Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-04-16: Ez da jostetarik beharrarekin

Kexu da Eskualduna diru-laguntzak behar bezalaxe banatzen ez direlako. Meren egitekoa omen da makur horien zuzentzea, beharra denari eman eta ez denari ez eman, ez da jostetarik beharrarekin. Lehengo lepotik burua su zelaietan, atzo guretua berriz berendua eta alderantziz, dirudienez, frantses, ingeles, belgikar, serbiar, montenegroar eta errusiar armaden sailek baturik bi mila kilometro pasatxo egiten dute. J. Saint-Pierrek gerlaritzak hartzen ditu mandoak ere, horietakoren bat Euskal Herritik ekarria da eta horren ondorioz ezaguna, euskaldunak euskalduna laster antzematen du. Iheskaria izenburupean Oxobik idatzi bertsoak leitu daitezke kazetan, egiazki gertatzen ari dena hedatzen du Moulierrek bertso horietan. Tortura kasu bat berritzen digu kronikariak, bestalde turko eta zikin sinonimotzat hartzen ditu. Alemana lurraren gainean den gezurtirik handiena denez, beti erne eta azkar egon behar etsaia osoki garaitu arte. Aste honetakoan Zuberoako kronikaren falta nabaritu dugu.

 

 

Les Allocations Militaires

 

     «Errangura hanitz, ardura zuzenezkoak, heldu zauzkit departamenduaren bazter guzietarik, soldadoen etxekoentzat diren diruzko laguntzez.

      »Etxean hein bat ontsa diren batzuek ukhan dute agorrilaren 5, 1914ko legeak ekarri sokorria; bertze batzuk aldiz, laguntzaren beharra zuketelarik, beren zuzena ezin ardietsi dute.

      »Makhur horiek heldu badire zonbeit aldiz, legearen hitzak gaizki konpreniturik, gerthatu dira ere askotan merek ez aski garbiki, edo batere ez igorririk behar ziren argiak kantonamenduetako komisioneri eta orduan hauiek, nahi eta ez, beharreri ez emanik sosa, edo emanik ez beharreri.

      »Meren egitekoa da makhur hoien xuxentzea lehenbailehen. Meren eginbidea, kantonamenduko komisioneari emaitea hor argiak xuxen; ba eta beren herritarreri konpreniaraztea: ez dela aski gizon bat izaitea soldado joana, haren etxekoek diru laguntzaren hunkitzeko dretxoa ukhan dezaten; behar dela oraino, eta oroz gainetik izan familia beharra.

      »Meren eginbidea da bertzalde, jakiten dutelarik izan dela zuzen ezten zerbeit, prefetari heltzea, hunek gibelerat bihur araz ditzan gaizki emanak.

      »Meren eginbidea oraino hau: soldadoen harat-hunat, joan-jin, guzien heltzea prefetari, ala denbora batentzat izan diten etxerat igorriak, ala alderat erreformatuak. Eta hori, ez dezaten laguntza, etxean daudelarik, aitzina hunki.

      »Erran gabe doa, berriz soldado deithuak balinbadire, ordutik laguntza berriz itzuliko diotela.

      »Ikusiz hor nolako karga izigarria duen Gobernamenduak hartua gerlako minen eztitzeko, gu guzien eginbide hertsia da, hor ari gabe alderkika, diru horren errepartitzea zuzenki eta leialki.

      »Prefetak dauka, harek erranak oro xuxen eginez, kantonamenduko komisionen lana errextuz, merek ardietsiko dutela errengura gutiago jin dakigun, edo ez batere».

 

* * *

 

     Horra zer dioten Jaun Prefetek, departamenduko auzapezeri direlarik mintzo bereziki heien eginbideez, holetan eginbide bat baino gehiagoz.

      Bainan irakurtzen dakienarentzat bada hor merez bertze eginbidedunik. Nahiz Prefetak batzu bertzeak baino arinkixago hunkitzen dituen, badu bakotxak beretzat zer har.

      Laguntza galdatzale batzuek sobera kopeta, bertzek ez aski; aski ez duten hautarik gutiago, erran gabe doa, sobera dutenetarik baino; halere segur, badirela, beren dretxoa ez jakinez, edo jaun handien edo handi egilen itzalak berak izitzenez, beldurrez, uzkur daudenak.

      Heien ahuleziaz litazke hor balia zuzenaz axolarik ez luketenak, eta ez merak bakarrik. Tokitan merak gutienik.

      Zuzenik gabeko galdatzale zonbat ahal den, Jainkoak daki!

      Zuzenari khenduz beren gogokoeri emaile ere bakhar batzu ez othe dire han-hemenka? Jaun Prefetaren hor goragoko hitzetarik ageri litake halako zonbeiten asko errangura entzunik dagola, ja ez baginaki askori berak ukhan-arazi diotela, zuzenean zirela ezaguturik, eman behar zuketenek ez eman nahiz atxikia.

      Hortakotz bide dio Jaun Prefetak, mereri bezen ongi orori mintzo delarik, kantonamenduko komisionen menbroak ez eta nehor berexi gabe: «Gu guzien eginbidea da, hor ari gabe alderdika, diruaren errepartitzea zuzenki, leialki».

      Beharra denari eman, beharra ez denari ez eman.

 

* * *

 

     Beharra, nor da, nor ezta?... Kaskoinak diona: «A qui queus lou hic». Azken zerean, beharrak gira guziak oro. Ni beharra, zu beharra; ni baino beharrago zu, zu izartzale; aldiz ene arabera, zu baino ni. — Goazin gizonetara — Egia zuk; bainan non dire gizonak? Ene adixkide, zure etsai litaken bat etzinuke nahi gutartean gizon? Damurik!

      Bizkitartean ez othe da gerthatzen dena?

      Holakoetan ez litake behar alderdikariaren itzalik ere.

      Ororen buruan, zuzen-kontrakeriak, desbardingoak nehon ez dire gaizkiago hor baino; behar gabeari emana beharrari khenduz baitoa, eta nolako beharrari!... Asko aldiz, emazte ahul, eri, ezindu baten, haur umezurtz goseak hil hurran batzuen ogia.

      Ezta hor jostetarik.

      Beharrik bakhan dira gure tokietan hein hortarainoko desbardinkeriak.

      Bizkitartean bada hor nonbeit zerbeit, Jaun Prefetari berari erranguratu zaizkonaz geroz, makhur batzu berak xuxendu behar ukaiterainokoan.

      Makurrenak xuxentzea ja zerbeit litake, hartara baginite. Geldituko da, halere, aski elhepide, den gutiena behar ez litaken gauzan.

      Bertzeak bertze, nork konpreni nola onhets, egia balinbada diotena: herri batzutan oraino berriki, zuzenaren galdatzea debalde zinuen bezen errex zutela bertze batzuek nola nahi galdatuaren ardiestea?

      Ohart arau, ttipituko bederen dire agian zuzenezko errangurak.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, apirilaren 7an

     Urpeko itsas-untzi bertze untzien jauzarazle bat, U-29 deitzen zutena, galdu dute alemanek. Beren arabera, hoberik ez omen zuten.

      Leihorrez ahultzen ari bada etsaia, ezta bada urez ere azkartzekotan. Iragan asteko sei untzi zapart eginen gainerat hau, eta bertze holako zonbeit noiztenka... egonen ahal da nonbeit.

      Verdun hiri, Eparges, Bois Brûlé eta han gaindi, azkartuz goazi. Gizon hanitz hiltzen diogu etsaiari, eta preso hartzen ere ba hanitz.

 

Ortzegun, 8an

     Sail guzian aitzinatu gira barda eta egun. Artilleriazko gudu gaitza Beljika aldean, Aisne ur handiaren hegietan eta oraino ere Reims hiri alde hartan. Handia da hango katredaleaz ez baita egun aiphu. Ez bide daukate ahantzirik.

      Les Eparges direlako toki guretu hurranak ditugunetan itsuski xehakatzen daizkotegu agertzen diren guziak.

      Hango hil metak ikusiz, eskualdun soldado batek izkiriatzen dio guhauri erran daukun adixkide bati hunat: «Ogi eskasa dutela holetan alemanek;... hara non ez duten haragi eskasik. Buxeriak bederen eztaude alfer».

      Dardanelles ur-arteka luzean aro gaixtoak gibelatzen diote gure itsas gizoneri beren lana. Heien ondotik han gaindi Turkiarat sartzeko lehenbailehen soldadotze handia ja bada joanik; eskualdun zonbeit ere ba gure jakinean.

      Frantses-angles-ruso lagunek han dute uste junt egin elgarrekin, etsaiaren inguratzeko.

 

Ortzirale, 9an

     Eparges toki gora batzuek zonbeit egun huntan lanak eman dauzkute guretzen, etsaiak han erroak azkar baitzituen eginak. Egunetik egunera kordokatuago gineraman. Gero-ta oldar handiagoan jazarririk, gure artilleria izigarriarekin erhautsiz bazterrak oro, zonbeit aldiz, ez bakarrik aldi bat, azkenean osoki nausitu gira tokiaz.

      Inguru guziari gain behera dagon toki bat da; etsaiak, zer nahi gostarik ere, nahi zuken hango larderia bere atxika. Den guzia galdurik, bertze norapeit beharko du hemendik harat zangoa bermatu.

      Itsasoan alemanen zalapartak! Halako errabian dire non ez baitute axolarik badutela iduri: gure untziak jauz-araz edo itho eta gure lagun anglesen eta rusoenak, ala edo zoin jabe, gerlan ikustekorik ez dutenenak bardin.

      Hola ari direno, etsaiak etzaizkote gutituz joanen. Alta ja badute besoen gainean jasan ahala.

 

Larunbat, 10ean

     Debruak hausteko ari zauku etsaia Champañe-ko alde hetan, Meuse eta Mosette bi ur handien artean, guk hartu toki batzu nahiz baitezpada berriz beretu.

      Muthurreko onik hartzen dute. Mormare oihanean, hamabortz alditaraino lerroan oldar izigarrian jazarri zauzku, hamabortz aldiz kalitu ditugu agertuak oro, gure arroil-erreken inguruak aleman hilez metaka gelditzen zirelarik oro betheak, kukutuak.

      Dardanelles-etan bethi aro gaixtoa lanaren gibelatzale.

      Guillaume, bere lagun zahar Otrixiako Enperadorearen ikusten izan omen da; diote zazpi ahalak erran eta egin diozkala, nahiz ardietsi eman dezon Italiari lur peza zonbeit, baketzeko; beldur alabainan Guillaume Italia hori azkenean jazar dakioten, hango jendea gero-ta gehiago berotuz omen baitoa, nahiz oraino uzkur, gure lerroan jartzeari.

      Bainan Guillaume hori burtzerenetik emaiterat ekarriago, beretik baino. Bertze zaharrak berriz holakorik ez aditzen. Han dire!

 

Igande, 11an

     Gauaz jazarri zaizku itsuski Hamil-eko gure arroil-erreketan eta Thierval oihanean. Bertze oihan Ally deithuan erreka sail oso bat hartu diotegu; heiek aldiz guri Montmare-ko lurretik pozi bat, atzo guretua, berriz berendu.

      Airezko tresnak ere ari dire egin ahala egin; gure batek heien bati egin arazi dio itzulipurdi.

 

Astelehen, 12an

     Deus ez egun berriagorik, baizik ere alemanen artilleriari ez diola zorrik gureak. Hek bezenbat bagira non nahi; tokitan gehiago, kanoiz eta bertze guziez.

      Atzo eta herenegun guk hartu arroil errekak nahiz oraino berendu ahalak oro eginik, etsitu dute.

      Bereziki Eparges-ko mendi gainetan behingo bakea dukegu, jazar-aldi bakotx, gibelerat igorri baititugu, mustupilka.

 

Asteart, 13an

     Berriak xuhur egun, salbu han hemenka entzuten dela artilleriaren burrunba.

      Argonnen dinamita zartako, eta arroilatik arroilara eskuz elgarri besagainka grenades deithu batzuetarik.

      Meuse eta Moselle-ko aldean harrabots gutienik. Gureak urhats eztian, hurbiltzen dire, gudurik gabe, etsaiak landatu, burdin harizko hesietaraino. Han geldi.

 

 

 

Gerlarien berri

 

 Pazko gerlan

     Pazko egun uritsu, aste eder baten ondotik Iguzkiaren eskasak halako huts bat egiten du phesta handietan.

      Hemengo elizetan etzen tokirik. Elizarik gabeko lekhuetan ere egin dugu ahal zen guzia, beia batzu hedaturik haitz azpietan. Alamanak egon dire geldirik.

      Eskualdunak hurbildu dire mahain saindurat bazter guzietan. Hitz dautzuet hemengo apez eskualdunek ukhan dutela lanik aski, eta oraino ukhanen. Dotzena bat badire hemen gaindi. Zokho guzietarat ezin hel, bainan halere Eskualdunak Eskualduna laster atzemaiten du.

 

 Bethi deskantsua

     Harritzeko da zer deskantsua dugun aspaldian. Arras guti kitzikatzen gituzte beren kanoiekin. Bertzalde lan gaitzak eginak ditugu lurpean. Ez da gehiago hirrisku handirik erreka zilhoetan, eta lo aldi onik egiten da barne hetan.

      Pausu egunak ere iragaiten ditugu goxoki. Ez balitz etxeko griña, deus ez liteke. Hemengo herri batzu ikustearekin ilhunari buruz, dena haro, dantza, pilota partida, iduritzen zauku han girela: Eskual-Herrian, Hazparneko plazan banonbeit.

      Hala hala gelditzen dire gure Eskualdun soldadoak, mezatik lekhora, multzoan, elhe eta elhe, iduri eta ez dutela elgar ikusia aste guzian. Ostatua eskas, batzuetan, edo ez haizu tenore hartan. Bertzenaz erlea bezala sar litezke.

      Harrabots guti beraz hemen gaindi. Gutarik ezker entzun dugu gau batez kanoien azantza izigarri bat, bizpahiru orenez, Soissons hiritik urrunago, biziki urrun. Alamanak beren zilhoetarik jali nahi baitziren, herrautsi dituzte gure kanoiek.

 

 Aireplanak

     Airetako gerla da ikustekoa. Badabiltza gero eta gehiago xori gizonak.

      Aphirilaren lehenean, ortzegun sainduz, goizean goiz agertu zitzaizkigun bizpahiru aireplan Alamanen lerroetarik.

      Gibeleko herrien gainerat aurdiki dituzte beren «bonbak». Bat ikusi dut, erortzen urerat. Bi arrain hil ditu. Hanbertzenarekin gure kanoiak hasi zaizko tiroka.

      Gure xori gizonak ere noizbeit iratzarturik airatu dire, eta Alamanari buruz abiatu. Ez nuen behinere ikusi oraino halako oldarrean aireplana.

      Frantsesa ordu berean Alamanaren ondoan zen: Alamana ihesari eman da, bere lerroetarat iragan nahiz. Frantsesa bazterretik aintzindu zaio, bidearen hesteko Alamana entseatzen da beheiti: Frantsesa heldu zaio gainerat, iduri xehakatu behar zuela oldarrean, eta tiro batez gidari Alamanari ixterra hausten dio.

      Alaman aireplana lurrerat doha, Frantsesa ondoan itzulika, belatsa xoriaren inguruan ari den bezala. Zer oihuak orduan bazter guzietarik!

      Goizeko zazpi orenak ziren. Alamana bizirik zagon oraino. Galdatu diote zeren ondotik zabilan hain goizik. Gure kanoi handi bat nundik ari zen ikusi nahia zuen aspaldion, eta hain xuxen goiz hartan lekua kausiturik zohan. Bere paperean ezarria zuen xuxen gure kanoiaren tokia.

      Dohala orai erraiterat Alamaneri.

 

 Mandoak

     Mandorik ez dugu gehiago. Gaizoak, ereman daitkute hemendik, eztakigu nongo mendietarat. Patar bidetan ibiltzeko hautak izanen dire.

      Eskual-Herritik jinak ziren zenbeit. Hartako aiphatzen ditut, ezagunak nintuelakotz. Agian elgar ikusiko dugu berriz.

 

 Gerla berri

     Berri onak jin zaizkigu Alsace-ko eskualdetik: mendi kasko bat hartu dutela han gure soldadoek, inguruko ordoki guziaren gainerat parada ederra emaiten duena.

      Verdun-eko inguruetan ere egun oroz bermatzen gire azkarki.

      Itsaso gerlan, Turkia-ko hiri nausirat buruz ari gure untziak. Bide gaixtoa dute oraino. Zonbeit egunen buruan, arteka hura iraganez geroz, itsasoa zabaltzen da, eta handik harat hirrisku guti dute.

      Rusoen untziak ere hasiak dire gaineko aldetik, oro hiri berari buruz. Orai artio Rusoen untziak ixil zauden. Horra beraz lagun berri batzu, Turko zikhin heien urkhatzeko lehenbailehen.

      Otrixia-ko lurretan gero-ta barnago doazi Rusoen armadak.

      Orhoit hango lana gure alde dohala, etsai guziek bat egiten baitute, adixkidek bezala.

      Aphirilaren 5ean

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Abrekeria bat

 

     Diren bezalako urde tzar heieri gogoratuko etzeienik ezta; egun zortzi erran duguna, iduri dute, edo, hobeki erraiteko, ageri, gure lehertzerat utzi nahi ukan ez dituzten angleseri eta rusoeri guri baino aiherrago direla memento huntan.

      Salbu zuek eta zakurrik gaixtoenari khen-ozue hortzen artean xehakatzera zereman bat, itzuliko da, kentzaleari ausikian lotzeko, errabia izigarri batek hartua balu bezala.

      Halaber da orai rusoaren eta anglesaren kontra debruak hartua, gure etsai... alemana. Halako herran zagon guretzat non ez baitezokete barkha gure alde direneri.

 

* * *

 

     Marxoaren 25 etik 29ako gauen, preso hartu zuten alemanek Myszinek deithu herritik hurbil soldado aitzindarixka bat, Rusiako armadarentzat bide bilha zabilana.

      Panasiouk omen du gizon horrek izena. Preso hartu eta berehala ereman dute aleman aitzindari batzuen gana.

      Hauiek egin eztiotenik ezta, behin lausenguz eta elhe zuriz; gero larderiaz, mehatxuz, kolpez.

      Galdatu diote: nahi zenez ibili bide hatzemaiten eta barrandan egon, alemanen alde, bere lagunekilakoa utzirik; hots, bere herritarrak trahitu nahi bazituen, alemanetarat itzulirik, emanen ziotela saritzat diru-keta bat ederra.

      Harek ihardesten diote: ezetz, eztuela holakorik eginen, hil behar balu ere.

      Ezea eginen!?... Ikusiko dutela! Moztuko daizkotela bi beharriak eta sudurra thematzen bada. Gero, aski ez balinbadu, begiak leherturik, urkhatuko dutela, bi zangoetarik dilindan, buruz behera, hil arte.

      Mehatxu izigarri horiek ez baitzuten kordokatzen gizonaren kuraia, aleman aitzindari batek mozten dio haixturrez beharri eskuinaren behereko ezkina; gero lau aldiz, lau pozitan, beharri guzia, ziloaren hegiz inguruan, hezurreraino.

      Aitzindari (!) beharri mozlearekin lanari lothurik, aldizka deramatela, bakotxak berea, bertze aitzindari (!!) aleman batek, elgarretarik berexten diozka sudurreko hezur guria eta gogorra.

      Oren batez atxikirik hanxe, zaurthua, odola burrustan zariola, deus ezin ardietsiz, etsitu zuten.

 

* * *

 

     Baderamate Panasiouk dohakabea soldado armatuz inguraturik, presondegi batetarat buruz.

      Bidez bide zoazilarik, ilhundu, eta dohakabea, gau beltzari esker, jauzika ihesari emaiten da, eta bizirik heltzen bere lagun rusoen lerroetaraino, apirilaren 2an.

      Han erraiten du, zer zaion gerthatu.

      Varsovie-ko eritegi batean da, oraino bizi, eta agian biziko, ez balitz ere abrekeria itsusienetarik baten lekhuko izan dadin baizik.

      Anhartean medikuek begitarte zaurthuaren fotografia jali diote.

      Berehala eman diote ohorezko kurutzea, erakutsi duen kuraiaren sari; diru soma bat ere ba, etsai tzar heien eskuetarik balu baino gizonkiago irabazia baitu: gaixtaginek uste baino hobeki sondaturik, hein bat bederen, gozatu ahalko ere balinba!

      Abrekeria horren prozeberbala, ez nondik nahi atheraia, bainan Rusiako soldado aitzindari handienetarik baten sinadura berme, izkiriaturik daukate, etsaiari azken zafraldia eman ondoan agertzeko, «comptes à régler» deitzen diren paperetan.

      Izanen da holako.

 

 

 

IHESKARIA

 

       AIREA: Amikuzeko Gilen... 

 

                1

Iragan Abostuan, larunbatarekin,

Orhoit zarezte nola dei hura zaunkun jin,

            Orotan berdin,

Etsaier ginuela behar buru egin.

 

                2

Arrats hartan bihotzak ginituen ilhun.

Zenbeiti behar bada gogoratu zaunkun,

            Debrua lagun,

Espainia-ko mugak etzirela urrun.

 

                3

Etzen iraunkor izan, ez, durduzadura.

Gaztek iduri zuten joaitean han hara,

            Suzko gudura,

Airoski zoazila zenbeit pestetara!

 

                4

Zorigaitzez ba omen ditugu herrian

Ama eta haur batzu ahalge gorrian,

            Hor, Espainian

Aita delakotz gorde, joanik ihesian.

 

                5

Sekulakotz etxea galdu du gizonak,

Galdu ditu bethikotz etxean egonak,

            Eta lur onak;

Egin du oraikotik haren zorionak.

 

                6

Aspaldiko ait-ama zaharren hezurrak

Elizaren ondoan bere dauzka lurrak...

            Bere agurrak

Heier nola emanen ditu deserturrak? 

 

                7

Nork dazko hari ere, han, hilen denean,

Lore zenbeit sartuko lur hotz ilhunean,

            Hobi gainean

Barka dezola Jaunak azken orenean!

 

OXOBI

 

 

 

Eskual-Herri

 

 BAIONA

     Beribil gidatzale bat hil da bere lantegian kasik supituki, izigarriko goitika bolta baten ondotik. Pozoindatua othe zuten? Geroak erranen. Zenbeit egunez ehortzi gabe atxiki dute gorputza: eta tribunaleko jaun prokuradoreak manatu dio Garat medikuari artharekin mia dezan hilaren barnea.

 

      Aspaldian ari dire Baiona-ko gararen erreberritzen. Erran gabe doa langile gehienak españolak direla. Hautarik bati esku bat arrunt lehertu dio eta bertzean bi erhi moztu goiti beiheiti-ka zerabilan tresna batek. Ozka zenbeit huts eginik, emeki emeki jausteko orde bepetan gainera jin zaio eta oldar gaitzean, delako tresna. Ospitalean da langile dohakabea.

 

 HENDAIA

     Auzapezik gabe beharko da herri hori egon hilabethe huntan. Prefetak ez omen du deus onhartuko Camino jaunaren ganik martxoaren hogoi-ta hamarretik, maiatz arte. Ez othe dugu gerlarik aski alemanekin gutartean holakorik gabe?

 

 DONIANE-GARAZI

     Ibarnégaray gure deputatu gazteari zarrastako bat itsusia egin dio bala batek besoan. Halere, sous-lieutenant baita, bere soldadoak ez nahiz bertze baten eskuetan utzi, zauria han berean artharazirik, lagunekin egon da bere errrekan. Biba hura!

 

      DONIANE-ko soldadoekin zagon aintzindarixka batek bazituen mila eta lau ehun eta berrogoi libera ukanak gizonen pagatzeko. Hotarik hogoita hamar liberako bat beretu zuelakotz ager-arazi zuten en conseil de guerre. Urthe bat beharko da preso egon, boztz ehun libera pagaturik bere ohointza.

 

 

 

Zer eta zer

 

 ALDAREAN HILA

     Badakizue alemanak aiherrenik elizeri direla, izan diten eder ala ez. Erlisionearen herra hoin urrun badoakela nork sinets, ikusten ez baginu gure begiz?

      Beljikan igande hautarik batez, mezak erraitean, hasi dire kanoi ukaldika; teilatua zilatuz barnerat sar-arazten zituzten obuzak.

      Hamar bat meza entzule kolpatu dituzte; meza emaile apeza aldarean hil.

      Hau hemen irakurtzearekin gure eskual auzo batzuek oraino ere othoitzak galdatzen ahal dituzte «aleman gaixo heientzat». Badute beharra gaixoek, ez joaitekotz xuxen xuxena ifernurat.

 

 ZER GIZON SAILAK!

     Jakiteko da nolako saila, zoin zabal, duten aleman-otrixianoek beren aitzinean, buruz buru.

      Gure aldetik: frantses soldado sail bat, hanitz lerro barna, 870 kilometre zabal; ezker, itsas hegitik, eskuin Suissako ezkinaraino: Beljika aldean, anglesek daukatela, 50 kilometra zabaleko sail bat; beljikano soldadoek, 28 kilometre.

      Orotara: 950 kilometre zabal. Besoak heda bi aldetarat, eta beha ezkerretik eskuin, bada norat burutzia egin.

      Bertze aldean, rusoek berek badaukate 1.400 kilometre (mila eta lau ehun) Serbiako eta Montenegro-ko armadañoek berek, 350 kilometre.

      Eskuak luze behar dituzte, eta luzeago hatsa, holako etsaitzeari luzaz ihardukitzeko.

      Bulharrak hats-hantzen hasiak dituztela baitiote berrikariek eta pantzoilak arintzen, ezta estonatzeko.

      Hein hau bera irautea da handi. Egundaino haatik ez dute ikusi holako pestarik, ez aleman ez bertze, mundua mundu denetik hunat, nehoiz nehongo gerlariek.

 

 GOSE DIRELA

     Egia othe da dioten bezen behera direla gure etsaiak: ogirik ez dutela, edo itsuski, xuhurtua dutela? Lur-sagarra ere hasia gutitzen; haragia orobat; behikia utzirik, laster eskas dakioten beldurrez, urdekiari lothuak direla, ez bakarrik zingar gutiziaz, bainan urden haztekorik aski ez ukhankiz, egia othe da?

      Ez dutela ja tresna egiteko geirik eta tresnen hazkurritzat, kobre, petrola, bolbora, dinamita, plomu, nikel, burdina, zer guzietarik baitezpada behar dena, egia da othe?

      Hein bateraino ba, egia da. Nahi eta ez, goiz edo berant gerthatu behar zitzeiena da. Berek ez, berenez bere, aski; bertzetarik erosiz ekhar-arazteko, bide hanitz ja hetsiak; erdi idekirik oraino dituztenak hertsituz joaki; Beljika eta guri kendu lur, zangopean dauzkatenak, osoki agortuak; hunat barnago aztaparren sartzerat ez haizu. Zer egin?

      Ba, nahi eta ez, gosetea, bertze eskasia guziekin gainean ez badute, segur ez dutela urrun; hurbiltzen ari zeiela.

      Bainan gogo emagun!

      Alemana lurraren gainean den gezurti handiena da. Berak dio arren, alemanak, hau eskasten, hura eskasten ari zazkola; emagun! Dioten bezen egia balitz, gorde lezakete, gorde ahala luzaz; ez lezakete hoin agerian aithor.

      Ogi bat ezin jana diotela emaiten presuner dohakaberi; berek jaten dutena ere ez bide dela mazapana idurikoa, ezta dudarik.

      Garaitikoak ere oro araberako dituztela sinets ditake. Bainan gomagun. Aski nahasiak dire, beren mina den baino handiago baitautzute eginen, uste badute gezur hortaz gu lokhar-araz.

      Ahultzen ari direla ezin gordez. alegia diren baino ahulago eskuetarik joanago egiteko aiher direnaz geroz, gauden atzar eta xut. Ez beldur, ez lo. Bethi erne eta azkar, etsaia osoki garhaitu arte. Gero pausa.