Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-02-05: Gerla martxoan hasiko

Kitchener jeneral ingelesaren aburuz gerra martxoan hasiko da. Dirudienez aliatuak prest dira martxoan indar gaitza egiteko, eta gerra noiz finituko den baino alituek garaipena noiz erdietsiko galdetu behar da. Reims hirian alemanen oldarra nozitu du frantses armadak, baina etsaiak baino biziki gutiago gizon galdu omen du. Hona gogoeta alemanen gezurren aurrean: “Gezurrezko ehun bitoria baino guk nahiago egiazko bat, eta hura segura, ez izanik ere alemanen espantuak bezen handia”. Aste honetakoak Aizibitzen  Beñat galtza handi bertso-sorta dakargu. Zuberoako berriemaileak salatzen duenez, Basaburuan bada gizon eli bat gerlaz baliatzen ari dena beren opilari su emateko. Kazetariak alemanen gezurrak irensten duten horiek ere salatzen ditu. Soldaduen gutun gutxi Euskalduna-n, “ez dire gerla toki hauk, lumarekilako buru lanentzat eginak.” Mendiez haraindiko euskaldunak gogoan hartu ditu Eskualduna-k, eta esan denaren kontra Julio de Urquijo Frantziari atxikia dela baieztatu digu.

 

 

Marxoan hasiko

 

     Kitchener izena duen angles jeneral bati —ez othe da ere hor gurekin ari diren angles buruzagietarik lehena?— norbeitek egun hoitarik batez galdaturik, ea noiz uste zuen zela oraiko gerla hau finituko, ihardetsi omen dio: «Finituko noiz ez nakike xuxen. Dakidana da, marxoan hasiko dela.»

 

      Hasiko marxoan ja sei hilabethe huntan hasia ez balitz bezala!...

      Hoik atheraldia hatik! Gureak gure, Rusoenak bertzalde, hainbertze hil eta kolpatu, presuner,... alemanak berak, diotenaz bi miliun gizon hor galduak! Napoleon Handi zenak, egundaino, izan den gerlari gizon handienak! hamasei urthez bere eta bertzen soldado orotara bezenbat edo gehiago fundituak ja hor urthe erdi batez, karraskan, metaka, trumilka; negu bethean, eurite, elhurte, hormate eta guzien gatik aitzina hor bethi ari, ari, ari gerlan gure gizonak hilka!...

      Eta holetan ontsa hastekoa oraino gerla! Marxoan behar hasi, delako jeneral handi anglesak dionaz!

      Zer ziren beraz, ala deus ez oraino, agorrilaren hastapenetik hunat ikusiak? Eta zeri gaude marxoan eta marxotik han harat, Jainkoak dakiela noiz arte?

 

* * *

 

     Zeri gauden?... Alemanaren garhaitzeari, on bazaio eta ez bazaio.

      Makurrera hartuz jeneral angles gurekilakoaren hitzak, iduri lukete lotsagarri. Ez nuke, adixkideak, hemen on egin nahi, bethi lotsatzeko, ikaratzeko arrazoin edo estakuru bilha dabiltzan batzu ez direla egun hautan jabetuko angles aitzindari horren erranaz; oro zinkurin eta markinkeria begi besoak goitituz hedoietarat; «Zer behar dugu beraz ikusi? Xahu gira!»

      Baitire garbiki berri onen baino txarren sinesterat ixuriago batzu, beren ala bertzen lotsarazle bethi, bethi minduru, bethi ororen gaiztoenerat hartzale, hau ere heiek, Kitchner delako angles aitzindariaren atheraldi hau bardin hartuko dautzute makur,... onerat hartu beharra eta, onaren onez, hoberenerat.

      Alabainan behar da ikusi solas bat nork errana den eta nori, zer karietara, zer xedez.

      Arren buruz oso denak berehala konprenituko dautzue, Kitchner jeneral anglesak hor ihardetsi diona gerla hunek zenbat iraunen othe duen galdatu dionari ihardestean, erran nahi ziola: «Eztu alemanak oraino fini, ez eta ongi hasia ere gurekilakoa; marxoan, marxoan eta handik harat zinak eta minak. Eztaki frantsesen, rusoen, anglesen etsaiak zeri dagon!

      »Alemaniak egundaino ukhan duen zafraldirik ederrena sarriko, primaderako eta, beharrez, udako diogu preparatzen ari.

      »Ari gira, ari, gizon, tresna, zaldi, zateko, behar diren guzien biltzen alde orotarik, itsasoz, leihorrez, bazter guzietan ditugun herrialde adixkidetarik. Zer nahi heldu zauku. Biltzen ez dugun laguntzarik ezta.

      »Aski bil uste dugu ja marxoko. Ageriko da orduan, azkarrena nor den».

 

* * *

 

     Horra zertara doazin Kitchner soldado aitzindari angles gure adixkidearen solasak.

      Zer duzue hor gure eta gurekilakoen lotsaraztekorik?

      Ja bihotzean barna sarthua dugun konfiantza osoaren gainera, zer nahi zinuketen entzun bihotz altxagarriagorik?

      Jainkoak beira nezala hemen hitz bakar bat ere erraitetik, herioak hunkiturik nigarretan, edo jo ditzan beldurrez ikharan daudeneri min egitekorik!

      Bati ez giniozke ahalaz begiak bustiarazi nahi, hau irakurtzearekin.

      Ez ditu nehork, —arimaz egia!— guk baino urrikariago gerlan hilak eta heien jabeak, hetaz bethikotz gabeturik hemen gelditu dohakabeak: burhaso zahar, alharguntsa gazte, haur ttipi umezurtz eta bertzeak.

 

      Bainan eztugu hetaz hemen egungo solasa. Hilik gabeko gerlarik ezta egundaino izan; ez izanen ere. Hil gutiago eta hobe; laburrago gerla ere ba; hobe oraino, ahal balitz, gerlarik sekulan ez.

 

      Bainan zer egin, bortxa denean eta ezin-bertzea? Gerlan gira, nahi ala ez. Zer iraun dezaken elgarri galdatzeak, ez eta ihardesteak eztu, ez luzatuko, ez laburtuko gerlaren iraupena.

      Iraunen du, ororen buruan, behar deno, erran nahi, elgarren lagun hor ari diren erresuma azkarrek ororen etsaia barkamenduskatzeraino garhaitu arte.

      Noiz dugu garhaituko; noiz, behin eta behingo hezirik, nehori behin eta behin kalterik ezin eginezo heineratuko, noiz: hori dugu gogoan ekarri behar; hori, galdatu frantsesak anglesari, anglesak frantseri, eta biek rusoari; rusoak bieri; eta ez noiz den gerla finituko, nolazpeit hor.

      Anhartean, zer nahi gosta, jo muturrean etsaia. Gu zailago eta hura hauskorrago joanen da, eta ororen buruan,... laburrago gerla.

      Nahi bezen azkar izana dadin ala izaki oraino ere, aleman tzar hori, ez dugu zeren lotsa; ez izi. Are gutiago etsi.

      Ez etsi bereziki, guhauren soldadoak, ba eta rusoak, eta ba holetan anglesak, bertzeak bertze, geroago eta gutiago ditugularik ikusten ukho egitekotan.

      Geroago azkarkiago gauden elgarri, Jainkoa lagun!

 

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, urtharrilaren 26an

     Sailaren buru batetik bertzera izigarriko indarrak eginik dago etsaia; oro alferretan. Nehon ez dugu zehe batez nausitzerat uzten.

      Ypres hiriko aldean, Beljek hartzen dute esku-gain puxka bat; guk gure lur-errekak badauzkagu azkarki, alta zazpi ahalak egiten dauzkutelarik, handik gu jal-arazi nahiz.

      Halaber anglesak beren ziloetan daude tente, beren hatzean, etsaia bortz alditaraino igorriz ferafutro, doala gibelerat jin bidez.

      Craonne eta St-Hubert-eko inguruetan ber oldar, ber gibelatze, nehorat neholere gure lerroak ezin hautsiz. Emazue hor!

      Hartmansveilerkopf delako toki zail harek ere badu zonbeit kanoi ukaldi ukanik. Haizeari buhatzeak bezalatsu bezen guti kalte.

      Thann hiriko aldean bardin.

      Bardin Lembach eta Sentheinen.

      Caucase mendietan rusoek ere azken panpakoak ari daizkote turkoeri emaiten. Aireko Zeppelin hetarik bat, petik gora tiroka zilaturik, itzulipurdika jauts arazi diote rusoek alemaneri.

 

Astezken 27an

     Ezin etsituz ari zauzku, jazar eta jazar; ba eta zalhuxko gibelerat egiten ere, aldi bakotx, beren onetan: berantegi zonbeit aldiz, berenak harturik.

      Nieuport eta Ypres-eko aldean borrokaldi onik etsaiak frantses, angles eta beljekin. Hauien eskuetarat erori zeie beren gizon xorietarik bat hil hurrana.

      Argonen baionet ukaldika garhaitu ditugu. Atzo gizon hanitz hil diotegula ageri da egun. Egungoak bertzalde.

      Montsnegrin-darrek garhaitu dituzte Otrixianoak alde batetarik, bertzetik rusoek. Bokovine deithu tokian ere aitzinatuz doazi rusoak.

 

Ortzegun, 28an

     Egun ona guretzat. Alta beren dako zaukaten alemanek egun hau gaitzeko pesta behar zutela egin; atzo baitzituen Guillaume Enperadoreak, 27an, bethetzen bere 56 urtheak, eta gain-gainetik manatua baitzuen behar zutela egun hortako, gostaia gosta, bitoria handi bat.

      Bitoria orde ukhan du Jaunak zafraldi bat ona.

      Sail guzian irabazi dugu esku-gain puska bat Beljikan guziz lur zilo andana bat xehakaturik daude gure artillurak.

      Arras, Noyon, Soissons hirietan, aleman infanteriak uko egin behar ukhan du, gure suari ezin ihardukiz.

      Reims-eko aldean, gure kanoi handiek etsaiarenak ixil-arazi dituzte. Alsacen ere aitzinatuz goazi. Rusoak aldiz Prusiako lurretan.

      Turkoak ja gerla huntaz asexeak dire. Bethi galtzale, bethi etsaia nausi, ezta goxo!

 

Ortzirale, 29ian

     Orotan gaina dugu, hartako doi; batzutan gehiago.

      Airez aireko tresna hetarik bat aurdikitzen dugu, tiroka zilhaturik. Bertze batez jabetzen gira Gerbaviller hiritik hurbil.

      Ypres, Lens Arras-eko aldean gure suak etsaiarenari badauko, gainez gain.

      Dunkerque hiriari aiher da bethi alemana; aireplanetarik obus ukaldika hiltzen dauzkute soldado ez diren batzu.

      Strasbourg hiri handia eta bertze batzu har ditzogun beldurrez, gau eta egun erne dago etsaia.

      Gure deputatuek onhartzen dute Gobernamenduak eskaini lege berriaren xedea: ez uzteko arrotzik nola nahikan frantsestzat onharturik izaitea.

      Ordu zen; orai arte arrotz aleman eta bertze sobera baikinuen gutartean sarthurik, Frantziaren kalte handitan.

      Lan ederra deramagute rusoek ere.

 

Larunbat, 30ean

     Egun hil, ezti bat, bana bertze. Beljikan artilleria azantza izpika bat. Lan zinezko guti.

      Cuinchy herritik bi urhatsetan, anglesek garhaiturik igortzen dituzte han harat hiru bataillon aleman, hil pilixta bat lurrean utzirik.

      Urrunxago, bateria bat andeatzen diotegu eta bolbora untzi batzu jauzarazten.

      Soissons, Craonne Reims-eko inguruetan gure artilleriak lan ederra derama.

      Voevre deithu tokian etsaiak, nahiz gure lur zilatu errekak oro nahasi, bereak ditu porroskatu. On diola!

 

Igande 31an

     Artilleriak bero dauzka egun bazterrak Nort-eko aldean.

      Ypres hiritik hurbil, alemanek nahi ginituzten gure lur ziloetarik jali-arazi, guk ditugu hek berenetarat sar-arazi, hil ez ditugunak, infanteriak eta artilleriak elgar lagunduz.

      Erran gabe doa, bizirik gibelerat igorri baino gehiago diotegula hil.

      Aisne ur handitik hurbil ihiztari on agertu dire gure artillurak; lan hasi batzu desegin diozkate alemanari, eta izialdi bat ona eman hanxe, behin orhoitzekoa.

      Champañan, oihan batean guk hartu eta ederki arkarturik ezarri toki batzu, bezperagoan guretuak, finkiago gerizaturik ezarri ditugu.

      Argonne-ko aldean etsaiak ageri du, ahultzen ari dela.

      Deus guti bertze aiphatzekorik.

 

Astelehen, otsailaren 1ean

     Bethi artilleriaz da solas, azkarki mintzo direla kanoiak bethi, bereziki Nort-eko departamenduan.

      Zoin guti aiphu aspaldixkoan zaldizkoak (la cavalerie) eta (infanterie) oineko harmadunak!

      Erreka zilo hoitan gorderik egon beharrezko ezin bertzeak du ekartzen, artilleriaren gehiago behartze hori.

      Gezurra dute alemanek hedatu —ez baitute lehena!— Carenchy-Bassée delako eskualdean erreka batzu, guk ezin gure atxikiez jabetu dela etsaia.

      Beren aldeko egiarik ez duketenean, bota gezurra!

      Gezurrezto ehun bitoria baino guk nahiago egiazko bat, eta hura segura, ez izanik ere alemanen espantuak bezen handia.

 

 

 

BEÑAT GALTZA HANDI

 

       Airea: Gitarra joilea 

 

                 1

Berriak igortzeko gerlako tokitik

Galdeka ari zaizkit Eskual herritik.

Banian zer nahuzue nik igor hemendik

Xarrik ez igortzekotz, gutixko da onik.

 

                 2

Hanitz etsain kontra gerlan ari gare,

Amorrik eman gabe oraino batere;

Hotzak eta bustiak izanikan ere

Lurpez lurpe gabiltza satorraren pare.

 

                 3

Aho xuririk ez da, ez, gure artian;

Jan-edanak gostu du gerlako tokian.

Marmitaren ondorat oro ingurian

Laster bilduak gare ordua denian.

 

                 4

Nik dakidan bat ez tu janak gaizki hartzen,

Hunek odol gaixtorik guti du egiten.

Harra bezala hemen ari da gizentzen

Hunat jinez zeroztik itsuski loditzen.

 

                 5

Galtzak gerrian ditu jarriak tinkegi,

Nahiz largatu izan dituen bi aldi.

Orai hek ezin jauntziz, gibelaldi handi,

Galtzarik gabe behar othe du ibili?

 

                 6

Berriak ukhanen tu fitexko agian

Nik ez ditut tinkeki nereak gerrian

Hemengo Eskualdunek, guziek batian,

Ez dute irabazi hoinbertze piaian.

 

                 7

Hamabi kilo ditu ja irabazirik;

Nork daki sarri zonbat, hola doalarik,

Eginen ahal tuen, ez badu goserik?

Agian helduko da etxerat osorik.

AIZIBITZ

 

 

 

Gerlarien berri

 

Urtharilaren 20an

 

     Aste huntako berriak labur emaiten daitzut. Denbora eta gogoa bak eskas ditut solas luze bati lotzeko. Barkhatuko dautazu aldi huntako.

      Aste dorphea, aspaldian ukhan dugun dorpheena, etsaiaren partetik.

      Aroak iduri du altxatu nahi duela. Atheria dugu zonbait egun huntan. Hotz samin bat, bainan ez dugu hortaz errengurarik.

      Erran dautzut iragan astean zer gerthatu zen duela hamabortz egun Soissons hiriko inguruetan; Alamanek egin zutela hor indar handi bat, urak goiti zohazilarik, eta Frantsesek gibelerat egin zutela urez beheitiko alderat, zubiek amor emanik.

      Reims hirirat buruz, urez haindiko aldean gelditua dago, toki beretan, muthur bat bezala sarthua etsaien artean, Belgikarateko bidean, bertzeak baino gorago.

      Holakorik ez zezaketen jasan Alamanek. Ageri zen geroztik entsegu handi bat eginen zutela hemen gaindi.

      Hogoi ta bortzean lothu dire. Bezperan, Laon hiriko gain hoitarik jauts arazi dituzte bospasei erreximendu. Gure soldado hainitzek diote gau hartan entzun zutela beribil handien azantza.

      Dena den, biharamunean lothu ziren beron lanari, eguerditan.

      Gisa hortako lan handi bat egin nahi denean, kanoiek lehenik denbora luzaz bazterrak zafratzen dituzte, gizonen harritzeko beren erreketan, eta bidearen idekitzeko lurra harrotuz. Gero soldadoak atheratzen dire, eta jo aintzina.

      Beraz eguerdi gainean abiatu ziren Alamanen kanoiak eta bertze tresna guziak karraskan ifernuko azantz bat egiten zutela.

      Frantsesen lehen lerroen aintzinean bazen harroka zilho handi bat, lurpean barna zohana. Atherbe segura ginaukan hori. Erreximendu osoaren kokatzeko tokia bazen hor nasaiki, eta baziren bi konpainia pausuan zagozinak barnean bospasei ehun gizon.

      Sei zazpi metre harri zabal harpearen gaina; menderen mende ihardoki behar zukeen gizonen tresneri.

      Horra nun Alamanak harpe horri buruz ari diren beren tresnekin bolbora eta burdineria aurdik eta aurdik... Denboraren buruan, han hemenka zilhatzen dute harroka gaina, lurra leher arazten athearen aintzinerat burrustan...

      Barneko gizonak setiatuak dire. Bizirik hartzen dituzte...

      Toki hori eskuratuz geroz, aintzineko lerroetarat egiten dute beren oldarra.

      Launazka, deskantsuan gizon azkar eta gazteak oraino, jiten dire multzoku.

      Eskuz lotzen dire lurrean sarthuak diren egur punta eta alanbre tzarreri; kolpatuen altxatzaleak ere han dituzte, aberen «brankarrak» zabalik... Bertze batzu, zakhu batzu bizkarrean, lurrez betherik, hartu tokiaren gerizatzako.

      Horra nun jausten diren ehunka eta milaka... Hanbertzenarekin Alamanen kanoi handiak urrunerat ari dire, gibeleko herrietarat eta bide guzien gainerat, Frantsesek ez dezaten igor laguntzarik.

      Orduan da gerthatu hortxet odol ixurtze izigarria Alamanen lerroetan.

      Frantsesek beren erreketarik tiroz eta mitrallusekin garbitu dituzte lehen konpainiak. Erortzen ziren Alamanak metaka, lerroa lerroaren gainerat, segak ogia deraman bezala.

      Azken lerroak heldu dire gure erreketaraino, eta gure lur puska bat beretu dute.

      Bainan laster Frantsesen aldi beren oldarraren egiteko. Jauzian lotzen zaizkote berriz, Alamanak ez zirelarik oraino kokatuak, eta han harat, igorri dituzte jin bidez.

      Eskualdun zonbeit gerthatu dire gudu horietan, bainan indar handiena egin duten bi erreximenduak ez dire gureak.

      Ihardoki dugulakotz azkarki, Alamanek baino biziki gutiago gizon galdu dugu.

 

 

 

LAPURDl

 

 URRUÑA

     Bertze ainhitz herritan bezala, gerlak ekharri dauku orai arte guri ere bihotzmin asko! Jadanik, hamabortz baten bil-berriak ethorri zauzkigu. Oxala azkenak balire!

      Gure gazteria katoliko ederra, bertzen artean, ez da guti kolpatua; batasun hormantarizleren Presidenta, Etienne Gaenza, Fago-koa, buruan kolpaturik, hil izan da Isère departemenduko ospitale batean. Bizirik salbatu nahiz, operazione dorphe bat egin diote, bainan alferretan.

      Bere familian huts handia eginen du, bainan ez gutiagoa herrian, eta bereziki, gazterian; zeren zen muthil gazte ezin gehiago prestua, gogorki gisakoa; deusetan elhepiderik eman ez duena. Jainkoak holako ainhitz igor dezagula!

      Badugu esperantza, Etienen gorphutza bilduko dutela herrirat; hori izanen da haren etxekoentzat kontsolamendu handi bat; herritar eta gazte lagunentzat ahuko eder baten egiteko okasionea.

 

 

 

Ziberoan

 

 BASABÜRÜ

     Jaün kaseta egilia.

      Igaran asteko hitz aldi batez erraiten zünian Goberniari errenküra eginik izan dela gerlakarien familier errefüsatü tien sokhorrietzaz.

      Errenküra, hori nahi dit, arraz ueki eginik izan ahal den zonbait lekhütan, gure artian aldiz üdüri zitatzüt errenküra egiteko lizatekiela sokhorri emanetzaz.

      Üdüri zitazüt. Goberniari hel erazteko lizatekiela üngürü baten egitia gure herrietan ikhusteko ez othe dienez beharrik gabetto eli batek hunkitzen diharü phezatto eli bat, hobeki baliatürik liratekienak gerlako gastien bardintzen.

      Goberniaren eretzetik egitate huna düzü bere indarrak bere odola ere halako aldiz Franziarentzat emaiten hienen familiak ez titian izan gabezian, miserian, eta hortan oroek unhesten dizügü gure Aitzindarien nahi huna bena segür düzü Goberniak eztiala nahi sokhorri horren eroraztia aisian dien laborari eli baten gaña.

      Segür düzü memento batentzat bere Goberniak ützi diala saihetsialat, politika galgarria, eta bere kholkhokhuen besteren damütan buntzia beitzaki bere kholkhokuak eztirela aski Alemanen Franziatik kanpo ezarteko; beitzaki Franziako haürrak oro, Franziako indarrak oro eztiratekiela sobera, lan handi horren bürützeko.

      Kanpoko etsaiari arren gerla egiteko bakia eta batarzüna aholkatü dizü eta manhatü.

      Bena Basabürian batizügü gizon eli bat, gerla izigarri horrek orano hunki eztütianak; gizon herradün eli bat, ezpeitie beste phentsamentürik gerlaz baliatzia baizik beren ophilari sü emaiteko; bere komerzio xipiaren untsa juranezteko eta dagün egünetako bozken hürrüntik preparatzeko.

      Alemanak mündüko jenterik hügüngarrienak eta abrenak diela oroek badakizügü; bena heben gaintiko blokar üsatiek badizie, hek eztiena, beren lagünen herra, eta hen ezin ikhusia, ezpadira hen huñetan ahospez emaiten.

      Nik herrazko gizonak, gizon itxusiak deitzen tit zuñek ere gerthaldi triste horietan bere gezürrez baliatzen beitira bere kholkhiko eztien beharranten zapatzeko, eta bere adiskide aisian bizi dienen orano kobeki goratzeko.

      Ere, Jaün kaseta egilia, nahi neikezü begien aitzinian ezari egün hoietarik batez büriala jin ideia bat.

      Nahi nikezü zure kasetan ezar ditzatzün gure gainti huntan gerlako sokhorria ükhen dien familien ororen izenak.

      Holaz jente xüxenek eta unestek, jente besterenez gizentü nahi eztienek ikhus liozie nur dien ahalkerik gabiak, nur dien arrapatutak, hetarik hürrünska egoiteko, eta beriaz baizik bizi nahi eztieneki bere errelazionen hartzeko.

      Beste lista batetan eman ahal zintio zoin ere sokhorri nori galthatürik saihetsilat ützirik izan beitirade gure gixotez, edo herradünez; bi listen algarren khantian ezartez behar bada zonbaiti ahalkia borontiala eroriko ziezü, eta nuntik nahi jente gisakuek badakikezie nutez zer phentsa.

      Erranen deitadazü, beharbada, Gobernia Comité deithü bilkhüra bat egitera doala gaiza hoietan xüxentarzün amiñi baten ezarteko; bena orhit zite Comité haren iseiak aüherretan diatekiela, zeren eta bilkhüra hartako gizonen argizaliak beitirate, ez herriko kuntzentzia dünak, bena bethi hanko gixotak eta herradünak.

      Arren berriz ere ene ideiala, huna nüzü, eta lan hortan eskü kolpü baten emaiteko orhit zite banaizüla; haita ezazü alde hortan nurbait allertik ikhertze horren egiteko; hitzemaiten deizüt atzemanen diala eskiak nun trenpa.

      Zure zerbütxari eta adiskide hun.

 

 GIZON ÜLHÜNA

     Nurk ez dü ezagützen? Kharriketan badabila gora behera, büria aphalik, üdüri zerbait nahi gabe handi ükhenik, eta igarailer ez kasurik egiten, mintzatzen ez bazaitzo.

      Zer uste düzie diala haiñ ükhan izateko? Galtha izozie; ez zide segür deüs entzün gabe baratüko.

      Ez dakizieia gerlaren galtzera guatzala? deizie erranen. Errozie egün oroz emeki emeki gure soldaduak etsaiaren gibel-erazten ari direla; gure kanu horiek Allemanak milakaz erhaüsten dütela: ez dü deüsere sinhesten.

      Kasetak ezariak hartzen dütü, deizi ihardetsiren, gezürrak egiak bezala; ni lotsa niz orok behar dügün Aleman bilhakatü, ezi gure lürrian laketürik dira, eta ez dütie gibel eraziren seküla.

      Bena, gizona, negü bihotzian gira; sasu garratz hunekin ez deite «batailla» seriusik egin; egürük-ezazü denbora ederra jin dadin, eta ordian beititükegü berriz beste bi lagün, Italia eta Rumania, zalhe kanpo ezariren ditügü gure Frantzia ederrian sartzera aüsartatü dien Aleman tzar horiek.

      —Denbora txarra gatik hurak bethi aitzina ari dira. Ez dütieia egün horietan orano Angleterran bonba zunbait urthuki airian ebiltzalek eta gizon eta emazte saldo bat eho?

      Eta badakizia Italia eta Rumani gure althe jelkhiren direnez ala kuntre? Huna zer ihardetsiren deizien berriz ere.

      Ez dütü berak ere sinhestan erraiten dütianak oro; kaseta güti irakurtzen dü, eta denak gaizki enthelegatzen; bena zer nahi düzie? alde hortarat hasi ea behin; bethi ere badu okher aire bat, erran nahi beita, bestek erraiten dütienen ezeztatzeko nahia. Hortakotz ere osoki bere üsatü saillian dago; eta haboro dena, ikhusten du emaztetto zunbait ahuak zabalik behatzen zaitzola nahiz harritürik etxekiten dütian, eta hori ere uhure zaio.

      Bai badira maleruski, sobera hau üdüriak gure herrietan Alemanak bezain etsai hügüngarriak beitira gure Esküaldün familientako.

      Untsa phentsatzera, zer dakie haboro eziz behatzen zaitzen emazte gaxuek? Haboruek ez dakie irakurtzen, eta bethi khuntatü deizie zerbait ixtorio izigarri kasetetan ihurk ikhusi ez dianik.

      Zer ageri da hortarik? Ala kasetak egiak gordatzen deizkiela, ala gizontto horiek bazterrak gezürrez hantürik etxekitzen dütiela? Kasetek ez badie aiphatzen, horiek barreiatzen dütien gaiza lazgarriak; nuntik dakitze arren? Ala uste düzie gerlan ari diren lekhietan badütiela gehien zunbait eskü-peko, zuiñek sabantzen beitütie?

      Ez, adixkidiak, ez, gezünez bethatzen zütie; zien beithan esperanxaren phizteko phartez, lotsa sar-eraztea deizie maite: dütüzienak ez dütüziela arra-ikhusiko; azkenekotz hainbeste zauri egiten deizie bihotzetan, nula Alemanen balek egiten beitie hatzemaiten dütien zien semen khorpitzetan.

      Ene phartetik diot merexi lükela holako gizonek itzal hun batetan egün zunbaiten igaraitia amorekatik odola berri dakien, bester phartitzen dien lotsa hortarik muxi bat beraier sar dakien, eta Alemanen althe bethi mintzatzeko phartez Frantziaren süstengatzia delibera dezen.

      Bihotz oroz khanbio hori desiratzen deiet pheredikari beltzer; bihotz oroz khanbiatzen ez direner ez behatzia galthatzen deiet sinheskorrer.

 

 

 

Zer eta zer

 

 HANGO BERRI

     Gerlatik oraino deusere berririk igorri etzaungun adixkide batek bidali dauzku zonbeit lerro, zinez atsegin hartu baitugu, heltzen dauzkun berriñoez bezenbat edo gehiago, ikustateaz. Balakite zonbeitek zoin den lakhet lan huntan, ahal duen bezala, hemen ari denarentzat, laguntzalerik hoberenak, eta nola nahikoak ere kasik oro gerlak iretsi ondoan, agur baten ukhaitea, gerla toki hetarik!

      Guretzat goxo, ba eta Eskualdun-aren irakurtzalentzat. Milesker ez badiotegu orori berehala ihardesten izkirioz, barkatuto daukute, balinba!...

      Huna bethi zer dion gure azken berri heltzaleak.

 

      Adixkidea,

      Haizeak ekarri dauzkit —nori esker? zuri othe?— bi astez, elgarretarik ez hain hurbil, bi kazeta Eskualdun. Ikusi bazinu zer begiak ditugun ideki hemen giren eskualdun bakarrek, gure izeneko kazeta maiteari! Milesker gutaz orhoitu denari! Zu balinbazira hura, jarraik zazkigu othoi; ez ahantz igortzea. Guti girelakotz hemen, horko berri goseago baizik ez gira.

      Behin baino gehiagotan gogoan erabilirik nago, ni behinik behin —hemen naizen bezen egia erraiten dautzut— lagunekin aiphaturik ere ardura, hemengo berri larrienak bederen igortzea noiztenka Eskualdunerat, ordainez horkoen ukhaitekotan.

      Bainan hastapenetik entzunak ginen «les Censeurs» direlako zethabatzale jaun begi zorrotzek etzutela hitz bat uzten pasatzera bertzeak baino goragokorik. Lotsagarri zen garbiki.

      Eta gero ez dire gerla toki hauk, bereziki gu gabiltzanak, lumarekilako buru lanentzat eginak.

      Denik ere, larderia eztituxe da «censeurs» garratz heien aldetik, eta guhaur ere hein bat jarriak gira hemengo biziari. Orotaratzen da azkenean, aro gaixtoari iharduk dezokena.

 

* * *

 

     Dena den, munitz baita herritar adixkide batzu elgarretarik hoin urrun egoitea elgarren berririk gabe, othoi nolazpait jarraik-araziko daukuzu Eskualduna, eta ordainez hitz-emaiten dautzut ez uztea orai arte bezala, osoki barur; ahala eginen dut hemen ikusietarik zerbeitez bethetzeko, gure kazetañoan, sail osoa ez badezaket, bederen xoko bat.

 

* * *

 

     Gureak hemen baino eskualdun gehiago daukan erreximendu bat ederki arizan da berritan hemendik hurbil. Gizon adineko batzu indar gaitza eginik daude iragan egun hoitarik batez. Frantsesak pausatzerat joan ziten, anglesak eta heiekilako indiatar batzu eman dire heien ordain lur ziloetan.

      Bainan ez baitziren oraino sobera trebe sathor gerla huntan, etsaiak jali-arazi ditu laster, bera sartzeko heien tokian.

 

      Baia ba?! Zalhuxko gure frantses ginharritsu pizkorrek demi-tour egin dautzute angles laguneri utzi erreketarat buruz; handik haizatu alemana, indiatar eta anglesekin bat eginik.

      Baitut han aneia bat, harek dauzkit igorri xehetasunak; baizik eta sei kilometre bide egin zituztela beren lagun angleseri utzi tokitik alemanaren kentzeko; sei kilometre, zer oldarrean!... Au pas gymnastique!

      Gero igortzen zazkidan aneiak xehetasun batzu, ahanzteko hobeak, eta ja ahantzixeak ditugunak, geroztik onerat egin baitugu sailaren burutik buru.

 

      Eskualdun-aren irakurtzalek atsegin handirekin aste gehienez irakurtzen duketen batek igorri xehetasunak Eguerri gau eta eguneko pesta ederraz, ikustearekin, jelostu nitzaio. Ah! zer berri hunkigarriak ginituzken guk ere igortzeko gure xokotik! Bainan eztakit nola utzi dut padara ona galtzerat, Eskualdun-aren irakurtzalentzat nik ere zerbeiten igortzeko. Barkatu; hitzemaiten dautzut goizago ernatzea hemendik harat.

      Goraintzi adixkideri.

 

 MENDIEZ HARAINDITIK

     Egun zortziko Eskualdun-ak ekarri du auzo erresumatar Jaun ohoragarri gutartean egoitzaz Donibane-Lohitzunen finkatua dagon Julio de Urquijo-ren letra bat bizia: baizik eta egundaino bezen atxikia dela Jaun hori Frantziari; xede gaixtoko elheketari batzuek gezurra derasatela, diotenean Jaun hori gure etsaien alde dugula oraiko gerla huntan.

      Ez-bai horri buruz deusetan ez ginelarik barne, gu, Eskualdun huntakoak: ez ginakielarik ere zertaz zen hor solas, bihotz onez eman dugu eskualtzale argitu aiphamen handikoak galdegina.

 

      Baiginuken bospasei hilabethe huntan bertzerik ere aiphatzeko; eskualde beretik, gure eskualdun aneia, gure adixkide zin batzuen elhe bihotz on hoberenetarikakoen hitz batzu, gogoan barna sartburik baitauzkagu; bainan gerlan gerlako lege, manu, debeku, kontseilu; galdatua zauku goragokoetarik, ahal bezen guti edo batere ez giten mintza auzo mendi hoitaz haraindiko eskualdun ala erdaldun batzu adixkide, bertzeak ez ditugulakoaz, alemanarekilako gerla huntan.

      Bagaude beraz eta horra zertako gauden ixil. Ez erresuma, ez hiri, ez herri, ez gizon, eztugu aspaldian gehiago, nor ez non, deus aiphatzen gehiago.

 

      Alde dituguneri esker on diotegu bihotzaren editik hemenxe hitz gutiz egun, Badakite balinka gargoitik, hek guri bezen atxikiak gaudela gu heieri.

 

      Etsaiaren aldea daukateneri deus ez diotegu galdatzen, ez eta deus ihardesten. Begoite nahutena erran eta ahal daukuten kaltea egin.

      Geroak emanen du argitan egia, eta zuzena indarretan Jainkoaren laguntzarekin.

 

      Badakizue, irakurtzaleak, gerla aitzinean baginituela Eskualdun maite huntaratuak, beren saila gurearen aldera hemen zeramatenak, hein bat ederki eta eskualdunki, mendiez haraindiko eskualdun aneia batzu.

      Atsegin bezen ohore zitzaukun heien laguntza, eta irakurtzale ohartuenetan ere baginazkien aste bakotx begiak xuriturik zaudenak hemen irakurtzeari, bereziki jaun hoitarik bien elhe sail arthoski aphainduak; bihotzez ala buruz bata bertzea bezen aberats; batek hatsa luzexago, bertzeak urhatsa jarraikiago.

      Bardin adixkide biak gure; ga, bien.

 

      Halaber, nahiz bakanxago, bihotz beraz, xede beraz Eskualdun-ari beren eskukaldia ja emaiten ziotenak.

      Orori milesker iraganeko atxikimenduaz; ba ere oraikoaz; eta zertako ez oraidanik... sarrikoaz?

      Gerlaren hastapenetik hunat, bereziki Urthe Berriren kariala, igorri dauzkuten lerro altxagariak bihotzean barna sarthurik dakarzkagu.

      Jakin-gura litazkeneri egun hautan gure eskualdun haurride lan huntan laguntzale ohien berri, huna solasaren azken hitz; Gurekin ditugu eta gure alde, geroago eta aldeago Eskualdun-aren, mendiez haraindiko langile lagunak.

      Guhauren «urthe on»arekin har ditzatela hemen, irakurtzaleak, zuen goraintziak.

      Esku tinka elgarri. Guk etsai hau garhaiturik lehenbailehen, gitezela elgarrentzat eginak giren hauk hemen berriz elgarren ganat hurbil.

      Agian bertze urthats gabe ahantzia ukanen dugu orai hein huntan berex gauzkan nahigabea!