Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-12-25: Gauberri armadetan

      Aliatuak aitzina omen doaz gerra-toki orotan. Alemanek xafraldi gaitzak hartu omen dituzte bai Belgikako bai Poloniako fronteetan. Aste honetako Eskualduna-k tarte zabala eskaintzen dio Poloniako fronteei. Errusiak aurre egin die Alemaniari Varsovia aldean eta Austriari Krakovia inguruan. Ingelesek nagusi darraite itsasaldean eta bestalde, Afrikako iparraldea ari dira bereganatzen, Egipto ingelesen esku eta Maroko Frantziarenean geratu dira. Serbia beti gerran, turkoen kontra, bulgariarren kontra, orain austriarrei hartu die aurre. Serbiarrak sorlekuari atxikiak dira. Eskualduna Alemania eta Turkiaren arteko adiskidantzaz trufatzen da, Turkiak Van der Goltz alemaniarra jarri omen du armada zuzentzen, aleman bat fedegabeen buru. Suitzan aldiz katoliko bat hautatu dute lehendakari, Motta Frantziaren aldeko jotzen du kazetak. Ez da poesiarik falta aste honetakoan, Gauberri armadetan bertsoak lekuko, eta ohi den gisara balentria bat pausatzen digu Eskualduna-k, Ekialdeko Pirinioetako Filipe soldadoaren egina  aurreko astean loriatu zuen J.P. Bergararen balentriaren pare jartzen baitu.

 

 

Eguerri gerlan

 

      Bi gogoeta eginen abal baita, gerla tokitik hurbil eta urrun, eguerri egun hautan, oro elgarrez orhoitzearekin, hemengoak hangoez, hangoak hemengoez!

      Bi solas hunkigarri supazter xokoetan; eta zonbat nigar xorta! Zoin samin eta kirets! Benarrik ez esperantzarik gabeak ororentzat, dioten bezen egia balinbada, gu baino hanitz ahulduagoz doala etsaia, nahiz hurriki.

      Halere ordean elgarrenak elgarretarik hoin luzaz hoin urrun bizitzea, zer bihotzmina ezta? etxeko lan eta zer guzien gibelatzea bertzalde; bertzalde hor gaindi, nahi eta ez, gutienetik, egiteko despendioak; osasunak eta xutik egoiteak ere berena behar baitute orotan bethi; are beharrago gerlan; bertzalde kolpe eta ondorio, hanbertze lanjer, min-hartzeko, hiltzeko, egunetik biharrera, tiro eta mitraileria. Gizona bere adinik hoberenean familiarentzat etxean beharrenik litakenean, eritasunik gabe hila!

      Ondokorik uzten eztuen etxeko-semea berriz gazteago eta urrikalgarriago, burhaso, haurride eta oro nigaretan uzten dituelarik.

      Han nonbeit hilak beren sor-herritik urrun, aiphatzea bera lotsagarri da! Jainkoaren gain uztea hobe harek baizik kontsola ez ditzazkenak.

      Ba, gogoeta min hanitz eginen da hemen gaindika, ba ere Frantziaren bazter guzietan, aurthengo eguerri gauez.

      Fedeak, fedezko sendimendu onek ditzatela ezti hunkituenak direnen arimetako zauriak.

      Orok ororentzat, eta bereziki urrikalgarrienentzat dezagun othoitz egin Jainkozko egun hauten.

      Altxa bihotzak goiti. Ez etsi. Sakrifizio eginak eta egitekoak handiago, eta gu Gure Aita zerukoaren nahiari atxikiago, jarraikiago gauden bethi, orhoituz hari emana sekulan ez dela gal.

 

* * *

 

      Hoik eta holako direlarik hemen gutartean Eguerri gau-egunetako gogoetak, zer dire izanen han harat joan gizon gaizoenak.

      «Oi eguerri gaua, bozkariozko gaua» kantatzen dutelarik lur zilatu erreka hetan soldado giristinoek, bereziki Eskualdun-ek eskuaraz, ilhargi xuritara, izarrak zeru zolatik irriz ikustearekin egoki, are gehiago merezimendu izanen dute, guk hemen baino.

      Sinestea gure hau den bezalako sineste ona, ederra, eder da bethi, eta bethi on. Zonbatez ordean hobe, zonbatez ederrago, gerla izigarri hau bezalako baten agun eta gau ilhunetan?

      Argi ezti, gozo bat jauts arazten du gain hartarik behere hautarat, handik hunat bethiere gutaz artha duen Salbatzaileak.

      Dohatsu argi hari daudenak, begiak xuxen, zabal idekirik. Zorigaitz itsueri, guziz beren nahiz direlarik itsu!

      Gitzazkiotela, gu itsu ez girenak, urrikal eta bel, ilhunpetan dagozineri; beharrenak, dohakabenak, hek dire.

      Bide bazterretan eske dagozila ikusten dituzuenetarik batzu bertzeak baino urrikariago dituzue, ez dea hala?

      Urrikarienik, bana bertze, itsuak.

      Guk ere ba.

      Haragizko begiz itsuak baino are gehiago arimazkoak. Gehienik holako urthe eta egun hits, ilhunetan.

      Dezotegun egin, bertzeak ahantzi gabe, zeruko argiari begiak hetsiak dauzkateneri, othoitz berezi baten amoina.

 

 

 

Berriak egunka

 

 Asteart, abendoaren 15an

      Beljikako aldean aitzinatuz goazi, hemen bortzehun metrez, han gehixagoz; lur zilotik zilora, urrunduz deramazu etsaia; orotan eskugain poxi bat astetik astera.

      Ukho, nehon. Alemanen urrunerako kanoien harrabotsari jarriak dire gure soldadoak; ez ditu izitzen eta, gehiago dena, min guti diote egiten.

      Oroz batean guhaur kanoi handiz azkartzen ari gira, ba eta soldado frantsesak araberan konfiantza hartzen gerota gehiago.

      Serbianoek otrixianoak harriturik dauzkate; hanitz hilik, gehiago preso altxaturik, egungo berria da: ihiztariak erbia bezala derabiltzatela ihesi, aitzinean.

      Turkoek badute haro; eta gero? Tirrit. Lagun hitsekin duzu Alemania; gero eta hitsagoekin.

 

 Astezken, 16an

      Beljika itsas hegian anglesa ari zaio uretik leihorrera.

      Beljikano armada ttipiak ere ez dako bakerik etsaiari. Lur pozi on batzu beretu daizko atzo eta herenegun, eta gero berriz hartzerat ez utzi.

      Champañen gure artilleriak garhaitu du etsaiarena, eremu handixko batean. Alsacen bethi gaina daukagu. Oihan bat hartu diotegu.

      Itsasoz ere dihardukagu ederki guk, anglesarekin eskuz esku.

      Serbiako errege PIERRE bere semearekin sarthu da etsaiak harturik atxiki nahi zioken Belgrade hiri nausian.

      Rusoek berriz lan gaitza deramate, alemanek zer nahi eginikan ere.

 

 Ortzegun, 17an

      Bethi aitzinatuz goazila Beljikan, Ypres hiriko inguruetan. Etsaiak ezlaukuke nahi zehe bat lur hartzerat utzi, eta egunik ezta puska bat kentzen ez diogunik.

      Kanoi handiekin trabatzan ari dire gureak; eta nonbeitik badoazkote hanitz. Marka ona, gure armadak janhariz, tresnaz, hats azkar luzez eta oroz, azkartzen ari baitire.

 

 Ortzirale, 18an

      Arraz hiriko aldean egun gudurik saminena; egunaren irabazia bethi gure.

      Etsaiaren kanoi handiak ixil arazi dituzte gure handi berrikienik eginek.

      Gure erreketarik bat jauz-arazirik, oldar gaitzean jazarri zauku etsaia. Ordainez kilometre bat luze lur hartu diogu, lur ziloak lerroka guretuz.

      Anglesak Ejiptoa bere daukala dio, guri utziz osoki gure, Maroc delakoa.

      Rusoek alemana beren lurretarik kenduxea, berean dute ja zonbeit egun huntan setiatzen ari.

      Erran nahi: nehon ez duela gure etsaiak onik. Nahigabeak, ttipi edo handi orotan.

 

 Larunbat, 19an

      Egunik ez da, etsaiari lur pozi bat eremaiten ez diogunik, anglesaren laguntzarekin.

      Polonia Rusoan, gizontze gaitza dute metatzen ari alemanek, Beljika aldea, emeki-emeki, arintzearekin.

      Harat zaitzu ari orai beren indarrik handienaz, hunat sartzea etsiturik othe? Etsi ordu lukete. Berek ikus.

      Gu ez gira uko egitekotan.

      Turkoek, gizonik ez dutelakotz berek, von der Goltz, aleman jenerala hartu dute beren gerlako ministrotzat.

      Hobe zuken von der Goltz delakoak zerbeit onik gehiago egin balu bere tokian, bertzenetan sudurra sarthu gabe.

      Mundu katolikoak atseginekin du jakin Motta deithu katoliko handia duela Suisa guziak hautatu Prezilentzat.

      Guretzat ere berri ona dugu han Frantziari biziki atxikia omen delakotz Motta.

 

 Igande, 20an

      Lur erreka hetarik batzu Beljikan, behin guk etsaiari hartuak gero etsaiak guri, berriz hartu diotzategu. Han gaindika orotan gure artilleria da, kasik egun guziez, gorenik mintzo, eta azkenik.

      Oithan bat hiru aldiz nahi ukan daukute indarka edeki. Hiru aldiz igorri ditu zioazila debruetan harat.

 

 Astelehen, 21ean

      Gerla hastean, sarthu ginen berehala Altkirch hiri, Alemanek 1870ean guri ebatsian. Geroztik hustu behar ukan ginuen. Belgikako aldean beharturik eman gure indar guzia.

      Nieupsrt; Lille, Arras, ezin beretuko othe dituzten, beldurtzen ari ditugu gure gizonak.

      Gure artilleriak ere tripako min bat jauz arazten diote, geroago-ta gaixtoagoa. Urhatsa hurri eta xehe deramagu bainan azkarrago, fermuago bethi. Zer egiten du, hortarik behar badugu gerla han irabazi!

      Rusiatik ere berri onak. Ez karraska handirik, bainan hartarako zerak... Urrunera behin, gero hurbilxagotik, hertsikiago tinkatuz joaki rusoak alemana. En avant marche!

 

 

 

Rusia eta Alamania

 

      Alamaniak gure kontra dituela bere soldado hoberenak, gauza jakina da. Bainan badu zer egin bertze aldean ere, Rusoen kontra.

      Huna laburzki hango gerlaren gora beherak.

      Lehen egunetan Rusoak sarthu ziren Alemania gaineko lurretan; bainan gero gibelerat egin zuten beren lurretaraino ondotik heldu ziren armadekin juntatzeko. Han egin zuten indar gaitza, eta berriz Alamanian sarthu.

      Geroztik han daude, leku bertsuetan; eskualde hek ordoki handi batzu dire, dena urtoka, ezteinu eta holako. Ez da errex aintzinatzea.

      Bertzalde Rusoek ez dute toki hetan egin nahi beren oldar handiena, bainan beherago, Polonia-ko probintzian, handik baitute hurbilena Alamaniako hiri nausirat.

      Beraz Polonia-ko gudu hortan da gerla hunen harat hunata.

      Lehen egunetan Alamanak borthizki jazarri ziren Rusoeri, Polonia-ko hiri nausirat heldu nahiz, Frantzian Pariserat buruz entseatu diren bezala. Hiri hura deitzen da Varsovie; hiri handi eder bat, miliun bat jende hurbil daukana.

      Arras hurbildu ziren Alamanak, Pariserat egin ziren bezala, bainan azken ponduan partida galdu. Sekulako zafraldia harturik, gibelerat juan ziren Alamaniako mugetaraino, gizon hainitz eta tresna zer nahi galdurik.

      Hanxet berriz bildu zuten armada bat, burdin bideak baitituzte bazter guzietan, eta bigarren oldar bat eginik, Rusoak berriz aintzinean igorri bigarren aldikotz.

      Bainan aldi huntan ez dire nahi bezen urrun sarthu. Rusoak azkarki jokatu dire; Alamanak bizpahiru zathitan xehatu. Nolazpeit bildurik berriz Alamanen armadak, toki bersuetan gudu berri bati lothuak dire.

      Guzien arabera, Rusoek hartuko dute gaina, gizonak nahi bezenbat emendatzen ahal baitituzte.

      Alamanek aldiz lehen kolpean behar zuketen etsaia herrautsi, egitekotz. Han ere hemen bezala, ederki tronpatu dire, urguluak itsuturik.

 

 

 

Autrixia eta Rusia

 

      Rusiak bi etsairi buru egin behar du: Autrixiari eta Alamaniari.

      Autrixiak bere soldadoetarik parte Serbiaren kontra ere badauzka. Alamaniak bere tropa azkarrenak gure kontra: bertze guziak han dire, Rusia-ko mugetan.

      Zertan dire bada hango gerlaren gora beherak? Hemengoaz bezenbat berri gose gira hangoaz: ezen funtsean biek bat egiten dute.

      Dugun ikus lehenik Autrixiaren eta Rusiaren arteko gudua.

      Gerlaren lehen egunetan Autrixia-ko soldadoak sarthu ziren Rusian. Rusianoek beren gizonak nekez biltzen dituzte elgarretarat, eremu gaitzak dituzte eta arauka burdin bide guti. Horra zertako lehen oldar hura bertzek egin duten.

      Bainan laster Rusianoak nagusitu ziren, eta sarthu burrustan Autrixia gainean. Galizia delako probintzia burutik buru beretu dute Lemberg, hango hiri nausia, eta bertze guziak, bia salbu, beren eskuetan dituzte; probintzia horren mugako mendiak gora abiatu berriak dire, barnago sarthu nahiz.

      Bi hiri badaude xutik oraino bat osoki setiatua, aspaldion ingururatua bazter guzietarik — zenbeit egun gora behera, barnean duen armadak ez du gehiago deus ukanen jateko; laguntzarik ere nehundik ez duke. Bertzalde, luzaz atxikitzen badu ere gerlaren harat hunata ez dezake den mendren bat ere itzul, zeren eta Rusiak barnago juanak baitire jadanik.

      Bigarren hiri, Cracovie derizanak Alemaniaren muga mugan, ur handi baten gainean, Alemania-ko bide handi bat Berlin hiri nausirat buruz gerizatzen duena.

      Huntan omen da gerla horren gakhoa. Hiri hau Rusianoek beretzen badute, sartzen dire berehala Alemania-ko probintzia aberats batean eta ordokia dute gero hiri nausirat buruz.

      Hiri hori azkarra da biziki; luzaz iraun dezake, bainan azkenean amor eman beharko. Jadanik alde batetik Rusianoak hurbilduak ditu.

      Autrixianoak horrat ari dire beren soldadoen biltzen. Bainan ahulduak dire, hainitz aldiz zafratuak izan baitire.

      Hitz batez Rusianoak Autrixian bethi aintzina dohazi. Bertzalde bethi azkartzen ari miliun bat soldado berri gazte moldatzen dituzte azken esku kolpearen beharra jinen deneko.

 

 

 

Serbia eta Autrixia

 

      Nola othe du ihardokitzen Serbia ttipiak Autrixianoen kontra?

      Gerla hau handik atheraia da, han piztua, handik jalia da phindarra, Europa guzia sutan ezarri duena. Serbia-ko gizon gazte batek hil zuen Autrixia-ko enperadore zaharraren ondoko beharra zen printzea. Hartarik gaixtatu ziren erresuma guzien arteko kitzikak. Zerbeit behar zen alabainan, estakuru gisa; Alamanak aspaldion beha baitzauden, jauzian guri lothu nahiak.

      Dena den dugun ikus zer ari diren Serbia-ko soldadoak.

      Hasteko, nehun balinbada gizonik gerlaren berri dakienik, hek dira segur, bizpahiru urthe huntan ez baitire gerla egitetik baratu, lehenik Turkoekin, gero Bulgaroen kontra, orai berriz Autrixiarekin.

      Turkoak zafratu zituzten, gero lothu Bulgaroer elgarrekin irabazi lurren partimenak ezin eginez, Bulgaroek puska handiegia nahi zutelakotz bereganatu.

      Bulgaroak ere lehertu zituzten, hauk ere soldado gaitzak zirelarik.

      Orai horra nun diren, berrehun edo hiru ehun mila gizon, lau ehun mila Autrixianoeri buru egin nahiz, hil edo bizi, gu Alamanekin ari giren bezala.

      Gerlaren lehen egunetan sarthu ziren Autrixia-ko lurretan lehen; egunak iragan, eta denborarekin bertzeak azkartu, gibelerat egin zuten, beren mendien zolaraino.

      Hantxet hatsa hartu, etsaiak uste zuelarik sekulako garhaituak zituela.

      Belgrade delako hiri nausia ere, erresumaren muga mugan, lau hilabetheren buruan galdu dute. Iduriz biziki behera ziren, erreka joiteko heinean.

      Orduan Autrixianoek, azken indar handi baten gostuz lehertu behar zituztelako gogoan, abiatu dire beren armadaren hedatzen, luzatzen, inguru bat eginik, itzulian Serbia-ko soldadoen atzemaiteko gibeletik. Bertzeak tente zauden; beren errege zaharra mintzatu zaiote, eta horra nun oldar gaitzean jauzi egin duten Autrixianoen gainerat. Zafratu dituzte, eta aintzinean igorri han harat, berriz beren lurretarat, jarraikiz, urhatsez urhats, gizonez leherra hartuz, bai eta ere kanoi, jateko eta bertze zer nahi.

      Horra zertan diren gure adixkideak lau hilabetheren buruan. Hainitz gora behera ikusirik, gaina hartua dute, eta ez dute beren abantaila galduko.

      Kuraje handiko gizonak dire, beren sorlekhuari gain gainetik atxikiak; gerlari azka, irauntorrak. Autrixiari lothuak dire zangotik. Rusoak berriz burutik; Bulgaroer eta Turkoeri sudurrak eta oro ausikian zaramazkoten; azken gerletan; hats berean daude bethi.

 

 

 

GAUBERRI ARMADETAN

 

Atzar gaiten, atzar lotarik,

Gauerri duk Eskualduna!

Eskual-herriaz orhoiturik.

Othoizteko Jainko Jauna.

 

Zoin airoski ginoazin jaz

Gauerditako mezarat!

Han, orai, mintzo dire gutaz,

Eginez othoitz kartsu bat.

 

Kantatze handirik ez bada,

Ez delakotz han gizonik,

Jesus Jainkoari, ez duda,

Egiten da galde onik.

 

Apezik ez den herrietan,

Xilintxarik ezin entzun;

Nigarra frango begietan.

Eliza dorreak ilhun!

 

Emazteki guti ere gaur

On denik atheratzeko,

Ttipi ttipiak, hoinbertze haur

Etxetan bada zaintzeko!

 

Ixo, ixo, zer dut aditzen?

Ixo, noubeiko izkilak!

Gauerri! Ez gaitu izitzen

Debru Alaman zarpilak.

 

Haurnoak lotan oraikotzat,

Amak aldiz ezin lokhar...

Hemen, kantatuz haur amentzat,

Guk dezagun kuraye har!

 

Guretzat ez da haizu loa,

Bihotza dute han eri;

Airez aire gure leloa

Arin doala heieri!

 

«Atzar gaiten, atzar lotarik

»Gau huntan da Jesus sortzen

»Amodioak garhaiturik

»Gure gatik da etortzen...»

 

Oxobi

 

 

 

ZER ETA ZER

 

FILIPE

      Iduri du gure soldado kuraia gaitzeko batzu ari zaitzula, balentria zoinek handiago egin. Eskualdun batek holetan hor, egun hautarik batez, egin duelakoa baino handiagorik othe ditake? Etsaiak harturikako kanoi 75 hetarik bat, hamabi kintal ba naski pizu zituena, etsai lerroen erdira joanik ber-bera, bi zaldirekin, estekatu eta, brau, bere konpainiarat ekartzea bezalakorik zer ditake?

      Bizkitartean hura bezen bat ez othe da, edo bederen hurbil, Filipe deithu «Pyrénées Orientales» departamenduko baten egintza!

      Hura aitzineko, bazituzten igorriak hogoi-ta bospasei gizon, alemanak non zer ari ziren ikusterat arratsalde batez.

      Lagunetarik bat bakarra berekin harturik, bertzeak gibelaxago utziz, beharrez harek deitu beha zagozila, badoa Filipe bere lagun bakarrarekin puskaz aitzinago, aleman batzu aitzur lanean ari zirela oharturik, heieri buruz.

      Hurbiltzerakoan, lagunari erraiten dio: «To, behazotek hanxe lur zilatzen ari diren heiei. Nahuka gaur zilo berri hetan egin dezagun lo, guk biek eta gibelerat hor utziak ditugunek? —Nola hori? —Nik errana egiten baduk, eta ez egiteko gaitza, gainerakoaz ago eni.

      Ikusten duka hanxe alemanen gaineko aldean bixkarño bat? Hoa, emadi han ahalik gutiena ager, etzanik edo kokoriko.

      «Ni emanen nuk bertze hainbertze bidetan haraxe, alemanen bertze aldetik; hi ezker, ni eskuin.

      »So egik ontsa; heien eta gure arte hor erditsutan, horra etsai zentinela. Hoi behar diagu lehenik garbitu. Gero ikus. —Nola ordean? —Utzak ene gain; xoilki nik errana egin. Herrestan goazin haren ondoraino hurbil, ahalik hurbilenara. —Gero? —Gero, atxik ezadak begi eni. Keinu bat egiten deatalarik, egizak zerbeit harrabots, baionetaz harma kanoiari, harri bati, edo nolazpeit, zentinelak adi heinekoa. Itzuliko zauk, begiz hire alderat; eginen dik oihu: «Wer da? Nor (da) hor?»

      »Etzakokala hitzik ihardets: ez hadila higi, bi jauziz gainera heldu zaukala ikus baheza ere. Harek hi bainolehen garbituko diat nik hura. —Ontsa duk.»

      Badoazi, jartzen dire hitz-hartu bi tokietan, eta zalhu. Elgarri begi daukatelarik, herrestan hurbiltzen dire zentinelaren ondora; batek keinu, bertzeak baionetaz harrabots; alemanak «Wer da» burua itzulirik harrabotsaren alderat.

      Filipek bi jauziz hari bizkarrera lau baionet sistako, aldean bertze. Hil hotz, alemana lurrerat; lurretik ostiko batez patar bati behera, sasipe baten zolarat.

      Berehala, batek laster, laguneri erraitera, jin diten lur zilo alemanek eginez jabetzera. Heldu dire hogoita zonbeit han goraxago gorderik zeudelakoak eta sartzen oro barnerat, erreka hek heienetzat eginak izan balire bezen gostuan.

      Oren erdixka bat lehenago, beren lana bururaturik, joanak ziren pausatzerat lur zilatzaile alemanak, beren tresnez eta oihuz agur eginik beren gain aldeko zentinelari.

      Hek urruntzearekin zuen hura hil Filipek; eta gero eman zen bera hilaren ordain, hunen kapotea eta buruko punta zut hura jauntzirik, alegia soldado aleman.

      Boltatto baten buruan soldado aleman armatu batzu heldu zirelarik zilo berri hetan sartzera, gauari buruz, gure barnekoek tiroka oro kalitu zituzten.

      Filipe joan zen kolonelaren bilha, behar ziola erakutsi, zer egin zuten eta nola.

 

 

      Harritu omen zen aitzindaria, eta loriatua, xoratua, zer gizonak zituen bere eskuko, zer putikoa bereziki Filipe, besarkatu zuen, eta saritzat galdatu harendako medaille militaire, soldado batek irabaz dezaken ederren hura.

      Felipe ala gure J.-P. Bergara, zoin zautzue hor kuraiatsuenik? Niri gurea, eskualduna; bertzearen herritarreri menturaz beren hura.

      Nehork ukatuko ez tuena da, biak elgarren aldean ezartzeko gai direla.

      Ah! zer soldadoak!

      Berriz ere erranen dute aleman egia zinez aithortzen dutelakoek: «Munduan ezta frantses soldadoa gerla huntan ikusten dugun bezalakorik.»