Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-03-26: Barkamenik ez

Garbiki mintzo da Eskualduna desertzioaz, alemanek sustatu ele gaiztoek erraten dute ez dela desterrua hemengo Euskal Herritik hango Euskal Herrira joatea, gerla bukatu bezain laster duela berrogeita lau urte gertatu zen moduan horientzat barkamendua izanen dela, gezurra da hori, ez da barkamendurik izanen gerla honetan bere eginbidea bete ez duenarentzat, Eskualduna-k zigorrak ditu aletzen. Austriarren gibelatzea, Italiaren jarrera, Konstantinopolis berriz ere erortzear delarik turkiarren ahultzea, kazetaren irudikoz beldurtzen hasia da Alemaniako Gilen. Bestalde euskaldunak non diren barreiatuak agertzen digu, deskantsuan dira, urtarrilaren azken egunetik ez dute indarrik egin. Erromatar soldaduen hezurrak topatu omen dituzte, duela bi mila urtekoak, pausaleku horretan gerla gehiago izan dira baina oraingoarekin deus ez. Lehiaketa bat pausatu digu Eskualduna-k aste honetan, Errusiarrek Przsemysl hiria hartu omen dute, "bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erraten duenari, hutsik gabe". Ezaguna denez, Zuberoako kronikariak ez ditu sozialistak maite.

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, marxoaren 17an

     Gaitzeko borrokaldiak Argon-en eta Champañe-n; orotan guk gaina, Reims-eko eliza katredale puskatuari bethi aiher etsaiaren herra; bi bonba handik hunkitzen dute oraino, eta gehixago andeatzen.

      Ordainez, Colmar, aleman hiriko kasernak gain bebera bonbez hatzemaiten ditu gure airekoetarik batek.

      Gu ez gira, etsaia bezala, elizen suntsitzerat ari, ez eta eritegien; ez ere haurren eta emazten hiltzerat.

      Soldadoak ditugu hiltzen guk, gerlan gerlako legeak nahi duen bezala.

      Bi itsas-untzi oraino ere itho daizko alemanak anglesari. Eztugu zeren izi. Zerak du hori egiten: alemanak bere untziak zokoetan gordeka baiterabiltza erdi alfer; anglesak galtzeko hanitz baduelakotz, nola nahi non nahi baititu bereak irriskatzen.

 

Ortzegun, 18an

     Bethi garhaituak, bethi oldarrak berri Alemanek gure kontra hainbertze aldiz hemen aiphatu tokietan; uliak bezala hiltzen zaizkotelarik gizonak, aitzina bethi. Gure soldadoez bezen axola guti dutela berenez, erran zinezakete; batzu hil arau, ordainak bota burrustan.

      Aseko zaizte bazterrak azkenean, segur.

      Calais gure itsas-leihor hiriari zaizko ari bombe botatzen; ba eta gu heien Conflans hiriko garari.

      Untzi bat oraino ere funditzen diote anglesari. Beharrik baitu hunek orotako untzi andana gaitza.

      Huntarik beretik ageri da zer indarraren jabe giren itsasoz, anglesari esker, gu hunekin bat. Dardanelles ur-arteka hertsi luze hartan, hoin berriki galduak ditugularik hiru untzi, bat gurea, bertze biak anglesarenak, hogoi kilometre ur-hegi badauzkagu geroztik hunat arront garbituak, gure.

 

Ortzirale, 19an

     Berria segurtatzen da, frantses untzi bat eta bi angles Dardanelles itsas arteka gaixto hartan etsaiak jauz-arazi dauzkulakoa; bainan hainbertze eta gehiago egin diogu etsaiari guk, arteka delakoaren zaintzeko eginak ziren harrasi, etxe, tresneria batzu xehakatuz kanoi ukhaldika.

      Han sartzea gosta behar zauku, bainan sarthuko gira, gostaia gosta; ja gure untziak aitzinatuak dire han harat, anglesarekin bat egiten dutela.

      Bertze burutik heldu zaizkote, hirugarren untzi andana, rusoena hiruek elgarrekin bat egiteko.

      Ja hurbilduak dire; junt eginez geroz, gaina dukete, zonbeit untzi oraino galdu behar balituzte ere.

      Halakorik gabe hel uste dute; eta handik harat, turkoarenak egin du. Beso bat galdua duke alemanak.

      Rusoak, beren aldetik gero-ta gutiago daude alfer.

 

Larunbat, 20an

     Dardanelles delako ur-arteka hertsi luze hartan hasi lana, han gaindi heltzeko Turkoen hiri nausi Constantinople-ra zonbeit untzi eta itsas-gizon behar zaiku gosta, guri eta gure lagun angleseri eta rusoeri.

      Gostaia gosta, toki hartaz jabetsekotan gira.

      Italia bethi bihar da gure alde jarri gogo. Berak ikus. Laguntza gehiago eta hobe ginukela erran gabe doa, eta lasterrago ginukela fini gerla itsusi hau.

      Bainan hilabethe zonbeit gora behera, bagira oraidanik aski lagun.

 

Igande, 21 ean

     Etsaia bethi elizeri da gehienik aiher, Soissons hiriko katredalea Reims-ekoaren iduriko ari dute frinditzen. Egun, apur bat andeatu dute. Gezurra diote hango dorrearen gainetik zaudela gureak urrunera barrandan; hartakotz dutela tirokatu.

      Parisek ere ukan du etsaiaren hunkikoa. Barda, oren bat irian, hiru aireko tresna zeppelin direlako hetarik ibili dire ilhunpeka. Bombe batzu bota dituzte; kalte guti egin. Hiriko argi gehienak hilak zituzten Paristarrek.

      Deus ez; haurren izitzeko hemen, eta beren Alemanian zozoen mintzarazteko, ... brrrr! ... indar handitan direla oraino. Harrabots beharrietarat, eta begietarat erhauts aski balitz ba.

 

Astelehen, 22an

     Beldurtzen hasia omen da Guillaume, Otrixiak ezin ihardukiz baketu nahiko duela Rusiarekin; Italiari ere beharko diola lur pozi bat eman, auzoko xakur gaixtoari artho axal bat emaiten den bezala, ez ausikitzeko.

      Constantinople Turkoen hiri nausia ere gal beldur da omen Guillaume. Nonbeitik ere bertzendako beldur; beretzat ez oraino. Bego denbora jitera; bertze beldurrik lothuko zaio ixter zainetan gure gizonari.

      Oraino ere untzi bat uzkail-arazi diote anglesari alemanek. Anhartean frantses eta angles untziak ehunka dabiltza gizon eta puskateria karrean bazter guzietarik gerla tokirat.

      Calais hiria ere begietan dute. Igande goizaldean gauerditik laster Zeppelin bat ibili da hiri haren gainean.

      Bere onetan zalhu ihes egin du.

 

Asteart 23an

     Przsemysl deithu hiri bat (bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erranen duenari, hutsik gabe), bortz hilabethe huntan rusoek inguraturik zaukatena, erori da azkenean heien eskuetara, barneko gizon eta tresneria guziekin.

      Ehun mila gizon, aleman eta otrixiano, preso hartu dituzte Rusoek. Diote hiri haren inguruan, hura hartu nahiz, baitzituzten Rusoek 150 mila soldado, hek oro bertzalde, hango lana eginik, non nahi baliatzeko on dituztela, ondoko egun hautan.

      Gerla luze, oh! zoin luze doan, oro zinkurina diren batzuek begi atxik balezate, eta beharri... ongi ala gaizki doan, holako batzueri ohartuz artetan, balauzke ixilxago.

      Garbiki, erran zinezake badirela gutartean berri on baino berri txar goseago direnak. Gu ez. Bakotxak bere gostu.

 

 

 

Hau berex

 

     Egunkazko berri-en ondotik, hau berex. Nere egoitzara biltzen den belgikano langile on bati ethorri zaizko egun goizean bere etxekoen berriak.

      Hogoi-ta hamabi mila arima dauzkan hiri batekoa da, gerla ari den tokitik hurbil; kanoi azantza noiz nahi ageri: obuzak erortzen ere noiztenka, bainan ez lurrez luz; airez dabiltzan tresna hetarik omen, gain behera; leihorrezkoen helmenetik urrunxago baitire omen.

      Airekotarik hamar botatu diozkate omen alemanak iragan aste ondarrean; hameka presuna hil; bi soldado: bat frantsesa, bertzea anglesa, eta bederatzi zibil, gizon ela emazte.

      Nola den erraiteko baizik ezta, sutik hurbil dituela etxekoak ene gizonak, obuzetarik bat lehen auzoaren athe alhazean zeienaz geroz erori, eta diotenez: heien karrikan, burutik buru, berina bat eztela gelditu osorik; oro xirxikatu direla.

      Han gaindiko berri badakite beraz, nehork jakitekotz, xuxen.

      Arren, diote gaztiatzen: eztela han ezten soldadotzerik, frantses eta angles Beljika ondar poxiñoaren zaintzerat ethorriak, eta egun guziez heldu; behin zain, sarrixago lehenbailehen herrialde guziaren huts-arazte, alemaneria guzia, gibelaldea sutan igortzeko han harat urrun, debruak depamala.

      Diote igortzen, xoragarri dela, zonbat angles den han gaindi surat joaki; egun guziez, eta zer tresneria ikaragarriekin.

      Hau bereziki berri ona, ja frantses kazetetan irakurtu dukezuena, bainan handik hunat xuxen jin letra batean finkaturik ikusteak niri bezenbat atsegin egiten badautzue, zuen begiek hemen poxolu aurkituko, ahal ez dutena, balinba: berri berritan hamar mila anglesen kontra gaitzeko oldarrean botatu dituztela alemanek berrogoi mila beren soldadoetarik: eta zehe bat lurrez jabetu gabe, uko egin behar ukan dutela, lurrean utzirik, hil eta kolpatu, hogoi-ta, bortz mila gizon. 

 

 

 

EZ UKO EGIN

 

     Alaman hainiz bide da gure auzoan, mendiez bertze aldeko Eskual herrietan. Hoiek dituzte asaldatzen gure aneiak Frantziari buruz; hoiek dire aspaldian lanean ari, nahiz eta hemengo gure gizonek uko egin dezoten soldadogo beren eginbideeri.

      Zer ez dute egiten hortako? Zenbat lausengu eta gezur, gure gizon hoik, Espainiako alderat joan-arazi beharrez! Erraiten diote ez dela desterru bat heientzat hemengo Eskual-herritik hango Eskual-herrirat joaitea.

      Berdin beren et hetik kanpo egoite horrek ez dezakela luzaz iraun: gerla bururatu bezen laster, izanen baita holakoentzat barkamendu oso bat.

      Nik bezala zuek ere, entzun edo irakurtu ditutzue holatsuko solasak.

      Hurbileko Alaman hoik zaizkigu hola mintzo; eta aitortu behar dugu badirela sinhetsi dituztenak eta, soldadagoari uko eginez, betikotz uste gabean beren etxeari eta sor herriari, uko egin diotenak.

      Huna zer dion gezur hoitaz Legrand, Bordeleko jeneral nausiak:

      «Beren eginbidearen bethetzeaz axola guti duteneri, nahi diotegu bederen erran, solas eta agintza hoik guziak gezurrezkoak direla.

      »Jakin dezatela ongi hauxe: orai bezala gero ere, ez dela barkamendurik izanen, beren eginbidea, gerla huntan, bethe ez dutenentzat.

      »Beren hutsaz duketen ahalgearen eta bihotzminaren gainerat, huna soldadoen lege bereziak emaiten dioten kaztigua:

 

Artikulu 230a

     Gerla denboran soldadogoari ihes egiten dionarentzat, bi eta bortz urthe arterainoko presondegia.

 

Artikulu 232a

     Gerla denboran soldadogoa uzten duenarentzat, herritik kanpo joan gabe, bi eta bortz urthe arterainoko galerak.

 

Artikulu 234a

     Gerla denboran soldadogoa uzten duenarentzat, herritik kanpo doalarik, bortz eta hamar urthe arterainoko galerak».

 

      Horra beraz zer jakin-arazten daukun Legrand, Bordeleko jeneral nausiak. Badirela kaztigu hoek, guziek sinhesten dute. Bainan hainitzek sinhetsi nahi ez dutena, hau da: ez dela barkamendurik izanen beren soldadogoari uko egin dutenentzat.

      Zenbaten ahotik ez dut neronek entzun, barkamendu hori izanen dela gerla ondoan laster! Hola gertatu baitzen azkeneko gerlaren ondotik, orai duela berrogoi-ta lau urthe, uste dute hunen ondotik ere hola gertatuko dela.

      Alamanek dazkigute egortzen holako berriak, eta badire aski zozoak hoien gogotik sinhesteko. Bordeleko jeneralak erraiten dauku goraki ez dela hola izanen, eta kanore guziak horren erranaren arabera dire. Eta zertako bada?

      Zeren, oraiko gerlan, lehenagokoan baino hainitzez gutiago baitire beren eginbideari uko egin diotenak. Lehenago errana dautzuet, aitzindariek uste zuten baino bainitzez gutiago direla ere.

      Ez dute beraz eskas handia eginen herrian, eta utziko dituzte berek gerla denboran hautatu duten herriko bilakatzerat.

      Bainan ez da hori bakarrik. Ikusazue, bakotxak zuen herrian, hainbertze joanak direlarik etsaiari buruz surat eta haintz pairatzen dutelarik hango erreketan, zer erran lezaketen hoiek, gero gerla ondoan, berak bezala eta bezenbat herrian ikusteaz, guduko tokietan bermatzeko orde, deskantsuki Espainian egon diren batzu.

      Hori ezin jasana liteke; eta holakorik gertatzen baliz zer, asaldurak litezken bazterretan!

      Bordeleko jeneral-nausiak erraiten dauku ez dela holakorik gertaturen. Beraz nehork ez dezala utz bere burua enganatzerat Alamanen hitz ederrez.

 

 

 

Gerlarien berri

 

     Berantxe ukhanak, joan den astean emaiteko gerlatik jin lerroño hauk, igortzale beraren ganik ja baikinuen ere agerturik aldi baten doi ja, doazila hauk egun:

 

      Adixkidea,

      Eskualdun-ean irakurturik zer gogoaren jabe den bizi gure kazeta maiterat gerlako berri heltzale jarraikienik duzulakoa, zoin guti den etsaien beldur eta lanari lotsa, gutizia jin zaut, behar nuela berriz ere hura dagon tokirainoko bat egin: ea zer zion; zer ari zen.

      Hanxe bazkaldu gira elgarrekin; gerlan gerlako gisa, ba, nahi baduzu, bainan goseak pizten dautzu barnea, hortzetarik ezin utzizko gostu bat emaiten diola janik hilenari.

      Erran behar da, deusen eskasik ez ginuela.

      Omore on eta elhasturi araberako.

      Bazkaldu-ta gibelerako bideari lotzerakoan, besotik hartzen nu, ez nadin xuti. Egundainokoa baitugu eskualdunek, bazkaltiarrak bethi goizegi joaki: «Zer duzu presarik, gizona? Oraino joanen zira».

      Zoko batetarik atheratzen daut karta pare bat, berri berria, Eskualdun-ari esker, adixkide batek igorria.

      Jo musean, buruz buru. Partidaño bat bakarrik, arizan girelako doi.

      Gezurrez nausi dut, biligarroa; behartu ere baitzaio, zuen joko hitsaren gatik.

      Bethi nolazpeit pinta irabazi daut. Erdi trufaz, kontsolatzeko, zauzkidala uzten erranik, kartak eman dauzkit; bertze pare bat bazituela oraino; ni bezalako lehen tunanteari eskaintzeko, azkenak bere atxikiz.

      Erran gabe doa, Eskualdun-az mintzatu girela, maite baitugu biek itsutuki.

      Musean baino segurago nuke galtzea, zuri zoinek berri gehiago igor has baginite.

      Nere ahalaz baizik eztezazuket on egin; hartaz ba ordean guziaz.

      Mementoan, ez ginuke hanbat zer igor: hein bertsuan gaudela bethi. Hola goazke, aro hau norapeit finkatu arte.

      Ari da onerat, emeki emeki, hegalak kerrestatuz artetan, bainan astetik astera xukoago luzara; zeru zola garbiago.

      Primadera hau barne, zinkako bat gaitzaren egiteari gaude.

      Ez gira lotsa. Etsaia, hura, hasia dela lotsatzen, ageri da gero eta hobeki. Egun hautan, lagunetarik ihesi, jin zauzku zonbeit, preso har ginintzan othoizka.

      Gose hamikatuak, zikinak, oro zorri. Araberako balinbadire bertzeak, ez dezakete luzaz iraun.

      Gaude, nola luketen gure oldar handi, ondoko egunetakoari iharduk ahalko?

      Uste ez dugunik ez dakigula gertha!

ZERBITZARI

 

 

 

Andurako berri heltzalearen ganik.

 

Dezagun iraun

 

     Gerlaren hastean bezala, irauteaz da bethi solasa gutartean. Partida gure dugula jakinez geroz batzuek nahi lukete jokatu lasterka. Gerla hau ez da halako.

      Haste hastetik erran zuten gizon zuhurrek luze joanen zela. Ez ziteken bertzela bi aldetarik hoinbertze gizon eta tresna baitziren bildurik.

      Zonbat iraunen duen oraino ez du balio galdatzea: parioa libro. Hiru, lau hilabethe oraino iraunen zuela erranik, ene herritar gazte bat harritu dut egun hautan.

      Bizkitartean bertze hainitzek atsegin lukete hoin ephe laburraren segurtamena norbeitek eman balezote.

      Gauza bat da segura: garhaituko dugula, eta oraidanik gaina dugula.

      Gaineratikorik nehork ez daki: oren hura oraino Jainkoak gorderik dauka, erakusteko guziak bere dituela.

      Gure alde dohazi oraiko goiti beheiti guziak: gauden beraz deskantsuan, gure soldadoak lagunduz gure othoitzez.

      Alamanek ez dute gehiago esperantza bat baizik. Frantsesak ez duela iraunen. Egun hautan hartu ditugun soldado batzuek erran dute holako zerbeiten beha daudela egunetik egunerat: baizik eta zamek azkenean, huts eginen daukutela, kraskatuko girela, arima eta gorphutz, ez girelakotz, hek bezala jitez iraunkor, gogor, jasankor.

      Sinhets bezate, sinhets, kasko bero girela, jauzkor bezen aldakor: azken sinheste hori, bertze hainitz bezala laster galduko dute, ez badute jada galdua.

 

 Aintzina

     Gerla harrabotsak heldu zaizkigu bizpahiru tokitarik.

      Iragan astean erran bezala, Reims hiritik eskuin gudu borthitzak izan dire: mendixka lerro bat eskuratu dugu, geroxago oldarraren hartzeko toki hautak. Urruntxago, mendi kasko bat hartu dugu, ontsa gostarik bizpahiru ibarren juntan: abantail handia, hau ere, biharko guduen lotzeko.

      Belgika aldean ere lothuak dire, elgarren kitzikan: Alamanek han ere gibelerat egin dute, nahiz ez den oraino gudu handirik gerthatu lurra oraino hilegi delakotz.

 

 Deskantsua

     Gure tokian da deskantsu handiena lerroen erditsuan.

      Eskualdun gehienak han dire. Badakizue engoitik nun diren bertzeak.

      Zaharrenak iphar aldean, Arras hiritik goraxago. Lehen lerroetarik gibelerat joan beharrak dire.

      Beherago, Reims eta Soissons hirien artean, bertze andana handi bat, zahar eta gazte, orotarik.

      Armada horrek egin du Belgika-ko itzulia, eta gero hor kokatua da, bitoria handi baten ondotik, buruilaren erditsutan.

      Bertze Eskualdun zonbeit badire Lorraine-ko eskualdean: bertze zonbeit ere Alsace-ko mendietan.

      Erditsuan diren armadez erran dut deskantsuko tokian daudela.

      Gure eskuinean dire oraiko gudu handiak. Guk ez dugu den gutieneko indarrik egin, ez jasan ere, urtharrilaren azken egunetarik hunat.

      Aspaldian bakea dugu. Dela aireplan, dela tiro dela kanoi, dela tropen mobime du, gero-ta eztiago daude hemengo bazterrak. Ezin sinhetsia da, primaderari buruz nola ez dugun gehiagoko zalapartarik.

      Kolpaturik ez da gehiago batere kasik. Lehen aldikotz ikusi dut erreximendu bat erreketarik pausurat jiten, gizon bat galdu gabe, ez hil, ez kolpatu.

      Ospitaleak hutsak ditugu. Kolpatu hainitz igorri dute Frantzia gain hortarat, azken egun hautan; bainan ez hemendik. Ez da hemen igortzekorik.

      Egun osoak iragaiten dire, kanoiak ixilik daudelarik. Gauaz ere tiro gutiago. Ilhuntze hautarik batez igan niz gain batetarat, goraxago aiphatu bi hirien artean, biderditan.

      Erreketako tiroak eta oro entzuten dire handik, arras klarki. Bertzalde bista xoragarria da bi aldetarat, biziki urrun, bi hiri heien inguruetaraino.

      Urruneko harrabotsak ageri ziren, karroen karranka bide handietan, gauaz baitabiltza erreken ondoan. Bertze deus azantzarik etzen: tiro bat noiztenka, azote kolpe bat iduri.

      Biharamunean kanoiek egin zuten orro puska bat, bi orenez.

      Funtsezkorik deus, deus, deus.

      Hobe segur guretzat, bertzeak har diten lanean. Hainitzen ustea da gure aintzinean Alamanek indar guti dutela: bainan jadanik biziki gora joanak girelakotz, eskuineko armadak baino gorago, diote bertze nunbeit eginen dela indar handiena, jadanik hasi tokian.

      Ikusiko.

 

 Zaharrak gibelerat

     Zahar andana bat igorri dute gibelerat, lau hilabethe erreketan atxikirik.

      Bazen orduan heien beharra, hinka txarrean baikinen oraino hazilean.

      Alegera ziren nik ikusi ditudan Eskualdunak treinaren hartzerat zohazila.

      Hainitzek oraino soinean zaukaten Bihotz Sakratuaren itxura, partitzean ukanik beren kapoteari josia.

      «Ez gero utz hori erortzerat, etxerat heldu artio! — Ez ukhan beldurrik! Atxikiko dugu»!

 

 Beskoitzeko karrosa

     Ez dakit gaizki irakurtu dudan ala zer, bainan erran behar dautzuet zer dudan ikusi berria.

      Bide batean, karrosa lerro bat, molde guzietakoak, zaldi maltso batzuek zeramaztenak, erdi lo.

      Zer da gero? Holako bat ikusten ahal da. Bai segur, bainan karrosa hetarik batek bazuen izkribatua bizkarrean: Briscous.

      Erranen duzue nahi duzuena; bainan Frantzia ipharrean holako baten ikustea aski da bihotzean pil-pil eginarazteko, Eskualdun bati.

      Menturaz bada bertze Briscous bat nunbeit; izan bedi nahi badu. Ni gureaz orhoitu niz.

 

 Erromanoen hezurrak

     Erreka zilhoen egitean, haintzurrez jo ditugu ur hegi batean soldado erromano batzuen gorphutzak.

      Gudu bat gerthatu zen hemen berean, duela bi mila urthe. Erromanoen eta Alamanen artean. Beren harmak berekin ehortziak zituzten soldadoek.

      Geroztik ere izan dire gudu handiak hemen gaindi; oraikoen aldean deus ez.

      Martxoaren 21an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Eskual-Herri

 

 BAIONA

     Eskuldun frango bada Alemanian. Hemendik harat ahal bezenbat berri igortzen diotegu, ahal bezen maiz; karta batzu baitira soldadoentzat bereziki eginak, gerla denborako, ezkina batean, urdin-xuri-gorri, bandera multxo batzu dauzkatela, ez igor halako kartarik Alemaniarat. Ez dituzte han onhartzen; ez helarazten presonerer.

 

 MIARRITZE

     Aspaldixkoan bazabilan hemen, ederki bezti, ederkiago mintzo, guzier agurka, soldado gazte artillur bat. Etxerik hoberenetan, etxekoa izan balitz bezala sarthua zen, eta jarria non nahi.

      Eskola handienetarik jalia zela zion berak eta gerlako minixtroaren baimenarekin zagola Miarritzen, lan bat bururatu beharrez.

      Airetako tresna hoitarik bat zuen gogoratua; tresna bat izigarria, eta horren egiterat baitezpada heldu nahia zen lehenbailehen; minixtroaren paperak eta gaineratikoak oro berekin xuxen zauzkan, berme.

      Nola daukute beraz polizako, jaun hoiek bildu itzalerat gure artillura? Debruz eginikako tresna tzar bat baizik ez omen da bera bere paperekin eta guziekin.

 

 DONIBANE LOHIZUNE

     Ixtudiant apez-gei hoberenetarik bat Manterola Donibandarra, hil da gerlan, bere aneia soldado lagunaren eskuetan.

      Bala batek sabelean kolpatu eta barnerat odol hustu omen da.

      Xehetasun gehiagokorik eztugu.

 

 HENDAIA

     Joan den asteko Eskualdun-ean irakurtu dukezue nola Hendaia-ko garan bahitu zuten españolsa bat alemanen alde lanean ari zena. Geroztik aleman gizon bat dute hatzeman toki berean. Jauntto horrek, jakinik etzela bera hel ahalko hunaraino, frantses baten eskuz zituen letrak eta paperak hedatzen Frantziarat.

      Bereak entzun baditu ere, ez du larderia bat baizik ukan delako frantsesak. Ez omen zen gogo gaixtoz ari. Alemana Baiona-ko presondegian gakatu dute.

 

 LASA

     Herri huntako errient gaztea gerlan hil da marxoaren 15ean.

      Souraide-ko jaun errientaren semea zen.

      Andera bi haur ttipirekin uzten du.

 

 DONAPALEU

     Achiary familiatik badire bi seme soldado. Zaharrena egon da lau ilhabethe preso Alemanian, etxekoeri ezin izkiriatuz. Aboztuaren hogoi-ta bortzetik hunat, Arnaud gaztearen berririk gabe zauden burhasoak, etsituak, noiz eta ere, joan den larunbatean, jakin baitute Parise-ko Croix-Rouge hartarik bigarren semea ere preso dutela han nonbeit, Alemanek beretu eskualde batean.

 

 

 

Ziberoan

 

 SOLDADO BATEN LETERA

     Ene etxenko maitiak, Goiz huntan komendantak erran deikü gaür behar dügüla bürhata bat gaitza eman etsaiari. Bi herroka horik igorten deitziet, zer hel ere, adiuen egiteko.

      Alemaner bürüz abiatziak enai lotsatzen, eniz segür gibel egonen. Biba Frantzia! Axut Alemana! Behar düt oraikuan bizia galdü edo medailla irabazi.

      Eta aitzindari igaran banendi, nurk ezagüt nindiro herrian ene ürhe galueki?

      Besterik gerthatzen bada, erorten baniz, eginen dütüzie enetako othoitziak Ama birjina hunari; errozie ere othoitzekin uhurezki hil nizala Frantzia, ene herri maitiarentako.

      Besarkatzen zütiet, ene etxenko maitiak; besarkatzen düt ere ziek nik bezain untsa ezagützen düzien hura; haren eretzian ere fier izanen niz, ützültzen baniz seküla herrialat, Frantziaren bermatzeko egin dükedan soldado zerbütxiaz.

 

 ZOZIALIZTAK

     Frantzes bihotzaren zaürtzia da edo zoin gora beheraren aiphatzia; eta haatik ixilik ezin üzten ahal dena da Frantzia, bere indarrak oro bildürik, Aleman barbaro beltzari bürüz den thenorian, badirela Alemana beno sordeis diren süge gorri batzü bürien agertü nahiz dagotzanak.

      Lotsak hartürik dira Goberniaren gañen zütien eskiak galdüren dütiela gerla hunen ondorioz.

      Hurak dira zozializtak.

      Uste dürie zozializtak arraünküra direla zunbat gizon gaztek, zunbat aita familiakok, zunbat Frantzes odolez egiazkok egarten dütien gerlako ezinbestiak, ixurten dien beren odola eta emaiten beren bizia Frantziaren xüti etxekitekotan, etsaiaren zankhopetara herriaren ez erortera üzteko?

      Zozializten bethiko xedia da. Gü Gobernüko nausi; gü gehien; gü manhazale; gü ororen erabiltzale. Erraiten ahal lükeie aitzina.

      Gü Frantziaren ohasle, langiliari erets eraziz elherik astuenak gü huntarzün metazale, miliuen biltzale, laborariari erranez eta suihets eraziz Frantzesek orok bardin izan behar diela; gü artzain eta bestiak aharsaldo, orotan heda eraziz hura dela izate gozuena.

      Zer otsuak Frantziarentako zozializtak eta haiek zokho orotan dütien mithil handi eta txipuak!