Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-04-02: Altxa bihotzak!

Berriz ere gerla noiz finituko galdera pausatu digu Eskualduna-k. Noiz baino nola den amaituko du arrangura, ez du bake oker eta maingurik nahi, hobe aski luze joan dadin , etsaia osoki garaitu arte. Kazetak hamaikagarrenez alemanen ankerra agerian utzi du, batetik anaiaren hiltzea gutunean eta bestetik Jainkoa gurekin kantan, gerla honetan, alemanek egin demasak ikusirik Jainkoa beti Frantziarekin da. Ez alferrik, euskaldunak fedea erakusten ere nagusi dira. Alemania ahulduz doa eta aliatuak azkartuz, jeneral  japoniar baten aburuz primadera honetan azken ukaldia emanen diote Alemaniari, “Euskaldunak, altxa bihotzak, udan gure herria, gure mendiak eta gure itsasoa ikusiko ditugu”. Errusiarren garaipen gaitza erdietsi dute Przmysl hirian eta frantziar gerlariek baso bat arno gehiago ukan dute errusiarren ohoretan. Eskasia ari dira nozitzen Alemanian, Frantzian aldiz Desclaux moltseroa itzalpean da. Zuberoako kronikan errefuxiatu belgikarrei legez eman beharreko diru-laguntzaz mintzo dira.

 

 

Noiz finituko

 

     Hilabethean, astean, egunean, zonbat aldiz duzue galde hau entzuten, ba eta egiten zihaurek ere, gerlaz den gutiena solas egiteraz geroz: «Noiz da hau finituko?»

      Nehork ez dautzue galdatuko; nola den finituko; orok, noiz.

      Lehenbailehen hor nolazpeit finitzea, —bake okher edo maingu zerbeit hor egitea baizik ez dutela gogoan iduri— finitze hortaz, hortaz bakarrik bethi eta bethi mintzo zaitzuenek.

      Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerla finitu zen, hau itxuraz finitzekotan den baino lasterrago. Ba Frantzia ere finitzer orduan, gerlarekin batean; aiphatzea balio duten populuen artetik itzaltzer, behin bethikotz ezeztatzer, 1870ean, gure Herri dohakabea,... bakea gaizki eginik.

 

      Errazu bertzerik etzitakela orduan egin; etsai hunen beraren zangopean lehertuak baikinen eta xehakatuak; bertzerik ez baikinezaken egin orduan, etsaiak nahi heineraino buruaren aphaltzea baizik, deus, galdatuak oro emanik: lur, diru eta gaineratiko.

 

      Bakea ba, bakea; bainan egundaino izan bada bake ahul, hauskor, nigarringarririk, hura zen.

      Ondorioak ez du bertzerik erakutsi, eta zer ez oraino erakuster?

      Bakea egin 1870ean, eta handik lau, bortz urtheren buruan berriz,.. haste ukaiter baikinuen gerla, etsai berarekin!

      Bismarck, orduko aleman ministro buruzagi tzar nehon etzauken harek erraiterainokoan orduko Guillaume, oraiko hunen aitaso zenari: «Gaizki jokatu gitzazko Frantziari; ahulkiegi. Sekulako leherturik ezar ginezakena, utzi dugu odol hustu beharra. Bortz miliar-en orde hartu baginiozka hamar eta hiru, lau probentzia, bien orde, hobeki eginen ginuen. Behazu: altxatu nahiz ari da ja. Eztugu behar xutitzerat utzi. Loth berriz».

 

* * *

 

     Aleman ministro eta enperadore, nausi muthilen 1875eko solas hori ezta norbeiti lotarik, ametsetarik gogoratua. Egia zinezkoa da. Hola-hola mintzatu ziren. Orduko baketzetik bortz urthe oso gabe, hasi zitzauzkun kitzikan, gerlapide bilha; ehun mila estakuru tzar. Ez-deuskeria batzuez noiz nahi mehatxuka.

      Nahi eta ez, berriz gerla ginuen, ez balitzauku alde jarri, eta azkarki, ezpata gure alde atxatuz goraki, Rusiako enperadore oraiko hunen aitzinekoa; — erraiterainokoan Alemaniakoari:

      «Gerla nahi diozue berriz hasi Prantziari. Zer zuzenez? Ala suntsitu nahiz? Ikusiko dugu. Ene ezpata hunek indarrik dueno, ez duzue lan hori eginen.»

 

      Ez du oraikoa Rusiak, gure alde baita. Holakoez orhoitzeko da bethi.

 

* * *

 

     Rusoa mintzaturik, uko egin zuen 1875ean alemanak. Ba, geroztik ere, ba, zonbeit aldiz.

      Berrogoi bat urthe huntan zonbat beltzuri, larderia, mehatxu, jazarkunde ttipi eta handi! Handienak baizik ez aipatzera, zazpi, zortzi aldiz han izan gira, gerlaren hegi hegian; aldi bakotx, han edo hemen, lur pozika bat edo bertze onez onean, bakearen gatik, guhauk eman edo hartzerat utzi ez baginiote; ministro bat, heien gogoko etzena, bazterrerat aurdiki ez baginu, edo nolazpeit aphaldu burua, jazartzen zitzauzkun.

 

      Egin eztaukutenik ezta, berrogoi urthez, gontzetarik jauz-arazi nahiz diren bezalakoek. Bethi eta bethi gataska bilha.

      Hortakotz da errana «querelle d'allemand» lokiarik gabeko auzi eta makur gaixtakeriazkoez.

      Holakoekin gerla sekulan ez duzue fini. Bethi bardin haste ba, non ez diozueten aldi bat behin bizkar hezurra hausten; daudela lurrean, erroz gora.

      Nahi badugu bakea alemanarekin ez ta hor bertze deus egitekorik.

      Gerla hau finitzekotz, behin eta behin, berriz ez hasteko gisan, alemanaren bizkarrean beharko dugu finitu, haren gostuz; harek nahi ala ez.

      Bederen, Guillaume eta haren ondoko-gei seme zaharrena, ba eta Guillaume-ren familia guzia bazterrerat utzirik, ba eta heien kideko soldado-aitzindari, gerla baizik gogoan ez dutenak utzirik bazter, bertzekin dugu egin beharko bakea.

      Bakea sinatu ondoan, Guillaume eta harekilakoak, aiher litazke berriz ere oraino erraiteko, nahi dutenean «deus ez direla bakezko paperetan izkirioz emanik sinatu hitz guziak, des chiffon baizik».

 

      Atheraldi gogorra hori Guillaume-ren manuz atheraia aurthen behin haren ministro buruzagiaren ahotik, Europa guziari goraki mintzo zelarik.

      Bere buruari zu erraiten dion gizon batek egundaino erasi ez duen elhea, hori, eta Beljikaren zangopean ostikatzea, hitz-eman ondoan, etzuela sekulan holakorik eginen, bi itsuskeria hoik, bertzen gainera, bainan hoik biak orotako itsusienak, pagatuko dituzte beren karguak galduz, nausiak eta muthil hobendun handienek.

 

* * *

 

     Bertzekin eginen da bakea ahal denean. Iraupeneko bakerik ez ditake hor bertzela.

      Noiz den egin ahalko bake segur, iraunkor hori, nehor ezta dakienik. Batzuk fitexago dela eginen uste dute; bertzek luzexago duela iraunen gerlak, dute uste.

      Guk hemen Eskualdun-ean mintzo direnak, berri heltzale eta bertze, uzten ditugu mintzatzera, nola baitzaio bakotxari, eta hala.

      Guhaur bethi gure hitzean gaude: guk nahi baino lehen eztela finituko gerla; agian laster fini ahalko dela, ez berriz hastekotan.

      Zonbeit urtheren buruan berriz haste behar baginu, miletan hobe oraidanik aski luze joan dadin, etsaia osoki garhaitu arte.

 

      Etsitzekotan bagine, lehenago eta hobe litake; bainan ez gira hartan. Sekulan ez ditugu oraiko laguntzak ukhanen, bederen ez hoin azkar, guhaur ere oraiko indarrean girelarik,

      Hoita hameka eta esku gira. Jo irabazi arte. Bitoriarekilako bakea, geroko beldurrik gabe, hura, hura bakea; jiten denean jin; agian askok uste baino lehen; ez guk nahi baino.

      Bake hura dugu oraidanik benedikatzen; iraupeneko hura.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken marxoaren 24an

     Beljikanoak Yser ur lasterraren hegian eta gu Alsacen, aitzinatuz goazi. Alemanek oldar eginago eta alferretanago.

      Anvers-eko ondoan baitute itsas-untzien jauz-arazle tresna batzuen egiteko lantegi handi bat, anglesek ari diote aireplanetarik tiroka lantegi hura andeatzen.

 

Ortzegun, 25ean

     Orotan ihardukitzen diotegu: Notre-Dame-de-Lorette, Fontaine-Madame, (Argon-en) eta Eparges-en bereziki.

      Pont-à-Mousson hiriari jazarri zaizko egun aireko tresna heiekin. Ondorio guti oraino.

      Rusoekin oraino lanak dituzte otrixianoek.

 

Ortzirale, 26an

     Aro gaixtoak gibelatzen du lana, sailaren burutik buru. Han-hemenka zonbeit borrokaldi tirabirako baizik ezta.

      Gure aeroplanetarik hamarrek harrotu dituzte gain behera, Metz hiriko gara, Strasbourg-eko soldadotegi bat eta handik hurbil bertze atherbe batzu, aireko tresneriaz betheak.

      Karpathes mendietan kanoi burrunba gaitza. Rusoak ez daudela lo.

 

Larunbat, 27an

     Arras hiriari arizan da gaur etsaia bombe ukaldika. Su lothu da karrika batean, bainan laster hil dute. Argon-en Bagatelle deithu tokian bombes botatzen arizan dire arroil-erreka batetik bertzera. Min guti.

      Harmanvillerskoff deithu mendi bizkarraren gain-gaineratu gira. Presoner multzo bat hartu dugu; aitzindari zonbeit ere ba.

 

Igande, 28an

     Berri funtsik ez, baizik ere atzo larunbatean alemaneri hartua ginioten arroil-erreka pozi batez nausitu zauzkula berriz. Noiz arte? Ikusiko. Bakhan zauku holarik gerthatzen, eta orduan ere, galdu poxia berriz eskuratzen dugu.

      Hartmanvillerskopf delako mendi kaskoan erroak eginik, nausituz geroz, ez gauzkate hanxetik behin kendurik.

      Preso hartu ditugu han, berrogoi bat aitzindari, handi eta ttipi, eta 353 soldado.

 

Astelehen, 29an

     Ypres-eko aldean aleman atherbe handi bat jauz-arazi dugu dinamitaz. Arroil-erreka puska bat, bezperan guk hartua, berriz nahi zuketen beretu; muthurreko bat onarekin joan dire gibelerat, lau hatzez goiti han berean gelditu ez direnak.

      Bertze toki batzuetan ere hartu dugu esku-gain pozi bat. Hartua hartu.

 

Asteart, 30ean

     Berriagoko handirik ez gerla tokietan egun, bazterrak orotan berotuz doazila baizik. Oldar handia berandetsia dutenek ez dute zeren etsi. Ari da hurbiltzen, irabazteko esperantza handiarekin.

      Othoitz egilentzat ere orai da mementoa. Laguntza guziak on dire; nork ahantz orotako beharrema?

 

 DESCLAUX

     Soldado gaizoeri ohointzan ari zitzeielako aitzindari tzar hura kondenatu dute zazpi urtheren preso; la réclusion, gaztigu idorrenetarik da.

      Ohoinaren lagun ematzarrari bi urte presondegi. Eztu soberarik.

 

 

 

IRAKUR OKOK HAU

 

     Ba, adixkideak, nahi nuke irakur dezadazuen guziek hauxe; bertze deus egungo Eskualdun huntarik irakurtuko ez duzuenek eta orok, irakur othoi hau.

      Gizonek, emaztek, gazte eta zaharrek; soldado ohiek eta geiek; bihotz eri minberenetaraino, haur hotzak eta ora barne.

      Irakur eta irakur-araz.

      Orotan orok jakin dezazuen eta oraikotik behingotz buruan har, zer putikoak diren gure etsai alemanak. Ea zortzi bat hilabethe huntan ja zuek eta nik entzun elheak, alemanen abrekeriez, gezurrak zirenez, ala egiak; ez othe ziren kazetari buru bero batzuen gogotikakoak, etsaia itsustuz, herraren buhatzeko haren kontra.

      Idek begiak orok, eta irakur, hau hemen, bederazka, ixiltasunean, aphaletik; edo etxeko guzientzat gora, irakurtzalerik hoberenak, arte duzuen batez.

 

* * *

 

     Beraz joan den igande ilhuntzean, elizatik lekhora, banoa Delay Jaun medikuaren eritegira, berriki han egon muthiko maithagarriño baten berriak xeheki jakinik behar niozkatela igorri haren etxekoeri oroz batean han diren soldado eri eta kolpatu gaizoetarik ere zonbeitekin solas eginen nuela.

      Eririk, kolpaturik egundaino nehork nehon ikusi badu, adixkideak, nik dut ikusi eta mintzatu hanxe bat...

      Gizagaixoa!

      Soldado bat, gazte hotza, nahiz baduen, iragan urritik hunat, jasanik aski, goiz zahartzeko!

 

      Gor da eta mutu; edo hala zen hunat jin delarik; emeki-emeki beharriak idekitzen hasiak ditu; mihia ere ba poxiño bat, bainan hurrikiago.

      Bertze hanitzi bezata, kanoi handien azantzak eta inharros-aldiak daizko beharriak pekadarenak bezen elkor bilhakarazi.

      Gutiago dire burrunba ikaragarri harek mututzen dituenak; bainan gerthatzen dena da noiztenka.

      Batzu sekulakotz halahala geldi diten beldurtzeko da omen; gehientsuak behin pausuak, gero azkenerat electrikazko artha berezi batzuek, ez badaitzu ere osoki, lehengo heineratzen, erdi sendatzen ditu araiz.

      Hau Bordalerat igortzekoa dute artha berezi direlakoen emaitera; bainan aiphatu orduko nigarrez marraskan hasten da, othoizka, ez dezaten harat ereman; hemen nahi duela egon, serora on hauien hegalpean, senda ala ez.

      Ikusi bazinute gaixo muthikoa! Zer begiz behatzen zion serora buruzagiari haur ttipi batek bere amari bezala!

      Erdi gor, kasik osoki mutu ba oraino, bainan bertzenaz kolperik ez... Edo, zer diot?... Kolpea kolpearen gainera bihotzaren erdiz erdi.

 

* * *

 

     Irakur azue letra hau, duela, bortz hilabethe, soldado gaixoari bere koinat batek igorria Frantzia behereko eritegi batetarik, «Aneia maitea» erraiten diola bere arrebaren senharrak, hanitz tokitako usaia den bezala.

      Sortzez ere alde hartakoak dire; bainan ez familiaren, ez herrien izenik ez dugu eman nahi Eskualdun huntan, nehork ez baitaki kazeta bat noren eskura ditaken, eta alemanak aiher bailitazke, mendekioz bardin, zer nahi egin, —padara luketen ber— huni berari ala hunen herritar edo ahaide bizirik hatzemaneri.

 

L..., urriaren 20an 1914.

     Gaixo aneia maitea,

      Lerro hauk igortzen daizteat, jakin nahiz hire berri zerbeit. Balinba ontsa hiz bethi eta egundaino bezen azkar, kuraiatsu.

      Nik mementoan osasuna diat. Jakizak buruilaren 14an beso eskuina kolpaturik ukhan dutala, eta ja kasik sendo, laster berriz surat itzultzekotan nizela.

      Egunak luze zaitak hemen hola, deus ari gabe.

      Behar deat erran, aneia maitea, ene emaztearen berriak ere ukhan ditudala Suisan gaindika, itzulian. Ongi zoak, ba eta gure bi haurñoak.

      Badiat bertze berriagorik ere hiri gaztiatzeko, bainan bebar nuk utzi, othoi, ene erraitekoen erraiterat bihotzetik lumaren puntara heldu zauzkitan bezala.

      Dakitalakotz bethidanik zer kuraiaren jabe hagon, eta zoin azkar bihozminik handienen jasaiteko, menturatzen nuk ene emazteak igorri daitan berrien hiri heltzera, jakin ditzakan diren bezala, zonbat ere baitire hitsak.

      Orhoit hiza, gaixoa, nola agorrilaren 2an, soldado joan hintzen, etxean utzirik hire aita eta ama onak, hire aneia gazteena, eta hire iloba ttipia, hik bezen maite nehork etzuena, nehork sekulan ez baitzezoken gaizkirik erran, hi bethi haren alde altxatu gabe, familia guziak hire gomendio utzia baitzuen, gaixo haurra, orhoit hiz, eztea hala?

      Sinesten ahal duk odol gaixto onik egin dutela, hik hek bezenbat heiek hi maite bai hinduten, hi etxetik joanez geroz, ez ditek ukhan onik.

      Gaixo aneia, izan hadi azkar, kuraia har zak. Bil-zkik hire arimako indar guziak, igortzen daiztedan berrien jasaiteko, nihauri ene emazteak igorriak.

      Ez hago araiz jakin gabea, buruilaren 12an alemanek gure herrian berenetarik egin zutela, etxe guziak arroatzerainokoan.

      Arratsekotzat denak mozkor arraildurik, bazter guzietan hatzemanak oro hil, zer nahi itsuskeria egin, hasi zitukan.

      Hire aita eta hire ama hil tie, eta heiekin bertze auzo leherra. Hire aneia karrikan baitzabilan, harat hunat lasterka, heiagoraka hiltzen ikusi dohakabeeri oihuka: «Aita, Ama!»...

      Hainbertzenarekin sarjant frantses bat kolpatua, zauri izigarri batzuetarik odola zariola, herrestan baitzoan han gaindi, ahal zuen bezala badoako hire aneiari aldera: eman dezola ur-hotz xorta bat, othoi, othoi.

      Galdatuaren emaitera doakolarik sarjant hil hurran dohakabcari, hor heldu zaiok urhats bizian gainerat aleman soldado aitzindari bat izigarriko larderian.

      Eskutik kentzen ziok hire aneiari sarjantarentzat ekartzen zuen ura, erraiten diolarik: «Emak hunat edari hori; ez hik ez horrek ez duzue urik edanen gehiago. Elgarrekin hiltzeko hobeak zirezte».

      Manatzen zeiek soidadoeri, kali ditzaten biak tiroka, eta tiro egitera zoazilarik aleman soldadoak, kheinu egiten ziotek aitzindariak: daudela ixtant bat.

      Hartu sakelatik bere errebolbera, eskaintzen ziok hire aneiari, erranez: «To, hunekin muthurra hautsirik lurrerat botatzen baduk sarjant hori, uzten deat bizia; bertzenaz hireak egin dik».

      Aneiak hartzen dik errebolbera; itzul —bizi-bizia— behin sarjantari buruz, alegia hura hil nahi; krak, batbatean gero izul aleman aitzindariaren alderat, hau erretzen dik berehala, lehen kolpe.

      Han berean laster, tiroka zilhatuak, erortzen dituk sarjant frantses dohakabea eta hire aneia.

      Etzakala, gaixoa, hunentzat bederen nigarrik egin. Bere eginbidea bethe baizik ez dik aneiak. Bulletin des Armées delakoan ohorezki aiphatu ditek. Gure izena ohoraturik sekulakotz hil duk. Biba hura. Baditakea heriotze ederragorik?

      Etzakala hire buruaz etsi, gaixo aneia. Etxerat itzultzen haizenean, hire arreba kausituko duk han ama, eta ni hire aita. Ba eta gurekin gure bi haurrak, eta bertze iloba hain maite dukan hura.

      Gure beha zaudek lauak, begiak, xuriturik, sinesten ahal duk.

      Eta orai ez nakikek gehiago zer igor, baizik ere, har dezakan pazientzia eta kuraie. Elgarretaratzen girelarik, hire bizipideari buruz har ahalko duk sail hasia.

      Bururaino heltzen lagunduko haitugu beharrez. Hire paperentzat ez izan beldur; Luisak oro esku onetan altxaturik zauzkak.

      Egin berri ginituen lau etxeak erre suntsitu zaizkuk etsaiak. Ni ez nuk lotsa. Zertako hi?

      Goraintzi ene emaztearen, gure bi haurren eta hire bertze ilobañoaren partez.

      Ihardets ezadak: hitz-emaiten dautakala ukaitea gure nahigabe guzien gizonki jasaiteko indarra.

      Hire aneia (koinat), arreba eta ilobak, bizi guzikotzat bihotzez hireak».

D.P.

 

* * *

 

     Elgarri zoin atxikiak letra hortarik ageri diren ahaiden arlean damurik ezta hor ikusteko, amodioaren sustengu eta sustatzale, holako zorigaitz ela bihotzminen eztigailu, erlisione izpi bat.

      Urrikalgarriago baizik ez dire dohakabeak, hil eta bizi; jainkotiartasun gehiago eta hobe baizik ez baita holakoetan.

 

* * *

 

     Gaixo soldadoa! Zonbeit hitz bakar adi doi-doia eta erran baizik ez ditzazkenaren aldean jarririk dutanean irakurtu, burutik buru, nigarrez artetan bustiz, eskuararat itzulia, hitzez hitz, hor duzuen goragoko letra, zonbeit elhe on erran daizkot gaixo martir minduru hari.

      Berriz ikustera joaitea hitzeman diotalarik letra lazgarri hau gibelerat eremaitearekin, milesker erran nahi eta ezin erran, eskua tinkatu daut, hipaka, ezkerraz begitartea gordetzen zuela.

      Deus gehiago ez erran beharra, ez diot bada galdatzen, ontsa baino hobeki egin ustez, ea nahi zuenez, berak izkiria ez bazezaken, haren berriak igor nitzon letraren egile koinat on hari!...

      Erran banuen erran! Zart, berehala marrumaz hasten zaut; buruz eta eskuz keinuka, etzuela nahi; bulharrez, lephoz, mihiz indarka, biziki nekez atheratuz gaixoak hitz bakar hau, bi aldiz:

      «Non, non!»

     Harritua, zonbeit zauri, uste gabetarik, hunkitu niokenez, othoizten dut eztadin holaka. Keinu egiten daut, ez dela neretzat kexu, bainan urrungo heientzat. Ukumila bildurik, besoa luzatzen du, aleman urdo tzar hek han nonbeit ikusten batitu bezala.

      Hek, hek ditu higuin; baitu zeren!...

      Mintzatu nahi, eta ezin mintza... Brau, seroraren ganat itzulirik keinuz galdatzen diozka paper eta kraiona.

      Mahainari jarririk lotzen da izkiriatzeari, —bainan zoin nekez! Hiru lau alditaraino, paper eta kraiona bazterrerat, burua bi besoen gainerat aurdik; xuti eta jar. Azkenean hitz hauk izkiriaturik emaiten dauzkit begien aitzinera: «Ils l'ont tué».

      Koinat bihoztun hura, beraren eta bere iloba haur hotzen azken sustengua, hil diote geroztik holetan, alemanek. Buruz buru gelditzen da bere arreba, hiru ilobetarik bien ama alharguntsarekin.

      Ez jakin azken kolpea duenez oraino. Anhartean, sinetsiko nuzue, erraiten badautzuet, ez diotala xehetasunik galdatu, noiz eta nola dioten koinat hura hil.

      Othe ditake arima batean zauri bihotz-erdiragarriagorik?

 

 

 

JAINKOA GUREKIN

 

               1

Etsaiak erran du, zeruko Jainko-Jauna:

«Haren alde, gain hartan, zinela emana!»

 

              Errepika

Ez zare sekulan agertuko heiekin,

Bethi zare, guduan, izanen gurekin;

Etsai horien kontra, zu... Frantziarekin,

       Bethi, bethi zuzenarekin!

 

               2

Oi Jauna, sekulan ez ahantz heien krimak! Adizkitzu milaka marrumaz arimak!

 

               3

 

Ez dugu ikasi hiri baten funditzen,

Ez eta, errabian, elizen erretzen!

 

               4

Ez dugu guk egin haur ttikiz masakrerik,

Ez dugu xaharrik hil, ez eta andrerik!

 

               5

Zuentzat, soldado kolpatuen hiltzea;

Zuentzat, hil direner dirua kentzea,

 

               6

Frantsesek, beldurrez, armaden aintzinean,

Ez dute emazterik ezarri sekulan!

J.B.

 

 

 

Gerlarien berri

 

Martxoaren 21ean

     Adixkidea,

      Huna primadera. Iguzkia agertu da goizean goizik zeruan; lorea sortu larrean; xoria kantuz hasi sasian. Ah, zer zoriona gerlarien bihotzetan!...

      Aspaldi du: eskualde hautarat heldu ginenean etsaiari zafraldi bat ederra emanik, aintzindariek erran zaukuten: negua hemen iraganen ginuela, aintzinago joaitea, bilhatu gabe, aroaren eta bertze asko zeren gatik.

      Iragan da negua eta ethorri primadera. Ixilik zauden bazterrak. Egun hautan bereziki etzuen gehiago iduri gerla zela. Orai, zer da gertatuko? Noiz eginen dugu oldarra?

      Nahiz ez naizen ni bertze bat baino jakintsunago, ikusiak ikusi, entzunak entzun, huna zer dutan uste; gerlak ez duela hainitz iraunen...

      Hemen baditugu, ehunka, gizonaren izpirituak asma ditzazken gerlako tresna mota guzietarik; zoko moko guzietan gordeak, ahoak zabaldurik daudela, zakur errabiatuaren pare, orroaz hasteko hein-heinean. Hasten direlarik, ez diote neholaz ere buru egin ahalko etsaiek. Zinkurinaz, haikatuko dire beren parropietarat, gibelaldea biribil...

      Bertzalde, guziek dakitena da, gosetea hedatzen ari dela Alemanian. Gure etsaiek ez dute ukatzen ahal, ez dutela ogi mikorik. Aspaldian, K.K. delako ogi batez dire bizi.

      Uste zuten patata berriarekin zerbeit eginen zutela, bainan horra non patata galdu zaioten. Nola bethe hertze luze hek? Dutenarekin tronpatuko dituzte bizpahiru ilabethez. Bainan gero? Gero... plazer badute eta ez badute, amor... eman beharko.

      Hori da Ameriketako, Angleterrako eta Frantziako kazeta-egile aiphatuenen ustea.

      Horiek hola, eman dezagun Alemanek badutela ausarki jatekoa. Halere gerlak ez du hanitz irauten ahal.

      Egunetik egunera, flakatuz, ahulduz doazi eta frantses-angles-rusoak azkartuz.

      Ja hiru miliun gizon galdurik badute Alemanek. Mainku, konkor, okher eta mila debrukeria harturik ere soldadotzat. Heien armadak ez du jo orai gurea balio. Jeneral japones batek du erran hori, ez nik. Eta jeneral horren arabera, primadera huntan, azken ukaldia aise emanen diotegu.

      Alta, ez du bada Otrixiak lagunduko. Hau jada errekak behera joana da. Bere uliekin aski badu, bertzenetan sudurra sartu gabe.

      Beraz, Eskualdunak, altxa bihotzak. denborak heldu dire. Uste guzien arabera, udan gure Herria, gure burhasoak, gure etxeak, gure mendiak eta gure itsasoa ikusiko ditugu. Eta agian, orduan eginen den bakeak iraunen du, gure haurrak eta gure haurren haurrak handitu arte. Egon ongi.

ZERBITZARI

 

 

     Usaiako berrikariaren ganik:

 

Pazkoak

 

     Adixkidea,

      Pazko eguneko hor ukhanen ditutzu lerro hauk. Ez dakit zerbeit berri handi gerthatuko denetz arte huntan; zortzi egunez urak egiten du bide. Gerla hunek urhatsak xuhur ditu, orai artio segurik, bainan gutien ustean eginen du urhatsaren orde jauzia ere. Iduri luke hartan dela.

      Anhartean gure gerlariak Pazko denboraz orhoituak dire. Tenorez hasi dire beren eginbidearen bethetzen, mahain saindurat hurbilduz pausu egunetan.

      Elizak bazter hautan soldadoz betheak ikusi behar lituzkete, goiz arratsetan, horko aho handi batzuek. Nahi nuke bereziki aste huntan egin balute itzuli bat, hemengo ur hegi bateko bizpahiru eliza zaharretarat, Eskualdunen erreximendu bat edo bertze pausuan zaudelarik hor gaindi. Aste hunen lehen hiru egunetan zazpi ehun gizon jin dire lerro lerro mahain saindurat, herri ttipi batean joan dire gero berriz beren erreketarat, bihotza hazkarturik.

      Ez niz mintzo bakharrik Eskualdunez. Aithortzen dut hortan ere nausi direla bertzeri. Bainan bertzeak ere zerbeit ari dire. Eskualdunen erreximenduetarik ezker nindohalarik ilhuntze batez, herri txar batean trikatu nintzen, su-pizteko zonbeiten beharrez.

      Hain xuxen, Eliza aldean gerthaturik, kantu batzu entzun nintuen, eta sar jali bat egin nik ere; mukurru bethea zen Eliza. Arrats guzietako benedizionearen azken kantuetan ari ziren.

      Oro akhabatu zirenean, gizon gehienak han egon ziren luzaz, zoin bere tokietan, belhauniko edo jarririk, gizon zahar eta gazte, batzu arrasorioak erhietan, bertzeak beren buru bizardunak eskuen artean, beren familia eta Jainkoa gogoan.

      Ilhuna jiten ikustearekin, jali nintzen, urruntxago heldu behar bainuen. Hanbertzenarekin hasi ziren berriz kantuz... Etziren Eskualdunak. Gain hautakoak ziren oro.

 

 Azkar

     Suari liurbilago eta erlisione gehiago bai ta ere kuraie gehiago. Hainitzetan ohartu nitzan gauza horri.

      Hirriskutik urrun bizi direnek bihotza hilago dute gisa guzietarat. Gerla luze hunen lana gau eta egun erreka zilhoetan egiten duten gizonak dire ikustekoak: hek dire gutienik lotsatuak. Gorputzez zailago, jarriago eta gogoz ala bihotzez beroago, azkarrago, harroka batzu iduri; espanturik egin gabe, ixilik bururen buru beren eginbide dorphea deramate azkarki.

      Negu huntako egun eta gau izigarriak eta oro ahantzirik, soldado eskualdun gazte batek erraiten zaundan egun hautarik batez: «Ba, orai bederen lakhet du erreketan!» Lakhet! Bai, ikusien aldean, oraikoak ez zaizko deus ere haur gaixoari!

      Eta gero berehala begia ilhundu zitzaion; galdegin zuen ixil ixila: «Zure ustez atxikiko othe dute gure heiek, han herrian?»

      Entzun duzue? Gure heiek, han herrian? Beren iraupenaz ez dute dudarik. Griña guzia zuen bihotzaz: iraunen othe duen, azkar, bururaino.

 

 Gure tokian

     Gerlako goiti beheitiez ez dut aste huntan halako zer handirik.

      Aroa ezin finkatuz ari da itzulika. Lurra oraino heze dago. Bizkitartean aireplanak bederen agertu dire berriz, egun argietan. Alamanak izigarri gora dabiltza. Ez ahal dute gauza handirik ikusten. Bainan aphaltzen balire, balukete hegaletan phereka aldi ederrik.

      Gure tokian erdi deskantsua dugu bethi. Han hemenka kanoiek aste huntan egin dute lan. Bainan ez dugu ikusi Alamana bere zilhotik kanpo. Gu ere barnean gaude. Leihotik so egiterat haizu, bai eta ere tiro zonbeiten egiterat, atzemaiten dena atzeman.

      Kolpatu guti, arras guti ba; bainan halere direnak sobera. Alamanen kanoiek kitzikatu gituzte iragan astean baino gehixago, tokitan. Bainan ezagun dute hazkurria xuhurtua dutela.

 

 Gure inguruetan

     Gure ezkerrean Soissons-eko kathedraleari buruz lothu dire, beren kanoi handiekin. Jadanik pilar bat lurrean zuen eta gaina zilhatua. Aldi huntan balentria labur ukhan dute. Hasi direneko, ixilarazi ditugu, muthurrean atzemanik. Urruntxago ereman dituzte beren tresna tzarrak, bertze nunbeit gordetzeko. Geroztik geldirik egon dire.

      Goraxago, Arras hiriaren gaineko aldean, mendixka bat hartu diotegu jauzian, abantail handikoa, burdin bide batzuen nausi gelditzeko. Guk mila gizonekin egin lana, lau mila gizonekin egin beharrez entseatu dire, debaldetan.

      Belgika ezkinan, anglesak ari dire bethi azkartzen. Lille-ko hiri handirat buruz hurbilduak dire, emeki emeki.

      Gorago, Belgikanoak, beren erresuma xokoan, egun guziez bermatzen dire, bethi Alamanaren kitzikan. Heiek ere gaina hartua dute, Anglesek bezala, eta etsaia han daukate hats hantua, bethi gizon berrien beharretan.

 

 Alamana Kexu

     Gure eskuinean, Reims-eko hiriak jasan ditu berriz ere etsaiaren kanoi ukaldiak. Hango gizon batek erraiten zuen, ikusiz Alamanen errabia: «Berriz gure kathedraleari lothuak dire. Marka ona! Mendekioz ari dire. Nunbeit zafratu dituzte Frantsesek!»

      Egia zuen. Champagna gainean galdu lurrak berriz eskuratu nahiz, jokatu dire azkarki; bainan metre bat ezin irabazi dute. Mendi bat galdurik, bizpahiru bideren juntan, petrola sutan aurdiki dute gure soldadoen gainerat. Aberekeria guziak on zaizkote!

      Verdun-eko hiria nahi baitzuten baitezpada setiatu, gero-ta urrunago dute beren aztaparretarik. Bizpahiru tokitan, etsaiaren lerroek amor egin dute, eta heien zilhoetan Frantsesa kokatu.

      Martxoko hilabethe guzian gaina hartu dugu, bethi zerbeit irabazi, deus ez galdu.

      Etsaiari erakutsi diogu, nahi ginuen lurra hartzen dugula bethi, eta hartuz geroz atxikitzen. Berri txarra alaman urguluntsuarentzat.

      Bortz gogoeta ilhun eginik daude geroztik.

      Zertako uste duzu igorri dituztela Parise-rat, gauaz, beren airetako handi hetarik? Gure iziarazteko, ala beren jendeari bihotzaren altxatzeko? Beren ogi beltzaren gainean gasna poxi bat, hedatu nahi, zerbeit gisaz, ez dezaten egin kurrinka saminegi?

      Guti aski dute kontsolatzeko. Tresna handi hoiek burrunba puska bat, egiten dute, bainan gerlako goiti beheitian tirrit. Beren ustez bazterrak harritu beharrean zituzten; kexu ditugu, kexu. Marka ona guretzat!

 

 Biba Rusoak!

     Berri on handi bat jin zauku Rusoen ganik. Hiri bat Otrixianoeri hartudute ehun eta hogoi mila gizonekin!

      Aspaldion beha ginauden, Przemysl delako hiri horrek noiz eginen othe zituen bere azken uztarrak. Rusoek inguratua zaukaten, eta ikusirik nahi ala ez eskuetarat ukhanen zutela, denboraren buruan, gizonik galdu gabe jokatu dire, deskantsuan egonez tokiaren gainean.

      Horra zuhurtziaren saria! Otrixiaren zitadela azkarrenak amor eman du, gosetea ezin jasanez gehiago. Alamania guzia holako zerbeitek atzemanen du azkenean: hatsik ezin hartuz leher egin beharko!

 

* * *

 

     Zer alegrantzia gure lerroetan, holako berri on handiak jakiten ditugularik, eta Rusoen armada handi bat ikusiz libro, aintzina jokatzeko nahi duen tokian, Otrixianoak ja herrestan dabiltzalarik! Jauzi handia eginen dute oraikoan, nahi eta ez, mendietan gaindi, Hongria-ko ordoki zabaletan barna. Hango goiti beheitiak gure alde jartzen ari dire gero-ta gehiago. Hango etsaien indarra kraskatua dago bethikotz.

 

 Jan edanak

     Baso bat arno gehiago eman daukute, bitoria horren ohoretan. Ez da, batere astokeria... Egin dezatela Rusoek lehenbailehen bertze balentria handi bat, pinta arnoa balioko duena!

      Ez ahal dauku nehork ahotik ebatsiko gehiago gure puska, Desclaux gure moltsero handia itzalerat juanez geroztik. Zer ihizia! Emazu gero kazetan, preso dela, zazpi urtherentzat bakea dugula!

      Dutxulotik ari zen arno edaten, beldurrez hurrupa txarregiak egin, eta zikiro azpi hoberenak igortzen zituen andere zikintsu batzuen asetzeko.

      Hemen oro loriatu dire, jakin dugunean etzela behin agertuko iguzkitarat.

 

      Jatekoaz kestione, ogi hauta dugu bethi; xitxiaz nardatzen hasia niz haatik, xingarra baitugu kasik egun guziez. Ez dut errengurarik bertzenaz, puska frango handia hunkitzen dugu. Ni segurik xakhur batekin partzuer ari niz.

      Xingarrarekin irrisa gehienetan. Barnearen freskatzeko ez omen da halakorik.

      Hoik oro hola, banoha etzaterat.

      Ez dakit batere zer erran dautzutan ere: gogoa lagunek nahasi dautet beren haroaz eta musikaz.

      Xirribika bat etxetik ukhan berria du batek, eta hitz dautzut badugula geroztik kantu eta dantza.

      Gerla tokian, martxoaren 28an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Ziberoan

 

 MAULE

     Igan egün hoitarik batez, Belge eli bat izan omen die süprefetari galdeiten zertako ez düten ükheiten legiak emaiten deien lagüntza?

      Ez dakigü xüxen zer ihardetsi deien jaun horrek, bena hun da jakitia zer diren gaiza horren gañen bakotxaren dretxoak eta eginbidiak.

      1°.— Ihes jin bakhotxari Frantziako legiak segürtatzen deio egüneko hogoita bost sos (1fr. 25) eta haür bakhotxari, 16 ürthiak bethe artio, egünian harmar sos (0fr. 50) Lagüntza hori hartze die ürthatsetik hünat eta galdein behar die egoiten dien herriko Merian.

      2°.— Lagüntza hori ez die izanen eskeintzen zakoten lana edo enplegia ez badüte hartü nahi, üntsa pagatürik delarik.

      Gaiza horren gañeko ez-baien azken jüje diateke Jaun Prefeta.

      Ez dütie lagüntzarik 18 ürthetarik 30 ürthe arteko gizonkiek, soldado izan behar baitie, Belgikano badie.

      3°.— Lagüntza hori züzenez, ihes jina den arrotzarena da. Bizkitartian arrotz hori atxikitzen, hazten eta bertitzen dienak lagüntza hori hünki dezake. Bena othoiztia da itzül dezen arrotzari, hortarik pharte bederen, izan dezan sakelako sos zenbait; eta bere lekhürat itzültzen deneko eskü-gain aphür bat, bizi ahal dadien han lanpidia gerthatü artian.

      Gaiza segürra da karitatia emanez egiten dela eta Üskaldünetan ihurk ez diela baliatü nahiko, arrotz horien mikoaz, bena eginen diela beretako nahi lükian berzala.