Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-04-09: Igor ezazue ogi bat

Gu jendeago gara. Atxiko direnen bizi baldintzak aletzen ditu Eskualduna-k. Frantzian aleman presoek maniarik ez baina behar duten guzia dute eskura, Alemanian aldiz, oro da bortxa, alemanendako frantsesa sortzetikako etsaia baita. Ez dezala irakurleak gal jatorri ezberdineko presoen jokaera aztertzean kronikariak ondorioztatzen duena. Bestalde Felix Heguy Arrosako apez gazteak Berlin ondoko Zossen presondegiko bizimodua lehen eskutik berritu digu. Alemanian preso den euskaldun batek gutuna igorri dio familiari, ezin izan du euskaraz idatzi, baina esaldiren bat isuri zaio, hona horietako bat, "Egor azue ogi bat aste guziez". Baina oro ez da lanturua, bular guziz Biba alemanak! egin du oihu Eskualduna-k, armada alemana jaioa da itsasontziak hondoratzeko arteak hedatzen, baina honetan sei ontzi aleman suntsitu ditu. Gilen antikristoa bertso-sorta irakur dezakezu kazetan. Kirikiñok dioskunez jateko gauza urri dabil Dotxerrian eta bere kronikan ingelesen gizontasunaz, alemanen ankerkeriaz eta zenbait politikari espainiarrek lelokeriak esateko duten joeraz mintzo zaigu.

 

 

PRESUNERAK

 

     Egundainotik ezagutua dena da, frantsesa etsai presunerentzat jendeago dela edo zoin jendakia baino —alemana baino, pentsa!—

      Hemen alemanek ez dute beharren diren gauzetarik deusere eskas; bederen jana, etzangia, bizitzekoa eta osasunak galdatzen dituen artha baitezpadakoak badituzte; mainarik ez, bainan behar den guzia; moldegaizkeriarik, ez kolperik, ez larderia gaixtorik ez.

      Gureak Alemanian tinta minta guzientzat, oren luzez arbola batzueri estekaturik eta nola nahi baitauzkate, —berek aithor— hemen ez dute hangoek holako deus jasaitekorik.

      Alegia gure gizonen sakelako diruaz eta orotaz orhoit, emaiten diote, ez preso har eta berehala, bainan noizpeit, bakotxari eguneko hunenbertze sos; hunenbertze aitzindari bakotxari; hunenbertze soldadoari.

      Guk hazten ditugu alemanak guretik; heiek ez gureak berenetik. Alegia sosa eskura eman, eta gero emanaren doblea pagaraz behar dituztenak.

      Presuneren jatekoa, edatekoa, soinekoak eta oro heientzat irabazpide doazi. Eskas dutena jin-araz dezatela Frantziatik, edo gabea sofri.

      Berentzat ogirainokoak xuhurtzen hasiz geroz, ezta estonatzeko ere, zikhoizki baitiote presunerer emaiten goseak ez hiltzekoa; bainan, ausarkian zutenetik ere, goiz hasiak ziren zekhenki emaiten. Eta alabainan geroago eta zekenago.

 

* * *

 

     Larderia bat nolakoa, guziz tokitan! Gaixtaginik handienentzat bezalakoa.

      Bana bertze omen garratzenik anglesentzat. Desbardin, espres, elgarren jelos izan gitezen; gogoratuko etzeienik ez baita, batzu bertzekin ahal bezenbat makur-arazteko, nahasteko.

      Zoazte jakitera, zinez mintzo diren ala gezurrez, derasatenean rusoa tontoago dela, orotaz gibelago, hurriago, ez-azolago, garbitasunetik has; indar lan zerbeit ba, bainan eskuaire, begi ukaldi, atzartasun izpi bat galdatzen duen lanik ez mana rusoari,... diote alemanek.

      Anglesak, nahi balu, omen lakike zer nahi lanetan; bainan etzaio manatu behar; jite bihurria du; bere kuruaz hartua; behin ezetz erran eta, ez hartan thematsua, dio bethi alemanak.

      Hartakotz omen diozkate alemanek egiterat emaiten lanik idorrenak, goihengarrienak. Hezi arte ez barkha; nahi badute eta ez badute, obeditu behar... edo pekatu.

      Presuner hoberenik, eztienik, ohartuenik eta jin errexenik edo zoin lanetara, diote alemanek, frantsesa dela.

      Hala othe izaitez ala zaiote iduri othe?

      Ala da mintzo etsaia gutaz hola, gogoaren kontra, faltsukeriaz? Jainkoak daki.

      Behinik behin sinestea neke da, nehor munduan gu baino begietanago duela alemanak; nehor hastioago gu baino. Ez eta gu bezenbat ere!

      Gu zorria bezala lehertu nahizko errabian zagolarik, jazarri baitzaio, gu baino lehen oraiko huntan hor, rusoa, baditake hartako duen higuinenik. Bainan guri zen, guri frantseseri, orotako lehenik aiher; ba eta guri geldituko etsai, azkenik ere.

      Gu gitu, frantsesak, deitzen, aspaldiko urthetan, bere «erbfeind», erran nahi baita: sortzetikako etsai.

      Bertzeak, angles ala ruso, ala edo zoin, etsai dituzke behin edo behin, hala nola orai... Gu bethi; eta bethi bardin.

      Bertzerik sinets bagineza, pello batzu ginitazke. Hori eztugu zeren ahantz, hola baita.

 

* * *

 

     Presunerentzat gutaz bertzelako, alemanak, ez dire bakarrik solasetan, bainan egitate guzietan, jan-edan eta zerez bertzalde, gizontasunean. Gizonkiago dautzute behatzen preso daukaten gizonari, alemanek baino, frantsesek, bana bertze, jendekiago, giristinokiago.

      Bana bertze-ka behar da mintzatu holakoetan. Orotan orotarik badela, erran gabe doa; bainan populu bat osoa har, buruzagiak har, ehunetarik lauetan hogoi har, bertzeak utziz, populu bat urguluntziago da, krudelago da, bere buruaz hantuago da, bertzea baino; ezta hor den gutieneko dudarik.

      Arren zoin da munduan, aspaldiko denboran, jasan-gaitzago, zoin da oro zangopean ezarri nahiz okaztagarriago eta bereziki presunerak esklabokiago dauzkana, zoin, aleman den baino?

      Ehun mila itzulika behar, letra baten bere xedera heltzeko; ez haizu berririk igortzera noizpeit arte; eta batere ez haizu, ez goiz ez berant, bizi direla etxekoeri heltzerat ere, guri kendu lurretan direno... Behar da hoin bihotz gabe izaiteko, aleman izan. Frantsesak ez luke arima hoin idorra.

      Presunerak lanean bortxaz ararazteko ere, kopeta gehiago du frantsesak baino alemanak. Gu bethi uzkur gaude, presuner bat esklabo bezala erabiltzeari. Jendeago gira. Halako ahalge ohoragarri batek gauzka.

      Hortaz beraz, bertzeak bertze, frantses presunerak Alemanian baino hobeki dire Frantzian aleman presunerak.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, marxoaren 31an

     Argonnen arroil-erreka zathi handi batzu hartzen diozkagu etsaiari.

      Gure xori-gizonek Champañen Soissons hiriko aldean eta Beljikan obuz ukaldika funditzen dituzte burdin bidetako atherbe batzu, ba eta lantegi zonbeit, gerlako tresnategi eta bertze.

      Itsasoz rusoek Bosphore delakoaren beretzeko lana baderamate buruz.

 

Ortzegun, apirilaren 1ean

     Tokitan bethi aitzinatuz goazi; bereziki Woevre delako eskualdean bi herri guretu ditugu. Aireko tresna hetarik biga uzkail-arazi daizkotegu, eta puskatuak hartu.

 

Ortzirale, 2an

     Niémen ur-handitik Karpathes mendietaraino, ukho alemanak.

      Guk, Peronne eta Dampierre-ko aldean lur zilo batzu jauz-araziz kalte handia diotegu egiten. Bertze aireplan bat ere ba oraino buruzkain aurdikitzen gure lerroen arterat, 50 bat obuz botaturik.

 

Larunbat, 3an

     Arroil-erreka luze bat jauz-arazi diotegu dinamitaz, La Boisselle eta Dompierre deithu bi tokien artean.

      Berrehun bat presuner hartu; hetarik sei, aitzindariak.

      Reims hiriaren gainerat bombe aurdikitzarat omen zoan atzo tiroka eror-arazi duten aireko tresna. Lurreratzean su lothurik, andeatu da.

      Gutitarik egin du barnean zituen bi gizonak ez baitire hanxe suntsitu, erre. Zaurtuxeak, preso altxatu ditugu.

 

Igande, 4an

     Italiako aldean herriz herri, zokoz zoko dabiltza omen aleman batzu, harma zahar keta, hatzeman guziak oro erosiz igortzeko Afrikarat, hango beltzen altxarazteko Frantziaren kontra.

      Ez uste, berak aski direla gure garhaitzeko; lagunak nahi, eta nehon deus hanbat direnik ezin hatzeman.

      Italiako poliza gizonak ondotik dituzte, baizik eta kontrabanda dela hori.

 

      Joffre, gure soldado aitzindarien buruzagi lehenak egin du Beljikan gaindiko joan jin bat, hango armada ttipiari bihotzaren altxatzeko behar zena egiteko xedetan. Ederki egin du joaitea.

      Merezimendurik gehiena zuketenak saristatu dituenean, berak bere eskuz bulharretan lothurik ezarriz ohorezko medelak, biba eta errebiba, oihu onik entzun omen du, beljikano soldadoetarik.

      Are gehiago, erran diotenean, ez ditela lotsa; harek on egiten diotela etsaiaren garhaitzeaz; askok uste baino lehen kraskatuko ditugula, elgar lagunduz, alemanaren azken indarrak; frantsesen, anglesen, rusoen, beljikanoen eta serbianoen batasun azkarrak bururatuko duela gerla, luzamen handirik gabe; xoilki ahalik gutiena gizon hilez guretarik, ari girela etsaiaren higaraztera; oro eskastuko zaizkoa guri baino lehen, zeren ez dituen gure laguntzak, leihorrez eta itsasoz.

 

Astelehen 5ean

     Atzo hartu diotegu herri bat, Fay-en-Haye, iragan egunetan aiphatu herritik auzo, Régnieuville deithua. Egun ez da deus berriagorik, gure eskualdetan.

      Rusoek dute hartzen ari esku-gain handia, oinez ala zaldiz, bereziki Carpathes mendietan. Presunerak noiz nahi ehunka; herenegun kolpez bi mila.

      Aria huntan nekez du etsaiak luzaz iharduk ahalko; alde orotarat batean buru egitea luzaz, ez baita errex.

      Gu azkartuz goazi, angles, frantses eta rusoak iraun arau; etsaia kontrarat ahulduz.

      Oro baino azkarrago zena bere ustez, izaitez banazka gu baino gehiago baitzen ere, hemendik harat azpitik daukagu.

      Lurpean sarthua ez balitz, kanpoa luke ja Frantziatik. Lurretik ere beharko du, ba, jali goiz edo berant.

 

Asteart, 6an

     Bravo! Behin bederen bulhar guziz oihu dezagun egin, zuek eta nik, orok batean: «Biba Alemanak!»

      Sei bapur, itsas untzi handi kolpez jauz-arazi dituzte; seiak itho; irets-arazi seiak itsasoari.

      Holako balentriarik etzuten oraino egin gerlaren hastetik hunat. Alta zonbeit untzi badute oraikotz gal-arazirik, untzi angles eta frantses.

      Hoinbertze, sei batean eta seiak handienetarik, hau berria dugu. Ikasten ari zauzku lanean.

      Berri huni dilindan luzazegi atxiki gabe, ordu da jakin-araz dezazuegun Alemanek beren untzietarik sei dituztela suntsitu. Gure untzien, anglesenen, rusoenen jauz-arazteko hedatuak zituzten artetan hartzemanak izan dire berak, beren untziekin.

      Esku-zartarik nehork nehoiz merezitu badu, Alemanek dute merezitu hor, gure ganik. Non zira Jofre? Medela zonbeiten enplegua horra hor.

      Asteko bitoriarik handiena hori da; bizkitartean rusoak ere ari dire zerbeit, ezta erran behar. Carpathes mendietan etsaia zafraturik, 15 milako bat aleman hartu daitzute preso.

 

      Otrixia helgaitzetan ikusteak bihotza hautsirik, hel, hel, badoazko alemanak. Harat igorriak gutiago gure kontra.

      Zer duke Otrixiak? Zer duken? Zauriaren gainera pikoa; zafraldien sendagailu, gosetea. Medikurik hoberenen erakaspena da: min-hartua zirenean, ahal gutiena dezazun jan.

 

      Bi jeneral baikinituen gerlan kolpatu berriak, bietarik bat, osoki sendatu baino lehen, itzuli da bere soldadoetarat.

 

      Italia?... Oraikotik surat ari othe zauku zinez, gure alde? Egia balinbada, hobe; azkarrenik gauzkala, seinale; hala ez balitz, ez gira hortarik hilen.

 

      Angleterrako Erregek edari kaltekorrak begietan ditu. Hordikeriari gerla nahi du, egin dakion azkarki.

      Ez gira gerla horren kontra.

 

 

 

Camp de Zossen

 

     Izen hori engoitik ezagutua da Frantzia guzian. Hori emaiten diote Alemaniako hiri nausi Berline-tik 18 kilometre bidetan den gerlako soldado presondegi bati; omen baitauzka hemezortzi mila gizon; hetarik lau, bortz milako bat erlisioneko zer guziez apez eskualdun baten gain direnak.

      Apez gazte hura, Felix Héguy, Arrosarra Iholdyko jaun erretoraren iloba gerlaren hastapentsutik hunat preso da. Soldado zen, ez omonier, alemanek hartu zutenean: lagun batzu bidean xutik etzauzkenak erori lurrerat, eta urrikariz heiekin gibelerat gelditua etsaiek hatzemanik, preso hartu eta ereman.

      Aspaldi han da, presuner lagunen omonier bilhakatua, prusianoen baiarekin. Apeztasunari doazkon eginbide bereziez bertzalde, asko laguntza batzueri eta bertzeri eginik dago bospasei hilabethe huntan; bereziki han nonbeit galduak zirelakotz berririk igortzen etzutenak, hil ala bizi, zer bilhakatuak zitazken, hatzemaiteko.

 

      Halako baten berri zerbeit jakin nahiz izkiriatu diogu eta ihardetsi du, ahal zuenean, bihotz onez, —ageri da!— bainan galdatzen ginionari garbitasun on gutirekin, zorigaitzez.

      Huna igorri dauzkun lerroetarik zenbeit; hain urrundanik jinak oro altxatzeko direla etzautzuea, irakurtzaleak?

 

      «Zossen huntan, oro ontsa gira: presuner batzuentzat ez sobera urrikalgarri. Libertate heintto bat uzten daukute, ezta erran behar: gu baino hertsikiago denik bada hogoi-ta bortz. Kanpamendu handi, zabal batean gira, harat hunat ibiltzerat haizu.

      Begiraleak ez ditugu gaixtoak.

 

      Babel-eko dorre zelakoaren eite badu Zossen hunek. Lurraren bazter guzietako jende eta mintzaietarik entzuten dugu eta ikusten. Egun guziez kurutzaten gira Jainko onak daki zonbat herrialdetakoekin.

      Dela aleman (erran gabe doa), dela angles, dela beljikano, dela ruso, dela kanadiano, dela aljeriano, dela tunisiano, sudandar, indiatar, eskualdun, ba eta hazpandar; ez baitire azken hauk gutienik atxikimendu merezi dutenak.

      Goraintzi igortzen dautzute; ontsa direla eta bethi herriaz orhoit.

 

      Hau dut erasial Gelditzen niz: luzegi banintz, lanjer nuke zonbeit zokhotan ahantzia egon dadin ene letra.

      Ikus artio. Jainkoak nahi duelarik!

      Zure adixkide,

Fèlix HEGUY

apeza

 

     Datxikola, zertako ez ditugu hemen ezarriko, Frantzia behereko kazeta batean irakurtuak, xehetasun zonbeit Zossen delako soldadotegi hartaz eta harat alemanek eremanak dituzten presunerez?

      Berline-tik 18 kilometretan da Zossen. Alemania guziko arthoskienik egina da, eta zaindua.

      Han preso direnak oro ez dire soldadoak; orotarik bada han. Hetarik baten ganik dakigu nor eta nola, eta nondik bilduak diren han, zenbat ikusirik bidean, eta nola bizi.

      Bego bera mintzo:

      «Zossen-erat ereman ginituzten 18 mila gizonetarik batzu harritzeko da nola diren hunadino bizirik heldu!

      »Badire burdin-bidez egin dutenak ehun eta berrogoi-ta lau orenen bidea, Aix-la-Chapelle hiritik Zossen-era.

      »Bide ikaragarri horri loth aitzinean, 18 oren egonak ziren Aix-la-Chapelle-ko garari datxikon atherbe ideki batean.

      »Hemezortzi orenez hanxe jende zantzail batzuek egin etziotenik ezta: oihu trufa, laido, beharrondoko, begitartera thu; nehork nehon presuner harmarik gabeko batzuri egiten ez diozkaten itsuskeriak.

      »Hemezortzi miletarik hamabortz mila zonbeit astez atxiki zituzten, toki ageri batean, atherberik gabe, gau eta egun, haize hotz, euri eta orori zaudela, basa ihiziak iduri; burdin untzi txar eta koillir batzuez ahal zituzten zilho batzu eginez lurpean, han etzan zonbeit; bertzeak ez hala ere.

      »Erromatisma, eztul, bronxita, bulhar galdu eskasik etzen han.

      »Janhari bat nehor ezin hurbilduzkoa, eta kario itsuski. Oro pagatuz. Nahi zutena eskain, nahi zutena galda; har edo utz, eta leher egin.

      »Zossen hartaraz geroz, denik ere, bertze bizitzerik ginuen; ifernutik lekora, purgatorioa zeru. Elgar lagunduz, maithatuz, alegeratuz, arinago ginuen gogoa; osasuna hobexago.

      »Jan-etzanak ez hanbatekoak. Ogia xuhur; dena ere beltz eta gogor; ardura mutzia; aza, irris, ilhar, macaroni, adan, irris; oro maiz ustel, guziz belharkiak.

      »Arthak, erran dena, desbardin; beljikano flaman-entzat hobeak franximan vallon direlakoendako baino; mintzaiez kideago direlakotz othe?

      »Ageri da flaman hoik bildu nahi lituzketela, perekatuz.

      »Ororen buruan bazterrak hotz eta ilhun litazke, frantses presunerak ez balire han, bethi arintzeko poxi bat orori begitartea, eta noiztenka irri karkara zonbeiten egin-arazteko, nahi eta ez.

      »Frantsesaren jite ona, holako egunetan eta tokietan, da maithagarrienik, orok diotenaz.

      »Beltzak nehon ez dire guri atxikiago, han baino; zer nahi lausengu egin diote alta bada, etsaiak, beretu nahiz; alferretan.

      »Orduan, punitzeko beren themaz, tabakoa khendu diote. Atxik dezatela, beltzak beren hartan gogor eta azkar, frantsesari atxikiak gero-ta gehiago; beren Frantzia maiteari fidel.

      »Kanpamendu guzia inguruan hetsia da alanbre sistadunezko hiru hesi gora eta azkarrez; burdin hari hetarik batzu eletrika courant izigarri batez kargatuak; gainetik edo arteketarik ihes egin nahi luketenak han berean hil diten, ortziak errerik bezala».

 

 

 

PRESO DITUZTENERI

 

     Beren seme, senhar ala anaia soldadoen berririk aspaldian ez dutenak, zenbat ez ditugu ezagutzen! Hilak othe dire, ala oraino bizi, Alamanen eskuetan preso? Galde horri nehork ez dezoke xuxen ihardets.

      Ezen, badakigu, kolpatuak badire, Alamanen eritegietan dagozino, ez dezakete deus berririk egor. Gehienek ezagutzen dugu nor edo nor, bortzpasei ilabetheren buruan izkribatu duenik, bizi dela oraino, eta, luzaz eri egonik eritegi batean, Alamaniarat etorria bere lagunen ganat.

      Alamaniatik izkriba dezakete ilabethean bi aldiz. Hango ministroek egorriak diozkate hortako manuak preso direnen zaintzaleeri.

      Huna zer dioten bereziki erraiten: Frantziak dixidatu duela egiteaz soldado alemanentzat, soldado frantsesentzat Alemanian egiten den bezala.

      Beldur horrekin utziko dituzte han preso ditugun soldadoak orai arte baino maizago izkribatzerat.

      Soldado gaixo hoiek handik hunat egortzen dituzten letrak ikusi ditutzue? Zenbeit irakurtu ditut, eta berdintsuak dire guziak.

      Ongi direla diote. Dohakabeek, ez dezakete bertzerik erran; bertzenaz, letra han berean geldi liteke, hunat etorri gabe.

      Bizkitartean nere begiz irakurtu dutan batek erraiten zuen hauxe: hango janhariak ez duela ez osasunari, ez sabelari minik egiten.

      Harritua nago, nola Alamanek utzi duten letra hori hunat etortzerat; beharbada uste izan dute, heien goresteko zirela hitz hoiek.

      Ezen bertzenaz ez dute nahi, jakin dezagun han preso direnak goserik dagozila. Soldado gaixo hoieri haizu zaiote onkeria jaki zerbeit beren etxekoeri galdetzea; bainan ez dire atrebitzen ogi eskasiaz mintzatzerat, hori bailiteke erraitea: ez diotela jaterat emaiten behar dena. Bizkitartean ogia etxetik egortzen diotelarik, uzten bide diote.

      Ez du aste bat irakurtu dutala letra bat, Alamanian preso den soldado batek burhasoeri egorria. Ongi zela zion, eta galdetzen zioten diru zerbeit eta xingar puska bat.

      Hoik agerian, eta frantsesez; ezen ez zaiote haizu eskuaraz izkribatzea.

      Ohartu naiz bazirela xoko batean zenbeit hitz gordeak bezala. Hitz hoik eskuaraz ziren: «Egor azue ogi bat aste guziez». Gizagaizoa, ez zen atrebitzen horren erraiterat frantsesez, agerian.

 

      Badakizue egina izan dela, preso direnetan, gehienik kolpatuak direnen trukada bat. Hola itzuli da herrirat, burhasoak gure Lapurdin dituen soldado bat.

      Mutil gazte horrek bazituen izkribuz hartuak bere hango lagun eskualdunen izenak, behar zituen xehetasunekin, heien burhasoen atzemaiteko, eta hola berrien jakin-arazteko.

      Alamaniako mugak uzterat zoalarik Alamanek miatu diozkate sakelak, eta paper hori hatzemanik khendu. Othoiztu ditu utz dezoten, erranik zertako zuen; bainan debaldetan.

      Nola kolpea buruan baitu, ez ditake orhoit izenez; bainan orhoitzen da, guziek kargatu dutela beren etxekoeri erraiteaz, egor dezoten ogi bat aste guziez.

      Soldado hori Bordaleko eritegi batean da oraino. Ama izan baitzaio ikusten, aipatu dio bihotzmin handirekin zer zaion gertatu.

      Gaztiatu nahi etxekoeri, eta ezin orhoit, nor ditezken, ez eta ere zoin herrietakoak diren!

      Bordaletik itzuli denean, ama etorri zait berriekin. Aipatu daut bere semearen bihotzmina, eta galdetu ez nezakenez erran, Eskualdun gazetan, zer gertatu den. Hitzeman diot, eta ene hitzaren atxikitzeko izkribatu ditut lerro hauk hemen.

      Mintzo naizen soldado hori Limburg hirian zen preso.

 

 

 

UKARE MOTZ

 

     Eskualduna egiten dugun lantegitik etxerat nindoalarik arrats hautarik batez, egun zortzi hemen aiphatu izigarrikeriazko solasa langileri emanik eskuetarat, ezar zezaguten kazetan, buruz buru egiten dut Frantzia beheretar soldado batekin.

      Adixkideak gira; bizpalau hilabethe ditu Baiona hiriko-etxean egin ginituela ezagutzak. Geroztik noiztenka elgar ikusten dugularik hemengo karriketan, solastatzen gira.

      Jaun gazte bat, halako guti baitire; hain begitarte onekorik; bizitzen ikasia, bat balinbada; lagunkina; axalez baino are hobea dela barneko mamiz, ageri.

      Ez delarik ari nehoren begiaren, ez gogoaren hatzemaiterat, lehen behakoeta elhetarik ezagutzea errex, gazte xuxen, garbi, maithagarrenetarik dela.

      Gerlaren haize gaixto izigarriak botatua bere sor-herritik hunat, etsaia karraskan jabetu zenean toki hetaz, hunat jin eta hemen soldadotua, hemengo gazteagoeri erakasten ari da, hetarik andana batekin egun hautarik batez surat joaiteko.

      Eskua tinka eta bethi, luze edo labur, elheztatzen gira.

      Zer da berri? — On eta txar; orotarik. — Eskualdun-ean zinen? — Bai, jauna. — Qu'est-ce que vous leur avez raconté, à vos braves Basques? — Orizu adixkidea, nahi baduzu egia entzun, hola eta hola.

      Laburzki kondatzen diot, azkeneko aleman soldado aitzindariaren egitatea: nola zion, behin aitamak bere aitzinean hilik, gero bere eskuz hil-arazi nahi ukhan, haur bati sarjant frantses kolpatu hil hurran bat, bere harma eskuetara emanik, hartaz; eta nola zuen harek bera hil, ederki merezi bezala.

 

      Badago behin ixil-ixila ene gizon gaztea, niri so begietara. Gero azken hitzetara naizenean, erraiten daut: «Uste duzu eztakigula holako baten berri, behere hetarik hunat ethorriak girenek? Adi zazu hau, ez ahotik ahora erabilia, amen-omenka. Nihauri gerthatua; edo bederen bi begi hautaz nihaurek ikusia; bi nizeno ez baitut ahantziko.

      Alemanak gure hirian sarthu zirelarik (Roubaix-ekoa niz, dakizuna) oro xehatuz heldu ziren, hatzemana hil.

      Iduri zaut oraino han gabiltzala, soldadoak tiroka, hilka elgarri; bertzeak lasterka ihesi, ahal ginuen zokoetarat.

      Aita eta biak ginen, harek ni, nik hura, bizirik beiratu nahiz ibilki, bata bertzeari besotik lothuak noiz nahi, lanjer gehiena iduri zitzaukun tokietan.

      Oren batez bereziki hanxe, karrikaz karrika, erabili ginituen itzuliak! Etsaia bethi gure ondotik, oihuka, hilka.

      Hitz dautzut ez ginuela gibelerat behaka denbora luzerik galtzen; xixtaz ikusteko doi; bethi kasik beren baionet eta sabre odoleztatuak eskuetan, gure ondotik ginituela; kasik orotan bethi hiruetan hogoi bat metre gutarik urrun gorenaz.

      Arren bertze asko itsuskeria lazgarriren artean, zer uste zinuke dugula han ikusi, ene aitak eta nik?

      Gure aldean, gu bezala, etsaiari lasterka ihes joaki, batzu nigar marraskaz, bertzeak izialdurarekin harrituak mutu, joan ahala joan, sei haur, sei muthiko ttipi,.. seiek eskuineko ukharea moztua.

 

      Behako luze mutu bat biek elgarri, eta bagoazi zoin gure alde.

 

 

 

Eskual-Herri

 

 BAIONA

     Apirilaren lehen arratsalde erditan, hiriko posta handian, soldado batek norapeit igorri nahiz hogoi liberako mandat bat, jali dautzu sakelatik bere moltsa; moltsatik 20 liberakoa, eta pausatu mahainaren ezkinan.

      Buruaren itzultzeko artean ebatsi diote, krik, hanxetik.

      Omen zen jende frango barne hartan. Ebaslea nor? Berak daki.

      Behar du bihotzik ez, memento huntan soldado bati ardit bat ere ebatsiko dionak.

 

 ANGELU

     Bospasei hilabethe huntan berririk igorri ez duen soldado ezkondu baten emazteak ukan du haur bat, bi zangoak aitzin-gibel, makur; bertzenaz bizi karana omen. Sei hilabethe irian xuxen ahalko daizkotela, esperantza omen da. Anhartean etzuen amak deusen beharragorik.

 

 AINHOA

     Duela zenbeit egun guardek bahitu zuten Ainho-ar bat, kontrabandaz bi untzi alcool zeramatzana. Khario gosta zaio español izpiritua: hamabortz egunen itzala eta sei ehun eta hogoi ta bortz libera.

 

 MUGARRE

     Hamabortz urthetako nexkatxa batek bere nausi zaharra salatu du, balinbazuen eta ez bazuen zer erran. Gerthatzen dena gertha, holako zeretan bazterrekoak ixilik egoitea hobe. Gauden beraz.

 

 DONAPALEO

     Joan den astean hiri hortako ospitalean sartu dire hogoi soldado kolpatu berri.

 

 SOHUTA

     Marxoaren 31an herri hortako elizan, zerbitzu bat eman dute Louis d'Etcheverry zenaren ohoretan. Gerlara joana zen jaun hori sergent bezala. Han hil da martxoaren hamalauean. Hogoi ta zazpi urthe zituen. Ederki ohoratu dute herritarrek Louis d'Etcheverry jaunaren heriotze ederra.

 

 

 

GILEN ANTEKRISTA

 

               1

Badakizue nor den Gilen antekrista?

Zango puntten gainean, doa brista brista.

Sahetsetik dilindan dauka largabista,

Ohartu gabe, nunbait, ez dezaten sista.

 

               2

Zahartu da gizona; ilea zuritu;

Beharier zaiote hitsa iduritu.

Zintzurreko min hura zaionz zauritu?

Bethikotz oraikotik othe den eritu?

 

               3

Uste, bainan ez garbi barnetik golkhoa;

Noiz nahi mihian du zeruko Jainkoa.

Has bedi, has kharrakan, ikhertzen xokoa

Zikinkeriaz zaio betheko mokoa.

 

               4

Parisen agertzea zonbat luken maite,

Errabiaren handiz, ezin erran daite:

Arteka batetarik sarthu bezen fite,

Soldadoz ekhar lio hiri baten bethe.

 

               5

Orotarik gathea ezin hautsizkoa,

Zilhatzeko atheka, nun kausi xokoa?

Athe hoi hetsiz geroz, zaintzen da gakhoa,

Ez baitukete behin eskuratzekoa.

 

               6

Bilkhuran batzuk eza, bertzek aldiz baia,

Nork daki zeri buruz dagon hor etsaia?

Odolez ixuri du jadanik ibaia,

Ahulduz geroz, nola irabaz garhaia?

 

               7

Goratzeak utzirik, aphaltzen has zaite.

Sobera hantu dena, nehork ez du maite.

Igel bat hanpa dadin idi baten bethe

Sosegurik ez duke zapart egin arte.

 

 

 

Ziberoan

 

 PAUE

     Paue-tarrak, nahiz egün larri diren,

      Hatsarrian artzain gaizo batzü ziren.

      Negian bazagotzan hor, Erriberetan,

      Üdan bizi ziren bortü gorenetan.

      Haien mendi behi eta ardi salduak

      Etziradian araüz nula nahikuak?

      Bazizien ja hürrün heltzen den omena.

      Ükheitekotz ihun zikiro gizena,

      Egün hiria den güne zabalian,

      Erostünak tratü egin behar zian.

      Nuren nahi artian heltzen ahal beita

      Bekhaxguak pizten dian zerbait kueinta,

      Hartü zien xede bat Paueko artzañek,

      Bai eta bermatü hitz bera ororek;

      «Ühain berririk jin ez dakigün sarri,

      »Alhagü hesietan behar dügü jarri».

      Beren makil zuriak berhala hartürik.

      Mügaz müga hurak lürrian sarthürik,

      Eremü nasai bat zien zedarristatü

      Eta beren olhak hartan herrokatü.

      Horra hastapena. Ikhus orai Paue;

      Gora juanik da, ez da egün praue.

      Hüme bat denian mündiala jiten,

      Odol garbi bada untsa da jeikiten.

      — Pauek ützi zian behinkoz arthaldia,

      Eta haatik badü orano kotxia.

 

 MARKO AFRIKEÑA

     Nurbaitek izkiribatü deit, ez düt erranen nurk, — izkiri bazaliak ez beitü emaiten izenik, eia zer bilhakatü den Marko Afrikeña.

      Ene beithan egin düt, hüts edo khaüsi, eta ez nüke nahi ihurk jakin dezan zer jin zaitan goguala, zunbait neskatila berantiar othe denez Markoren berri galthegilia.

      Hori hala balitz, erran niroke gaizuari ez diala hoberik amets egitia.

      Markok, soldado zerbütxütik jin zelarik, 46 urthe zütian, zaharregi edireiten zian bere büria eskuntzeko. Aleta ordian aillert zen eta zainhart; zazpi hilabete igaran dütü gerlako bürü bürian; Gilen beltzen soldaduetarik zunbiat kalitü dü tiroka eta baioneta zistaz.

      Bena bera ere kolpatürik izan da; zankho bat galdü dü, eta haren ordari badü egün zur makila bat. Uste düzie orai badiala ezkuntzeko gilikarik?

      Ez eta den gütiena.

      Zankhuaren doliak azkarkitto jo dü Marko. Eta üdüri dü beste dolü batek orano haboro bihotza zaurtzen derola.

      Zer? ziuan Markok bere azken leteran, hainbeste igaran onduan ez düt ikhusi behar Aleman barbaruen lasterra Frantziako armaden aitzinian? Zer? Ez düt egin ahal ükhenen Berlin-erako bidajia?

      Denbora lüze gabe Frantzes tropak eta haien lagünak Alemaniako lürretan izanen dira, eta nik ützüli behar ükhenen düt ene xokhualat, Berlin-erat bürüz abiatzeko orde.

      Gogoz eginen düt Berlin-en sartzia.

      Biba Frantzia eta haren lagün leialak oro!

 

 KHANBIUAK

     Aitzineko urthetarik hanitx gisetara bizitzeko manera khanbiatürik dügü aurthen.

      Badira, maleruski, hanitx jente alde gaixtua baizik ikhusten ez dienak, gizun gazte güzien gerlalat juaitiak familiak nekian ezari dütiala ikhusten die eta beste izaten ahal dien hun-üniak oro gainti beltz horrez thapatzen.

      Hargatik, gisa horrez khanbiua gainti okherrialat izan bada, ez othe da beste gisa batez gainti hunialat ere eginik izan khanbio salbagarririk?

      Bai, eginik izan dira, eta ausarki.

      Zer gatik hanitx gizun erlijioniaren kuntre errabiatürik mintzo zienak ez dütügü haboro ihun ere borogatzen?

      Zergatik aspaldiko urthetan Jinkuaren ganik hürrüntürik ziren gizunak arrajiten dira haren huñetara?

      Zer gatik hainbeste soldado gazte aspaldian elizan ebilten ez zienak eta othoitzerik egiten ez zienak, ikhusten dütie saldoka elizetan sartzen, eta kunderen üngüratzen?

      Jinkuak igorri deikü, egia da, esprabü bat ezinago garratza eta bakhotxari gure phartia, nahi ala ez, har-erazten deikü; bena gaizak oro untsa phezatzen baitügü, ikhusten dügü ere ber denboran, nula ezin enthelegatüzko phusamen barnetiko batez bere etsaiik bühürrienak biltzen dütian bere huñetara.

      Aspaldiko urthetan bere eginbidetarik hürrün zagon aita familiako hori, ikhusirik bere seme soldadua ez ziela ihurk salbatzen ahal, Jinkuak baizik, arra-ützüli da Naüsiaren amodioala.

      Aspaldiko urthetan aphezki jatez eta erlijione katolikuaren mesperetxatzez bizi ziren soldado bürü bero saldo hori, ikhusirik aphezetan ez zirela adixkide baizik hatzamaiten eta erlijionian egia baizik edireiten, etsaiari bürüz ebilten diren ber korajiarekin arra-ützüli dira aphezen botziala eta erlijioniaren bide xüxeniala, oroz bat.

      Nurk erraiten dü orai khanbio hun horik oro ez diatekiala iraiñkor?

      Kartielian baratü diren zunbait gizunek, zuñek ezagützen beitie nausigua mügala abantzü zaiela, eta ber denboran, ez direla koz soldado gaxuak bezaiñ untsa hunkirik, ürgüllü sobera beitie aithortzeko gaizki pentsatzen eta gaizkiago egiten diela.

      Ez da düdarik hainbeste miraküllüzko khanbio egin erazi dianak badakikiala ere begiratzen, eta bakia arra-jiten denian boronthale hunezko gizuner haren phartitzen, amorekatik eta hunak naüsi ikhustiarekin, azken bühürrien horik ere hunetarat jünta ditian, maite dien bezala, bethi azkarrenaren alde.

 

(Kirikiño)

 

1915-04-06

 

Atzerriz

 

      Asarrerik izan ez daigun, alkar aitu daigun aurreztik: Atzerri da estranjeria, atze erri.

      Orain orra Atzerriko izpar batzuk:

 

* * *

 

      Gauzea txarto dago. Berlingo izparringi Lokal Anzeiger deritxonak auxe diño:

      «Ikusirik zelan jendea pillatzen dan urun-saltzailleen ateetan, Igaratz-opillak egiteko uruna erosten joanik, ulertzen da zein ondo egin eban Alkateak neurriak artu ebazanean geiegikeriak ebagiteko janari-gastuan, baita gogoa be otzitu egiten da ikusirik zein gitxi igarten dauan erriak gauzea txarto dagoala».

      Beraz jateko gauzea urri dabil Doitxerrian. Sumaten genduan guztiok ori, bada zortzi illebete oneetan etxako ezer sartzen Ipar-Itxasotik, eta auxe zan bere janari-biderik andiena, ta ezin ordeaztu legie Eskandinabek ez Zuitzak ez Italik ez Bulgarik. Luzarora goseak galduko dauz doixtarrok.

      Batzuk eta besteak. Itxasoan ingalandarrak eta doixtarrak alkarri oratze garratzak egin dautsiez orain arte.

      Bada ingalandarrak ei daukez milla doixtar inguru bizirik arrapauta oneen ontziak ondora joan izaten diranean. Eta doixtarrak, barriz, ez ei dauke ingalandar bat bizirik itxasoan artuta.

      Beraz, batzuek alegiña egiten dabe arerioak gaizkatzeko (salbetako) uretara jausten diranean eta besteak ez dabe zeregiñik orretan artzen euren aurrean arerio guztiak itoten badira be.

      Au onantxe ei da, ta onan dala, ingalandarrak darakuse doixtarrak baiño gizontasun geiagodunak dirala.

 

 

Igarleak edo profetak

 

      Nik iñoz esan dot guk euskaldunok alako pillosopo parrastada bat badogula geure odolean: adibidez, or daukozue Zarrontzale Asuako seme argidotarra, sekuleko apizionea dauana polemiketara, dialeketikea txirikillan erabilten dakiana.

      Ba guk pillosopiara joten dogun lez, gure auzoko españarrak porropeta parrastadea euki bear dabe.

      Lengo baten egon zan emen arako Vazquez, ta alde egin ebanean (ez genduan uste ain arin joango zanik, illebete bakarrik egin eban) itxi ebazan porropezia batzuk. Jaimistentzat, Goteunz berberak esan baleuz lez. Beste enparauentzat, ezebez, lelokeriak baiño etziran ta.

      Atzo irakurri dogu beste igarle edo porpeta batek, Alvarezek (Melquiades) esan dauala España laterria, bere ustez, ez dala urtengo bakean egotetik, Italia doixtarren aldez urteten ez bada.

      Ara garbiago: Italia geldi badago edo Alkartuen aldez asten bada, España geldi egongo da. Italia Doitxen aldez jarten bada, España jarriko dala Ingalanda ta Parantzen aldez, ta orduan Lugarte Itxasoan jazoko litzakezala gudaka arrigarriak. Berak Alvarezek, orraitiño, ez dauala uste Italia jarriko danik Doitxen aldez ta baketik ez garala urtengo.

      Vazquezenak baiño jakingarriagoak dira Alvarezen porropeziak.

      Alvarezek artu-emon andia dauko gaur Españan agintzen dabenakaz; ta beronen porropeziak, bearbada, izango dira, Italiari jakin eragiteko España bere arerioa izango litzakela Doitxen aldez jarteko usterik baldin baleuko. Onetara bildurrago izan daiten Doitxe-aldera jausten.

      Ingalandaren eragite edo maniobraren bat ete da?