Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-04-23: Onera goazi, osoki onera

Nekez sinetsiko luke esaldi hori ziloa derrigorrezko habia duen soldaduak. Ezin esan gerla honetan zein den berritasunik handiena. Lurreko gerran eta estrategiari dagokionez ziloena begitantzen zaigu berrien. “Hola bizi ala hil, zer ote da hobe?” galdera pausatzen du kazetariak. Alta, airezko gerra da ezezagunen, bai Eskualduna-k bai Kirikiñok zepelinen “balentriak” aletzen dizkigute. Bestalde Garros xori-gizona preso hartu dutela gaztigatzen digu Baionako kazetak. Italiaren balizko parte hartzea, Austria gerlaz asea omen, lehengo lepotik burua aste honetakoan ere.. Euskal Herrian gizona gerlan duten emazte eta seme-alabendako diru-laguntzen afera kezka iturri dira hainbat merentzat. Batxi onik dela diosku Kirikiñok.

 

 

ZILOETAN

 

     Zeirbeit ikusirik daude gure soldado gaizoak beren ziloetan, eztea hala? zortzi hilabethez, bereziki neguan, euriarekin, hotzarekin, elhurrarekin egun eta gau; zangoak belhaunetaraino hormatuak batzuetan; bertzetan gerrirainoko urean igeri; noiztenka bulharretan gora gaindika; ihes egin behar, ez ithotzekotz hanxe.

      Hola bizi ala hil, zoin othe da hobe, zuen ustez? Diote, —sinestea ez baita errex— soldado hanitz badirela ziloetan bizitzeak on gehiago egin baitiote, kalte baino; ahultze orde, azkartu baititu; eritze orde, sanhotu, gogortu, sorhaiotu eritasun guzien kontra.

      Lehen oro eztul, oro zintzurreko min; orai sekulan deus, ez eta marhantaxka bat ere.

      Lehen soineko aldagi, ohe bero, tisana eta maina, sekulan ez aski; orai bethi, lohipean, bethi bustiak; barneko ala gaineko jaunzturak oro ur-hanutak; su poxi baten pizterat ere gauaz ez haizu, suaren argia etsaiak ikus beldurrez; eta esku lanak bizkarreko larrua, ahurreko azala loditzen, zailtzen duen bezala, ez-axolarazten norapeit gorputz guzia soldado hanitzi.

      Ez orori, ez eta bethi gotorreneri. Halako batzu kraskatzen ditu ziloetan bizitzeak; ihia bezen ahulak bertze batzu pizkortzen zituelarik.

      Ba eta, bitxi dena, gizentzen ere zonbeit.

      Halere, dezagun aithor egia: on baino kalte gehiago ziloetako biziak, bana bertze. Zonbat erromatisma, bulhar galdu, eztul gaixto, zango hormak hil, moztu behar ukaiterainoko! Zonbatek ez dute zilo hetan ja bizia utzi edo laburtu!

      Osasuna behin bethikotz galdu, zonbatek!

      Gogoratzea da gehiago, gerlaren egitea lurpez, gizonak azkon, basurde, sathor batzu balire bezala.

      Eta nori behar holakorik gogoratu, eta noiz? Mende huntako eta aspaldika populurik urguluntzienari; bere jakitateaz, jendetasunaz, espantuko bethi ahoan duten civilisation,... alemanez kultur delako hartaz espanturik aski egin ez dezaken populuari!...

 

* * *

 

     Orizue, jende onak; norbeitek, duela bizpalau edo gutiago urthe, —zer diot?— jaz, erran balauku, aurthen gerla behar ginuela, nork sinets hoin luze iraunen zuela? Itxurarik etzuen.

      Ez zireztea orhoit, hor behera lehenik joan ziren eskualdun gazte gaizoek zer zioten etxekoeri eta auzoeri adio erraitean: «Umia-Sainduko hemen gira berriz; eztu iraunen gerla hunek; eztezake iraun.

      Oraiko tresna izigarriekin... Hilabethea gabe leher eginen du goiti edo beheiti, norapeit».

     Egunak, asteak, hilabetheak joan dire. Agian ezta urthe osoa joanen, gerla madarikatu hau bururatu gabe. Agian. Bainan nork daki?

      Labur irautekoaren itxura guziak zituelako gerla, huna non doakigun etsigarriki luze. Nori esker? Noren nahiz?

      Alemanak nahiz hola, haste hastetik; alemanaren thema tzarra zelakotz; bere ziloetarik nehork ezin jali-arazizko buru-gogorra, mando burua baino areagokoa.

 

      Komunzki bi etsaietarik ahulena, beldurtiena da lurpean gordetzen, edo salbaiena, iguzkitara jazartzeko gutienik on dena. Zerk dio gogorat eman gudu izigarri huntan, zilo batzu lurpean eginik, hetan sartzea, iduri beldur, etsaietarik azkarrenari?

      «Nor naiz ni? Beha hunat ene itxura eder, aphaindura distiant eta indar gaitzari... Beha orok»... Eta urguluz larruaren barnean ezin egona lothua zaion oren berean horra non zaukun bere zilo ilhun beltzetan kukutu.

      Etzaioke huni erran: «Harria bota, eta eskua gorde». Erran behar da, izaitekotz: «Ehortz gizona bizirik lurpean, eta handik ar tiroka».

      Alemanaren bertze abrekeriekin emaiteko on da garbiki, hori ere.

 

* * *

 

     Nola zaioken gogoratu, zagote galdez. Gogoratu, nola? Bertzerik ez ditake ihardets, baizik ere hau: «Jainkoaren nahiz. Jainko on harek, ororen buruan, Frantzia nahi baitzuen salbatu, eta Frantziarekilakoak. — Zer? Arroil-erreka itsusi hoik, zilo beltz hoik Jainkoak nahi zituela, gure onetan? — Ene eta bertze hanitzen gogora ba.

 

      Alabainan, gauzak diren bezala ikusi nahi dituenarentzat zilo hoiek gaituzte hastapenean begiratu, gu, Frantsesak, orduan ahulenik ginenak.

      Eta huna zortzi, ja hurbil bederatzi hilabethe, zilo hoien gerizari esker iraun dugula, eta iharduki etsaiari.

      Zilo hoik gabe, gureak egin zuen, ez baikinen prest; gerlako baitezpada behar direnetarik asko eta asko eskas baikinituen.

      Eskas, guduari lotzeko, Charleroi-ko gudu lazgarriak berehala erakutsi zaungun bezala; eskas, ordutik laster, la Marne-ko garhaitze aiphagarri hartan, erhaustera gineraman etsaia utzi behar ukan baikinuen, ihesi zoala, tresna eta tresnen hazkurri eskasez, artilleria eta bertze.

 

* * *

 

     Hastapen hartan eta geroztik, egungo egun hauk arte, tranchées direlako ziloek eman daukute has aitzinean eskas ginituenak ondoan egiteko ahala; guziz denbora.

      Etsaiak 44 urthez gerlarentzat egin lanak, nola egin guk zonbeit egunez edo astez? Zer dire zortzi aste edo hilabethe? Ontsa pentsa-eta zer zitazken zortzi urthe ere? Ez gerlaren egiteko, bainan preparatzeko? Hamar eta hogoi urthe ere, zer berrogoi-ta lauri beha eta?

      Errazue: mirakulu bat handia ez tea, hainbertze gerlako tresna puska: bala, harma, kanoi handi eta ttipi, batzu zahar berrituak, bertzeak osoki berriak, egin baitituzte, zortzi hilabethez?

      Lurpean sartze beharrik etzuten alemanek... Guk ba, zilo hetarik etsaia larderian atxikiz, lan gibelatua egiteko. Guretzat arizan dire, uste gabetarik, alemanak, zilo egiten, beren kaltetan.

      Jainko onak du hori nahi ukhan.

      Orai zilo eginak egin, hetarik debruak ezin atheratuak izanen direla baitiote, gerlaren finitzea, berandetsia dutenek, bego Jainkoa; harek emanen dio, gure onetan etsaiari gogora, zer egin.

 

      Anhartean, guhauri gure baitharik sekulan bururat jinen ez zitzaukuna, horra hor lur zilo hastio tzar hoitan Jainkoak nola zaungan gure salbamendua.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, apirilaren 14an

     Les Eparges mendi hegal eta gain hura, zerbeit gostarik guretua, berriz hartu nahi ukhan daukute; haren orde harturik zafraldi bat ona, gure artilleriak emana, gibelerat egin dute.

      Orobat dute etsi; hura eta halako bertze asko, ez dauzkate eremanik. Galdua gal.

      Zeppelin direlako tresna hetarik bat ari zauku airetik bonba botatzen Bailleul-eko hiriari.

      Bertze bi aireko, «avion» deithuetarik  itzulipurdika erori zaizte gure lerroen erdira.

      Italia, gure alde lotzeko, azken prepairuetan omen dugu. Ez irri egin: oraikotik ezta aireko solasa. Esker guti dio Alemaniak bere adiskide lagun ohiari, zeren dagon geldirik. Otrixiak are gutiago.

      Heiekilakoa, nahi eta ez, egina du.

      Ikusiz geroz, heietarik eztuela zeren, hemendik harat, deusonik igurik, anglesari eta guri dago. Eztezake luza; egunetik egunera gureagotuz doakigu.

      Greziak ere guti aski duke, gure alde jartzeko, erregek nahi ala ez.

      Egungo berririk handienak, hoik dire.

 

Ortzegun, 15ean

     Zeppelin aleman bat badabila bombe aurdikitzen Angleterrako itsas hegiz hegi; gure avion bat, ordainez, aleman aitzindariak biltzen diren tokiari kanoi ukaldika.

      Kasik orotan ari gitzazko gainaren hartzen.

 

Ortzirale, 16an

     Airezko gerla noraino behar othe zauku hedatu? Atzo zeppelin bat, egun biga dituzte igorri alemanek Angleterrako leihor hegien izitzera; 35 bombe botatzerainokoan. Ondorio guti.

      Gure xori gizon Garros aiphatuak taube (urso) deithuetarik bat uzkail-arazi du.

 

Larunbat 17ean

     Barda oldar gaitzoan jazarri zauzku, Notre-Dame-de-Lorette hartu nahiz. Iharduki diotegu.

      Aisne ur handiko aldean barpe zilo batzuetan gorderik baitzauden gure kanoi handien tiroek zapart egin-arazi diote hanitz tokitan.

      Alde batetik ala bertzetik, artilleriak dauka, orotan kasik, egunaren goiti beheitia. Maizenik, gure artilleria nausi, ez bada berehala, bederen arratsekotzat.

      Vosges mendi gainetan eta behereko zolan, ur-hegiz ur-hegi, aitzinatuz goazi.

      Beljikan, angles avion batek aleman bat uzkail-arazi du eta frantsesen arterat aurdiki. Gidaria hil eta so-egilea bizirik gelditu gure eskuetan preso.

 

Igande, 18an

     Alsacen, aspaldian egin zuten indarrik handiena eginik, bereziki artilleriarekin etsaiak ezin garhaitu gitu. Hil hanitz utzirik eta presuner multzo bat, etsitua, joan da gibelerat.

      Beljikano gizon-xori batek pusketan aurdiki du aleman gizon-xori bat, Roulers-etik hurbil.

      Carpathes mendietan Rusoek «à la baionette» garhaiturik etsaia, mila eta ehun eta hamasei presuner hartu diozkate. Hilak bertzalde; hil hanitz.

      Turkoak, Alemanen uztarria lephotik, akhituak omen dire.

      Kolera, gaitz lotsagarria ere tokitan hasia omen dute, ez baitzuten deus beharragorik.

      Torpilleur batek berriz horra non deien zapart egin, ehun bat gizon hanxe gelditzen direla ithoak.

      Dardanelles-etan aro gaixto eta zer guzien gatik, angles untzi batek egin du omen urhats bat handia eta leihor hiri bat kanoi-ukaldika xehatu.

 

Atelehen, apirilaren 19an

     Otrixia, gerlaz asea, baketu nahiz dabila. Aita Sainduaren arartekotasuna ez baduia galdegina, galdatzekotan dela diote. Nork daki? Ageriko.

      Yser ur-handiaren hegietan alemanek gaina zutela baitzuten orotan afixatua, goizegi zutela egin kukuruku oharturik, beren afixak oro kendu dituzte, eta bertze batzu ezar. «Indar handia egin dugu eta gizon hanitz galdu». 

     Berek hori hola aithortzen dutenean, pentsa zer muthurrekoarekin geldituak ahal diren.

      Serbia eta Grezia, makurtze zoazinek, bakea egin dute. Hobe.

      Otrixia eta Bulgaria, bakezko solasetan zirenak, makurtu dire. Hobe, hobe!

      Bizia itsuski kariotzen ariz Otrixian, ezin gehiago kexu omen dire bazterrak oro.

      Grek itsas-untzi bat jauz-arazi dute alemanek: ba, on bazeie, pagatu beharko ere. Egin bezate, egin holako. Ukanen dute geroago eta gehiago etsai. Hobeee!

 

Asteart, 20an

     Italia oraikotik lanean ari da gerlari buruz, karraskan.

      Hamar presuner aitzindari aleman eta otrixiano espakatu dire Rusiatik. Hiru bizirik hatzeman dituzte, bertze zazpiak hil dire hotzez, nekeduraz eta gosez.

      Japoniak bere itsas-untziak sar-arazten ditu bere leihorretarat; zer xedez othe? Alemanak guk baino griñá gehiago duke, zeri dagon hor.

      Rusoak aitzinatuz doazi; xoilki Poloniako aldean, horma urtzearekin, lur guzia lohitua omen da; nehor nehorat ezin higi. Han diren alemanak hirrisku handitan omen dire; ixtilpe hartan geldi beldur. Agian ba!

 

      Garros gure xori-gizon famatuenetarik bat, bere tresnarekin jautsirik ezinbertzez, etsaien eskuetara, preso hartu dute igandean. Damu da!

 

 

 

 

Les allocations militaires

 

     Hastetik beren senharrak suko alderat joanak dituzten emazteki hanitz errenkura dire, ez dutela ukan, ala berentzat ala beren haurrentzat, geroztik joanak dituztenek bezala edo bezenbat eta hortaz beren herrietako mereri dire aiher. Merek hortan deus hobenik ez dute: bainan huna zer den gertatzen.

      Hastean manua zen, laguntza hoien ximenki emaiteko, eta arras beharretan zireneri bakarrik. Gero, neguan, abendoan, gerlako ministroak erran zuen eman zitazkela ausarkiago, lur zenbeiten jabe edo tratulari bezala zerbeit zerga pagatzen zutenari ere.

      Ordutik laguntza hoik ausarkiago eman dire. Gure herrietako merek galdatu dute berehala, arabera hortarat, lagunduak izan diten lehenago ardietsi ez zutenak ere. Bainan Baionako komisarioek ez dute holakorik onetsi nahi.

      Zertako? — Ez dakigu batere. Bizkitartean, iduri luke guziak errexki, hein bererat eman ditazkela.— Galde hoientzat hastean egin ziren paperak hor dire oraino. Aski liteke heien berriz miaraztea, ikusteko zer dioten; eia emazteak gobernamenduko laguntza ardiets dezaken, gerlako ministroak azkenik igorri manuen arabera.

      Emaztea ja aski behardun ezagutua balin bada laguntzaren ukaiteko beretzat, eman bezote berdin hamasei urthez azpiko dituen haurrentzat ere.

Un maire du Pays Basque

 

 

 

Gerlarien berri

 

     Aste guziez hemen gaude, begiak xuriturik: noiz ekarriko dauzkun fakturrak, pietunak, —emozue nahuzuen izena—gerlarien berri ahalik gehiena.

      Aste bat edo biez barur egin arazirik, herenegun gaztiatu dauku hango berri heltzale jarraikienak, atzo ukhanen ginuela berri zama bat ona. Hemendik haraino aditzeko milesker oihu bat egin diogu berehala.

      Atzo berririk ez; egun berririk ez. Treina huts egin dukete guk hemen ahoa zabalik iguriki berriñoek.

      Heldu den astekoek agian ahantz araziko dauku egungo eskasa.

 

      Anhartean, Jainkoak igorri othe daut atzo, huts hunen bethetzeko, Eskualdun-ean ez baita huts ttipia, Gerlarien berririk ez!... letra bat eskuetara, uste gabeko atsegina! Huna zer eta nolako.

 

      Gerlako berriak nork ditzazke, zuen arabera, hobekienik eman? Soldado aitzindari handienek, argituenek araiz, eztea hala?

      Arren jeneral handi baten letra da, —ahantto halere— nik atzo irakurtu letra eder, hunkigarria. Ez eni buruz igorria jeneral handi harek —nahiz jakin berri dutan, zuetarik zonboitek bezala, Eskualdun-aren egiletarik bat, eta hura hau, zuen zerbitzaria, Parisen zela berriki, bakerako lehen solasetan bere hitzaren erraitera joana hango jaun heieri.

      Solasak ekarririk, erraiteko baizik ezta, zer xarboak osorik eta gordinik irets-arazten dakiten buru-buztanik gabeko berri egile batzuek, gutarteko jendeari!

 

      Othoi beude haur elheak haurrentzat. Zentzuaren adineratuek atseginekin duzuela irakurtuko daukat hauxe: Frantziak egun hautan bere armaden aitzindari dituen hiruzpalau jeneral handienetarik batek ahaide hurbil bati, hots, bere aneiari, joan den astean izkiriatu diola letra bat ona, ezin hobea; paria bainezakezue zuetarik batek eztuela ukhan, handik hunat, hoin letra ezti, gozo, bihotz altxagarririk.

      Konfiantzaz bethea; berandetsia ba, zuek eta nik bezala, gerla hau bururaturik ikustea; bainan azkenean irabazteaz duda mikorik.

      Garbiki diola, bertzeak bertze: hurriki egin lanak ez balinbadu orai zalhukiago baloa bezenbat esker, askarrago dela izanen, iraunkorrago eta odol gutiagoz egina.

      Anhartean, oraidanik gaina dukegula nahi dugunean. Hitzez hitz, haren azken lerroa huna: «Nous allons à du bon, à du très bon».

      Eskuaraz erran nahi baitu: «Onera goazi, osoki onera».

 

      Holako batzu ez sinestekotz, nor sinets?

 

      Erran den letra bere aneiari izkiriatua soldado aitzindari harek, aneiak adixkide bati heldua hunat, dut beraz irakurtu, etxe batean ene egitekoz gerthaturik.

      Egin dautan atsegina zuentzat ere on zitakela iduriturik dautzuet saltzen berri hau, gosta prezioan, eta ez bertze xedez.

      Handikari, eta «holakoa ezagun, halakoa elhaire» dariotenik ezta, Jainkoari esker, oraino nehor Eskualdun-ean.

      Ez eta izanen agian gure ondokoetarik ere nehor.

 

 

 

Eskual-Herriak

 

 DERRÉCAGAIX

     Izen hori «de Errekagaitz» eskuara garbienetik da. Xubero Sohuta-ko etxalde zahar bateko seme zen, hor hil delako jeneral aiphatuaren aitaso eskualduna.

      Herritik soldado joan eta behingo soldado gelditu, noiztenka sor-etxerainoko bat eginik ere arroztu zitaken emeki-emeki sor-herri eta sor etxearekin amiñi bat, Errekagaitzeko nausia.

      Baiona alde huntan kokatu; haren seme bat medikuturik baionestu. Halere... behin atxiki zuten Xuberoko sor-etxea, bordaritan emanik.

      Azkenean saldu herritar familia itsasoaz haraindiko itzulia eginik onthu bati, esku beretan baita oraino.

 

      Baionan zen sorthu jeneral hil den hori 1833an. Beraz 81 urthe zituen.

      Kargutik kargura, behin gerlan ibilirik, gero soldado aitzindar-geier eskolemaiten; gero gerlari eta soldadogoari doazkon liburu eta bertze buruzko lan handi egiten, bizi bat ederki bethea iragan du, lanari emana osoki.

      Hiruetan hogoi-ta hamerreko gerlan Alemaniarat preso ereman zutelarik lana etzuen utzi. Gerla hartako xehetasun hanitz eman zituen izkirioz, hari esker baizik ez emen baitazkigu.

      Oraiko gerla huntaz osoki hartuak zituen burua eta bihotza; berri guzier beha zagon, ziolarik: ontsa nahi zukela gazteago izan, hor harat joaiteko 1870eko hartzen bilha.

      Zer atsegina zitaken hura zen soldado zahar frantses kartsuarentzat, gerla hau Frantziak irabazten ikustea!

      Eskualdun fededun semea baitzen, zahartzeari buruz gero-ta gehiago Jainko legeari zagona, behartu zaio begiak hestean ere Jainko on hari baitzagon.

      Bertze mundutik ikusiko du laster Frantziaren bitoria, eta gero agian behingo bakea!

 

 DONIBANE-LOHIZUNE

     Kalea-ko bortz seme gerlara ganetarik bat, Jochep, Alemanian hil da. Preso zagon tokitik martxoaren hogoi-ta seian izkribatua zuen etxekoeri: arras ongi zela.

      Bertze letra batek, martxoaren hogoi-ta zortzian eginak, jakinarazi du familiari Jochepen heriotzea. Seme gaztenaren berririk gabe daude Kale-an zazpi hilabethe huntan. Bigarren semea, gerlaren hastapenean kolpatua izanik, berriz han harat gana da.

 

 DONAPOLEO

     Joan den ortziralean, soldadoentzat erosi dituzte hogoita hameka idi eta behi buru. Idikia, hogoi, hemeretzi sos kiloa; behikia hemezortzi, hamazazpi, hamasei sos.

      Behi bakar batentzat ez dute eman hamabortz sos baizik kiloko.

 

 

 

Ziberoan

 

 ATHARRATZE

     Adiniala hel arauka, Basabürüko gizon gaztiak baduatza.

      Ez da hoberik, behar die juan.

      Etsaia aitzinian diano, Frantziak behar dü azkar egon, eta, azkar egoitekoz, behar dütü indarrak arraberrikatü. Orok ikhusten dügüna da gogua zuñen bero, begithartia zuñen hotz, elhia zuñen ozen, muthiko horik oro abiatzen diren, bat gibel egon gabe. Besta batetarako khümitia balie, ez ahal lirateke gozuanago.

      Baduatza Frantziaren amodiuan eta Aleman thorpiaren aiherrian.

      Agian, denbora lüze gabe, ekharriren deikie gain-hartü osuaren berria.

 

 ALTZAI

     Huna heben hiletarik phiztü baten berria. Aguer Jean, haste hastetik gerlarat juanik zena, hilik zen aspaldian mündü ororen ustez, bai eta aitzindarien arabera ere. Ofizielki hil mezia etxenkuer igorririk izan zen. Hil uhuriak egin zütien Altzain.

      Eta horra egün nun berria jin den Aguer Jean, Altzaiarra Alemanian presuner dela.

      Etxenkuen plazera ez da txipi.

      Eta horrek emaiten dü hanitxi, aspaldian ixil dauden eta hilik direlakuen berriz ikhusteko esperantza.

 

 ALEMAN ZARRA

     Bazaizieia othoi?

      Alemanek orai dioie: Ez dügü hastio Rüsia, hügü dügü gain gañetik Anglaterra, bena maite dügü Frantzia.

      Eskerrik hanitx!

      70eko gerlaz geroz, Alemana arizan da, thaik gabe, gerlako tresna adelatzen, eta ihurk asmatzen ahal ez dütian ürhats ororen hartzen, Frantziaren erhaüsteko xedetan. Etzian etsaik aiphatzen, Frantzia baizik; Frantzia zian nahi erruetarik jaüz erazi.

      Eta egün zertan da?

      Bertz handiala errün dü. Hatsa baratürik, erorteko mügüla da. Oihüz ari da orai Frantzia maite diala.

      Zer briganta!

      Zerbait amets balüke Frantziako gizon nahasi batzüren bere althe jeik erazteko eta, hurak berme, harentako hun lizatekian bake baten ardiesteko.

      Berantegi dü: bralian sarthü da; llabürski jakinen dü nula hantik jelkhiren den.

 

 

 

Zer eta zer

 

 VIEIL-ARMAND

     Badakizue, Vieil-Armand, izen hori zer den? Eztu aspaldi, nik badakidala. Berriz ere mihi gaixto batek erranen daut, holako zer hoieri bertze guzien ondotik nitzeiela ohartzen.

      Baditake; alta ez gira onthuz joanen araiz, hemendik harat. Ez balauku, adixkidea, niri eta zuri adinak handiagokorik ekartzen, edo eremaiten!....

      Dena dela, orhoit zarezte, nola gure soldado gaizoeri lanak eman dozkaten Hartmanvillerskopf deithu mendi kasko xut eta gora eta patar idor batek, alemanaren aztaparretarik ezin atheratuz? Behin erran ere bainautzuen hemenxe nehor ezin hurbildua zela izen hori; hots, buruaren eta ahokoen gal-araztekoa, behin gogoan ezin kokotuz, gero ezin erranez; kasik erhi muthurretan aldizka berexiz erran behar: hart-man-vi-lers-kopf, banazka.

      Azkenean mendi hura, zerbeit ongi gostarik hartu ginuelako berria zen, egun hoitan; eta egia... Geroztik pozi on hori ausikian berriz ereman nahiz behin baino gehiagotan hortzak hautsirik baitagozi.

      Guri bezala naski bertzeri ere nonbeit min egiten zioketen izen horrek. Egun hautarik batez norbeitek erraiten zaundaten soldadoek batheiatua zutela Vieil-Armand, errexkiago erraiteko.

      Ba eta hartu izen-goitiak. Hartzekotan zela zinez, ez nuen sinetsiko, ez banu atzo irakurtu Paristar gazeta handi hoberenetarik batean: iduri deus ez, han emana, izen zaharraren orde, berria.

      Hartuan hartu, aiher da gelditzeko.

 

 PETROGRAD

     Gerlaren hastetik hunat halaber da izen bat bertzearen orde Rusian emana, hango hiri nausiari; ez, nahi baduzue, idorregiz, ezin aise ahoan xehatuz, bainan alemana ezin ikusiz begiko zikina baino gehiago.

      Saint-Pétersbourg izena Rusiako hiri nausiak alemanki emana zuela, kendu zioten, eta eman ordaintzat Petrograd. 

     Petro (Pierre) hango lehen Enperadore handiaren izena beira, eta garaitikoa khen.

      Geroztik eztu hiriak bertze izenik, ikusten duzuena, Petrograd baizik.

      Bertze griñarik ez baginu, guk eta gure gerlari lagunek, holako zonbeit izen gaitz edo hastioren ez-baia baizik!

      Halere rusoen errabiak, beren hiri nausiaren izeneraino aldatze horrek erakusten du zer hatsean lothuak ziren hastetik, gerla huni.

      Ondorioak hor dire, ez dutela rusoek, guk baino gehiago, buruan dutena zangoetan. Biba hek eta gurekilako bertzeak oro!

 

(Kirikiño)

 

1915-04-20

 

Batxi

 

      Ille onen 15an urten zan Almeriatik Batxi dabillen itxasontzia Scottlandeko Ardrossan urirantz. Doixtarren urpeko ontzi ikaragarriok gogoratzen jataz. Ez al dabe izango jazokun deungarik! Or, Ireland alde batetik eta Ingaland-Scottland bestetik dirala, igaro bear dabezan itxas-estuna areetan.

      Gaur dargitalgu Almeriatik bidaldu dauskuzan idazki bigaz bat eginda. Agiri danez an Andaluzia-aldean be jango leukie iñok emon ezkero. An be ez dira txakurrak lotuten lukainka txortakaz.

      Au diñogu, gure alde au ez dala ezer ta olakoak esaten ibilten diranentzako. Bat oneetarikoa Batxik berak darabil lagun bere ontzian, lengo idazki baten iñoskunez.

      Jaunak jagon daiala Batxi zintzoa itxaso gaitz-zoritsu orreetan.

 

 

1915-04-21

 

Sartuko ete da?

 

      Egunokaz dabil zurrumurrua izparringietan Italia laster asiko ete dan Alkartuen aldez ta Osterreitz-Doitxen aurka. Atzo arratsaldean esan zan eskier (seguru) dala sartzea urrengo datorren astean. Izango dana jakingo dogu.

 

 Parantze-Belgikan

      Orain arte ez dabe or arerioak alde andirik egiñ, neguagaitik edo, alkarren bildur diralako edo... Lubagietan sartuta alkarren urrean egon dira ainbat illebetean gauza andirik egin baga. Atzoko izparrak diñoe ointxe asi ete diran gogortzen bitzuok Ipres aldean.

      Ia ba, ia, atzera edo aurrera laster egiten daben eurok, izango dana izan daitela len baiño len, onetara txarto gabiltz guztiok eta.

 

 Itxasoan

      Doixtarren urganeko gudaontziak baztertuta dagoz len lez Kielen eta Baltikon. Urpekoak badiñardue txakadaren bat edo beste egiten zamazko (cargazko) ontzietan, ez uste zan beste. Dardanelatakoa ondiño gordin dagoala dirudi, baiña badirudi be, ingalandarrak eta pantzetarrak ez dabela laga an sartzeko asmoa.

 

 Aizean

      Egaizki-tramankuluekaz bitzuek alkarri kalte egiten dautsie alegiñean. Zepellinak beti be joaten dira Ingalandara ta izkillubakoen ganera jaurtiten dabez bonbak, ume emakume ta gizon baketsuak ilten dabezala. Auxe, nire eretxi txikian, gaiztakeria da.