Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-12-11: Egunkari bat ez izatearen pleguak

      Kexu da kazetaria berri gutxi eta berantegi hedatuak eskaintzen dituelako kazetak. Eskualduna astekariak euskarazko egunkari baten beharraz ohartarazten ote digu? Jean Etxeparek “Alemanak hurbiletik” sailean presoen bizi baldintzak hartzen ditu hizpide, minaren, sufrimenduaren aurrean ezberdin jokatzen ote aleman soldaduek? Saint Pierrek heriotza baten berri ematen digu, Aita Blaise kaputxinoa (Luc Babaquy) ehortzi berri dute Fisme (Marne) herriko hilerrian. Hagiografian besteak beste Frantzia biziki maite zuen euskal idazle bat hil dela azpimarratzen du Saint Pierrek. Berri laburren sailean lau preso frantsesen ihesa  eta Kadet soldadu zaharraren balentriak berritzen dizkigu kazetak. Kirikiñok ezin digu gauza handirik argitu eskura duen informazioarekin. Calaisera iritsi ote dira doixtarrak?.

 

 

Berriak egunka

 

      Irakurtzale zonbeitak galdegiten dauzkute gerlako berriak egunka, astean astekoak. Ez gaude ahantzirik, ez eta, errana den bezala, holako zerbeiten egiteko, gogoa saldurik.

      Xoilki, adixkideak, behar duzue konprenitu, egunka emaiteko, berriak xuhurregi ditugula, eta bethi beregi, bardinegi, funtsera eta; gero berriz astean behin, aste erditsutan agertzen den kazeta batek, igandea edo bederen larunbata duelarik irakurtzalen eskura orduko, ez detzazkela eman egun atzoko berriak, ez eta egungoak bihar.

      Egun guziez agertzen diren kazetek emanen daitzuete, bero-beroa, egunean egunekoak; bakar batzuek egiaz; hamarretarik bederatziek, alegiaz.

      Guk huntan ez bertze deusetan, ez dautzuegu hitzemanen ahal guziaren egitea baizik.

 

      Zerbeit egitekorik badela hemen oraino egin ez dugunik, aithor dugu.

      Entseatzera gaude; lehen kolpe ez badugu hatzemaiten zuek eta guk nahi ginukena, bertze buru bati loth; borondate onak dauku azkenik eskas eginen.

 

      Zer zautzue huna holaxe?

      Goraxkodanik hasiz, abendoaren lehenetik, huna zertsu dakigun, Pariseko berri-emaile argituenen arabera.

 

 Asteart, abendoaren 1an

      Kanoiak Belgikan bazuen azantza; aleman infanteriak nahi ukan du lur-ziloetarik atheraldi bat egin, tiroka. Ba uko, egin ere, on bazaio.

      Angleterrako errege Georges bideari lothu da itsasoz, Frantzian soldado diren Anglesen ikustera jiteko.

      Serbiak eta Rusiak azkarki diote ihardokitzen aleman eta Otrixianoeri.

 

 Astezken, abendoaren 2an

      Lur zilo erreka hetarik bat baikinioten hartua guk atzo alemaneri, gaitzeko indarrean jazarri zaizku, nahiz erreka hura beiriz beretu. Muturreko bat ederrarekin igorri ditugu han harat; kanoi batzu ere ba hartu.

      «Vermeilles» deithu herrian bertze zilo batzu huts-arazi daizkotegu; berehala guhaur han sarthu.

      Alsacen lur eremu pozi batez jabetu gira.

 

 Ortzegun abendoaren 3an

      Bethi aitzina, nahiz hurriki, nausituz goazi. «Vosges» mendietan eta Alsacen.

      Angleterrako erregek eta Poincarré Prezidentak elgar ikusi dute angles soldadoen aitzinean.

      Rusiako eta Alemaniako enperadorek ere zonbeit urhats egin dute elgarri buruz; ez haatik elgar besarkatzeko xedetan.

      Italia gure alde jartzekotan dugu, itxura guzien arabera, egun laburrik barne. Ja gaina dugularik, horrek behar dio Alemaniari bizkarreko azken hezurra hautsi. Oroz batean gerla hau labur balakigu, ez litake goizegi.

      Agian, agian!...

 

 Ortzirale, abendoaren 4an

      Indarka zauku ari bethi etsaia, Ypres-eko aldean: alferretan bethi. Han daukagu, nahi ala ez; urhats bat aitzinerat egiten badu, gibelerat biga. Txarrenak amor.

 

 Larunbat 5ean

      Pixka bat oraino aitzinatu gira Alsacen; bi zilo erreka ereman diozkategu alemaneri, jauzi batez; nonbeit hor kilometra erdi baten irabazia; osoaren galtzea baino bethi hobe.

      Hola goazi, egunetik egunera, etsaia gure lurretarik haratxago igorriz.

 

 Igande, abendoaren 6an

      Belgikan bi zafraldi onak ukanik dago etsaia. Nola ez duen etsitzen gure lerroen haustea, horrela denaz geroz, oldar bakotx, ukho egiterat borxatua!

      Gure kanoi handiak, orai arte eskas ginituelakoak, huna non ari zaizkun berri-berriak egin dituzteneko, Champañan gainaren hartzen. Handiz, bitarteko kanoi bat badugu pare gabea; haren aldera orai handi aulimale batzu egiten badauzkute langile konoi-egilek, nork ihardok guri?

 

 Astehehen, abendoaren 7an

      Yser deithu ur-handi bat baita Belgikako berrietan maiz aiphu, haren hegi ezkerrean bazauzkaten oraino eskuetan alemanek erreka zonbeit. Ondarrak hartzen ari diozkategu.

      Angleterrako erregek dekorazione bat eman dio Belgikako erregeri atzo, zeren dion etsaiari gaitzeko kuraiarekin ihardokitzen.

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Azken zathia)

 

      Eskualde hotarat lekutuak izan diren aleman kolpatuak, aipatu dugun frantsesen bihurtze suharrak zituen aurdikiak lurrerat. Bazen andana: batzu beren herrirat treinetan abian zirelarik hatzemanak, bertzeak gudu tokietan han-hemenka eroririk bilduak.

      Metan, erdi goserik, sukharraren egarsuak, akidurarenak bezenbat, zizpitzen zituela beren ixiltasun harrituan, gauaz kabaler eratxiki ohiak ziren bagoinetako lastoan etzanak, herritar kolpatuak ginerakarzan bezala-bezala hastapeneko tupustada lazgarri hartan, ez hobeki, ez gaizkiago, zauzkiguten ekarri, uste gabetarik.

      Hitz bat ez auhen bat atera gabe egon ziren behin beren itzialduran, orori eta alde orotarat beha. Ah! etsaiaren menerat erori soldado saurtuaren begia, zer bihotzeko pilpirak, zer etsia batzutan, ardura zer urrikalmenduzko othoitzak dituen argitzen! Nolakoa den ez ditake erran; ez da mintzairik erran dezakenik.

      Etsiari zauden bizkitartean gehienik gure gizonak; eskuak ez garbi ukanez kontzientziako harrak sortzen zakotela orobat barnean, aspaldiko orde, gure beldur izari zuzena.

      Halere, gure herritarrer, heiener halaber egiten suketelakotz agian, guhaur noizbait berdin urrikalgarri gertha ginitazkelako griñarekin nunbait, heien lurrean berean behar bada, hala manatuak ginelakotz ere bertzalde, bai eta haurdanikako erakaspen karitatezkoek ixilik berotzen zaukutelakotz beharrik gogoa, aldatu ginituen, ikuzi, bedera ohetan ezarri, sokorritu apur bat. bertze batu jarri ziren berehala, eskerrak emaiterainokoan, gure begitarte onak eta arthek gozaturik.

      Lothuren berritzea baizik etzitzaukun gehiago gelditzen. Berekin baitzituzten mediku bakar batzu, hok gu lagunduz abiatu ginen.

      Zauriak zahartuxeak zituzten, zonbeit egun hartan ja estalgi pean ezarriak. Garbiturik izanik ditaken bezain guti; lothurik, larri larria, arruntki. Sobera bide ziren, orori buru emaiteko — guduaren ondotik eritegirat, gibelaxago, ereman zituztelarik. Baditake ere etzuten arthazaleek eskua aski usatua aitzinetik, kasernetako lanpide ez-deusean, halako zaurien arthatzeko. Zer nahi izanik, itxura gaixtoa zuten zauriek eta areago usaina, usua zariotela gehiener eta hanitzi zorna, bazirelarik ere kotsua jadanik harren alhagi.

      Kolpatu hetan baziren bizpahiru gunetan hunkirik izanak. Sarraski handi guti bizkitartean; izitzekorik bederen ez. Gehienetan xiloño bat zango makilean edo besoan, iduri deus ez. Mitrail xispak han sartua bala bat, edo burdin pozi bat gure kanoiek.

      Bainan urratzearekin xilo hura, ikertzearekin barnerat herexa guzia bere osoan, harriturik egoiten ziren xirurgianoak, solasetarik nahi eta ez adiarazten zutela halere, urgulurekin, gure «75-eko» aipatuaren larderia: hamar, hamabortz pusketan xehatua zen batzutan hezurra, zainak zirtzikatuak, junta iraulia aldeanbertze. Etzen segur lan eskasik, gizona kloroformak bere loan inhurtua zaukalarik, hautsien berexten, sendoraino garaitikoaren karrakatzen, haragien berdintzen, zauri xokoen xahutzen, ixurkien egiten parrean ebakiz larrua, zathorzken huskinen bidatzen, lotzen azkenik.

      Loturak erreberritzearekin ohartu gitzaizko huni: oinhaze ttipien alderat jasankorrago da alemana, gogor egiten deie hortzak tinkatuz; frantsesa aldiz beratzarekin zinkurinaz eta oihuz abiatzen zautzularik; oinhaze saminetan hargatik, frantsesak badaki hein batean bere buruari gizontasunaren manatzen, alemanak heiagoraka, orroaz, iduri duelarik etxea nahi dautzula airatu.

      Garrazki kolpatuak izana gatik, hanitzak oneratu dira halere ephe laburrez. Sendatu, arras guti, hautsia dena, moztua, zathikatua, medikuak ez dezake alabainan berritarik ezar; garbitzea; bera bada zerbait eta berdintzea; hok eginez geroztik, haragiz bethetzen ohi da nolazpait, eta emeki emeki larruz estaltzen zauria. Hartakotz dira bada bethierekotz ezindurik itzuliko gehienak beren herrirat, guziz belhauna, ukondoa, edo sorbaldako junta joa zutenak, nekez baitira ala bat ala bertzeak zalhutzen, behin andeatuz geroz. Zonbaitek eskas ukanen ere dituzte oin bat edo biga.

      Hamarretarik bat beretu dauku herioak, Frantziako lurrak hil-herri berezi batzuetan dauzkala geroztik heien gorputzak. Heriotze hits, bizia gal oro gal, bihotza ilhunbe latz ezin kontsolatuzko batez estaltzen duten hetarik; heriotze gozo, hil ondoko zorionaren esperantza eztiaz arinduak: ikusi dugu orotarik, nahiz azken hotarik arras guti.

      Eta zauri goihengarri heien aitzinean, etsaiak etsaiari bere jakitate eta khar guziaz arthatzen zaizkolarik, geure lurrean geure eskutik hiltzera zoazin gizon heier beha, ezagutu ere gabe utzi behar ginituenak herioari, eginik gaude —alferretan, bainan jarraiki gehiagorekin baizik ez— bi gogoeta. Zer da gerla? Zerk dakar eta nundik dator? Zer etorkizuna darraikoke Frantziari oraiko huntarik?

      Gerla ez da bertzerik, baizen egun guzietako gudua zorrotzago, saminduago, basatua, odol ixurtzearen ariaz hezi behar dena. Dezagun asma Jaun goiko bat, gizaldeak egin dituena desbardin eta elgarri aiher, edo bere oldez, edo jauspen ekarri eztakotelakotz gure lehen arbasoek; aitzitik, dezagun uste ukan, halako nausirik gabe, bera bere baitharik eta betitik, gu barne, egiten eta desegiten ari dela mundua, ezin geldituzko itzulika batean, osatzen duten izpi eta inhar guziak kaskaka bat bertzeari: batetara doa huntan, gutarik neholere urrunt ez dezakegun gaitz bat dela gerla. Bizitzekotz, bizia bere balioan jasta edo gozatzekotz, baitezpadakoa orobat. Zernahi izanik, gizaldeen erne eta xut atxikitzeko ararik hoberena, zer ondorio ere baiterakarkote.

      Atzartasun, lanaren amodio eta gizontasun eskeaz bezenbatean, orhoitzekoa izanen dela uste dugu Frantziarentzat aurthengo hau. Ontasun guti ekarriko dako. Bilduko dituen izpiei esker egun hotan galdu dituenak ezin bere-ganatuz, joanen zako ephe luzea. Alemanak baratuko dira ba, nahikundea bederen baginuke, leihorrez ttipituak, dirurik gabe, aztaparrak hautsiak; bainan beren buru on eta bihotz azkar hura ez daizkotegu kenduko; miliun bat edo biga gutixago izana gatik, berdintsu aho izanen dira, eta goseago baizik ez. Sekula bezala buruz buru jazarriko zauzkigu egun guzietako guduan. Eta heiekin batean, hek bezain gogor ez izana gatik, bederen hek bezain maltzur, gure gerlako lagun anglesa.

      Eremaitera goazin garaia guziz izanen da Frantziarentzat: oraino norbait eta zerbait badelako segurtamen bat, urgulu salbagarrizkoa; eta sista bat geroko guduei buruz, gauden bipil.

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

 

Gerlarien berri

 

      Huna zer xehetasunak daizkun igortzen Lekondar kaputxin Aita Blaise Babaquy zenaren heriotzeaz eta ehorzteaz han ditugun berri heltzale onetarik batek:

 

      Adixkidea,

      Ehorzte hunkigarri bat nago ikusirik egun oxtian. Aita Blaise, Frantziako lurrak galdurik Espainia Oyharzunen bizi zena ehortzi dugu; «tranchées» direlako lur zilo hetarik batean kolpaturik hila.

      Uste baduzu Eskualdun-aren irakurtzalentzat on direla, huna, nik dazkidan bezala, haren azken berriak.

      Lapurdiko herri gehientsuetan ezagutua zelakotz, iduri zaut gogotik irakurtuko dituztela hor gaindi zonbeit lerro, hartaz mintzo.

      Jin berria zen hunat; doi-doia zortzi egun. Gaude elgarrekin, haren adineko apez fraide bat, 42 urthetatan, eri arthatzale, kolpatu altxatzale edo zerbeit holako beharra legez, nola zuten igorri surat, gu gazteagoak bezala?

      Nik ez nakike xuxen. Gehiago zakitela iduritu zaizkidan batzuek erran dautate, zer zuten aditua: baizik eta bere burua emana zuela, bere nahiz, aita familiako baten ordain, delako aita haurdun hura bere lerroan ezartzea omen ardietsirik, sutik urrun.

      Hala bada eta ez bada, harek egitekoa zen hori.

      Dena dela, ez dio luzatu, harentzat zagon kolpeak. Hunatu eta hiru edo laugarren egunean, obus batek leher zapart egin dio bulharretara erdiz erdi.

      Harturik berehala ereman dute Fismes-eko garala; kolpatu hanitz gara hortara deramatzate; «de l'Aisne» deithu gudu hartan min-hartuen zaurthuenetarik gehienak.

      Reims eta Soissons bi hiri handien artean da, biderditan bezala, Fismes; hara deramazate gaizkienik kolpatuak urrunago igortzeko ez on ez, armada inguruetako guzietarik hara, hil hurran guziak, lehen bailehen ahal artha guzien emaiteko.

      Craonne deithu gain zaba hura ere hurbil da handik; parrez par ageri.

      Aphalago, ur hegi batean da Fismes.

      Hango garatik hiriko eritegi batetara ereman dute. Zaurthuegi zen Pariserat igortzeko.

      Ospitaleratzean ikustekoa zen, besozko angaila batzuetan zeramatela etzanik; min zuela biziki, aise ageri begitartetik, bainan gaitzeko kuraiarekn jasaiten zituela bere sofrikarioak; bi eskuz tinki zaukala kurutzefika bat.

      Ahal artha guziak eman diozkate Croix Rouge delakoan diren infirmier onek, hanbat bihotzekin!

      Heien ganik dazkit xehetasunak, azken hatseraino berek baitzioten atxiki begi eta esku.

      Ahuleziak zeramala behin ohartuz geroz, egin ez diotenik ezta, indarren pizteko; bizia bi egunez luzatu baizik ez diote bertzerik egin ahal izan. Zer agonia! Gorputza joanago eta azkarrago arima.

      Aldean zagokon arthatzaleari erraiten zion: «Kurutzefikatua naiz; Jainkoa izan bedi benedikatua!» Hiru omonier ikusi ditu ohe aitzinera jinak beren laguntzekin, arima altxagarrizko elhe on eta othoitz.

      Apez eskasik bederen eztugu. Eritegi bakotxean, badire hiruzpalautaraino, batzu infirmier, bertzeak brankardier, soldado xoil edo aitzindari; omoniertzat han dagona bertzalde.

      Hila kutxan sarthua baizik ezin ikusi dut, berantegi jakinik berria; bainan aski goiz han nintzen, xehetasunen biltzeko zer heriotze hunkigarri ederra eginik zagon gure Aita Blaise maitea.

      Nekez mintzo zen biziki: halere berak galdatu zuen komunione saindua eta kartsuki errezebitu. Gero handik zonbeit orenez, azken hatseraino bethi ezpainetan zituen hitz hauk: «Jesus, Maria eta Josepe».

      Hok erraitean hil da.

      Etzuten uste oraino hartan zela; odolak zauritik barnerat egin dioke, edo minak bihotzera.

      Hazilaren hogoi-ta bederatzitik hogoi-ta hamarrerako gauean hila, egun ehortzi dugu, abendoaren lehenean, arratsaldeko hiruetan.

      Pauetar apez omonier Narp deithuak daizko egin othoitzak. Bi aldetari: lerroan zagozkon hilaren karrosari soldado batzu harmetan. Karrosa berean baziren bertze bortz hil, zoin beren kutxetan.

      Gibeletik, lau apez brankardier hamar apez infirmier; hetarik sei, eskualdunak «Croix Rouge» delako lagungoko andere zonbeit; bertzalde auzo bakarño batzu, hil gaizoen urrikariz jarraikiak.

      Hilerrietan bi apez omonierek adiarazi dituzte zonbeit hitz hunkigarri. Bat mintzatu da bereziki apez fraidearen kuraigaitzaz eta Frantziari erakutsi dion amodioaz, Frantziak bizkitartean Espainian bizitzerat bortxatua zuelarik, hemen poxoluz hura zen frantses ona!

      Bertzeak aiphatu du kaputxin eskualdun misionesta, bertze xederik etzuena, baizik ere Jainkoaren maitaraztea bere Herrian; gizonen artean bakearen hedatzea, San Frantses Asisekoak bezala, eta azkenik bere odola ixuri duena, salbai higuingarri batzuen urruntzeko Frantziatik.

      Haren hil lagunak ere ez dire ahantziak izan mintzatzalen laudorioetan, ez eta othoitzetan, zuzen bezala.

      Hobi berezi batean ehortzi dugu Aita Blaise, kurutzean emanik, haren izena tokiaren markatzeko, non den shortzia.

      Ja hobi lerro berean baginuen ehortzia bertze apez bat.

      Bertze soldado hilak ere zoin beren tokietan berex ehortzi ditugu, izenekin. Koka ahala baino gehiago soldado hil badire hil erri hartan ehortzirik; inguruko harrasiaz kanpo lurra hartuz handitu beharko da edo ja handiturik dago Fismes herriko hilerria.

      Egun hautarik batez, Jainkoak nahi duelarik, eginen diogu Aita Blaise gure kaputxin herritar onari zeremonia berezi bat, mezak eta oro emanez, inguruetarik ahalko diren apez eta soldadoak, bereziki eskualdunak, bildurik.

      Deus etzaiku sobera izanen hura zenarentzat. Gure bihotzmina izanen da gehiago ez ahal ukaitea.

      Guk bezala ezagutu dutenek errexki sinetsiko dute zinez mintzo girela, orhoitzearekin zoin zen gizon fede zabalekoa, gogoan zuenaren errailea, bethi eztiki, bainan itzulikarik gabe, xuxen-xuxena xinpleki, gizonaki.

      Zuhurtzia bat lehenagoko eliza gizon bakar batzuez orhoit-araztekoa.

      Jakitatez baino hartuagoa zuelarik gogoa saindutaunez, nehori guti zuen zorrik, buru onez ere.

      Bereziki eskuara huntan trebe zen ja eta trebetuz joaki, mintzoz ala izkirioz. Gerlarakoan orhoitzapentzat utzi dauku San Frantsesen ordenaz eginikako liburu on bat, eskuaraz.

      Orotaz gehiagokoa izan da haren heriotzea, nigar onik hemen ixurarazi duena, jaun arrotz bati gure aitzinean hemen erran-arazterainokoan: «Celui-là était un vrai saint.»

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 

ZER ETA ZER

 

Diru

      Deus onik ezta nehon nehorentzat gerla, bereziki luzara; ezta deus ongi joan: ez lanik, ez negoziorik, ez bizitzerik deus gisetara.

      Zoazte Metsikora; erreka zolaraturik omen daude oro hanxe.

      Huntarik beretik ageri da zer hein duten: hango bortz liberakoak —la piastre— ez omen du egiten egungo egunean hemengo hamazazpi sos baizik. Harritzeko da: noraino jautsia!

 

Arroltze

      Dotzenak hogoi-ta hamabortz, hemezortzi sosetaraino egiten zuela Baionan, kexu zen hiritarra. Tokitan berrogoietaratuak ere izan dire.

      Itsuski goiti zoazin, saltzaleak haizu izan balire. Zertako arroltzeak hoin gora? Hein batetaraino, onesteko da, negua negu delakotz; bainan handik goiti, zendako? Ez araiz jale gutiago delakotz.

 

      Gerla estakuru, jendearen hersturaz baliatzea, janhari beharrenen pagarazteko hiritarrari odola bezen kario, etzauku eta ezta zuzen. Hola ariz elgarri, uste gabean, irabazi horren bethe galtzek hatzeman dezake arroltze saltzalea, bertze buru batetarik.

 

      Dena dela, hemen baino are karioago ziren, diotenaz, egun hoitan, arroltzeak Alemanian; dotzenak egiten omen baitzuen han 48, 50 sosetaraino.

      Belgikan ala Frantzia ipar aldean setiaturik zaukaten hiri batean ez omen zuketen arroltzerik dotzena hamabi liberaz petik. Hogoira sos.

      Gerlak su darion toki dohakabetan, hiri hetsi, etsaiak larrutu bazter eta holakoetan, ikusten eztenik ezta. Bainan gu hemen, asko zeretan gerlak saminki hunkituak gauzkalarik, ez gira tokian tokiko janaz oraino kortaratuak.

      Bethi gurera goazin, baitezpadako ezinbertzez kanpo elgarri ahalik gutiena lotzea ororentzat hoberenik, bereziki egun guziez beharrezko zer hoitan.

 

Bizar

      Egun hoitako solasa zen; Guillaume Enperadoreari ari zitzaiola ile guzia zuritzen. Orai berriz naski bizarraz dire mintzo: poxolu duela, kexuaren kexuz; mustaxa, bi adar luze bezala goiti, puntak zorrotzik zaukana, moztu duela edo bederen puskaz laburtu. Motz balezote beheragotik kasko tzar hura guzia, ez luke gur nigarrik.

 

Karrosa

      Ez bide diote gure Guillaumeri bakarrik bizarra moztu, hatz gaixto zerbeit emaiten ziolakotz, edo, bere kexuarekin, tiraka, tiraka, makurtzen zuelakotz, barreatzen bere plegu xut ederretik.

      Beldur ere othe zen, etsaiek ezagut eta hil?

      Iragan astean bertzerik oraino moztu diote holetan: harat hunat, beribilarekin aldizkatzeko, ala nahiagoz karrosa zaldizkoa, beretzat hautaturik zaukan kalexa ederra, ereman diote Rusoek; damurik ez bera kalexaren barnean.

 

Kapusail

      Hauxe da lastima! Ez diote bada Ruso diren bezalakoek ebatsi gure gizonari, gauaz berotzeko, egunaz ederraren egiteko ardura soinean zerabilan kapusail urdina!... Le manteau bleu de Sa Majesté l’Empereur des Allemagnes!

      Kopetaren ukaitea duzu gehiago, hari lotzeko!

      Aiher dire, bertze aldian, beraren ebasteko.

      Arrazoina du gordeka baitabila, jo hara, jo huna, kukulauka! Pauvre Guillaume! Zeri zagon, eta oraino dagon!

 

Ixtape

      Ixtapetik minez errangura dela diote; urratzeraino zabalduz omen baitabila Angleterra alderako itsas hegitik Rusiaraino, Polonian barna, burutziarik ezin eginez; oro garhaitu nahi, edo bederen harritu bere azantzaz; eta ezin hel; zango bat hemen, bertzea han, zabal ahala urrun igor: bainan zabaltzekotz, arauera behar aphaldu.

      Ostikorik ezin eman oraiko etsaieri, bertze orduz gogoko etzituen zerbitzari batzuri emaiten ziozkaten bezala. Eror beldur, edo beldur ez bada, ez gutiago erorkor.

      Lanetan da Guillaume. Urrikaltzeko egunak litazke, merezi balu nehor urrikal dakion sekula santan, hura den bihotz-gebeari.

 

Ehortziz ihesi

      Lau presuner frantses Alemianatik espakatu dire, Holandiako alderat, huna nola: Afrikan eta orotan gaindika soldado ibilia zelako bat buruzagi; sustatzale; lauek elgar hitz-hartu dautzute, zer nahi gosta, nolazpeit, leihorrez edo urez, airez edo lurpez, etsaiaren aztaparretarik atharatzeko.

      Barrandan zauden, parada on baten goait. Egun batez alemanek manatzen dituzte presoneretarik berrogoi bat, ongarri eia zikinkeria batzuen lurpean sartzera, preso zauden tokitik bazter.

      Ongarria orgetan, aitzur eta pala bedera bizkarrean, zain bat ondotik doakotela badoazi erran tokira.

      Hain xuxen, heietan ziren, ihes egiteaz elgar hitz-hartu lauak.

 

      Zer zaia buruzagi jarria zelakoari gogoratu? — Behar dituela bere hiru lagunak zikinkerien lurpean sartzeko egin ziloetan ehortzi, erdi xutik, erdi etzanik; ahoraino sar ziloan, lurrez estal, buruak eta oro; bakarrik hatsaren bidea libro utz, garaiteko gaina, guziz ahoaren gain ingurua ontsa ongarriztaturik, agerian ez uzteko han jenderik bazelako itxurarik deus.

      Bertze hiruak behin berak ehortzirik, hein bat abilki! —frantses lagunak hurrituak zaudela beha— bere burua ehortz-arazten dio lagun hetarik bati, lauen pala eta aitzurrak aidean gorderik.

 

      Lana egitean, presoneren zaina, bazterretik pipan zagola, etzen deusi ohartu ez eta gibeleratekoan lau gizon eskas zituela ere.

      Arratsalde aphala zen. Ilhun ondoan, lau ehortziek behin burua higitzen dute eta zilotik poxi bat jalitzen, higika; omen baitzuten beharra, ithogarrizko usain tzarra omen baitzuen ongarriak; gero beso bat, gero bertzea, gero zangoak, athera zituzten lurpetik.

      Jali arau, pixka bat garbi; soldado jaunzturen barnean jauntziak omen zituzten, ahal tokitik hatzeman pilda batzu, tokiko langile batzuen izanak.

 

      Lurretik jaiki eta laster, joan ahala joan, aleman soldado multzo baten erdira erorzter ziren; itzain batek ere, zer ziren ezagutzer zituen; bainan zozoarena eginik nolazpeit heldu ziren ur handi baten hegira; untzixka bat estekatua hanxe hatzemanik, akhitu lehertuak, bainan lauak osorik heldu nolazpeit Holandiako hegira.

      Haraz geroz, salbu ziren, ondotik jarraiki alemanak Holandiarat ez sartzekotz, Belgikarat aitzinazoko egunetan bezala.

 

      Orhoitu othe dire alemanak bertzen lurrean sartze horrek ondorio on baino txar gehiago dakarla? Nolazpeit gure lau frantsesak, Holandian barna, beren soldado lagunetaratuak dire, alemanen usaindura ondarretik ahoaren xahutzeko eginik beren etxekoen ganako zortzi bat egun. Biba hek!

 

 

 

ESKUAL-HERRIA

 

LARRESSORE

      Bi gerlako hil berri Larresoron: bat, Preustaneko semea; bertzea, Cadet Ezkandakoa, semenarioko muthil ohia; bi haur ttipiren aita.

      Pezoin-erreka hetarik batean zagozilarik, obus batek jo diote lur hegia eta leherarazi puska handi bat gainera, zonbeit gizoni.

      Bertzeak athera dituzte naski bizirik. Gure Cadet gaizoa han hil da, aski goiz ezin jali dutelakotz.

      Hura eta haren herritar gazte hil delakoa Jainkoak dituela urrikari; ba eta heien etxekoak.

 

 

 

Ziberoan

 

ATHARRATZE

      Le sergent Carricart, Cambo-arra hil zen Charleroi-ko bataillan, bai eta untsa hil, avis officiel jin zenaz gañen behar zien muldetan.

      Etxenkuek egin erazi zütien hil zeremoniak ahalaz ederki.

      Bena, lau hilabeteren bürian horra nun le sergent Carricart-en berriak jin diren Alemaniatik. Bizi da muthiko gaizua eta bizi gei dü.

      Hobe aments; ez dügü bera ezagützen bena haren aita-amak gure aspaldiko adiskidiak dira.

      Felizitatzen dütügü ükhen dien berri hunaz.

 

LIGI

      Oho! adiskidia! ez guri aipha Jinko txipirik. Ligin ez dügü ezagützen Jinko handi zelietan dena baizik. Hari hersatzen gira egun oroz, eta behexiki gure beharordietan Jinko txipi direlakuak ützirik beren espantiekin. Haiek bazter güti ikhara erazten dire, eta, hebendik aitzina, gütiago ikhara eraziren.

 

KADER SOLDADO ZAHARRA. Azken egün horietarik batez, nurbait garaiten zen Kadet-en etxe khantian. Entzün dü botz ozen bat, eta, üdüritü zaio soldado gehien bat ari zela bere konpañaren manhatzen.

      Baionnette au fusil ...arche!

      Hüillantü da, eta bortha erdirotik, so egin dü barnerat. Zer uste düzie ikhusi eian han, ezkaratzian? Kadet, Napoleon lehenaren denborako sü harrizko arma baionetadün bat eskietan. Etxekiten zian baionetaz alderen alde igaranik zakü bat belhar, eta, hortz undarrak karraskaz erraiten zian. Hor! hor! urde Prüsiano bandita! aspaldian beharrik hintzan; 70eko gerlan gibel erazi güntia soldürik bei kinen; oraikuan hire arima beltzak behar dik erori ifernüko sü lezetarat.

      Kadet-ek badütü ümen 86 urthiak; orhitzen da denbora igaranaz eta ez dü orano odola hur bilhakatürik.

 

(Kirikiño)

 

1914-12-09

 

Gudea

 

      Pantze-Belgikan lengo eran dagoz areriook, gitxi gorabera. Doixtarren aldekoak esaten euskuen orain illebete Calais artu baietz doixtarrak illearen azkenerako edo ille onen 10garrenerako. Baiña ondiño ez dago orretariko antzik. Joffrek ipiñi dauan gizonezko esia ondo gogorrak izan bear dau.

      Beste aldean, Polon-aldean, azkenengo izparrak aintzat artzekotan, doixtarrak dabilz goitik. Baiña... Patatenberg!... ezin lei asko siñestu. Geroago igarriko da.