Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-03-19: Osoki garaitu eta gero

Eskualduna-k zuhurtzia eta harrotasun anoak neurri bertsuan ditu banatzen. Gerla noiz  finituko den galderari erantzuten ahalegintzen da. Alemania galtzez da nagusi, bideak idortuko dira eta aliatuak Alemaniara mugituko dira, Konstantinopolis erortzear da eta eskualde hartako herri txipiak harrituko dituzte aliatuek elez  eta ekintzez. Ez omen dute Japonia, Italia, Errumania, Greziaren beharrik, alde jartzen badira hobe, fite egin dezatela hautua, bihar berantegi izan liteke. Gisa berean zuhurtzia ageri da Eskualduna-ren kroniketan, etsaiaren ahalak, ahal guztiak finituko direnean finituko da gerla, zuhurtziak irabaziko du gerla, erokeriak gal lezake. Haurride saldoa gerlan dituenarendako kontsolamendu eskasa.

 

 

BERRI ONAK

 

     Gerla berri onak ditugu.— Nondik eta nolaz? — Hein bat orotarik, leihor eta itsaso; angles eta ruso eta frantses, elgarren hiru lagun erresuma handiak, eskuz-esku, gero-ta ederkiago elgar adituz, lagunduz elgar gero-ta azkarkiago, etsaiaren garhaitzera goazila osoki; lagun ttipiak ere, beljikano eta serbianoak eztaudela ukho, ez alfer; beren ahal guziaz badihardukotela gurekin heiek ere.

      Bazterretik daudenak ere, azkarrenaren alde jartzeko padara on baten goait egoki gero-ta aldeago, ditugula. Hetarik zonbeit, hala nola Italia, laguntza beharrik gehiago ez dugunean zauzkun othe gutaratuko, gaude.

      Anhartean, Frantziak dauka ororen arabera, anglesek berek diotenaz, lehen esku-gaina; egundaino ez omen baita soldado frantsesa, bana bertze, hoin gora igan kuraiaz, oldarrez, hatsez, zailtasunez; hotz eta busti, eritasun eta kolpe, guzien jasaiteko iraunkorrago.

      Hoik oro hola, oro alferretan balire, eta ororen buruan galtzera baginoazi, arte huntako berri on guziek zer lukete balio? Deus guti.

      Irabaztekotan girelako itxurak baitire ordean eta solasak, eta egintzak alde orotarik.

      Ikusten zaituztet, adixkideak, hau irakurtzearekin, elgarri behaka; galdeka guziak aho bero huni: «Ba, ba,... bainan noiz da finituko gerla? Bakea eginen, noiz? Hura litake, hura egiazko berri ona; berri guzietarik hoberena; funtsera eta, bakarrik ona, non etzaukun berantegi heldu, bakearen berria.— Zer bake den heldu, eta nolako. Bake ahul, errorik ez iraupenik gabeko batek deus guti lukela balio, emazue othoi buruari, eta han azkarki sarthurik atxik, ezinbertze hunek dirauno.

      Anhartean, jo muthurrean etsaia, eho arte; dugun guk eta gure haurrek behingo bakea.

      Ehun urtheren bakea ez litake sobera, huntarik lekhora. Berriz haste ukaitekotz hogoi edo hamar bat urtheren buruan; balitz ere, oraiko hau dugun bezala, berrogoi-ta lauen buruan, alferretan litazke Frantziarentzat eta hunen lagun erresuma guzientzat orai artinoko indar, odol ixurtze, zorigaitz eta bihotzmin guziak.

      Egun guzietako solasa baitugu, eztela egundaino nehon izan, munduaren hastapenetik hunat, holako gerlarik, behar dugu onhartu, hau, ja huntaraz geroz, eta bermatu, ez dadin, gutarik doan bezenbatean, holakorik izan gehiago sekulan.

      Ehortzi behar luke oraikotik bethikotz, ahal balitz, gerlak; edo bederen behin eta behinkotz.

      Nola hel hortara? Bertze biderik ezta, gerlakin tzar nehon eztauzkeneri errainak haustea baizik.

      Ordu arte inutil eta erdi litake bakerik aiphatzea.

 

* * *

 

     Eta holetan beraz berri onak?—, Baietz, gizona. Irakur-zkitzue, solasaldi huntarik segidan hor, Berriak egunka; ea ez direnetz, bana bertze, onak, geroago eta hobeak?...

      Irakur gero aitzina lerroan, irakur bereziki artharekin, ez ithoka, presan; irakur aizinaz, arraposki, jakituz, Gerlarien Berriak; aste guziez hain xuxen, hain xeheki, hain eskuara garbiz, gure berrikari biphil, jarraikiak igortzen dauzkunak.

      Hain xuxen egun hautan itzaltzekotan izanik zonbeit asterentzat, ustez eta etzen haizuko izkiriatzerat, egundaino bezen atzar dugu eta erne. Lanari ez lotsa, gure laguntzeko eta Eskualdun-aren irakurtzalen argitzeko.

      Azken bizpihiru aste hautan bezen ongi hatzemanak gatz biperretan othe daukun behinere berririk igorri, gaude.

      Zer ihizia! Bekhatu zen hau soldadoeri gerlarat ez jarraikitzeko.

      Hunat guri hoinbertze berri, hoin bihotz altxagarriren heltzalea ez ahal baitago han ere, gerla tokian, lo.

      Badugu holakoen beharra; are beharrago Gaineko Haren. Hel bekigu bururairo. Egun hautako berri onen araberako doazkigula hemendik haratekoak, bitoria osoa irabazi arte.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, marxoaren 10ean

     Leihorrez ala itsasoz, azkarki deramagu gerla.

      Angles armada gure artilleriak laguntzen duela, nausitzen zaio etsaiari la Lys uraren eta la Bassée kanalaren artean.

      Champañen aitzinatuz goazi.

      Itsasoan hiru untzi angles urerat uzkailtzen ditu etsaiak; ordainez susmarins direlakoetarik bat suntsitzen diote berari anglesek.

      Rusoen untziek zafratzen dituzte Itsas Beltzeko bazterrak. Bana bertze gure etsaia nausi... galtzez.

 

Ortzegun, 11an

     Champañen bethi guk gaina.

      Beljikan, angles untziak ur hegiz azkar; etsaia biribil.

      Turkoek beren hiri nausia Constantinople, baitezpada beiratu nahiz eztakite zer egin. Ez dute iharduk ahalko.

      Polonia iphar aldean alemanek zazpi ahalak eginik, eztezakete nehorat aitzina.

 

Ortzirale, 12an

     Anglesek Neuve-Chapelle deithu tokian, guk Champañen arroil-erreka berri batzu kentzen diozkagu etsaiari.

      Bi soldado aitzindari, Maunoury eta de Villaret, bi frantses jeneral kolpatuak ditugu; bala beraz omen biak.

      Maunouzry delakoari begi bat ereman dio tiroak eta matrail hezur bat hautsi.

      Bertzeak buruan du kolpea.

      Guillaume Enperadoreak bere jeneraletarik hiru gabetzen ditu beren karguaz, baizik eta ez diotela etsaiari behar bezala ihardoki.

      Otrixia-Hongrian gosetea.

 

Larunbat, 13an

     Beljikanoek Yser uraren hegian hartzen dute gain pozi bat; bezperan hartua ere ba finkatzen.

      Anglesek bide batzu beretzen dituzte, hala nola rue d'Enfer deithu bat.

      Milako bat gizon preso hartzen ere ba.

      Alemaneri hartu diotegu mitraillus andana bat. Aitzinekoen gainera, 150 presuner.

 

Igande, 14an

     Orotan azkartuz goazi.

      Beljikano eta angles, elgar lagunduz, nausitu zaizkote alemaneri. Hameka ehun presuner.

      Hiru egunez etsaiak hamar mila gizon galdu dituela daukate. Hil hanitz.

      Deus onik ezinezno errabian, soldadorik gabeko hirier dire aiher.

      Rusoek urhats bat ez dute gehiago alfer egiten. Zer nahi aleman preso hartzen; hiltzen hanitz; tokirik hoberenez jabetzen.

      Itsas-untzi zonbeit bethi jauz-arazten ditu etsaiak, bainan hek gehiago ditu azken konduen egunean izanen pagatzeko.

      Turkoak behera dire biziki.

      Guillaumek Otrixiako Enperadoreari bakerik ez dio, lur pozi bat eman dezon Italiari, balakatzeko. Beretik haino nahaigo eman bertzerenetik. Makhur dire hortaz.

 

Astelehen, 15ean

     Anglesek Beljikan etsaiari utzi behar ukan diote lur pozi bat, indar handitan jazarri zaioletakotz; bainan gero berriz huts-arazi diote parte bat.

      Argon-en guri zaizku oldartu itsuski; bainan hartua dugu ez ukho egitea; ez izitza etsai marroaren koskaldiek. Haren ara orok hartzearekin, debruen lanetan izanen da, oraikoaren gainera.

 

Asteart, 16ean

     Turkoek etsituxea dute beren hiri nausia Constantinople begiratzeaz.

      Serbianoak ez dire uko egitekotan.

      Kilchener angles gerlako ministroak deputatueu bilkuran oihu egin du itsasoan hasi gudu handitik berri onak dituela, bereziki Turkoen hiri nausirat buruz doazin untzien berriak.

      Italiatik bi aleman kazetari tzar, gezurti nahasi fuera kanpo igorri dituzte.

      Beharrik ez baikira gureaz ezin eginezko heinean, ditugun lagun onekin.

      Zor gutiago egin eta gutiago dukegu sarri pagatzeko.

 

 

 

Gerlarien berri

 

Martxoaren 8an

     Adixkidea,

      Aspaldiko partez bi lerro. Ez da bethi errex toki hautan, eta gure ofizioan, itxtant baten hatzemaitea, izkribatzeko.

      Barka beraz.

      Iragan larunbatean, itzuli bat egin dut inguruko hiri batetarat, eta han kausitu gure adixkide J.S.P., Eskualdunaren berriketari ona.

      Ezagun du ez dela oraino bere buruaz etsitua. Ederrik dago. Zokoz zoko zabilan Eskualdunarentzat zerbeit kausitu nahiz. Geroak erakutsiko, ean zer egin duen. Sudur xorrotxa du.

      Aroa hala-hulakoa dugu: ez hain txarra, bainan ez ederrenetarik ere. Lohi hanitz bazterretan, Bideak idortu arte, ez gare naski hemendik mugituko.

      Zer nahi artilleria badugu. Bainan debaldetan gintuzke munduko kanoi guziak, holako bideekin partitu behar baginu.

      Denbora edertzearekin haatik zer tarrapatak! Hemendik Alernaniarat jauzi batez joanen dire Frantsesak, etsaien ondotik, hatsa hartzeko astirik utzi gabe.

      Belgikatik Pariseko alderat jautsi ginelarik nahi baino lasterrago, ez baikinuen lo handirik egin, debruek ez badute, Alemanek ere ondoko egunetan beren hanka handiak zalu erabili beharko dituzte.

      Harritzeko da egun hautan zer bakea uzten daukuten!

      Noizetik noizerat kanoi bunbako ikharagarri bat; egunean bizpahiru. Tiro bat ere ez. Tarbeko erreximendu batek sei egun iragan baititu «trantxetan», badakizu zenbat kolpatu izan dituen? —Bat. Hilik, batere.

      Agian ondoko egunetan, hola hola izanen da.

      Aintzindariek diote Frantsesek ez dutela beren indarra hemen eginen; bi hegaletan direla jokatuko. Zenbeiten arabera, jada hasiak dire.

      Ez dakit zer gertatuko den. Bainan dakidana da, eskualdun soldadoek beren eginbidea eginen dutela. Ah, ikusten bazintu eta entzuten! Zer gizonak!

      Funtsean, nola ditake bertzela? Fedea badute; Jainkoarekin bakean dire, heriotzeak ez ditu lotsatzen.

      Zer meza bezperak igandetan! Segur hemengo elizek ez dituzte ahantziko Eskualdun soldadoen «Jainkoaren Ama» eta «Uhalde baten pare» ederrak.

      Gehiago dena, Eskualdun soldadoeri etzaiote aski igandetan elizarat ibiltzea: astean bi bilkura badituzte arratsetan, arrosorioaren emaiteko, Sakramendu Sainduaren benedizionearekin. Ez dea eder?

      Eta bertzalde zenbat othoitz ez dute egiten? Ori, huna froga bat, gogotik kazetan ezarriko duzuna.

      Bayonako erreximendua trantxelarat abian zen; orenaren goait. Durquet baztidar apheza, bere gizonekin xoko batean zagon. Egon eta egon, orena ez heldu. Ohartzen dire betbetan oren erdi bat goizegi prestatu direla. «Zer eginen dugu, diote Durquet-ek bere laguneri?» — «Gora gora arrosorioa erranen, dio batek». Eta Durquetek galde, bertzek ihardets, arrosorioa emaiten dute. Eta gero, orena baitzen, joan ziren trantxetarat.

      Eta badakizu nork zuen galdutu arrosorioaren hola emaitea? Xikito Kanboarrak.

 

      Aski egungo, jauna.

      Sekulan Jainkoak nahi badu Alemanian itzuli bat egin dezadan nik ere Eskualdun soldadoekin, pipa bat ekarriko dautzut orhoitzapentzat.

      Egon ongi.

ZERBITZARI

 

 

 

     Huna gure berri heltzale usaiakoaren letra egun igurikitzen ez ginuena; atsegin gehiago baizik ez baitauku egin.

 

Obrak haste

 

     Martxoan hasi beharrak ginen gainaren hartzen. Orai artio atxikirik, gure aldi orai oldarraren hartzeko.

      Ea nun diren obrak?

      Obrak orotan ageri dire, lurrean eta itsasoan.

      Gudu handi bat hasia da, Reims hiritik eskuin, Argonne-ko oihanaren ezkerrean. Egun guziez aintzina goazi, nahiz Alamanek indar gaitza egiten duten, gure oldarrari ihardokiz azkarki, gizonak ekararaziz bazter guzietarik. Bainan gure artilleriak lehertzen ditu, gau eta egun ari girelakotz.

      Chalons eta Epernay hirien gaineko aldean, gure kanoien burrunbak eskualde guzia inharrosia dauka. Urhartsez urhats goazi bethi aintzina, bethi goiti, lehen lerroak gureturik.

      Eskualde hura Frantzia guziko hitsenetarik da. Lur mehe zuri bat, dena larre idor, xara txar batzuekin, bortua idurikoa.

      Han hemenka, elgarretarik urrun, zonbeit etxe bakhar; herri ttipi batzu, zilho batzuetan kukutuak. Kanoien lanak kalte guti eginen du han gaindi, lurrari eta jendeari. Etsaiak bakarrik pekatuko.

      Gu bezala, Anglesak ere, Belgika ezkinan hasiak dire. Lehen jauzian lau kilometre irabazi dituzte. Biharamunean Alamanak lothu zaizkote, galdu lurra berriz eskuratu nahiz. Bortz mila gizon utzirik bidean, joan dire gibelerat, lehertuak.

      Itsasoan Turkia-ko hiri nausirat buruz ari gira, itsaso arteka luze batean gaindi, Anglesak eta gu gure untzi azkarrenak igorririk. Laster eginen dugu junta Rusoen untziekin, eta orduan urezko eremu guziak gure ditugu, inguru guzian.

 

 Obren ondorioak

     Horra obren hastapena.

      Zer ondorio dakharkete horiek orok? Gerokoak gero utzirik, orai beretik ezagun da biharko zer abantailak dituzkegun.

      Hasteko, Champaña gaineko gudu handi horrek laster urrunduko ditu etsaiak Reims eta Verdun-eko hirietarik. Hatsa badukegu hor gaindi geroxago; bertzalde, burdin bide bat Alamanen aztaparretarik khenduko dugu, gure kanoi handien menean baitago jadanik. Burdin bide horrek emaiten zioten Alamaneri errextasun handia tresnen eta gizonen erabiltzeko zalhu.

      Jendeketa gaitza badute hor bildua, beldurrez ausikian puska eremanen diotegula. Guk hor kitzikatzen ditugun armadak hor utzi behar, nahi ala ez, eta bertze tokietarat laguntzarik ezin igor: hortan dire.

      Rusoek eta Anglesek eginen dute nahi dutena. Otsoa guk muthurretik daukagu.

      Bigarren gudua, itsasokoa. Turkiarenak laster egin du, hiri nausia guretzen dugunetik. Turkia lehertzearekin, etsai bat gutiago.

      Bainan bada hor bertze ondorio handiagorik. Rusiari bidea idekitzen diogu, itsasoz bere ogien atheratzeko, eta nahi duenaren sar arazteko, deskantsuan.

      Alamanari aldiz bidea osoki hesten, hor gaindi baitzuen oraino idekia, Asia-rat buruz. Orai artio ere jatekoa, xuxurtua baitzuen, eta hatsa laburtua, oraidanik bertzerik ikusiko du.

      Azkenekotz, eskualde hartako populu ttipiak harrituko ditugu, gure indarraren berri emanez, ez bakharrik elhez, bainan obraz.

      Orai artio beha baitzauden, nor othe zen nausituko, azkarrenaren alde jartzeko, orai ikusiko dute.

      Ja ikusia dute. Alamanek balakatuak zauzkaten oro beren gezurrez, elhe zuriz eta mehatxuz. Ez dute zeren pentsa nehor enganatuko dutela gehiago; nehor gure kontra guduan altxaraziko: gure untzietako kanoi handien orroari beharriak idekiz geroz, itsas bazterretako populuak ez ditazke jar gure kontra.

      Alde jarriko direnetz ikusiko. Funtsean ez dugu batere heien beharrik. Irringarri ginen, garbiki, bethi oihuz, oro jarriko zirela gure alde: Japonia, Italia, Errumania, Grezia, eta nik dakita nor oraino!

      Ez dugu heien beharrik! Gure alde jartzen balinbadira, berek ikustekoa dute, beren onetan. Bainan erna ditezela. Bihar berantegi liteke; partimenetan partzuer nahi balinbadire, loth orai beretik. Ez badire lotzen, gure lanetik ez dute zeren gogoan har zerbeiten milikatzea. Partzuer gutiago eta hobe guretzat!

 

 Emeki

     Gerla huntako lanaz errengura dire han hemenka, emekiegi deramatela gure aintzindariek. Ontsa dohazila, bai, aithortzen dute, obrak ezagun baitire itsuenentzat; bainan luze dela, luze.

      Hanitzen ustea zen, hasiz geroz betan kraskatuko zela; bizpahiru egunez zilhoa eginik, karraskoan Alamanian barna sartuko ginela.

      Holakoek ametsetan egiten dute gerla. Soldadoak bozkariotan direlarik ikusiz oraiko goiti beheitiak, har dezatela bederen pazientzia.

      Emeki goazila, segur, bainan bethi bagoazi. Zuhurtziak irabaziko du gerla. Erhokeriak gal lezake.

      Alamanek egiten dituzte zazpi ahalak, beren erreketan egon beharrez, bazter guziak gerizaturik, izigarriko tresneriaren jabe dira; gizonak oraino azkarki jokatzen dira, ezin bertze gorrian bakharrik amor egiten dute; galdu lurra berehala beretu beharrez bermatzen dira gisa guzietarat, gau ala egun: eta halarik ere aintzina goazi!

      Aintzina goazi, lehen lerroak direlarik gaixtoenak, lurra ez delarik oraino xuko! Zer nahuzue gehiago!

 

      Bethi aintzina!

      Bi hitz hoik gogoan barna sar-araz ditzagun. Emeki balinbada emeki, gauza segura da bethi gaina hartzen dugula egun guziez, nunbeit bederen, gibelerat ez dugula egiten urhatsik gehiago. Gibelerat egin dugunean, erran dugu lañoki, garbiki.

      Orai, den gutieneko lur puska galdu orduko, jauzian berriz hartzen dugu. Galtzea ez zauku gerthatzen gehiago.

      Horra gerla hunen gakhoa. Hortan da ezagun norat ari den.

      Pilota partida batean, denbora luzaz partida dilingo egon delarik, ados, Jinkoak beira batek gaina har dezan, bet betan, eta atxik. Bertzeari zainak ahultzen zaizko, bihotza ttipitzen: hartaraz geroz lehertua da, gero ta lasterrago.

      Holakotsu zerbeit ikusiko dugu. Gerla baten gora behera guzia armetan dago, eta gizonen bihotzetan.

      Armez ez dugu zorrik Alamaneri, hemendik goiti. Ez baduzue sinhesten, egizue itzuli bat hemen gaindi, bi beharriak idekirik.

      Kanoiak orroaz hasten direlarik, nork othe du gaina hartzen, nork irauten gehienik? Bethi guk.

      Bertzalde, gure soldadoen bihotzak ez dire egundaino hoin bero izan. Negu bihotzean ez ginuen segur holako fidantzia osoa. Orhoitzen niz aldi bat edo bertze halako lazdura bat jasanik, nik eta bertzek, Alamanek oldarrean zerbeit irabazten zutelarik.

      Orai zer othe dute sendi Alamanek? Ikusiz nahi ala ez gibelerat egin behar dutela, ez behin, bainan bethi; entsegu guziak debaldetan eginik, erreka beheiti abiatuak direla!

      Gerla tokian, martxoaren 14tan.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

GERLARIAK AITZINA

 

                   1

Bakerik eman gabe nehon etsaiari,

Orai zauzku gureak zinez sutan ari.

Fida dire bertzalde nausien hitzari;

Nun litazke hobeak hartzeko gidari?

 

                   2

Segurantzan ezarriz hartu den arteka,

Aitzina badoazi, errekaz erreka.

Bixtakoak lurrerat, hartuak esteka,

Nehon ezin sosega, dabiltza jauzteka.

 

                   3

Ziminoak bezala, nun nahi sarthuak;

Gathu zaharren pare, ezin lehertuak.

Etsaiak han hemenka dituzte hartuak,

Norapait her ditela urguluz hantuak!

 

                   4

Herrestan ala jauziz; manatu bezala,

Erran tokira xuxen jo dute gisala.

Barneko bero batek doblatuz ahala,

Erran zinio tropa phestarat doala.

 

                   5

Jo, jo, emazue hor, putiko zankarrak,

Xehakatuz aleman hastial ozarrak!

Oraikotik sobera betherik pegarrak.

Beharko tuzte galdu bethikotz indarrak.

 

                   6

Guduan ari zaren herritar maitea,

Noizko ditake zure hemen ikhustea?

Bego jin dadin, bego udaren hastea,

Ez da luzaz hoin azkar izanen gatea.

 

                   7

Andre Dena Maria, birjinen birjina,

Hor duzu sahetsean, laguntzerat jina;

Bihotza su garretan zuretzat egina,

Ezti dezan ahalaz zu baithan den mina.

 

                   8

Bertzaldean oraino Joana, dohatsua

Izendatzeak berak pizten baitu sua.

Horrek beharrez argi lezake itsua.

Urruntzeko gutarik aleman satsua.

 

                   9

Oraitik gurekin da gerlako Jainkoa,

Frantzia baita haren nahikarakoa;

Beha zozue horrat zoin den begikoa.

Othoitzak eman dio zeruko gakoa.

 

 

 

Zer eta zer

 

 ZONBAT HAURRIDE

     Iragan larunbatean, Kanbotik Baionarateko burdin-bidean baginen elgarrekin soldado bat eta bi sarjant eskualdun; hetarik baten aita; bertze aita bat, hiru seme gerlan dituena; eta ni, lau iloba soldadoren osaba, Itsasu, Kanbo, Hazparne, Ustaritze, arte hortakoak oro.

      Solasetik solasera, mintzo gira zoinek gure toketan ditugun edo dazkigun haurridetsu etxez; zoinek gehiago athera seme-alaba, bakhotxak bere etxean, edo auzoan, edo herrian.

      Sarjantetarik batek dio: «Gu bagira bederatzi haurride». Bertzeak: «Gu hameka aneia-arreba. — Gu hamabi aneia-arreba. — Gu hamabi aneia».

      Soldado xoilaren aitak dio, badituela zortzi seme. — «Nik ez oraino hanbertze, dio bertze gizon batek, solasean sarthurik; bainan ez dut nere azken hitza oraino errana. Baginen gu, ni neure haurridekin, hamazazpi; bi neskatoko eta hamaborlz muthiko; aita beraren, bi amen haurrak».

      Elgarri beha ginaudalarik, oro irriz, holako haurride andanen berri ginakienak hanxe bilduak gerthatzea gehiago zela, hara non ordu arte gutienik mintzatu zenak jali daukun orotako handiena, diolarik: «Atzo hil da Hazparne Elizaberry Plumainian 29 urtheko soldado bat; bulharretarik ahul joana eiki gerlarat, han gaizkiagoturik hunat itzuli eta hemen hil, erran daukutenaz, hogoi-ta bat hauri detarik gazteena».

 

 SEI HAURREN AITAK

     Sei haur eta seietarik goiti bizi dituzten aitak gerlatik etxerat igorri dituzte alderat ez bada behingotz. Berak baino, bortz urthe zaharragoekin baizi etzutela, izaitekotz ere, deithuko, zion ikusi dugun sei haurdun batek.

 

 LAU AITA SEMEAK

     Berriki aiphu zen kazetetan aita bat bere lau semekin soldado zelakoa. Joffre aitzindarien buruzagi lehen delakoak jakinik nola zen gizon gaizo hura bere lau semeekin, bera bortzgarren, gerlan aurkitzen, deithu duela bere aitzinera, saristatu soldadoen medelaz eta etxerat igorri.

      Galdekatu duelarik, nor zuten utzia etxe-zain, ihardetsi dio jeneralari gizonak: «Bi alabarekin emaztea».

      Ama alabek atsegin hartu ahal baitute, nekatokoek aita, emazteak senharra etxean sartzen ikusirik!

      Lau semeak oraino soldado geldituz, aski eginik ukanen dute Frantziarentzat. Balitz holako!

 

 BAKE SOLAS

     Entzuten diren guziak ez dire sinesteko. Hala nola erraiten badautzuete bakea galdatu dutela alemanek, edo eskaini, ez othoi sinets.

      Egia nahi baduzue jakin bakeaz, huna: — ez ahantz hau: Bakea eginen da frantsesak, anglesak, rusoak alemana garhaitu dutenean osoki.

      Osoki garhaitu, erran nahi da eho, zanpatu, bizkar hezurra hautsirik ezarri ezin xutituzko heinean.

      Indarrik dueno alemanak ez dauku bake iraunkorrik emanen.

      Hitzemanen ba mentunaz; ez ordean atxikiko hitza. Bortxan behar da ezarri, ezinbertzean.

      Beraz galdatzen dautzuetenori, noiz den gerla finituko, ihardets zozuete: «Finituko da, etsaiaren ahalak, ahal guziak finituko direnean».

      Ez girela oraino hartan, badakigu orok. Hartarat ari girela ere ba. Ba eta goizegi baketzea holakoekin, ahulezietan handiena litakela.

      Bethi eta bethi berera goazin: edo zoin lanek bere doi despendio, indar, denbora behar du.

      Lan izigarri hunek nola ez berea? Doi denborarekin ere, ahalko baita egin, eztea zerbeit?

      Zer ez ginuen emanen, erran balaukute haste hartan: «Luze joanen da, bainan segur, azkenean irabaziko dugu»?

      Hartan gira. Irabazteaz ez da dudarik. Berantago fini eta esku-gain gehiago gure. Fini goizago, eta bakea hauskorrago.

      Karraskan lothurik primaderako lehen egun hautan, nahi baginu kraska dadin etsaiaren indar guzia, guk ere behar ginuke gizon hanitz, nahi eta ez, galdu. Igurikiago eta azkarrago goazi; laguntza gaitzak zaizkulakotz heldu bazter guzietarik guri: etsaiari gero eta gutiago.

      Dudarik gabe, ahulduz doa: bere buruaren jaten ari da. Gu ez hala, ez gure lagunak.

      Jinen da bakea. Dadila jin bere tenorean ez berantegi ez goizegi,... gure onetan.

 

 

 

LAPURDI

 

 BAIONA

     Berri batzu hedatu dire asko eskualdetan bezala hemen ere; baizik eta soldadoek ez dutela, bederen zenbeit egunez izkiriatuko gerla tokietarik; bertzalde gobernamenduak hetsiko dituela eskola guziak soldadoentzat eritegi beharrez. Deus ez sinets hor; oro gezurrak dire.

 

 BOKALE

     Bokale-ko garan jandarmek arrastaturik gizon gazte bat, kasetek erran zuten soldado aleman bat zela... eta jendek sinetsi. Hogoi-ta bi urthetako desertur bat da —ez eskualduna— Espainiarat zoana. Baiona-ko presondegian dago, Espainia-ko treina huts eginik.

 

 HENDAIA

     Hendaian, hatzeman dute neska españolsa bat liburuño aleman batzu zauzkana soinekoen barnean gordeak. Alemanek Espainia emokatua daukate beren kazeta eta liburuez gezurra dariotela gure eta angles lagunen kontra.

      Dudarik gabe, soberakinak nahi zituen delako españolsak Frantzian hedatu.

      Agian emanen dakote hemen bere borondate onaren saria: Martxoko iguzkia saminxkoa baitugu, zenbeit egunentzat urririk itzala.

 

 

 

Ziberoan

 

 ALAMANA

     Sekülaz geroz Alemana thorpe izan da bere egitate orotan. Aski entzünik gira zer basa ihizia den. Tigriaren asmia eta erraiak dütü; hamatsordei haren aztaparretara erorten denaren.

      Odol ixur erazten dü gerla huntan, eta ez dü sailla ürhentürik. Orai haatik errabia dü handienik; hortzak eta azazküliak erroetarik jaüzten hasirik dütü: ez ahal dü, gaür goiti, min handirik egin ahal ükhenen; eta sarri beharko dü ondo eman egin dütian salbajekeriez.

      Beren familietan ere, Alemanak izigarri abre ümen dira. Hasteko, ezetik baiala, zurratzen dütie emaztiak. Emazte hezgaitzik balitz Üskal herrian, han hebenka, balio lüke bentüraz haien Alemanialat igortia zunbait hilabeteren igaraitera.

      Frantziako gizalegen arabera, emaztiari etzaio eman behar tuntorrikorik; bena Alemanek ez dütie untsa hartzen Frantziako gizalegiak; haiek dioie deusek ez diala xüxentzen emaztia nula sobaldi batek.

      Ez jakin Alemaniako emaztiak ez direnez hanko gizonak üdüri: burhoi eta zar. Marimanddo zenak erranen zian haien tako: mala raza!

      Jo balez ezalgarberen karkanuak haüts eraz artino, ez lizateke lürreko bizizalen damürik.

 

 KABALE GALDÜ

     Alemaniako enperadoriaren lehen semia azuria herratürik edo galdürik da hirur hilabete huntan; ihuntik ez da agertzen haren berririk. Aitak ezari zian, bere ustez, bazka gizenetan, Frantzian, milgorra amiñi bat bil zezan gültzürrün gorrier üngürü; bena kanuen herotsak lotsa erazirik, nurapait baztertü da.

      Haren berririk dakianak, hel eraz bitza nahi dütian lekhiala. Irabaz biderik ez da: aitak ez dü hitzemaiten edireiliaren saristatzerik.

      Hanitxen ustekeria da Alemaniako printze bere büriaz hartia, Frantziako ospitale zunbaitetan dela kolpatürik eta ttattit, bere izena gordez.