Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-03-12: Bihozgabeak

Bihotzaren altxagarri diren zenbait pasadizo berritzen dizkigu Eskualduna-k, baina gisa berean gaztigatu bihozgabeak ere badirela gutartean. Berriak egunka sailak maiz aurreko astekoaren errepika dirudi. Kazetak agertzen duenez Konstantinopolis garaituez gero, soka bilur zabal eta luze bezain tinkoa ezarriko genioke etsaiari, Euzkadi-n Kirikiñok dioskunez Bosforoa urrun dute oraindik aliatuek. Itsasaldean libratzen ari den gerra datuez hornitu ditu Eskualduna-k, aliatuak dira nagusi eta gainera etsaiak ontzi gehiago galdu ditu. Bestalde, Errusiako frontean gerra moldea bestelakoa dela ohartarazten digu. Gutun bat dakarkigu aste honetako kazetak, soldadu batek osaba Ottori igorria, “Zazpi hilabetez gerlan ibiltzeak nahitaez gogortzen du gizona”. Xoriñoen arrangurak bertso-sortan gerraren inguruko gogoetak  dakarzkigu Oxobik.

 

 

Bihoztun, bihotzgabe

 

     Balinbada iguzkiaren pean zerbeit bihotz-hausgarri denik, hura da gerla; orai dugun hau bezalako gerla bat bereziki: hoin luze, hoin dorpe: hoin lazgarri gisa guziez!

      Kolpatuak eta hilak milaka. Ezta mirakulu, deus onik direneri bihotza hautsirik ere.

      Bakotxak bere hek urrikari; eta bertzeak eza? Nor ditake aski gogorrik, begietara nigarra jauzi gabe so egoiteko ikusgarri batzueri?

      So eta nigar baino laguntza hobe; bihotz onaren behakoari darraikola ardura esku ezti araberako baten hunkia.

      Gerlatik eri edo kolpatuak heldu zaizkun soldado gaizoek dakite andre bihoztun arthatzale batzuen berri; mediku batzuen, soldado lagun infirmier batzuen, bereziki apez eta apez-gei, gudu tokietan, ospitaletan, gau eta egun, erientzat, kolpatuentzat baizik bizi ez direlakoen berri.

      Ez baitezakete aski erran, zoin ongi, zoin goxoki, beren haur edo haurride batzu bezala dituzten arthatzen, lotzen, garbitzen, pherekatzen, buluzten eta beztitzen, ahora hazten ahamenka, behar arau, deusek ez lotsatzeraino, ez okaztatzerainokoan.

      Galda, galda, eritegietan egonik sendatzen, etxekoen ikustera heldu zaitzueneri: nola izan diren arthatuak. Gutiz gehienek erranen dautzuete askotarik nihaurek entzun dutana: ezin hobeki ekarriak izan direla zoin beren ospitaletan.

      Behar ere ba, eta zuzen: herriarentzat, guretzat beren odola ixuri duten gizonek deusen eskasik ez dezaten sofri.

      Noia den erraiteko baizik ezta: gure zorra, guzien zorra soldado gaizoen alderat, bihotzez, diruzko ala edo zoin bertzelako emaitzaz, lanez pagatzen duten arima oneri esker eta milesker zor diotegula orok; ez bakarrik soldado eri eta kolpatuek; ez eta gehienik heiek, bainan guk bertze hauiek, soldadogoatik kanpo girenek.

      Gure zorra dute pagatzen, gure eginbidea bethetzen, soldado eri eta kolpatu gaizoen arthatzale ongi-egilek.

 

* * *

 

     Joan den igande eguerdi aitzinttoan, nere egoitzatik bi urhatsetan, buruz buru egin dut bi gizonekin; bat baiones quincaillier bat, ene ezaguna; bertzea ez; bainan arrotz harek eztauzkit gutiago hatzeman, hanxe, berehala, begia eta bihotza.

      Soldado bat zen, ah! zer begitarte onekoa!... Beso motz. Beso eskuna gerlan xehakaturik, hemen Baionan, lycée-ko ospitalean kendua medikuek, errotik, sorbaldaraino.

      Agur elgarri; eskua tinka. «Je vous présente un brave soldat, mon ami. — Nongoa zira? — De la Loire-Inférieure. — Zer bizipide zinuen? — Laborari. — Eta orai, zeri loth uste duzu? — Ahal ditanari. — Lur lanari adio? — Zer nahuzu egin dezadan ezkerraz? Enetzat on den zerbeit hatzemanen ahal dautate. Eni bezala bertzeri. Nork daki zonbat holako geldituko giren, gerla huntarik lekora? — Eta ordu arte? — Biharretik has, urthean sei ehun libera hitzemanak daitate. — Ez duzu aski. — Pulliki zaut, hasteko. Nondik nahuzu orai gehiago ardietsi? Gerokoa gero. Gerlak dirauno, dena ere on. Diru gose da gerla.»

 

* * *

 

     Gaixo muthikoa! Hitz bat eztu ahotik athera, nehortaz ez deusetaz arrengura dela.

      «Sobera onak, dio, izan dire oro Baionan enetzat. Bereziki jaun hau.»

      Ikusi bazinute zoin begi onez behatzen zion soldadoak bere ongi-egile quincaillier-ari, bi mathelak eta belarri gorrituak esker onez.

      Ba, bertzeak ere soldado beso motz ospitaletik goizean atheratuari, begi onez behatzen ziola, hitz dautzuet.

      Aita semeak erranen zinuten. Biharamunean burdin-bideari lotzekoa, sor-herrirat itzultzeko, bere soldado beso motz gaixoa berekin bazkaiterat zeraman burdineria saltzale baiones jaun bihoztunak.

 

      Segur niz atzo edo herengun elgarri adio erraitearekin, Baionako garan, Loire-Inférieure-ko laborari soldado besorik beharrenaz gabetuari eta haren aita ordainari begiak busti zaizkotela goxoki.

 

      Zer ginion solas hunen hastean gizon bihoztunak agertzen dituela gerlak, eta elgarri azkarki estekatzen?

      Bihotzgabeak?... Nork erran behar luken ere edo nork sinetsi, badirela bertze gizon batzu, oroz gainetik politikero usaindu batzu, deusek bihotza hunki ez dezoketenak, ez eta gerlak ere?

      Gerlatik ere nola duten atherako beren ona eta bertzen kaltea; gerlan bizi edo hil gizonen emazte, aiten haur dohakaberi, zuzenez, legez berea duten ogia khendu nahiz ahal guziak egiterainokoan!...

      Alferretan zonbeitek; ez baitute halere gutiago merezi Jainkoaren madarizionea.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, marxoaren 3an

     Aspaldixkoan, gau eta egun emaiten diozkategun panpakoez mendekatzeko, ari zauzku alemanak Reims-eko katredalearen azken harri oraino xutik daudeneri kanoi ukaldika.

      Herra zail dute, eta hiri handi hartaz jabetzea engoitik etsitua; hartakotz dire ari, azken uztarrak hurbiltzera doazkotela sendiz, ahal daukuten kalte eta bihotzmin guziaren egitera.

      Oraiko obuzak ez omen dituzte kanoi obus ardurakoetarik botatzen ere, bainan suaren hedatzeko bereziki egin batzu, elizarekin hiri guzia erre nahiz.

      Arroil-ziloetarat ere, bitriol edo zer duten hura, xuxen oraino ez dakigun ur batez betherik aurdikitzen dituzte untzi batzu, botoila eta holako.

      Gerlako legeak onesten ez dituen urdekeriarik izigarrienak eta oro on dire heientzat.

      Nahutena egin, gibelerat doazi, on bazaiote eta ez bazaiote; banazka eta batzutan, bi, hirunazka, beren arroilak hartzen ari daizkotegu.

      Dathorla oldar handiaren eguna, beharko dute zaluxago itzuli jin bedez hor harat.

      Constantinople hirirako aldean, hasia dute Turkoek sabeleko min bat lotzen, fina!

      Rusoen berriak ere onak egun hautan.

 

Ortzegun, 4an

     Leihorrez gal, itsasoz gal,... ez dute galtzerik ja eta sarri gehiagoren galtzerako itxurarik baizik.

      La Manche, itsas-arte aiphatu hartan urpezko untzi-jauz-arazle tresna tzar hetarik biga uzkaili daizkotegu, eta itho.

      Reims-eko hiri eta elizari sekulako errabian ari zaitzularik kanoi ukaldika, egun ere oraino, zakur buru handi zozo hetarik bat ziri bati ausikian lothua hortzak hauts arte lagoken bezala, gibelka doazi bertzetan, itzulipurdiz itzulipurdi, hala nola Champañen eta Argonen.

 

Ortzirale 5ean

     Arroil-erreka zilo heien ezker burutik eskuinera sail guzian ihardukitzen diotegu eta mailka-mailka deramatzagu, ja, egun guziez esku-gain pozi bat hartzen diotegularik.

      Zer izanen da beren ziloetarik jali-arazirik bortxaz, ihesari lothu nahiko direnean? Gostako da, hastapenean. Gero handik harat, Jainkoaren laguntzarekin, egin araziko diotegu zalhu, egun gutiz, hanitz bide balinba.

      Indar handi horren egitea berandetsiak daude gure soldado goizoak.

      Champañen, Argonen, Alsacen orotan ahulduz doazi; gizon hanitz hiltzen diotegu.

      Dardanelles hetako aldean aitzinatzen ari gira azkarki. Gu azkarrago. Turkoa izituago.

      Aleman soldadoen izialdia ez da oraino jina, urguluz gezurrez, edari mozkortzalez asean hantuak dagozino.

      Has beite hertzen: orduan, orduan zinak eta minak.

 

Larunbat, 6an

     Egun bat ona; gu bethi aitzina joaki; mitraillus konpainia bat hartzen diogu etsaiari; presuner multzo bat eta lur pozi bat, berritan galdua.

      Perthes, Argonne, Vauquois, Badonviller eta Celles tokietan hil diotegu gizon hanitz.

      Alsacen ere ba: mitraillus batzu eta arroil-erraka zonbeit hartu.

      Beljikan gibel-arazi ditugu hamabi aldiz.

      Halere hek aitzina bethi tiro eta tiro eta kanoi ukaldika, Reims-eko elizari.

      Errainak hautsirik lurrerat erroz gora etzan-eta ere geldituko direnez, Reims hiriaren eta elizaren kanoikatzetik, gaude.

      Rusoek ere larrua zail dute alemanen gogora. Ezin zilha; ez nahi xehatu.

      Guillaumek Erromarat igorria zuen bere lehen ministro ohia, Bulow, ustez eta jaun zahar horrek Italiako Gobernamendua balakatuko zion elhe zuriz. Baduk hoberik!

      Gophor eginik itzuli behar izan da gibelerat.

      Noren aldi?

 

Igande, 7an

     Bethi aitzinatuz goazi Arras hiriko aldean. Notre-Dame-de-Lorette deithu herrian arroil-erreka lerro bat osoaz jabetu gira; gizon hanitz hil diogu etsaiari.

      Vosges mendietan kasko gorenetarik biga, Reichakerkopf handia eta ttipia, guretu ditugu.

      Bertze bospasei lekhutan etsaia jazarri zauku, eta orotan iharduki diogu, hanitz hilez, hanitz preso hartuz.

      Champañen oihan bat azkarki zaukatena hartu diotegu, presoner multzo bat eginez.

 

Astelehen, 8an

     Bezperako esku-gaina orotan oso daukagu, han-hemenka hedadura gehiagorekin. Presoner hanitz, aitzindari eta orotarik.

      Hauts-de-Meuse direlakoetan, gure kanoi handiek etsaiarenak garhaitu dituzte.

      Vosges mendietan atzo gaitzeko oldarrean jazarri zauzku, bainan sail guziez jabe eta nausi gelditu gira.

      Geroago eta hil gehiago du etsaiak.

      Alsacen zazpi ahalak eginik gu nahiz urrundu, ezin izitu gituzte. Artillerie ala infanterie, bego frantsesa!

 

Asteart, 9an

     Grezia gure alde jarri nahiz errabiatua dagolarik, Constantin erregek gibelatzen du, Alemaniako Enperadorearen arreba duelakotz andre. Kexu dire biziki bazterrak oro Grezian.

      Aiher dire Frantziaren aldekoak bere tronutik aurdikitzeko errege hori.

      Angles itsas-untzi bat jauz-arazi dute Alemanek, ikatzez bethea.

      Alemanian zerga berri batez jo nahi ditu Gobernamenduak... nor uste duzue? Gerlakotzat tresna berri egileak.

      Lan hortan ari direneri kenduz beren irabazitik, bere buruari zaio ariko harrika. Berak ikus.

      Makhur balite hortarik, hanbat hobe guretzat.

      Igandean angles aireko tresna hetarik batzuek hameka bonba botatu dituzte... Beljika itsas hegian alemanek dituzten atherbe handi batzuen gainerat; kalte handiak eginik itzuli dire gibelerat.

      Erromatik berri hau —harat heldua nork eta nondik?— Otrixia eta Alemania elgarrekin makurtzekotan direla. Ikus eta sinets.

      Hau egia seguragoa: Bulow aleman azeri zaharra, uste zuenetarik deus ardietsi gabe Erromatik Berlinerat itzultzekotan dela.

 

 

 

Gerlarien berri

 

 Urpez eta lurpez

     Alamanen sudurrak gero-ta barnago sartzen ari dire, lurpean bezala itsaso zolan.

      Beren untzi handiak kukutuak dauzkate, ez onez Anglesekin jokatzeko. Urpez dabiltzan untzi ttipi batzuekin ari dire, bidean kausitzen dituzten untzien kaskatzeko, ixilka, gerla untzi ala bertze, etsai ala nor nahi den, oro garbi.

      Uste dute bazter guziak harrituko dituztela. Bizpahiru aldiz egin dute zerbeit, aipatzea balio duenik. Entsegu hainitz eta espantu; deus ez obra.

      Zer irabazi dute beren errabia, erakutsiz gisa hortan?

      Etsai ez zituztenak alxatu beren kontra, eta etsaien gogo bihotzak berotu, sustatu, gerlako lanean bermarazi borthizkiago.

      Horra nun itsaso guzia guretzen ari dugun, Turkoen hiri nausirai buruz hurbilduz gero ta gehiago. Zenbeit egun goiti beheiti, Turkiarenak egin du sekulako.

      Alamanek han gaindi, bidea idekia baitzuten oraino, laster osoki zerraturik ikusiko dute, eta mundu guzitik berexiak egon beharko. Orai artio lanik aski baitzuten hatsaren hartzea, handik harat bertzerik izanen da.

      Hoik oro gogoan derabiltzate gure soldadoek, eta sekulan baino kuraie gehiago dute bihotzean.

      Begoite lurpetik atheratzerat. Egun hura ez da urrun, eta orduan ikusiko dire gauza handiak.

 

 Rusoen lana

     Rusoen laguntzaren berri badakigu noizetik noizera bederen.

      Hango gerlak badu goiti beheiti gehiago. Hemen tokiaren gainean gaude bethi, nahiz egun guziez ikusten dugun azkartzen ari girela, eta etsaia ahultzen.

      Gure aintzindari zuhurrekin, segura daukagu garhaitzea kolpez, behin hasiz geroz. Ordu artio atxikitzea ez da gaitz. Aspaldian eztituak ditugu etsaiak.

      Rusian aldiz, zalaparta handitan dabiltza batzu ala bertzeak. Burdin bide guti dutelakotz Rusoek han edo hemen gibelerat egin dute, eta gero berriz gaitzeko oldarrean, lotzen zaizkote Alamaneri, jin bidez igorriz zalhu beren lurretarat. Harat-hunat hoiek higatzen dituzte Alamanak; biziki gizon gutiago baitute.

      Varsovie delako hiri handia beretu beharrez, jokatu dire azkarki, ezker, eskuin, metaka, bethi debaldetan.

      Horra nun armadak urthu diren, eta orai, Rusoak abiatu dire beren gizon gazte berriekin, gainaren hartzen, airoski.

 

 Errabian

     Alamanak errabian daudela egun guziez ageri da hemen gaindi.

      Kantu guti aspaldian heien erreketan. Tzarrean ditugu. Tiro hainitz gau ala egun. Gure janaz ere jelos ditugu, eta erhotzen dire gure «gamelen» harrabotsa entzutearekin.

      Tresna tzar berri batzu baitzituzten, hurbiletik ari zirenak, gure kanoiek atzeman daizkote han hemenka, eta herrautsi.

      Orai kanoiekin emaiten dute arrapostua, bainan xuhurki. Iraun behar, alabainan.

 

 Artilluren egoitzak

     Oihan hegi batean iragaiten nintzen egi hautan. Haro zenbeit entzunik, sarthu nintzen.

      Hiru ehun gizon eta zaldi bizi ziren hor, eta ederki bizi.

      Etxolak lurpean eginak zituzten, berri berriak, ez baitute beldurrik barne hortan, ez uraren, ez hotzaren, ez eta ere Alamanen tresna tzarren.

      Etxe batzu arras garbiak athe, leiho, kadira, mahain eta bertze zer guziekin.

      Haitz ondo ederrenak ehortzi dituzte hor. Geroxago, norbeit atherbe baten beharretan balinbada, askiko du hitz bat erraitea. Herri bat osoa kausituko du hor, eta merke. Eskual herriko buhami guzien tokia baliteke.

      Gizonak ala zaldiak asean daude barne horietan. Iragan buruilean baino legunago dituzte kabalek bizkarreko biloak.

 

 Aroa

     Martxoaren lehen egunak aski goxoak ukhan ditugu. Bainan aroak ez du nahi onean finkatu. Itxura aldakor dauka martxoak, egundainotik. Bizkitartean uri guti egin du. Lohia ttipitzen ari da bazterretan. Gauak laburtuz doazi, eta eztituz.

 

 

 Soldado batek izkiriatzen dio bere osabari:

 

Otsailaren 1ean

 

     Otto maitea,

      Milesker igorri daitazun berriez. Ordu zen! Berandetsia nindagon biziki, bainan ez etsitua; ez eta ere samur, baitakit zoin asti guti duzun izkiriatzeko, eta segur bainiz, enuzula ahanzten zure othoitzetan.

      Bizkitartean bazinaki zer atsegina den guretzat hemen, horko berrien ukhaitea, arteño zonbeit hatzeman zinitzazke noiztenka, berrien igortzeko maizago, luze ez bada labur.

      Deusen eskasik balinbadut igorriko dut galdea; bainan berrien heltzeko ez othoi egon galdearen goait. Hetarik sekulan ezta hemen aski.

      Milesker halere.

      Hemen eztugu presentean deus hanbat berriagorik. Osagarri ona dut, Jainkoari esker; eta erraiten dautzut arimaz egia: ez niz orhoit, ikusiak ikusi, egundaino izanik orai bezen ontsa.

      Nahuzuia garbiki mintza nitzauzun? Buruko min, eztul zahar edo holako zerbeit balinbaduzu, engeia zite soldado, —etzituzte gaztegiz utziko hartu gabe— jin hunat lebenbailehen, zakua bizkarrean «portez armes».

      Lau hilabethe gabe kanpo barnez berriturik itzul ahalko zira etxerat.

      Ehun eta berrogoi-ta hamar egun... eta gau hanxe iraganik Lorraine-ko herrixka batean lurpeko errekaz erreka, hunat jinak gira hego alderatxago.

      Gu ikustearekin harat hunat ibilki, etsaiak uste ukan du jazartzera ginoazkola; uste, ilhuntzean edo ondoko gauean hastekoak ginela zalapartaka.

      Ez ginituela hurbiltzerat utzi behar gau guzian etzauzkun atherthu heien kanoi ukaldizko uharrak.

      Beharrik ez baitzuten hunkitu nehor; bi oren lo bakarrik gal-arazi.

      Orhoit zirea, iragan buruilaren erditsutan nahi ukhan baitzaunguten Naney-ko hiria ereman? Hain xuxen, hiri handi horri buruz indarrik gaitzena egin baitzuten izenda ez dezakedan herri batean, bitxi da nola dugun orai berriz, egundainokoetan, hara berera jo.

      Orduan herri hau hartu zaukutelarik, hemengo karriketan iragaitean oihuka ari ziren, jendeari trufaz; «Bihar Nancy-ren aldi!» 

     Biharamunean hemendik kanpoa zuten.

      Urak bide egin du geroztik. Guk ere ba. Hitz dautzut, gu orduan ikus, eta ikus orai, bertze soldadorik girela.

      Guti ginen eta gutiago ginakien. Den gutieneko espanturik gabe, gerlak soldatu gitu norapeit.

      Lehen aldikotz ere alta zerbeit ikusi ginuen. Aprendiz lantzat aski baziren guretzat hemen orduko zalapartak.

      Hil hanitz bi aldetarik.

      Hemen dire oraino ageri, orduko orhoitzapenak. Zonbat kepia, burdineria herdoildu, kurutze, hil-hobi!

      Etxe hanitz erre zituzten alemanek, on ziren zer guziak ebatsirik. Xutik gelditu ziren bakarren murruak oro tiroz eta obuzez aldean bertze zilhokatoak ziren.

      Herriaren buruan, azken etxearen ezkinan, etzinakike noren hobia dutan ikusi? Soldado apez lagun Monbru, Pauetar zenarena.

      Hila zela ba, banakien; bainan ez gutarik hain hurbil.

      Xehetasunik nehork ezin eman daut.

      Tokiaren itxuratik iduri zaut, ikusten dutala, hura zen soldado aitzindari kartsua, etsaiak oro herritik fuera kanpo igorri ondoan, etxez etxe jarraikitzen, azkeneraino; han erortzen gaixoa, herriaz jabetzearekin.

      Zazpi hilabethez gerlan ibiltzeak, nahi eta ez gogortzen du gizona; bizkitartean zinez egia, bihotza hautsi daut eta nola! —gure diosesako apez hiletarik baten hobia hemen ikustearekin uste ez nuen tokian.

      Belhauniko egin dakot othoitz, gogotik halere, eta ahalik hobekiena. Eskaini ere daizkot alde hortako adixkiden eta ahaiden orhoitzapenak.

      Jainkoak berekin duela haren arima ederra, eta doazila holakoen sakrifizio baliosak Frantziaren onetan.

      Hoberehak dauzku ereman, Monbru eta Charo. Eta gu hemen bizi!

      Monbru liotinanta maite zuten bere gizonek. Ordonnance zuelako soldado muthil gaizoak dio egin bere eskuz hemenxe ikusirik nagon hobi ederra, inguruko bertze guziak baino ederrago.

      Haren kurutze are ederragokoan irakurtu ditut hitz hauk latinez: «Nunc Deus pars mea in aeternum» Eskuaraz: «Jainkoarekin naiz orai bethierekotz.»

      Agian oraino berriz belhaunikatu ahalko niz hobi beraren aitzinean zonbeit gogoeta onen egiteko.

      Nor uste duzu bertzalde ikusirik nagola hemen gaindi egun hautarik batez?... P.F. zure ohiko eskolieretarik bat. Behin baino gehiagotan ere ikusi dut.

      Haur on bat, bainan haurra, eztea hala? Jauregiz auzo ginen; frango aldiz mintzatu gira bertze orduz bertze teilatu baten atherbean iragan denboraz, eta... zutaz.

      Eriturik ereman dute Nancy-ko hirirat. Gerokorik ez bide duke; bainan ikusi bazinu zoin bortxaz utzi dituen bere lagunak! Han baino hemen laketago.

      Bertze eskolako lagun ohi bat ere, J. de C. sous-lieutenant, xixtaz ikusi dut, bainan solas egiteko ezin trikatu gira.

      Hemen behar da bizi, konprenitzeko nola diren, herritik hoin urrun gerlapean, begiak atseginekin idekitzen erdi herritar bati ere; nola tinkatzen eskuak.

      Baduzuia aski hola egungo?

      Barkha ene zirrimarrak; ezta errex hemen lumaren atxikitzea; ez hitzak lerroan ezartzea xut eta xuxen.

      Jainkoak nahi duen arte, otto.

      Ez othoi ahantz haren aitzinean zure iloba.

C.

 

 

 

XORIÑOEN ARRANGURAK

 

(Donostian, joan den Abendoko
pestetan sari ukhana.)

 

Hazilan badoazi multzoka xoriak,

Buru beltz, buztan luxe ta papo horiak...

Iganik itsasoak, mendiak, hiriak,

Saretarat zoin aise diren eroriak!

 

Bat errebelatua, larre bazterrean,

Entzun dut ari zela solas ederrean;

Irriz ote?... nigarrez?... Hitz hauk dauzkit erran

Tente xut hari beha bainindagon hurran:

 

«...Gizonek uste dute guri xorieri,

—Girelakotz airetan erregin ageri,

Edo arboletarik errepikan ari—,

Jaunak digula beti zorion, janari.

 

Guzientzat bezala, xorientzat ere

Jaungoikoaren ganik dohainak badire:

Nasai, oso, ginuke zoriona gure

Gizonetan gaixtoak anhitz ez balire!

 

Argiastean, gora kantuz bagoatza,

Irriz iguzkiari, hil dela gau hotza...

Horra non agertu den ihiztari latza!

Argitu bezain laster, guk ilhun bihotza.

 

Bazterrak direneko distiratzen hasi,

Haur tzarrak badabiltza kurri sasiz sasi,

Ohantzeak non diren beharrez ikasi,

Ai!... eta geroxago, umeak ebatsi!

 

Ama dator bihotzdun, mokoa beterik...

Zorigaitz! ohantzean orai ez umerik!

Buluz gorriak ziren, etzuten ahalik;

Ohoina jostatu da xoriñoak hilik.

 

Bozkaria gintazke bekatu ez balitz

Gizonak elgarrentzat ikusiz hoin borthitz;

Hedatzen da munduan sare mota anhitz,

Gutaz bertzerik bada kaioletan murritz.

 

Airetan zoin den laket, han deus ez da zarpil,

Hegaldaka goxoki, zeruari hurbil,

Baiñan zoin laburki're gitazken han ibil,

Lurretik baizik ezin hazkurri doia bil.

 

Ez duena zertako galda biziari?

Jaunak manatu zuen lehen xorieri

Ez uzteko kantuak, izan gatik eri;

Goiz-arrats gira beraz errapikan ari!»

 

............................................................

............................................................

 

Oi! Aurtengo hazila zoin ilhuna dugun!

Gerlaz baizik jendea ez da mintzo egun...

Tirorik xorientzat ez da haizu nehun...

Eta han, ihizitzat gizonak ezagun!!

 

Jaz etzen, aurthen bada mahats, gazten, intzaur;

Atzo xoria kantuz, ari da ere gaur;

Bakea daukat orai, bihar gerlan nihaur,

Ikusiko nute han Eskual-Herriko haur!

OXOBI

 

 

 

Untzi galduak

 

     Behin baino gehiagotan errana dugu: gerla hunen hastapenetik hunat, anglesari esker, itsasoz nausi girela; untzi andana gaitza baitu anglesak eta indar handiko untziak, ba gerlako, ba negozioko.

      Guk ere badugu lerro bat ederra, nahiz ez, hurbiltzeko ere, behar ginukenik, Frantziako burruzagiek azken urthetan beren eginbidea bethe balute.

      Halere, anglesa lagun, azkar gira itsasoz.

      Rusiak bere indarrik handiena leihorrez du, lur eremu gaitzen jabe delakotz, laborantzako lur, ogi lur gehienik.

      Bainan itsas untzi hanitz ere badu, eta ez nola nahikoak, bereziki zonbeit urthe huntan eginak.

      Hiru erresuma elgarren lagun handiek, oro batetara emanez hor daukaten itsas untzitze ikaragarriari nork egin burutzia? Alemanak uste zuen, eta aski erhoa da, bere buruaz aski hartua oraino, uste baituke oro berak garhait. Ageriko.

      Behinik behin orai arte zonbat untzi duten galdu gerla huntan angles-ruso-fransesek alde batetik; bertzetik zonbat aleman-otrixianoak, atheraia da kondua xuxen, osoki.

      Guk eta gure lagunek galdu omen ditugu, hastetik hunat, handi eta ttipi, oro konda, 35. Etsaiek, 63.

      Doblea hurbil.

     Erran behar da, untzi handienetarik galtzez bardintsu gintazkela, ez balu Alemaniak galdu gerlakoetarik bat oro baino handiagoa, eta bertze bizpahiru andeatuxeak ereman ur hegirat, han baitaude geroztik biribil.

      Bainan negozioko untzietarik, gerlako bizitzekoaren harat hunat erabiltzeko behar direnen karreiatzale untzietarik hanitz daizkotegu hartzen; aste guziez han hemenka holetan, bana bertze, guk heieri baino erdi gutiago heiek guri.

      Aria hortan, behar den denborarekin ageri ahal da zertara doan partida, itsasoz: leihorrezko zafraldiak bertzalde.

      Kondu huntan barne oraino sarthu gabe hanxe Constantinople, Turkoen hiri nausirako itsas bidean egun hautan hasirik daramagun gudu handia; hura osoki irabaztearekin, uste dugun bezala, soka bilhur bat ederra, zabal eta luze bezen tinkia ezarria baitiokegu etsaiari lephotik, janaren eta hatsaren bidea gerota hertsiago atxikitzeko, debruak ez badu, hanxetik hunat, hemendik aitzina han harat Frantziaren eta Angleterraren airteko pasaiak eta oro hartuz; oro hetsiz, emeki emeki.

      Bere denbora du xoilki lan horrek galdatzen. Hastetik hunat ez alfer egonik, frantses ala ruso ala angles, huna non diren urhats bat gaitzaren egitekotan.

      Horra non duzuen egia, orai artinoko untzi xahutuen nonbrearekin xuxen. Jo aintzina!

 

(Kirikiño)

 

1915-03-06

 

Dardaneleta ez dabe artu ondiño

 

      Atzo Gibraltardik etorririko izparra ez da izan egia. Lar arin egiten zan bai Marmara itxasoraiño sartzea. Baderagoioe ontziok lanean alde bietako gazteluei su gogorra egiten, eta ibilli-ibilli sartuko jakez Bosfororaiño.