Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-03-05: Oldar handia

Eskualduna-ren aburuz bertze solasik ez da, oldar handia dute denek aipatzen. Joffrek hogeita hamaika eskutik omen du, eta ezin jakin zuhurtziaz edo xuhurtziaz jokatu nahi duen. Presoak ere hizpide hartu ditu kazetak, gobernuak ez omen ditu presoak ahantzi. Bestalde, alemanen gezurrak salatu ditu, Aita Santua ez da Frantziaren kontrako. Saint-Pierrek soldaduen anoaren ingurukoak berritzen dizkigu, ogia, haragia, pinta erdi bat arno egunean, alta xahakoa negu honetan pausan dago, zimurtua, zoko batean dilingo. Bakoitzak baditu bere bihotz min gordeak baina orok dute kuraia erakusten. Usu denez erlijioa aipatzen du Eskualduna-k, “nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa”. Lau mila emazte sartu omen dira armada ingelesean, diputatu izan nahi zuten “moko bipil” horiek soldadu bihurtu dira. Zuberoako kronistak ez du sozialistak kritikatzeko egokierarik alferrik galtzen. Bestalde, Liginaga herri txipian bederatzi hil, bost desagertu eta hiru kolpatu gerra hasi zenetik. Kirikiñok Euzkadi-n gaztigatzen digunez aliatuak Dardaneloak igaro eta Marmaran sartu berri dira, Konstantinopolis erortzear?

 

 

OLDAR HANDIA

 

     Agorrilaren lehenetik marxoaren lehenera, huna zazpi hilabethe, gerlan girela; eta nolako gerlan! Egundaino nehon izan ezten bezalakoan.

      Lau populu hiruen kontra; edo xuxenago, hauen orde, bortz. Beljikaren, Angleterraren, Rusiaren eta Frantziaren aldean ez baita ahanzteko Serbia; nahiz ez populu handia, zeren hari zitzaion jazarri Otrixia baita hasia gerla izigarri hau guzia; gerlari hautak ere baitire Serbianoak; bat hamar, hogoien kontra gudukatzeko lotsa ez direnak eta Otrixiari hastetik hunat zafraldi onik eman diotenak.

      Gizontzez baino areagoko da gerla hau leihorrezko, itsasozko, airezko tresneriaz. Nork egundaino ikusi du, entzun du holakorik?

      Eta zer hatsean, zer ausikian hor lothuak elgarri etsai zahar eta berri; gu frantsesak bizirik nehon ezin ikusisko aleman herratsu tzarrek erraiterainokoan, —goraki gero— guretzat baino samurrago direla anglesentzat; gurekin baketzerat ekarriago anglesarekin baino.

      Hatsa gezurra duen etsaiaren atheraldia, hori. Eta zozo bat ederra, hori sinets lezakena.

      Nola den erraiteko baizik ezta: zoin barna duten hartua, gerla huntan anglesa zuzenaren alde jarririk.

      Eta Beljika dohakabearentzat zer haginean ez dire, zeren ez dituen utzi han gaindi sartzerat Frantzian!

      Egundainokoa da: hoben dunenarenak handienik bethi. Handiago hobena eta aiherkundea gaixtoago.

      Eta gaixtatuz joaki, denborarekin, eztitzeko orde!

 

* * *

 

     Hortakotz dire udan eta abendoan baino errabiatuago elgarrentzat orai, zazpi hilabetheren buruan; negu hau guzia beren arroila ziloetarik hilka gerla gorrian arizanik, orai primaderaren hastetik, are sukar handiagoarekin lotzekotan. Hil edo bizi...

      Hauxe da errabia! Eta nehork ezin gibela, ezin eztiaraz hor hartua duten oldar izigarria, eta geroago handiago hartzen ari.

      Ezta hor haratik ez hunatik: leher egin behar duela primadera huntan, alde bat edo bertze, hitz bereko dire oro.

      Zer diot? Ez bakarrik eginak hortarat, bainan kasik berandetsiak. Noiz dugun bada hartuko aspaldian aiphu den oldar handi hura? Primaderako zela... hitzemana: Frantziako lurretik azken alemanaren igortzea ihesi, han harat, itzulipurdika, hunat sarthuen erdiak eta gehiago hemen hilak utzirik.

      Huna beraz primadera. Eia, eia ikhus: gure aitzindarien hitzak zer ondorio daukun ekarriko? Eia angles hoik ere hitzeko gizon direnez? Lau, bortz, sei hilabethez soldado eta tresneria zer nahiren biltzen hor arizanik, udazken eta negu, baitzion oraino berritan heien gerlako ministro handi Kitchener harek, marxoan zela hasiko gerla —huna marxoa— eia marxoko obrak ditugun beraz ikus...

      Bertze solasik ezta, baizik ere primaderan, marxotik has, hartu beharrezko oldar handiaz.

 

* * *

 

     Oldar handi egitekotan delakoaren orena jina da, edo hurbildua.

      Guk, frantsesek, badugu ja indar gaitzeko armada eta tresneria bildurik. Hastean hanitz gauza eskas baginituen, orai orotarik omen dugu ausarki; dela kanoi, handi eta ttipi; dela mitraillus, dela oinezko, dela zaldizko gizon; dela aeroplan; dela janhari eta edari; jaunztura; behar diren guzietarik, hots.

      Prest omen gira, oldar handiaren hartzeko, aro hau altxatzen delarik. Aroa edertu, edo bederen hein bat xukatu arte, deus onik ez baititake egin; ixtilean, lur bustian lerratzen baitire oro: gizon, zaldi, kanoi puskateriaz bethe karro eta guziak oro.

      Napoleon Handi zenak bere azken gudu handia galdu zuen Waterlo-n, diotenaz, aroak etzuelakotz lagundu.

      Gure Joffre, aitzindarien buruzagi, orai arte den bezen zuhur eta xuhur izan denak, erhokeria bat eginen zuen, eta egin lezake oraino ere, hogoi-ta hameka eta esku heldu zaizkolarik, goizegi balu hartu oldarra, edo har baleza.

      Zuhurra dela diote eta xuhurra; gizon ahalik gutiena sakrifikatuz nahi, ahal badu, garhaitu etsaia.

      Diote ja aspaldian gaina ginukela, ehun eta berrogoi bat mila gizonen gostuz baginu goizago hartu oldar handia.

      Zertako presa ordean? Denbora eta diru gehiago bedi gosta bitoria, gizon gutiagoz irabaztekotan.

      Deusetan egundaino ezta izan xuhurtzia... zuhurrago.

      Ja hilik aski balitake, huntan geldi, gehiagoko odol ixurtzerik gabe ahal balitz.

      Ezinbertzea baitugu ordean, gauden konfiantzarekin: buruzagiek eginen dutela behar dena, behar den egunean.

      Ez lotsa, ez kexa, ez berandets, ez etsi.

      Jainkoari galda, lagun gitzan.

      Laguntzaren merezitzerat ar gure egitekoetan. Orduan ez duda gure alde joanen dela oldar handia.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, Otsailaren 24an

     Gure artilleriak etsaiarena azpitik daukalarik, Rusoek ere ari dute gaina hartzen.

      Aisne ur-handiaren hegian, Champañen eta Apremont deithu oihanean aitzinatuz goazi.

      Norteko itsasoan Amerikano untzi bat jauz-arazi dute gure etsaiek. Egin bezate holako, eta laster nehor nehon ezta izanen Alemanari jazarriko etzaionik, gerlan barne ez direnak eta oro xehatu nahi badituzte.

 

Ortzegun, 25ean

     Itsasoan dire orai azkarkienik ari. Hiru angles untzixka jauz-arazi dituzte torpillur alemanek la Manche itsas-arte hertsian.

      Dardanelles-etako aldean guk dugu etsaia xahutzen ari.

      Beljikan airez dabiltzan tresna hetarik biga uzkail-arazi daizkotegu.

      Galizian, Otrixianoek ez dute zangorik aski,.. ihes egiteko.

 

Ortzirale, 26an

     Gure itsas-gizonak, anglesarenekin, azkar dagozi «La Manche»tik Itsas Gorriraino.

      Beljikan, leihorrez, Anglesak du hartu atzotik egunerat, esku-gain handia; la Bassée deithu tokirako bidean puska batez aitzinatu dire.

      Champañen eta Apremont oihanean ere ba, ja irabazi puskaren gainera.

      Torpillur bat galdu dugu; bainan Itsas Gorrian Turkoak aitzinean deramatzagu, ihesi.

      Dardanelles hetan eta ba eta airez aire, nausituz goazi. Bana bertze, orotan ere ba.

 

Larunbat, 27an

     Aisne uretik Champañe-raino burutik buru, bardintsu, atzo bezalatsu oro.

      Erretzen duen ur batez, gain behera, zurrustako huts-arazi daukute arroil-erreka bat. Berehala tiroka haizatu dugu etsaia; andana bat preso hartu dugu.

      Metz-eko hiriaren gainerat aurdiki ditugu hiru bomba.

      Champañen, kilometre erdi batez jabetu gira; ehun bat presoner egiten ditugularik.

 

Igande, 28an

     Beljikan, Dixmude hiritik hurbil, Beljikanoen artilleriak lan batzu barreiatu daizkote alemaneri; ba eta ere hartu etxe bat, huts-arazirik.

      Airez dabiltzen tresna hetarik bat igorririk, Ostende leihor hiriari aurdikarazi obuz andana bat.

      Erraiteko baizik ez, beljikanoak bizi direla, oraino, eta bizi gogo, hartzeak bildu artino.

      Reims-eko hiriari ez dezokete oraino barkha egin dioten kaltea.

      Beauséjour eta Perthes deithu bi tokietan etsaiaren lan batzu aurdikirik, aitzinatu gira puska batez.

      Preso hartu ditugu 200 gizon. Mila aleman baino gehiagok utzi dituzte zortzi egun hautan beren buruak preso altxatzerat.

      Hauts-de-Meuse mendi kaskoetan, artilleria orroaz. Veuvre-ko aldean, ezti-eztia oro.

      Hartmansvillerkopf delako tokian puxka batez aitzinatu gira.

 

Astelehen, marxoaren 1ean

     Oraino ere kanoi ukaldika jazarri dire angles eta frantses untziak Dardanelles hetako itsas hegieri. Bolborategi handi bat jauz-arazi dugu, eta etsaiaren kanoi handiak ixil-arazi; haren torpillak ere uretik bildu, artharekin hurbilduz.

      Gure banderak ezarri dituzte bandera turkoen ordain.

      Rusoek berriz garhaitzen dituztela Otrixianoak, zonbat garren aldia dute? Ez lehena! Gizon hanitz galdurik, eta Koloma, eta Sadagona husturik, ihesari eman behar ukhan dute. Heiek utziez gu jabe.

      Tchèques direlako soldado batzu altxatu zaizkote aitzindarien kontra Otrixia hortan. Batzu ihesi, bertzeak hil dituzte; kalitu tiroka.

      Aita Sainduak jakinik nola diren mintzo gizon gezurti batzu, sinets-arazi nahiz erlisionearen eta Frantziaren kaltetan, gure etsaien alde dela, goraki dio eta. Frantziako Apezpikueri galdatu du, erran dezaten orotan: eztela den gutienik ere Frantziaren eta hunekilakoen etsai, Aita Saindua.

      Itxura mikorik etzuen gezur horrek; zoazte ordean xuxen baino makur mintzatu nahiago dutenen ixil-arazterat!

      Otrixian jendea gogoetatzen hasia da omen azkarki. Deputatuak bildu nahiz ibilki, zer egin, mintzatzeko, gero eta gaizkiago doazilakotz.

      Gobernamenduak berriz ez hortarik aditzen; gerlak dirauno eztuela onesten legeak deputatu biltzerik. Lanetan dire.

 

Asteart, 2an

     Euri eta elhur, jauts ahala, gerla toki hanitzetan. Nehor nehorat ezin higi.

      Champañen, atzo guk hartu lur pozi batzu nehondik ezin beretu dauzkute; hanitz gizon hil diozkategu, eta eskugain pozika bat bertzalde hartu.

      Pont-à-Mousson-etik hurbil baita Le Prêtre deithu oihana, han egina zuten atherbe handi batez jabetu gitzazkote.

      Igandetik astelehenerako gauean, ukho egin-arazi diotegu, azkarki oldartu nahi zauzkularik.

      Presuner andana batez jabetu gira.

 

 

 

LAGUNTZAK PRESUNERENTZAT

 

     Leputatu batzueh galdatik, Millerand, gerlako ministroak deputatuen bilkuran erran du: badirela, iragan abendoaren zortzitik hunat, 500 mila libera, Berlinen, Espainiako enbaxadorearen eskuetan pausatuak gure soldado han preso direnentzat.

      Bertzalde, zazpi bagon larru-arraseko, kalzun, athorra galtzerdi, trikota, ilezko eskularru.

      Behin hoik; gerokoak gero.

      Etxekoek presuner bakotxari bidali laguntzak bertzalde, behar bezala igorriak direlarik.

      Jatekoa eskastearekin Alemanian, zuhurtzia da han preso ditugunez orhoitzea hemendik guhaur.

      Gobernamenduak ere holetan ez dauzka ahantzirik. Zuzen da.

 

 

 

Gerlarien berri

 

 Aroa

     Adixkidea,

      Otsaila patarra beheiti doa. Ustegabean iragan zauku, eta martxoaren beha gaude. Uhar hotz batzu eman daizku bizkar hezurraren gainerat, bainan oro ahanzten dire, iguzki goxo bat agertzen deneko.

      Uste nuen hotzak bere aldia egin zuela, bainan gauaz berriz sartzen zauku larruan barna. Goiz huntan solasean ari nintzen artillur ezagun batekin: «Noiz dugu partitzea? —Ez balinba maiatza baino lehen! —Zertako ez! —Ori, gauaz kanpoan etzateak ez duelakotz deus onik, aro hunekin!

      Erreketan bederen lurpean bada zerbeit atherbe; bainan hor harat abiatuz geroz, nork iraun? —Iraunen dugu, iraunen! Xoriak kantuz hasiak dire. Bertzalde etxola egiteko oihaleria emana daukute guzieri, berri berria!»

 

 Jan edanak

     Asea bethi badugu. Ogiak iduri zuen azken egun hautan belzten ari zela, bainan laster itzuli zaio lehengo itxura on xuri hura. Ez gira Alamanen ezinbertzean.

      Haragia, gutiz gehienetan, freskoa dugu. Idi edo behi haragia bethi kasik. Artetan xingarra, sasoineko jakia Eskualdunentzat. Gaur baginuen zikhiro azpi bat, ederra.

      Hemen gaindi eri arthatzen ari diren serora batzueri egin arazi dugu frikoa, gisa hartako kokelarik ez izankiz. Bere baratxuri xixterrekin, eta ilhar saltsarekin, ahotik ezin utzia zen.

      Eta edatekoa? Ministroaren manuz, pinta erdi bat arno egunean emaiten daukute. Burdinazko basotik laster garbitua da. Xahakoa negu huntan pausuan dago, zimurtua, zokho batean dilingo.

      Artetan emaiten diogu begi kolpe bat, adixkide zaharrek ez baitute behar elgar ahantzi. Gero ere elgarrekin ibili beharrak gira.

 

 Kuraia

     Hemen gaindi bada hartarik ere nahi bezenbat. Nor nahi den ikus dezagun bide hautan, galdatzen balin badiozu zertan den, emanen dautzu laster arrapostu, eskua tinkatuz irri batekin: «Ontsa, ontsa, eta zu?»

      Zinkhurina guti ezpainetan. Bakotxak baditu bere bihotzmin gordeak, bertze zer guzien gainerat: etxeko eta etxekoen griña, bai eta ere lagun hoberenen galtzea, halako huts bat egiten baitu sahetsean eta bihotzean.

      Holakoak gordetzen dire. Bertze hirrisku izigarrien erdian ere gero-ta azkarrago daude gure soldadoak.

      Gau hautarik batez, gudu dorphe baten ondotik, bazterrak eztitu zirenean, kolpatuak ereman zituzten soto batzuen barnetik gibeleko ospitale batetarat. Alamanen errekak bizpahiru ehun metrotan ziren. Herri hartan etzen etxerik gelditu xutik. Han hemenka harresi hegal zenbeit, zilhokatuak. Kolpatuak ixilik zeramazten gibelerat, balak oraino hixtuka baitzabiltzan han gaindi.

      Ilhargi xuritarat, bi soldado, besoz beso, goizeko bi orenetan, harri meta batzuen gainean ari ziren jauzika, jostetan: «Zer mirakulu ari zirezte hor! Nahuzue hortik kukutzerat joan! —Ez dugu deusen hirriskurik, adixkidea. Gudu guzien erditik atheratu gira biak. Aspaldian zerbeit atzeman nahiak gaude!»

      Erdi irriz mintzo ziren hek biak. Bertzelako kuraia erakutsi zuten gure herritar kolpatu batzuek, gerla hunen bigarren hilabethean.

      Beren lagunetarik zonbeit alxatzerat heldu zitzaizkotelarik Alamanak lurpetik ateratu ziren, herrestan, gordeka. Kolpatuek bakharrik ikusten zuten etsaiaren egitatea.

      Berehala hasi ziren oihuz: «Les Boches, les Boches!, n'avancez pas!». Kolpatu hek ez ditu nehork ikusi gehiago, bainan beren anaiak heriotzetik begiraturik iragan dire bertze mundurat.

 

 Giristino

     Nahuzue jakin zerk daukan bereziki gure gizonen kuraia? Jainkoaren laguntzak. Jainkoak berak daki zonbat othoitz ixil igaiten diren erreka zilhoetarik, gau luze horietan, zonbat bihotz diren itzuli aldeaz bertze. Gerlak gizona zahartzen du, eta zuhurtzen.

      Gerla toki hegian diren eliza zaharrek balukete zer erran. Goiz eta arats, pausuan diren soldadoek egiten dute beren sar-jalia, meza balin bada, mezako, gero berriz arats othoitzaren egiteko guziek elgarrekin. Astean lau prediku baditugu orai nagon tokian. Ea baduzuen hoinbertze?

      Burhaso batzuek baitzuten griña eta beldur handia, erlisioneko laguntzez gabetuak ikusi beharko zituztela beren haurrak gerlan ibilki, eta menturaz hiltzen, nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa. Apezak nun nahi badire, grado guzietarik, nahas mahas bertze gizonekin.

      Atzo egin dut itzuli bat gerla hegiko ospitale batean. Ene adixkide bat ikusirik nindohan kanporat. Ohe baten aintzinean iragaitearekin ikusten dut soldado gaizo bat azken hatsetan.

      Azken sakramenduen hartzen ari zen, soldado apez lagun batenganik. Hurbiltzen nitzaiote: «Nungoa da? —Oloron, edo han Sarrantze inguruetakoa naski». Ixildu nintzen.

      Apezak erran zion beharrirat: «Ama Birjina Lurdekoa, othoitz egizu neretzat!». Bi eskuak kurutzaturik, eriak eman zuen arrapostu, hitz berak erranez.

      Orduan ukurtu nintzen ni ere: «Ama Birjina Sarranze-koa, othoitz egizu neretzat!». Begiak ideki zituen eta ezpainak higitu. Azken hitzak entzun ginintuen: «Ama Birjina Sarranzekoa, othoitz egizu neretzat!».

      Hartan hil zen.

 

 Alemanen errabia

     Berriz ari dire Reimseko katedraleari buruz. Su eman zioten duela lau hilabethe, beren kanoiekin. Orai ikusten dute sekulan ez direla berriz sartuko hiri hortan, urhatsez urhats amor emaiten dutela, gure oldarrari ezin ihardokiz.

      Katedralea bethi xutik ikusteak erhotzen ditu. Bere bi dorre handiekin han dago, ordoki eder batean, lehengo mendetako lan handi xoragarria, Frantziako errege guziak khoroatzen ikusi dituena.

      Alamanek nahi lukete lehertu, herrautsi azken harriraino. Gain batetarik ari zaizko jo eta jo, bi mila kolpe egun batez egin dituzte hiriaren gainerat.

      Zer probetxuz? Mendekatzea gatik: kanoien hazkurria xuhurtua dutelarik, ura behera botatzen dute hor zer nahi, tzarkeriaz, errabiaz.

      Marka ona guretzat.

 

 Emazteak soldado

     Anglesen armada azkartuz doha.

      Anglesak Alamanen kontra herra izigarrian daude. Lau mila emazte angles sarthu dire armadan; gibeleko laneri buruz bermatuko dire, karrosa, posta, eta holako zeretan.

      Azken urthe hautan kalapita ederrik alxatu dute Angleterran emazte moko biphil batzuek deputatuen izendatzeko dretxoa bildu nahiz; hetarik omen dire oraiko soldado hoik.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Ziberoan

 

 ATHARRATZE

     Igante arristiritan heltü dira Atharratzera 20 soldado, Perthes-eko haitan kolpatürik izan direnak.

      Gaihaje ederra heben ükhen die.

      Aspaldian hartze zien atherbiaz, mahain hunaz eta ohe marduaz gozatüren dira zunbait denboraz phürü, süialat ützültzeko heniala huntü artino.

      Ez dira aments lotsatürik. Einherik jin dira, bena alagera.

      Nula Alemanek behar beitie laster gibel juan, soldado hoiek nahi lükeie izan han Boche tramadaren jaüzien ikhusteko.

      Bada bat 18 urthe baizik ez dütiana; gazte da, bena ez lotsor.

 

 BASABÜRÜ

     19 urthetako muthikuak gerlalako eraiki zütielarik, uste günian etzela haboro soldado berri biltzerik izanen haita huntako.

      Orai 18 urthekuetarik bisitatü araldia ederra. Haboruak, hartürik izan dira ere.

      Hortan aski datekia? Bai arauz; gerlak ükhenen dü nunbait müga bat. Beldür izateko da haatik ez girela orano hartara: üda undarra jin daiteke gure gizonak beren lekhietarat ützüli ordüko.

      Bedatsiak bazterrak berotüren dütü; bedatsian izanen da gora behera handia. Igaran aspaldian, negü orotan, zolhaka, ürhaska ari gira, partidak haboruetan irabaziz, bena jaüziak txipi eginez.

      Alemanak behar ükhenen dütü oraikuan bere lürpeko hobiak hüstü. Hatsa illabürtüxerik diala dioie; behar dü erori; ez dü ezkapatzerik.

      Joffre jenerala eta haren lagünak ez daüde lo; eta Frantzes odol garbikuak, oro begi, oro beharri, gogoz eta bihotzez haiekin dira thenore handiaren haidürü.

      Arte hortan haatik, dolügarri da erraitia, bena erran behar da halarik ere, zozializtak, büriak agertürik abiatzen dira botzen altxatzera; nahi lükeie zerbait heltüra egin Aleman barbaruari; nahi lükeie hura salbatü gerlaren ondoriuetarik.

      Alemana, jentakia abre batek ükheiten ahal dian arima zarrenarekin, jarri da armetara Frantziaren erhaüsteko xedetan; salbajekeriarik itxusienak egin dütü Beljikan eta Frantziako lürretan: herri osuak erre, jente zaharrak, pietaterik gabe, tiroka hil; haürrak xehekatü; emaztiak gaizki erabili, eta hatzemanak oro ebatsi.

      Zer ariatako jente da holako nazione baten althe mintzo den Frantzes izenekua? Frantziak zozializten nahiala, behar lüke orai Alemana perekatü.

      Bertan günüke berriz ere gerlaa. Balakiak ez dü arima gaxtua xüxentzen. Alemanak khuntatzen zian Frantziako zozializtetan: goguan zabilan haiek gerla bizia phitz eraziren ziela Parisen eta beste hiri handietan, eta holaz bertan Frantzia esküpialatüko ziala.

      Sinhesten ahal dügia zozializt nahasietarik badügüla saldoka? Sinhesten ahal dügia zozializt okherrenetarik badügüla biga ministeriuan berian? Ixil egon dira orai artino, lotsaz popüliaren oldarra jaüz eraz. Horra nun abiatürik diren leheneko ürhatsen berriz hartzera. Eta hurak dira gure blokarrek adoratzen dütien saintiak.

 

 LIGINAGA

     Gerla izigarri hunek nahigabe handiak ekarri dütü gure herri txipiaren tako.

      Badügü orai artino bederatzü hil:

      Ignace Aguer, Laxagakua; Baptiste Larre Etxekoparekua; Alexis Arainty Inxauspekua; Dominique Onnabehere, Egürbide-bordakua; Ambroise Iribarne, Magnuen semia; Philipe Agout, Eskapile-bordakua; Henry Ezkürbe, Ezkürbekua; Pierre Irigoyen, Iagoñekua; Julien Etxats, Sallaberikua;

      Badirade bost, berririk ezpeitie emaiten:

      Gabriel Aguer, Xübükua; Dominique Sallaber, Ülhürraitekua; Pierre Aguer, Laxagakua; Dominique Behety, Sallaberikua; Larramendy, Agotekua.

      Badirade hirur kolpatürik:

      Pierre Etxegorren, Elizabekua; Arnaud Sallaber Üthürrallekua; Pierre Gamon Gamonkua.

      Jinko hunak eman dezen hilik direner zelia eta hen familier kontsoliua.

      Berri gabe diener ezperantxa; kolpatürik diener osagarria eta sendotzeko grazia.

      Bizi direner oroer aldiz beren etxetarat ültzültzeko bonurra, ahal bezain fite eta bitoriarekin.

 

 

 

Zer eta zer

 

 ETXEAK ARRANDAN

     Arrandan hartzen duzularik etxe bat bertzerena, zuhaur han egoiteko, hunenbertze pagatzen duzu, hilabetheka edo urtheka.

      Moda zaharra da hori; berritzera deramate omen Alemanek. Oraino heien azpiko den Alsace eskualde batean baitu edo baitzuen Suisa-tar jaun batek etxe bat berea, hartan ezarri diozkate alemanek barne guzien bethe soldado. — Urririk othe? — Zer, urririk!?... Ez, ez. — Beraz gizon bakotxarentzat eguneko hunenbertze pagatuz alemanek etxearen jabeari? — Ez eta ere. — Nola beraz? — Etxearen jabeari edekiz, alemanak harten bizitze sari, soldado xoil bakotxarentzat hiru libera eguneko; aitzandari bakotxarentzat lau libera.

      Bazautzuea?... Bietan ebastea da.

      Balire oraino suisak alemanen etsai, gerla huntan, gu bezala? Bainan ez. Etsai ez dituzteneri hola aiher direnek zer ez diote eginen etsaiari, ahal duteno?

      Holako tzarkeria gehiago egin eta lehenago aserik bazterrak oro lephoraino, geldituko dire nehor nehon adixkiderik gabe. Handik harat, azkarren izanak ere, nola iraun ororen kontra?

 

 LUR-SAGAR ESKASA

     Europa gehientsuan jende xehearen janhari nausia, ogiarekin, lur-sagarra da; nehon ez Alemanian bezenbat. Hango jaki nasaiena, bake denboran, hori da; eta gerlaren hastetik hunat, hortan zuten esperantzarik gehiena, lur-sagarrean.

      Huna non eskastera doakoten ja hiri handienetan, hola nola Berlin-en.

      Iragan astean, jendea itsuski hasia omen baitzuten kurrinkaz, hiriko-etxera deithu daitzute gosearekin etzauzkenak.

      Emazte andana bat gaitza bildu da. Orori emaitekorik ez baitzuten, oihu egin dute zergak pagatuak zituzteneri baizik etziotela emaiten ahal, behin bederen, lur-sagarrik.

      Baia ba?!... Sekulako kalapita altxatu zaiote. Bortxaz herriko-etxean sarthurik emazteak, harrapaka ereman dituzte hatzemanak oro.

 

 OTSOAK

     Carpathes mendi aiphatuetan, dakizuena, gudu gaitza baita rusoen eta Turkoen artean, badituzte bertze bi etsai neguari ardura darraizkonak toki hetan: elhurra eta otsoa. Eta zer etsaiak!

      Behinik behin elhurra lodi dute han itsuski; deus ez da hemen gaindi noiztenka ikusten duguna, —dena ere ez luzaz— hangoaren aldean; asteak eta hilabetheak dirauzkala, eta zoin gora! Zoin barna eta lodi!

      Elhurraren ez dire hain beldur rusoak, nola turkoak, toki beroetakoak direlakotz hauk, eta hek negu hotzaren berri dakitenak, urthe gehienez elhurpean direlakotz bizi. Hartua dute.

 

      Bainan otsoak? Hauk ere aspalditik etsaiak dituzte herrialde hartakoek; bainan elhurra baino gaixtoagoak, haren gainera heldu zaizkotelarik... otsoak!

      Denik ere, guti edo aski urthe gehienez ikustearekin, ez dute rusoa otsoek hala izitzen, nola turkoa, hauian tokietan ez baita otsorik.

      Dena den, gaitzeko gudu baten ondotik hil eta kolpatuak metaka, batzu bertzen gainka zatzalarik elhurpean, mendi zoko hetan, otsoak ehunka jazarri zaizkote; hil eta bizi, hatzemanak jan.

      Hilak otsoen hazkurri, ja lazgarri da; bainan biziak, ihesi ezin joanezko kolpatu dohakakeak! Nork daki zonbat diren hil otsoen ausikiak harriturik, biziko zirenak!

      Dakiguna da: tiroka, mitrailla ukaldika, bi aldetarik lothurik kalitu dituztela otsoak rusoek eta turkoek.

      Turko gehiago zuketen ba ruso baino janik edo jaten hasirik otso izigarri heiek; bainan bethi jendea jende. Otsoen ahorat eroriak urrikalgarri bethi, turko izanik are.

 

 ESKASIA

     Ogitik has, gerlako metalik beharrenetaraino, bala nola kobrea, eskasten hasiak dituzte Alemanian.

      Astean lau libera ogi bakotxarentzat baizik erostea ez haizu, murritz da;... eta bizkitartean ja hortaratuak dire. Hein horrek oraino iraun belezote?... Bainan ez dezan iraun da Gobernamendua beldur. Hortakotz debekatua da bixkotxarik, pastizeriarik eta hola, gormandizazkorik deus egitea.

      Ogia bakarrik; eta hura ere ahal bezen guti ogi irin hutsezkoa. Nahastikatuz hobe egitea, herresa, zekale, lur-sagar irin edo zerbeitekin;... iraun dezan jazko ogiak aurthengoa jin arte.

      Berenez beren, ez lukete, hurbiltzeko ere, aski. Ameriketarik eta Indietarik ekartzea eskas duketena, geroago eta nekeago. Japonia etsai; Norte-Amerika ez adixkide. Itsas bideak hertsi eta lanjeros.

      Jainkoak beira gosetea nausi! Ez direla hartan diote; bainan hartara eror beldurrez daudela, ez dezakete ukha, ez gorde.

 

* * *

 

     Kobrea berriz, behen egiteko hain beharra xuhurtuz doakote biziki. Nehon diien kobrezko hari, untzi, zerrailu, botoin, edergailuzko pegar, hatzemanak oro harrapaka deramatzate.

      Ja xuxur dutena, laster osoki agortuko zeie. Orduan lanak! Gizonez ja gutitzen hasiak azkarki, nahiz baduten oraino guk nahi baino gehiago, gerlako zeren geiek eskar egiten badiote uste baino lehen, non dire?

 

 OLDARRARI LOTZEKO

     Holetan primadera huntan, luzamen handirik gabe, oldar gaitzari lotzekotan girela da gerla tokitik egun hautako berria.

      Aro hau altxa dadin beha daudela diote; ongi baino hobeki egiten baitute, ez itsura lotzea holako urhats handiari.

      Bainan itxura guziak oldarrerakoak dire. Behinik behin aspaldiko elhea da; eta ikusten ere dugu, ikusten gure begiz, bazter guzietan muimendu bat egundaino ez bezalakoa.

      Gizon hanitz hor harat joaki, batzu kolpatuak zirenetarik edo eri, sendo arau deramatzate berriz ehunka, milaka, surat.

      Bertze hanitz, gazte eta zahar, depot-etan ikasten zaudenak eta zalhutzen, berro lerro doazila hek ere surat.

      Batzu joan arau, bertzeak altxa, oraino etxean zaudenetarik. Toki betheak huts; berehala berriz bethe. Kasik ez iduri hiri hautako soldadotzeari behatu-ta, badela ere joanik batare. Hain dire zokhoak oraino mukurru betheak gizonez.

      Langilez berriz brokatuak zonbat kaserna, zapateria taililureria, bolborategi, aroztegi, arsenal eta bertze!

      Soldadoen gainera zibil on diren guziak non nahi, tarrapatan, soldado arropa egiten ari, gauak egun igandeak astelegun eginez; holako behar ezinbertzezkoan haizu ere baita alabainan.

      Goizago ernatzea zitaken ba, gisa guziez hobekienik; bainan engoitik huntan gira, eta huntaraz geroz ahal guziaren egitea orok alde guzietarik, zuzen da.

 

(Kirikiño)

 

1915-03-01

 

Dardaneleta

 

      Izen au dauan itxas-estunea ia arrapau dabe pantzetar ta ingalandar gudontziak. Gero errazago arrapauko dabe Bosforo deritxon estunea Konstantinopoli uri ospatsuaz, turkarrak orretara Europatik at bidaldurik, noz edo noz!

      Dardaneletako gurenda orregaz onurea dau emengo alde guztiak, esan gura dogu Europa-sarkalde guzti onek. Ara zegaitik: Errusiko Odessatik, eta Errumaniko Brailatik (biak itxaso Baltzeko izturri edo portuak), gari asko ekartzen da alde onetara. Guda madarikatu au dala ta, turkarrak ito egin dabe gari-ekarte ori, Bosforo ta Dardaneletaren jabeak diralako. Orain pantzetar-ingalandarrak itxas-estuna orreek idigita, asiko da onantz etorten Errusi ta Errumaniko garia, ta asko ei dago salgai.

      Ona ba zetatik ondo datorkigun Dardaneleta orren jabe egitea pantzetar-ingalandar itxas-gudariak.

 

 

1915-03-02

 

Dardaneletan txibitea dabil

 

      Geroago ta aurrerago doaz lubitarte artan ingelandar-pantzetarrak. Konstantinopolin larritu ei dira, ta asi dira igesi egiten Asia alderantz.

      Ingalandari doixtarren itxaspekook ikara gitxi eragiten dautsoe. Zarata asko ta ezerezean geratuko ete dan antza badauko Ingalandaren moltsotze orrek. Ikusiko dogu.

Leorrez, errusitarrak gogor eutsiten dautsie doixtarrei. Pantzetarrak eta alkartuak beti aurrera ta beti aurrera, pizkaka bada be gogortuaz-gogortuaz.

      Doitxerrin jatekoa urritzen.

      Oraintxe uste dogu ba, oker egon geintekez, laster asiko dala aldazberea doixtarrentzat.

 

 

1915-03-05

 

Dardanaleta artuta

 

      Atzo etorri zan izparra ingalandar ta pantzetar itxasgudariak Dardaneleta estunearen jabe egin eta sartu dirala Marmara itxaso txikira.

      Ez genduan ain laster egingo ebenik zeregin auxe. Itxuraz, Estuna orren aurre-aldean bakarrik egon dira gogortuta gazteluak. Barruragokoak makalago egon dira.

      Orain esan leike Konstantinopoligazkoa ariñago egingo dabela.

      Orduantxe guda oneri bira eragingo dautsoe alkartuak euren aldez. Azkena ikusten asi jako, noz edo noz! Ainbat lasterren izango al da.