Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-01-22: Irabazteaz ez dugu dudarik

Lehengo lepotik burua Eskualduna-n, aro gaizto honek gerrako lana gibelatzen du. Jean Etxaparek barneko ospitaleetan jazotakoa berritzen digu. Honen aburuz euskaldunek euskara dute sendagai, “zer atsegina euskaraz hasten balin bazeie…galdegiozu hurbiletik ikusi dituen edozoin frantsesi, nor diren gudukari hoberenak etsaiarekin buruz buru, zaude ez dautzula ihardetsiko baizik: «Ce sont les Basques.» Jean Saint-Pierrek gerra molde honetan zulatzaileek duten garrantzia azpimarratu eta afrikar soldadoen kuraia nabarmentzen du. Donaixtik lau herritar galdu ditu gerran. Mercier Malinasko gotzainaren afera dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k, Aita Sainduak goraki gaitzetsi du alemanek Mercier preso hartzea, abertzale honek ez du burua makurtu alemanen aurrean. Kirikiñok irakasbide gisara Durango-Iurreta eta Bilbon karlista eta liberalen artean jazo ez diren bi gertakari kontatzen ditu Alemanak gerran egiten ari direna erakutsi nahian, badu txungurretik kontakizunak.

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, Urtharrilaren 12an

     Soissons hiriko aldean gaitzeko zalapartak; artilleria artilleriaren kontra: Beausejour deithu etxalde baten inguruan da gudua beroenik; bainan abantzu guti; guk ala etsaiek behin bardintsu; denik ere gu nausi; bainan ez hanbatez egun.

      Eguna galdurik, gauaz oldartzen zauzku berriz; alferretan.

      Ilhunaz ere badihardukogu sail guzian.

      Arras hirian, Poincaré Presidentak ohorezko medela bedera emaiten diozkate bi soldado aitzindari anglesi; ba eta gure mariñel tirokarier bandera bat, egin dituzten balentrien sari.

      Erroman Garibaldi zenaren semearen bi seme guretzat gerlan hil direlakoen ehorztea ohore handitan.

      Rusoak ongi doazi, ez urhats bizian, bainan segurean.

      Itsasoan Alemanek untzi bat, Bremen deithua, galtzer dute, bolboraz guk eta anglesek jauz-arazirik. Andeatua nekez dute leihorrerat ereman.

 

Astezken, 13an

     Haize eta euri, lanho eta elhur, Beljikan, Aisne ur handiaren hegietan, Champañan, Vosges mendietan.

      Caucase aldoko mendietan, Rusoak aitzinatuz doazi; jabetzen dire turko erreximendu oso batez.

      Itsaso Beltzean, rusoek suntsitu dituzte 51 untzi, Turkoenak.

      Aita Sainduak goraki gaitzetsi du Alemanek Mercier kardinalearen preso hartzea.

      Otrixiak ministro Berchtold, arrotz erresumekilakoa zaukanak demisionea eman du bere baitharik, burutziarik ezin eginez.

      Hango aferak gaizki doazila, marka.

 

Ortzegun, 14an

     Ur handiak hanturik, bereziki Aisne delako ur hura, ezin aitzinatu gira. Beljikan aldiz abantzu poxi bat hartu omen dugu.

      Lys et Oise deithu bi ur lasterren artean, gure artilleriak zafratu ditu etsaiaren langile batzu eta ez utzi lan hasien egiterat. Zubi batzu hautsirik urak, haraindian ginituen soldadoetarik zonbeit freso hartu dauzkute; ez lotsatzeko ketarik.

      Rusoak Turkoen hezten ari dira ederki.

      Roumania, gure alde jartzekotan da; ba eta naski aitzintzekotan ere Italiari. Dathozkigula zoin lehenka. Laguntzaleak lehenago hel eta, goizago finituko da gerla.

      Irabazteaz eztugu dudarik; luzeria hau du gaixtoa.

 

Ortzirale, 15ean

     Tira-bira gogorrak itsasotik Lys ur handiraino. Atzo baino egun hobea dugu aroaren partetik; ba eta gisa guziez, galdu esku-gainaren berriz guretzeko abiadurarik hoberena.

      Hartu tokien hustera doazi alemanak.

      Rusoek aitzina deramate hasi saila.

 

Larunbata, 16an

     Ypres eta Nieuport-eko aldean artilleria bethi ari da. Notre-Dame-de-Loretten, Carency-ko ondoan, etsaiak berriz ereman dauzku 14 bezperagoan hartuak giniozkan erreka zilo batzu; ez errexki; Arras hiritik hurbil eremu pozi batez jabetu gira. Alta etsaia bere zazpi ahalak eginik dago, la Boiselle delako tokia beretu nahiz; alferretan.

      Soissons eta Reims-eko inguruetan gure artilleriak etsaiarenari lanak eman daizko; erreximendu bat baitzuen alemanak barreiatua, hura ezin bilduz debrua ikusi du; tresneria batzu jauz-arazi diozkagu, lan berritan egin batzu ere badesegin, karraskan.

      Argonnen etsaiaren artilleria ezin ixil-arazi dugu; ez utzi ere haatik gizonak hunat aitzinatzerat. Gure artilleriari esker, Vosges mendietako aldean erreka zilo batzu, nahi bazuten eta ez, hustu behar ukan dituzte alemanek.

 

Igande 17an

     Beljikan itsas bazterrean irabaziz goazi bethi; 200 bat metraz aitzinatu gira La Grande-Dune tokian bi erreka luze huts-arazi diozkagu etsaiari, eta lan batzu andeatu, tiroka porroskatu.

      La Bassée eta Lens-eko aldean artilleriak bi aldetarik harrabots gehiago lan baino.

      Craonetik hurbil etsaia nahi zen sukretegi batez jabetu; jin bidez joan da gibelerat, gibel-aldea berorik.

      Bertzetan kasik orotan azkartu gira; ahuldu nehon egun.

      Egun guzian elhurra etzauku athertu.

 

Astelehen, 18an

     Aro gaixtoa biziki, guziz Beljikan. Halere artilleria ez dago ixilik gizon gehiago diogula hiltzen etsaiari, harek gure baino. Pont-à-Mousson hiriaren iphar-aldean, le Prêtre deithu oihanean lan azkar batzu eginak baitzituzten, hetarik andana bat guretu dugu.

      Kanoi ukaldika jazarri zaio alemana Thann hiriari, aspaldiko orde; bainan kalte guti egin.

      Vosges mendietan elhurra jauts ahala ari da.

      Are gehiago elhur, Caucase, rusoa turkoekin gudutan den mendietan. Ruso eta elhurra elgarren bi adixkide eta laguntzale bezala dire.

 

 

 

Barneko ospitaletan

 

(Bigarren eta azken zathia)

      Ospitaletan ohatuei bizpahiru egunez beha egoitearekin, errex da ohartzea badirela hetan mutiko gotor batzu, ixilik daudenak ardura, apur bat gogoetatuak; herabe, edozoin manuri gogotikago, umilkiago, lasterrago ukurtzen diren batzu. Galdegitearekin: «Et toi, d'où es-tu?» ihardesten dautzute: «Du Pays Basque».

      Galdegilea euskaraz hasten balin bazeie orduan, zer atsegina heientzat! Zer atsegina euskaraz elhe emaiten deienaren berarentzat! Odolez, sinestez, mintzaiaz, ohitzez berdinak, horra berehala bat alibertzeak haurrinduak, gerlako izigarrikerietarik uste gabean gozatuak, kasik aneia. Ordu beretik, bere lagunen sendatzeko arthazalearentzat lana erditaratua. Hiltzera zoazinak berak, bizkortuak.

      Uzkurtasun hunkigarri hori, frantsesaren ez jakinak emaiten othe dako euskaldunari? Batere; ezen ez da bat, erran behar bada, frantsesa aditzen ez duenik, frantsesaren murdukatzen ez dakienik, eta hasiz geroz zer karraskan! Eukalduntasunak dako emaiten delako zera; euskaldun jiteak Euskal Herriko urhatser jarraiki izaiteak ttipi danik.

      Uzkurtasun hari datxikola, haren itzal eztian, erakutsi zakoten aitamek eta haztearekin zainetan sarthu, gizontasuna, sor-herriaren amodioa eta hari zarraikola Frantzia ederrarena, aitzindarien alderateko jauspena, bere buruarentzat gogor izaitea, ixil bezain zailki artzea eginbide latzenarekin behar orduan borroka, zuzenak bethi noizbait garaia baderamalako fede azkarra.

      Euskalduntasunak ditu egiten euskaldunak gerlakotzat bihozdun, iraunkor, erne, mana errex, garratz. Galdegiozu hurbiletik ikusi dituen edozoin frantsesi, nor diren gudukari hoberenak etsaiarekin buruz buru, zaude ez dautzula ihardetsiko baizik: «Ce sont les Basques.»

      Frantses umea bertzerik da, nahiz osoki maithagarria hau ere: soinaren pullit neurriaz begiaren jostakin; adimendua dena pindar bizi; bihotza suhar, bainan hotzbera eta aldakor, —ardura lagundu behar dena, noiztenka larderiaz, maizago balakuz.

      Frantses ala euskaldun, zer leizea den zuetarik eta aleman larri, arrunt, horailetarat, beren sabelaz okaztagarriki baitaude bethi oroit, beren buru handia dena zoko eta matrikula tzar!

      Berandu gabe erran behar dut: ospitaletan geroago gehiago arthatuak direla gure soldado maiteak, merezi duten izarian. Hastapenean medikuak aprendiz balin baziren, ospitaleak nun idek, zer heinetan, nola eta zertaz dunt, gerla moda berriko huni darraion zaurtze ketari ez balin bazezaketen hastapenean burutziarik egin medikuek, aithor dezagun ondar bi hilabethe hotan lothu zaizkola bi besoz, eta zakarzken errangura gehientsuei eman dakotela gozabide.

      Eriek badute orai orok ohe on, estalgi, nor bederari doakon sendagailu. Ontsatzearekin igortzen dituzte goiz indarren erreberritzerat, gudurat itzuli baino lehen, ospitale berezi batzuetara. Hotarik gehienak gure eta auzoko departemenduetan aurkitzen dira, gure eskualdea baita goxoenik, guziz neguko: eta aire onez, ur garbiz, jatekoaren hazkurriaz, ibilguneez, zeruaren ederraz, ez baituke orobat Frantzia garaitikoan parerik.

 

      Zaurtuei etzeie gutiago atxikitzen begi. Rayons X direlakoak ez dira hastapenean bezain xuhur, nahiz oraino balitaken toki, hetarik nun ezar. Lothura bada nasaiki, Amerika gaintarrer eta Italiari esker. Operatzeko tresnek, xuhurtto izana gatik, eta lekutan berritu beharrak, egin dezakete doi zerbitzu.— Infirmier direlako, medikuen mutilek ere ikasixe dute beren lan xume bainan eskuairezkoa.

      Begietan, sudurrean, beharrietan, zintzurrean kolpatu izanak artharekin berexiak dira, gerla tokitik lekora, heientzat bakarrik idekiak dauden ospitale batzuetarat joaiteko: hotan baizik ez baititzazkete ukan behar diren ofiziale eta tresnekin, doazkoten artha hertsiak.

      Zauriak hestearekin, edozoin motakoak izan diten, barreatzen dituzte kolpatu ohi guziak —eriak oixtian erran dugun bezala— kanpañetako ospitale ttipietarat, hemen berriz bil ditzaten gatik gerla aitzineko indarrak.

      Batzu, zalhointzeko igortzen ere dituzte Akizerat; bertze batzu hiri handi zonbaitetarat elektrizitateaz ahal bada iratzar zazkioten zainak; zonbaiti, ospitale berezi batzuetan alharazten ere daizkote beren oin gogortu edo lokhartuak, mekanika edo uhal batzuen arartekoz. Ardurenik, tratamendu hok ondorio egiazko guti; bainan fedea bera ez dea zerbait? Eta hainbertze medikuentzat nun litake bertzenaz alhapide?...

      Ahantzera ginoazin ospitaletako jana. Hautenetarik da: goizetan, kafea; eguerditan eta arratsean, zopa on eta goria; lutsagar, ilhar larri edo xehearekin ondotik, nun ez den makaronia eta haragi zathi eder bat, baso bat arnorekin. Othuntzatik othuntzara geia aldizkatuz. Igande eguerditan kafea aguardientik gabe.

      Kasik egun guziez, Croix-Rouge delako andereek begitarte arrai batekin eskupera heltzen daizkote bizpalau zigarreta, eginak prest, eta sagarño, iranja batzu, beren usain onaz edozerek bezenbat Frantzia maitarazten dutenak.

      Lekutan, berriz abiatzearekin gudurat sendatu-eta harra bezala gizendu ondoan, horra nun hurbiltzen zeiezten bertze andere batzu; Union des femmes de France deithu bilkukoak, ilezko jaunztura zer nahiz zakua bethetzen deietenak, ezin ahantzizko begitazte amultsu berarekin.

      Pitz ahal balite gutarterat, pereka hoitaz eta hainbertze arthez zer erran othe lezakete Napoleon Handiarekilako gerlariek?

[Jean Etxepare]

 

 

 

Gerlako berrixkak

 

 Urak goiti

     Gure armadaren gibilean dugun ur handia goiti ari da. Ez da haatik hirriskurik gure eskualdean.

      Gutarik ezker, Soissons hiriko alderat, zubi bat edo bertze ereman ditu. Berriz egin dituzte laster, bainan ez dute ihardoki uraren oldarrari.

      Hanbertzenarekin gudu handi bat bazen hasia, urez haindiko aldean. Frantsesek ikusi dutenean ura goiti ari zela, eta, behar ordu handienean, ez zutela ukhanen gibelerat egiteko biderik, berehala jin dire urez alde huntarat, bertze zubiak baliaturik.

      Gure armada ez da higitu bere tokitik. Gure ezkerrekoari zaio gerthatu bakharrik errekontru hori.

      Ordokia utzi behar izan dute, bainan ez dire gaizkiago uraz alde huntan. Uretik berehala badire hor patar xut batzu, oihan eta harroka, armada batentzat toki hautak.

 

 Zaldizko soldadoak

     Deskantsuan daude gure zaldizko soldadoak. Norte-ko aldean egin dute hanitzek lan handia, zaldiak utzirik, oinez, tiroka. Geroxago lothuko dire beren lanari, Alamaneri urhatsez urhats jarraiki beharko denean.

      Anhartean, aski goxoki bizi dire, atherbean, herrixka batzuetan Tarbesko Hussarrak ikusi berriak ditut, heiekin egun bat iraganik. Gerlako lehen egunetan entzun ginuen oro kasik galdu zirela nunbeit.

      Hango Eskualdunen partez, bizi direla oraino, eta azkar, eta ez dutela buru hausterik batere.

      Igande goiza zen. Elizan sarthu nintzen. Hamar bat soldado kantuz ari ziren, kapitain batekin, mezako kantuen ikasten.

      Espantu gaitzak egin zaitan bere Eskualdunez, biziki soldado garbiak zirela, eta ez dakit zer... Hitzeman nion Eskual-Herrirat igorriko nintuela hareen laudorioak. «Ikusiko dugu, egin zautan irriño batekin». Horra nun ditutzuen.

 

 Genia-ko soldadoak

     Zer langileak! Harritzeko da zer duten eginik bazter guzietan, gerla hasiz geroz: zubi, harrasi, bide, zilho, egur lan burdin lan, lur lan, noiz nahi hirriskuan, bereziki beren haixtur handiekin moztu behar dituztenean estaien burdin hari debru hek!

      Elhe guti dute kazetek genia-ko soldadoez, duda gabe guti direlakotz.

      Orai ere lurpean ari dire, lanean, satorrak bezala. Bolboraz beharrak dituzte jauz-arazi Alamanak han hemenka, lurpetik.

      Bertze batzuek taula eta zurekin soldadoen errekak azkartzen dituzte. Aro ustel hunekin lurrak amor egiten du noiz nahi, eta lehertzen da soldadoen gainerat. Zurez leherra ikusten nuen egun berean iragaiten karrosetan, erreka hoitarat.

 

 Aroa

     Bethi aro bertsua. Uri eta haize, elhur busti, barazuz eta lohi.

      Erreka zilhoetan gorderik dauden soldado gaizoek zangoak urean dituzte. Beharrik zenbeit egunen pausua baitute gero; bertzenaz irauteak lanak lituzke.

      Aro gaixto hunek gerlako lana gibelatzen du. Bizkitartean, han edo hemen... lur puska zenbeit irabazi dugu iragan astean.

      Gure ezkerrean bereziki, Soisson hiriko inguruetan, azkarki jokatu dire Frantsesak. Berriki hartu dituzten eremuak ez dituzte utziko berriz etsaien aztaparretarat.

      Alamanak geroztik errabia gorrian daude. Beren kanoiekin egiten dute harrabots, mendekatu nahiz zerbeit gisetara.

      Haurrek ere gisa bereen egiten dute nigar eta orro, galduak berriz eskuratu nahiz.

      Ederki zafratzen dituzte gure kanoiek, bizpahiru egun hautan.

      Hitz hauien iskribatzen ari nizelarik, gure zaldizko soldado ttipiek harat buruz ari dire. Bide gainean dohazi, zalhu. Marka ona.

 

 Afrikanoen barnea

     Etsaiek bazterretan egin dute berenetarik. Izigarri da zer jasan duten herri gaixo batzuek, Alamanak iragaitearekin.

      Beldur niz egun batez pagatu beharko dituzten hoik oro.

      Hasteko, gure Afrikano soldadoak sekulan sartzen balinbadira Alamania barnerat, ez dira geldirik egonen.

      Egun horietan soldado beltz batek galdegiten zaundan ez nuenez egundaidaino hil Alaman kolpatu bat edo bertze. Ezetz erran nion, irri batekin. Etzuen harek irririk. Ganibeta eskuan egin zaundan sudurraren pikatzeko kheinua, erraiten zuelarik, bere frantses bitxian: «Porqui ti n'as pas coupé li nez?»

 

 Aireplanak

     Gelditu dire gure eskualdean airetako tresna tzar hek. Bazuten eginik ere zenbeit itzuli.

      Ez dakit aroaren beldurrez dagozin, ala bertze nunbeit dituzten orai beren egitekoak. Hemen osoki bakea dugu.

      Angleterra-lat juan beharrak omen dire, Anglesen harritzerat.

      Egin bezate kasu, itsasoan bezala, ordaina laster ukhanen dute.

 

 Buruz buru Alamanekin

     Gure etsaiek badituzte tresna berri tzar batzu, hurbiletik ari direnak, bizpalau ehun metretarik.

      Biziki gora igortzen dituzte tresna horiek beren «obusak» arras hurbil erorarazteko. Ikusten dire goiti joaiten, gero berriz jausten, emeki emeki.

      Holako zerbait ikustearekin erortzen xuxen xuxena bere gainerat, soldado frantses bat eskapatu da bere zilhotik, lasterka, Alamanen errekari buruz. Bertzek utzi jiterat, ustez «presonier» nahi zuela sarthu.

      Frantses gaizoa harritu da Alamanekin buruz buru egitearekin. Perehala gibelerat egin du, erbia bezen erne, etsaiak tiroka ari zirelarik. Orok huts eginik, berriz bere lagunetarat heldu da.

      Eskualduna omen da.

 

 Alamanen alde

     Eskualdun-ean irakurtu berria dut letra bat, Suheskundar soldado batek Alsace-ko eskualdetik igorria.

      Hango berriak hemengoak dira. Han bezala hemen ere nausitzen hasiak gira, bereziki gure kanoieri esker.

      Bertzalde dio hango jende hanitz Alaman hutsak direla. Hemen ere bada halako. Frantzia gainean Alamanak arras barna sarthuak ziren afera guzietan. Heien alde diren guziak ez dire preso, gider onak baitituzte. Esker gaixto frango ukhanik gaude.

     Gerla tokitik, urtharilaren 13an

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Baxenabarre

 

 DONAIXTI

     Lau herritarren hil-berriak baitugu ja errezebiturik, gerla hasiz geroztik.

      Jean Laborde Casernako semia.

      Dominique Brisé, Suheskuneko errient ohia.

      Jean Latchère, Etxotoko primua.

      Jean Eyheramendy, Bentaberriko semia.

      Jainkoa urrikal dadiela familia hunkituez!...

 

 

 

GERLAKO KANTUAK

 

                     1

Mila bederatzi ehun urthe eta hamalaugarrena

Berri bat trixtea Franziarat ekarri izan duena:

«Anaia maiteak, bil gaitezen guziak elgarren gana.

Behin betikotz kasa dezagun gure etsai Alemana»

 

                     2

Hauxe da bada egun trixtea argitu izan daukuna,

Guziek ongi badakizue: abostuaren lehena!

Eguna ere apalduxea; oraino ez zen ilhuna,

Gure ezkilak bere dorretik adiarazi daukuna!

 

                     3

Gure ezkila entzun ginuen arratsalde apalean,

Jende guzia ari zelarik bakotxa bere lanean,

Hainitzak ziren kanpoan eta bertze batzuek etxean

Memento hartan trixtezia bat sartu zauku bihotzean

 

                     4

Ezkondu eta ezkondu gaiak, aberats eta pobreak,

Miriku, notari, errientak, apezak eta fraideak,

Gerla huntarat gan behar gare kapable garen guziak,

Obligatuak garen bezala, manatzen dauku legeak.

 

                     5

«Adio beraz: gu bagoazi, uzten ditugu herriak,

Aski trixterik gelditzen dire gure emazte maiteak.

Konsolatzeko hor duzketzue haur ttiki hoiek guziak,

Agian denak lagun gaitzala zeruko Jainko maiteak»

 

                     6

Gure amatto ikhusi nuen bere gelako xokoan,

Ene haurretarik ttikiena zaukalarikan ondoan,

Jainko Jaun onak baizik ezdaki harek zer zuen gogoan

Begietarik zuen nigarra, arrosorioak eskuan.

 

                     7

Abisu on bat partikulazki gure haurride gazteri:

«Obedituko diozuete aitari eta amari,

»Ahalaz jarraikiz elizarat, othoizetikan ez geldi.

»Horiek oro bertze munduan izanen dire ageri»

 

                     8

Kuraie handi azker batekin lotu ginen bideari

Frantsesekilan gu eskualdunak, esku emanez elgarri,

Gure othoizak entzun araziz zeruko Aita onari

Bitoria eman dezakola Frantses Herri maiteari.

 

                     9

Nahi zaituztet orai aipatu gure herriko artzainak,

Zuek eztituko dauzkutzue familietako penak.

Ez dire debaldetan izanen egiten tutzuen lanak,

Gure Jainkoak egin zaituzte guretzat bere ordainak.

 

J.A.

 

 

 

Ziberoan

 

 ATHARRATZE

     Atharratzeko ospitalialat jinen dira, orai bertan, hogei bat soldado, kolpatürik izan eta sendotzen ari direnetarik. Bakhotxak nahi ükhenen dü, bere ahalian, Frantzes soldaduer egin bere ezagützia.

      Eta gerlaa?

      Gerla lüze dua. Mintza erazten dü mündia. Zer, bethi ber zedarrietai?, Alemana ez orano ere jauz erazten gure lürretarik?

      Llabür gira eta lanphüts; ez dakigü egürükiten; ez dügü enthelegatzen. Armadetako aitzindari lehenen arabera ürhats hunian guatza, bitoria handiala bürüz ari gira eta oraiko ürhatsian egonez, hanitxez gizon gütiago galdüren dügü.

      Ez da ükhatü behar haatik ororen nahia lizatekiala, ahalaz laster gerlaren ürhentürik ikhustia. Frantzia eta haren lagünak handizki naüsitzen ari ditela ageri da; bena, halarik ere, mintzo dira Japones armada baten jin eraztiaz. Eüropak orok galthegiten dü Aleman ilhinti zarra, bazter orotan sü eman diana, ithorik izan dadin ahalik lasterrena.

 

 OSPITALE MISERIKORDIA

     Herri huntan San Bladi martiraren pesta barantaillaren 3an üsatü othoitzekin.

      Lehen meza 9 orenetan; meza naüsia 11 orenetan. Egün hori igaranen da orotan, bereziki Ospitale-Miserikordian, bildütarzünik handienarekin, gerla urthe hunek galdatzen dien bezala.

 

 ALTZÜRÜKÜ

     Nahiz gerla denboran giren, Altzürükütarrak ez gira oro lotsatürik, berheziki gerlan pharteliantik ez dien hoitarik zunbait.

      Herrian badügü gizun bat, erran nahi die kasi ministeriuak delegatürik dela gora-behera güzien untsa bürietan sar erazteko. Ezi, segür egin ahala egiten dü sinhets erazi beharrez harek bethi eta manera oroz süstengi dian gobernamentia gaiza orotara ohartürik zela, eta gerlan ari bagira ere, untsa prestatürik zela. Errazü, gizunttua, eta prestatürik balinbazen ere, zuri eta zü üdürier esker deia hala? Ez zira ohart orai diala denbora zunbait erraiten züniala zihauren ostatian kaserna berri egiteko eta armadaren beharrünentako enplegi nahi zütien sosak, hobeki eginen ziela bide eta zürübü berri egiten ezaririk?

      Othoi ez zitiala bestek gorri-erazi ophiletik jaten ari. Altzürükatarrek ez etxitzük bezainbeste espanto eginik ere, ez dizie hanitxez gütiago phentsatzen, eta gerla huntarik landa egürükitzen ahal düzü gazte horien zure lekhian ezaririk izatia, zeren ez deizie orai artino bezala, Jinkuaren eta haren legiaren kuntre hainbeste itxuskeiaren erraitia hun hartüko.

      Egün horietarik batez erraiten zünian gisala aphezek kaüsatürik güniala gerla hau? Altzürüküñ ez beita Allemanik orano ja, ez düzü ikhusten zuñ herrokatan gerlan ari diren zük maite ez dütüzün aphez horik, bena aitzinian diren Altzürükütar gaztek erranen deizie eia hurak lotsa direnez etsaiari bürüz jartera, eta berak aitzina dabiltzan bezala, eia beren lagünak jüstatzen eta korajatzen dütienez!

      Bai, gaixto gizuna, bai! Zük ez düzü nahi Jinkorik ez aphezik, bena egün oroz, hiltzeko arixkian direnek nahi ditizie biak! Jinkua beren eginbide güzietan lagüntzeko; apheza, Jinkuaren ganat phartitzen lagüntzeko.

      Zük, holatan, gaiza güziak Jinkorik gabe esplikatzen tüzü? Bena hainbeste pheredikütan, zunbat gizun gazte edo zahar zure ikhusteko maneralat khanbia erazi düzü?

      Behatzen zütie, bena ez sinhesten; üdüriz untsa hartzen zütie eta gero trüfatzen! Eta orhit zite balentiarik handienak eginik ziela!

      Jinkua nahi dizügü Altzürükün; bai zük ere bai, nahiz barneko har gaxtuak haren kuntre mintza erazten zütian.

      Aphezak ere nahi tizügü; bai zük ere; bestelan ez zintake bethi hetarit jaten ari.

      Jinkuaren eta Elizaren kuntre mintzazalerik ez dizügü haboro nahi gerla akabiz geroztik; eta ez badüzü nahi hori sinhetsi, probak erakutsiren deitzie Altzürükütar gazte bizirik arra jiten direnek, esperantxa ükhen ezazü hariek badükiela botz bedera zure kapitülian!

 

 LEHEN LETZIONIA ALSACEN

     Sarjanta koloriak galdürik, igaiten da erakuts mahañaren gaña, zuintan egün zunbait aitzinetik, aleman errejent batek, bürdün erregla eskian, erakusten beitzian Frantziaren hügüntzia.

      Sarjant hori Parisen errejent zen gerla has aitzinian. Eta horra nun kargatürik den bere kunpañak hartü dian herrixka hortako eskolaren zabaltziaz Frantziaren izenian.

      Bizpahirur dozena haur bilho holli, mathela gorri, jargietan herrokatürik diagotza. Harien ikhustiari üdüritzen zaio errejentari, sagar gorri herroka bat taülan gañen bederazkatürik.

      Ezari deitze haürrer iganten arropak. Bazter güziak boztariotan dira, eta haurren begiak sü tzinskhak bezaiñ argi. Borthen gibelian, leiho petan aita amak beha diagotza.

      «Ene haurrak, dio sarjantak, arrahartüko dügü diala berrogei eta laur urthe ützi letzionia».

      Bena haurrak algarri so ziagotzan. Batek egin zian kheñü nahi zela mintzatü,

      «Jauna, dio haürrak, ahatze düzü othoitzaren egitia.

      Sarjanta han dago ez jakin zer erran. Ez daki othoitzik batere. Franmazonerian aitzina sarthürik da. Bena nola enthelega-eraz hori haur gaixo haier? Babatetan bere beithan sartzen da. Alsaceko haur khiristier emanen dian lehen letzionia haien sinhestearen kontrako mintzaldi bat datekia?

      Badia züzena, lehen aldian mesfidantxa baten phitz erazteko? Ideia horiek bürian, güdakan hasten dira, eta arra bere beitharatzen delarik, dio haurrer bürüz. «Gure eskoletan, eskolierek dütie othoitzak erraiten; othoitz egizie».

      Haidürü dago... Haurrek emaiten die bere üsatü «Gure Aita» eta jarten dira!

      Letzioniak hasi behar dü, bena gure «errejenta» nahasirik dago; mintzaldi bat bazian untsa prestatürik; bena ez dira hitzak haren tzüntzür hertsitik phartitzen ahal hain beita amorioz aintitürik bere behatzalentako.

      Bat batetan hatzamaiten dü kaseta bat, bere mahañen gañen, eta erraiten haur gaixuer bürüz: «Hau da egünko gune ixtorio libüria»; eta irakurtzen dütü armadetako medalla irabazi dienen izenak.

      Holakuak badira milaka eta milaka, dio. Eta zer gatik horiek orok beren biziak arrixkatzen dütie? Zeren gatik, adixkidiak, ziren arra-erosteko?

      Lüzaz mintzatü da sarjanta gure soldado Alsazeko lür hortan sarthü direnez khantatzen zielarik: «Goatzen Frantziako haurrak, heltü da gloriazko egüna. Entzüten dütüzieia landa horetan soldado tzar zunbaiten khantü errabiatiak?...»

      Ah! bai! entzün dütie, ikhusi dütie horiek ürkhatzen gure semiak eta gure lagünak!

      Eskolako bortha eta leihuak zabaltü dira. Herria oro hor da orai amorioz eta esker hunez bihotza gaintika.

      Errejenta bozkarioz gaintika dago, eta akabatzen dü khantü hasia: «Armetara ziteie Frantziaren semiak! gitian ebil... gitian aitzina.

      «Hau ere othoitz bat da», dio bere haurrer, arra-deitzen eta arra edireiten zütien Frantziaren othoitza.

      Haurrek belhainka jarririk ürhentzen die: «Odol thürbüts batek ase ditzala gure ilduak». Letzionia ürhentürik da, eta errejentak, haurrer so dagolarik, uste gabe egiten dü khürütxiaren señharia.

 

 

 ALLOCATIONS MILITAIRES

     Soldado sos horrez mintzatü gira lehen ere. Erran ükhen dügü Goberniak badiala hortan diharü igorte gaitz bat. Eta orano despendiua ez balitz haboruenik behar gabeko! Nulaz behar gabeko?

      Goberniak ez dütü nahi ikhusi soldado direnen familiak ezin bizian gizona zerbütxian delakoz. Goberniaren nahia eta eginbide hersia da emazte eta haür deüsere gabe direnen lagüntzia eta haztia. Bena Goberniak ez dü seküla ükhen, bizitzekua diener sos emaiteko xederik. Badü hori gabe despendio aski eta gaintika.

      Frantzia handi da, eta Frantziako bazter zokhuetan badira holatan heben gainti ezagützen dütügün gizun barne garbiko horik üdüri zunbait.

      Lekhü orotarik badira oihiak, eta orotarik oihü berak: gizon politikero zar batzüen gezürrer behatürik Goberniak emaiten dü hanitx sos behar gabe, eta üzten dütü ahua zabalik eta eskia hütsik osoki beharretan diren eli bat.

      Hori da oihia; eta, dioienez, Gobernüko bürü direnen beharrietara heltürik da. Kaseten arabera abiua bada herri orotan jakite baten egiteko eia badenez deüsere xüxentzekorik.

      Etxen aski untsa denari ere, bazterretik zerbaitto baten ükheitia laket zaio; eta nula mündü ororen sakolatik bildürik beita soldado sos hori ere, ez da bekhatx izateko laborarietarik hanitxek ükhen dezen heltüra inkarü bat; bena ihurk untsa edireiten ahal ez diena da, aiherguaz eta mendekioz, batzü bestiak beno beharrünantago direlarik bara ditian deüsere gabe. Goberniari eginik izan den arranküraa phiztü da, ez holatan sobera familiari sosaren emaitetik, bena bai egiazki beharretan diren zunbaiten sokhorririk gabe üztetik.

      Behar da aithortü gizon jüjamentü eskas eta barne gaxtokorik badügüla gure herrietan; haietarik jiten dira injüstizia eta okherreriak.

 

 GERLAKO PRESUNERAK

     Gerlako presuneretarik bada saldo handia Alemanek Frantzian hartürik eta orano etxekiten dütien lürretan beitaüde. Haier etzaie haizü den leterarik txipienaren ihurat ere igoitia. Bada arren hilik direla uste dügünetarik hanitx orano bizi direnak. Gerlaren ürhentziala artino ez dügü jakinen presuner haien berririk.

 

 UNTSA PHENTSATIA

     Rüsse Frantziaren lagünak erhaütsi dialarik Türkiako armadaa, hartü dü etsaietarik izigarriko soldado saldua presuner. Halako gizun tramadaren ibil erazteko, Rüsiako soldado heintto bat baizik etzen librorik. Türketarik hanitx ezkapatzen ahal ziratekian. Zer egin die Rüsiako soldaduek? Türk presunerer ideki deitze pantaluetako bottuak oro. Holaz bortxatü ziren pantaluen bi eskiez etxekitera, eta etzien lasterrik egiten ahal. Iuan dira bidian xüxen, beren zaintzaler aztalen erakasteko demendren indarrik egin gabe.

 

(Kirikiño)

 

1915-01-18

 

Mercier jaunaren idazki artzaindarra

 

      Gaur argitaltzen dau gure izparringi onek españeraz. Idazki ederra, aberkoia. Malinasko Gotzaille Mercier jauna abertzalea da ta ez dau bildurrik izan abertzaletasun au erakusteko, gaur doixtarrak izan arren Belgikako nagusi ta jabeak, eta Gotzaille jaun ori euren menpean egon arren.

      Egia esateko aroa izan dau, ta ezetariko bildur barik eta berari dagokion era onean, egia esan dau.

      Ez dautso burua makurtu, ez dautso koipekeririk egin indarra daukonari, ez dau begiratu nor dan indarduna ta nagusia ta nok kaltea ekarri legikion, zuzena bakarrik begiratu dau izkilludunen asarreari aurre emonik.

      Gora Malinasko Gotzaille zintzoa! Bera lakoak bear litzakez alde guztietan, txikien aldez ta andien kaltez ardura barik egitekoak, bearrizana danean.

 

1915-01-22

 

Gizagurenak ala gaizkille zantarrak?

 

      Gudea da.

      Durangon karlistak dagoz, Yurreta-aldean liberalak. Oneen arteko batzuk badoaz gabaz urira isil-isillik kanpantorre-osteratik, eta atea zabalik urrengo topetan daben etxean jaurtiten dabe bonba bat, eta etxea apurtuaz ganera erailtzen dabez bertan bizi diran emakume alarguna ta bere semealaba biak, bata sei urtekoa ta bestea lau urtekoa. Auxe egin ezkero badoaz igesi arin euren tokira. Gizon atzarriak (valienteak), gizagurenak (héroes), izan dira areexek.

      Bilbao karlistak moltsotuta (sitiauta) dauke. Gau baten jasten dira karlista batzuk Solokoetxetik Erronda-kaleko etxe-osteetara eta zelan edo atan atonduten dira andik Deun Jon eleiza-aldera urteteko. Onetan, oartzen dabez Gurutze kale aldean iru edo lau notin alkarregaz izketan dagozala. Nortzuk diran ez zertzuk diran ez dakie, baiña... fusillak eurakana zuzendu ta jaurtiten dautsiez bunbadak, eta an doaz lurrera izketan egon diranak: Gurutze kaleko aterkisaltzaillea, Artekaleko zapatari bat, eta Somerako botikarioa. Karlistak au eginda, erbia baizen bizkor doaz atzera lengo bidetik arrapau ez daiezan. Gizon atzarriak (valienteak), gizagurenak (héroes), izan dira eurok.

      —Ori ez da jazo baiña.

      —Gizona, ulerik gelditu al jatzu belarri atzean? Jakiña ez dala jazo! Au ez da besterik balitz bat baiño. Zer deritxezu Durangoko liberal orreei eta Bilbaoko karlista orreei? Gizagurenak (héroes) dirala uste dozu?

      —Niretzat gaizkille (krimiñal) zantar batzuk dira.

      Ba orain entzun. Doixtarrak gabaz isil-isillik Ipar-Itxasoa igaro dabe egaizki-tramankuluetan, eldu dira Ingalandako itxasertzera, ta ango errien priera: «Or juak, ilten dana il daitela!» jaurtin dabez bonbak eta erail dabez emakumeak, umeak, izkillubako gizonak. Auxe eginda, arin atzera euren errialdera eguna zabaldu orduko, arrapau ez daiezan. Orreek, zer dira? Eta eurok bidaldu dituenak, zer dira?

      —Gizona ba... orretara gauzak ipiñi ezkero...

      —Ez ibilli euren aiko-maikoetan, kana bategaz neurtu danak. Orreetariko gaizkuntzak darabiltzan erria ezin leike izan gure begikoa. Ori, basatikeria da.