Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-01-08: Bihotza eta zentzua iskiluak baino

      Bi bakeak galdegin ditu Eskualduna-k, kanpokoa zein barnekoa, Alemaniarekikoa zein frantsesen artekoa eta bizkitartean "oraino bethi aitzinatuz goazi" diosku kazetak, baina era berean gaztigatu, "gezurrez neke baita luzara triparen bethetzea". Bada beste galderarik aste honetakoan, Zertako? Aleman eta frantses soldaduek eguberri garaian zenbait tokitan menia moduko bat adostu dute eta elkarrekin aritu dira solasean eta kantuan, janaria ere elkarri eman diote, adiskidantza hau ez du begi onez ikusten Eskualduna-k. Bestalde, zaurituak nola hartatzen dituzten agertzen digu kazetak, zer gisako antolamendua duten ezarri horiek atenditzeko. Jean Saint Pierrek, lehen eskutik, frantsesez konfesatu den euskaldun baten testigantza dakarkigu, "herenegun kofesatua niz, bainan frantsesez. Etzaut iduri batere egina nizela». Bestalde soldaduei manatu berri dieten baselina oinetarako baino kandelak egiteko ibili omen dituzte euskaldunek. Aspaldi ez genuen Kirikiñoren berri, aste honetakoan, Batxik Glasgow hiritik berritu dizkionak pausatu eta xalo-xalo Batekotown-go The Gizurting Herald izparringiko berri bat itzuli digu, nonbait, Alemanek Konstantinopoliko atsoen eta txakurren arkakuxo azkarrak erabili omen dituzte errusiar soldaduen kontra.

 

 

BI BAKEAK

 

      Aspaldi berandetsiak ditugun bi bake balauzku ekartzen 1915eko urthe berri hunek heldu den urthatsera gabe! Ba eta lehenago ere, ahal balitz!

      Iraganaren azken bortz hilabethe hauk bezen hits edo hitsago behar baditugu ikusi eta jasan bertze bortz, hamar, hamabi, Jainkoak gituela urrikari.

      Hartaratu gabe zauku agian urrikalduko! Ja zonbat eri, kolpatu eta hil! Zonbat alharguntsa gazte, zonbat umezurtz, etxeko besorik, bururik beharrenez gabetuak? Sekulan gehiago ez baitute ikusiko hainbertze haurrek beren aita; hainbertze emaztek beren senharra!

      Ah! ba, luze baitoa ororentzat, eta guziz azkarkienik joak direnentzat, gerla hau hola! Jada zoin luze, zoin odol edale, zoin gizon bizi eta hil iresle!

      Noiz arle hau hola? Noiz dugu ikusiko bakea? Hain behar, hain nahitu bakea, noiz? Eta zer ez jasanik oraino arte huntan?

      Eta bigarren bakea —ez alemanarekilakoa,— bainan gutartekoa, Frantzian frantsesek frantsesekin gozatzea ordu ginuken bake hura bertze edozoin bake bezen beharra, Frantziaren onetan, hemengo bereko bake hura noiz?

 

* * *

 

      Horra hor, adixkideak, den gutieneko zentzurik, jendetasunik, eta bihotzik, eta bururik Frantzia dohakabe huntan duenarentzat, bi gogoeta serios eta zinezkoen geia.

      Non dire ordean gogoeta on egileak? Zoin gure tokietan oro zer ari gira? Zertaz mintzo elgarrekin? Gerla huni buruz oraidanik, eta hunen ondotik geroari, hemen gutarteko bizi berriari buruz, orhoit girea deusez? Eta zer dugu othe gogoan? Zer urriki bakotxak bere hobenez? Eta zer xede gerlatik lekhorako eginbidez?

      Dazkitzuen zer guziez hemen orai —ba orai ba—bakotxa bere baithan ez sartzekotz, noiz bada gira sarthuko? Ala sekulan ez othe?...

      Galde latz horier ihardestea Jainkoari doako. Ba guri ere.

 

* * *

 

      Noiz arte beraz alemanarekilako gerla hau? Bakea noiz? Oro mintzo gira,... eta hortaz oro bardintsu jakintsun. Alabainan nork nahuzue hori jakitea xuxen? Eta bitxi dena, nahiz ez den bakarrik oraikoa, ez eta huntakoa xoilki, deus baino gutiago dakitenak dituzu, bar-bar-bar erasian ari, orotako itsuenak mundu guziaren argitzale.

      Dakiguna da, itxura guzien arabera, luze iraunen duela. Nondik ez alabainan? Indar gaitzean zen hastetik alemana, urtheak zituela, bethi eta bethi gerla hau gogoan, huni buruz lanean ari, eta nola?....

      Jendetze gaitza ere ba: gutaz hurbil doblea.

      Bere buruaz hartua ere ba itsutuki; Indarra baino are handiago urgulua.

      Hoik oro garhaiturik amor emanarazi dioguneko guk Alemaniari, urak bide eginen du, non ez den Jainkoa guretzat hobe agertzen guk merezi baino. Nola eta noiz? Berak daki.

 

* * *

 

     Alemanarekilako bakea baino eskukoago ginuke guhauren arteko bakea, nahi baginu frantses guziek elgarrekin bat egin. Nola gira orai, gerlaren hastetik hunat, salbu bihotz gabe buru gaixto zonbeit, elgarrentzat haurride on batzu bezalakatuak, hola-hola jarraikitzea baginuke aski.

     Aski, orhoitzea, gerla denboran zoin laket zen, zoin gozo, soldadoak gerlan, gu bertzeak, hemen, herritarki bizitzea, utzirik bazterrerat ohiko etsaigo, herra, hoztasun, jazarkunde guziak.

      Agian, agian orhoituko gira oro egun hautako batasunaz! Agian iraunen du gerla ondoan ere hunek! Gehiago dena irautea baino, azkartuz, bihotzetan erroak barnago eginez joanen da bake hau agian.

      Gerlan elgar harturik, maithaturik elgar behin bethikotz, jinen zauzku gerlatik, hilak han utzi eta biziak elgarri atxikiago. Ba balinba!

      Gizonago, gizon zuhurrago, norapeit onthurik, hobeturik itzuliko dire 1914-1915eko soldadoak sarri zoin beren herriretarat.

      Etzauzuea iduri hola izanen dela? Zertako bertzenaz, adixkideak, oraiko bake hau, ez balu iraun behar?

      Alemanarekilako bakea on izanen da, erranaren arabera: «apart eta akort». Bertzelako da izanen agian frantsesen arteko bakea. Hemen gutartean batek bertzea garhaitzeko orde, zertako ez egin orok elgarrekin bat, onez onean?

      Bake hura litake, hura on eta eder!

      Alta hura bertzea baino eskuanago dugu. Guk ez beraz bi gerla hastio tzar hoik elgarri estekaturik, ithoko! Ez bi bakeak aldiz, bakotxak bere eta orok ororen onetan, besarkatuko, dirautela biek menderen mende!...

 

 

 

Berriak egunka

 

      Egunka ba bethi: ez ordean ehunka. Xuhur dire aiphatzea doakotenak, ez emaitekotz kazetan egun guziez berri berak edo bertsuak, bethi toki beretakoak.

      Hiri eta herri, eta herrixka izen batzu bertzalde nehor ezin hurbilduzkoak, badire Frantzia behere hartan... Areagokoak, Beljikano, aleman eta ruso izen batzu!.... Begietan luneten eta ahoan hortzen haustekoak! Nork gogoan har eta atxik ere izen hoitarik batzu: Aspach, Carspach, Lombaertzyde, Mesnil-les-Hurlus, Sarykamisch eta holako hamar bat dotzena izen kakola!...

      Funtsera eta, izen itsusionak urrunera dire itsusi edo ikas gaixto. Tokikoeri ontsa zaizkote oro. — Ez baginu izenez bertze griñarik!...

      Ezta erraiteko baizik, sobera xehetasun emaitea gure irakurtzaleri, zuentzat eta guretzat denboraren galtzea lakikegula.

      Goazin ahalik hobekiena; tokika ez ditakenian, bederen egunka.

 

Asteart, abendoaren 28an

      Herri bat hartu dugu Beljikan; Alsacen, bertze bat. Gure gizon xori airez aire dabiltzanak ere ez daude alier; batek Sarrebourg herriko aldean burdinbide puska bat andeatu diote alemaneri; bertze batek aireplan egiteko atherbe bati su eman dio, gain behera, bombes batzu aurdikiz, Metz-eko hirian.

 

Astezken, 30ean

     Beljikan, Argonnen, Alsacen, etsaiak zazpi ahal guziak eginak ere, zehe bat lur ezin ereman dauku, eta guk pozi batzu hartu diozkagu, hoberenetarik.

     Erran nahi, bethi aitzinatuz goazila.

      Rusoek omen dute lan, bainan ez dire lotsa. Geldituxeak egonik han-hemenka zonbeit egunez, orotan gaina hartuz doazi, azken egun hautan.

      Jauzi haudirik ez, hastean bezala; urhatsa labur, bainan segur. Hartzen ari, guk bezala, iduriz, etsaiaren ara guziak!

 

Ortzegun, 30ean

      Argonen, eta Meuse et Moselle bi ur handien artean aitzinatu gira.

      Itsas hegitik Aisne ur handiraino urhats guti, guti harrabots, salbu han hemenka entzuten artilleriaren burrunba.

      Reims-eko aldean bi lurpeko erreka jauz-arazi dauzku etsaiak, bainan gero gibelerat egin behar izan du.

 

Ortzirale, Urtharrilaren 1an

      Lurrez eta airez lanak emaiten diozkagu Metz-eko hiriari. Gure artillurek lan ona deramate han gaindi.

      Etsaiak tokitan berrogoi bat metre aitzinaturik, irabazi guzia galdu du, gure artilleria ezin garhaituz.

      Arratsean gaina ginuen.

      Angleseri Formidable deithu itsas untzia urak iretsi diote. Zaharra zen. Halere bat gutiago.

      Ordainez rusoek garhaitu dituzte alemanak gudu handixko batean.

 

Larunbat, 2an

      Izigarriko euri uharrak Parisen. Atzo Anglesek galdu itsas-untzi Formidable zelakoak zauzkan gizonetarik 70 bat mariñel bizirik athera dire. Gehientxoak hil eiki.

      Rusoek alemanak beren hatzean dauzkate. Bi ur haundiren artean tente, gizon haniz gal arazten diotela, kolpatu, hil eta presuner.

      Frantziak, Rusiak, Angleterrak, Beljikak eta Serbiak, elgarri «urthe on» igorri diote, garhaitzeko esperantza handia erakutsiz batzuek bertzeri.

      Italia ere ari da bere armadaren preparatzen, gutaratzeko primaderan. Omen tu ja 350.000 gizon gerlari lotzeko prest.

      Ongi, bainan ez goizegi; ororen bebarra izanen baita.

 

Igande 3an

      La Boisellen aitzinatu gira kilometre erdi batez; gure soldadoak lanean ari ziren toki bati kanoi ukaldika epherik ez baitzuen etsaiak, zagola nunbeit erhautsi diozkate beren tresneria guziak gure mitraillurek.

      Alsacen, Altkircheko garatik han harat burdin-bide puska bat xehakatu diotegu.

      Euri eia ixtil sobera dugu, lan onik egiteko. Halere ez gira uko egitekotan.

 

Astelehen, 4an

      Berri guti da, gerlarienik, aro gaixto hau delakotz. Nork norat egin urhats bat, egun eta gau gure soldado gaizoak intharen erdian direlarik bizi?

      Bizkitartean oraino bethi aitzinatuz goazi. Zerbeit da, halere, hein hau baitaukagu, lotsatu gabe. Gu baino lotsatuagoak ez othe diren alemanak gaude.

      Iragan asteko berrien arabera hartzen ditugun presunerek baitiote, janak eta oro xuhurtzen hasiak dituztela; soldadoek baino xuhurtzenago erresuma barnean zibilek; gezurrez neke baita luzara triparen bethetzea.

 

 

 

ZERTAKO?

 

      Badakizuen soldado frantsesak eta alamanak, hainiz tokitan, beren erreka ziloekin, elgarretarik hurbil bizi direla. Ezen erreka hoitan maiz batzu bertzeen ganik hogoi-ta-hamar edo berrogoi urhatsetan aurkitzen dire.

      Hola errexki mintzatzen ahal dire elgarri, eta maiz mintzatzen ere dire. Gehienetan Alamanak hasten dire lehenik; galdetzen ere dute maiz elgarrataratzea bi erreken artean elgarrekin solastatzeko deskantsuan.

      Zertako bada hori? Ez dakit batere. Nik dakitana da, han ibili diren eta ezagutzen ditudan soldado zenbeitek erranik, hori hola dela. Huna hoitarik batek zer zaukun erraiten.

 

      Baziren bi erreken artean Alaman zonbeit hilak eta ja usaintzen hasiak. Haizeak usaina alaman erreken alderat zeraman. Soldado Alamanek, beren errekatik, galdetzen diote Frantseseri, eia utziko dituzten, tirorik gabe, hil hoien ehorzterat, ezin jasanezko usain tzar bat heldu baitzaiote.

      Frantsesek ihardesten diote baietz eta orduan, baitakite fida ditekela hoien hitzari, ilkitzen dire beren ziloetarik andana on bat, eta laster ehorzten dituzte hilak.

      Lana egin ondoan, erraiten diote soldado frantseseri, hek ere ilki diten deskantsuki beren erreketarik, solas zenbeiten elgarrekin egiteko. Ezen Alaman hainitzek ba omen dakite frantsesez mintzatzen.

      Hurbileko soldado frantsesak ilki zizren; eta horra non diren Frantses eta Alaman, bi erreken artean, elgarrekin, batere etsai ez balire bezala. Elgarri zerbeit emaiten diote, ola jateko ala pipatzeko; eta gero, eskuak ukitu ondoan, sartzen dire bakotxa bere errekan. Hanbat gaixtoago orai norbeitek burua errekatik kanpo agertzen badu; tiro batek nekez huts eginen du.

      Bertze ezagun baten ganik ere jakina naiz, nola Alamanek galdtua izan zen behin bertzen lagun batzuekin bi erreken artean heiekin solastatzerat.

      Biharamunekotz ere hitzemana zuten hola eginen zutela. Bainan aitzindari nausi batek jakin zuen eta debekatu. Beraz oihu egin behar izan zioten ez ziten ilki beren errekatik, ez bazuten tiroz joak izan nahi.

      Eguerri gauean ere, utzi dituzte, zenbeit tokitan, soldadoak bi erreken arterat etortzerat beren Eguerriko kantuen kantatzeko.

      Aitzindari nausiek manatu dute tiro egitea hola agertzen diren Alaman guzieri.

      Zertako dabiltza hola Alaman soldado hoiek gurekin mintzatu nahiz? Jateko eske othe? Uste izan dut hastean eta galdetu diot han hola ikusi dituen norbeiti. Hunek ihardetsi daut ez zaiola iduritzen.

      Alamanek, mintzatzerat etorri zitzaiztenean, ekarri zioten haragia, untzi hetsietan beiratzen dena. Eta Frantsesek, ordainez hoiek ere zerbeit eman nahiz, eman ziozkaten xardinak untzietan beiratuak.

      Beraz Alamanek bertze xederik dukete, eta, segur, xede onik ez batere. Badakizue nola, gerla hunen aitzinean, ibiliak diren Frantzian bazterren antolatzen heien armadak hemen sartuko zirenenkotz, orai bakarrik ohartu garen bezala.

      Itxura guzien arabera, orai ere jukutria tzar zerbeit badukete. Horra zertako gure aitzindari nausiek ez duten nahi gure soldadoek utz detzaten Alamanak hurbiltzerat solasean aritzeko.

      Ongi hori.

 

 

 

GERLAN ZAURTUAK

 

      Huna nola diren lekutzen. Trinxeretan erori ta ahal bezain laster baderamatzate, besotik lagunduz edo etzanik, kilometra bat gibelxago, nun baitago erreximenduko mediku nausia, bere mediku lagun, bere karrosa eta bere sendagailuekin.

      Erreximendua hiru zathitan baita, zathi bakotxari jarraikitzen zako erreka gordegietaraino mediku-gei ixtudiant bat, infirmer eta brankardier zonbaitekin (hiru orotarat), eratxikia ere zakolarik mediku bat; bainan hau ardurenik gibelean dago erreximenduko mediku nausiarekin.

      Hau bere lauzpabortz kidekin dagon tokia deitzen da frantsesez poste de secours. Behar orduko badauka buruzagiak menean mutil andanaño bat, beren tresna, eskorga ala oihalezko angailekin, aitzinean direnen lauzkatzeko. Ekarriak zaizkoten zaurtuen ikertzea baizik ez dute medikuak, eta berriz lotzea. Pakar batzuetan haatik, odola burrustan darion zain baten estekatzea behartzen zaiote, edo zauri batzuen urratuz zabaltzea, hobeki garbitzea gatik.

      Eta baitezpada operazione beharretan diren hek? Heldu zaizkote berehala heier bilhariak, karrosa eta otomobiletan, bortz kilometra gibelxago deramatzatenak, hemen baita hôpital d’évacuation deithua. Oihalezko aterbe batzu, zonbait aldiz etxe kalamastra edo etxeska batzuekin sahetsean. Hunat jarraikitzen ere zaizkote, hurrikixago, arinki kolpatuak izan diren guziak. Heldu dira oinez, brankarretan, karrosetan, ahal bezala.

      Bi erreximenduetako kolpatu guziak leku bererat elgarretaratzen dira.

      Berexkunde bat egiten da orai. Lehenik baztertuz azkarkienik hunkiak izan direnak. Hok han berean operatzen dituzte.

      Guti gelditzen da zorigaitzez bizirik. Bakar batzuen salbatzea ere bada zerbait. Gehixago egiten ohi da orai, denik ere, han ezarriz geroztik hiri tarroetako ospitaletan trebatzen ohi diren xirurjiano, meskaradura itsusienen arthatzen usatuak. Hastapenean tropetako medikuek, usain eskasez, etzezaketen burutziarik egin. Usaiaz bertzerik ere behar da; egia erran: barne on.

      Handizki kolpatu izana gatik urrunxago joan dituzkenak, badaramatzate berrogoi ta hamar kilometraz gibelxagoko hiri zonbaitetarat, hemen baitira heientzat ospitale bereziak. Ospitale hotan ere, duela bizpahiru hilabethe izendatu zituzten, tropetako medikuen kontseilatzeko eta orozbat laguntzeko, hiri handietako xirurjiano trebatuenetarik zonbait.

      Piaia luzesko bat jasan dezaketen kolpatuak, aldiz, sartzen dituzte treinetan, barrea ditela, lehen gara handian norat jakinik, Frantzia barneko lau mila eta sei ehun ospitalerat.

      Zaurtuak hiru andanetan ezarriak izan diren bezala, halaber dira ezarriak zerbait gaitz etsaiari hurbil bildu ukan duten guziak; batzu handik hurran egoki, erdi etsituak, bertzeak guti edo aski urrun doazila.

      Hastapen hartan hanitz mintzo ziren kazetak trains sanitaires direlakoez, kolpatu guziak etzanik zeramaztela alde orotarat. Aspalditik osatuak ere zituzten delako treinak… paperean. 170 ibili beharrak ziren Frantzian harat hunat, bakotxak zortzi ehun kolpatutaraino ereman zezaketenak berrogoi bat bagonetan.

      Bainan nehor gutik du ikusi trein hetarik: hamar bat izan dira gorenaz, zerbitzuan ezarri ahal ukan dituztenak. Heien barneko berri zakien gizon arras guti zen; zakiten bakarrek ere harritzeko denbora emaiten zuten hango ohetan eriak ezin kokatuz. Abereer eratxiki ohiak diren bagonetan zituzten igorri etzanik, bainan lastoaren gainean, ezinbertzez, lehen tupustada izigarri hartako eriak medikuek, eta bide guzian beren gain.

      Ondar bizpahiru hilabethe hotan hobeki joan dira gauzak; piaianten treinetan dabiltza soldado gaizoak, dela kolpatu, dela eri, batzu etzanik ohetan, bertzeak erdi luzaturik bizkarrez banketen gainean, gehienak jarririk. Infirmier, mediku, potikario, jan edan eta erremedio behar arau emaile, jarraikitzen zaizkotela.

      Gara ñimiñoez garaitiko guzietan,  ephea den ber, jauts ditazke edo galdegin dezakete sokorri zerbait. Han dituzte oihu egin orduko, dames de la Croix-Rouge direlakoak, familia hoberenetako eta gehienak giristinoenetako andere batzu.

      Jan edan, sendagailu, lothura, elhe on, begitarte gozo, ez da han deusen eskasik. Gara bakotxak badu erien lotzeko barne berezia, herri batzuetan hain ontsa antolatua eta hainbertze puskaz nun operazionerik handienak egiten ahal baititazke. Badu ere ardura barne bat ohe andanaño batekin, soldadorik akituenak han geldi diten, gerthatzen bada; gero hiri hartako ospitaletarat eremanak izaiteko.

      Gozagune eta sokorri hoik guziak, oro Croix Rouge deithu bilkuko jaun andereen sakelari esker.

      Kolpatuez bezenbatean, nahi zinukete orobat jakin zer bilhakatzen diren beren osasunean. Huna: hunkituetarik hamarretarik bat biltzen da, biga guti edo aski ezindurik baratzen, zazpi sendatzen arrunt, goiz edo berant.

      Medikuetarik aldiz, bi mila eta bortz ehun omen baitziren lehen lerroan, hiruetan hogoi ta zonbait hilak izan dira, eta berrehun bat kolpatuak. Han ziren guziek itzuli behar dute egun hotan gibelerat; gibelean zaudenak doazela hoien ordain. Trukada bat ezin gehiago zuzena.

 

 

 

Gerlako Berrixkak

 

      Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerlan, soldado frantses batek kantatu zuen eguberri gauean, xutik, alamaneri buruz, pesta hortako kantu airos bat. Utzi zuten etsaiek, azken kobla eman artio: ixildu zenean, tiroz garbitu zuten berehala, eta lurrerat erori zen, hil gogor.

 

      Eguberri gaua ginuen bada. Gain batean, harrokan ehortziak, alamanak hor ditugu, hurbil hurbila. Frantsesak beheraxago, harrobi zilho handi batean gordeak, pausuan; bospasei metro harri bi etsaien artean. Guardiako gizonak lerro lerro beren erreketan, begi beharriak erne.

      Betbetan, alamanek oihu egiten dute frantseseri: «Kamarad! Eguberri dugu! Athera zuen zilhoetarik deskantsuan! Egin dezagun guziek kantu!»

      Frantsesak jali dire. Harroka gainean, alamanak hasi dire kantuz, frantsesez: «Minuit, chrétiens, c'est l'heure solennelle!»

      Frantsesak irriz. «Egizue bada gurekin kantu, diote alamanek. Zertako ez duzue kantatzen?» Eta hek aintzina beren kantuari, akordeon batekin.

      Kantua bururatu dutenean, oihu egin dute berriz: «Sar laster zuen zilhoetarat!».

      Saguak bezen zalhu, frantsesak zoin bere tokietan kokatu dire.

      Ordu berean tiroak firrindan iragan dire frantsesen gainez gain.

      Eskualdun hanitzek entzun dituzte kantu hek. Tokia ere xuxen erranen dute geroxago.

 

      Handik ezkerrago, gau guzia kantu errepikan eraman dute alamanek, musika txar batzuekin.

      Frantsesek zenbeit tiro gainerat igortzen ziozkaten artetan. Eta heiek arrapostu frantsesez: «Salauds de Français!»

 

GAUERDI-KO MEZA

      Ez da egundaino ikusi hoinbertze meza, toki hautan, eguberri gauean.

      Hanitz kofesio eta komunione. Ez da baitezpada eliza beharrik hortako. Oxtian aiphu nuen harrobi zilhoan ere bazen gauerdiko meza. Bertze etxe zahar batzuetan ere, etsaiaren sudurretik hurbil. Oro ezin bil alabainan, nahi den tokirat.

      Beharrena bazen orotan, othoitz kartsua. Sei, zazpi urthe huntan erlisioneko urhatsak utziak zituzten batzu mahain saindurat hurbildu dire...

 

ESKUALDUN KANTIKAK

      Eskualdunari eliza kantua egundainotik lakhet zaio. Bizpalau erreximendutan eskualdun hanitz bada hemen gaindi. Errepika ederrik egiten dute zenbeitek zeremonietan.

      Eguberriko kantuak ere igorri dauzkigute, Hazparneko misionestek. Milesker igortzaleari!

      Biharamun goizean Mendiondo Lekorneko xantreak emaiten zituen airoski nunbeit, ehun bat eskualdunekin.

 

ESKUARAZ-KO KOFESIOA

      Zoin zautzue hoberenik, eskuarazko ala frantsesezko kofesioa? Eguberri ondoko igande goizean, soldado eskualdun bat heldu da kofesatzerat, entzunik apez eskualdun batekin ukanen zituela bere aferak.

      «Ori Jauna, herenegun kofesatua niz, bainan frantsesez. Etzaut iduri batere egina nizela».

 

ERRIENT BATEN LIBURUA

      Errient gazte bat bada hemendik hurbil soldado aintzindari. Liburu ttipi bat berekin dauka beti. Egun oroz zenbeit lerro bederen irakurtzen ditu, lokhartu aintzinean.

      Zer othe du liburutto hori? Jesu Kristoren imitazionea.

      Egun hautarik batez, jaun gazte horren konpainiaren kontra alamanek egin dute indar gaitza. Kapitainak eta oro harrituak, ez jakin norat itzul. Handik ez urrun, bazen aintzindari bat, apeza. «Zoazte norbeit apez horren bilha, dio kapitainak. Xahu gira. Zoazte bada laster, egin dezan othoitz bat, latin edo nahi duena, zerbeit.» Erna bada hortik!

      Errient gazteak ordu berean bere liburu ttipia eskuetan harturik, kapitulu bat irakurtzen dio kapitainari, ezti eztia.

      Anhartean soldadoak ari ziren beren lanari, jo eta jo, eta alaman guziak ihesi...

      Errient hori ez da eskualduna, bainan ez da urrungoa ere.

 

ESKUALDUN SOLDADOA

      Aintzindari bati galdegiten zuen egun hautan eskualdun batek: «Zer diozu bada gure herritarrez? Zer soldado dira? —Hautak! Konfientzia osoa dugu heien baitan. Gerlako lanari jarriak dire nor nahi baino hobeki; bertzalde iraunkor, osagarri onekoak. Barneko lanetan ere trebe; zopa egile hoberenak eta garbienak. Ori, zato ikusterat. Ene zaldizaina eta kozinera biak eskualdunak ditut!»

 

ZANGOETAKO HOTZA

      Zangoetako hotza partida dugu biziki. Hanitzek jaunzten dituzte bi galtzerdi pare; lehenik kotoinezkoa eta gero gainetik lenazkoa. Zapetak aski handi direnean, ez da halakorik. Bertzalde zangoen gogortzeko eman berria daukute bere gisako urin bat, «vaseline» delako hartarik.

      Eguberri biharamunean jiten zaut soldado bat. «Errazu, baduzu oraino "vaseline" hartarik? —Zer, berriz! Herenegun ukanak dituzue hamasei kilo, zuen erreximenduko! —Ba, bainan zer nahuzu? Erre dugu guzia! —Erre? nola mirakulu? —Ori, mitxa batekin xarmanteko argiak egin ditugu eguberri gaueko. Ez zaukuten errana, zertako ginuen, eta orai kolonela sudur hixtu handitan dugu!»

 

LABORARI TRAIDOREA

      Alamanek bazter guzietan bazituzten beren gizonetarik, dirutan erosiak. Ororen berri bazakiten, guk baino hobeki.

      Hemen berean, gudu erdi erdian, laborari etxe bat bazen alamanen eta gure artean, gizon zahar bat han bizi bakarrik.

      Egun guziez brigadier frantses bat sartzen ikusten zuten etxe hortan. Bertzalde, alamanen bolborak etxe hori bethi xutik uzten, bertzeak ez bezala.

      Azkenean gizon zaharrak tripan zer daukan ikusi dute frantsesek. Gure saltzen ari zen. Brigadier frantses hura alaman aintzindari bat zen, frantses arropan.

      Gizon traidorea herriko plazan tiroz garbitu dute hamabi soldadok. Hamabi balak bihotzean zituen, erdiz erdi.

      Etxean atzeman daizkote bi mila eta zazpi ehun libera.

 

EGUR ZAMA

      Eskualdun batekin ari nintzen atzo solasean, gerlako ixtorio. «Egurrik baduzue zuen alderdi hortan? —Bai oihan bat badugu hurbil. Ez da haatik beti toki goxoa. Orai, duela zenbeit egun, egur zama bat bizkarrean heldu ginelarik, betbetan hasi zaizkigu beren "obus" debruekin, karraskan. Zilho batean sarthu niz zalhu. —Eta egur zama? —Egur zama? Ferafutro igorri, eta arrosorioak hartu!»

      Gerla tokitik, Abendoaren 28an.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

Guillaume-ren krima

 

      Egun zortzi erran dugu, oiaiko gerla huntan Alemania handiak etsairik iraunkorrena, zailena, irets gaitzena duela ukan hastetik hunat, ba eta ukanen behin eta behin, Beljika ttipia. Erran dugu nola hori, eta zertako.

      Alemanian bereziki nor da Beljikari buruz hobendunenik? Gillaume Enperadorea. Ez hobendunena bakarrik, bainan krima hortaz guziaz bera hobendun.

      Bertze asko abrekeria badoazke aitzindari tzar baten edo bertzeren gain; edo soldado xoil jendetasunaren usainik gabeko zonbeiten.

      Bainan Beljika ttipiari, bera den baino ahulagoari jazartze hori, Jainko lege, gizon lege, guziak ostikatuz, bere hitzak eta oro zangopean emanez, hori Guillaumeren beraren krima da; berea du, ez bertze nehorena.

      Alta ez dugu, ez duzue nehork oraino gerla huntan ikusi krima handiagorik, ez eta horren heinekorik. Oroz gainekoa da hori; ez banazka, bainan hori bera alde batetik, bertzetik bertzeak oro eman, handiago da hori bera, guziak batean baino.

      Behinik behin, guzien hastapena da. Lehen etsenplu, zitaken etsenplurik tzarrena; horrek ditu bertzeak ekarri.

      Eta nor dela kausa? Enperadorea, Guillaume bera, bera bakarrik, eta ez bertze nehor.

      Xede hortako balinbaziren ere bertzeak, hari zoakon azken hitzaren erraitea.

      Erran du: «Goazin, Beljika leher, ostika, xeha, suntsi, erhauts, nahiz dutan nihaurek hitzemana, ene izena berme, ez dulala holakorik eginen, ez eta nehori utziko egitera!».

      Mirakulu izanen da krima hori ez bazaio ederki gostatzen Guillaumeri, ba eta haren jendekia guziari.

      Holako egitate bat aski du edo zoin gizonek, sekulan bururik ezin altxatuzko heineraino erortzeko bertze gizonen begietan.

      Are gehiago Enperadore batek, bertzen buruzagi eta model behar litakenak.

      Bertzeak bertze, horrek dio emanen azken uztarra, gerla hunen hastetik ja lehena, gaixtoena eman zion bezala. Merezi!

 

 

 

ZER ETA ZER

 

 GURE BERRIAK

      Gerlan hemendik urrun aspaldixkoan bizi diren Eskualdun batzu omen dire, aste oroz, begiak xuriturik dagozinak alde hautako berrien beha.

      Ezta dudarik, orok ez bada, gehientsuek zoin beren familietako berriak ukaiten dituztela etxekoetarik bainan berentto hetaz bertzalde, laket lukete, hala diote bederen, eta errexki sinesteko da, Eskual herriko berri zonbeiten ikastea ere: nola den bizi hemengo jendea gizonik gabe edo hoin gizon gutirekin; non zer den gerthatu, hek harat joanez geroz eta hots, bake denboran, oraino hemen zirelarik, irakurtzea bethi atsegin zuten berriak jakin gose eta egarri direla.

     Urrunago joan —bereziki gerlarat— eta han, gau eta egun, hemengo goiti-behieitiak gogoanago bizi, eta gutizia handiago dute, eskas minago, gudu artetan, beren oren hutsen bethetzeko lur zilo hetan, hemengo berriz.

     Eman dezala bakotxak bere burua gure gaizo herritarren plazan!

 

* * *

 

      Ahal guziaren egitera gaude, —eta gogotik oraino!— gure herritar eskualdun gerlan direneri hemengo berrien hel arazteko. Badakigu hanitzi etxetik igortzen diotela Eskualduna.

      Hanitzi ja guhaurek ere, galdegin daukutelakotz, heltzen diotegu hemendik beretik xuxen, eta ez oro toki berekoeri, lagunek laguneri presta dezaten, ahalaz orotarat heda diten berriak.

      Gehiago ere bihotz onez egin ginezake, jakitera norat igor xuxen eta nori buruz, eta zonbat. Mintza.

 

* * *

 

      Kazetaren barreatzea baino lanago baita ordean, berrien biltzea.

      Gerlako berri aski ez ginuela emaiten, ginituen batzu iragan egun hoitan errangura. Horra non dituzuen zonbeit aste huntan heintto bat nasaiki, eta ez biphiatuak, ... irauten ahal badaukute formitzalek.

      Orai berriz hemengo, Eskual herriko barri galdez ari zauzku garbatia hor harat joan gaizoak?

      Besotara bat astean igor ginezokete, ... baginu zer igor. Non ditugu ordean herrietarik Eskualdun-erat nongo nahiko berrien heltzaleak.

      Oro kasik, guziz hoberenak, lanari jarraikienak, gerlan ditugu eta; hek hemengoak han ere, langile kartsuak, berenari baino atxikiagoak bertzen onari, bertzen atseginari, zuenari, gure irakurtzale maiteak.

      Milesker dezotegun oihu egin, zuek eta guk. Lan sari mehea da milesker hutsa. Zonbatetarik ez duzue zeren hura ere igurik zinezko, bihotzetikakoa?

      Solas hunek norbeiti pindarño bat pitz balezo sahets hexurren barneko aldean, esker ginioke, arimaz egia!

      Berriak ez ditzazkegu lantegi huntan egin; are gutiago gitazke, makila bat eskuan, herriz herri aste guzia ibil nondik zer bilduko dugun.

      Zer berri igor? dautazue erranen. Han urrun bazinete, jakitea laket zinuketenak. Bakezko berri hanitz; gerlazko hisiazko, gaixtakeriazko ahalik gutiena.

      Hetarik aski badugu Alemaniatik.

 

 

 

Baxenabarre

 

 SUESKUNE

      Frantsesak sarthu ziren Alsacen gerlaren lehen egunetan eta gibelerat eta aintzinerat itzulika frango ibili ondoan badaukate eta atxikiren ere bai probentzia hartarik zathi bat.

      Han gerlan ari den baten ganik izan ditigun zenbait xehetasun jin bezala Etxekuer izkiiiatzen zuen abenduaren 16an.

      «Hemen berri bertsiak. Egun hotan lekhu berean giaudexu, ez gibelerat, ez aitzinerat, batzu besteen beldurrez. Bultaka kanoiak ari dituxu.

      »Egun Alemanek erre diauxie kanoiez etxe bat. Harrapatu tixie barnian bospasei kolpatu, hamar brankardier eta Majorra ere bazela zioxie.

      »Hemengo jendek trahitzen gitixie. Ez ditakexu erran hemengo jende zibilek zer buria duten. Orai haatik ezagutiak dituxu.

      »Gauaz eta egunaz ari zituxun gure etsaien abertitzen. Guziak, gizon ala emazte; seinalatzen zitixien espresek maxina batzuz. Han gogoratzen ez zeienik ez duxu araiz.

      »Orai biltzen dituxu harrapatiak. Bi egunez badiuxu batere espanturik gabe, hiruetan hogoi bat bildurik.

     »Orai lanak behar ditixie ikhusi.

      »Urrikari tixit gisa batez, bainan mehexi dixie.

      »Badituxu bakhar batzu Prusiano hutsak. Ez ditixie frantseesak ikhusten ahal begien bixtan. Bainan ez baitute deus egiten ahal.

      »Harmaz ez dituxu gu bezenbat; Hastean artilleriaz gu baino azkarrago zituxun. Gure artilleriak baino irrunago heltzen zizien heien kanoiek. Baitiuxu guk ere aski urrun igorleak.

 

 

 

Ziberoan

 

 SANTA-GRAZI

      Elichal-Laxette, soldado odol bizikua, bere büria untsa ezagüt erazi diana, etsaiarekilanko gora beheretan, hil izan da destortüz. Bi treñek algar jo die, eta Laxette gure adiskidiaren semiak han heriotzia hatzeman dü. Bere gehien eta lagünek uhuriak ükhen dütü gizen leial da lehen gerlari bezala. Haren aita amer igorteu dütügü, gainti batetik gure felizitazionak, eta bestetik gure dolorezko, orhitzapenak.

 

(Kirikiño)

 

1915-01-03

 

Ingalandako izpar batzuk

 

      Atzo itz egin neban Glasgowtik etorriko itxasgizon bategaz, ta emen ipiñiko dautsuedaz beragandik jakin nebazan izpar batzuk.

      Aspaldi onetan mutil asko ta asko gudari sartzen ei dira. Ustea da udabarrirako Ingalandak izango dituala bi milloi izkilludun.

      Glasgow urian egunero izena emoten dabenak, aldran jarrita egiten ei dabe kalerik-kale edo biribilketa bat, zaratxistu edo gaitak joten. Biaramonean gudaljantziaz ikusten dira.

      Gudari sartze onek lanerako besoak urritu ei dauz askotxu. Ta egundo bada oraintxe da ba beso-bearra Ingalandan, bertako ola guztiak iñoz baiño lan geiago dauke ta. Gudakia edo gudarako gauzea egiten diñardue olarik geienak. Langillea ondo sariztatzen dabe: egunean zazpi ta zortzi shilling (bederatzitik amar laurlekora) edonok irabazten ei dauz.

      Langille edo beargiña poz-pozik artuko leukiela ei dagoz.

      Gaur ez dago alperrik iñor Ingalandako uri andietan. Zuri guztiei diñotsie agintariak: «Zelan bizi zara? Errentarik ez dozu? Orduan, edo lanari eldu, edo artu izkillua ta gudara, emen ez da bear alpertzarrik».

      Garbikaldi ederra izan dau Ingalandak guda onegaz.

      Salerostea edo komertzioa iñoz baiño geiago ei dabil. Itxasontzien sartu-urtena ikaragarria ei da ango portuetan.

      Eta itandu geuntson ia arriskurik ez dagoan an ibilteko, ta erantzun eban ezetz, Ingalandako bazterrean beintzat ez dagoala arrisku andirik, itxaso guztia ia estalduta gudontzi jagolez aukitzen dala ta. Oneek ondo zaintzen dabela itxasoa, miñarik edo badago arrapau ta kendu, ta salostontziei bidea erakusteko.

      Gabaz, atxurra ondora bota ta geldi egon eragiten dautsiela, ta onetantxe dagoala arrisku piskat, ba atxurraren katea ausiko balitz itxasoa zerbait bizi egonik, itxasertzetako argiak piztu barik dagozala ta ontzia joan leitekela leku txarrera.

      Auxe da gitxi gorabera entzun neutsona itxasgizon zintzo abertzale onari.

 

 

1915-01-07

 

Europara begira

 

Biotza ta zentzuna

gudan dira bearrago

izkilluak baiño

 

 

      Lotazilla 19, eguna baiño len.

      Urduri dabil batera ta bestera Von der Astarmann, doixtar jeneral sutsua, bere gudatxabolaren aurrean. Esku biak ipurdi gaiñean alkartuta, okotza paparrean sartuta, bere bibote erbi-buztanak lakoxeak diranak astin-astin dauzala, bekokiaren erdian goitik bera tximur sakona daukola, begirakunea berantza... oldozketa andian diñardu.

      Otzaratchoff izena dauan menditxotik ezin dauz atara errusitarrak. Amaika bidar, batean egunez bestean gabaz, joan jake ganera Astarmann bere gudamutil ertsuakaz, ezin. Beti atzera egin bear menditxuaren goiko zelaira igoteko dagoan aldapan, berau biguna izan arren. Beti ernai ta gertu ta zur idoroten dauz errusitar zindoak. Nok areei eskua ezarri? Ta ezarri bear! Kaiserrak agindu dau ta ak agindu ezkero, Otzaratchoffeko goiuneak asko esan gura dau gudeari antz ona emoteko alde aretan.

      Badabil ibilli Astarmann bere garunak urtu bearrez oldoztearen oldozteaz... Alako baten, dapa! egiten dau ikoti bat, eta deadar estutxua jaurtiten dau, kendu jako bekokiko tximurra, arteztu dau burua, begirakunea argitu jako, txalo gogor bat joten dau.

      Badatorkio ondoko bat, eta oni dagintso urrutizkiñez esateko bereala Estado Mayorrari ingitxo baten berak emongo dautsona. Badamotso, ta ondoko ori badoa. Andik lastertxe bigurtzen da berau, ta taketa letxe gogor-gogor Astarmannen aurrean jarrita diño: Estado Mayorrak diño etzidamuko emen izango dala eskatu dozuna.

      Erbi-buztanai astinaldi bat esku biekaz eraginda, «ondo jagok» darantzutso jeneralak.

 

      Lotazila 19, goiz-erdia.

      Konstantinopoliko Ate Gurenean (Sublime Puerta) artu da urrutizkin-izparra. Berealaxe sumatzen dira tirrin-otsak, geznarien (mensajero) joan-etorri iradukorrak, sartu-urten eta zalaparta andia. Zer ete da?

 

      Lotazilla 19, eguartea.

      Konstantinopolitik Itxaso Baltz alderantz urtenda Bosforo ertzetan dagozan sasitzetan atso pillo andi bat dabil urduri urduri arkakuxoak arrapetan, bai eurak aldean darabillezanak, eta bai euren artean ikusi daikezan txakur zar askorenak. Jakiña da Konstantinopoli dala txakur-erria, ta beraz, arkakuxo-erria.

      Ez uste arkakuxook arrapau ta, klask! erpuruetako atzazkal artean ler-eragiten dautsiela, ez. Tututxu luzenga batzuetan sartzen ditue bizirik, eta bete daitenean tutua, ziri txiki bategaz ondo itxi, ta bertan burdi batzukaz dagozan Gobernuaren otseiñei emon.

      Lana sendo egin dabe atsook, eta arratsaldeko iruretako, arkakuxo burkada batzuk daroiez Ate Gurenera. Andik geltokira, ta bultzi-burdi bitan (vagoe) sartu ditue tutu guztiok, eta laurak jota gerotxuago, tximistea lez durt (urteten da) bultzi edo trena Europa alderantz.

 

      Lotazilla 20, goizaldean.

      Bulgariko Lon-Palanka deritxon urira eldu da bultzia, an arkakuxo zama ori urez Ostereitxera bidaltzeko Danauba ibai anditik. Lon-Palankako agintariak ezbai dagoz zer egin ez dakiela zamaki onegaz, aurrera laga edo gelditu erazo, gudaz-atako da Bulgari laterria ta. Eztandakia baiño gaizkarriagoa diño zameak daroan ingi azalgaiak. Puska baten zalantzan egonda, erabagi dabe aurrera joaten iztea, lagiak ezer ez diñoelako arkakuxoetzaz, baita bildur samar be badiralako zama ain gaizkarria euren artean eukiten.

      Badaroe ba arkakuxo-zamea gasmil-txanela andietan Danauba gora Osterreitz alderantz.

 

      Lotazilla 21, illuntzea.

      Eldu da Otzaratchoffera arkakuxo-bultzia. Eguerdi-ostean eldu dira iru edo lau bultzi batanbedar usaintsuz bete-beterik, Danauba-aldeko errekastoetan batu ta ekarrita; zabaldu ditue eurok doixtarren lubagi guztietan.

      Gautu ta gero, errusitarren aldera jaurtiten ditue tuturik erdiak, idigita. Urteten dira arkakuxoak gosez amurratuta, asten dira jaikika (saltoka) ikaragarriro, ta guztiak artzen dabe bidea errusitarrakana, doixtarren aldera sumetan dabelako batan-usain zorrotza.

      Eltzen dira errusitar gixajoekana ta eltzen dautsie oneei. Zer izan zan an, Jaungoiko laztana! Iñok ezin izan eban arterik artu gau guztian. Lo egin barik eta larriro ikusi eben gudamutillok egunaren zabaltzea. Doixtarrak, ostera, ederto lo eginda bizkor-bizkor egozan. Von der Astarmannek agindu eban abiada bat egiteko arerioekana, baiña ez goiune a artzeko, errusitarrai atsedena galerazoteko baiño. Egun guztian ekin eutsien gogortxo.

      Gaba eldu danean, enparau tutuak jaurti datiez.

 

      Lotazilla 23, goiza.

      Egun au argitu zanean, errusitarrak ezetako be etziran gauza. Indarge, aul, loguraz ta gosez jausteko asko bear ez ebela aurkitzen ziran gixajoak, egun bian lo barik egonaz ganera, jateko astirik ez gurarik ez eben izan, beti azka ta azka.

      Orduan Astarmann bere gudamutillekaz sartu jaken su ta gar aldapan gora, ta txirikillan betu ebazan, eta artu eban Otzaratchoffeko mendi-gana.

      Bereala bidaldu eutson Kaiserri gezna bat: «Berorren Aunditasunak agindu eban lez, Otzaratchoffeko goia geurea da. Goiune au artuko eben gudarientzat agindutako Burdiñezko Gurutzea, Konstantinopoliko atsoen eta txakurren arkakuxo azkarrak irabazi dabe».

 

* * *

 

      Otzaratchoff-irabazkundearen edesti au ez da gero emen asmau dogun guzurra. Edesti ori euskeraldu dogu Batekotowngo izparringi entzute andiko The Gizurting Herald deritxonetik. Beronengana jo ba, patatea dala uste badozue. Guk euskeraldu dogu ta argitaldu, egi-antz andia daukolako.