Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-02-12: Biba gure kanoia!

Eskualduna-k gogora dakargu gerra martxoan hasiko delaren aipua. Odol hotzekoak omen dira ingelesak, eta jada bai lehorretik bai itsasotik lagundu dute.Alemanian hornikuntza arazoak omen dituzte, jaki kontuetan bereziki. Su zelaietan jazotzen ari dena deskribatzean gisa honetakoak leitu ditzazkegu, “gure kanoiak nagusi, gure artilleriak etsairena isilarazi, zoraturik dagozila oro, errusiarrek turkiarrei xafraldi ona eman, …”. Kazetariaren aburuz, mundu guztia estonatua dago alemanen mehatxu eroaz, izan ere, itsasoan nazio oro mehatxatzen baitu Alemaniak. Gerra hasi zenetik sei hilabete igaro dira, Eskualduna-k tarte horren kronika egitean lotsa, beldurra eta izuaren aurrean frantses orok erakutsi kuraia nabarmentzen du. Kazetak salatu du inoiz desertoreen gaia, alta, aste honetan iheslariak bezain beste gazteak desertziora bultzatzen dituzten kuku nahasleak salatzen ditu, gerra ondorengo balizko amnistia bera ere zalantzan jartzen du Eskualduna-k. Jean Saint-Pierre gaztigatu digunez, uros dira soldadu muslariak, karta jokoak heldu omen zaizkie.

 

 

ANGLESA

 

     Gostaia gosta, etsaiaren azkenean garhaitzeko lagun gaitza dugu angles hori hor.

      Ba eta bere aldetik rusoa ere; bainan bego hura bertze aldi batez aiphatzeko; badugu bardin aizina, gerla hunek, nahi eta ez, oraino iraun behar duelakotz, ezagutzak adixkide eta etsai, ororekin egiteko, noren ganik zertsu dezakegun igurik, on edo gaixto.

      Erran gabe doa, ez ditzazkegula oro aitzinerat jakin orratzaren puntatik; uste ez ginuenik badugu ja gerla huntan ikusirik; ba eta etsaiak ere, on bazaio.

      Halere lakhet duzu eta on, bereziki lan luze bati buruz, aitzin, gibel, sahetsetarat argiari begiak idekirik ibiltzea bethi ahalaz.

      Eta ez eni erran othoi, gure begiek, hoberenetik ere, ez dezakela urrun ikus; ez eta, ruso ala angles, ala edo zoinen ganik ez dugula zeren hau eta hura igurik, bakotxa beretzat ari baita, guziz holakoetan, —handik harat deus guti— eta balabiltza ere batzu bertzen gatik, ororen artean indarrik aski ez luketela, bardin eskas balakiote laguntzetarik beharrena, Jainkoaren laguntza.

      Bixtan dena da: Jainkoak argitzen ez duena, itsumandoka doa. Hura alde eztuenari zorigaitz, gizon eta erresumarik azkarrenak berekin balitu ere!

 

* * *

 

     Baman ahal dakigu engoitik, azken zerean aro gaixto eta ona bezala, gizonen harat hunatak ere Jainkoaren eskuko direla, nabi dituen alderat itzul; beren erhokeriak buruzkain deramatzala utz, edo geldi araz, zeihar araz, nahi ala ez.

      Aleman urguluntzi, bihotz gabe tzarrek ez balute, Jainko lege, gizon lege sakratuenak oro zangopean ostikatuz, Beljika dohakabea lehertu; ikusi balute, diren bezalako zoroek, etzutela hor bakarrik egiten krima bat ezin itsusiagoa, bainan ba ere, krimarik handiena baino zerbeit gehiagokorik: astokeria bat ederra, xahu ginen.

      Jainkoak utzi ditu itsutzerat urguluz. Bertzenaz anglesa etzitzaioten jazarriko.

      Erran ere dio garbiki anglesak alemanari, gerla hasterakoan: Utz-azu Beijika hunkitu gabe. Zangorik han sartzen baduzu, hanbat gaixtoago zuretzat. Gerla dukezu berehala gurekin ere.

      «Hitz emana duzu Beljikan ez sartzea; ez jan hitz hori, xuhurra baduzu.»

      Hitza jan alemanak; zentzurik ukan balu, bihotz gabea izanik ere, bere onetan ez egitea hobe zuen tzarkeria hori egin. Jainkoak utzirik gure etsaia bere urgulu erhoak zeramala buruz behera!...

      Berehala jazarri anglesa, bertzenaz geldirik zagokena, jazartzeko lokiarik aski ez ukanez; hau emazue buruan: alemanaren astokeriari esker dugula gure alde gerla huntan anglesa.

      Nola ez ikus hor Jainko onaren nahia eta laguntza gure alde?

 

* * *

 

     Gauzak hola ikusiz, diren bezala, xuxen, haizu da, haizu, ba eta zuzen, bakotxari berea eman dakion, hoben ala merezimendu.

      Guk, frantsesek indar gaitzean daukagu etsaia, gure lurretan barnago sartzerat utzi gabe. Hiltzen dauku hanitz; guk hari hanitz gehiago araberan.

      Beljen armada ttipak ere artetan zinkako batzu onak egiten ditu gure sahetsean, Anglesak are gehiago, gehiago soldado baitu alabainan.

 

* * *

 

     Anglesak? Zer du anglesak egin, gerlaren hastapenetik hunat? Zonbat mila gizon ezarri lerroan, gureekin ihardukitzeko etsaiari! Ez eiki zonbeitek hastean, deus jakin gabe, uste zuketen bezenbat. Ba ordean ordutik eman zitzazken guziak.— Eta gero?— Bil arau, gerlan erakats arau, pir-pir-pir, bethi aitzina eman ahalak oro; batzu angles, bertzeak indiatar, eta munduaren bazter guzietarik hatzemanak oro bere itsas untziez hunat ekhar,..

      Bethi ariz, nonbre bat ederra heldu da gero hor azkenean.

      Eta oraino mintzo, egun zortzi erran duguna, zinez hastekoak direla hor gure adixkide anglesak; martxoan dutela uste has! Eztea kuraia emaiteko, guhaurek daukagun oldar gaitzaren gainera, hor anglesak hitzemaiten daukun laguntza?

      Berak dio: hastekoa dela. Eder da, hori harek erraitea, hobeki erakusteko, zer hatsean dagon gure etsaiaren kontra.

      Bainan guk ez ginuke zuzenez erraiten ahal, anglesa eztela oraino gerla huntan hasia.

      Leihorrez ere ja badauku eginik asko laguntza. Beljikatik itsas hegirako eskualde hartan, alemanak handik Pariserateko bidea zilatu nahiz ari zirelarik, ja hilabetheak dituela —eta oraino ere ari baitire, handik hurat sartzea ezin etsituz— nor da han gure alde ahal guziaz bermatu orai arte ja, eta egoki, ari han aitzina, egin ahala egin? —Anglesa.

      Anhartean itsasozko bide guziak berentzat, rusoentzat, beljentzat, frantsesentzat, alde guzietarat idekiak, libro baitauzkate, hori bera ez othe da deus?

      Non ginitazke alemana itsasoz jazar ahal balakigu?

      Hatsa hartzen dugu itsasalde guzietarik, den gutieneko hersturarik gabe. Hatsa? Ez othe hatsa baizik? Nork erran untziz, guhauren eta anglesenez, elgar lagunduz, heldu zauzkun tresneria, burdineria, ikatz, harma, jateko, edari eta zer guziak?

      Ameriketarik hunat, Indietarik, Afrikatik, zer ez daukute ekartzen?

      Gu baino nekezago dabila urez alemana.

      Urezko bideak ez oro hetsirik ere, hertsitzen badaizkogu, anglesaren laguntzari esker, itho behar du azkenean.

 

      Xoilki lan horrek baitezpada galdatzen du aiphatzea guri laket etzaukun bat: denbora.

 

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, otsailaren 2an

     Gu aitzinatuz goazilarik, nahiz bethi hurriki, halere aitzina bethi, Alemanian jatekoa xuhurtzen ari zeie.

      Artilleria mintzo gero eta azkarkiago; gurea nausi; anglesarenak ez dio hanbat zorrik.

      Perthes-ko aldean esku-gain puska bat hartzen dugu. Argon-en etsaia uko igortzen.

      Mulhouse hirian aeroplan atherbe bat baitzuten, jauz-arazi dute berek, beldurrez guk aurik.

      Carpathes mendietan, gaina daukate, rusoek.

      Berlin-en, ogia eskas beldurrez debekatu dute saltzea bakotxarentzat astean bi kilo baino gehiago. Marka hitsa!

 

Astezken, 6an

     Turkia Ejiptoari jazartzekotan zen, uko egin du. Constantinople, hango hiri nausia izialdurak harturik dago.

      Alsacen azkartuz goazi.

      Guillaume itsas-untzi lerro bat bere aitzinean iragan-araztekotan omen da.

      Vidule delako ur handiaren bazterretan, rusoek alemana garbaitu dute.

      Bulow, Alemaniako ministro lehen ohia, igorria zuen Enperadoreak Italiarat, hango gizonak ttattolatu nahiz. Deus ezin egin du.

      Vienne, Otrixianoen hiri nausian jende xehea, ezin biziz, hasia da kexatzen.

 

Ortzegun, 4an

     Beljikan, ba eta Arras hiriko aldean Aisne ur handiaren hegietan, gure artilleriak etsaiarena ixil arazi du.

      Verdunen etsaiaren aireko bat erorarazi dugu. Rusoek Karpathes mendietako toki onak hartzen ari dituzte, handik etsaia erhausteko; ja hasia dute.

      Ruso frantses angles hiru ministro moltseroak elgarrekin hitzhartu dute, behar den diruaren biltzeko zer egin. Hatzeman dute.

      Hazebrouck frantses hiriari airetik ari zaizko alemanak tiroka, debaldetan, salbu zonbeit etxe baitituzte andeatu.

      Frantses deputatuen bilkuran bozeman dute soldado «médaille militaire» delakora osoki heldu gabe bizkitartean merezimendu aphur bat duketeneri emaiteko saritzat kurutze bat.

      Oro zerbeit ari; batzu gerlan, bertzeak heien ahalaz sustatzen. Makurragorik deus ez balaukute sekulan egin gure deputatuek!...

 

Ortzirale, 5ean

     Artilleriak Aisne ur bazterretan eta Vosges mendietan badu harrabots.

      Argonnen aitzineko egunetan galdu lur pozi batzu berriz guretzen ditugu, gehixehagorekin.

      Champañan aitzinatzen gira; Alsacen ere ba, Allkirch hiriko aldean Alemanari uko egin arazirik.

      St-Dié hirian, airezko tresna batek lau gizon hiltzen dauzku; hetarik bat etzen soldado zenik.

      Rusoek Vistute ur handian azkarki badihardukote alemanari; turkoeri berriz ere zafraldi on bat emaiten.

      Vienne, Otrixiako hiri-nausian, bertze etsai bat, pikota zeie itsuski ari.

      Alemana, panpako ederrak ukanik dagolarik, halere bethi «nor gira gu?». 

     Eztaki nola egin alde guzietarat oihu aski gora: bere itsas urpeko untziekin angles leihor hiri guziak jauz-araztekotan dela.

      Espantu, gezur eta larderia merke. Noiz arte? Ikusiko.

 

Larunbat, 6an

     Mundu guzia estonatua dago alemanek egin mehatxu erhoaz: itsas-urpez dabiltzen «sous-marins» direlakoez jauzaraziko dituztela negoziozko untzi angles, ala frantses, ala edozoin erresuma, gerla huntan barne diren ala ez direnetakoak, Angleterrako eta Frantziako itsas hegietarat hurbilduko direnak.

      Erhokeria litake krima bezen, edo gehiago, egundaino ez baitu nehork holakorik egin, bereziki gerlan ikustekorik ez duteneri.

      Bere onetan eztu Alemaniak lan hori eginen, huna zertako: gertha baladi Espainiako, Norte-Amerikako, Danemarkeko, Bresileko, Holandeko, Italiako ala bertze erresuma arrotz bateko negoziant untzi bat, bere zuzen osoan dabilkena, hurbiltzea frantses edo angles itsas hegi baterat eta han alemanek urpean gorde untzi jauz-arale batek hatzemanik lehertzea, nongo ere bailitake untzi lehertua, herri hura bertzen gainera etsai luke Alemaniak.

      Eta zonbat herri eztu hola hirriskatzen bere kontra altxaraztea? Etsairik aski baduela ez balinbazaio, berak ikus eta jo hoberenerat.

      Ororen buruan, Alemanak bertzeri egina baginio egiten guk hari, Anglesek eta Frantsesek, merezi duena baizik ez luke.

      Hoik oro marka: kexu erhotua dela, zertara doan ohartzen hasiz geroz.

      Gure artilleriak omen du beharri eta beharri, xoratuak dagozila oro: «Hauxe da artillerie ederra!»

      Rusiatik ere berri onak.

      Turkoek oraino aski zafraldi ez ukanik araiz, bertze bat bilhatu dute; ba eta ez huts egin.

      Roumania gurekin jartzekotan dugula diote anglesek, toki seguretik dakitela.

 

Igande, 7an

     Beljikan egun ezti bat. Béthune-tik La Bassée-rako bidean, anglesek garhaitu dute alemana.

      Arras-eko aldean, oldar gaitza egin du alemanak, gure lur zilo batzu beretu nahiz. Alferretan. Gure kanoiak nausi dituzte etsaiarenek.

      Argonne eta Vosges-eko aldean ez ditu lanhoak utzi batzu ez bertzeak, beren indar osoaren emaiterat. Norat egin tiro etzezaketen ikus.

 

Astelehen, 8an

     Bethi eta bethi artilleria artilleriaren kontra La Bassée delako eskualde hartan.

      Carency-tik beheraxago lur-zilo erreka bat, jauz-arazi diotegu, eta barnekoak batzu hil, bertzeak oro preso hartu.

      Aisne eta Champañe-ko inguruetan kanoiek egin dute harrabots eta lan. Biba gure 75eko xoragarria. Hura da, hura kanoia. Erhausten daitzu oro!

      Argonnen etsaiari uko egin arazi diogu, alta oldar gaitza zuelarik hartua!

      Bagatelle deithu tokian ere goizetik jazarriak ginituelarik, zehe batez aitzinatzerat ez ditugu utzi.

      Nahutena egin, ez dute hautsiko alemanek oraikotik frantses buruz eta bulharrez eginikako harrasia.

      Berma hor!

 

 

 

KURAIA

 

     Gerlaren hastetik hunat nola den ibil frantsesen gogoa, eta zer heinetan dagon urtheberriz geroz, bi hitzez nahi ginautziekegu erran, ohartu gitzaizkonaren arabera,

      Orhoit ziezte oraino duela sei hilabetheko lehen egun hetaz. Gerlarat joaiteko manua hedatu zelarik herriz herri, eta herri bakotxean ezkila soinuz, harridura batek hartu zituen familia guziak. Ilhundura latz batean sarthu zen Frantzia, ditaken makurrik handiena alabainan gerla, eta ondorioz itsuena.

      Abiatu zirelarik gure soldadoñoak, treinak bethez, lorez apainduak, zangoetarik bururaino berritarik jauntziak, beren zakuak doian hanpaturik eta harmak dirdir, oro irrintzinaka, oro oihuz: «A Berlin!» piztu zen berehala jendea, urguluzko bozkario batean bezala jarri. Xaharrak airosenik, ziotela: «Hiruetan hogoi ta hamarreko abiaduraz bertzerik dugu ikusten egun; aldi huntan bederen ez dute botoin bat ere eskas gure haurrek; garaia segur gure dugu».

      Eta, egia erran, etzitaken begiarentzat deus abiadura hura baino xoragarriagorik. Ikustekoa zen guziz, bertze askoren artean, Bordaleko gara: han gaindi zoazin gizon gazte multzo suharrak zaldi eder, pikoko abere gizen saldo, kanoi, otomobil pusketeria mota guzietakoak zoin garbiago, zoin xehekiago duntuak, eta oro ordenu onean!

      Ba, errexki sinets zitaken etzela zinez deusen eskasik. Iduri zitzaukun guziei Frantziako armada osoa eskualde guzietarik berdin bazoala, beharrezko bere zer guzien jabe, aleman higuinari buruz. Hala ere zen: eskualde guzietarik, neurri eder berean puskaturik, harmuturik jo zuten gure umeek gerla mugarat.

      Nehori etzangon eman gogoak, hastapenean direla gauzak begikoenik, itxura ederrek ardura gordetzen dituztela zoko huts asko. Nork asma zezaken, lehenbiziko bospasei ehun mila gizon heien ondotik igortzearekin bertze hainbertze edo gehiago, hauientzat ez ginaukala gure hirietan ez harmarik aski, ez kanoi, guziz arteko kanoi eta are gutiago larrietarik; ez aireplan, ez oinetako, ez jaunztura, ez obuz, ez otomobil burdinazkorik? Nork zakien edo zuen nahi sinetsi, hainbertze nahasirik ibiliak ginela aitzinean, non aitzinean andana bat bazterrerat uzteko hobe zirenak, manu handienen jabe baitziren izanak aspaldian izendanturik?

      Athera ziren bizkitartian hortaz halako berri hits batzu. Bainan etzen durduzatu jendearen gogoa. Ez ginena ja karraskan sarthuak Alsazian barna général d'Armade Marokeko ohi hura buruzagi? Nehork etzakien xuxen zenetz edo bertze bat, bainan haren izena zen bakarrik orduan aho mihi guzietan laudoriorekin ibili.

      Gero, bi asteren buruan, hor barreatzen da; Alemanak sarthu zauzkigula Beljikan barna, bazter guziak xehatuz hartzen ari dauskigutela ipar aldeko departemenduak; Pariserat hurrandu direla beren aireplanetarik ikertzen hasia dutela ja gain behera Parise. Laztura batek hartu zuen berriz ere Frantzia, bainan etzen nehor izitu.

      Nehor, gaizki diogu. Ezen orok jakina duzue engoitik arras izituak ginituela gure soldadoak, lotsatuak kasik. Bi aste bazuen alabainan gau eta egun gibelerat heldu zirela, bethi gibelerat, bidean beren lagunetarik milaka utzirik etsaiaren eskuetan: kolpatu, hil, bahitu; bi aste alemanen oldarrak gainditzen zituela eta lehertzen.

      Iziturik zagon ere Bordaleko jendea, ihes bezala ikusirik jiten bere ganat Presidenta eta hunen ondoko guziak. Gure bizian ez dugu ahantziko egun hetako lotsa hiri hartan. Bainan Frantzia garaitikoan, laztua balin bazen jendea, etzagon beldurti. Egun beltzak heldu zitzaizkola egiten zuen laborariak, halaber hirietako langileak, bainan ala batek ala bertzeak oso zaukaten beren fedea armadaren baithan.

      Noik sekula erranen du aski, aitzindariek orduan erabili zituztenak, gure haur gaizoen berotzeko, sutatzeko? Lausengu, elhe on, larderia ezti eta hanbatenaz sarkorrago, laneko khar, jakitate, kuraiazko etsenplu, erakutsi zaizkote bihotzaren hunkitzeko gei ditazken guziak. Jeneral adinetaratu batzu, beren zalditik jautsirik, aitzinean abiatzerainokoan etsaiari buruz! Dezagun aithor aitzindariek hedatu konfiantzari esker dela guziz irabazia izan la Marne deithu ur-handiaren bazterreko gudua.

      Ahantzi gabe hargatik Frantzia guziak bere haurrer igorri zuen ixilikako deiadarra. Han ginen guziak heiekin, hain bat eta hain ehot, non entzuten baiginintuzten, ikusten; eta, etsaia harriturik aitzinean ihes bazoakotala hauteman artio, zortzi egunez ukaldika beren odolaren ixurtzetik ez baitziren gelditu!

      Armadak ala jendek ezagutu zuten orduan bozkariorik handiena. Hatsa hartzearekin, jin ere zitzeien kuraia bat, beren baithako konfiantza bat oraino senditu etzutena.

      Ilhundu ziren haatik laster bazterrak, aitamek ikusi zituztelarik beren haurren zauriak eta kolpatuek beren zaurien ondorioak. Beljikatik gibeleratekoan, lurrean gelditu zitazkela zonbait, paso.

      Iharduk ez dezakena galdua da, alabainan; bainan garaitzeak berak, etsaiaren ehotzeak badakarla hainbertze hil eta bainbertze ezindu! Hanitzek ezin jasana zen; itxura gabekeria hori.

      Gerlarat ordainen igortzeak lanak eman zeiezten zonbait astez aitzindarier. Uko eta lotsa mutiko gaizoak. Beren ezagunen arartekoz bermatu ziren asko, service auxiliaire delakoan gorde nahiz. Aithor desagun izan ere zela ahulezia andana bat gure buruzagien ganik.

      Iraun zezaketen horrela gauzek, zorigaitzez Frantziarentzat, kontzientzia xuxendun guziak ez balire egun guziez orhoitu Beljika gaixoaz, ez baliote odolak jauzi egin beljikanoen beren ahotik hango izigarrikerien aditzeaz. Eta etzen Beljika bakarrik izana hein hartan zuzenik gabe ostikatua. Frantziako eskualde bat osoa berdin erhautsia zaukaten eta zikindua alemanek.

      Etzitaten holakorik paira. Etzitazken utz aitzina sartzera! Beljikak bere azken odol ehortaz zaintzen zuen oraino bere lur ondarra. Anglesak sahetserat jinak ginituen, lagun; Frantzian iduri zuen etzela buruzagi bat eta bihotz bat baizik, hain zauden ixil oro eta beren baitharatuak, lotsarekin apur bat nahasirik ibilirikan ere; kanoi handiek geroago ardurago adiazten zuten beren orroa; itsasoa gure ginuen; bazen bizitzekoa ausarki herrietan, eta Rusoek beren aldetik egiten zuten uste baino gehiago indar...

      Konfiantza piztu zen berriz eta gogortu etsaiari buruz xedeak garraztuz zoazilarik.

      Sendatu bezain laster, gogotik bazoazin berriz kolpatu ohiak surat. Ez beren baitharik, nahi baduzu, ez zalapartaka (ospitaletan sobera maina zen heientzat); bainan kuraiarekin, eta berandu gabe. Aithor dut ez dutala oraino bat baizik ene begiz ikusi, kasik othoizka galdegiten zuena lehen bai lehen igor zezaten dakizuen erreketarat, han baitzuen osoki harek dudarik gabe bere gozabidea.

      Bizpalau hilabethe hotan azkar dago gure soldadoen gogoa halaber jendearena. Horrek berak, gure harmek bezenbat higatuz baiterama alemanarena.

      Agian atxikiko dugu hein berean, irabazi artio. Sekulakotz gure buruaren aphaltzea ginuke alemanen elhe zuriek bildurik eta negoziant handi maltzur batzuen onetan hautsi-mautsi baten finkatzera jauts baginite orai, gure bethiereko etsai gogorrarokin.

 

 

 

KUKU, NAHASLEAK

 

     Gizon hitsik balinbada gerla egunetan, ba eta ondoko urthetan, hura da desertura.

      Sor-herria, sor-etxea, burhasoak, haurrideak, ahaideak, adixkideak, frantses eskual-herriko lurrak eta oro galdurik, hemen utzirik sekulakotz hemen guziak, hor harat doana baino hitsagorik nor ditake?

      Bere baitharik balinbada ere desertor, gizon hitsa. Ez dezakegu erran urrikalgarria; ezen ez du merezi urrikalmendurik, herritarrak, gazte lagunak eta oro lanjerean utzirik, eginbideari ukho doanak. Hanbat gaixtoago harentzat.

      Bihotza ilhun eta hotzik balinbadoa mendiz eta itsasoz haraindian harat, merezi du, bere nahiz denaz geroz hortaratua.

      Deserturak hemen uzten dituen aitamak, emaztea, haurrak, hek dire, hek urrikalgarri.

      Berekin baleramatza ere, zer bihotzmina, bihotzik duenarentzat!

      Bainan, ahalik eta elhe gutiena, beren hutsaren ondorioak ikusi gabe, berak beren baitarik doazinez desertor.

      Etsenplu hitsa emaiten dutelarik nahi eta ez gazteagoeri, bederen ixilik doazinean, deusere nehori erran gabe, gordeka joanez aithortzen dute beren hobena.

      Ondorioak ere holetan berek jasanen, edo beren etxeak eta etxekoek.

      Jainkoak ikus bere nahiz, bere gain hor harat doana.

      Bainan hits baino hitsago dena, ba eta hobendunago herriari eta herritar laguneri buruz, egiazko gaixtagin kriminelak dire: beren baitharik eginbideari uko eginen etzuten batzueri burua nahasten diotenak, deus ikustekorik ez dutelarik, erranez: «Norat zoazi eta zertako soldado? Hobe duzu desertatzea.— Hobe, ba othe?,... Hobe balu ere beretzat, hobeki egin lezakela erraiteko dretxoa nondik duzu, zuk, nahaslea?

      Iduri eta gizon ahul batek bere ahulezia ez duen aski, bide onetik makurtzeko zertako zuk, nahasleak, sudurra sar haren egitekoan?

      Kontseilu onaren emaiteko gizontasunik aski ez duena dagola txarrik eman gabe, nehork deus galdatzen ez dionean.

      Gaude kontseilari makurrak zer xedez dabiltzen zokoz zoko, xuxen doazinak nahasi beharrez? Gaude, zer gizon diren, beren baitharikako egosi zonbeit, ala etsaiak erosi batzu?

      Berek dakite.

      Zer nahi, nor nahi izan diten, handizki hobendun dire, gezurra derasateneah: baizik eta, gerla ondoan, amniztia izanen dela desertorentzat.

      Gezurra bereziki, laborari etxeko-seme batzueri diotenean: gerlatik lekora, hanitz eta hanitz hilik langile eskasa izanen dela Frantzian; beraz beso gehiago beharrez laneko, deserturak eta oro deithuko dituela Gobernamenduak, eta gogotik halere!

      Nondik atheraia duten hori galda zozuete gezurti nahasleri.

      Errozuete nahasle hoien sinesteko ahulezia luketen gazte gaizoeri: beren onetan ez dezatela holakorik sinets.

      Egundaino izan den amnistia mentuarik gutiena, gerla hunen ondotik da izanen. Zuzen ere ba, ez dadin izan; eginbidea bethetzen dutenekin bardin ezartzea ukho egileak, ez litake zuzen.

      Gerla luzeago, dorpeago, nekegarriago soldado onentzat, eta legea zorrotzago da izanen ihes-egilentzat. Hor ikus.

      Kuku, nahasleak!

 

 

 

Gerlarien berri

 

 AROA

     Iragan zauku urtharila

      Berekin ereman othe du zinez negu beltza, elhur, haize, horma, urite tzar eta bertze zer guziekin?

      Iduri luke.

      Otsailak haste hastetik egin dauku begitarte goxoena. Iguzkia nasaiki goizetik arats; gauaz izar argi zerua, aro ezti batekin.

      Bihotza pizturik ezarri dauku primaderaren agertze horrek. Zer loria, ikustearekin bideak legunduz doazila, eta errekak xukatuz?

      Noiz artio? Otsailari kopeta laster ilhuntzen zaio.

      Dena den, eskaini ondoan khendu behar balinbadauku ere, iguzki goxo huntaz milesker otsailari.

 

 AIRETAKOAK

     Zeru gain urdinean barna xori gizonak abiatu dire berriz.

      Gerlako harrabotsen gainetik entzuten dugu noiztenka aireplanen burrunba.

      Nor da? Gurea, ala etsaiarena? Laster ezagutua da, ez baitire molde berekoak.

      Etsaia ezagutuz geroz, tiroak eta kanoi ukaldiak igaiten dire zalhu. Xori gizona gain hetan dabila, itzul inguruka, lanho ttipi batzuen erdian, bolborazko tresnek zapart egiten diotela alde orotarik. Badago hantxet, lurrean zer ikusiko duen, gizonak nun diren, zaldiak nun; bide gainetan zer dabilan, tropa, karrosa, kanoi, ororen berri jakin beharrez.

      Hirrisku guti dute bertzalde, bi mila metre gora iganez geroz. Bizkitartean, bertze xori gizon bat agertzen balinbazaiote, etsaia, laster ihes egiten dute, han harat.

 

 ERHI LUZE

     Jaun handi bat preso altxatu dute, duela zenbeit egun, gure armadako moltsero nausia.

      Arrano aztapar luze hetarik uste ginuen etzela gerlan bederen agertuko.

      Hunek zer duen egin, geroak erakutsiko. Garbitasun guti dute oraino agerturik.

      Hauxe bakharrik segura: jaun horrek berexten zuela puska zer nahi, soldadoentzat igorri gauzetarik, eta igortzen zituela, soldadoen bizkarrez, Pariseko andere baten etxerat.

      Bertzerik ere badenez, ikusiko. Dena den, jaun horrek dio puska hek berexten zituela soldadoen onetan, oro ezin baliatuz berehala, eta toki segurean altxatzen zituela geroko, behar orduko.

 

 URSOAK

     Ohartu dire gure aintzindariak ursoz leherra bazela eskualde huntan. Etxe batzuetan ehunka badituzte.

      Urso hoitarik badire eskolatuak harat hunat ibiltzen, Frantsesen berriak ez othe dituzte Alamanen aintzindarier ekharri?

      Dena den, hemengo jendeak behar ditu bere ursoak hil, edo ager arazi gerlako aintzindaroen begietarat.

 

 ENEA HILEN DIAT

     Jin zaizkigu Frantzia beheretik gure herritar andana bat, soldado berri eta zahar.

      Bide bazterrean nindagon, heieri so, bertze batzuekin ezagutzen egiten. Eskualdun gazte bat bazen heien artean, buruilean kolpaturik gibelerat jina, osoki sendatua. Xorta bat edan behar ginuela, elgarrekin sartzen gira lehen etxean. Alamanen berri galdegin zautan, buruiletik hunat nola gobernatu ziren.

      —«Hor ber berean ditiagu, lurpean sarthuak —Debruen urdiak, ez othe dut bada oraikoan enea hilen! —Ez duka hil batere lehen guduetan? —Ba, menturaz dotzena erdi bat ere, bereziki Charleroi hartan. Ez baitut ordean erortzen ikusi, berex, enea. Urrunegi zitukan! —To, orai parada ederra ukhanen duk!»

      Baso arnoa klikatu zuen, irri batekin.

 

 ANGLESAK

     Anglesik ez nuen ikusirik bi hilabethe huntan.

      Bi aintzindari gure aldetik iragan zaizku egun hautan.

      Ene lagun batek ez ditu Angles horiek batere gogoan. —«To, gure ikusterat jinak dituk berriz, zer ari othe giren. Egundainokoa die: bertzek lana, eta berek egin partimena!»

      Bertze bati gaitzitu zitzaion solasa eta barnerat sarthu ginen, elhe eta elhe: Anglesek zer egin, zer eginen.

      Ahantziak ginintuen bi hilabethe huntan, ez ikusiaren buruan.

      Bizkitartean, gerla huntako lanari buruz, egunetik egunerat handitu dituzte beren entseguak eta indarrak...

      Itsaso guziak gure ditugu ingleseri esker.

      Untzi alamanak, oraino bizi direnak oro, gordeak daude. Azken ager aldian, zalhu sarthu ziren bere zokhorat, hoberena bidean utzirik xehakatua, itsasoaren zolan.

      Itsasoaren nausi dagonak hatsa luze duke, nahi ala ez, orotarik sararaz baitezake behar duena. Itsasoko bidea galdurik, bere lurrean setiatua den erresumak leher eginen du, denboraren buruan.

      Horra bat.

      Lurreko gerlan ere orai artio eman dauzkiguten soldadoen gainerat, bospasei ehun mila igorri beharrak dituzte. Jadanik igortzen hasiak dire, milaka, gure portu guzietan jauts-araziz.

      Zertako ginen bada errengura? Frantsesaren jitea da halakoa.

      Ur lasterra bezen zalhu, burrustan ereman nahi ginuke gerlako lan dorphea.

      Anglesak aldiz odol hotzean ari dire bethi, elhe guti erabiliz, espantu guti eginez, behar den denbora hartuz.

      Borroka partida hunen gora beherez ez dire hanbat kexatzen; azken ponduak bere nahi dituzte eta hortan dituzte bakharrik, barna sarthuak, biziki barna, beren gogo bihotzak.

      Azken ponduak dituzte nahi bere, eta ukhanen dituzte.

      Errana dute bertzalde bururatuko dutela gudua, bakharrik balinbadire bakharrik.

      Napoleon handiak ere ikasi zuen bere gostuz zer jende mota den Anglesa. Gerla hanitzetan herrautsi zituen nazione guziak; bainan azkenekotz Anglesak bethi xutik bertze guzien sustatzeko biltzeko, juntatzeko.

      Azken kolpea eman zioten gudu batean, eta handik lekhora itsaso handiaren erdian zaindu zuten ugarte batean, hil artio.

 

 APHEZAK GERLAN

     Ahurti edo Bastida-tik Espainiarat joanak diren Benedictano-etarik bigarren aphez bat hil da, urtharrilaren azken egunetan gudu batean, Landes-etako ixkinan sorthua, naski berrogoi urthetarat ari zen. Aphez kartsua, predikari hoberenetarik, hainitz hiritan jada ezagutua. Vigneau zuen deithura.

 

      Bertze bat gudu berean erori da, Akizeko bikario gazte bat. Mitrailleuse batzuen aintzindari zagon lehen lerroetan. Bere gizon guziak aldean erori zaizko. Azkenean bera lothu da, tresna izigarriaren lanari, Alamanak metaka gainerat jeten ikusten zituelarik.

      Egun hartan berean kolpatu zen aphez Eskualdun bat. Berehala ereman zuten auzo herri bateko elizarat, han baitzen moldatua ospitale bat, behar ordu minean.

      Meza bat eman zuten biharamun goizean eliza hartako kolpatuen aintzinean, eta bere lekhutik eman zuen othoitzen arrapostua.

      Hirriskutik kanpo da.

 

 MUSLARIEN ESKERRAK

     Eskualdunaren irakurtzale on batzueri esker, mus partida gehixago egin ditzazkegu bazter hautan.

      Egun horietan Eskualdun bat errengura zen, kartarik ez zuela. Erran nion laster ukhanen zituela. «Nundik?» —Nundik? Hori ez zakiat. Bainan segur nuk jinen direla.

      Jin ziren, bat, bia hiru lau, zazpi pare... lerro lerro.

      Nundik?

      Eskualdunaren irakurtzale batzuek erranen dautzuete.

      Ni ez niz haizu salhatzerat.

 

      Gerla tokian, otsailaren 7an.

 

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

BAXENABARRE

 

 LEKUNBERRI

Tarben egina Urtharrilaren 30an 1915

     Eskualdun-aren egilia,

      Plazer nikezi ezartzen ahal bazintu ene bi hitz zure kazetañoan.

      Jakina nuzu Hergarai-ko xokuan badailela elhia baizik eta desertatu nizala, bertze zonbait egin diren bezala. Hori pentsatu eta erran dienak etzikezin dudaik gabe beste lanik.

      Ene arrangurantik balinbadazi ez dikez balio alferretan ibil dadin ene ondotik Luzaiden barna.

      Hemen nuzu, Tarben, XXko erreximendian, hunat jina Craoneko aldean kolpatu eta lau hilabethe ospitalian emanik.

      Bagitzu Campoine-ko bost seme gerlan. Iduri ziazu, nehor ez girela lotsa, gure Frantses eginbidiaren bethetzeko, Jainkoa lagun dugularik.

      Hau erraiten dizit, ez espantu egiteko, bainan nahi baitut ene ohoria zaindu.

      Milesker, Jauna, eta othoi barka ene ausartzia.

      Gelditzen niz zure zerbitzari.

Mixel IRIGABAY CANPO

 

 

 

Ziberoan

 

 SOLDADO BERRI

     Soldado zunbaitek berri hitsak igorten ümen dütie beste zunbaitek aldiz leterarik gozuenak. Alemannian presuner direnek dioie bethi untsa direla.

      Zerentako dira soldado batzüen berriak ülhün eta bestenak bizkor? Ez gira oro odol bereko; ez dira thenoriak ere oro bardin. Erreüs builta batez, orai berian, süian izanik, ühatürik, saihetseko lagünak erorten ikhusirik, ihur hasten bada izkiribatzen, ez dü harek emanen bihotzaren phitz erazteko elherik. Arroilla estali haietan gogoz ikhusten dütügü gure soldaduak oro lohi, oro hur, gosiak jorik eta hotzez ikhare. Ez dügü behar haatik holakorik goguan erabili. Arroilletako lohi eta hurak arraheinki khentzen dütie; sü ederrik egiten die barne haietan; kafe gozua bere ondokuarekin soldaduek han ükheiten die; janhari huna bakhotxak badü eskazkeriarik gabe; etzateko aldiz badira ihe estalki lodiak.

      Alemanian diren presuneren bizia ez da harainti. Untsa gira, haiek orok dioie. Etzaie haizü besterik erraitia. Hurak arroiletan diren soldaduak beno hanitxez gaizkiago hazirik eta etzanik dira: bena süialat ez die juaiterik. Ützüliren dira Frantziarat gerla ürhentü denian. Xardinak bezain mehe dirateke Alemaniako janhariak eman gantzarekin; badükeie zerez mintza.

 

 

 

Zer eta zer

 

 GUILLAUME

     Eta gure gizona? Zertan dugu? Zahartzen ari omen, histen, begiz ikus ahala; ilea zuritzen; begia zorrozten, ilhuntzen; mathelak zilokatzen. Irriak barna, lo guti. Sudur hixtu edo beltzuri, eta larderia ba, nahuzuen bezenbat.

      Nehor ez baitu ordean gehiago izitzen, bederen ez lehen bezenbat.

 

 ZAKUR ERRABIATUA

     Alta zazpi ahalak eginik daude, eta eginez aitzina joaki, Guillaume Grand Harrabots eta harekilako zalapartero nehon ez dauzkenak.

      Aste hauntan, «Etats-Unis»etako Prezidentak zion, Guillaumez mintzo zelarik «Zakur errabiatua baino gehiago ezta bere buruaren jabe. Zer egin? Zakur errabiatuentzat egiten dena. Zentzurik eta indarrik dugunak oro elgarretara bil, ororen artean kalitzeko Europa guzia, iretsi nahi lukena».

      Hori erran balu frantses batek, belje batek, ruso batek, angles batek!... Bainan ez; orai arte Guillaumek bere adixkide bezala zaukan herrialde baten buruzagi lehenak du erran. Hola mintzo denak zertsu daukan golkoan, alemanarentzat, ageri da balinba! Etsairik baizik ez du lastar ukanen. Ordutik harenak egin du, goizxago, berantxago.