Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-02-26: Gertatzen dena gerta, guk egia beti

Eskualduna-k Errusiaren partehartzea aztertu du. Errusiarrak aspaldi erakutsia du nolako gerla gizon indartsua eta kuraiatsua den, berak daki nola eraman bere saila. Berriak egunka sailean, aste honetan ere primaderari deika ari zaio gezurretan ez omen dakien Eskualduna, hona lagin bat: zafrakoa zafrakoaren gainera dute alemanek, gu beti aitzinatuz goazi, itxura guztien arabera irabaziko dugu. Garizuman sarturik inauteriak igaro direnez ez omen dira jabetu soldadoak. Jean Saint-Pierre. kexu da igandean ere gerran aritu behar izanaz, gainera baten bat mezaz futitzen omen da, bestalde “gure kanoiek kolpe gutxi debaldetan” Kanadan sei urte eman ondoren sorlekura itzuli eta gerran sartu den soldado baten koplak dakarzkigu kazetak. Eskualduna-k Ibarnegaray loriatzen darrai, alemanek pozoitu zuten, osatu eta berriz sutara. Zuberoan soldado erien batzarra gertatu da, baimen osoa behar lukete horiek, “Egun oroz heriuaren borthan dagoena irabazten baitu egiaren jakitatea”.

 

 

RUSOA

 

     Gerla huntako gure bi erresuma lagun handietarik zoin othe dugun hoberena, bietarik azkarrena; kalterik gehiena zoinek dion egin ahalko etsaiari, alha dugu ardura gogoa, ez dea hala?

      Anglesaren da othe, ala Rusoaren beldurrenik alemana? Biak batean aiher ez balitu, neke litake ihardestea galde horri. Eremuz eta gizontzez nausi da Rusoa; higitzeko hurri eta luze, ba, nahi baduzu, bainan indar gaitzaren jabe.

      Harek duena, edo xuxen erraiteko ez duena, da: burdin biderik aski ez; alemanak baino, eremu arau, hanitzez gutiago.

      Halere anglesa lagan eta gu lagun, lanak eman hehar diozka, eta ja emaiten.

      Baginitu ere frantses, ruso, angles, hiruak banazka, bere eskuko xori, betan garaitzea hiruak elgarrekin du hartua lan bat ezin bururatuzkoa.

      Anglesaz berex ja mintzatu gira. Erran dugu zoin duen hatsa luze, iraunkor, gogoa zail, sakela gori, zabal itsas-eremu bat izigarria, oro bere; edo bederen orotarat besoa errexki hel ahal.

      Han hemenka, gerlako ala negozioko untzi zonbeit etsaiak ithorik edo ebatsirik ere, ala jauz-arazirik, orotako badu anglesak mariñelez eta itsas tresneriaz; munduko nausi da.

      Horrek dio emaiten, ez baita lotsa urtheak iraun litzazken gerlarik luzeenari.

 

* * *

 

     Laburrago duke rusoak hatsa eta kraskakorrago indarra; bainan zonbatez alemanak baino? Ez askok menturaz uste bezenbatez.

      Buruz buru emagun gal lezakela, nahiz hori dakiena ixilik dagon; bainan anglesa eta gu lagun, dudarik ezta rusoak behar diola irabazi alemanari.

      Bi aldetarik khenduz, khenduz, higatuz doan etsaia izan bedi nahi bezen azkar... hastapenean, ahulduko da, nahi eta ez, azkenerat; ba hasia ere ahultzen ja.

      Zertara doan partida ikusiz eta ja zertaratua, eztugu zeren etsi, ez eta duda ere irabazteaz.

      Bertzeak bertze, frantses soldadoek eta hauien aitzindariek ez dute egundaino ukan elgarren baithan orai duten konfiantza.

      Eta rusoez dugunaz geroz bereziki egungo solasa, badugu zeren lagun handi azkar horren baithako esperantzari zabal gure arimak.

      Hil balazkio ere gizonak milaka, luzaz, behingo badu. Alemanak 70 miliun osoki ez, eta Rusoak 120 miliun-etara heltzeko, guti ezkas.

      Buruz buru ja, gehiago; zenbatez nausiago ezta Frantzia eta Angleterra lagun?

      Badu Alemanak ere berekin Otrixianoa; bainan higatua, ethendu hurrana; eskuetarik are joanagoa, kasik aiphatzea ez balio, turkoa, nahiz etsairik txarrena ere zure kontra bethi sobera den.

 

* * *

 

     Rusoak aspaldi erakutsia du nolako gerla gizon indartsua den eta kuraiatsua. Eskoletan bildurikako jakitatez gibelaxko balitz ere, gerlak baizik gerlariari emaiten ez diona badu rusoak, edo hartzen ari du nehork bezen ongi.

      Guk ere hastean arrotz ginuen arroil-erreketako gerla modu berri hastial hau. Ez berehala, ez errexki ere, hartu dugu ordean.

      Nekezago menturaz dute hartzen ari rusoek, eta ja hartuxea. Bego denbora heien eta gure lagun; gu frantses-angles-rusoak eskuz esku goazilarik baino gehiago ari da etsaia higatzen.

      Hola zuen bertze orduz Rusoak, negua lagun, garhaitu 1812an gure Enperadore, gerla gizon gaitz, Napoleon Handi zena.

      Ukho, ukho eginez, iheska, gibelka, Rusia haraindiko zolaraino zoala beldurrez, orok uste... eta azkenean itzulirik, bihurturik azkarki, Moscou hiri handi zahar, ohiko beren hiri nausiari berek su emanik, izitu zuten, harritu egundaino izan den gerla gizonik gaitzena.

      Zertara zoan oharturik, tarrapatan, handik Pariseraino jo zuen Napoleonek.

      Rusian sartzean zituen bospasei ehun mila soldadoetarik laurden bat etzen bizirik itzuli handik hunat. Eta zer etzuten ikusi hotzarekin?

      Zeri esker zuten Rusoek orduan garhaitu Napoleon? Hastapenean, indarrez baino hobeki, buruz jokatzeari esker; behin eta behin ihes egiteari esker: ihes behin, gero betan itzulirik, erhausteko bertzenaz ezin garhaituzko etsai azkarra.

      Halaber agian delarik gerthatzen oraiko hunekin ere, ahantziko dire rusoak han edo hemen gibelerat egin duelako haur izialdurak.

      Bego rusoa, bere saila deramala hobekienik zaion bezala.

      Deramagun guk gurea.

 

 

 

Berriak egunka

 

Astezken, otsailaren 17an

     Berrogoi angles et zortzi frantses aireplanek, batean, obuz ukaldika jazarririk gain behera, Beljika itsas bazterreko hiri, alemanak dauzkaten batzu andeatu dituzte, Ostende leihorreko artillur atherbea bereziki xehakatu.

      Champañen etsaia jazarri zauku hamar aldiz; hamar aldiz uko egin-arazi diogu.

      Argon-en Four-de-Paris nahi zaungutelarik hartu, hanitz gizon hil diotegu.

      Arras-etik ipar-aldean bi arroil-erreka huts-arazirik, guretu daizkotegu.

      Fribourg-en-Brisgu hiriko gara kanoi ukaldiko fundituxe diotegu.

      Guri aldiz itsas untzi bat, bertze bat angleseri jauz-arazi dauzkute. Zagote beha; luzamen handirik gabe jakinen dugu aleman itsas-untzi bat, edo biga, edo gehiago joan direla, beren barnekoekin, uraren zolarat.

      Gerthatzen dena gertha, guk hemen egia dugu erranen bethi.

 

Ortzegun, 18 an

     Aleman aireko tresna Zeppelin direlakoetarik bat Fanoe deithu ugartearen erdirat uzkaili zaiote, andeaturik.

      Anhartean etsaiaren oldar guziak alferretan doazi. Gure artillurak, bana bertze, nausi dire alemanarenen.

      Guk aitzineko egunetan hartu arroil-errekak berriz beretu nahiz egin dituzte zazpi ahalak; alferretan oro.

      Hauls-de-Meuse tokian atzo hartu esku-gainaren jabe gelditzen gira, etsaiak nahi bezenbat zalaparta erabilirik ere.

      Lorraine-n halaber. Hartuak hartu, atzoko hatzean gaude gu egun; etsaiak hanitz gizon galtzen du, bainan zehe bat lur nehon irabazi gabe.

      Zeppelin bat suntsitu diotegu, Jutland deithu itsas hegian.

      Dunkerque hiritik hurbil taube (urxo) deithu airekoetarik bat jauts arazi diotegu kanoi ukaldika.

      Rusoekin gaitzeko partidari lotzekotan dire Prusiako iguzki aldean.

 

Ortzirale 10an

     Beljikan, Champañen, Argon-en, Vosges mendietan zafrakoa zafrakoaren gainera dute alemanek; arroil-erreka galduetarik bat ez dute berriz beretzen ahal.

      Gu bethi aitzinatuz goazi, gizon gutiago galduz; heiek araberan, kasik bethi, gehiago guk baino.

      Reims hiriari aiher dire bethi. Beren artilleria ixil-arazten diotegu gurea heiek ezin garhaituz.

      Vistule ur handiaren hegian errabiazko gudua dute rusoekin.

      Balkan herrialdean Otrixianoek nausi dituzte Serbianoak.

      Neguan hein hau duten gerlariek zer ez dute eginen primaderan aro hau ontzearekin.

      Gure soldado gaizoak aro xukhoaren goait daude berandetsiak aitzindarietan gaitzeko konfiantzarekin, ba eta soldadoetan aitzindariak.

      Ba eta frantses, ruso, angles lagunak oro elgarren baten.

 

Larunbat 20an

     Bardintsu gaude; goiti-beheiti guti gau huntan. Aisne ur handiaren hegietan eta Reims hiriko aldean, artilleriak badu harrabots. Argonne eta Meuse arte hortan, «bombes» botatzale tresna bat hartu diotegu. Vosges mendietan, bi aldiz jazarri zauzku, alferretan.

      Beljikan, Ypres hiriko aldean oldarka zazpi ahalak eginik, ezin garhaitu gituzte; ez baitute lehen aldia. Eta ezin etsi han, han gaindi zilhatzea!

      Champañen Souain eta Beauséjour-eko inguruan, gauaz, bortz aldiz jazarririk, ukho egin behar ukhan du etsaiak.

      Vosges mendietako aldean arroil-erreka pozi batzu hartu dauzkute behin; ba eta zalhuxko berriz husturik, gibelerat itzuli, jin bidez.

 

Igande, 21ean

     Angles eta frantses untziek itsasoan Turkoak hezixe dituzte; berri on horrek ez baitu atsegin guti egin Parisen eta Londresen behin; gero, jakin arau, orotan.

      Turko etsaiek berek aithortzen dute Dardannelles deithu itsas arteka hertsian 400 obus bizkarrerat ukanik daudela, ez baitiote onik egin; bizkitartean xehetasun guti daukute berek emaiten. Bertzetarik dazkigu; hala nola ur-hegiko leihor azkarki zaindu bat eta lurretan barnagoko kanpamendu bat andeatu daizkotegula.

      Otrixian oro larrutuak direlakotz ogi erain-arazi dituzte gaitzeko eremuak laborarieri; berehala obedi gobernamenduaren manu zorrotzari, edo preso. Ez daukate orai aurdiki bihitik jin irina behin ahoraturik!

      Rusoak, alegia ukho, azkartuz omen doazi, etsaia ozartago eta osokiago zafratzekotan. Agian ba!

      Primadera hunek zer zaukan golkoan laster ageriko; itxura guzien arabera irabaziko dugu. Aitzindariak ez ditugu lotsa, ez eta soldadoak.

 

Astelehen, 22an

     Itsasoan dire ari egun hautan alemanak beren indarrik handiena egin nahiz baitezpada.

      Anglesen ela gure untziak dauzkute jauz arazi gogo, guziak oro, ahal badute. Lan gaixtoari lothuak dire hor.

      Itsas untzirik duten erresuma guziak kontra dituzte hortan, bereziki azken egun hautan Norte-Amerika eta Norvegia, zeren daizkoten bedera untzi andeatu, etsai ez direlarik. Etsaituko ba, holako egitate tzarrekin.

      Gurekin bethi kanoi ukaldika ari dire Beljika hegitik eskuin haraindiko ezkinaraino. Badauzkagu, debruak harturik, urhats batez aitzinatzerat utzi gabe.

      Horrek berak higatuz deramatza.

      Gu bezala dire Rusoak ari, ahalik gutiena gizon galduz, etsaia burutik joan araziz, oro erhautsi nahi lituzkenean gordez, gibelatuz, aitzinatuz lurpeka ibiliz, lokiarik guti emanez, eta noiztenka jazarriz oldar gaitzean, ahulenik ikusten dituzten gunetan.

      Italiak ere gero-ta gehiago erakitzen du; ordu luke haatik gaindi egin. Primaderaren goait balinbazagon, huna non den hurbildua.

 

Asteart 23an

     Atzo bezalatsu. Tiroka jazarri zauku Beljikan etsaia; iharduki diogu.

      Reims hiri dohakabea dute bethi gehienik begietan. Bi aldiz, behin sei oren, gero bortz, arizan zazko kanoi ukaldika.

      Hamabortz ehun obus-etaraino aurdiki dituzte hiriaren kartier guzien gainerat.

      Eliza eder andeatu zuten hartarik oraino xutik zauden parte batzu ari dituzte lurrerat botatzen.

      Ez dire urrikituak egin duten lan tzarra eginik.

      Elizaren inguruko hogoi etxe erre dituzte, bertze hainbertze jende soldado etzirenak ere ba hil.

      Hoik eta holakoak oro batean beharko dituzte pagatu sarrixago. Ezta goizegi izanen.

      Diren bezalako abreak!

 

 

 

Gerlarien berri

 

 

 Igandekari

     Igande aratsaldean, errebidez nindohan lagun batekin herri batetarik bertzera.

      Bide hegian soldado hanitz, pausuan zagozinak, iguzkitara.

      Betbetan, Alamanen kanoiak entzuten ditugu, beren lanari lotzen karraskan, aste baten deskantsua emana zaukutelarik... Diren bezalakoak! Igandea bederen ezin utz geldirik! —Igandea? Ez girea ohartu igandekari direla tzarrenak?

      Igandea zen, agorrilaren hogoi-ta hiruan, Charleroi-ko ordokietan lothu zitzaizkigunean, lehen aldikotz. Igande aratsean, gibelerat abiatu ginen.

      Ondoko igandean berriz, hogoi-ta hamarrean, Parise-ko bideari lothu ginen, larunbatean ihardoki ginuelarik ederki.

      Hirugarren gudua berriz igandearekin hasi zen, buruilaren bortzean. Hura guk ereman ginuen, hastean lanak ukhanik, gero berriz gaina harturik zortzian, azkarki, Andre dena Maria buruilekoaren egunean.

      Geroztik igande hanitz ikusirik gaude, bertze egunak baino borthitzagoak. Dena kanoi, dela bertze zer nahi debrukeria, egun horrekin ginintuen bereziki aiher etsaiak.

      Hogoi-ta bortz aldiz entzuten da gure erreketan: «To, horra nun ditugun bezperak. Gure herrietan ez baikinan hanbat orhoitzen igandeaz, orai sar arazten zaukutek Alamanek gogoan».

 

 Marokanoak

     Tropa berri mota guzietarik jin zaizkigu. Goiz huntan egona niz orentto bat marokano erreximendu batzueri so!

      Oro Afrikanoak, batzu moro hutsak, ikatza bezen beltz, gizon gaitzak; bi erreximendu iragan dire hemen gaindi.

      Bere aitaren aldean, hamabi urtheko muthiko gothor bat, bere xixpa bizkarrean, kopeta gora, bi begi ernerekin.

      Kantuz zohazin, beren gisako musika batekin. Batek galdatu daut Alamanak nun ziren. Eskuz erakutsi diot. Haren begia orduan!

      Ganibet puntaren pare zorroztu zaio, eta joan da aintzina, elhe bat egin gabe zangoak arin.

 

 Kruspetak

     Arroltzeak ginituen eskas. Bertzenaz ihauteriari emanen ginion dohakon ohorea.

      Kruspeta guti beraz hemen gaindi. Garizuman sartu gira hanbat ohartu gabe.

      Atzo, bi arroltze atzemanik, lagun batekin partitu ditut. Etzuen jan arroltze bat oraino, gerlarat joanez geroz.

      Huna zer erran dautan berak: «Agorrilaren bian ikusi nituen azken arroltzeak, amak emanik partitzean, goizean goiz... Han berean utzi nituen».

 

 Xuxen

     Gure kanoiak seguretik ari dira. Kolpe guti debaldetan. Egun batez, Alaman batzu hasi ziren lanean bizpahiru kilometretan.

      Hemezortzi langile baziren.

      Behar zen denbora harturik, gure kanoi handi baten aintzindariak igor-arazi diote peza kolpe bat, bat bakharra.

      Hemezortzi langileak xehakaturik gelditu dire beren tresnekin, nahas-mahas.

      Azken egun hautan gure artillurrak urrunerat ari dire, khea nun ere agertzen baita, eta harat.

      Bainan laster ohartu dire bertzeak, eta ez da gehiago kherik ageri.

      Nun egiten othe dute kozina?

 

 Garratoin bat

     Gure soldado bat bere errekan guardian zagon. Gau ilhuna zen. Xilhotik so zelarik, brixt!... horra nun zerbeit iragaiten zaion aintzinetik... «Aux armes! Aux armes!». Erdi lotarik oro xutitzen dire, eta firrindan tiroka lotzen bazter guzietarik. Bolta baten buruan, deus ez ageri. Alaman baten itxurarik ere nehork ez ikusten.

      «Zer zinuen bada, dio aintzindari batek gure soldado gaizoari? Zer mirakulu ikusi duzu? —Zer ikusi? Ori ez dakit batere. Halako beltz bat. Garratoina nuen naski, bainan, debruen dela, beltza behar zen izan».

 

 Mezaz futitzen

     Soldado zahar bat jin zauku berrikitan, charentesa. Igande goizean, mezako biltzen hasi direnean galdatu diote ez zenez sarthu nahi bertzekin. «Je me f... de la messe».

      Baia ba? Erran bazuen erran, bereak entzun ditu zalhu, eta asto beltxarenak.

      Uste zuen lehengo erreximenduko modak kausituko zituela hemen.

      Bertzerik ikusi beharko du, eta ikasi, xuhur badu, edo ixilik egon.

 

 Primadera

     Otsailak bere aldia egitearekin, primaderak argituko du laster. Xoriak ere kantuz hasi berriak dire. Egun guziez beha gaude bazterretan hostoen ñiñiak noiz zabalduko diren erasian kanporat.

      Guk ere orduan hartu beharra omen dugu gure oldarra.

      Oraino lohia lodi dago bide gehienetan. Agian martxoak xukatuko du hein batean bederen!

      Abiatuz geroz, ez ginuke nahi bidean gelditu.

 

 Osagarria

     Gure soldadoak osagarri onean, eta badire hanitzak gizendurik jarriak direnak. Bainan lekuaren gainean egoite hunek nagitu ere dituelako beldurra badut.

      Horra zertako lerroen gibelean beiratzen duten orai soldado andana bat, bethi kurri, bethi zalapartan ari direnak, zangoak eta bulharrak on ukan ditzaten oldar handi bati buruz, Alamaneri jarraikitzeko zangotik urhatsez urhats.

 

      Gerla tokian, otsailaren 20an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

KOPLAK GERLAKO TOKITIK

 

                  1

Sei urthe Amerikan, Canadan egonik,

Gibelerat jin nintzen, gogoak emanik;

Burraso, haurridekin gozatu nahizik,

Nere sor lekhu ona ez galtzea-gatik.

 

                  2

Banakien ba huna heldu bezen sarri,

Zorra pagatu behar zela Frantziari;

Agurrak in orduko ner, etxekoeri,

Berehala soldado ninduten igorri.

 

                  3

Errian ninduten beraz hor Ifanterian,

Tarben erreximendu hamabigarrenian.

Bi urthe ganak ziren jada, ixtantian;

Etxera ethortzeko nindagon lorian.

 

                  4

Itsasoa ezti da? Untzian plazer da;

Saltoka hari hala, ez da gauza bera.

Bakea zelarikan nintzen alegera;

gerla hasiz geroztik trixterik nabila.

 

                  5

Gerlak dautalarikan bihotza ilhuntzen,

Alegerarik deus ez nakike kondatzen,

Nahiz ez dudan arras oraino etsitzen;

Bainan lanjer handiak ditugu pasatzen!

 

                  6

Badakizue, azkar ditugu etsaiak

Alamania eta Otrixia, biak.

Angleterra, Rusia berekin, Frantziak

Ez dauka iziturik heien garhaitziak.

 

                  7

Iragan buruilaren hoita batean zen;

Orduan hasi nuen etsaia frogatzen,

Alaman barbaroa biziki azkar zen.

Gu gure lurrretarik kasatzera jin zen.

 

                  8

Aitzin, sahetsetarik inik itzulia,

Hoztu nahi zaukuken ihes egitia.

Gu ihesari eta... tiroka etsaia!

Harritzeko zen hango odol ixurtzia.

 

                  9

Geroztik hemen gare lerroka tranxetan,

Alaman izarretarik ehun bat metretan;

Gauaz eta egunaz bethi ernerikan,

Bortz heldu badire, kontra itekotan.

 

                  10

Hemen ikhasten dugu miseria zer den;

Jan edan funtsik gabe egunak egoiten,

Hotzak eta bustiak gaituzte xahutzen.

Holakorik nehori ez dut desiratzen.

 

                  11

Umea, orhit amaz, et'ama umeaz;

Orhoit, burraso onak, zoin zuen semeaz;

Haurrideak ere ba zoin zuen anaiaz...,

Nik ez dut gutiago pentsatzen etxean.

 

                  12

Badakigu guziek hil behar dugula;

Hortakotz eman gaitu Jainkoak mundura.

Hemen ixurtzen badut nik nere odola,

Etxea bixtan gabe, oi! dolu nukela!

 

                  13

Baditut bi anaia ni bezala gerlan;

Berriak baitut bainan hek ez nerekilan!

Ikhus ahal banintza, gaizoak, sekulan,

Elgar besarkatzeko plazera orduan!

 

                  14

Banituen ere nik herrian lagunak

Gazte ta adineko adixkide denak.

Orai dudarik gabe suan gehienak

Goraintzi guzieri, oi! herritar onak!

 

                  15

Elizan, ttipi-danik, guk ikhasi gauza

Mende lazgarri huntan dezagun probetcha.

Guziak fidel egon Jainko Jaunarentzat

Harek emanen dauku zerua saritzat.

 

                  16

Eskualduna naiz eta sortzen Senpertarra:

Ongi ezagutzen dit nik horko bazterra.

Ez ekharririk ere urhe ta zilarra,

Itzul banadi, ene fortuna ederra!...

 

P.S.

 

 

 

Baxenabarre

 

 DEPUTATU SOLDADO

     Nork zion, orai duela bizpahiru hilabethe, bazirela berrehun bat deputatu legez soldado hartuak, bainan hanitzak nolazpeit gibelerat zaudela zerbeit estakuruz?

      Dena den, ez da hetarik izan orai arte gure adiskide J. Ybarnegaray eskualdun deputatua.

      Egun zortzi erran dugu nola izan den berritan «sous-lieutenant» izendatua. Haren adixkidek atseginekin irakurtuko dituzte hemen xehetasun zonbeit, noiz edo noiz eman gogoak ginauzkanak, solas artearen beha.

      Lehenetarik joana gerlarat, Baionatik, eskualdun lagun andana batekin, Beljikako zalaparta izigarri hetan zen; zerbeit ikusirik baitaude hura eta bertze han zirenak; xehakatzen baitziluzten oro Alemanek, ihesari eman ez balute; bidean gelditu gabo 36 oren laster egiterainokoan; jateko ephea bera doi-doia hartuz noiztenka, zoazilarik; eta zer?... Lutsagar gordin, beterraba, arbi eta holako.

      Craonne, Soissons eta han gaindika arroil-erreketan harekin oren onik iragan dutela diote deputatu horren soldado lagunek; hura zutela gehienetan orori kuraia emaile, eta omore on; beharretan zirenen laguntzale ere ba.

      Egun batez lagun batzuekin zoalarik bidez bide, alemanak nun zitazken ikherka, edan zuten ziphu batetako uretik.

      Ldan ba,.. eta guzieri kalte egin ur zikhin hartarik edateak. Orori sukarra jauzi.

      Beharrik ziren han gerthatu bi soldado aitzindari mediku, kotsu tzarraren kentzeko behar zena orori eman baitzioten.

      Ziphuaren ikustera joan eta zer zeie agertzen? — Uraren zoan zaldi hil bat usteldua.

      Etzen bakarra ziphu hura, alemanek tzarkeriaz pozoindatua toki hetan, frantsesen hil-arazteko.

      Hamar bat egun pausuan egonik, oinez lagunetarat zoala Ybarnegaray ikusirik bere kolonelak, erran zion goizegi lothu zela bideari; haren lagunetarik bazirela oraino handizki eri geldituak.

      Berehala bere baitharik igorri zuen kolonel horrek: zoala osoki sendatu arte Tolosako ospitalerat.

      Handik Uharterat jinik pozoin ondarraren aurdikitzeko, itzuli da da surat.

      Laster eman zuten sergent eta holetan orai sous-lieutenant; eta ez bertze deputatu soldado direnak bezala, oro batean dituztelarik izendatu, bainan egiazko merezimendu bereziz.

      Biba Eskualdun deputatua, bere adixkide soldado lagunekin!

      Jainko onak bizirik eta bitorios ekhar ditzala lehenbailehen herrirat!

 

 EHORZTE HUNKIGARRIA

     Doniane-Garazin hil da joan den astean eta ehortzi giristinoki soldado bat, sukarrak ereman diena.

      Elizako laguntza guziekin joan da soldado gaizoa. Ikusteko ziren egin daizkoten ohoreak; entzuteko, herri guziaren ganik ukhan ditien othoitzak.

      Hil kutxaren gainean hedaturik Frantziako bandera, iduri Herriak bere haur onetarik bat, Amarentzat hila, besarkatzen ziela bi besoz.

      Jainkoaren ministro apeza jin ziakozu altxatzerat, kurutzearekin.

      Bihotz guziz othoitzean oro, lagundu dizie ospitale berritik elizara; elizatik hilherrietara. Nor da gutartean hola hil eta hola ehortzi nahi ez lukena; sineste berekoen othoitzez lagundia?

 

      Damurik dira orotan dohakabe bakar batzu, nahi luketenak hil eta deus gehiago ez balitz mundu huntan ez bestean; huntan balira bezala oro fini, baitira bizi; eta gero nola bizi, hala hil; nola nola hil, hala ehortz!

      Urrikalgarri hola doazinak berak; urrikalgarriago burhaso giristinoen haurak, holako etsenplu hitsek ondorio kaltekorrik ez balute bezala deramatzatenean aitamek, edo eremaiterat uzten Jinkorik gabeko ehortze baterat, edo zoin hili errespetu bera zor zaiolako estakuruan.

 

      Holakoetan hilaren eta bizien arimaz nor da orhoit? Zonbeit aldiz gutienik orhoit gehienik behar litazkenak.

 

      Bego solasa hortan; xehekiago aiphatzeko baino hobeak baitire uzteko burhaso batzuen eta burhaso ordain batzuen egitate Jainkorik ez balitz bezalakoak.

      Barkha dezoteta, orori ez bada, bederen zer ari diren ez dakiteneri.

      Are bihotz-altxagarriago dira holakoen aldean giristino zinezkoen hiltze ta ehorzteak, hala nola Donianen hil delako soldadoarena.

      Nun litake Frantzia, ez balu soldado sinestedun anhitz? Burhaso batzu eta haur altxatzale batzu bezen sorhaioak balire, bardin ez-axolatuak Jainkoari eta Jainkozko eginbideri buruz, memento huntan gerlan dugun gazteria guziaren aitamak,... eta halaber balitz oraikotz bilhakatua Frantziako armada osoa, nun ginitazke?

      Jainkoak beira ditzazkula, gure onetan, fede azkarreko gizonak! Egundaino ez ditugu beharrago ukhan.

 

 ALDUDE

     J.-B. Erreca gure arrondizamenduko kontseilaria izan da soldado aitzindari sarjant izendatua.

      Lieutenant izendatua da berriz Michel Chabagno, Chotro seme.

      Erreca semearen berririk gabe baitzauden etxekoak aspaldi etsiturik,... azkenean izkiriatu du: Alemanian dela preso. Atsegin hartu dute hori jakinik!

 

 

 

Ziberoan

 

 MAULE - Soldado erien batzarria

     Jüanden neskenegünian arristiriko bostak kantian, jin zaikü garala soldado erien lehen treina.

      Heben gaindi ez gindian oano ikhüsi nolako zien trein hoiek. Badie barne bakotx lau ohe, birazka sargiaren bi aldetarik, bat bestiaren gaiñen, goratasün hünian.

      Treinak bazitia bere medikia, eri arthazaliak, kozina eta farmazia, erien beharrüne orotako baliatzen direnak, hoien ahalaz eztiki ibilteko.

      Garan aidürü zagotzin, batzarri egitera jinik, hiriko jaun gehienak eta jente saldo handi bat.

      Ikhüsgarri eta hünkigarri zen hoien jaustia treinetik. Lehenik Infirmier edo arthazaliak harat laster, hünat itzülika, ximista bezala, ixtazainak üntsa ditie. Gero eri gaixuak, batzü makhilari kontra, bestiak lagüntzailen sorbaldetan finkatüz besuak ibilki doidoia, bestiak seko eta hoilli, ohetik jeiki berriak, bestiak bizar sasian gordiak begietaraino, oro akhitiak.

      Ageri zen jentek oihü egin nahi zütela armadaren uhuratzeko; bena soldado gaixuen ikhüstiak bihotza estalatzen zioten eta nigarra begietaratzen. Errespetüz eta ürrikalmendüz hartia bezola, ixil zagon jentia, dena begi, dena bihotz, bakotxak beretarik heien artian ikhusi balitü bezala.

      Jaütsi bezain sarri otomobil eta karrosetan ereman zitian ospitalialat, han baitie ohiak eta behar dienak oro bildürik hiritik, diela aspaldi, soldado eriak jiten zianeko. Badie jinik berrogei bat.

      Hiriko Madamek eta ospitaliako serorek errezebitü dütie, ama batziek beren haürrak bezala; artha mota güzietarik eman eta emanen diraie lehiarik hünkigarrienarekin. Hoien künki jin arraiak eta arthek soleitü eta boztü dütie soldado gaixuak. Ete bitsaramünian bazen erraile Compiegneko ospitalian baino hobeki zatekiala heben, hantik heldü haitzüren. Ospitaliako xokhua arroile lohitziak beno goxuago dateke eta ondoko ür handiaren arramantza kanoiaren orrua beno müsika eztiagua, zainen pausatzeko.

      Herriotik beiratü dütien Jinko hünak ditzala senda laster eta eman darotela Frantziaren bere etsaietarik libratzeko boztarioa. Ez die gerlak lotsatürik eta ez die besterik amestan soldado hun hoiek. Biba holako soldadua!

 

 BAIMEN OSUA

     Zer nahi langile süerte gogo hunez bere lanari jarraikiten da, uste badü nausiaren arabera untsa ari dela. Ari delarik seriuski bere lanari, entzüten badü elhe hun zunbait; indar berri bateki phusatüko dü anhartino ere untsa zuen sailla. Egünko langile haitiak, gure soldado gaixuak dira; oro zuiñ hobe ari dira beren eginbidiaren bethatzen; bena zunbat ez dira arranküra, eia haiek egiazko batasün osuan, Frantziaren salbatzeko, pairatzen dütien neke gaitzek erakhariren dienez Frantzes ororen arteko amoriua eta bakia! Egün oroz, oren oroz, heriua begien aitzinian dianak badü lürrekuez beste ikhus biderik.

      Holako langiler ez da aski, elhe ederrez eskerren igortia; nahi lükeie, zunbait kasütan, horien phentsatseko manerak orok besarka ditzen; egün oroz heriuaren borthan dagonak irabazten beitü egiaren jakitatia, eta beitü jakitate horren bester barreiatzeko züzena.

      Zunbat ez da ikhusten Jinkorik ez zela errailetan, heriuaren lotsak eta lagün hunen aholkiek egiazko sinhestiala arra-bildürik? Bakhotx bat ere izan deia, sinheste hunekorik, ükho egin dianik? Ezda izan bakhotx bat ere.

      Hortarik ageri da aisa zuiñ ziren bide xüxenari ziagotzanak, eta bai horrek eta orai arra-ützüli direnek nahi lükeie entzün ororen phartetik, untsa ari direla, hori dela Frantsesak jarraiki behar diren bidia, azkenekotz, hainbeste odolen khostüz arra-edirenik izan den bide eder horri oro jarraikiko girela. Gobernüko aitzindariak ez dira orano jarten soldado gazte horiek hartü dien sinhestiaren ühaiñ horri beren bothen zabaltzera, eta hartakotz die gure defendatzale gaixoek baimen osua ez orano ükhenik.

      Areta, hanitxetan, kanpotiko armadüra azkarrek bezain untsa lagüntzen die barnetiko phusamen salbagarriek berheziki aitzindaritarik jiten direnian.

      Nahi izanen dieia oraiko ikhusteko manera hortara khanbiatü eta Bakiaren ükheiteko xedetara jarri? Esparantxa izateko da baietz, zeren bestelan Frantziaren gerua eskietan dien gizun horiek erakutsiko deie kanporatko bidia, eta ordaintako haitatüko beren baimena ezagüt-eraziko deien gizunak.

 

 BEHAR ORDÜKO INDARRA

     Ez da deüsere erran nahi azkar izatia, ez badaki ihurk bere indarraren behar ordian balia-erazten. Egünko gerla izigarri hunek emaiten deikü hortan gañen erakuspen bat huna.

      Allemanak azkar ziren, maleruski borogatzen dügün bezala; bena bere indarrak bere khuntüz flakiago zirener erakutsi nahi ükhen dütie phüntu gaxtuan, züzen kuntre, bakia baizik galthatzen ez zaien aizo batzüri; eta aizo horik algar-gana bildü dira; bere hitzarmenak egin dütie.

      Zütien indarrak oro etsai izigarri horri batetan bürüz ezari deitze behar ordian, eta gisa horrez da egün oroz gure etsaia gibeltzen ari.

      Bena izan bada eginik gure armadetan ezin aski laidatzen den egin ahal bat, izan da ere muldatürik Frantziako gizunen kuntzentzietan indar berhezi bat, ororen algar-gana biltzeko, eta barneko jotükü salbagarri horrek gütü oro arra anaie egin; horrek gütü oro arra-khiristi egiten; horrek gütü, azkenekotz, bai kanpoko, bai barneko Allemanetarik libratüko; ba eta bakezko denbora bat deikü merexitüko.

      Nurk enthelegatzen ahal dü, zer phusamen sübertek hain bertan eta hain leialki ekharri dütian aitzinetik algar ikhusten ahal ez zien hanitx gizun, gisa hortan algarren besarkatzerat, eta herra gaixtuak ahatzerik, ber etsai egiazkuari algarren saihetsian bühürtzera?

      Sinhesterik ez dianak, ezin dioke gaiza hori enthelega. Jinkua ezagützen eta zerbütxatzen dianak berhala enthelegatü dü eta sendimentü horien phitz erazlia erremestiatü.

      Gerlatik ere beitaki Jinkuak zerbait hunen erakharten, güdüka izigarri hutarik landa, nahi dü izan gitian aitzinetik beno algarren hobe; izan gitian oro anaie hun bata bestiaren hala nula gure soldaduak baitira algarrentako bihotzez anaie, egünko egünian.

      Hain ederki abiatürik den batarzün horren jarraikiteko behar düte segürki barnetiko indar berhezi hartarik athe handi bat bethi begiratü algarren artian; bena nuntik, partikülarzki, behar düke süstengi behar ordüko tzinkha hun horrek? Hiru lekhütarik.

      Lehen lehenik behar dükeie bizirik arra ützültzen diren gure soldado maitek erakutsi zer mirakülliak egiten dütian behar ordian eta ororen batarzünian enplegatzen den indarrak.

      Bigarrenik behar dükeie aita famialiakuek erakutsi, beren hauren Jinkuaren amoriua bezala, lagünen amoriua, enthelega eraztez, nula horien aitek algarrekin bat eginez etsaia kanpo ezari zien kartieletik eta beren arteko bakia ber denboran sinatü.

      Behar dükeie, azkenekotz, ama gaxuek ere beren haurrer erakatsi nula behar-ordian behar dükeien ikhasi beren bürien goitzen, beren etxenkuer behatzen seküla ikhusi ez zien gizuneki, anaie bezala, bat egiten; gisa horrez beraz beita popülien artian ordria eta bakia izaten.

      Esperantxa dügü Frantses güziek, erakusten dien bezala egün horietan, nahi direnaz geroz arra-ützüli beren aiten sinheste zaharretarat, gogo hunez eginen dütiela bakhotxak bere phartetik egin behar dütian ürhatsak oraiko bata bestiaren arteko amorio eder horren begiratzeko, eta gerla denboran abiatürik izan den Bake tenorre ederraren txüti-ürhentzeko.