Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-02-19: Geroa gure dugu

Garbi mintzo da Eskualduna, mundua zoraturik omen dago ikusiz alemanak bazter guzietan zenbat etsai dituen. Jean Saint-Pierreren aburuz lehenbailehen nahi du garaitu alemanak, baina debaldetan ari da, ezinbertzean ari da joka bazter guzietan, zezena barne zerratuan bezala. Alemanak urdeki jale handiak dira, baina gerrarekin urde guzien azken orena jina da Alemania guziko. Saint-Pierrek ez du dudarik, “alemanak fueratuko ditugu”, baina noiz? “Ager dadila primadera eta Anglesen laguntzarekin geroa gure dugu.” Ibarnegaray eta Guereçague, biak diputatu, biak soldadu aitzindari, bata Baigorrikoa, beste Donapaleukoa. Eskualduna-k agorrilan gerra hasi eta berehala Baionan “Fuera Ybarnegaray, Biba Frantzia!”oihu egin zuen gaztea gogora dakargu eta Frantzia bat dela nabarmendu.  Zuberoako kronikan ere batasuna da hizpide, frantsesak politika zaharra utzirik bat jarri baitira etsaiaren kontra, Gilen II.ak izanen ote du merezi duen gaztigua!

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, otsailaren 9an

     Beljikan Ypres eta Farnes, Frantzian Soissons, Alsacen Than, lau hiri horier hanoi ukaldika jazarri zaio egun etsaia, orotan sua piztu nahizko errabian. Buru dagiogu.

      Ba han eta ba Aisne eta Champañeko aldean urhats batez aitzinatzerat eztugu oraino uzten. Ruso deputatuen bilkuran biba eta errebiba oihuka bazuten harrabots hiru erresuma lagun handien alde.

      Ba, ez daude konfiantza galzekotan guk baino gehiago gurekilakoek.

      Anhartean alemanari aireko tresna heterik bat eror-arazi diogu bereb lerroen erdira su zariola.

 

Astezken, 10ean

     Guk gure aldetik, rusoek berenetik ihardukitzen diogu etsaiari orotan azkarki. Orotan kanoi burrunba gaitza.

      Aisne, Champaña, Argon-en zalaparta onik baderabila etsaiak; ezin hauts orduan gure indar zaila.

      Lorraine-ko hegian eta Barcy deithu oihanean hiru aldiz jazarri zaizku; hiru aldiz gibelerat egin arazi diotegu.

      Poincaré Prezidenta eta gerlako ministroa badoazi beren ziloetan gure soldado gaizoen ikhustera.

      Verdun-eko ondoan gizon-xori bati gure soldadoek buruzkain egin-arazi diote.

      Rusoak aitzinatuz dabilzkigu.

 

Ortzegun, 11an

     Champaña eta Argon-en, kanoi karruskan; hil hanitz; alemanek bethi guk baino galtze gehiago bi tantoz.

      Alemanian baita deputatu zozialist bat, Liebknecht, gerlaren kontra dena, kideko lagunek utzi dute bazterrerat. Handia da ez baita gizon hori bertzeak bezen gerlakin Alemanian; bakarra ez bada gerla onetsi nahi ez duena, lagun guti du.

      Hartaz bederen gizonago dela bertzeak baino ageri.

 

Ortzirale, 12an

     Kanoi gudu. Etsaiak guri herri bat Beljikan, Tracy-le-mont, guk hari bi gara xehatzen ditugu, Thiaucourt eta Arnaville-koak.

      Argonan lurpe lan. Berlinen, Alemaniako hiri-nausian, Nort-Amerikako enbaxadorea ziztu ederrak entzunik dago, teatre batean.

      Vosges mendietan haize hotz eta elhur.

 

Larunbat, 13an

     Hogoi-ta hamalau angles aireko untzik itzuli bat egin dute Belgika itsas hegiz hegi alemanek beretuetan.

      Bazterrak apur bat andeaturik, oso itzuli dire atherberat.

      Lorrainen aitzinatuz goazi, Hartmansweilerkopf asko aldiz hemen aiphatu tokian.

      Rusiako enperadorea mintzatu da itsas gizon gazte andana bati: kuraiaz betherik utzi omen ditu, oikuka «Biba Rusia!»

      Norte-Amerikako Prezidentak goraki gaitzesten du haren herrialdeko itsasuntzirik andea dezaten, ez eta hunki, alemanek, alegia uste gabetarik.

      Bulgariak bigarren aldiko dio goraki: eztela gerla huntan Alemaniarekin gure kontra. Egia balinbada hobe!

 

Igande 14an

     Beljikan, Ypres et Nieuport, eta gure lur ziloak andeatu nahiz ahal guziak egin ditu etsaiak. Alferretan.

      Jazarri zauzkun toki guzietan uko egin-arazi diotegu.

      Reims hiriari ez dezokete barka, zeren hango eliza ederra funditurik aiphamenik tzarrena duten bildu, alemanek.

      Noizetik noizera kanoi ukaldika ari zaizko.

      Argon-en egun eztia.

      Vosges mendietan elhurra lodi, aitzina ari jauts ahala.

 

Astelehen, 15ean

     Gure arroileri tiroka bethi Beljikan etsaia. Gure kanoi handiak harenek nausi dituzte. Berrehun hiru ehun arte hori luze lur zilatuz jabetu gira.

      Kanoi gudu gaitza, Lens, Albert, Soissons, Verneuil hirien inguruetan.

      Argon-en, Bagatelle eta Marie Thérèse-ko aldean, erreka zilotik zilora tiroka; infanteriak deus guti egin du.

      Vosges mendietan ezin aitzinatuz gelditurik dago etsaia... baten izitzeko izena bera kasik aski den tokian: Langenfelokopf-Bas-Remspach. Nork irets osorik?

      Arratsalde aphalerat elhur uhar bat ederra.

 

Asteart, 16an

     Gure Pau jeneral esku-motza Rusiako joan-jinaren egitekotan da. Bidean ohoreak ditu.

      Kobre eskasetan zela Alemania... ehun baril metal hortarik itsasoz kontrabandan zeramatzanak hatzeman daizkote eta hartu.

      Sukrez betheak zituela barilak errana zuen untziko kapitainak, gezurra.

      Holandiak Alemania mutur duelakotz omen, baizik eta kontrabanda egiten diola gure alde bizi-bizia ihardetsi du Holandiak: gezurra dela; sal-erospen guziak ez direla kontrabandazkoak.

      Greziako Smyrne hirian oharturik bazirela 114 fraide frantses, ohil arazi ditu «consul» alemanak. Ihesi Frantziarat egin behar ukan dute.

      Hola-hola ziren bertze orduz hemendik harat beren herritar buruzagiek igorriak. Gaixtoenik heientzat nor da izan?

      Angles ministro batek oihu egin du; ruso-frantses anglesek batean eztugula oraino lerroan emanik, bana bertze, gure hiru soldadotarik bedera baizik; bertze biak jazar-araztea, oro batean etsaiari, ordu dela.

      Omen du Angleterrak, beharrez, bortz urthe gerlari ihardukitzekoa.

      Alemaniaren larderien ez direla beldur Anglesak, diote goraki. Egitate tzar bati bi muthurreko areagokoz diotela ihardetsiko, nehon ez badauzke.

      Mundua xoraturik dago ikusiz alemanak bazter guzietan zonbat etsai duen.

 

 

 

Gerlarien berri

 

     Adixkide maitea,

      Erdi deskantsuan gaude zonbeit egun huntan, gure eskualdean. Kanoi handiak dire bakharrik mintzo, noiztenka. Alamaneri gure berriak igortzen dituzte, bizi girela bethi...

      Hatsaren gainean aste bat iragaitearekin, gogoa ere argitu eta arindu zauku norapeit.

      Banuen beharra, nik segurik, lumaren erabiltzeak eskerrik ez baitu zalaparta batetik lekora. Aldia nolakoa, eta halako neurrian ukanen dituzu gure berriak: aste dorphean labur, gero berriz pausuarekin luzexago.

 

* * *

 

     Zertan gire bada urtharrilaren azken egunetarik hunat?

      Jada errana dautzut zer oldarrean lothu zitzaizkigun alemanak, Craonne delako gain hartarik hurbil, urtharrilaren azken egunetan, eta nola gibelerat egin zuten, bizpahiru erreximendu azkarki jokaturik gure lerroetan. Geroztik, beraz, bake osoa dugu.

      Indar gaitza egin zuten hura, eta ez dut entzun halako entsegurik egin dutela egun hautan, ipharretik iguzki parteraino. Bermatu direla, ba, bainan ez hain borthizki.

      Soissons hirian sarthu nahiz erabili dute hor zonbeit jestu, gure ezkerrean; bertze zalaparta zonbeit ere toki bertsuan, uraz bertze alderat iragan beharrez. Gure kanoiek ederki pherekatu dituzte; gero berriz ura gainerat jin zaiote. Alaman gorphutz andana bat daramatza berekin Soissons-erat buruz. Horra zer duten irabazi, ordoki hortan kokaturik.

      Goraxago, Belgikarat buruz, Anglesekin eta Frantsesekin borrokatu dire azkarki, beren kaltetan han ere; ehunka gizon galdurik, jin bidez itzuli baitire beren zilhoetarat.

 

* * *

 

     Gure eskuinean dire gudu borthitzenak.

      Reims hiritik berehala, goraxago iguzki parterat, bizpahiru herri harturik gaude, gain batzuetan. Geroztik, oihan bat edo bertze guretu dugu gerrenaz etsaia kitzikaturik. Geroari buruz, toki hautak hoik oro, gure kanoien hel menean ezartzen dutelako alemanen burdin bide bat. Itzuli guti eginen dute etsaiek hor gaindi, geroxago, xuhurra badute.

      Haratago, bethi eskuin, Argonne-ko oihan handiak.

      Han dire, han, gudu dorpheak, kukulauka, oihan erreketan, ilhunbean, haitz ondo bakotxak zerbeit jukutria berri, zerbeit debrukeria gorderik daukala gutien ustean.

      Han dire bereziki bermatzen Alamanak, hasian hasi oihan guzia beretu nahiz, eta bereziki oihanaren erdiz erdi doan bide handi bat.

      Errebide horren eskasian, bi armada hegalak elgarretarik berexiak dituzte, oihanaren bi sahetsetan. Gure soldadoak bien artean sarthuak, burdin muthur izigarri baten pare, lurrari josiak.

      Errabia gorrian dago hantxet Guillaume-ren seme gehiena, hura baitute toki hartan Alamanek aintzindari. Verdun-eko hiria nahi luke setiatu, itzulian gibeletik jautsiz oihanetan gaindi; zazpi ahalak eginik dago, tropa hoberenak eremanik berekin, lur langile gaitzak, eta tresneria bat izigarria.

      Debaldetan oro; oihanak iresten diozka bere soldadoak metaka, eta urruntxago Verdun-eko hiria deskantsuan dago, gain gainetik gerizatua gizonez ala kanoiez, gau eta egun sua dariotela, burrunban.

 

* * *

 

     Beheraxago Lorraina-ko eskualdea.

      Nancy-ko hiri nausiaren aintzinean izan ziren hastean bi gudu handiak.

      Gure eskualdetik atheraiak diren erreximendu batzuek erakutsi zuten hantxet Alamaneri zer soldado giren: hogoi mila «obus» igorri zitzaizkiguten gainerat, egun batez, gure kanoiak eta oro ixil arazterainokoan; bainan gure soldadoak etziren higitu beren mendiaren gainetik, eta azkenean herrautsi zuten etsaia.

 

      Beherago jautsiz, Alsace-ko mendi-ta zelaiak.

      Gure «Chasseurs Alpinak» ditugu han.

      Kuraiez ez dute nehori zorrik. Gizon gaitzak; menditar lerden azkarrak, bizi molde gogorrari aspaldian trebatuak, toki gaixto hetako lana deramate bethi aintzina; elhurrak oraino gibelatzen diote beren oldarra, pino beltzen pean; sarrixago, Alamanek oraino hobeki jakinen dute «debru beltzen» berri.

 

* * *

 

     Rusia-ko alderdian, bi hegalak ahulduak dituzte gure etsaiek, ipharrean, eta bereziki Otrixia zolan. Bainan indar gaitza egiten dute Varsovie-ko hiri handiaren aintzinean, lerroen erditsuetan toki bertsuan jo eta jo, gizonak xahutuz milaka.

      Rusoak azkar daude; ihardokitzea etzaiote aski; artetan atheratzen dire hek ere «baionetaren» lanean ez baitute parerik.

 

 Alemanen ezin egona

     Zeren ondotik dabiltza Alamanak, gisa hortan gizonak metaka igorriz gure lerroen aintzinerat, jo han, jo hemen, itsuak iduri? Zer nahi dute?

      Zer duten nahi? Bistan da: garhaitu lehenbailehen; iragan gure lerroen artetik, zilhoa eginik, puska eremanik ausikian, nun nahi den, bainan zalhu, geroaren beha egon gabe...

      Geroa ez dute bere. Bertze zer hainitzetan itsuak izana gatik, hortaz bederen ez dute duda-mudarik. Geroaren mentura bederen balute, odol hotzean joka litazke noiztenka. Bainan beharrak erhotzen ditu; ezin bertzean ari dire joka bazter guzietan, zezena barne zerratuan bezala.

 

* * *

 

     Bitoriaren beharretan dire orai beretik, bihotzen altxatzeko.

      Sarthu dire espantuak; iragan da abuztuko burzoroa. Beren tropak ikustearekin Frantzian barna hedatzen, urguluz leher eginak zauden, zentzuak eta oro galtzerainokoan. Parise beharra zuten iretsi arroltze bat bezala, klik-kluk.

      Geroztik ideki dire begiak, armada hoberenak urthu, ospitaleak bethe, bide guziak zerratu burdinazko hesi batez.

      Bihotzak goibeldu dire.

      Bihotzak bezen, edo gehiago, arrengura dute tripa.

      Jada kurrinkan hasia dute barnea, gosearen lehen zimikoak lothurik.

      Gerlan irauteko, alabainan, behar da jatekoa. Gizonak behar du hazi, tresnak ere behar dire hazi, kanoi, xixpa, beribil. Eta zer jale izigarriak, bethi gose, bethi ahoa zabalik, ukan arau igortzen baitituzte sarthuak oro, hixtuan, han harat.

 

* * *

 

     Gizonen hazteko behar dire ogia eta jakia.

      Biak ari zaizkote ttipitzen. Jada izartuz eta neurtuz ari dire ogitik. Dena ere ogi beltz okhaztagarri bat dute, erdi zekalez, erdi bertze zerez.

      Xitxiaz kestione, urdetan dute beren tripako goiti beheiti guzia.

      Urdeki jale handiak izan dire egundainotik. Behartuko zaiote. Behiak ttipiturik, urdeeri lotzekotan dire. Bertzalde, zekale sobera klikatzen diote azinda hoiek, berentzat ere xuhurtua dutelarik zekalea.

      Beraz urde guzien azken orena jina da Alemania guziko.

 

* * *

 

     Dugun ikus orai tresnen hazkurri eta bereziki bi beharrenak, kobrea eta petrola.

      Egun laburrik barne ezinbertze minean izanen dire, kobrea eta petrola ezin eskuratuz, gerlako beharren arau.

      Gelditu dire alabainan fornitzaileak. Berenaz beren egin behar.

      Ez dut erran nahi kanpotik etzaiotela deus sartzen. Itsasoa zerratua izanagatik lurrez bederen bereganatzen dute puska zonbeit, Italia, Suisa, Rumania, Turkia eta holakoetarik, ixilka bederen. Bainan horren gatik, hatsa laburtua dute.

      Horra zertako galdua duten beren deskantsua. Ezin egona lothua dute. Marka ona guretzat.

      Dugun iraun guk, odol hotzean! Geroa gure dugu. Ahulduz doazin denboran, azkartzen ari gira.

 

 Noiz artio?

     Hoik oro hola, noiz artio gira hemen? Bai, noiz artio? Alamanek leher egin artio, ala ez da fueratzeko aiphurik hemen gaindiz?

      Goazin emeki.

      Hasteko, berehala garhaitzearen beharrak igortzen daizku etsaiak metaka gainerat. Beude jiterat, beude urtzerat gure lerroen aintzinean, gero-ta-gehiago.

      Gure aldia jinen deneko, kausituren ditugu higatuak, hats hantuak. Beude jiterat!

      Anhartean ez dezagun egin behar gabeko oldarrik, ondorio gabeko indar alferrik. Alfer baino galgarriago liteke.

      Eginen dugu behar den tenorean. Errana daukute aintzindariek. Egun guziez erraiten daukute.

 

* * *

 

     Hemendik urrun bizi direnetarik hanitzer ez zaiote iduri gisa hortako indar handi bati sekulan lothuko girela.

      Zertako? Orai artio ez dugulakotz egin, tresneria sobera delakotz bertze aldean alanbre eta debrukeria.

      Bainan zer diote hemen zerbeit dakitenek, hastetik hunat gerlan bizi direnek?

      Hanitzekin egin dut solas hortaz kestione, nik ere gogoa hortan alha baitut ardura.

      Zer diote bada? Gehienek garbiki erraiten dautzute den gutieneko dudarik gabe, iraganen girela Alamanen artetik, fueratuko ditugula, nahi dugunean, behar dena pagatuz, behar bezala jokatuz. Horra hemengo solasa.

 

* * *

 

     Bainan noiz? Ez dut jeneral nausia mintzatu.

      Bizkitartean, bistan da neguak bere itzulia lehenik egin behar duela. Otsailari begitartea berriz ilhundu zaio; erreketan bada saltsa ederrik. Bego beraz negu beltza iragaiterat, bego iguzkia berriz nausitzerat, lohiaren iresterat, bide guzien leguntzerat, bego erreken xukatzerat. Ager dadila primadera. Orduan ikusiko duzue. Bixtan da bertzalde gure lagunekin batean ibili behar girela.

      Anglesak orai hasi beharrak dire. Ez dire lo egonak, armada handi baten moldatzen iraganak baitituzte azken hilabete hauk. Orai dire hein onean, gerlako zer guziak bildurik. Begoite hek ere jiterat. Egun guziez heldu zaizkigu milaka.

 

* * *

 

     Bada bertzerik ere. Bainan asea zitut gargoitik ene kalakaz, eta bertze aldi batez ere parada bertsua ukhan dezaket solastatzeko, ez bazauku gerthatzen zalapartarik.

      Oraino segurik bazterrak ixil daude.

      Alanbrez leherra igorri berria daukute, erreken gerizatzeko. Ez dute zeren Alamanek sudurrik ager.

 

      Gerla tokian otsailaren 12an.

J.S.P

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Baxenabarre

 

 LEKUNBERRI

     Gaizo Manex Bidartondo! Gerla tokitik jin ziauzu hil delako berria.

      Hori jakitiarekin, nehor etzu herrian pena hartu ez dienik. Hain zizien guziek maite bere begitarte gozo, eztiarekin; hain zuzun bera denendako bihotz onekoa.

      Jainkoaren gomendio utzirik bere aita xaharra, bere emaztia eta haur ttippia, partitu zuzun gerlarat kuraiekin.

      Ardura sutik igortzen ziazkiautzun berriak «Jainkoaren menturan gitzu oro, zizin bethi erraiten; gauden haren nahiari, eta guazin bethi aitzina...»

      Urtharrilaren 26an gudu izigarri bat ari zelarik Frantsesak iduri flakatzen hasiak zitzun. Ordian pausuko zirenak, harmak harturik juan zitzun beren laguner esku emaitera; eta bazozilarik, bidian jo dizi obuz batek eta erori duzu hila.

      Jainkoaren abisa othe zien, galdeginen zakola, biziaren sakrifizioa? Huna urthats irian zer izkiriatzen zakon bere adiskide bati: «Laster beharko diziu jalgi gure arroiletarik oldar egiteko etsaiari. Hantik atherako girea othe bizirik? Hori Jainkoak dakizu bakarrik. Hari gomendatzen nuzu, eta haren eskietan ezarria dizit ene bizia. Bainan, zer-nahi gerta, badizit konfiantza eta kuraie handi bat».

      Eta oraino: «Atsegin handi bat, izan duzu enetako abendoko debozioniaren egin ahal izaitia. Ezinago hunkigarri zuzun ikustia, bost ehun soldado baino gehiago, mahain saindurat hurbiltzen. Elizatik jalitziarekin iduri zitziauzun beste gizon batzu Jainkoak egin gintiela fedez eta kuraiez betherik —Oh! zoin uros nizan fedia baitut. Hari loturik niagozu gider azkar bati bezala.»

      Hilen zelako beldur horrekin, bazizin adiskide berari igorria bere emaztiarendako letra bat, zerraturik beiratzeko, erraiten zakolarik, Jakinen duzunian segurtamenarekin, hila nizala, letra hori othoi emanen dakozu hola hola ene lagunari».

      Pentsatzeko da nolakoak ditazken hiltzera doan batek bere lagu onari erraiten ahal dazkon azken hitzak. Huna bederen erraiten ahal dugunetarik zenbait.

      —«Etziazu iduri, esperantza ttippia dizit, bizirik atherako nizala hemengo bala, mitrailla eta obusen artetik; bainan horren gatik enuzu lotsa. Jainkoak ikusten dizi zonbat sofritzen dugun, hotzaren, euriaren, elhurraren, partetik; horra zertako badutan konfiantza osoa, eginen daukula miserikordia eta hil ondoan bere zerua zabalduko».

      Horra nolako fedea duten egiazko giristinoek horra nola hiltzen diren gure Eskualdun soldadoak!

      Jainkoaren beraren errana duzu, eta Jainkoak bere hitza bethi atxikitzen dizi; haren baithan bere konfiantza ezartzen diena ez dela sekulan galduko...

      Gaizo Manex Bidartondoren gorputza han duzu gutarik urrun ehotzia bere soldado lagunenekin, Vassaigne herriko hilerriatan; bainan haren orhoitzapenak luzaz iraunen dizi hain maite zien Lekunberri-ko herrian.

 

 SOLDADO AITZINDARI

     Eskualdun-aren irakurtzalek bereziki Garazin, atseginekin ja entzuna dukete, edo hemen irakurturik jakinen J. Ybarnegaray, eskualdun deputatu gaztea, gerlaren hastetik joana soldado, izan dela egun hautan sous-lieutenant izendatua aitzindariek soldado ontzat ezaguturik.

      Anhartean eri egonik joana berriz gerlarat, saristatu dute aitzinamendu hori emanez, zeren den izan soldado on, lagunen sustatzale eta etsenplu.

      Halaber izan bedi, sarri gibelerat bitorios itzuli arte bere soldado lagun maitekin.

      Gure deputatu ona, gerla hastean, Baionatik partitzen ikusi ginuelarik, erran ginuen hemenxe, hain xuxen harekin batean joan zela, bozez haren kontrario izana, B. Guéraçague.

      Zoazila dohatsu biak eta bake, beren lagun eskualdun guziekin, aitzinagoko ezbai eta hoztasun guziak ahantzirik, igorri ginioten Eskualdun huntan, bihotzetik, lañoki, nehork erakuste beharrik gabe gizontasunak holakoetan zer duen galdatzen.

      Ez ginen gu orduan, ez zen guretarik, agorrilaren lehenetik birako gauean, gerlarakoan oihu egile: «fuera hau, biba hura!»

      Gutaz eta gure aldekoez bertzerik zen gau latz hartan karrosa baten puntatik oihuka entzun ginuen gazte zoroa: «Fuera Ybarnegaray! Biba Frantzia!»

      Orduan bi Jaun hoik partitu zirelako berria bezen gogotik emaiten dugu hemen egun: biak aitzindari kargu bererat igan direlakoa. Hobe!

      Orduan bezala orai, gu hitz bereko, gizontasun bereko gaude, diogularik: baduela Frantziak bere seme guzien beharra; ez duela soldado on bat soberarik.

 

      Behialako fuera oihu egile hura orduko hats berean othe da? Bizi ala hil, Jainko onak daki!

 

 

 

Ziberoan

 

 GERLA

     Ezin entzünak, aharra et gerlak sekülaz geroz izan dira. Nozpait gizonek emeki emeki argitzen direlarik, ütziren dieia abretasün gaitza eta algarren gal erazteko dien errabia? Bai araüz, ez haatik hain sarri. Zunbait menteren bürian, heltü bada, lürreko bizizalek erranen die ezin sinhetsi batekin. Gure arbasuak, algarren aiherrian eta bekhaxterian, jeikiten ziren miliuka, batak bester bürüz, izigarriko herio tresna batzüekin; eta haien güdüken ondotik, herriak baratzen ziren oro erhaütsirik, lürrak hilez gorde eta odolez gorri.

      Bai, gerlaa itxes lazgarria da, eta, erran dügüna, orano lüzaz, mündia ez da hari ezkapi ahal izanen. Batzü ari dira, beren egin ahalian, nazionen arteko gora beheren Tribünalez haüts erazteko xedetara heltü nahiz; denbora berian beste zunbaitek ez die asmatzen heriotze, destorbü eta deboillü baizik.

      Begien aitzinian dügü borogantxa. Rüsia, Anglaterra, Frantzia, Beljika eta besterik, bizi ziren ihun sü lothüren zelako lotsarik gabe. Ikhusten zütien iñhaziak, jaüzten; bena bakia zien goguan, eta etzien uste, zunbait ühülgü ülhünen gatik, eraüntsi gaxtorik hasiren zela. Ageri zen Alemana erreüs, ürgüillüz hantü, ororen naüsi nahi; bena behar ziana abiatü holako ürhatsetara? Behar ziana ezazi Europa oro sütan?

      Alemana errabian zen; bere beithan egin dü. Orai da thenoria, Uste ükhen dü Frantzia osoki nahasirik zela eta bertan ithoren ziala. Frantzia haütsez geroz bi ützüliz ezar gei zütian lürrialat Rüsia eta Angleterra. Eta hartan jeiki da büria gora eta elhia zorrotz. Bena Frantzesak, politika zarrra ützirik, bat jarri dira eta xütitü etsaiari bürüz.

      Damürik etziren, thenore hartan, behar zütüzkien arma ororekin; bestela Alemanak etzian zikhintüren Frantziako lürrik.

      Alemanak egün ordü balü, aizuak bakian ütz litiro; bena ez da orai denboraten; bere errabia eta ertzokeria untsa khostaren zaitzo.

      Bedatsian izanen da zotükü gaitza. Ordian dira bazterrak erreren. Zunbat gizon gaxok ez dietie behar biziak galdü! Ez da hurte, ez lür ikhare, ez izürriterik ere gerlak bezalako harexa thorperik egiten dianik. Eta Europa orotan diren nigar eta galtze izari gabekuak gizon bakhotx baten nahitik dira. Alemaniako enperadore, Gilen bigerrenak, zer gaztigü ükhenen dü? Badeia halako barbaruaren joiteko aski gaztigü garratzik?

 

 LARRAÑE

     Igaran ostegünian, bantallaren 11an askazi, adiskide eta herritar anitxek lagüntü die ilherrietarat Joseph Cauture zena, Larrañe, Etchandiko primia.

      Bordalen soldado zen, eta han bat batetan hartü dü pharkatzen eztian eritarzün batek eta behala plegatü.

      Atharratzeko jaün doienak egin dü zeremonia. Larrañe-ko jaün erretarak eman dü meza.

      Beren phena handiaren kontsolio bezala, Joseph Cauture zenaren bi andere arrebek badükie beren anaiaren bihotz hunaren ohitzapena, eta bai ere haren hiltze khiristiak emaiten dian esperantxa handia, egün batez zelian horren arra edireiteko.

 

 ALOZE

     Herri hunek ere ükhen dü bere galtzia. Sallaberri-ko familiak jakin dü bere seme bakotxa, Jean-Pierre Basquinabe, soldadua, 3en Colonial-ian zena hil dela Agorilaren 22an Belgikan.

      Mezü hori ezta jin orai artino, sei hilabeteren bürian.

      Familia uhuragari eta phenatü hori gure aragretak eta othoitziak.

 

 ARRAIÑ HANDIAK ETA TXIPIAK

     Entzütia nian arraiñ handiek txipiak jaten zütiela. Egün horietan borogatzen dügü gure artian. Etxeko maitiak, ezta ihuere zietarik berant-etsitzen eztienik gerlan tüzien haürren berrien jakitiaz.

      Berheziki güdüka bat kasetak aiphatü, dienian laster beno lasterrago zien haürraren leteraren ükhen beharrian zideie; ezta estonatzeko.

      Bena ziek, herrietako jentiak, kanpazñetako jentiak arraiñ txipiak zideie, eta Atharratzeko Jaünak dira arraiñ handiak. Hek ba egün bezala batie bere haürren leterak; ziek aldiz arraiñ txipiek ükhenen tüzie hogei eta laü orenez berantago.

      Zertako hori? Zeren eta arraiñ handiek behar beitie arraiñ txipietarik bizi, zeren eta behar beitü herrietako pietu batek lastez laster bere üngüria egin, arrastiritan arraiñ handien leterak herrokatü, eta hori arraiñ handier ardit bat khoste gabe.

      Ere errenküratü gabe eia kanpañetako aita eta amek egitate hortarik damürik badienez pharti-erazten tie pietuak oro, entzün ezazie oro, Oloroneko trama heltü beno oren bat lehen.

      Holaz herrietako haürren leterak, eta gerlako berri emaile kasetak heltzen zaizkü hogei eta laü oren berantago.

      Bai orano aski balitzaie herri baten edo bigen hola tratatzia! Bena Atharratzeko Jaünek güti antsia beitie Laborarien beharrünez oro bat zakian ezari gütie.

      Egia bada gizon borontate hun eli batek galtho bat eginik, Postetako Directür lehenak manhatü zian pietuen Oloroneko trametik landa phartieraztia; bena zortzi, egün gabe beste manürik emanik izan da.

      Atharratzeko politikeruek südürra artian sartü die, eta laborariez güti beitie errenküra, bozka denborez kanpo, hazitü die Gizon bizardün handia eta hura bethi prest lan horietako, izan da Jaünen Jaüniala, eta laster gaizak lehenako estatiala erori dira.

      Holaz Atharratzeko Jaünek, Atharratzeko arraiñ handiek leterak egünian bigetan erraikiko tie; gük laborariek beno lehen hogei eta laü orenez berriak jakinen, eta erran düdan bezala ardit bat khoste gabe, herrietako pietuaz baliatzez.

      Laborari semek Junen semek bezala Alemana behar die kanporat botatü; bena arraiñ txipiak dielakotz hen aita eta amak, eztie züzenik berrien bestek bezaiñ laster jakin-erazteko.

      Oh! Jüstiziaren ederra! Eta politika berekhoiaren abantailla izigarria!

      Nuiz Jaün bizardün horiek igorriko othe dütie soldaduen lür-erreka hetara karitatiaren ikhastera, eta bere herra ezin goithien ehorztera!