Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-11-27: “Frantses Herri maitea, libre bizi zaite!”

      Eskualduna-n ez dute dudarik egiten: Alemaniak gerla galduko du, eta Frantziak irabaziko: “esku-gain handia dugu hartua ja, eta emeki bada emeki, bainan segurki, hartzen ari egunetik egunera”. Jean Etxepareren “Alamanak hurbiletik” sailaren ondoren, poema bat dakarkigu Jean Barbierrek, eta bertan ere frantses aberria nagusi: “Adios, edo ez, ez, berriz ikus arte! / Jainkoa, haur, andrea, nituen hoin maite! / Frantses Herri maitea, libre bizi zaite! / Nere haurrak, Frantsesek haziren zaituzte!... “, edo “Eskualdun soldadoak, ohore zueri, / Ohore hor gaindika hil zirezteneri! / Hatsa eman duzue Frantses-Herriari”. Artilleriaren garrantzia gerla honetan azalduko dizkigute aitzinxeagoan, bai eta “aleman urde diren bezalakoen” basakerien berri eman ere.

 

 

Lau hilabethez

 

      Norbeitek erran balautzue iragan agarrilaren lehen arratsean, gerla ginuelako berria jin zelarik: luze joanen zela eta odol hanitz ixuriko, bainan gostaia gosta, Frantziak azkenean irabaziko zuela, zer jauzia etzuen eginen zuen bihotzak!

      «Zer? Alemana guk garhait, hura hain azkarra, hain gerlakina; gizonez, jakitateaz, eremuz, tresneriaz, orotaz gu baino gehiago; eta gu hain aspaldian asko zerez ginen bezen ahul eta gibela, guk behar behin guhaurek zafratu alemana; eto gero, adiskide gaitzen laguntzarekin, erhautsi; bethikotz edo bederen behingotz ezarri populu tzar hori bizkar hezurra hautsirik eta ixter-zainak mozturik!...

      Erran balautzue norbeitek agorrilaren lehenean, abendoaren leheneko, ikhusiak ikusi, hilak hil, orai dugun hein hau, gehiagoko balentriarik gabe, hein hau hola, bere on gaitzekin ginuela izanen, zinez erradazue: ez ginuena, gogotik halerem onhartuko, eskerrak bihurtuz Jainkoari?

      Agorrilaren lehenetik abendoaren lehenera, lau hilabethez hartu dugun esku-gaina ginuela behar guk hartu!... Nork sinets orduan?

      Bizkitartean, ezta hor haratik ez hunatik: esku-gain handia dugu hartua ja, eta emeki bada emeki, bainan segurki, hartzen ari egunetik egunera.

 

* * *

 

      Lau hilabethe, luze da eta ezta luze. Sofritzeko gau eta egun sofritu dituztenak? hor harat joan gizon gaizoek, eta hemen heien eskasaren jasaiteko, egunak, asteak, hilabetheak ikharan bizitzeko, herioak ereman ditzan zoin beren etxetan hain behar semeak, aneiak, senharrak, bi, hiru, lau haurren aitak, luze da: lau hilabethe!

      Bainan ezta luze;... labur da, gu lothuak gitzazkon lan gaitzuren bururatzeko.

      Alemania zen bezalako populu baten hezteko, hango armada izigarriaren kraskatzeko Parisera hain hurbildua izan ondoan, ja kasik sartzekotan, gibelerat igortzea, kasik bere zedarrietaraino, hamar, dotzena bat frantses departamendu harturik zauzkanak, hurran hutsarazirik, hanxe atxikitzea, nahi badu eta ez badu, munduak egundaino ikusi duen armadarik ikaragarriena, han dagola, uko, ezin hautsiz, neholere gehiago ezin idekiz Pariserako bidea, ezta, ez luze. Labur da biziki.

      Ez ginuen, hitz dautzuet, sinetsiko, duela lau hilabethe, holakorik zagola guretzat.

 

* * *

 

      Hil hanitz badugu; etsaiak biziki gehiago; haren erdirik, ez laurdenik ez guk, nahiz badugun ja aski eta sobera.

      Berek aithortzen dautzute Alemanek badutela galdurik ja, lau hilabethez, milium bat gizon; hamar aldiz ehun mila!... Guk hanitz gutiago.

      Heien harma izigarriekin, heien hastapeneko oldar lazgarriarekin, hein hau behar ginuela guk eta keiek, hazil ondar huntan, nork amets?

      Izpirik ez gira espantu gose.

      Badugu zeren humil egon, gerthatzer zaukuna gogoan eta oraino gertha dakigukena.

      Bainan, bainan huntara goazi bethi eta huntan gaude: lau hilabethe egin lanaren araberako balinbadoakigu egiteko duguna bertze lau hilabethez, anglesaren eta rusoaren laguntza handiekin, gerla hunen iraupena izan behar bada ere luze, hasia izanen dela ordukotz laburtzen.

      Ba balinba!

      Pazientzia, kuraie, Jainkoaren laguntzarekin, partida eskuetan dugu.

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Beretik berriz)

 

      Halako janizak, bethi danikako herra baino miletan ariago, zituen oldartzen alemanak guri buruz, non ez baitzeie gogorat jin ere, uste gabeko, zerbait traba ager zakiokela. Hainbertze araz gure gainean hartua zuten indarrak itsutzen zituen bertzaide, hanpatuaren hanpatuz.

      Bizipide guziak eztiki eta ametsetarik bezala kentzen zauzkigutelarik, etziren ohartzen hautemaiten bederen baginuela gure mina, ez ikusirikan ere xuxen orok nundik zetorkigun.

      Frantziako jende langile guzia hersturan bizi zen zonbait urthe hotan, geroago kexuago, batzu bertzeer artetan ausikika lotzen zirela, norapait nahiz hustu beren barneko samur egosiaren gaindia.

      Goraxago giniona, ahurtara bat gizon zuhur zauden bakarrik atzartasunekin arthaldearen zain.

      Izaririk etzuten gure etsaiek beren emendioan. Usutuz zoazin xinaurria bezala, leihor guzietarat guti edo aski sarthuz, gureari zaudelarik bethi gehienik aiher.

      Usutzea on da, bainan neurrian: aho hanitzek baderakarte aztapar hanitz, aztapar hanitzek ordean etsai hanitz, aztaparrez bertzalde hortzez bihur dagizkitzunak, odoletan ezartzerainokoan behingotz ahuldua. Badu hamar bat urthe anglesak muthiritzen hasiak zirela alemanen jaramankeriari.

      Bertzalde, laguner nausitzeko xedetan denari loake ahal bezain guti haro. Alemanak burrunba sobera zerabilan; sainga batzu ere gaixtoak zituen adiaraziak berriki, orok entzutekotan?

      Balakatzeko orde, etzakien izitzen baizik, eztiaz goxatzeko orde, ozpinaz ohi zituen samintzen bertzeen haragi bizian urratu zauriak.

      Egitate beretan jarraikitzen zitzaizkolarik, harekin ados edo bakotxa bere eskualde, Autrixianoa eta Turkoa, bere adiskide min bakarrak; egitate beretan guziz Rusoaren kontra.

      Eta gero, urguluak etzezaken gehiago atxik bere jakitateaz, bere herritarren antzeaz, laneko eskuaireaz, buruzko zer guzietan bilduak zituen argiez.

      Elhetarik, lumatik, urratsetarik bazarion ziliportaka. Ahalgetzen zituen auzoak laidoz. Egunetik egunera suminduago zoazkon. Etzezoketen azkenekotz barka. Holako erregetasun batek erdi-ilhunbea duelarik manatzen, iguzki samin batek bezala erre nahi zuen alemanarenak.

      Bada oraino hau: ongiaren eta gaizkiaren ezagutza geroago uherrago zoakon barnean. Baditake izaiterik ez duten berenaz; gure baitharikako asmu edo amets batzu baizik ez diren.

      Bainan bere interesen alderat deraman guduak berak bethi danik erakutsi dako gizonari, halaber gizaldeeri, zuzenaren berexten zuzen-kontrakotik, debekatutik zilegiaren. Egundainokoak dira sendimendu hoik, ttipiek, ostikatzera doazilarik, orhoitarazten dituztela artetan handier.

      Belgika ñimiñoak zaizkon aldi huntan behar erakutsi, eta zer kopeta gorarekin, aleman aberetu gaitzari.

      Alferretan haatik, ezen badakizue nolako errabia basarekin jauzi egin daukun hunek gainerat, oraino begiak lanjerari ezin zabalduz ginaudelarik.

      Bospasei astez hartu dauku Frantziaren ipar-alde guzia. Pariseraino jautsi da, —harrituak, ikharan, xehatuak aitzinean gineramatzala.

      Zer sakia gure soin beratzean! Zer apaltzea guretzat! Zer gaztigua!

      Hari piru batek du atxiki dilingo gure goiti-beheitia. Xehetasunik ez dugu hemen emanen: goizegi da, ez ginuke argirik aski.

      Dezagun aithor bakarrik ez ginauzkala zorionez ginen bezain uzter; ahamenaren errextasun handiegiak berak izitu du; bihotza klaskian hartzera zoakigularik, sahetserat dauku egin ausiki.

      Ukan dugu hatsaren hartzeko behar ginuen ephea. Haztatu dugu elgar; buluzi gure ergelkeria; gorde gure irriak; urrundu bide makurrean gineramatzatenak; entzun gure sor-herria egiazki maite zutenen, maitatzetik behinere gelditu etzirenen boza.

      Bertze bat zen osoki la Marne delako ur handiaren hegian bi bulharrez etsaiari bihurtu den frantsesa; bezperako herstura izigarriak egina zuen zilhar bizi; aditzen zuen mende mendetan gaindi heldu, urrundanik bainan ozen, arbasoen oihua; bere inguruan aitamen, haurriden, herritarren deiadarrek gogortzen zakoten barnea, hautsi gabe; sahetsean, ezkerretatik, ikusten zuen gizon aralde xume bat, angles eta belgikano egiazko gizonak, emaiten zakotena esku: etzuen frantses harek trinxera beharrik bere buruaren beiratzeko, emaiteko aleman urdeari behingotz durduratzeko muthurrekoa.

      Eta (gutik oraino dakitena) agerian, tiroka, ardurenik baionetaz zilatuz eta ehoz, garbitu zuen Frantziako eskualderik minberena.

      Ez du bizkitartean aitzinean ereman etsaia mugaraino; ez dauka oraino eskuan garaia. Ehun bat kilometraz baizik ez du gibelarazi alemana. Hau bethi hats berean dago. Bethi erresuma erori batentzat gauzka.

      Sarthu eremuetan uzta gehienak ebatsiak baitzauzkigun hastapenetik, alhorrak xehatu dauzku gero zangopetan; suaz suntsitu ditu gure negozioko etxeak, arrobatu ondoan gure fabrika eta lantegiak, erhaustu hainitz jende xahar, emazte adineko eta haur, josteta hiltzen zauzkigularik.

      Ez deus ginitazke behar gelditu haren begietan. Den populurik ilhaunenari, laborantza urkatu ondoan, ezeztatu ondoan negozioa, agortu ondoan industria, baratzen baitzako zerbait oraino erdi xutik datxikena bere kontsolamenduez, hek baitira elizak; fedea galdu-ta, buruzagien errespetua galdu-ta, sor-herriaren amodioa galdu-ta, baitiraute oraino arbasoetarikako orhoitzapen bihotzari goxo zaizkon batzuek; den gizonik ustelenaren baithan azkenik itzaltzen den sendimendua omen baita ederrarena,... gure elizañoak aurdikitzen dauzkigute eta porroskatzen alemanek kanoi ukaldika eta errotik kendu nahiz ederrerateko gure jaidurak, xehatu daukute eta erre Reimseko katedrale zahar miragarria; kolpatu Pariseko lehena, funditu herriko-etxearekin batean Arrasekoa: Egintzarik itsusiener daraikola egitaterik bihotzmingarriena.

      Bainan ez dugu gehiago buruz-buru hastapeneko etsai karraska gaitzeko hura. Lurpean gorderik gitu orai kitzikatzen, ahulki. Ematuxe dugu.

      Gure adiskide rusoek eginen dakote laster gurearen gainera sangre bat ona, bai eta haren eskumakil dabiltzan autrixiano eta turkoer: hartarik lekora mende batentzat bederen emanen baitauku amor.

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

Koblaño hauk ez ditugu errexki ardietsiak; dela lan, dela gerla. Halere gure galdeari BA ihardetsi dion adiskide onari MILESKER.

 

Eskualdun Soldado Bat Gerlan

 

                  AIREA: Gure Amaxo

 

                  1

Alhorraren erdian, arratsalde hartan,

Ogi ederra jorik, ari zen sorhotan;

Kanpoari begira zagon lorietan...

Ezkila entzuten du banbaka bet-betan!

 

                  2

«Gerla, gerla Frantziak!» oi hitz lazgarria!

Hor utzi behar zuen etxea, herria!

Espainia hurbil da, hurbil mug'harria...

«Urrun dohala gogo ahalgegarria!»

 

                  3

«Adios, ene andre, eta ene haurrak,

»Adios nik hoin maite nituen bazterrak!

»Adios, ner'eliza, hil-herri zaharrak,

»Agian nik oraino ikusi beharrak!»

 

                  4

Alemanari buruz, goiz batez, harmetan,

Eskualdun soldadoak, gudu furietan,

Etsai higuingarria, orro-marrumetan,

Sista sista zeraman, xixpa errainetan.

 

                  5

Hor, bet-betan bala bat, ez dakit nik nundik,

Firurikan heldu da, han nunbeit urrundik.

Bere besoak aintzin, lurrean etzanik,

Eskualduna han dago, odolez husturik.

 

                  6

Ez hil eta ez bizi, begiak hestean.

Herria ikusi du bere aintzinean...

Bi egunen buruan, atzarri denean,

Herriaren izena zuen ezpainean.

 

                  7

«Nun naiz bada ni hemen, zer zeraut gertatu?...

»Ai! orhoitzen naiz orai, etsaiak kolpatu!

»Frantziarentzat banaiz hantxe odol hustu,

»Gain hartarat gateko... behar naiz moldatu...»

 

                  8

Oro hari, ondoan, amultsuki beira,

Zer nahi egiterat ekarriak dira.

Bainan hek ez aditzen Eskualdun mintzaira!...

Bi begiak hetsirik, hor doa hiltzera!

 

                  9

«Adios, edo ez, ez, berriz ikus arte!

»Jainkoa, haur, andrea, nituen hoin maite!

»Frantses Herri maitea, libre bizi zaite!

»Nere haurrak, Frantsesek haziren zaituzte!...»

 

                  10

Eskualdun soldadoa, hil hadi bakean!

Jainkoak harturen hau bere sahetsean:

Eskuara bazakie guziek zeruan,

Hegaldaka hoala goiti deskantsuan!

 

                  11

Esknaldun soldadoak, ohore zueri,

Ohore hor gaindika hil zirezteneri!

Hatsa eman duzue Frantses-Herriari,

Zuen arima aldiz Jainko maiteari.

 

J. B.

[Jean Barbier]

 

 

 

Gerlarien berri

 

ARTILLERIA

      Artillurez egin bagineza solas? Eskualdun frango badugu hemen gaindi kanoiekin dabiltzanak, dela Tarbe, dela Bordale, dela Roxelatik jinak. Ezagun aire bertze guzien artean, bide gainetan dohazilarik herrautsaren barnean burrunban; eta zenbeit oihu eginik gaude: «Adio, muthikoak, adio!» Eta heiek arrapostu, bi begiak zabaldurik: «Adio! Adio!»

      Bertzalde, oraiko gerla huntan, esku kolpe gaitza dakharke artilleriak. Ez dut erran nahi, berek askotan uste duten bezala, gerlaren harat hunat guzia, goiti beheiti guzia heien eskuetan dagoela; ez. Parte handia ba.

      Oinezko soldadoaz estimu ttipia du zaldizkoak, artillurak bereziki. Emagun bakotxari zor zaiona. Hirrisku gutiz gehienak oinezko soldadoak ditu.

      Bertzalde, lanaz den bezenbatean, oro bardintsu; dorpheago oinezko soldadoen lana; bainan artilluren lana baitezpadakoa.

      Mintza gaiten lehenik hirriskuez. Gerla hastean, entzun nuen norbeitek ziola artillur gehienak laster xehatuak izanen zirela beren kanoiekin. Geroak bertzerik du erakutsi.

      Oinezko soldadoak dire bethi aintzin aintzinean, gudua lothuz geroz: hirriskuak heientzat. Dela tiro, dela kanoi ukaldien zalapartak, oro heieri buruz lehenik. Nahi ala ez, egiazko gudua balinbada, aintzinatu nahi balinbadira, hek behar agertu zokhoz zokho, herrestan; jali behar beren zilhoetarlk, jo norapeit aintzina.

      Lekuaren zaintzeak berak lanak ditu, burrustan jausten zuetzularik bazter guzietarik hixtuka balak eta bertze burdin puska izigarri hetarik —Hek oro edo gehienak, oinezko soldadoak atzemaiten ditu. Horra zertako kolpatuak bethi kasik hetarik diren, hilak ere bai.—

      Ez dut erraiten artillura hirriskurik gabe dela. Ez. Etsaiak bethi zazpi ahalek egiten ditu kanoiak atzeman beharrez, ixil arazteko.

      Bethi ari da heieri buruz ere, alimaleko tresnak airez aire bere ustaz gainerat igorriz. Ba bainan nola kausi ikusten ez duena? Balaki xuxen nun diren hanoiak gordeak, laster xeha litzazke.

      Bainan itsura ari da. Kanoiak gordetzen ditugu bixkar gibeletan, oihan zokoetan, ostoz ontsa estalirik, aireplanek ez dezaten deus ikus, launazka.

      Leku ttipian kokatzen dire: gizon gutizko aski guti pazkatzeko, eta hantxet deskantsuan dagozi. Unkituak direneko, aldara ditazke laster, arinak direlakotz. Gorde bertze nunbeit eta jo berriz.

      Bertzalde, artilluretarik hainitzak ez dire kanoi erabiltzeko; ez dute guduan parterik; bidez bide dabiltza bethi, gibeletik, kanoien pazka karrion.

      Beren karroetan deramazkate bolborazko tresna izigarri hek. Karga huts eta gero berriz dohazi bilha den tokirat. Akitzen dire biziki, segur, bainan egiazko hirriskutik urrun dire.

 

      Hirriskuen ondotik, dugun ikus lana. Haste hastetik gure kanoi ttipiaz espantu handiak egin ditugu guziek: sarraski izigarriak zituela egiten etsaiari. Etsaiak berak aithortua du debruaren tresna dugula hori, barbaro batzu girela.

      Egia da. Iduriz deus guti da gure kanoi ttipia: mehar, legun, pollit, haur batek erabiltzekoa. Kolpea joitearekin, ez du egiten den gutieneko burrunbarik, bainan bere gisako klaska bat samin samina, zarta idor bat, haizkora bat altzeiruan sartzean bezalakoa.

      Hara nun den jadanik bertze aldean etsaiaren gainean. Lurrari buruz doha; bere itzulia eginik airetan hixtuka, erortzen da; zapart egiten du behar den tokian lurretik goraxago, eta puskatuz hedatzen da karraskan, sega baten pare xehatuz inguruan atzemanak oro.

      Ikustekoa da lan izigarri hori. Gure lehen gudu handian, Belgika-ko lurrean ginelarik oraino, hamalau ehun kolpe tiratu zituen gure bateria batek, jo ahala jo, berrehun metretan, bixkar bat gora igaiten zirelarik Alemanak: zango besoak ageri airatzen.

 

      Bainan nola mirakulu, holako tresnak eskuetan ditugularik, nola mirakulu ez ditugu oraino garhaituak Alaman tzar horiek? Ala gure oinezko soldadoek ez dituzte heienak balio?

      Bai segur, hek bezenbat bagira. Bainan, ene iduriko, kanoietan dugu gure eskasa. Eskasa bada nunbeit, ez da haatik ez hunatik. Ene iduriko, bereziki kanoietan. Zer da bada?— Gure kanoi ttipia laburregi dela. Bere heinean ditueno, xahutzen ditu bazterrak. Hogoi gizon betan xehaturik dago aldi bat edo bertze. Bainan urrunerat ezin hel. Ezin atzeman, ezin ixil-araz urrunetik ari diren kanoi alimaleko hek: hek ari bethi, gure oinezko soldadoen gainerat aintzinatzen balinbadira, eta deskantsuan ari, ez baitzaiote deus gainerat erortzen.

 

      Kanoi alamanez entzun dukezu asko zer deus ez direla: obus-ak ez direla zapartatzen, min baino harrobots gehiago egiten dutela, eta holako.

      Dugun ikus xehekiago. Ez da egia bezalakorik.

      Hasteko, gure kanoi ttipiaren heintsuko bat badute. Haren beldur guti dugu. Goraxegi zapartatzen da; bertzalde ez dute harekin egiten beren indar handiena.

      Badituzte bertzalde hiru edo lau kanoi suerte, azkarrago. Guk ere baditugu bizpahiru kanoi handi suerte, urrunerat ari direnak, edo bederen tresna pisuagoak aurdikitzen dituztenek — kanoi handi horietan dute bereziki beren abantaila.

      Horiekin dituzte gure kathedraleak hain urrundik atzemaiten, gure soldadoen gainez gain gibeleko herriak ere harrotzen.

      Hitz dautzut ez dela jostetarik batere halako tresna bat ondorat erortzen delarik zilho handi bat egiten du lurrean, han berean ehortziko baitzitu. Bertzalde burdin puska batek atzemaiten duenean gorphutza, saki gaitza uzten du.

      Beharrik ez baitire puskatzean hedatzen inguru inguru, bainan bai goiti airatzen: bertzenaz oraino bertze desmasiarik egin lezakete.

      Bainan ez da batere lotsatzekorik. Uriak jitearekin, debrua ikusi behar dute tresna tzar hoik ezin higituz. Orduan aski dugu jarraikitzea hurbiletik. Anhartean, xuhur badute, ez dire menturatuko berriz aintzinerat. Gure kanoiak eman diote jadanik nehar duten eskola.

 

* * *

 

Félix Héguy, Arrosa-ko apez gazte
Allemanian preso denak lagun bati:

 

Camp de Zossen, Hazilaren 4an, 1914.

      Adixkide Maitea,

      Nork erranen zuen, duela lau ilhabethe, Berline-rainoko itzulia eginen nuela? Hemen nuk bada orai Eskual-herritik urrun.

      Preso altxatu nie, Aisneko aldean, kolpatu batzuen arthatzen ari nintzelarik.

      Orai omonier nuk bost milako bat presonerekin. Arthalde pollita apez gazte batentzat! Ez diat, Jinkoari esker, lan eskasik.

      Harritzeko duk, nola duen gerla hunek pitzarazi bihotzetan erlisionea.

      Jende anhitz badiagu egun oroz, mezan; arratsetan ere ba, arrosorioko. Igandetan, bi meza; bakotxean prediku bat.

      Badiat, nihauk formatua, batasun katoliko bat. Ari nuk ere «Saint-Vincent-de-Paul» bilkura on hetarik bat moldatu nahiz. Beharrik baititut lagun batzu, girixtino hautak! Bertzenaz, ez nindakek orotarat hel.

      Umiasainduz, komunione anhitz; biharamunean halaber. Hilen bezperak kantatu ditiagu hogoi-ta zazpi frantses hobiren aitzinean. Ai! orduan zer nigarrak ene soldado gaizoek!

      Ikus artio.

 

* * *

 

Baiones sarjent batek apez bati:

 

Hazilaren 15, 1914.

      Sekulan baino pizkorrago niz; laketua arras lur-peko bizi huntan.

      Goiz huntan, igandea delakotz, mahain saindurat hurbildu niz. Ez dezaket erran zer atsegina dutan hemen komuniaturik. Nahigabe saminenak, lanjer handienak, deus etzauzkit orai.

      Jainkozko janariak hain bertzetaraino gitu azkartzen non, beldurrik gabe baikoazi gudu borthitzenetarat.

      Ikusiko nuzue agian oraino hor bizirik eta azkar.

      Zer berri da herrian? Hemengoak hautak dire. Egun hautan, erreketarik athera eta, musean hordago-ka ari gira azkarki.

      Jinkoak hola hola beira gitzala!

H.A.

 

 

 

ABREKERIAK

 

      Gure etsai gerlari bihotz gaben abrekeriak ezin sinetsiak litazke, ezbaginitu entzunak edo irakurtuak, lekhuko onak berme.

      Emazte batzu beren senarrekin preso harturik atxiki dituzte, gizonak tiroka hiltzen ikus-araz arte.

      Ahotik hitz bat atheratzen bazuten, berak hil. Nigar egitea ere kasik ez haizu; begiak xukorik egon behar, bihotzik ez balute bezala.

      Prusian preso den soldado batek amari izkiriatu dio: «Ama gaixoa, holako tokian niz; ez gaizki arthatua. Letra hunen tinbrea altxa zadazu; nahi nuke orhoitzapentzat beiratu.»

      Amari gogoratu zaio, tinbrearen eta letra paperaren artean zukenez othe semeak sekretu zerbeit gorderik. Ur bero lanhoz goxatutik, tinbrea, berezi du paperetik.

      Huna zer duen tinbrearen pean irakurtu, ikus ahala xahezko hitzez emana: «Ihesi joan nahiz buru gaixtoarena egin dut; ba pekatu ere. Bi zangoak moztu dazkidate.»

 

* * *

 

      Rusoek ere omen dute aleman urde diren bezalakoen abrekeriatik jasta.

      Huna zer duen erran ruso aitzindari batek, preso altxatua izan ondoan ihes eginik bizpahiru lagunekin, berriz bere troparat itzuli delarik: «Hola eta hola preso hartu gituzte gizon andana bat, eta bide puska bat eremanik beren aitzinean, joka, ostikoka, makil-ukaldika, sorhopil batean geldi-arazi gituzte, buluz-gorri-arazirik lerroan ezarri oro, xutik.

      »Aitzur eta pala bedera emanik, manatu, izigarriko larderian: gure hil hobiak zilha ginitzala guhaurek.

      »Guk ziloa barnago bakotxak berea, eta hek urdeako, bazterretik beha, elgarren artean irriz, guri kopeta tzarragoa eginez, erranka: Barnago, zilha barnago. Sekulan eztuzue aski barna eginen ziloa, zuek bezalako zakurren ehorzteko ahalik barnena.

      »Zilo batzu gaitzak egin ditugunean, oihu egiten daukute, zoin gure ziloen hegian gaudela xutik, hala hala, buluz gorri.

      »Aldizka, banazka, sofrikarioa luzeago iraunarazteko, lehenetik azkenera, hasi zaizkun kalitzen tiroka, gero han berean ehorzteko.

      »Handia baita, nola etzaioten gogoratu batzu bertzeri ehortz-araztea, elgarren heriotzea eta lurpean sartzea ikus-arazteko!

      »Azken hiru, lauetara zirenean, horra non agertzen diren rusoak, nonbre handitan Tzarrenak bethi putrunenik, lasterka ihesi dohazi, gu hantxe utzirik, azkenak bizi, hunela buluz, hil urran, gutitarik espaku!»

 

 

 

ZER ETA ZER

 

Seiak bardin

      Tantiruri, orok elgar iduri omen dute Guillaumerek eta haren sei semek; oro, zaharrenetik gazteneraino, beren buruez hartuak omen dire itsuski; eta bat ez, ororen artean, deus handitako denik.

      Gerla huntan armadetako kargurik gorenak heientzat ziren haste-hastetik; adinez, jakitatez eta orotaz hek baino gehiago zitazken gizonak utzirik edo emanik bazterrerat, aitak, urguluz, jeneral handi edo zerbeit holako izendatuak zituen, adin arau, goizegi, seme guziak.

      Ondoak eman du erakusterat, eztela aski aitak nahi ukaitea, semeak izaiteko beren karguen bethe gizon.

      Diote orotan orok, ez dutela jakin plan guzien nahasten baizik aitak, seme premuk, seme bigarren, hirugarren, laugarren, hots orok azkaneraino.

 

Oscar

      Bigarren ala hirugarren, ez dakigu xuxen zoin den Oscar deithua Guillaumeren semetarik bat, kolpaturik preso dena rusoen eskuetan. Ala ez othe belgikanoen?

      Ezta baitezpadako konkesta bat. «Oscar» bat gora bebera, gerla hunen goiti beheitia badoake, Guillaumeren seme guziak preso ala ez preso.

      Erraiteko baizik ez da, ez direla nehon ez direnak. Aitak ala semek jakin balute beren zedarrietan egoiten! Ez dute jakin; hanbat gaixtoago.

 

Ilea zuri

      Anhartean, hiru hilabethe hautako nahigabek eta buru haustek ilea zuri-arazi omen diote Guillaumeri. Hala zioten egun hoitako berrikari batzuek.

      Xuxen balitz burutik, baluke segur zeren ilea zuritzerainoko gogoetarik egin, duen bezalako barne egosia ez balu, eta ororen buruan, ez balitz oraikotz berantegi.

 

Hiru ehun mila

      Amerikan Etats-Unis direlakoak ere alta ez ditu alde Alemaniak. Bada han aleman leher eta zapart; bainan hain dire jasan gaitzak non hango bereko jendeak, ba eta bertze arrotz han kokatuek ez baitetzazkete ikus begietako zikina baino gehiago.

      Higuin dituztela ez du deusek hala erakusten, nola hunek: omen baitire 300 mila gizon, handik Frantziaren laguntzera lehen bailehen jitekotan direnak.

      Milionetik urrun da hiru ehun mila: zerbeit da halere, bertzen gaiuera.

 

Zonbat hil

      Holetan badute Alemanek miliun bat gizon galdurik: hil edo norapeit urthu; zer bilhakatu diren hil ez direnak, ez jakin.

      Lau hilabethez, preso hartu diozkategunez kanpo, hamar aldiz ehun mila, miliun osoa edo gehixago!

      Napoleon Handi zenak hamabortz, hamasei urthez, bere eta bertzeren, miliun bat gizon hil-arazi zuela, aiphatzearekin boza altxatuz, ahoa idek ahala zabal idekiz erraiten zuten: «Un million d’hommes morts!»

      Izigarri zitzeien, eta zen ere izaitez.

      Huna non lau hilabethez miliuna jo duten alemanek berek. Luze doala gerla, bizkitartean ez gira frantsesak, anglesak, rusoak, belgikanoak alfer egon miliun bat gizon hil badiogu etsaiari.

      Napoleon zenak hamasei urthez orotara bezenbat guk hil badiozkagu alemanari lau hilabethez, nola dezakegu erran luze doata gerla?

      Luze ez baloa, zenbat behar ginazkon othe hil? Zenbat miliun?

 

Zonbat bizi

      Anglesek diote goraki, nahiz badituzten galduak gerla huntan 57 mila gizon, heldu den primaderako nonbeitik jaliko dituztela miliun bat soldado berri.

      Miliunka baizik ez bide dakite gerlan gure lagunek etsaiaren kontra.

      Gerla hastean bazuen alemanak espantu: sei miliun gizonez on zela. Hara non duen miliun bat gutiago ja; gerokoak gero.

      Anglesaz nahi zen trufatu alemana, erraiterainokoan: «Zer dezake Angleterrak egin gure kontra? Itsasoz, paso, bainan lur leihorrez? Berrogoi mila?...

      Mespreziozko atheraldi hori gaitzitua dute anglesek, eta barna sarthua bihotzean.

      «Ezea guk 40 mila baizik?! Ageriko!!!» Bere gizon soldado angles engeiatuez bertzalde, aiher da Angleterrako gobernamendua, mundu zabal guzian itzuli bat egin eta, gaitzeko armadaren biltzeko, gurearekin, rusoenarekin Alemanari debruen lanak emanen diozkana.

      Urguluak zozotu du Alemana. Eztaki zer lanari lothua den, anglesa, rusoa, frantsesa, bertzeak bertze, hiru populu handiak elgarrekin bat, bere kontra altxarazi dituenean.

      Ja hasia ahal du poxi bat konprenitzen hor egin duen erhokeria; hobeki oraino dio erakutsiko geroak, on bazaio eta ez bazaio.

 

 

 

ESKUAL-HERRIA

 

      Elhurrean othe ditugu gerlari gaizuok? Diote berriketariek Frantzia barne hortan, ba eta behere hartan hasia dela elhurra ederki agertzen zuri-zuria.

      Baionan ere guti edo aski elhur egin dauku igande goizean.

      Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerla urthean egin zuen negu hotz izigarria behar baginu aurthen ere ikusi, urrikaltzeko ginitazke. Zer elhurteak eta zer hormateak! Eta zoin luzaz!

      Bertzenaz ordukoa baino hobeki doakigularik ere oraiko gerla hau, Jainkoak beira gitzala negu gaixtoegitik!

 

MILAFRANGA

      Eskualdun huntako gure nausi lehen, guren espaldiko adixkide Nicolas d'Arcangues Ustaritze kantunamenduko jaun kontseilari jeneraralaren suhia, de Genouilak lotinanta gerlan hil delako berria ez dugu eman, jakin arte familiak onesten zuela emaitea.

      Ja zenbaiten hil berriak, hola goizegi eman ondoan, agertu dire... hilak bizi.

      Huntaz ondikotz dudarik ez omen da. Ezen ambulance delakoan hil da, kolpatu-ta laugarren egunean, arthatzalen eskuetan.

      Doi-doi 28 urthe zituen; bi haur utzi ditu. Fede handiko gizona zen. Zertara zoan berak ezaguturik, bil-arazi ditu ohearen ingurura kolpatu lagun soldadoak, eta erran diote, bethi beren eginbidea bethe dezatela hil arteraino; izan ditela soldado on eta giristino on. Zer zezoketen hoberik erran?

      Holako baten ahotik hitz labur hoik, etsenplu onaren ondotik, herioa lekhuko, sekulan ez ahanzteko dire.

      Jainkoak ezti beza hil hau zeu bezalako seme, haurride, suhi, senhar eta haur aita ona galdurik nigarretan daudenen bihotzmina.

 

ALMANAKA NOIZ?

      Aurthen ez; heldu den urthean ba, Jainkoak nahi duelarik, Eskualdunaren Almanaka.

      Zuek irakurtu bezen guk egin nahi ginuken, hogoi urthe baino gehiago huntan artharekin gineraman lana.

      Eztezakegu aurthen. Langilerik aski ez gira eta eztugu. Buru lanaren egile baginen, ez halako ketarik, bainan bizpalau; batek laborari solas, etxeko lau solas, gerthakari hunkigarri, bitxikeria, elhe zuhur; bertzeak medikantzazko argi, istorio xahar; hunek bertsu, harek hilabetheka, egunka ilhargiaren, itsasoaren goiti-beheiti, eta holako: bakotxak berea.

      Oro gerlan edo gerlarien arthan; edo gerla delakotz, bertze zerbeit lani alha.

      Esku-langileak ere xuhurrago. Inprimerietan ari direla esku-laugile batzu liburu, kazeta, eta bertze askoren inprimatzen, badakizue? Gure lantegi huntan 25, 30 bat langiletarik deramazkigula gerlak erdiak eta bertze erdien lauetarik hiru. Gelditzen diren bizpahiru zahar herdoilduz bertzeak bihar edo etzi deithuak ditazkela soldado, emazue. Zer zauku ja gelditzen? Nehor kasik ez ja. Eta gutien ustean ondarrak balinbaderamazkute, lan hasia eskuetan gelditzeko irriskutan ginitazke.

      Jende onak, hau emazue gogoan: irakurtzale zonbaitek galdatzen daukutena, ez ditakena egin nahiz, saltsaren erdian galditu baino hobe dugula etsi baten hartzea aurthengotzat, heldu den urthean, alemana garhaiturik berriz agertzeko, aro gaixto baten ondotik iguzkia goiz eder bati agertzen den bezala irriz. Agian!

 

NOIZ ARTE «ESKUALDUNA»

      Eta Eskualduna, noiz arte da oraino agertuko? Eztakigu eztazakegu erran. Uste duteneri lan hau bakarra dela gerlak hunkitzen eztuena, lan bakarra, langilerik gabe egiten dena, dezotegun hitz gutiz ihardets: «Zatozte ikustera; jin, jin hunat, eta hemen egon bizpahiru egun, aldetik beha: ea zer lan den lan hau; badenetz behin hemen lan eta geroz bera egiten donetz.

 

BAZINAKITE!

      Gu hemen elgarri beha, iraun ahalko dugunetz: paper eta bertze asko zer huntako baitezpada beharrak, ez othe zauzkun eskastuko, gutien ustean; bururik besorik, zangorik aski geldituren zaukunez; bizia zer den, zer den lana engoitik ikas ordu luken adixkide bipil batek eztauku bada egun hautarik batez izkiriatu, zertako eztugun, gerla aitzinean bezala, egiten Eskualduna lau paietan?

      Laborari gaizoak errangura direla, Eskualduna gerlako berriz mukurru bethea ez ikustenez aste bakotx.

      Ihardesten diogu,

      Nork on eginen dauku lau paiaren bethe berri igortzeaz gerla tokitik huna, guri? Eta jin balakigu, zortzi paiarena non ditugu inprimatzale langileak?

      Othoi, adixkideak, ez igurik, ez galda ez ditakenik. Gizontasun gehixago.

      Badugu uste, ihardukiko diogun, kazetaren xutik atxikitzeari, oraiko hein huntan, gerlak gerla. Bainan lau paia orai?... Othoi ez berriz aipha holakorik.

      Ahal dugun bezen laster, guhaur orhoituko gira.

 

AMIKUZE - LÉON BARATCHART

      Amenduze Larregoieneko seme Léon Baratchart gerlan hil delako berria jin zauku egun hautan. Mutiko gazte hori, Azparneko meraren koinata, Ameriketatik berriki jina zen bere eginbidearen betetzelo. Pabeko erreximenduan, 18 garrenean sarjant sarturik, surat berehala igorri zuten eta han obus batek hil du Urriaren 25an. Bordalen unzitik jalgia zen buruilaren 23an. Bertze Eskualdun anhitzek bezala ditaken heriotzerik ederrena ukan du, bere bizia emanez Frantziaren zaintzeko.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      «C’est embêtant! Toujours les memes nouvelles! Et toujours bonnes!».— Bertzerik eztugu aditzen xoriburu batzuetarik.

      Eskual-herrian ezpaita xoribururik, segur gira, eztuzuela kopeta zimurtuko, ez eta beltzuri eginen, azken hitz hautan aste bakotx irakurtzearekin: ongi goazila, geroago eta hobeki.

      Paristar jaun argitu handi, gerla huntaz gogoa osoki hartua duen batek pezoin-erreka hetako joan-jina eginik, zion herenegun: «Ça va admirablement». Emazue hori eskuaraz, eta hortan, egungo aski. Bertze aldi arte.