Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-01-01: Harrabotsak ez du hiltzen

      Ahulena omen da azkarrena, gisa horretan nahi du Eskualduna-k goratu Belgikak gerran erakutsi kuraia. Anitz diru ari dira gastatzen gerraren kari, eta kazetaria dirua nondik? galderari erantzuten ahalegintzen da. Zergak ez omen dituzte goitituko, baina nola lortu gerra sustengatzeko behar den dirutza?  “Ithurri ttipiak bilhakatuz itsaso” dugu Frantziako Gobernutik eman duten arrapostua. Jean Saint Pierrek kolpatu, preso edota hil diren soldaduen berri ematen digu. Gerra hasi zenez geroztik 489.733 soldado frantses dira kolpatuak, gainera gehienak sendatzen omen dira eta “arras guti” dira hilak, 12.144. Frontean zortziehun metro zilo erreka irabazi omen dituzte aliatuek, eta alemanen azantza handia bada ere, harrabotsak ez duela hiltzen gaztigatzen digute, “nahi dugunean xehatuko ditugu” esatera ausartu da berriemaileak. Bestalde, sukar ustelaren kontrako txertoa jarri omen diete euskaldunak diren ejerzitoko soldaduei. Euskaldunak eguberriaren prestaketan omen ziloetan.

 

 

Ahulena azkarren

 

      Gerla huntan Alemanak hanitz etsai badituela badakizue: frantses, ruso, belgikano, angles, serbiano, horra hor berean bortz etsai, agerikoak; batzu bertzen ondotik gerlari lothuak; bakotxa beretzat eta oro elgarrentzat atxikimenduz.

      Bertze zonbat, oraino geldirik daudenak, batzu ja mintzo eztikixago edo azkarkixago, gure alde, alemanaren kontra; padararen goait egoki, edo primaderaren beha, gurekin bat egiteko azkenerat orok, ororen etsai ezin jasana lehertu arte?

      Hala nola baitagozi Balkans direlako populu gerlatiar fier hetarik fierrenak; ba eta, itxura guzien arabera, Italia bera ere.

      Eta zoin othe du Alemaniak etsai hoitarik beretzat gaixtoena? Kalte gehienik ja egin diona, egiten oraino, eta bururaino eginen... Zoin?

      Zoin du, zuen ustez, gerla buntan orotarik etsaiena? Azken funtsera eta, guzietarik azkarrena, zuen ustez, adixkideak, zoin?

      Ahoan bilorik gabe, ba eta den gutieneko duda-mudarik gabe, dautzuet erranen, gogoak emaiten dautan bezala, nehor ez aphalduz ez eta ez Frantziari, ez Angleterrari, ez eta Rusia handiari beren merezimenduak, beren indar gaitzak ez mendratuz orotarik azkarrena, zailena, iraunkorrena, ezin garhaituena dutela hor, hastetik hunat, eta ukanen bururaino, ba eta gero ere behingo azkarren, ahulena, Beljika.

 

* * *

 

      Nolaz hori eta zertako? Zeren egundainokoa baita, oro zangopean ezarri nahi dituenari gutienik itxura lukenak emaitea kolperik gaixtoena.

      Edo ahulen harek berak ez badio hiltzerainoko puska eremaiten ausikian bertzeak oro halako errabian baitzaizko lothuren alde orotarik, non itho artean ez baitiote barkatuko, zeren den bera baino biziki ahulagoari jazarri.

 

      Bere heintsukoari, edo azkarragoari has dakiola bat joka, zuzenez dabilan ala zuzen kontra, ez dire hain kexu, bederen behin, bazterretik so dagozinak; behatuko ere askotan ez diote.

      Bera baino hanitzez ttipiagoari, ahulagoari, nola gizon bat emazte bati, haur bati oldar bekio hilka, laster han ditu aitzinean etsai etzituenak eta oro: bere onetan utz dezala emazte hura, haur hura, ahul hura geldirik.

      Uzten ez badu, onez onean, edo bertzen beldurrez, utz-araziko diote bortxaz, nahi bezen azkar bera izanik ere.

      Ez utzi nahiz, hil baleza, zorigaitz hari! Bere biziaz edo nolazpeit garrazki pekatuko du bere abrekeria.

      Ahulak du, edo dute ahularen alde jarriko direnek garhaituko azkarra.

 

* * *

 

      Ahul hura emazue bertzalde osoki bere zuzenean dela; maiz hala da ere. Burutik behar luke ukan, hanitz azkarragoari atxiki nahi lioken ahulak. Gertha ditake: halere bakan duzue ikusiko.

      Bainan hau dut erran nahi: ahuleziak eta zuzenak luzara indar gehiago dutela, den etsairik azkarrenak baino, zeren, goiz edo berant, deus onik direnak alde baitituzte.

      Beljika duelakotz Alemaniak zangopean ostikatu, zuzen kontra, du gerla huntan jazarria Angleterra; halaber Serbia ttipiari oldarturik du Otrixiak etsai Rusia.

      «Zorigaitz ahuleri» errana da.

      Gizontasunarentzat ohoreago da, ba eta nehork uste baino maizago da ere egia: «Zorigaitz orotan orotaz nausi daukanari bethi bakarrik indarra. Ahul zuzenaren aldi ere bada noiztenka. Ba balinba izanen ere, behinik behin oraiko buntan!

 

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, abendoaren 22an

      Alemaneri hartu diotegu hamabortzehun metre lur zilatu erreka hetarik.

      Hiru, lau alditaraino jazarri zauzku Carency, Bangy, Lihons deithu herrietan; hiruetan ukho egin behar izan dute.

      Souain deithu herrian baionet ukaldika ezin garhaitu ditugu; heiek ere ez gu.

      Argonne mendietarik Meuse ur handirainoko arlean, alanbrezko hesi batzu hautsirik, jabetu gira zilo erreka sail batez.

      Hartua gure atxik, aitzina bethi, hurriki bada hurriki.

      Parisen deputatuen bilkuran Viviani ministro buruzagiak irakurtu du mintzaldi bat, ernearen ernez orori erakustekoa: ez girela oraikotik alemanen beldur. Irakurtze bera du egin zenaturren aitzinean Briand ministroak.

 

Astezken 23ean

      Aitzinatuz goazi, bereziki Argonne-ko aldean; oihan bat, etxe zonbeit eta mendixka bat guretu ditugu.

      Anglesen laguntzarekin herri bat ereman diotegu alemaneri, Givenchg-les La Bassée deithua.

      Gure artilleria ez dago han alfer egonik.

      Bana bertze, zortzi ehun metre zilo erreka irabazirik; bertzalde mitrailleuses eta gizon zonbeit preso. Zalaparta onik erabili dauku etsaiak; oro alferretan.

 

Ortzegun 24an

      Erreka sail zonbeit oraino ere hartu diogu etsaiari. Itsas hegitik La Lys urera, guti bada guti, aitzinatu gira, nahiz tiroa tiroari zarraikon, gu izitu nahiz.

      Beljikanoek beren ahal guziaz laguntzen gituzte, Yser ur handiaren eskuineko aldean.

      Gurekin bezala Rusoekin beren bolbora eta denbora gal deramatzate alemanek.

 

Ortzirale, 25ean

      Zonbeit urhats bethi aitzinatuz egiten ditugu; gibelerat gutiago edo batere ez. Gure artilleriak etsaiarena iziturik dauka.

      Etsaiari aitzineko egunetan hartu gaina badaukagu, barutik buru, osorik; emendatuz oraino tokilan.

      Argonne eta Meuse artean, elhur xuri eta anho, heltz deusen ikusteko, biak kontra ditugularik, puskaz aitzinatu gira; bi kilometrez hurbil, bana bertze.

      Italia Turkiarekin kitzikan hasia da. Nekez du luzatuko zinez lotzea gerlari gure alde.

 

Larunbat, 26an

      Larruaren barnean ez dauzke alemanak zeren egun guziez, muturrean joka, gibelerat egin arazten diotegun. Mendekatzeko, kanoi handiez hel ahala urrun, ari zauzku hiri batzueri tiroka; bereziki gerlakotzat harmatuak ez diren hirieri.

      Hamaseian 14 obus botatu dituzte Nancy-ko hiriaren gainera; bi gizon, soldado ere etzirenak, hilik eta bizpahiru etxe guti edo aski andeatu. Zer on dukete hortarik, dlren bezalako abre tzarrek? Onik deus ez. Gaizki egiteko atsegina.

      Orhoituko gira sarrixago Alemaniarat sartzearekin. Ez dute zeren orduan besoak zerurat altxa, oihuz: «Kamarades, amis!»

      Orai danik ere merezi bezala balinbadituzte zonbeit gaztigatzen gure soldadoek, hanbat gaixtoago. Gu gure lurrean eta Beljikan, Rusoak berenean, ongi goazi.

      Etsaiak urgluz, beraz, mendekioz, itsuskeria gehiago egin, eta garrazkiago da izanen punitua ororen buruan.

 

Igande 27an

      Itsasoaren eta Lys ur handiaren artean ezti-eztia gaude, artetan kanoi ukaldi bat edo bertze igorriz elgarri.

      Aisne eta Champagne-ko aldean, kexuxago artilleria. Indar handiak eginik dago etsaia, guk edeki ildo errekak berriz beretu nahiz. Alferretan.

      Bertzalde berrehun metre zilo edeki diozkagu, eta bertze batzu huts-arazi, nahiz oraino ez giren heien barnerat guhaur berehala sarthu. Agian bihar!

      Rusoek behar ukan dute utzi etsaia hirixka batez jabetzera. Galtze ttipia omen, laster ahantziko dena.

 

Astelehen, 28an

      Dakizuena, badire itsas-untziak eta ba airekoak. Airez ala urez ibiltzeko bardin on direnak ere badirela ez bazinakiten, huna beren izenarekin. Deitzen dire hydravions.

      Halako zazpik —anglesenak baitziren— aleman hiri leihor bat, Cuxhaven deithua, kanoi ukaldika urrunera joz, andeatuxe dute. Aleman aireko xoriek ahalak egin dituzte, suntsitu nahiz; bainan debaldetan. Anglesaz trufatu nahi zela iduri baitzuen hastean, alemanak, trufa bedi, trufa.

      Ageriko, nork duen azkenik irri eginen.

 

 

 

DIRUA NUNDIK

 

      Azken hilabethe hotako gastuei beha egon ondoan, gobernamenduak ikusi du arren: urthe berri huntako lehen sei hilabethek xahutuko daizkotela zortzi miliar eta erdi.

      Usaian, urthe osoak baderamazko, engoitik dakizuen bezala, bortz miliar hurbil. Heldu baita, beraz, aurthengo urthe erdiak eremanen dakola hiru edo lau miliar ohiko urthe osoak baino.

      Hortarik juja zazue zer despendio ikharagarriak dakarzan gerla hunek. Gerlako ministroak berak aithortu du: egun bakotx behartzen zaizkola hogoi ta hamar miliun, erran nahi baita hogoi ta hamar aldiz hamar ehun mila libera. Ez da sos bat!

      Aitzineko urthe hoitan ja zergez nekatuak baikinabiltzan, beldurtu da jendea Frantzian aurthen etzutenez behar ondarra lehertu. Ez da zorionez deus holakorik izanen. Hala hitzemaiten daukute, eta hala agituko ere da. Huna zendako.

      Lehenbizikorik, usaiako zergek berek emanen dakote zerbait gobernamenduari. Ez bertze urthetan bezenbat, nahi baduzue, bainan bortz miliarretarik bederen hiru. Komerzioak eta industriak huts handia ekarriko dakote aurthen, bai eta ere aduanak; ez bizkitartean zonbaitek uste zuten bezalakoa.

      Bigarrenekorik, badakizue gobernamenduak saltzen dituela nun nahi, intres handitan, Bons de la Défense Nationale deitu titulu batzu. Hatzemaiten du geroago gehiago erosle: hitzeman du ezen berriki, titulu hoitarik hiru hilabethetatarik goitikoak gibelerat hartuko dituela gosta prezioan nori nahi, nahi duelarik, ordu artio zoakoten intres poxiak bakarrik mozkinduz.

      Diru beharretan gertha ditazkenentzat ez baitu horrek guti balio.

      Hirugarrenekorik, Banque de France deithu banko lehena garaitikoaren atzinatzeko gei agertu zako. Gei, huna nola.

      Badakizue nola banko horri doakon billets de banque delakoen egitea eta hedatzea. Egiten ditu eta hedatzen, bainan heien ordaina edo nunbait han, urre eta xilar, bethi bere sotoetan atxikiz.

     Urre eta zilar hori gehiena mokorretan baitauka, monedatutik berex, den bezala begiratuko du behar ordu handi handietako.

     Bainan hanitzez emendatuko du gobernamenduaren onetan bere ontasuna, ala paper ala metale, ezkontatik. Frantziako banko ttipi guziak diru beharretan kausitzen baitira, galde guziei ezin ihardetsiz, Banque de France delakoari beharko daizkote heldu beren tituluak; hunek dirutuko deiezte, ausikiño bat beretako beiratuz, hori baita ezkonta.

      Erran gabe doa diru prestamu bakotxa ez duela onhartuko ephe labur batentzat baizik, moneda ausarki bethi eskuetan berak atxikitzea gutik.

      Halaber lothuko zeie negoziant eta industriarier. Beren treta ala xekak dirutzekotz, banko buruzagiari beharko zaizko batzu ala bertzeak eskatu, aldi bakotx bustiño bat utziz.

      Ororen zimendu eta erro itxuraz: Banque de France.

      Funtsera-ta, laborari ttipiek pagatuko dituzte aurthen ohiko zergak; laborari ontsa direnek eta gainerateko moltsa gori dunek erosiko dituzte gobernamenduko tituluak; negoziant eta industriariek, aldiz, banko ttipien arartekoz beren soberakinetik apur bat ixuriko dute banko Nausiaren diruntzirat. Holaxe bilduko dira, aurthengo lehen sei hilabethentzat, nehori minik egin gabe, zortzi miliar eta erdi: ... ithurri ttipiak bilhakatuz itsaso.

      Izaitez, aiphatu banko nausia ez da izanen ararteko baizik eta berme, gobernamenduaren alderat.

      Bainan, gerla ondoan? Nork itzuliko dako Banque de France delakoari, orai aitzinatua ukanen duen dirutze gaitza? — Gobernamenduak. — Eta gobernamenduak nundik bilduko du hainbertze diru? — Xo! Goizegi zauku oraino hortaz mintzatzeko.

      Agian Alemaniako leihorrek emanen daukute ahurtara zonbait, luzara bederen. Garaitikoa beldurra dut laborari tlipi eta larriek, industriari eta negoziantek dutela beharko sakelaren zola zolatik athera.

      Zerga emendio ala mailegu, ikusiko dugu orduan orotarik.

 

 

 

Gerla

 

                1

Ez gare guti hemen persuez gozatu,

Hain ederki denean jauntto bat mintzatu.

Zahartu, bainan guti hargatik zentzatu,

Gogoz gazte dagonak nahi du jostatu.

 

                2

Nor ere baita horko koplen egilea,

Norat nahi jo dezan, badaki bidea.

Ago, hi, hor lurrean, hegalik gabea.

Neurthitzaletan zoin duk hoi baino hobea?

 

                3

Erran baizik ez dauku, hau baita lazgarri,

Nola diren gureak erreketan jarri.

Bethi han egoitea zoin den etsigarri.

Galtzeko hirriskuan, hil hotz berdin sarri.

 

                4

Bost, sei haurren jabea, behar tokikoa.

Zoin nekez den urruntzen, bihotzean joa!

Umek oihuz amari «Aita norat doa?

Nigarrez eta hipaz, uzten du xokoa.»

 

                5

Egun guziez bada hil eta kolpatu.

Nola jakin, laguna zer den bilhakatu?

Esposari diote nunbeitik salatu,

Berri hits bat hor gaindi dela barreatu.

 

                6

Nork erran zoin den handi haren bihotzmina?

Zorrozki sarthu zaio arrantze samina!

Azken orena denetz harendako jina,

Grinatua dabila, laster desegina.

 

                7

Ostatuko berriak nor nahik badazki,

Gordetzeko hobeak zonbait egiazki.

Orai bat ez zinuke mintzo denik gaizki.

Zer goxoa herrian, agian luzazki.

 

                8

Espantu balin bazen plazan lehenago,

Ez zinio bat entzun kantuz gehiago.

Soinulari pollita, nun haiz? Ixil hago.

Dantzak utzirik behin ez duk kalteago.

 

                9

Zer dik, hik, Etxahun? eta, hik, Otxalde!

Nehondik ez duk aiphu norbait zuen alde.

Egin othe tutzue persuak debalde?

Jakin nahian, gaituk hitzño baten galde.

 

                10

Erne bezain biphila frantses soldadoa,

Etsai guzien gatik aitzina badoa.

Surat hurbilduz geroz zonbat den beroa,

Nolaz ez duke noizpait beretzat geroa?

 

                11

Gerlan trebatuz geroz, bego ezkualduna.

Nork ez du maitatuko holako laguna?

Jasankorra bertzalde, zainhart, bihozduna,

Nausiak mana dezon hara edo huna.

 

 

 

GURE SOLDADO KOLPATUAK

 

      Gure soldadoetarik zenbat hil othe dire gerlaren hastetik hunat? Hori ez dakigu batere, ez baitute agertu.

      Zenbat othe dagode preso Alamanian? Galde horri ere ez dezakegu ihardets, nehork ez baitu deus xehetasunik eman hortaz.

      Bainan kolpatuez badakigu zerbeit, hoitaz arta duen aitzindari nausia mintzatu baita deputatu zenbeiten aitzinean. Zer erran du bada?

      Gerlak hasia dela baditu bortz hilabethe. Jaun hori mintzatu da bakarrik bi hilabethe eta erdiz kolpatuak izan direnez. Eta bi hilabethe eta erdi hoiek doazi buruilaren erditik hazilaren ondarreraino. Aboztuko eta buruilaren lehen egunetako kolpatuez ez da aipurik. Zertako? Ez dakit; naski, zeren orduko kolpatuetarik gehienak Alamanen eskuetan gelditu baitziren. Eta behar zen izan andana bat ona.

      Goraxago aipatu dutan jauna mintzatu da, Frantziako eritegietan buruilaren hamabortzetik hazilaren hogoi-ta-hamarreraino artatuak izan diren frantses soldado kolpatuez. Ez zakien oraino xuxen, zenbat ziren abendo huntakoak.

      Beraz, buruilaren hamabortzetik hazilaren hogoi-tahamarreraino artatuak izan dire Frantziako eritegietan, lau ehun lauetan hogoi-ta-bederatzi mila zazpi ehun eta hogoi-ta-hamahiru (489.733) soldado frantses.

      Hoitarik gehienak, berrehun eta berrogoi-ta hamar mila (250.000) baino gehiago, sendatuak, berriz surat joanak dire. Badire ehun eta hogoi bat mila (120.000) laster joanen direnak, hoik ere orai sendatuak baitire. Gelditzen dire ditegietan oraino hiruetan hogoi bat mila (60.000) ja sendatuxeak. Hoik guzietarik zazpi milako bat egorri dituzte beren etxeetarat, ez direlakotz gehiago on soldado izaiteko.

      Eta zenbat dire hil beren kolpetarik? Arras guti: hamabi mila eta ehun eta berrogoi-ta-bortz (12.144). Heldu da ehunarentzat bia eta erdi ez arras.

      Orai arterainoko gerletan ez bide da behinere ikusi kolpatuetarik hoin guti hiltzen. Zertarik da hori?

      Erraiten dute Alamanen balek zilo ttikia egiten dutela gorputzean, eta beraz senda errexa, non ez duten buruan edo bihotzean jotzen. Hori hola dela ez dut ukatu nahi; bainan, ene arabera bada bertzerik ere. Eta bertze hori da kolpatueri emanak zaizkoten arta onak, bereziki oraiko medikuen jakitatea.

      Nor da entzun ez duenik mintzatzen oraiko medikuek egiten dituzten balentria egiazkoez? Zenbat gaitz eta kolpe ez dute sendatzen, lehenago ezin sendatuak zirenak! Ikusten dute gorputzaren barnean, kanpoan bezen ongi; badakite beraz non den makurra eta zer den. Orduan idekitzen dute gorputza, eta barne hortan, beharraren arabera, edo garbitzen edo kentzen edo emaiten edo aldatzen. Gero beren lana egin ondoan, berriz hesten dute denmendren zikinik edo kutsurik utzi gabe.

      Holakoak hoin maiz egiten dire zenbeit urthe hautan, non herririk ttikienetan baita nor edo nor, hola ibilia izan dena eta hola sendatua. Ezen berriz ere diot, gehienak sendatzen direla. Aski goiz ohartzen bada gaitzari eta lana egiten, guti hiltzen dire hortarik.

      Beraz ez da dudarik, oraiko kolpe berekin lehenago hainitz gehiago hilen zela. Gure medikuetarik artexenak soldado kolpatuen artatzen ari dire hoien eritegietan; jaun hoieri esker zenbat ez dire bizirik beiratuko! Milesker handi bat merezi dute Frantses guzien ganik.

 

 

 

Gerlarien berri

 

 

Abendoaren 15ean

      Adixkide maitea,

      Lau hilabethe eta erdi, gerlan girela. Ordu da naski begi kolpe batez ikus dezagun zer bide dugun eginik. Erhotzen niz erraiten dautazularik bethi hein berean gaudela. Ezagun duzu etxean gelditua zirela, eta ez dituzula hiru zapeta pare higatu abostutik hunat.

      Orai artio gauza guti erran dautzut biziki. Ez ginen haizu. Berriki gobernamenduak berak agerian ezarri ditu xehetasun zenbeit gure armaden harat hunatez. Erran nahi gorria bainuen, baliatzen niz lehen bai lehen.

      Beraz agorrilean sarthu ginen batzu Belgikan, bertzeak Lorrainako eta Alsaceko lurretan.

      Eskualdun gehienak Belgikan, lehenik Frantzia iguzki partean egonik. Hogoian igorri ginintuzten treinez Belgikako mugetarat, eta sarthu ginen eskualde hortan kantuz eta irrintzinaka.

      Gure eskuinean bazen jadanik armada handi bat, gu baino lehen sarthua. Gure ezkerrean anglesak ginintuen.

      Juan ginen Charleroi hirirat buruz. Hogoi-ta hiruan alemanak ikusi lehen aldikotz. Izigarriko nonbrea zen, bethi heldu, gure eskuineko armada ja zafraturik; guk nahi eta ez gibelerat egin ginuen, eskuinaren parrean gelditzeko; gudu gaitza izan zen igande hortan.

      Biharamunean gure ezkerrean entzun ginuen berriz kanoien azantza bat gaitza. Anglesen aldi zen. Ez zuten atxiki. Orok betan gibelerat egin ginuen, deus ere bidean utzi gabe, egun guziez ihardokiz alemanari.

      Ondoko larunbatean gelditu ginen bidean, behar ginintuela bolta bat bederen baratu. Goizean, gure oldarrak harriturik, alemanek gibelerat egin zuten. Bainan ez ginuen gizonik aski eta arratsaldean gaina hartu zaukuten berriz; dena den larunbat harek salbatu ginintuen; bertzenaz gainean ginintuen bethi, berrogoi-ta bortz kilometro egunean egiten zituztela.

      Pariserat buruz ari ziren bere ustez. Pariseko ondorat heldu ginen buruilaren bortzean. Biharamunean oro itzuli karraskan alemaneri buruz: bortz armada, lerro lerro, bian gure ezkerrean, bia gure eskuinean, gu erdian. Ezkerreko armada frantsesak egin zuen lan gaitza. Anglesek ere ba; guk hiru edo lau egunez igorri ginintuen zalhu Marne delako ur handian barna han harat, jin bidez: gure eskuineko bi armadak ere azkarki aintzinatu ziren, Chalons delako hirian barna, bethi goiti, Argonne deitzen den leku oihantsu hartaraino.

      Alemanak han gelditu ziren, oihanetan. Gure aintzinean berriz gelditu ziren gain batzuetan, Reims hiritik goraxago.

      Han izan ziren gudu bortitzak, bereziki Craonne herrian. Herri horren beherean kokatu ginen.

      Harritua nago nola ginuen han zenbeit egunez atxiki, ez ginelarik oraino lurpean; etsaiak bazter guziak xehatzen zituelarik tiroka ta kanoi ukaldika.

      Aintzindariek ikusi zuten laster, ez zitekela han gaindi iragan, gizon hanitz galdu gabe.

      Orduan entseatu ziren, gure ezkerretik armada bat igorriz zalhu gorago, alemanak atzeman nahiz itzulian gibeletik. Ba, bainan alemanak ohartu ziren laster, eta gu baino zalhuago ipharralderat abiatu, itsasorat buruz.

      Bigarren armada bat igorri ginuen goiti; gero hirugarren bat, Belgikako mugetarat. Azkenean anglesak ere harat juan ziren gure aldetik.

      Han izan ziren hazilean gudu izigarri batzu.

      Alemanek gizonak aurdikitzen zituzten milaka, itsas leihorra jo nahiz, Angleterrako parrean. Ehun mila soldadoz goiti galdu zituzten bainan sekulan ez iragan; gure gizonak beti han baitzauden harroka bezen tente.

      Geroztik bethi beheiti ari dire. Ipharretik hasirik Alsace zolaraino ez dezakete deus egin gehiago. Gure kanoi handiak ere nausitzen ari zaizkote. Halako guti ginuelako arrengura zen lehen egunetan; orai badugu leherra; bazter guzietan ez dugu bertzerik entzuten, heien orro beltza baizik.

      Han hemenka egun oroz gaina hartzen dugu. Lorrainako lurrean sarthuak gira berriz, lehen egunetan bezala; Alsaceko herri andana bat berriz hartuak ditugu; Mulhouse hiria, jada bi aldiz gerla huntan gure eskuetan ukhana duguna, berriz laster guretuko dugu, eta atxikiko.

      Lehen aldietan sobera laster jokatu ginen, gure gibelean bidea gerizatu gabe, indar handi bati buru egiteko.

      Eskualdun andana bat bada han ere «Chasseurs Alpins»: alemanek osoki begietan dituzte, debru beltzak deitzen dituztela: «Debru Beltzak».

      Ikusten duzu lau hilabethe hauk ontsa betheak direla. Bethi azkartuz joan gira, eta orai ikusten dugu nahi dugunean xehatuko ditugula.

      Artilleriaz bazter guziak estaliak ditugu; kanoi ttipiak ixilduxeak dire, bainan geroko ari gira heien hazkurria bil eta bil, metaka. Zer azantzak entzun behar diren, berriz hasiko direnean burrunban!

      Kurajez ere nausi gira. Alemanek diote frantsesa bezalako soldadorik ez dela.

      Zer erranen dute gure zilhoetarik atherako girenean zinez, Alemaniarat buruz abiatzeko?

      Noizko egun hura? Menturaz bihar berean. Ez dakit. Dathorla lehenbailehen!

S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

Abendoaren 18an

      Orentto bat ezin berexiz zuretako, zer nahi ikusia nago aste huntan. Lan ttipiz petaxatzen dautet eguna burutik buru, eta aratsetan argia gero ta xuhurrago. Bertzalde lagun alegerak nehun balin bada; haro, kantu eta dantza. Hitz dautzut ez dutela buruko min handirik. Funtsean ederki egiten dute, ez baitire behar ilhuntzerat utzi bihotzak.

      Barda lokhartzerat nindohan goxo goxoa ene lasto poxiaren gainean, makhila batekin hartziturik ohea. Bazuen guritzearen beharra. Ene aldeko laguna jada zurrungan hasia, ez baita higitzen etzanez geroz, Hartzamendia baino gehiago.

      Bertze aldean garratoin tzar bat, kirri kirri, hortzen xorroxten ari zerbeiti buruz. Arats guzietakoa du; tenor batzuetan du egiten bere afarittoa. Makhil ukaldiez eta orotaz futitzen.

      Hanbertzenarekin kanoi handiak ere orroaz hasi zaizku gain horietan. Birazka ari dire, azkarki, kolpea kolpearen gainerat: "Brum! brum!" han harat, alemanak lurpean ehortzirik dauden tokietarat. Nahiz egun oroz azantza horren berri ja badakigun, uste nuen zerbeit entsegu handiren abiadura ginuela. Ez nintuen aspaldian entzun holako hatsean. Bolta baten buruan gelditu ziren; bazterrak ixildu, eta ni ametsetan sarthu.

 

      Goiz huntan hasi dire berriz. Heien aldi da zonbeit egun huntan. Gure eskualdean, Soissons hiritik hasirik eskuin, Reims hirian gaindi, Argonneko oihanetaraino, kanoi handiek dute egiten orai lan gehiena.

      Etsaiak toki hautan, dakizun bezala, berak nahi bezalako egoitzak atzeman ditu. Aintzinetik bazakien arras ontsa leku hoien berri, eta zer parada lurrak berak emanen zioen, luzaz ihardokitzeko. Oihan, erreka, patar xut, mendixka, harrobi zilho orotaz baliatu, eta denboraren buruan bazter guziak lanthuz azkartu ditu.

      Zer egin? Hastapenean entseatu gira alde bat edo bertze zenbeit urhatsez aintzinatzera. Lan dorpea da biziki; egiaren erraiteko den bezala, ezin eginezko lana, orai artio ginintuen indarrekin.

      Bainan kanoi handiek orai egun guziez etsaiaren lana han edo hemen funditzen dute. Dituen kanoi handietarik asko xehatzen, inguruko lurra harrotzen, buluzten, zilhokatzen izigarriki; han dauden gizoneri atherbe hoberenak porroskatzen; ezin egonaren bortxaz tokia husten du azkenean; eta gisa hortan bethi kitzikatua daukagu urruneraino, ez dezan ukan gehiago deskantsurik guri kalte egiteko bere tresna debruekin.

      Artilleriako aintzindariek badute zer egin. Gain batzuetan gorderik, bi begiak erne, norat jo behar den ikusteko; gero mana xuxen, hein onean. Batzuetan etsaiek ere gure berri jakinik, herrausten dauzkigute zonbeit gizon. Hala nola duela hamar bat egun artilleriako kapitain bat; gero biharamunean kolonel bat, hil dauzkute, heien harat hunateri beha zaudelarik. Biak ehortzi ditugu ohore handitan.

      Bainan ez diogu, ez, etsaiari zorrik gudu horietan. Bethi kasik gaina dugu. Guk bezenbat harrabots egiten dute: guk baino gehiago ere, nahi baduzu. Bainan harrabotsak ez du hiltzen.

      Lehen zilhoetan dauden gizonek ikus dezakete, noiztenka, zer desmasiak dituen egiten gure artilleriak alemanen apean. Zango besoak airean berexiak ikus detzazkete, gorphutzak porroskatuak, eta entzuten ere dituzte zilho heien barnetik oihu lazgarri batzu, gizon kolpatuen deiadarrak.

 

      Dena den, abantail ttipia daukat hori, nun ez duen luzarat etsaia lotsatzen. Lotsatuko othe da? Ene iduriko ez da hartan oraino.

      Soldado gehienek uste dute indar handi bat laster eginen dugula. Artilleriako tresnek lehenik etsaiak daukan eremua burrustaka zafratuko dutela zonbeit orenez, jo eta jo, bazter guzietarat, eta gero infanteriaren aldi, à la baionette!

      Baditake. Bainan nola bil bolborazko zer hetarik aski, eremu guziko erauntsi baten pare lau, bortz ehun kilometreren luzetasunean bazterren zapatzeko gisan.

      Bertzalde, etsaia bere zilhoetan balin badago, nola joan à la baionette, tiroka gainerat ari zautzularik toki seguretik, eta bereziki burdinezko edo alanbrezko sare batzuen barnetik iragan behar delarik.

 

      Hoik oro gogoan derabilzkate gure aintzindariek. Hortako dire hoin luzakor, eta ez da oraino ageri zeri lothuko diren. Nunbeit egin beharko dugu indar handi bat, bainan nun othe?

      Hanitzen ustea da hegaletan, edo hegal batean bakarrik eginen dela delako indarra, menturaz Alsace-ko eskualdean, jada ordoki handi batetarat helduak baigira bazter hartan.

 

      Anhartean bethi bizi bera deramagu, iragan astean erran bezalatsu.

      Aro hitsa, euri eta lohi. Hotz handirik ez. Neguak bere aldia egin behar du eta baduke oraino sudur hixtu gaixtoagorik.

      Bizkitartean osasun ona dugu gure armadan. Gure ezkerrean dagon armadak galdu du gizon asko sukhar ustelarekin. Guk arras guti. Harritzeko da funtsean zoin eri handi guti dugun.

      Kolpatu bat edo bertze, artetan; gero ta gutiago, bere buruari bakotxak kasu egiten baitu.

      Egun hautan xerto berri bat egin daukute, sukhar ustelaren kontrakoa, holetan. Xertatzaile batek ekharri zaizkidan arats batez ene ezagun zonbeiten berriak.

      Galdatu nion ez othe zuen oraino bertzerik ikusi. «Bai, Chiquito ere ikusi diat. Erran zautak ibilia dela toki gaixto batean, mandatu batekin; alemaneri bonbak... xixterarekin aurdikitzen dituela, eta orai berriz krako handi batekin alemanen burdin hariak atzemanik beren phaldoekin herrestan bereganatzen dituela. —To, entzuna nian, pilotan ari zela bonbekin, artillur batek erranik. Bainan ez nakian oraino armarekin ari zela burdin hari arraintzan".

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

Abendoaren 22an

      Xandela lepho luze bat erosi berria nago. Bortz sos gostaia dut. Balia bagineza lehenbailehen sagueri utzi gabe?...

      Goazen beraz bi hitz.

      Eguberri dugu holetan etzidamu. Goiz huntan gogoeta nindagon supazterrean, zango muthurren berotzen ari, dupinari so. Betbetan sartzen zauku ene ezagun xahar bat, baxenabartarra, auzo herri batetarik jautsirik karrosan. «Nun zabiltza hemen gaindi? —Ori, eguberriko zeren bilha! —Toki txarrean, gaixoa, guk hartuak oro garbitzen ditugu zalhu. —Ez, ez, zera dugu egin beharra, Eliza pesta bat gaitza. Argi eta gaineratiko puskak nahi nituzke: ohakoa, Jesus haurra, bildotxa eta holako. Sekulako xahu nuzu, eskuak hutsik joaiten banitzaiote! Hemen badela orotarik entzuna dugu».

      Beharrik banuen lagun bat, zokho moko gehienen berri zakiena. Elgarrekin bagoazi hiruak. Eliza hegian galdatu diogu andere bati, ba othe zuen guk behar bezalako zer hetarik.

      Bazuen Jesus haurra bere ohakoan; bazituen bildotxak, idia eta beharri luze bat ere, hein bat pollitak, bere muthikoaren jostagailu... Gure fortunaren erdia baginuen. Argiak eskas. Hek ere bildu, botiga batean; eta gure adixkidea juan zen alegera gurekin bazkaldurik.

      Aratsalde aphalean bertze ezagun batekin nintuen egitekoak. «Ziren bezalakoa! Ene bildotxen erdiak hor harat juanak, zuk erakutsirik —Ez othe zautzu gelditzen aski? —Aski! Ez segurki halere! Atzo kolonelak eman daizkit hogoi libera, egin nezan une jolie crèche. Egun goizean eman daizkit bertze hogoi ta hamar, egiteko haatik une belle crèche. Aise ari da!... Hor gira, gain hortan, ari ezkerreko bixkar hortan, artillurekin. Badut atzemana Jesus haur bat eliza zoko batean. Iduri du Moisen denborakoa!

      Hots, oro zoin gehiagoka ari dituzu, Eguberriko pestari buruz. Hanitzek beren zilhoetan iragan beharko, etsaiari so. Aita Sainduak galdegin zuen egun hartan bederen gerlari ukho egin ginezon guziek. Batzuek bai, bertzek ez; deus onik ezin egin dute. Jo beraz gerlari!

      Bainan bederen pausuan diren gizonek emanen diote egun handi horri dohakon ohorea.

      Bertzalde hitzeman daukute bazkari ontto bat. Huna aintzinetik xehetasunak: xingar, liranja, sagar, zigarro eta champagne botoila bat lau lagunentzat! Ikusiko... Erranen dautzut gero zer jin den ezpainetaraino.

      Gerlako berriez kestione, bazterrak kexu dire. Iduri du norapeit higitu behar girela.

      Barda, gure ezkerrean, alamanek egin dute gauazko indar handi bat. Frantsesek utzi dituzte beren zilhoetarik atheratzerat, eta gero hurbiltzerat burdin harietaraino. Hantxe tiroka funditu dute gizon alde bat gaitza; bi mila hurbil...

      Bizpahiru orenez harrigarri zen erreka hetarik kanoien eta tiroen azantza. Biziki aise garhaitu ditugu, guhaurek gizonik galdu gabe, lurpetik ari ginelakotz.

      Gero ta gehiago entsegu handi baten beha gaude. Ez da gehiago deus eskas.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

      Ea zer dion bertze hunek?

 

Abendoaren 21ean

      Adixkidea,

      Huna nun naizen bada ni berriz ere gerlako berrixkekin, Eskualdun-ean xoko bat balinbada. Baituzu aski lan eta burahauste, ikusiko duzu balia detzazkezunez.

      Gerla hau lotu aitzinean, hainitzek uste zuten airetako tresna horiek etzutela lan lan handirik eginen; «muchas palabras, pocas obras» behialakoak ziona.

      Ez baita hatik hala gertatu. Guti dire horietaz mintzatu, eta horiek halere lan handiak eta handiak egin. Nola othe?

      Nola? Harar eta hunat ibiliz; aro eder ala txar; egiazko arranoen pare, nor nun, norat zabilan ikusiz; zer xede zuen asmatuz; lehenago zaldizkoek egiten zuten lana eginez, miletan hobeki eta lasterrago.

      Haste hartan uste izan dugu etsaien xoriak gureeri nausi zirela. Alabainan gureak ez gintuen ikusten, eta etsaienak ba, han zabiltzala, bethi eta bethi, gure buruen gainean inguruka.

      Gorde gintezen mendietan ala zelhaietan, tiro eta tiro; tiro eta tiro alaman kanoiek porroskatzen gintuzten, xori horiek gure lekuak salaturik. Noiz arte iraun behar dik josteta hunek, to, ginuen galdegiten batek bertzeari?

 

* * *

 

      Goiz batez parrapataka tiroka entzunik gain hetan, altxatzen ditut begiak. Bi xori, airean. Batek bi kurutze beltz hegalpean; alamana; bertzeak, gorri, xuri, urdin, hiru kolorezko arrunda bat; frantsesa.

      Inguruka, biak, zoin lasterrago, eta tiroka karraskan. Gu ikaran zoinek behar zuen nausitu. Patatras, horra bat lurrerat doala, ximixta bezen laster. Zoin da, zoin da? Bi kurutze beltz baditu hegalpean, dio nik baino begi hobea duen batek. Biba Frantzia! Xori irantsesak garhaitu zuen alamana.

 

* * *

 

      Geroztik ikusi dugu airetan holako hameka gudu eta aldi guziz xori frantsesa nausitu da. Orai etsaiak bereak gutituxe ditu. Bat edo bertze noizetik noizerat menturatzen bada eskualde hautarat, ez du itzulika handirik egiten. Bere moko luzearekin, frantsesak demi tour egin arazten dio. «Ihiztaria» deithua dugu xori frantsesa. Nork ere baiterabila, ez da barearen azken umea.

 

* * *

 

      Aski erranik banuke hola egungo, bainan barka, solas bat oraino. Eguberri burbiltzen ari da eta menturaz lerro hauk horrat heldu orduko, iragana izanen da. Nahiko ginuen Eguberri iragan hemengoek horkoekin. Jainkoak ez du hala nahi izan. Egitzue hor besta ederrak, guretzat hainitz oithoitz eginez. Guk ere hemen zerbeit eginen dugu Jesus maitearen ohoretan, gero eta hobeki lagun gaitzan.

 

* * *

 

      Azken hitz bat. Eguberriren ondotik Urthats. Jainkoak eman dezazuela, Jaun kazeta egilea, zuri eta Eskualdun-aren irakurtzale guzieri Urthe On bat.

ZERBITZABI

 

 

 

Ziberoan

 

 SOLDADUEN

      Soldaduek nahi lükeie, etxenko berriez bestalde, jakin Üskal herrian zertsü iragaiten den.

      Zunbait denbora huntan, Esküaldüna mutzariratürik, da beste kazetak oro izan diren bezala. Orai berriz hartüren dü zerbait zabaldüra; gerlaz kanpo, zunbait gora beheraz ere mintzatüren da.

      Etxe bakhotxak egin behar diana da Esküaldünaren igortia, aste oroz, soldado dütien ahaider. Ez da lan gaitza kaseta horren irakur eta, behar den adrezarekin, postan ezartia.

 

GERLAA

      Mündü hanitxek dio eta haboruek diogü: Gerlaa lüze da. Bai, lüze da, lüzegi. Bena nurk behar zian goguan igaran illabür izanen zela? Ez dakigia 70ian ere zunbat irain zian? Alta ordian Alemana azkarki naüsi zen, eta üdüri ororen arabera, behar zian Frantzia iretsi zunbait egünetan barnen, Frantziako armada aphal bazen ere, soldado geien zunbaiten odola etzen hur bilhakatürik; haiek etxeki zien lüzaz etsaia gibel.

      Orai beste egitekorik da. Alemana azkar da, zinez azkar. Bena gü ere ez gira gerthatü, 70ian bezain eroririk. Zunbat nahi armadaren kuntreko gizun galdiek egin dütien ahalak oro soldado zerbütxiaren ez deüsteko. Frantzes, egiazko odolekuek begiak zabaltü dütie eta ikhusi die nula Alemana ari zen armatzen gure gaña jaüzteko eta gure erhaüsteko. Enthelega erazi ahal ükhen die, ez aisegi, behar güniala jarri barbaro zarrari bürü emaiteko heñian. Ez gira sarthüren armadaren eta, ber denboran, Frantziaren althe eta kuntre zirenen arteko güdüken xehetarzünetan; beüdetza; itxusi ere lizateke egün haien aiphatzia.

      Frantzia jeiki da oso osua, ützirik politikaa et herrak; Frantsesek orok bat egin die, eta hartan izan da nazioniaren indarra, deüsek haütsiren etzan bulta ederra. Batasün hortan ez dütügü sartzen gure herri xokho hoietan orano ere, nabari diren politikero khadanak.

      Frantzia bitoria handitan juanen dela ihurk ez dü behar düdarik ükhen; erraiten ahal da gañia handizki hartürik diala etsaiari; bena etsaia bühürtüren da orano, eta horrek lüza eraz diroke gerlaa. Agian uste beno lehen baratüren da. Egürüki behar. Arte hortan langiliak ments dütügü; ez da halaxe izanen lürren erabiltia. Alta zühür denak beharda aürthen bihi geiñhatü. Ogi eta artho etxen balinbada, Petri Santz kanpuan egonen da.

 

ALOZE

      Gerlako bi hitz, haü beitira arranküra handienak.

      Izan da hatsarre hatsarrian herritar bat kolpatürik bena abinzki.

      Ziboze Bazterretxeko primiak besua alden alde igaranik izandü bala etsai batek.

      Aspaldi sendotürik da eta phartitürik süialat.

      Besterik bostek ez die berririk emaiten lau hilabete huntan: hurak dira:

      J.-P. Basquinabe-Sallaber.

      J. Vergez-Barneix.

      P. Irigaray-Ohix.

      A. Erreçaret-Carricart.

      P. Eyberabarren, Paillet-eki mithil. Santa Graziko seme.

      Arrünküra handitan dira, eta arrazueki, heien etxekuak.

      Hirur, Alemaniako gaztelietan: G. Hourçourigaray, sarjanta.

      J. Miana-Elichagaray, kolpatürik.

      B. Vergez-Carriquian etxezain, kolpatürik bizkarrian, bena sendotzen ari.

      Azken hunek berriak ükhen dütü familiak Jaün Aphezküpiaren medioz, harek katoliko baten ganik ükhen lixta bati esker.

      Beste soldaduak oro, düda gabe, osagarri hunian dira, bere eginbide handiaren eta ederraren bethetzen ari.

      Jinkuak begira ditzala eta laster etxetarat igor bitoriareki!

D.E.

 

 

 

ZER ETA ZER

 

 MEDELA

      Soldadogoan ezta «la médaille militaire» delakoa baino sari ederrago daukatenik. Joan den egunetarik batez, Poincaré Prezidenta izan zaiolarik Joffre jeneral buruzagi lehenari agur egiten, zer uste zinukete diola ereman, orai arte egin dituen lan ederrentzat? Medela hori. Filipe sarjantak eta Bergara soldado xoilak ukan duten sari bera.

      Karguz ere altxa ditazke, bertzenaz on badira eta nahi badute; bainan alxatze hori ez daukate sari; medaila ba.

     Solasak dakarrenaz geroz, ditzagun erran médaille militaire horri darraizkon lau abantail, holako hoik eta bertze asko dazkien jaun batek erran daukunaz.

     1ik.— Medela hori soinean duenari, izan dadin «maréchal de France» ala soldado xoil, behar diozkate harmetan diren soldadoek ohoreak egin, aldetik iragaitean; ez bakarrik agur eskuz ela begitartez, bainan harmetan balinbada agur egilea, behar diozka «présenter les armes.»

      2ik.— Edo zoin permisione galda dezan, medela hori duen soldadoak, biziki errexkiago du ardiesten; hitz bat aski, zeren den, hori duenaz geroz, ditaken soldado hoberentzat ikusia.

      3ik.— Bizi deno segurtatuak ditu urthean ehun libera. Ezta nehon ezten fortuna mirakuiluzko bat! Bertzerik ez balu, arrantier ttipi litake, oraino. Merezimenduari behatuz, eskas aire; bainan ohorea zaiote hor handienik.

      4ik.— Medeladun soldadoak egin baleza zerbeit huts handi —bakan gerthatzen ahal dena da, bainan ez gertha ez ditakena— zonbeit egun edo oren behar balu preso egon, ez luke nehork preso ezartzen ahal bere medela soinean. Legeak ekartzen omen du medela hori ez ditakela preso ezar; desohorea lukela, eta eztuela merezi.

      Zer egin orduan? Bitxi bada bitxi, ... egia bada eta ez bada, erosi prezioan saltzen dautzuet. Orduan zera litake omen egiteko: medelaren jabe soldadoak ez ager medela hura; sakelan atxik, Janpiarre Bergarak hastean zaukan bezala, (geroztikako berri eztakigu).

      Hauxe ere egiten ahal omen litake: presondegiko atheari lothurik ezar medela, itze batetarik dilindan, eta han utz, jabea barnean preso dagono.

      Ez utz gero, ez, han abandon, nola nahi, nor nahiren esku menean;... ez diat bada uste, Xanpiarre, bainan zentinel bat han xutik aldean, harmak eskuan, «bayonnette au canon» dagola, hobendun merezimenduna presondegitik jali arte, athe alhazean bere medela berriz hanxe soinean ezarri nahi badu, jauntz dezan, ohorea garbirik.

 

 «HANBAT HOBE»

      Behar dautzuet erran, —paperak oro hartzen dituenaz geroz— hogoi-ta bat urtheko belgikano baten atheraldia. Bardakoa da.

      Arrats guziez, ilhun ondoan, heldu zaut lanetik, etzatera gauazko; ez baitiot segurki beltzuri egiten gaizo puska onari; ez baitu ere merezi esker gaixtorik.

      Afal eta bien lau zangoak surat ginaudelarik, zerbeitez mintzatu behar eta mintzo gira... heldu denaz; nihaur bezen gizon xehea baitut, edo xeheago, aitzinekoa.

      Gerla dugu maizenik ahoan.

      Zer da berri Julien? — Deus handirik gaur. — Hiriko-etxearen ondotik iragaitean, ez duzuia behako bat eman, zer dioten azken depexa «communiqués» direlakoek? — Ez jauna: ilhunegi zen, eta euria jauts ahala ari... Eta zuk, jauna, ez duzuia hemen gaindika deus ikasi egun? — Ba eta orizu, zera: gure adixkide Guillaume enperadorea, eri gaizki zelako fama txarra zuena, hobekituz doala; oraikotik sendatzekotan eiki. — Hanbat hobe! — Zaude ixilik, Julien. Uste nuen, deus erraitekotz, erranen zinuela: Hanbat gaixtoago. — Ez jauna; hobe, hobe; hanbat hobe, derrautzut berriz ere. Hil baladi orai, pausua luke mundu huntan. Bertzekoek bertzean hatzemanen dute aski goiz; hemen nuke nik nahi sofritzen ikusi, den bezalako bihotz gabea.

      «Senda bedi, azkar eta gizen, gero ahultzeko, eihartzeko, zer nahi ikusirik, oroz gainetik Alemania pusketan: erhauspean ostikatua bere urhezko korona; familia barreiatua, zokorat aurdikia; bera preso burdinazko kaiola batean. Agian ba Julien.

      Anhartean, goazin oherat. Egizu lo.

      — Zuk ere ba.»