Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-12-18: Lur ziloz zilo, errekaz erreka, beti aitzinatuz goazi!

      Ypres uzteko prest dira alemanak. Gerrak luze joko omen du, berriemailearen aburuz hobe karraskan baino emeki jokatzea. Janpierre Bergara itsasuarraren kuraia goratzen du Eskualduna-k aste honetako kazetan eta jarraian Zerbitzarik euskaldun gerlarien gorazarrerako Gure irrintzina olerkia eskaintzen digu. Zinez mamitsuak Jean Saint-Pierreren hiru artikuluak. Lehendabizikoan, alemanen indar eta harrotasunaz mintzo da, alemanen ezin jasanezko urguilu hori nekezago garaituko dute haien indarra baino. Bigarren eta hirugarren artikuluetan sator gerraren berri ematen zaigu, lubakietako bizimodua. Basaburuko Dominixe ez da haboro Izabako portuan gazta egiten, lau hilabete eman ditu frontean. Kazetak Atharratzeko plazan Santa-Grazitarren artean gertaturikoa berritzen digu, bada aldea fronteko eta herriko bizimoduen artean.

 

 

Berriak egunka

 

 Asteart, abendoaren 8an

      Bota eta errefera, egun bat beroa iraganik gaude alemanarekin Yser ur-handiaren hegiz hegi, Ypres hiriko inguruetan. Gaina gure, arratsalde aphalean.

      Arras hiriko aldean hartu diotegu ez aise bainan hartu azkenean, duela bi hilabethe huts-arazi zaunguten erreka bat. Ez daukagute berriz harturik.

      Bertze zonbeit lur pozi ere guretu ditugu.

      Belgikan oraino ezin beretuz ari diren lur itsas-hegi zerrangan, egin dute gaitzeko indarra etsaiek. Alferretan, ja hanitz aldiz bezala Biba errege bere soldado undarrekin!

      Serbia ttipiak ere badiharduko, biphilik, Otrixiari Bat hamarren, hogoiren kontra, jo aitzina, sekulan ukho egin gabe.

 

 Astezken, 9an

      Anglesek jauz arazirik itho daizkote itsasoan alemaneri, hiru untzi handi, gerlako-janhariz, tresnaz, puskateriaz betheak; untziak gal, barnekoak gal, gauza eta gizon.

      Berritan alemanek angleseri Havre-ko parrean jauzarazi bi untzien ordain, hiru hoik, bat gehiagorekin. Ederki egina!

      Argonne-ko aldean, erreka ziloetako buruen-buru, tokia hats arazi diotegu.

      Ezkina batean bakarrik zilo bat, jauzarazi daukute dynamitaz; kolpatu bakar zonbeit; denak sobera.

      Alemanen oldarra guk orotan hautsi dugu. Rusoek ere ba beren aldetik.

      Serbiako berriak atzo baino are hobeak: otrixanoek ihes egin dutela, hil hanitz galdurik, beren puskak ere jarraikarazi ahal gabe.

 

 Ortzegun, 10ean

      Gure xorigizonek berenetarik egin dute, alemanen airez ibiltzeko tresneria atherbe batzu azkarki andeatuz, Fribourg-en-Brisgau deithu tokian.

      Lur ziloz zilo, errekaz erreka, bethi aitzinatuz goazi; etsaia gibelatuz, emeki bada emeki.

      Guillaume enperadorearen eri berriak ezin gordez lanak omen dituzte. Histuz doala diote. Nork aski xuxen egia?

 

 Ortzirale, 11an

      Oraino ere itsas-untzi bat jauz-arazi diote anglesek alemaneri. Bi untzi galduen errebanja horra lau. Itsasoan anglesa uztea, sobera kitzikatu gabe hobe dutela, ikas bezate beren gostuz.

      Serben ihesi lasterka otrixianoak ttipiaren ihesi handia: marka hitsa hunentzat.

      Pozika-pozika gure lurretarik urrunduz deramatzagu; kendua ken, hustua hustu; nausi arau kuraia bethi emendatuz doakigu: etsaiari araberan, ttipituz. Bainan hurriki! Hurritasun horri behar dugu jarri, gure onetan doanaz geroz.

      Oraino ere anglesek alemaneri untzi bat jauz-arazi diotelako berria. Zonbatgarrena? Berma hor. Hein hortakorik biga baizik ez omen zaizkote gelditzen. Hola da, hola ttipituho, etsaiaren indarra.

 

 Larunbat, 12an

      Alemanek azkenean hustu dituzte Ypres ur-handiaren hegoaldeko hegiak.

      Orotan kasik gure kanoi handiek ixilarazi dituzte etsaiaren kanoi handiagoak. Handiegiz, ezin higituz, moldagaitzegiz lanak dituzte beren tresna aulimalekin.

      Urrunera hiri xehakatzeko eta harrabots egiteko baizik ez omen dire kanomustro hek. Tresna bera eta hartaz igortzen dituzten obuzak ere omen zer nahi gostarik, erdiek beren kolpea huts egiten dute.

      Harrabotsetik iduri baino gutiago ere dutela hoitarik, daukagu; ez dugula beraz hastean bezen beldur zeren izan, azantza nahuten bezenbat eginik ere.

      Ja hartua bezala dute gure soldado ... zaharrek. Estonagarri da, lau, bortz hilabethez nola den soldadoa gerlako harrabots eta zer guzieri jartzen, azkartzen, hots, beldurraren kontra sorhaiotzen.

      Italia eta gure etsai Turkia elgarri beltzuriz hasiak dire. Alemaniak ez du, itxuren arabera, luzatuko, Italia bere lagun ohia ikustea gurekin jartzen haren kontra.

      Frantses, angles, ruso, italiano, amerikano eta bertze zonbeitek elgarrekin bat eginez geroz, ezta ez alemanik, ez bertzerik mundian, iharduk ahalko duenik.

      Polonian gaitzeko gudu bati lotzekotan dire. Ageriko nor den nausituko, alemanak ala rusoak. Hauk orai arte, behin oldarra hartuz geroz, bethi aitzina zoazinak, emekixago ari dire orai guri beha ikasten dute, hobe dela karraskan baino emeki jokatzea, ikusiz, hatsa hartuz, etsaia higatuz, gehiago balitz ere gosta behar gerla, bederen odol ahalik gutiena ixuriz.

      Halere badoa orotarik aski.

 

 Igande, 13an

      Etsaiak indar gehiago egin, gure lerroak nehorat ezin zilatuz, eta gibelago alemanek ezin bururatuzko lana.

 

 Astelehen, 14an

      Orotan badaukogu etsaiari. Enperadoreari zintzurrean operazione zerbeit egin behar diotela da azken berria. On dagiola!

 

 

 

BERA

 

      Eskualdun soldado bat da Bera. Ahantzi gabe, gogoan atxikitzeko izen errexik balinbada, hori da: Bera. Berak hanxe gerlan ari diren tokian zer egin duen egun hautarik batez, nahuzue jakin? Huna.

      Bainan lehenik behar dautzuet erran Bera hori nongoa den, zoin herritakoa: Itsasuarra omen; etxearen izena galdaturik, jakin beha gaude, lehenbailehen Eskualdunean emaiteko, egun ez bada bertze aldian.

      Anhartean dakiguna da, gerlan diren apez Hazpandarretarik batek igorria Baionarat, Espeletar kalonje Daranatz erdi Itsasuarrari Bera delakoak egin balentria ez entraalekoa.

      Bertze nonbeiko edo zoin soldado balitz gure Bera, balitake harek hor egin duena Frantziako eta gure lagun arrotz herrietako kazeta guzien itzuliaren egiteko aski aiphagarri.

 

* * *

 

      Irakur-azue hauxe, adixkideak.

      Bera soldado den konpainiatik bazioten etsaiak eremana kanoi bat. Kapitaina debruak hartua, bere kanoietarik bat utzirik alemanen eskuetaratzerat. Zer egin, kanoi galduaz berriz jabetzeko?

 

      Bere gizonak bildurik, galdatzen diote: «Zuetarik nor dire, harturik haranxetara joana daukaten kanoiaren bilha irriskatzeko kuraia luketena? — Moi, mon Capitaine» dio ihardesten ltsasuar delako Berak, bertze guziak oro mutu daudelarik, harrituak: nola mila sorgin uste zuen Berak berak, nehoren laguntzarik gabe, kanoi hura etsaipe hartarik athera?

      Deus ez bati lotzekotan balitz bezala, bi zaldi galdatzen daitzu Berak; emaiten diozkate; zaldi hek edan araztera baleramatza bezen gostuan, badoa, hek sokatik, alemanen erdira.

      Kanoi galdu, etsaiek berenduari atela zaldi hek eta behar zen ephea hartuz, odol hotzean, joan bidez gibelerat baderama kanoia.

      Balak barazuz uharra bezala zoazkolarik alde guzietarik gainera, jalitzen du kanoia etsaien lerroen artetik bere kanpamenduraino.

 

      Ez Berak, ez eta zaldiek uli ausiki baten heineko minik gabe, huna non diren lagunetarat itzuliak osorik, beren kanoiarekin.

      «Zer da gizon hori holakorik?» zioten orok, begiak zabaldurik han zaudela oro hari beha.

      Kapitainak han berean berehala izendatzen du Bera, soldado xoila, brigadier; eta buruzagieti galdatu bezen laster, eta errexki ardiesten dio médaille militaire delako sari ederra.

 

      Bertzalde, Bera bezalako gizonak bakan direlakotz, eta halako batek konpainian, asko behar-orduz, urhea balio dukelakotz, ezartzen du, sutik ahalaz urrun, jatekoetan.

 

      Baia ba? Gure Bera muthur: zertako kapitainaren egitate hori? Ala uste duen alfer lan batean mutzitzeko den hura joana gerlarat?

      Berak othoizka galdaturik, ezarri dute aitzindariak bere aitzineko lerroan.

      Brigadier galon perreka hek ere poxolu zitzazkon harek dakien frantsesarekin kolpeka ari.

      Medela berriz bulharretan ekartzeko halako ahalge bat. Sakelan gorderik derabila geroztik, ebatsia balu bezala.

      Balitz Frantzian Bera-ren kuraiako zonbeit mila, zonbeit ehun soldado, segur ez lezagukela luzaz iraun gerlak.

 

* * *

 

      Azken berri: orai berean jakiten dugu. Itsasuar soldado delakoaren etxeak izena duela Onddorea; soldadoak berak Janpierre Bergara; ez beraz Bera.

 

 

 

GURE IRRINTZINA

 

            Airea: Lo lo nere maita

 

Huna hamarbat pertsu gazte laguneri;

Orai delakotz ongi nor zer den ageri,

Ohore gerlan zaizten lagun guzieri

Oi, zoin ederki zaizten gerla huntan ari!

 

Hedatuko da sarri zuen omen ona:

Soldado hoberena dela Eskualduna.

Orai arte bezala hemendik aintzina,

Egizue leialki bethi zuen lana.

 

Eskualdunak nor diren aise sinhesteko,

Asko gauza badire buruan hartzeko:

Horiek huna hemen denen argitzeko,

Astia uzten badaut... kanoiak... hortako.

 

Gazterik Eskualduna pilotan da ari

Zer zartakoak plazan pilotatto hari!

Zoin zainarta ditaken hortan da ageri.

Orai plekari bezen... geroxe gerlari!

 

Zango seko hek nola dabilzkan airean!

Ez duke min handirik segur sabelean.

Lasterka ikasirik plazanen gainean

Ez du uko eginen guduka dorphean.

 

Soldado doalarik Frantzia barnerat

Halako bat badu hor, jautsia golkorat.

Nola egin sekulan nausien gogorat?

Aste baten buruan zoaz ikusterat...

 

Kasik ikasia du ja ofizioa.

Ja atxeman du ere nausien gogoa.

Zenbat baitzen hastean iduriz zozoa,

Gaizoa orai hor da soldado osoa.

 

Soldodoetan nor da tirari lehena?

Malobretako nork du zango hoberena?

Zangotarik bururat nor da garbiena?

Erran behar othe dut, nor den? Eskualduna...

 

Gerlan hor hasi dire Aleman zoroak,

Nahiz eta bentzutu frantsesen lerroak.

Bainan xuxen doazi eskualdun tiroak.

Laster ixildu dire etsaien orroak!

 

Eskualdunak, goazin, goazin aintzina,

Herritik urruntzeko Aleman zikhina.

Ondoko egunetan guretuz «Berlina»

Gora eginen dugu a «gure irrintzina!»

 

AZKAINDARRA

[Zerbitzari]

(gerla tokitik)

 

 

 

INDAR ETA URGULU

 

      Indar gaitza zuen alemanak, gerla huni lotzean; eta oraino ere, nahiz aphur bat hautsia, kraskatua, alde guzietarik mozkindua, zain eta odol hanitz galdurik abultzen ari,... oraino badauka hein bat indar; behartzen ere baitzaio, hiru etsai handiri betan ihardukitzeko.

      Azkenean garhaituko dugula, ororen artean, eztugu zeren duda; bainan lanak emanen dauzkula ere ez.

      Nahi badu ba; garhaituko guk, frantsesek, rusoek, anglesek, bertze lagunik ez ukanik ere, gerla hunek irauten duena iraun; gostaia gosta; guk ororen buruan, behingotz bakea eman beharko daukun beineraturik ezarriko Alemania; higatuko haren indarra, izanik ere nahi bezen zail eta handi; nahi bezen iraunkor.

 

* * *

 

      Bitxi, eta sinestea ez errex: alemanaren indarrak baino lan gehiago behar daukula eman, garhaitzeko, urguluak indar baino, jakitate baino, urgulu gehiago baitu; bere buruaz hartua baita eta hantua egundaino nehon populu bat izan ez den bezala: dituen, ez dituen berthute, merezimendu guziak badituela baitzaio iduri, bertze edo zoinek baino handiago.

 

      Ezin jasanezko urgulu hori dugu nekezago garhaituko, alemana baithan, indarra baino.

      Hunek ja, indarrak, zer eztauku sofriaraziko, eta nork daki zonbat denboraz, hastetik hunadinokoen gainera?

      Araberan, zer putikoa, zoin hez-gaitza, holako etsai baten urgulua!

      Munduan eztela nehor, hura gerhait dezakenik, uste du alemanak: bertzeak oro elgarrekin emanik baino gehiago dela bera; nehoren beldur eztuela zeren izan; bera aski dela, orori buro atxikitzeko.

      Mendeak ditu, oraiko aleman hauien aitzinekoek espantu aski handi ezin eginez, zerasatela: «Deusen ez gira beldur, zerua gainerat eror dakigun baizik.»

      Zonbat urthe? Ez urthe lerro hain luzea, Enperadore Guillaume hunek ziola, ustez oro izi: «Alamaniak badu adixkide; bainan ez balu ere nehor, ez litake lotsa, orori berak ihardukitzeko. Hurra bolbora xukoari! Hurra ezpata xorroxtueri!

      «Hurra», hitz horrek erran nahi du: Biba!

      Ikharatu behar zirela oro, uste zuen buru bero, aho bero Enperadore atabalari handiak, haren, boza ran-plan-plan, haren harrabotsak aditzearekin.

      Geroztik hunat bere muztatx luze zorrotzak laburturik derabiltza; larderiak eta oro hasiak ditu omen heintto bat eztitzen. Ba eta seme premuk ere; kronprintz delako enperadore gei harek.

 

      Berritan mintzo ziren, brrr!... izigarriko sudur-hixtuekin, gure erhausteaz; Alsace eta Lorrain-en gainera edekiko zaungutela bertze hainbertze, edo gehiago; miliun edo miliar andana bat bertzalde; bertzalde Afrikan gaindika ditugun leihor batzuetarik ausiki handi zonbeit, Marok eta bertze.

      Azken egun hautako haize gaixtoak aphur bat aphal-arazi diote boza. Orai aski omen lakiokete, Frantziarekin bakearen egiteko, gerla aitzinean zituzten eta ginituen zedarrietan jartzea; bakotxak bere fresak jasan, eta etsaiari deus ez galda.

      Hortaratuak balinbadire, heiek duten urguluarekin, pentsa zenbatetaraino duten barnea ja hozten hasia.

      Emazue, kanore duen baino hanitz gehiago daukutela galdatzen, eskaintzen aldiz gutiago. Gerla berek bilhatu, piztu, hasi, eta eremanki aitzina, dakizuen abrekeriekin; eta orai, baketzeko, erdizka nahi berek jasan eta bertzei jasan arazi fresak! Badute kopeta!

      Eta oraino galde hori, eskaintza hori, ez daukute Guillaumek eta hori hurbileko buruzagiek egiten. Bazterretikako batzu dire mintzo ikusteko araiz, nola hartuko ditugun.

      Mailetik mailera, oskatik ozkara ditugu jausten ikusiko, Enperadore aitasemetarik azken tunanteraino.

      Bainan urrun dire oraino beren urgulu nardagarritik jautsi beharko duten heinetik... Nork ere bailezokete orai erran, behar dutela, gurekin bake onik egitekotz, beren Enperadorea, familia guziarekin, igorri antzara ferratzerat, errepusta prest lukete aleman urguluntziek!

      Ezen ezta bakarrik enperadorea, eztire haren semeak eta soldado aitzindariak urgulutsu, bainan alemaneria guzia holakotsu da; hola dire haziak, altxatuak, etxean, eskolan, kasernan, orotan. Alemana bezalakorik nehor nehon ez dela ezartzen diote kaskoan itzaturik.

      Urgulu izigarri horren garhaitzea luzeago izanen da indarraren heztea baino: Jainkoa eta denbora lagun, hortarako gira.

 

 

 

Gerlarien berri

 

Abendoaren 9an

 

SATHOR GERLA

      Adixkide maitea:

      Astia dudano egin baginintza bi solas?

      Bi egunen pausua badut. Zertatu berria niz Sistako bat ederra bizkarrean egina dautet, sukhar usteletik beiratzeko, holetan. Orok zer bera beharra dute. Atzo kintaleko burua nuen. Egun norapeit arindu zaut. Balia gaiten. Bihar menturaz han harat joan beharko dut.

      Kanpoan haizeak gure barrakaren teilatua ereman beharrez zirimola ederrik derabila. Zeru gaina goibel, lanho beltz pisu batzu dohazila, zalhu zalhua. Artetan, kanoi handien orroak bazterrak inharrosten dauzkigu. Hotzik ez batere.

      Hor gaindi segur niz elgarri mintzo zireztela: «Gaixo soldadoak, hotzak hilak, urean xipilduak» eta ixtorio. Ez.

      Hotzak ikusi ditugu, debruen dela, bospasei egunez. Juan dire. Aroa eztitu zauku, zonbeit uri uharrekin. Ez da haatik hemen Eskual-herrian bezalako elementa izigarri hetarik.

      Bethi, delako sator gerla hura deramagu. Haste hastean ez ginuen holakorik uste; bainan Alamanek bazakiten lurpeko lan gordearen berri. Nehor ez ginuelarik ikusten, beren zilhoetarik ari zitzaizkigun, zokho guzietarik tiro eta hixtu.

      Gu ere heiekin eskolatu gira; Lurpeko gerlan nor nahi bezen trebe, ba, jakitatez, ba kurajez, ba bereziki iraupenez.

      Nork erranen zuen soldado frantsesa dena odol eta zain delarik bethi fantesian aitzina joaiteko gogo beroan, nork erranen zuen hoin ederki jarriko zela gerla luze gorde huni; onore onez iraganen zituela gau egunak, geldi geldia toki berean, bethi tente, bethi jasankor?

      Denboraren erdia lurpean iragaiten dugu. Zonbat egun lerro lerro? Nola den. Bi egun, lau egun, zortzi egunetaraino.

      Etsaiak ez du behar jakin zonbat denbora egoiten giren lurpean. Bertzenaz, sar jalien berri jakinez geroz, burrustan, gure gainerat sua bota lezake, harakoan, edo gibelerat gohazilarik pausatzerat. Ezen bidea, nahi ala ez, barna zilhatua izana gatik, tiroen menean gelditzen da.

      Hola ere, tenoreak bethi kanbiatzen ditugularik, beharri onak dituzte, senditzeko noiz hartzen dugun gure posta «tranchean» eta bidean gohazilarik dugu hirrisku handiena.

      Etsaiaren aintzinean harek bezalako arroila luze handi batzu eginak ditugu. Zerbeit gostaiak ditugu, buruilaren erditsuan hasi ginenean haintzur eta palla eskuan, tiroz emokatuak, Alamanak jada gordeak ginintuelarik goraxago.

      Emeki emeki gure ohantzeak handitu ditugu, zabaldu, barnatu. Gainetik estali, ahal bezen ontsa, lur zohi, zur, taula zahar, arbola darthe, abar. Ofizio guziak jakin behar dire.

      Etsaiari buruz, arteka batzu, xixparen punta han ezar eta tiro egiteko. Arteka hertxia da, bainan halere Alaman debru heiek begi onak dituzte. Noiztenka zonbeit gizon hiltzen dauzkigute tiroz. Leihotik beha dagoenak eman beza kasu. Biziki hobe da jarririk egoitea arroilaren zolan.

      Bainan nola mirakulu iragaiten ditugu gau egunak barne hortan? Egunak iragaiten dire nolazpeit. Solasean, kartetan, jaten, zalapartaka. Ori, bonet eskualdun bat igor-adazu, othoi, ene kepia herrestan baitabila hor gaindi, itzulipurdika.

      Gauaz egin ditake lo khuma zonbeit. Bethi guardian daude andana bat. Bertzeak etzaten dire lekhuan lekhuko gisa, erdi etzanik, erdi jarririk.

      Batzuek badituzte oheak, arroila sahetsean zilho handi batzu, bide handi bazterretan kantonierek atherbe gisa egiten dituzten bezalakoak.

      Hotz delarik, zangoak harzitu behar dire, ez ditezen horma: lurrari joka berotzen dire hein bat bederen.

      Alamanak ere entzuten dire, zapata zolak panpaka lurrari, berotzeko.

      Harrigarri da zoin hurbil diren tokitan Frantsesak eta Alamanak. Aintzindarien manuak eta oro aditzen dituzte. Elgarri lur puska zonbeit ere botatzen, bai eta ere zonbeit elhe bizi, irri egiteko.

      Alamanak entzuten dire bereziki lur lanean ari direlarik. Lur alde gaitza derabilate. Ez dakit zertako hanbertzetaraino lanean ari diren, berotzeko ala zer: bedera den gu baino gehiago ari dire.

      Tiroka ere ez dute gelditzerik. Gauaz bereziki, bethi tiroak han hemenka. Guk ere arropostu. Min guti egiten da, segur; bainan gisa hortan nehor ez da haizu kanporat.

      Gauaz ezartzen dire burdin hartz edo alanbrezko sare batzu zilhoen aintzinean, etsaiak bidea zerratua kausi dezan.

      Lan goxoa, segur, tiroak hixtuka, gau beltzean iragaiten direlarik!

      Bertzalde, gauaren argitzeko noizetik noizerat elektrikaz, zeru guzia xuri distirant ezartzen dute gure etsaiek: bazterrak egunaz bezala ageri dire. Hanbat gaixtoago kanpoan ikusten dutenarentzat. Ez du eskapatzerik.

      Kanoiak ere guti edo aski burrunban ari dire bethi. Gure kanoi ttipiak ixilduxeak dire; handien aldi.

      Heienak ere senditzen ditugu gainetik iragaiten. Batzuetan urrunerat ari dire inguruetako herrien gainerat. Bertze batzu guri buruz: gure gainean zapart egiten dute, han nunbeit, inguruetan, lurrean zilho bat eginez izigarria.

      Irri guti orduan, gauaren erdian bunbako hura entzutiarekin, oiharzunak harrabotsa berritzen duelarik, harrixka eta bertze purruskeria zer nahi eroztzen senditzen duzularik zure atherbearen inguruetan!

      Bizkitartean, egiazko hirrisku guti. Xuxen xuxena gainerat erori behar litake tresna tzarra.

      Horiek oro hola, ez uste izan denbora guzia gisa hortan dohala. Denboraren erdia bakharrik. Bertze erdia pausan.

      Pausa hortaz zonbeit hitz lehenbiziko letran.

      Ikusiko duzu, zoin goxoki hartzen dugun.

      Zure adixkide bethi.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

PAUSU EGUNAK

 

      Nahi duzu jakin gure pausa egun baten berri?

      Ori, zato gurekin, zilhoetarik atheratzen girenean. Ez izi, gure bizar eta muthur zikhinak ikusirik, gure arropa lohistatuak: gure zapetak ligaz estaliak, eta larrua ere, gure larrua, zimur eta hori jarria. Ikusiko duzu bihar.

      Goazin. Gauden ixilik urrundu artio. Alamanek beharri onak dituzte. Ori, horra nun tiroka lotzen zaizkigun. Ez izan beldurik. Oihan zokho huntako bidean ez dugu hirisku handirik.

      Hara hantxe gure pausu lekua, herri txar bat, ur hegi batean. Etxe zonbeit erroz gora juanak dire. Artetan Alamanen «marmita» hetarik bat edo bertze gainerat erortzen zaio herri gaixoari. Ez du balio aiphatzea.

      Horra gure etxea. Muble guti kausituko duzu barnean. Zerbeit ikusirik dago lau hilabethe huntan. Lehenik soldado frantsesak, gero Alemanak, gero berriz gu. Lastoa bederen utzi daukute.

      Jendeak juanak dire han harat. Ba othe dakite beren etxearen berri? Othe dakite xutik dagola bederen, lehen auzoa herraustua delarik aspaldian, bi harrasi hegal dilindan?

      Sar giten. Barkhatu. Athorra xuria behar dut soinean ezarri, eta nihaurek ere garbi aldi bat ona hartu. Gero xurikeriak eginen ditugu.

      Ura hor berean dugu; ur handi bat, bere izena duena geographian, omen. Ez aski barna izanez, sahetsean egina diote bere gisako laguna, kanal bat; untziak hor gaindi dabiltza.

      Larru arraseko, athorra, galtzerdi, mokanes, bi taula zaharren gainean zalhu zalhua ikuztuko.

      Gero lo aldi bat ederra egin, baitugu beharra; zer gau goxoak iraganen ditugun orai, hirriskutik urrun, lau, sei, zortzi egunez! Eta zer apharuak! Jatekoaren partetik ez dugu den gutieneko errengurarik.

      Bethi tenorez hor dugu, eta ona. Ogi xuri garbia, haragi freskoa, lur sagar, ilhar, irris, ba eta askotan gasna, erreximeta, xokoleta… Ez haatik egun guziez.

      Arno xorta bat ere noiztenka. Gure sakelatik ere erosten dugu zonbeit pinta, barrika bat edo bertze heltzen denean. Hainitz denbora egon gira, deusik ez baitzen ageri; moltsa bethi sakelan. Orai aingira bezala badoha sosa. Jainkoak begira bortz liberakoaren moneda tzetik!

      Ez gaude gero alfer bethi, pausa denbora izana gatik! Gure xixpak bizkarrean harturik itzuli zonbeit egiten dugu gure aitzindariekin, zangoak bethi arin eta trebe beiratzeko.

      Bainan astia frango badugu. Ori, igande hautarik batez pesta ederra egin dugu Eskualdun andana batek. Kapitain Eskualdun bat eta mediku Eskualdun bat ginituen aintzineko. Xuberotar dantzak, gero Lapurtarrenak. Dantzari hoberenek hogoi liberako begi gorri bat bildu dute.

      Gero pilota partida bat ederra: sei Lapurtar hoberenak. Han ziren Dongaitz gaztea eta Puyade errienta.

      Ilhuntzean guziak elizarat. Baginen bospasei ehun, benedizioneko bilduak. Xoragarriak dire hango gure kantuak, nigarra begietarat jauzten zaut, orhoituz orduan gure Eskual herriaz, galdu ditugun lagunez, oraiko eta geroko hirriskuez. Badugu segur Jainkoaren laguntzen beharra, eta gutartean nehor guti da gelditzen zeremonia hoitarik urrun.

      Irri egitea, edo ahalgez urrun egoitea on duzu bake denboran, edo gerlan hirriskutik gibel bizi denarentzat. Egin dezala itzuli bat alde hautarat: bertze zerik izanen du gogoan!

      Bertzalde, aintzindariek daukute etsenplua emaiten, handi handienek bereziki. Sekulan orhoituko niz zer bihotzez kantatzen dituzten berek Eliza kantuak.

      Eguberri ere hemen iragan beharko dugu naski. Ahal bezen ontsa eginen dugu. Anhartean egon polliki. Arte huntan zerbeit berri gertha ditake.

      Igorriko dautzut.

      Zure zerbitzari.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

Ziberoan

 

BASA-BURU

      Gure Dominixe! Bere khidekuak oro bezala, hura ere Frantziako mügetan da, Aleman alano gaitzari bürüz. Han da lau hilabete huntan. Etzaio jin aldi batez ere goguala berririk behar diala etxerat igorri.

      Üdan igaraiten dütü bi hilabete Kesero edo gazna egile Izaba bortian. Nurk dü jakin beharrik zunbat gazna egiten dian? Zunbat haietarik behexten dian berarentako? Nurk dü jakin beharrik nula dabilan makterrarekin? nula erabilten dian zarrapatana?

      Orai ez da kesero bena bai gizon kalizale. Tresna hunak badütü eskietan, eta ez da, herabez ez güphidez egoiten eginbidiaren bethatzeko. Bena etzaio üdüri horren aiphatü beharrik badiala. Hortakoz ez dü leterarik igorten.

      Dominixeren etxenkuak haatik arranküra handian ziren jakin nahiz zer bilhakatü zen muthikua. Hilik ez bada Alemanen eskietan da, zioien. Ahalak oro egin dütie Dominixeren herexatzeko. Azkenian ükhen die nunbaitik letera llabür haü. Dominixe ez da hilik ez eta presuner ere; hantxe da Alemanen guaitan, iratzarri eta osagarri hunian.

      Lehian etxenkuek izkiribatü die Dominixeri eta untsa othoitü die behin phürü igor ditzen berriak.

      Phaüsüko iehen egünian, Dominixek hartü dü kreiua, eta huna zer izkiribatü dian aita, ama eta aürhider. Prefosta ni untsa niz; agian ziek ere hala zidie. Ez gira heben haboro gerlan, txostakan igaraiten dügü denboraa, gorda eta kukuxka. Kukuxkariek algarri igorten die zunbait baxaka arhan; hunkirik dena txino da, erran nahi beita jokütik kanpo, berriz hasteko biderik gabe Alemanek gützaz erri egin nahi ükhen die. Arroilla hegian ezarten zütien beren kaska edo bürükoak, alegia zilotik jelkhirik guri begiz zaüdela. Zalhekara ezagütü dügü baien jokia eta xüxen ihardetsi dügü haien tziminokeriari. Kaskaren gañen dien küküla txüta jaüz erazi deregü agertü ordünko. Ez ümen dira kontent, izan; aitzindariak trüfatü zaitze zeren zütien thipiña estalkiak kükülarik gabe. Gü ere ez gaüde ekhürü. Kaxketak eskian etxekiz, barnez ützülirik Prüsianuen alderat, agertzen dütügü phezu beziala. Aleman zarrek thiratzen die, bai eta xüxen. Bena haien balek ez die kaxketa zilatzen Alemaniako plomia hanitxez marduago da Frantziakua beno. Ikhusten dügülarik bala huna dela, pelotakariak xisterarekin egiten dian bezala, gibeltzez bala lerra erazten dügü kaxketaren barnen eta indarra haüts erazten derogü; lhan berian baratzen da Sakolak, betherik dütüt Aleman balaz —Ekharriren deitziet gerlaa ürhentü denian—. Ez dü araüz lüzaz haboro iraiten ahal; etsaia joz zabaltürik da Baigorrin gaztaña berriak zaphatzen dütien bezala. Alemana arrastan bürhoi da eta isilgaxtoko ez dü orano ere ezagütü ez aithortü nahi partidaa galdürik diala.

      Hanitx presunerek galthegiten deikie zunbatez diren Alemanak Pariserik Frantzia barnialat ago. Uste die, eta deüsek ez litzazke ustekeria hortarik jelkhieraz aspaldian Alemanak Parisen sarthürik direla, eta haien enperadariak han legiak kanpo Alemaniako armadan, ihurk ez daki nun den ez nurat ari den.

      Nahi badütüzie igorri zien berriak, hunki lin eginen deiet; nik ez düt gerlako ehe baizik emaiten ahal eta geron ere ükhenen dügü gerla hunez mintzatzeko arte franko Aita familiako, batzü dira heben bethi berri arranküran. Haürrez mintzo dira ardüra, bai eta etxenko lan eta kabalez emazterik ez die hanbat aiphatzen; nik uste beren beithan igaraiten diela: badügü gerla egile aski. Manex batek azkenki galthegiten zian etxenkorer eia azkarrian denez beharri lüzia Manex herrian astua deitzen ümen die beharri lüzia. Izena ez da üdüriz gaizki erranik. Arrastan ene sinhestia da beharri illabürretan badela beharri lüzetan beno asto haboro. Aski hortan, bestela Manex, Ziberutar eta Biarnesak ere hasiten beitira erraiten Zerik ederrena, ez othe deia Dominixe soldadua?

      Arren prefosta orai üzten zütiet; banago heben bihotza eta sakola arhinik —Bihotza arhin nahi nüke begiratü; sakola egar niro phezüxiago balitz ere, egia da Aleman balaz betherik denian badiala, bortxaz ere azta pozi bat.

      Goiaintzi ene berri galthegiler. Dominixe.

 

SANTA-GRAZI

      Santa Graztar emazte bat Atharratzeko plazan zagon elhez nurbaitekin. Herritar bat hüillantü zaio eta erran dero: Ikhus ezan orai gure kuntre ibiltiak zer ekharten dian azken bozkatzetan hire senharra jarri dün gure etsaiekin orai allocation militaire, züzenez hunki behar hükiana südür petik igaranen zain.

      Gizun harek badütü askazi hüillanak gerlan, haietarik bat gertha daiteke aiphatü emaztiaren senharrarekin. Lürpetan edo süian direlarik, ez dira araüz hurak hanitx arranküratzen igaran bozkatziaz badie beste lanik eta bietarik bat eror laledi, sinhesten ahal dügü bestia lehia litekiala kolpatiari lagüngua egitera.

      Heben, Santa Grazian, ez, ez gira ohartzen zer denboretan giren heben usuki, mendekio, zarkeria. Etzen lehen holakorik: bi naspuiller aski direia arren herri osuaren pekuaz gora ezarteko?

      Kaseta handiek ez dütie jakiten bazter herri orotako berriak bestela araüz iratzar eraz irozkeie Gobernüko gizonak. Pau-eko Prefet jaunak uste dia xuxen argitürik dela Departamentüko gora beheretan gañen? Ala ez dü arrankürarik popülü xehiaz? Zunbait gizon xede hunekoz egin eraz beza zerbait ikhuska bazter hoietan eta ezagütüren dü zer hedadüratako eta zer arimatako diren harek gizon leial direla uste dütian potiko batzü.

 

 

 

Esküaldün soldadoa, gerlari askarra,

Begian dükalarik bethi ber pindarra,

Airoski garraitzeko Prüsiano tzarra,

Ürrüpazak artetan Esküaldün Izarra!

[Liquer IZARRAren iragarkia]