Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-12-04: Satorrak bezala, negua lurpean iragan beharko

      Gerra egiteko moldeak anitz aldatu dira. Eskualduna borrokarako tresnen garapen historikoaz mintzo zaigu, zelaietatik lubakietarako bidaian. Gezur ala egiak sailean alemanen gehiegikeriaz ari da, alemanek gurutzefikatu omen zuten neskato bat, Lafourcade medikuaren testigantza lekuko. Jean Saint-Pierreren kronikak lubakietako bizimodua pausatzen digu. Bestalde, pilotari batek muga iragan omen du eta Zerbitzarik Xikito Kanbokoaren balentriak hartzen ditu hizpide beste pilotariaren desohorea emendatu nahian. Baionara heldu berri diren 410 belgikarrak frantsesdunak omen dira, euskaldunak abegikor portatu dira belgikar hauekin baina kazetak eskean ari direnen jokamoldea ezbaian jarri du. Eskualduna-k arrunt informazio gutxi eskaintzen du fronteari buruz, errusiarrak aitzina doazela dio. Kirikiñok Euzkadi-n ez du klaredade handiagorik egiten, nonbait hor dabiltza elkarren lehian zeinek gezur gehiago, azkenerako egia irtengo da azalera olioa uretan lez.

 

 

Lehenago eta orai

 

      Gerlak betitik izan dire, eta beti izanen ere, lur hunek dirauno. Bainan badakizue guziek, ez dela betitik gerla egiteko molde bera. Ez da beti molde bera izan elgar hilzeko, ez eta ere etsaien ukaldietarik bere buruaren gerizatzeko. Ikus dezagun nola hoik guziak emendatuz joan diren. Gizonek betitik bilatu dute, elgarren hilzeko tresnak errexago eta izigarriago egitea, eta berdin hoitarik geritzatzeko estalgi edo aterbe on zerbeiten atzemaitea.

      Gerla egiteko ezagutzen diren tresnetarik lehenbizikoak dire puñalak; lehenik laburrak eta gero luzeak. Puñal luze hoik geroxago bilakatu dire ezpata.

      Bainan tresna hoiekin gudukatzeko behar zen elgarretarik hainiz hurbildu, elgarren gainerat bezala etorri. Urrunxagotik jazartzeko, amestu ziren lantza luzeak. Hoiekin jo ziteken etsaia, arras gainerat erori gabe.

      Behin hola urruntzen hasiz geroz, gizonak bilatu zuten geroago eta urrunagotik gudukatzea. Hasi ziren etsaiari buruz besainka aurdikitzen burdin luze zorrotz batzu, edo aizkora batzu ala aho batekoak, ala bi ahotakoak. Eta oraino urrunagotik eta azkarkiago jokatzeko, soka tinkatu eta zuflatzen zen baten gainean bermaturik egortzen zituzten burdin zorrotz eta arin batzu.

      Gerlako tresna hoitarik gerizatzeko soldadoek bazauzkaten esku ezkerrarekin beren aitzinean estalgi biribil batzu ala larruzkoak ala burdinazkoak, hoiekin hausten baitzuten ukaldi gaixtoen indarra. Erromako soldado aipatuek eskualdun izen batez deitzen zituzten estalgi hoik eskutak; naski Eskualdunen ganik ikasia zuten hoitaz baliatzen, eta hortako Eskualdunek erraiten zioten izen beraz deitzen zuten.

      Bolbora ezagutua izan zelarik, egin ziren kanoi handi batzu, arras nekeak ibilzeko eta toki batetarik bertzerat eremaiteko. Kanoi hoiekin aurdikitzen zituzten, hastean opil batzu harrizkoak, eta geroxago burdinazkoak. Nola kanoiak geroago eta ttikiago eta arinago egin baitziren, errexago bilakatu zen heien ibilzea. Bainan ukaldi baten onodotik denbora hainiz behar baitzen berriz kargatzeko, ukaldiak arras bakan ziren.

      Gero amestu zituzten xixpak; xixpa handi eta dorpe batzu, hiruzpalau gizonek ibili behar zituztenak. Gero arindu zituzten, gizon batek bere xixpa ibilzeko heineraino.

      Goraxago kanoientzat erran dutana xixixpentzat ere egia da; denbora bazoala bi tiro ukaldiren artean. Behar zen bolbora ezarri, eta paper gothor batez tinkatu, burdinazko makila batekin, gero gainetik eman, tiroak aurdiki behar zuen bala, eta hoi ere berdin tinka. Eta bolborari su emaiteko, harri batetarik ilki-arazten zen pindarra, orai, piparen pizteko, drundari su emaiten zaion bezala.

      Tresna hoieri buruz geriza ziteken ala arbola ala harrasi gibeletan. Hiri bat maiz aski gerizatua zen, harrasi onez inguratua zelarik.

      Bainan oraiko xixpak, oraiko kanoiak nola bertzelatuak diren! Lehengo ukaldi batentzat, orai egortzen dituzte ehun. Eta zenbatez azkarkiago eta urrunago! Ez da gehiago ez arbolarik, ez harrasirik, hoieri ihardok dezoketenik. Oraiko soldadoak, ez badute nahi laster suntsituak izan, lur zilotan sartu behar dire, satorrak bezala. Han diteke geriza bakarra, ongi gordea egoiten delarik. Eta oraino, ez bada obus bat xuxen zilo hortarat erortzen.

      Zeren gerlariak ziloetan eta erreketan gordetzen diren, eta ez baita errex heien handik kentzea, oraiko gerlek iraun dezakete aspaldikoek bezenbat.

      Lehenagoko hoiek irauten zuten, behar baitzen maiz hainiz denbora hiri batez jabetzeko. Orai hiriak, inguratuak direlarik, laster hartuak dire edo, hobeki erraiteko, suntsituak. Bainan, hirien orde orai errekak dire hartzeko gaitzak. Gure, Eskualdun soldado gehienak diren eskualdean —Aisne du eskualde horrek izena— badu hiru ilabethe hurbil ala Frantsesak ala Alamanak beren erreka beretan dagozila.

      Bertzeen errekez jabetzeko behar liteke bere errekatik ilki eta agertu. Eta orduan, zer balazko uholdea gainerat! Egun hautan soldado batek izkribatzen zuen bezala —nahiago dituela ikusi etsaiak haren errekari buruz etortzen, ezenez bera heien errekeri buruz joan.

 

 

 

Gezur ala egiak

 

      Hau hemen bertze berrietarik berex emaiten dugu, bero beroa, berak bere bi begiez ikusi duen soldado baten ahotik entzuna, egun goizean, duela hiru oren.

      Baiterasate zonbeitek, ez direla behar sinetsi nonbeiko kazeta egilek hunat ekarri erasiak, bereziki alemanek han edo hemen eginikako abrekerioz mintzo... holako lekuan halako itsuskeria egin; presonerak tiroka kalitu; haurrak, emazteak, eriak hil, bizirik erre, hatsa zutenak ehortzi; preso zen tokitik ihesi zoan bati bi zangoak moztu, eta holako...

      Hoik eta hoien idurikoak egiak ditazkela,... ditazkela ere gezurrak; orotan orotarik badela, etsaietan bezale gutartean; hots, kazeten erranak, guziz urrundanikakoak, ez direla sinesteko, baiterasate...

      Adi zazue hau, holetan soldado ditaken gizonenetarik batek errana oxtian nihauri. Bego bera mintzo.

      «Ikusi dut, alemanak iragan berri ziren bide batez ginoazilarik, lurrean etzanik zabal zabala, bi hesol handiz eginikako kurutze bati zango besoak zabal estekatuak, dena uspel, sista, urrako, zauri, odol zorta, neskato gazte bat hila.

      »Bi bulharrak errotik moztuak; buluz gorri.

      »Neure begiz dutala ikusi erran dezaket; ez nintzen bakarrik. Baginen soldado frantses multzo bat. Aitzindari batek fotografiatu ere zuen hil dohakabea, gerla ondoan, beharrez, agertzeko, liburu zonbeitetan edo justiziaren aitzinean, gaztigu egunak jitearekin.

      »Herri ttipi baten parrean dugu ikusi, nik eta nere lagunek, izigarrikeria hori.

      »Auzoek erran ere daukute, neskatoaren aitama zahar eriak ohetik jaiki-arazirik, erdi herrestan ereman zituztela, ikus zezaten, gaizo burhaso dohakabek, beren alaba, gizon tzar heieri bere gorputza bizirik utzi nahi etzuelakotz, ihauzka erabili ondoan, joka, tresna ukaldika hila, eta holetan azkenerat kurutzefikatua!

      »Aita eta ama, ihes joan etziten, estekatu omen zituzten lurrean barna sarthu bedera pazoteri; eta gero laxaturik utzi, zoazila beren nahigabearen kondatzera nahi zuteneri.

      »Horra zer eta nola dugun ikusi neskato aleman soldado diren bezalako basurde tzarrek hila, zeren etzuen bere burua heien eskuko utzi nahi ukan.

      »Horra ere, nahiz ez ditugun guhaurek ikusi, garaitiko xehetasun ikharagarri auzoek eman dauzkutenak».

      Alemanen egitate, sinesteko kasik itsusiegi horren lekhukoa, soldado gerlatik eriz hunat jin bat da, «appendicite» delako minaren operazionea egin eta sendaturik, bizpahiru astez hemen azkartzeko egoitekoa, gero ahal bezen laster joaiteko berriz surat.

      Arbola baten gainean lau oren egon zelako hura eta bera, 70 aleman arbolaren pean zituelarik bilduak.

      Kuraia gaitzeko soldadoa, Lafourcade jaun medikua baithan guhaur izanik berritan ikusten, jin zauku beraz egun etxera, eta hura lekhuko, harek berak guri kondatu bezala, hor duzue neskato kurutzefikatu dohakabearen heriotzea.

      Lan hori egin duten alemanak bertze holako zer nahiren egiteko ez direla aiher, nork erranen du?

      Ez goiazi erraiteraino, hau egia delakotz bertze holako berri guziak ere bardin egiak direla.

      Bateko dena bertzeko badela ere egia baita ordean.

 

 

 

GERLARIEN BERRI

 

Hazilaren hogoi ta bian 1914

 

      Hogoi bat egun utzi zitut geldirik ez ahantzirik, bainan bethi zerbeit berriagoren beha. Zer nahuzu! Bethi gauza bertsuak eta toki bertsuak ditugu begien aintzinean; eta aspaldion kantua berritu nahia nago. Arrats guziez iduri biharamunak emanen daukula ahurtara bat berri on handi.

      Hogoi egun hauk holaxet iragan zaizkit ametsetan.

      Umia-ainduz geroz, erdi deskantsuan gaude; gure parrean Alamanak eztitu dire. Lehen astean egin zuten indar handia gure ezkerrean, hurbil biziki gutarik, han hemenka zenbeit urhats irabazi, gero laster galdu. Hartuak oro utzi behar: hola da hemengo legea.

      Egun berriz eskuinetarik ari dire, fantasia handitan Parise-ko alderat iragan beharrez. Debaldetan jokatuko dire, bethi bezala.

      Kanoi handi hetarik eskas ginuelako errengura zerbeit bazen azken egunetan. Jin zaizkigu andanatto bat nunbeitik. Burrunba gaitza dute.

      Pentsa zer heinetan diren inguru herriak!

      Etxe gehienak xehakatuak, lehertuak; jendea ihesi joana ahal duen tokirat, ahal dituen puskak harturik. Negu hunen berri jakinen dute, jadanik baita frango hemen gaindi bizkarra arinik dabiltzanak!

      Eta zer iphar haize gordina! Hilabethe hunen erditsuraino, etzen hotzaz errengura handirik. Lanho busti tzar bat; hazileko denbora ilhun hetarik.

      Horra nun gero hotza jin zaukigun, samin samina.

      Elhur abiadura bat ukan dugu; eskain eta berehala geldi. Bainan geroztik haize mehe batek hormaturik dauzka bazterrak; gau eta egun, horma dugu.

      Afrikano soldado hek hemen ditugu gure inguruetan; zain guti dute gisa huntako aroaren jasaiteko berotik lekhora. Hotza eta kanoia, biak partida dituzte. Bertzenaz soldado gaitzak, gerrenaren puntan Alamanen sartzeko.

      Kanoiaren hixtu beltz harek beren oldarrean hozten ditu. Bainan halakorik ez dutenean sendi, iduri dute ifernuko debruak.

      Bere gisako oihu izigarri batzuekin jauz eginik zilhoetarik kanpo, ikustekoak dire Alamanari buruz nolako hatsean doazin eta zer lana duten egiten. Etsaiaren bizirik hartzea ez zaiote gerla. Oro hil, oro garbi; eta zalhu.

      Bakhan dute bizkitartean holako parada; kanporat ez baita haizu baitezpadako beharrez baizik.

      Lurpean bizi da soldadoa; etsaiaren menean deno. Lurpean iragan beharko du negu hau.

      Ez izi haatik; satorrak ere bizi dire. Satorrek ez bezalako barneak moldatzen ditugu gure gostuz ikasirik. Ez da beharra bezalako eskolatzailerik.

      Ez ditake erran etxean bezen goxoki gaudela barne horietan, nahiz inguruetako zureria guzia harat ekharria dugun.

      Etxeak berriz eginen dituztenean, atzemanen dute geia frango gure zilho horietan.

      Alamanek eta guk lekutan gure barneak elgarri hurbil ditugu, arras hurbil… Entzuten ditugu mintzo. Heiek ere gu. Buruaren agertzea ez haizu haatik.

      Toki batzuetan hilak gure aintzinean metaka, eroriz geroz han berean datzanak. Pentsa zer usain goxoa zokoetan!

      Lerro bat Alaman bazen gisa hortan erori, bat bertzearen aldean, eta bat bertzearen gainerat… Meta luze bat, hots, ez baitzen ageri gehiago xixparekin tiratzeko.

      Zer egin? Haga luze batzu elgarrekin estekaturik, krako bat ororen buruan jos eta hilak beren ganatu dituzte. Frantsesek, berexi eta harzitu norapeit, etsaia berriz ikusteko gisan.

      Zer izigarrikeriak agertu behar diren oraino, tokia hustuko dutenean?

      Noiz joanen othe dire? Ez dakit.. Bi hilabethez goiti badu hor daudela. Bainan ni beldur, azken uztarrak dituztela hemen.

      Laster gure aldi izanen da oldarraren hartzeko. Kuraje badugu; ontsa haziak gira; lagunak ere egun oroz heldu, kanoi berriak ere ba.

      Ikusiko.

      Aireplanak abiatu dire berriz inguruka gain hetan. Aintzin hortan bonba frango botatu daukute gainerat. Umia saindu egunean meza kanpoan ginuen. Aireplan tzar bat gainerat jin, eta tresna bat aurdiki zaukun. Lekua hustu ginuen; eliza batetarat sarthu; bertze meza bat han hasi. Oren laurden bat etzen iragan, eta berriz han ginuen. Bertze «bonba» bat Elizaren kontra botatu zuen; bi metrez huts egin; berinak xehakatu eta jendeari iziladura bat eman sekulan ez ahanztekoa.

      Geroztik hil dauzkigute bizpahiru soldado. Frantsesak ez dagozi lo. Goiz huntan berean Frantses bat ikusi du Aleman baten ondotik, tiroka. Bi xori gizonak han harat joan dire zalhu. Ez dautate gaineratiko berririk igorri…

      Zaude polliki, eta berriak igor guri hunat, Eskual-herrikoak.

J. S. P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

      Apetitu.— Jatekoz dela solas, bigarren aldikotz ahanzter dautzut solas bat egun zortzi alta igorri gogo nauntzuna, doi doietarik baitzaut egun ere gogoratzen, ororen ondotik.

      Erraiteko baizik ezta, ez girela miseria gorrian bizi.

      Eskualdun bat ari zen, zubi baten gainean jarririk, xahakoa aldean, jan eta jan. Lagun batek galdatzen dio, aldetik iragaitearekin: «Badea apetitu?» Bertzeak arrapostu: «Ez nuk ez, ni haren beha egoiten. Usaia diat ahalaz aitzintzeko». —Nongotarra othe zen?

 

      Huna zer dion bertze batek:

 

      Jaun kazeta egilea:

      Azkenean eskuratu ditut zenbeit Eskualdun. Aithor bat egin dezazudan hanitz herritarrek Eskualduna zuk uste baino maiteago dute. Ikusi bazinu nola zauzkitan lothu harrapaka, kazetak eskuetarik khendu nahiz, nihaurek irakurtzeko astirik utzi gabe! Eta nola loriatu diren beren begietan gertatuak kazetan irakurtu-eta!

      Pentsatzen baitut, hemengoek bezala, eta gehiago menturaz, plazer dutela gerlako berrien izateaz horkoek, luma hartu dut egan ere.

 

* * *

 

      Ukhan ditudan Eskualdunetarik batean irakurtu dut pilotari aiphatu bat ihesi joan dela. Ez zezaken segur ahulezia handiagorik egin. Ez da holako Eskualduna.

      Hemen dire, hemen ageri egiazko Eskualdunak. Ez daude hauk ukho egitekotan beren eginbidiari. Deusek ez ditu lotsatzen. Gerlari gaitzak dire.

 

* * *

 

      Guzien artean bat badugu hemen aiphu berezi bat merezi duena, Eskual-herriari men on handia ekarri baitio? Nork eztu ezagutzen Xikito Kanboar pilotari gaitz hura? Ba gerlaria ere!

      Egun hautarik batez zenbeit soldadok beren lagunak galdu dituzte. Lagunetarik urran egoiteko memento txarra, etsaia hurbiltzearekin.

      Bainan nor mentura laguntza-keta?… Balak heldu dire barazuza bezen usu. Han baitzen gure Xikito, hura badoa ximixtaren pare, lasterka, firurikan doazin balek lotsatu gabe. Biba Xikito! Hire egintzak Espainiarat pasatu delako pilotariarena balio dik. Eta Jainkoak nahi badu gerla ondoan itzul hadin herrirat orhoituko gituk plazetan hi sarrixago ikustearekin. Biba Frantzia! Biba Eskual-herria!

 

* * *

 

      Bertze Eskualdun bat aiphatzea merezi duena: Petri Duhalde, Ustariztarra. Aita familiakoa, bainan ihes joaiterik gogoratu ere etzaiona. Etxea eta etxekoak utzirik joan da gerlarat. Gau batez lur zilo erreka hetan zen bere erreximenduarekin.

      Gauerdi.

      Bertze erreximendu bat herrestan heldu, han zirenen lekuaren hartzeko. Hainbertzenarekin, gure Petri gaizoak bi Alaman ikusten ditu, alanbre ezartzen ari.

      Ah! zer parada!

      Mira hartzen du Petrik nahi bezen ontsa eta tiro emaitera doa, noiz eta ere kapitainak erraiten baitio: «Duhalde debekatzen dautzut tiro egitea. Orai tiroka hasten bazine bihar arte hemen gintazke. Goazin aitzina».

      Soldado ona baita Petri, umil-umila badoa, etxolan hiru uso huts eginik baino hitsago, gogoa ilhunago.

      Biharamun goizean, buruz buru egiten du gaizo Petrik bere herriko bikarioa, hura ere han soldado dena. Agur eta agur.

      Errazu, Petri, zenbat Alaman hil ditutzu? — Jauna, ez othoi aipha. Badut aski ene pena. Nituelarik barda xixparen puntan biga, ez nau bada kapitainak gibelatu tiratzetik! Den bezalako xoroa! Segur, tiro beraz biak banituen!

      Baina zaude; ez dire bethi hola espakatuko…»

      Gaizo Petri: biba hi ere, to.

      Xikitok eta Petrik bezala, Durquet Bastidar aphez gazteak ere ez othe du sor-herria ohoratzen?

      Alamanak hanxe karraskan tiroka ari ziren. Xutitzen da gure Bastidar apheza, balen erdian, eta lagun guzieri besoa zabaldurik absoluzionea emaiten diote. Eta gero bortz sei hamarretan xutitzen da oraino bere lagun kolpatuen artatzeko eta kontsolatzeko.

      Zer kuraia eta zer bihotza!

      Sarjant da orai aphez hori; eta han dabila bere orhoitzapenezko medaila ederra soinean tropa guzietako lehen aintzindariak berak emana.

 

      Bertze hainitz ere behar nuzke aiphatu. Bainan non da lekua? Uroski ez baitire aintzineko hiru horiek baino gehiago ohore gose. Bertzalde hola aski bada erakusteko zoin soldado onak diren Eskualdunak, eta Frantziari zoin atxikiak.

      Jaun kazeta-egilea, agur eta egon ongi. Bertzaldi arte.

ZERBITZARI

 

 

 

ESKUAL-HERRIA

 

LUHUSOA

      Dibar Luhosoar kapitaina, Baionako erreximenduan zena gerla aitzinean soldado aitzindari, ja Eskualdun-ean aiphatu dugu, nola zen kolpaturik herrirat jina, bere kolpearen arthatzeko.

      Agorrilaren 29an, laborari etxe bat azkarki beiratu zuen alemanen kontra, bi oren luzez, tiro eta tiro, bala eta obus, athertu gabe, gaineratu heldu zitzaiotelarik.

      «Chef de bataillon» bere buruzagiarekin iharduki zioten etsaiari azkarki, mitrailleriak, ez deusek uko egin arazi gabe.

      Azkarki gudukatu ere zen Dibar, eskualdun kapitain biphila, ez nahiz utzi etsaia gure lerroen hausterat.

      Azkenean kolpaturik erori, bala batek ixterra zilaturik aldean-bertze.

      Osoki sendatu ere gabe, xutik ibiltzeko heineratu denean, berehala nahi ukan du joan berriz surat.

      Ezta mirakulu, aitzindariek ohoratu baitute merezimenduaren arabera, hoin kuraia handiko gizona, izendaraziz: «Officier de la Légion d'Honneur».

      Biba Dibar! Ditzala luzaz bizirik beira Frantziak holako zerbitzariak!

 

 

 

Belgikanoak

 

      Eskualdun hau agertu ta ondoko igandean erosia irakurtzen duzuelarik, hilabethe-ta egun izanen du 410 «belgikano» jin zirela Baionarat hamar, dotzena bat egun bidean higaturik, bi egun eta gau itsasoz, garaitikoa burdin bidez.

      Engoitik jakin nahituak zarete, non eta nola diren kokatuak, zer ari.

      Ororen berri banazka jakitera, bazinukete adixkideak, gogoa zeri alha.

      Behinik behin «lau ehun eta hamar belgikano» laster da errana. Izaitez, egiazki, zonbat uste zinukete zela 410 hetan egiazko belgikanorik?

      Berrogoi bat soldado erreformatu, gerlan eritu edo kolpatuak zirelakotz, —behingo kolpatu edo eri— artha eta atherbe eskasez buruzagiek hunat igorriak, batzu alderat, bertzeak hobekitu arte.

      Bertze 370etarik 30 bat gizon, emazte, haur belgikano. Garaitiko 340 guziak oro frantsesak,... Belgikatik auzo diren gure frantses departamenduetarik jinak ihesi, han ezin biziz; alemanek ebatsirik dohakaberi zituzten guziak; ahorat zer eman, deusik ez gelditzen.

      Goseak ez hiltzekotz, norapeit egin behar.

      Oro belgikano ez izanik ere, bainan ba frantses, gu bezala, ez gutiago urrikalgarri.

 

NOR NAHI IZAN

      Bainan ordean, zertako ez erran egia xuxen? Ala uste dute, nor ere baitire eta hoien hunat igortzale frantses buruzagiek belgikano arrotz gure adixkidentzat bihotz gutiago dukegula gure aneia frantsentzat baino?

      Jendea jende da, nongo nahiko izan dadin; bainan denik zere munduko arrotz adiskidenak baino lehen, guziz gerla egunetan frantsesarendako frantsesa.

      Beraz etzaukuten zeren hala etzena erran Frantzia ipar aldeko gizonak belgikanoak zirela, hunat heldu ihesi, beren lur, etxe eta guziak galdurik. Galduak dituzte alde hetan bospasei departamendutako frantses gaizoek ere beren zer guziak.

      Norat nahuzue dezaten egin, goseak ez hiltzekotz?

      Jin beite hunat eta bertze toki gerla izigarri hunek oraino gutienik jo dituenetarat, bainan erranez lañoki, berek eta igortzalek, nor diren, egia, eta nondik heldu.

      Badakigu bardin, badela orotan oretarik Frantzian bezen ongi Belgikan ere. Hango ala hemengo bat edo bertze hartzen duzularik, urrikariz, zure gain, eztakizu zer duzun hartzen; kurutxe ala pil ari zira.

      Beharrik ezpaiteramazu etxerat ezkontzaz, ez eta kontratuz. On ez bada zuretzat, galda herriko buruzagier, behar dena egin dezaten, zuk ezin atxikia norapeit igortzeko.

 

BI HAURREN AMA

      Bazituen egun hautan Baionatik urrun ez dagon etxeko-jaun batek bere gain hartuak sei, haziko zituela, ba eta pagatuko, eginen zioten lanaren arabera. Hitzeman dute ahalaren egitea, gizonki; bainan hitza jan, bereziki biek; lan zotzik ez nahi hunkitu; baizik eta zuzenean zirela, nahi bazuten, alfer bizitzeko.

      Baia ba? Bi bizkarkin tzar bertzen nahasleak harturik berekin, ereman daitzu jandarmeriala; eman dezoten itzal eta atherbe, eta jaun Prefetari hel: egin dezala behar dena.

 

LAGUNEN GALGARRI

      Baionan bazuten hartua emazte kara hitseko bat hiru haurrekin. Hamar bat egunez arrantier bizi ondoan, galdatu diote ba, etzenez nahi, denbora pasa, zerbeit lani lothu, etxe garbitze, joste edo zerbeiti, bere haurrentzat ahalaren egiteari bederen; ihardetsi dio etxeko-andereari: «Lan gose bazira, egizu lan zuk; ni banoa hiriko itzuliaren egitera. Lanik aski badut eginik orai arte nik, segurki eta halere».

      Joan eta jin gibelerat, nahi zuenean. Haurrak etxeko-anderearen gain.

      Holako guti da beharrik; bainan badirela erraiteko baizik ezta. Holakoak nekez dituzu atxikiren; fuera kanporat barneko on ez direnak.

 

ESKE

      Badire, alegia belgikano, alegia itsu, estropiatu, alemanek kolpatu,... eske baitabiltza hiri eta herrietan, bizpahirulau haurrekin; ez baitire zu eta ni baino belgikanoago, ez eta ipar aldeko frantsesago; ez baitute ikusi, ez alemanik, ez gerlarik.

      Hiru egun eztu Baionako karrika batean ikusirik nagola, neure begiz, gizon gazte bat, gerlako, itxuraz, nor nahi hezen on zitakena; begiz ezin behatuzko emazte bat, bulharrez azkar bezen begitartez itsusi; errea iduri, bainan aspaldi errea, bethespal, bekhain, mathela, kokots, hemen legun, han zimur, larrua bildurik; begi barnez, aho barnez itsusiago, kanpoz baino; matrail hezur beherekotik puska bat eskas; aho gainik ez ageri.

      Halere kantuz ari ari bulhartaraka, emazte pizkorra.

      Gizona eske, athez athe, leihoz leiho, aitzinean deramalarik haur bulharreko bat, ohakoa eskuorgaño batzuetan lo; bertze hiru haur bazituztela utziak harantxe, zioten; egia ala gezurra?

      Zioten ere, segurki ez egia, gezurra, egiaren itxura dremendenik gabekoa: emazteari gerla egun hautan alemanek, sarde ukaldi batez xehatu ziotela ahoa, gain guzia ereman; peko matraila puskarekin; bi begiak ere sarde sistaka lehertu!

      Itxura du, ba! Gerlaren hastetik hunat halako zauriak hetsirik, bide guzia onez eginik, eske, Baionaraino!

      Karrika guzia ikustera jalia, han zagon, alemanen abrekeriari harrituak. «Zer alimaleak! diola batek; bertzeak: «Gaixo» jendeak! Hilik hobe zuketen, holakaturik bizitzea baino. Gerlak holako ondorioak dituzkela!»

      Han bainindagon, ni ere, bi soseko bat emanik, baztertua, beha,... erraiten diot aldeko bati: «Uste duzu alemanek holakatua dela emazte hori? Paria nezake baduela hamar urthe edo gehiago, holakatzetik hunat. —Eztakit, jauna; orok diote alemanen iragan egun hoitako lana dela. Eztu itxura handirik. Bizkitarkan gezurrez balabiltza, jaun Merak etzituen utziko eske ibiltzera. —Errazu uste duzula; eskatzeko baimena badukete, bainan ez gezur erraitekoa.»

      Nahiz aphal mintzo ginen, gizon eskalea oharturik hetaz mintzo ginela, guri parreko athe-alhazetik bi jauziz heldu zauku gainera, begia zorrotzik: «Vous demandez à voir la bouche de ma pauvre femme, voici.»

      Ihardesten diogu: «Nous ne demandons rien». Alegia ez aditu, besotik hartu emaztea eta eremaiten dauku aitzinera, idek arazten dio ahoa; kentzen dio iztupazko aho gain bat, erakusteko han duen zilo hutsa.

      Etzakioken beha; hain zen ausarta gizona, emaztearen zinezko edo alegiazko zauria begitartez hunkitzeraino hurbil eman nahi zauntzula, ziolarik: «Eman daukuzuenaz bertze hainbertze nahi bazinute oraino eman, zauriaren ikuste sari, ontsa egin zinezakete».

      Eman diogun ala ez, deus ez du erran nahi, baizik ere gure ahuleziaz irri egin giniokela eman arazteko; zertako eman gezurti batzueri jakinean?

      Holako batzu edo hauk berak heldu bazaitzue, gezurra dariotela, idek begiak eta ikus zer egin.

      Okaztagarriagorik ez bide da, oro min eta zauri diren batzu ikustea baino zauri hetaz, min hetaz baliatzen jende oneri zer nahi sinets-arazteko, eta diru biltzen gezur eta gezur erranka.

      Egiazko urrikalgarri aski bada, alegiazkoetara gabe.

 

BERTZETAKO BERRI

      Baginaki, hor gaindi, zuen herrietan zonbat dituzuen belgikano edo frantses zuen gain hartuak, gerla tokietarik ihes eginak, atseginekin aipha ginintzazke, non zer eta nola.

      Nehongoen berririk ez baitugu ordean.

      Dituzuenek, egizue hoberenera; itzal gaberik guti ahal da nehon; xorte ona eskuratu dukezuenek eskerrak Jainkoari.

      Bertzeri dizuela berak jasan-gaitzen jasaiteko berthutea; merezimendu gehiago baizik ez duzue ukanen.

      Gaixtoagorik badakarguke gerla hunek. Har ditzagun bihotz onez, hauk eta bertze, guretzat zaudenak; doazila gure onetan.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Gu bethi aitzinatuz gonazi, guti bada guti. Alemenaren indarreko etsaiari hunako bide guziak bahi atxikitzea zerbeit da.

      Rusoek ez daukute bertzerik galdatzen. Hek beren aldetik ari dire gainaren hartzen azkarki. Milaka presuner aleman kanoi, tresneria zer nahitaz jabetu dire azken egun hautan; eta biziki gehiagoz jabetzekotan omen.

      Azkar da oraino etsaia, bainan ahulduz joaki, gu gure lagunekin baino ahulduzago.

 

(Kirikiño)

 

1914-12-01

 

Nork nori?

 

      Patatenberg eta Gezurroffeko izpar-bialtzailleak egun onetan geroago gogorrago dabilz alkarren leian zeiñek guzur geiago.

      Bitzuek diñoe ankajokoa daragitsiela besteeri. Gu urrin gagoz ta ezin igarri nok nori daragitson.

      Esan lei doixtarrena dala ankajokoa, errusitarren izparrak (Gezurroffekoak) jarraiagoak eta zertzelada (detalle) geiagodunak diralako doixtarrenak baiño. Oneenak zerbait illunagoak eta urriagoak dira.

      Baiña dana dala, izpar-sasi orretan ez da argi ikusten ondiño.

      Batzuk ardurarik andienagaz dirakurrez izparrok, eta euroetzaz mintzatzen dira egun zoriontsu guztian. Ez dabe zeregin txar-txarra artu! Buru guztia nastau ta kirimildu bear jake. Zetan arduratu orrenbeste? Azkenerako egia urtengo da azalera orioa uretan lez.