat jende, tetelekeria hori iretsi dutenak gogotik, eta sinhetsi Ebanjelioko solasak baino hobeki!

 

      Huna bertze holatsuko bat, bertze kazeta egile batek berrikitan amestua, eta laster gero kazeta hainitzetan agertu dena:

      Goiz batez, ohetik jeikitzeko tenorean, zortzi urthetako haur bat oihuz karraziaka hasten da. Ama badoako berehala eta galdetzen dio zer duen hola oihu egiteko. Haurrak ihardesten dio, Ama Birjina agertu zaiola eta erran diozkala hiru gauza: bera hilen dela laster, aita kolpatua izanen dela gerlan, eta gero gerla bururatuko maiatzean.

      Bizpahiru egunen buruko berria heldu da aita kolpatua dela; eta, aste bat gabe, haurra hila zen. Bi gauza hoik hola gertatu direnaz geroz, segur hirugarrena ere gertatuko dela. Beraz gerla bururatuko da maiatz huntan.

      Bazinakite zenbatak diren hori buruan hain barna sartua dutenak, non ez baitiozuete nehola ere kenduko! Eta hitz hauk irakurtzen badituzte, harrituak egonen dire nola katoliko batek ez dituen gauza miragarri hoik sinhesten.

      Katoliko batek sinhetsi behar du Jainkoak gauza miragarriak egin detzazkela, eta egiten ere dituela.

      Bainan holakoek, gertatzen direlarik, frogatu behar dute, sinhetsi baino lehen. Haurkeria bat da, holakoetan, entzun edo irakurtu guzien sinhestea.

      Ouziek egin behar duguna da galdetzea Jainkoari lagun gaitzan, eta entzun ahalik lasterrena. Ez zait iduritzen gerla hau maiatzean bururatuko dela; bainan, gure Ama zerukoaren ilabethe eder hortan, ardiets dezakegu lehenbailehen burura dadin.

 

 

 

Gerlarien berri

 

 Sasoin ederra

     Aphirilaren ondarrak emaiten dauku aro bat xoragarria. Eskual-Herritik denbora gaixtoaren berriak ditugularik, hemen iguzkia nasaiki.

      Orai artio bertzerik ginuen. Aste osoak uritsu joan dire. Tenpestak ikusi ditugu hilabethearen lehen egunetan: haize, barazuz, ihurtzuri.

      Horra zertako sasoina gibelago den Eskual-Herrian baino. Orai doazi hostoak kanporat, orai dire bazterrak pherdetzen hasi. Alhorretan gizon zaharrak soldado lerroen gibelean, ari dire iraulden, idiak lauzkaturik, lur mami gizenaren pikatzeko.

      Ez dute gehiago beldurrik, Alamanak jinen zaizkotela berriz, buruilaren lehen egunetan bezala. Geroztik ehortziak dagozi hor, gero ta ahulago.

      Laboraria lothu da berriz bere lanari; kanoien azantza izigarriaz eztu axolarik gehiago, eta ez du galdatzen, haste hartan bezala, gure erreximenduek atxikiko dutenetz. Iragan da lehengo laztura; bihotzak jarri dire deskantsaturik, eta guziak bitoria osoaren beha daude.

 

 Osagarria

     Hiruetan hogoi mila gizonen berri emaiten ahal dut, osasunez kestione. Hogoi bat kilometreren luzean, Baionatik Kanbora bezalatsu, atxikitzen dute beren saila. Han dire Baionako bi erreximenduak; Paue-ko biak ere, armada berean.

      Ez da egundaino izan, guziak barne hartuz, orai bezalako osagarri ona gure soldadoetan.

      Eritegiak hustu dire kasik oro, lerroen ondoan. Sukhar ustelarekin galdu ditugu zenbeit, negu huntan; bainan oraikotz gaitzak bere aldia egin du.

 

 Kolpatuak

     Eri guti balinbada, kolpaturik ez da gehiago gure eskualdean, bakhar batzu baizik. Ikusi behar da, sinhesteko, nolako deskantsua dugun hemen gaindi.

      Orai artio bizpahirutan erran dutana, egia dago bethi: Alamanek ez dutela gehiago indarrik egiten guri buruz; kanoiak eta oro eztituak dituztela.

      Bertzalde, lur lanetan ikasirik, bakotxak bere burua gain gainetik gerizatua dauka gure lerroetan, etzateko tokiak eta oro moldaturik lurpean, barnaxko.

      Tokiak ere laguntzen ditu gure Eskualdun andana bat, bereziki erreximendu batean, Alamanak baino gorago baitire patar batean; gu gaineko aldean, etsaia beherago, buruz behera jiten baitzaizko gure presentak.

      Ez dire bethi hor egonak gure Eskualdun soldado hoik; denbora luzaz toki gaixtoago bat zuten zaintzeko: orai Charentes erreximendu bat dute han ezarria.

      Erreketarik pausurat itzuli direneko, zalaparta ederrik derabilate. Batzu balun jokoan ari dire, Baiona aldeko batzuek ez baitute bertzerik gogoan eta zainetan.

      Eskualdunak pleka, etxe zahar batzueri buruz. Badut uste erreketan bezenbat kolpatu badela pausu egunetan, jokoan, karrosetan eta holako. Atzo azkenik ikusi dutan gizonak besoa hautsia zuen: «Nola gerthatua zautzu? — Leihotik eroririk!»

 

 Ohea eta lur sagarrak

     Urdandegi zahar batean, bide hegian, ari ziren bi Eskualdun panpaka, taula batzuekin. Bat Ainhoarra, bertzea Beskoiztarra.

      Sartzen nitzaiote. Xahakoak dilingo zituzten, hel menean. «Badoa lana? — Ba, ori, ohe txar baten moldatzen ari gituzu. Baitugu gero «zomierak» eta oro! — Zer zirezte, hemen kokatu nahiak? — Egonaren buruan ohartu gira, luze doala mekanika hau; goxokiago izanen gira hor ondoko egunetan. Errazu eta... zer iduri zautzu gero, funtsez mintzatzeko? Ez ahal du gerla debru hunek iraunen menderen mende! —Nik uste ez duzuela zuen ohe berria hanbat higatuko. Pario bat egina dut aintzindari batekin, uztailaren leheneko toki hau hustuko dugula. Bainan Alamanak ere gure lurrari josiak dira zimitza bezala. Badakizue zer ari diren gibel hartan?... Largabistarekin ezagun dire bixkar batean, iraulden, lur sagar eraiten! — Debruen urdiak! Lur sagar egiten! Ez dituzte haatik berek milikatuko.»

 

 Aintzina

     Gu hola gaudelarik, bethi toki berean bertze batzu azkarki gudukatzen dire, iguzki partean, Lorraina-ko eskualdean.

      Martxoko hilabethean egin ginuen oldar bat Champaña gainean, Verdun hiritik ezker. Aphirilean egin dugu bertze bat haratago, eskuimago, Verdun hiritik beheraxago.

      Alamanak hor sarthuak ditugu gure lurrean, Saint-Mihiel delako hiriraino. Muthur bat iduri du heien armadak toki hortan, gure bi lerroen artean sarthua, Metz-eko parrean.

      Oraiko indarrak hor egin ditugu. Baitezpadako lana ginuen hori. Behar zen alde hartarik ere Verdun-eko hiriari deskantsua eman, hirriskua urrunduz etsaiaren aztaparretarik khendurik gain batzu abantail handikoak.

      Bazen hor bereziki mendixka bat, Eparges-ko herriaren aintzinean, Lorraina ordokiaren gakhoa. Alamanek egina zuten gain hortan izigarriko zitadela. Mendixkaren hegal xutak lurpeko lanez gerizaturik, bospasei erreka lerro mitrallusaz eta gizonez betherik beren ustez sekulako zaukaten eskuetan.

      Hilabethe batez han erabili ditugun lanak ezin sinhetsiak dire. Urhatsez urhats guretu ditugu bazterrak oro, zolatik gaineraino, aro tzarrenarekin, lohiaren barnean, irabaziak galdurik oldar berri bati lothuz, bethi aintzina, su izigarri baten erdian.

      Alamanak soldado gaitzak dira. Holako tokian, bereziki, oro beren alde zituztelarik baitezpada lekuaren zaintzea gogoan emana zuten, ehun mila gizon gostarik ere. Beren mitraluseri gizonak estekatuak zituzten, burdinazko kadenaz, egon ziten han, itzatuak, azken ezinbertzean ere, hil ala bizi.

      Nausitu gira. Gudu izigarri horren berri dakitenek diote Frantsesen eskuetan dela geroa.

      Nausitu nahi ginen; behar ginen nausitu. Horra bitoria handi bat, urhats handi bat geroko handiagoeri buruz.

      Ontsa gostarik ditugu holakoak. Ez ditake bertzela. Etsaiaren lehertzeak oraino lanak emanen ditu. Bizkitartean, egiazko bakea nahi balinbadugu, hortaratu behar gira.

      Hemen direnek ez dute nahi berriz hasi, ez eta beren haurrak ikusi gisa hortako ifernuan sartzen.

 

 Bururaino

     Presuner bat ikusi berria dugu, Alaman eskolatu bat, gure lerroetarik treinerat zeramatela.

      Itxura ederrak zituen oraino. Egunean aphairu bat ona egiten omen dute soldado Alamanek; aratsean, ogi eta arno.

      Gezur edo egia, erran du bertzalde kuraje handitan daudela bethi; Rusoak lehertu ondoan lothuko direla berriz guri buruz, ez badugu arte huntan bakea galdatzen.

      Arrapostua ukhan du laster, ez dakitela gure berri; oro bihotz eta gogo bereko girela; lana nahi dugula bururatu, eta eginen dugula, behar den denborarekin, Alamanak lehertu artio.

      Orduan gizonak, burua aphaldurik, erran du, bere gisako laztura batekin: «Gisa hortan, akhabo gira!»

 

 Zer eskas

     Gauza jakina da, gerla hunen hastean ez ginela prest. Zer gisaz, eta noren hobenez, ez dago guri hortan sartzea.

      Frantsesak atheratu dira hinka txar hortarik, mirakulu handi bat baitzauku nola ez gituzten etsaiek garbitu lehen egun lazgarri hetan. Atheratu gira, Jainkoak lagundurik eta gizonek ere, beren batasunaz, soldadoek beren kurajaz, aintzindariek beren zuhurtzia handiaz.

      Bitoria osoaren irabazteko handik harat, gauza bat ginuen eskas: denbora.

      Etsaiak berak eman dauku denbora, lurpean sarthu den orenetik. Denborak, emeki emeki, ezarri gitu prest, edo bederen ezarriko laster, ez balinbagira oraino hartan.

      Kanoi handiz badugu hastean baino zazpi aldiz gehiago. Agertuko dire berri zonbeit oraino.

      Kanoien hazkurria ginuen eskas bereziki. Hastean baino sei aldiz gehiago moldatzen dugu. Hein hori ez da oraino aski. Gerlako ministroak berak errana du seietarik bederatzietarat heldu behar girela.

      Aintzindari hanitzen arabera, gerla hunen trenkatzea kanoien hazkurriak du egin behar. Zoinek ere fornitzen ahalko baitu gehienik, eta hura geldituko da nausi.

      Anglesen aintzindari lehenak gauza bera dio bethi. Horra zertako lan hortan ari diren azkarki bazter guzietan.

      Bainan ez dire langileak aski. Behar da geia. Bolboratik hasirik, kobre eta bertze zer frango sartzen da hor. Guk oro gure ditugu, itsasoari esker. Alamaniak ez.

      Ezagun da jada aspaldian xuhurtuak dituztela.

      Biziki gehiago ari gire kanoiekin, bereziki egun hautan. Ez ditugu gehiago uzten hatsaren hartzerat.

      Arrapostua bakhan emaiten daukute. Ez erran ez zaiotela balio. Ez erran geroko biltzen ari direla. Biltzen ari dire, segur; bainan anhartean ez dute arrapostuaren emaitekorik.

      Baitezpadako gauza da gerla huntan, kanoien mintzaraztea, etsaia kitzikan ari delarik, ixilarazteko, eta bereziki soldadoeri bihotzaren altxatzeko.

      Ez du deusek hala hausten soldadoaren kuraia, erreketan, nola bizkarraren gainean senditzeak kanoi etsaien hixtua haren aldeko kanoiak mutu dagozilarik.

      Beraz oraikotz gaina dugu hortaz eta ez ahantz hori dela guzietarik lehena.

      Gainaren ukhaitea hein bat ez baita ordean aski! Etsaiaren lehertzeko kanoiak pazkatu beharko ditugu nahi duten bezenbat.

 

 Aireplanak

     Ez dugu ikusten hanbat aireplan etsai gure gainean. Agertzen diren bakharrak, goizean goiz jin dire, argi puntan, gure xori gizonak oraino lo zaudelarik.

      Batek aurdiki daizku herri baten gainerat zortzi «bonba» lerro lerro. Ez da halakorik, lo egile handi batzuen iratzararazteko.

      Tirari txarrak dire gain hartarik Alamanak. Bethi huts egiten dute. Ez dut ikusi bat baizik xuxen ari. Egun berean egin zituen bi itzuli. Bietan norbeit atzeman, edo zerbeit.

      Frantsesa eta Alamana biak agertzen direnean, errex da jakitea laster zoin den Alamana, nahi bezen gora izana gatik... Aintzinean doana da bethi Alamana, ihes bere lerroen gibelerat...

      Aphirilaren 19an

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Eskual-Herri

 

 BAIONA

     Deusek ez du hala pizten bihotza gerla egun hautan, nola ikusteak lan handi batzu, gerla aitzinean hasiak, gero utziak dilindan, gizon eskasez eta, erran zitaken, diru eskasez ere: eta geroztik hunat berriz lothurik, hurrikixko, bainan ederki doazila.

      Hemen gelditu langilentzat ogiaren irabazpide, ez baita guti, eta oroz batean seinale, konfiantza oso daukagula geroari buruz.

 

      Lan handi, gerla bethean, aitzina doazinetarik bat hemen dugu, Baionan. Sant-Ispiritako zubi luzearen ondotik, Mayou deithu laburragoa, eta luze arau, puskaz zabalagoa.

      Lan bat ederra, gerlan ez bagine bezala deramatena; lan gaixtoena eginik, ondarreratzen ari dute. Aldetik iragaiten nizen guziez gogoratzen zaut, bethi bera: «Zoin eder izanen diren gure soldado gaizoak, gerlatik heldu, Baionaraino treinez, alegerarik agian, handik hiriko-etxe aitzinera, lerro-lerro, zubiz-zubi. "Vive la France! Vive l'armée!"».

 

      Espainiako karrikan sartzea ere ari dute zabalduz edertzen biziki, harrasi zahar lodi beltz hetarik puska bat aurdikirik, ohiko «porte d'Espagne» hura utziz osorik, orhoitzapentzat, atheratzean ezker, bide berriak bazeramatzala Miarritzeko bidera xuxen.

 

      Semenario Handia ere baderamate ederki. Atseginekin irakurtuko dute apezgei eskualdun gerlan direnek, lanik handiena eginik, azken teilen pausatzen ari direla, gaitzeko aro onarekin, langileak.

      Barne zolatzeak eta garaitikoek oraino galdatuko dute denbora; bainan atherbeko lana zalhuago doa, euriak ez deusek gibelatu gabe.

      Merezitua ukhanen dute, gerlatik lekhora, ixtudiant soldado gaizoek, apeztasunera hel artinoko atherbe bat ona.

      Zerbeit gostaia ere izanen baita, bururatzen denean lana, kaperak eta oro. Hura ezta oraino hasia. Noiz hasiko duten eztakigu. Behar da ahal.

 

 MENDIONDO

     Soldadoen ohorezko medela eman diote Jean-Pierre Cyrille herri huntako seme bati. Infanterian du egin bere zerbitzua.

      Medelari eratxikiak dire hitz hauk:

      «Très bon soldat grièvement blessé».

      Hau othe da, oraino etxerat ethortzekoa, eritegi batean daukatena begietako bixta osoa ez bada, ahal guzia beiratu nahiz, aitari eman baitio Hazparneko Jaun Merak, semeari buruzagiek igorri medela?

 

      Armand Ainciboure errezerbista, Pierre Suhas, Pierre Etcheverry, Pierre Hirigoyen, territorial-ekoak ere ohorezki aiphatuak izan dire, gerlako eginbidea ederki betherik. Biba zuek, eskualdun soldado onak!

 

      [Gerla hastetik hunat, egun bat goizago hesten da gure lantegia; eta censeurs direlako jaun heien nahiz oraino egun erdi bat goizago. Gerlan gerlako gisa.]

 

 MILESKER

     Amerikano batek erakutsi dauku letra bat, diona: Uruguay-ko Eskualdunek nahi ukan dutela egin Argentina-koek bezenbat heiek hezala igorriz, elgarren artean bildurik, gerlako zaurien eztitzeko, Eskual-herrirat, 25 mila libera.

      Iholdiar andere on batek, Graciana Arangoitz de Argul deithuak —aspaldian Montevideon bizi delarik, ez baitu oraino ahantzi sor herria— bildu ditu, etxez etxe galdeka ibilirik, gerlak jo eskualdun familientzat eske, hogoi-ta bortz mila libera hoik.

      Berak dio hegoaldeko Amerikan dirua hoin xuhur delarik, zerbeit dela hori. Ontsa pulliki erraiten baitu, hanitz ez bada, ez dela ere, guti «no mucho ni poco» 

     Biltzale igorlearen arabera, beharko da soma hori zathikalu Eskual herriko hameka kantonamendu hemen izendatuen artean, orori bardin: Ustaritze, Doniane-Lohitzune, Ezpeleta, Doniane Garazi, Baigorry, Hazparne, Yholdy, Donapaleon, Maule, Atharratze, Baiona.

      Sos horren emailen izenak agertuko dire liburuxka batean, gerla huntan zorigaitzak hunkitu Eskualdunek irakur ahal ditzaten itsasoaz haraindiko eskualdun haurride laguntzaleak nor eta nor izan diren.

 

 ZALDI EROSLEAK

     Tropetako zaldi erosle Tarbetanak Baiona Sant Andres-eko plazan izanen dire, maiatzaren 19an eta 20an, goizeko 9 orenetan: 19an lau urteko zaldien saltzea; 20an, adinekoena.

      Hemezortzian jaun berak Donapaleon izanen dire, goizeko 9 orenetan, orobat zaldi erosteko, elizako plazan.

 

 

 

Zer eta zer

 

 HAMALAU KASKOIN

     Baiona huntan, gerlaren kariala iknsten ez duzun soldado gei eta ohi, gazte eta zahar motarik ezta; batzu hola, bertzeak hala.

      Hastetik hor harat joanak joan, eta geroztik oraino hainbertze, adin guzietako, bederatzi hilabethe huntan, bethi oraino eta bethi aitzina nonbeitik hunat heldu gizonak, alde orotarik, multzoka.

      Ikusirik baizik ez ginuen sinetsiko, bazela Frantziako zokhoetan hoinbertze gizon begiko, itxura ederraz bertzerik dutenak, segurki halere.

      Jin berrienek ukhanik ere bihotza handixko, ageri urhatsetik eta orotarik, badutela zain eta odol; eztaudela ukho eginbidearen bethetzeari.

      Eite bereko dire gehientsuak; bakhar zonbeitek itxura hitsa, ikusteak bere hala gogorat emaiten dautzula: «Horxeko hori eta hanxeko hura agian erreformatuko dituzte, gaixo gizonak!»

      Batzu ahulez higatuz, hanitzak zainhart ginharritsu azkarrez, begietarik ezin utziak dire. Behin ikus eta ezin ahantziak zenbeit, banazka ala hamarnaka; heien begitarte onak jarraikitzen zaitzu egun eta gau.

      Iragan astekoa dut orhoitzapen hunkigarrienetarik bat, hau: Eskualdun-aren lantegian sartzera nindoalarik, Bourgneuf karrika guzia zabalean hartzen zutela heldu, beren puskuntziak eskuan, erleak bezala multxoan elgarri hurbil,— ah! zer gizontze begiz jatekoa!

      Zonbat ziren kondatzea etzen errex; hain zoazin tinki eta urhats bizian! Burua xut eta bulharrak aitzinerat; etxeko jaunzturan oro eta ja soldado bezti balire bezen trebe zangoen gainean.

      Iguzkiko ala itzaleko, bazen guzietarik; bainan larru ona, sanhoa orok.

      Bat, biga, hiru, lau, bortz, sei, zazpi,... hamalau, khondua begiz jali nueneko, aditzen dut gibelekoetarik bat bertzer erraiten gora-gora: «Allons toucher la main à ce brave curé».

      Ahotik jali dueneko, nik: «Eh! qui vous a dit que je suis brave? — Et vous, pourquoi vous nous regardez comme ça, qu'on dirait qu'on se connait? — Voir si c'était des Basques. — Il n'y a pas que les Basques seulement de braves, non, Monsieur le curé. — Vous aussi donc alors. — Eh! oui, té!»

      Oro batean mintzo ziren, puskuntziak, brau, orok lurrean pausaturik. Bizpahiru minotaz erran ahalak elgarri erranik hanxe, kaskoinak zirela, oro herri bereko, edo auzo hurbil, oro aita familiako jainkotiarrak; elgarrekin hor harat joaiteaz oro kontent, beiratuko zutela elgar eta kuraiastatuko.

      Puskuntziak orok lurretik altxa, au commandement, un, deux, trois, marche!

      Urruntzearekin batek agertzen daut liburutto bat sakelalik: «Nous avons ça tous». — Le manuel du soldat edo zerbeit holako du izena. Han dituzte izkribuz beren eginbideak Jainkoari, Herriari, elgarri buruz.

      Lagunek, gibelerat itzuliz oihu egiten diote, jarraik dadin. Eta orok, azken hitz: «Bonjour, M. le curé, priez pour nous et pour nos familles».

      Hunkigarri zen egiazki eta bihotz altxagarri.

 

 ZAZPI ESKUALDUN

     Zazpi ala sei, zin egiteko, ez nakike xuxen; noiz nola naski.

      Begitarte oneko, gizon gordin pizkor batzu hauk ere, salbu bat edo bi, bertzeak baino akhituxago; ez balinbadira eskualdunak, hauk bederen, beren barneko motx mahungadunekin, kaskoina naiz nihaur.

      Ustariztar, Ancildar, Eiheralarretar, Larzabaldar, Mendibetar, Esterenzubitar (bat ahanzten badut, barkha).

      Kara oneko gizonak oro, nahiz baduten halako aire zilin bat, bereziki batek, bi eskuak sakelan erabilki, denbora ezin garhaituz, beren etxeak eta etxekoak bethi gogoan; artho egin behar gorri hek eta oro han, emazten eta haurren gain.

      Nork erran gaur edo bihar gizagaizoeri, doazila jin bidez etxerat, eztela gerlarik gehiago, irabazi dugula, zer jauzia eta zer irrintzinak!

      Eta zer kobla lerroa lezoken eman berri onaren karleari, batek!

      Bainan eginbidea hor deno, hari daude. Ilhuntzirietan tzit kusten ardurenik, bethi berak elgarrekin, bat goiti-beheiti, katredal eliza sahetsean benedizioneko ez bada, arratseko othoitzaren egiteko harat hurbilduak.

      Holako batzuekin bizpahiru aldiz solas eginez geroz, hartzen da elgar, eta gogoratzen ere ba, eni ez bada zuri, kanpoan xutik baino hobe litakela jar [...] nean, ezpainen kotsia bustitzeko baizik ez balitz ere.

      Eztut bada atzo banda guziarekin buruz buru egin hiriaren bertze hegian, hango elizari hurbil! Sartzekotan ziren araiz, ororekin atxikitzea on baita, eliza eta ostatu.

      «Agur, jaunak. — Bai zuri ere. - Zuek bethi, elgarrekin, ba, haatik. — Badiziu elgarren beharra, ez osoki zozotzeko, hemen alfer hola, gogoa mendi alde hartan dugularik! — Eta aladere, nun duzue Esterenzuby? — Garako alde hortarat joana; bere egitekoz. — Ez arraintzarat? — Ez, jauna: heldu dela berehala erran diaukuzu. Igurikitzen ahal bazinu, hain xuxen, errana diaguzu, hitzño bat balukela beharri xilora zuri erraiteko. — Etzit, aizinarik gaur; errozue goraintzi.

(Segida gerla ondoan)

 

 

 

Ziberoan

 

 SOKHORRIAK

     Beharrünantari lagüngua egitia bethi obra hun bat da; eta egiten dianak, mereximentü handiak dütü:

      Gure soldaduen emazter eta aita-amer sokhorri egitia ere hatsarrez ezinago obra huna eta baliusa zen, bena geruago eta gehiago ari da itxusten, zeren den nuizik behin züzenik gabe galthatürik eta beste hanitx aldiz, egiazki züzenez galthatzen dianari arrafüsatürik.

      Eta, egiazki nurk lüke züzena Allocation deithü sokhorri horren hunkitzeko?

      Langiliak sodado phartitürik dütien familiek orok, nun ez dien aski aberats gerlak diraieno arrandaz bizitzeko.

      Badira hanitx laborari etxe nausia eta mixkandiak soldado beitia, eta emaztiak eta haurrak etxen.

      Zer profeitü dü gisa hortako laborari etxe batek hamar mila libera intresian ükhenik, ez badütü üda huntako lanak eginik? Dagün urtheko, gabeziari bürüz da.

      Badira ere hargatik beste etxetto zunbait gizon bat bera soldado denik, beste bat edo biga laneko hunak etxen, eta halere sokhorria galthatzen beitie,... eta ükheiten.

      Hori züzenik gabe galthatürik, eta jüstiziaren kuntra emanik da.

      Ala igante ala merkhatü, jentia biltzen den lekhü orotan ez da beste konbersarik, gaizki phartitü sokhorri horiez baizik.

      Üdüri zaña holakuak eta halakuak, haiñ aberats dielarik, amuina galthatzen!

      Egüriozü! Bere doiaren egiteko hun ez denak eta lagünik ez dianak, ez dizü behar phentsatü sos muxi bati so-egitez gerla denboran bizitzia; badizü züzena emaiten ahal dianari sokhorri galthatzeko;  ezi lanetik bizi dena, langilerik ez badü, deüs ez direnen herrokala erorten da.

      Bena beste horrek hirur langiletarik biga etxen, eta eskia hedatzen halere, ez deia otsez bere aizo gizonik gabe baratia beno aberatsago?

      Holakuak behar lütükie herrietako aitzindariek eta gaiza horren phartizale direnek bere herrokan ezari.

      Erranen deitade jaun mera horiek nahi diela orori khausitü: galthazaler orori nahi deiela ükhen erazi soldata hori.

      Ez da hori aitzindari jüsto baten mintzatzeko manera.

      Ez dieia ikhusten langiliak nun dien eta nun ez?

      Ments dien lekhian ez deia ordari baten phakatzeko sosa nesesari, etxenkuak bere bizia arixkatzen dianaz gañen kartielaren süstengatzeko?

      Othoi arren beharrünantak eta behar gabiak hobekixe pharti ditzen, galthegiten deiegü aitzindari horier; etxiaren ez barnekuen koloriari so-egin gabe, beharrüniari berari so-egin dezen: gerlaren medioz oro adixkidetü beikira, bere kholkoko ez dütien züzentorrak ere untsa lagünt ditzen, amorekatik eta Frantziaren haurren ororen algarrenganat ara-jüntatze hori gure kartielian ere uhurez hedatürik izan dadin.

 

 LIGINAGA-ASTÜE

     Ez ahal da bizizale grado bi herri txipi horrik bezala gerlak hunkirik denik Frantzia güzian.

      Badira egündara bait hamabost soldado hilik uhurezko lurrian.

      Latsaga-ko semia. Etchecopare-kua, Salaberi-kua, Elichabe-kua, Egürbideborda-kua; Ezkürbe-ko bi semiak, Irigone-kua Eskapilaborda-kua, Salaberiborda-kua, Churitegui-kua, Inchauspe-kua, Idiarte-kua, Üthüralte-kua.

      Düdarik batere gabe, nurk bere familietan dolü handia ezari die gaixo mothiko gazte horriek; bena düdarik gabe ere sekülakoz uhuretan ezarri dütie bere sor lekhiak.

      Ezin aski laidatüzko gizon gazte herroka eder horren izeneak merexi lükeie ondokuer igaran-erazirik izatia.

      Hartakoz behar lütükeie ürhe hitzetan izkiriba-erazi Astüar horien izenak Phikozar zolan orano xüti dagon lehenogoko ihizlari nublen bil-etxian, Ahargorik aisa bil leitian harri phikatü eder batetan.

      Liginagarrenak aldiz ber gisan Ahargorik eraits leitian harri pheza eder batetan, zuiñ sekülakoz segürta beleite kharrikaren erditan.

      Bere kartielaren süstengatzeko odola ixuri dienek, merexi die ez gütürik izatia.