Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-11-20: Bake garaiko gerla

      Alemaniako enperadorea, gure Guillaume, ez da gerlaren hobendun bakarra: bai arduradun nagusietarik, baina ez bakarra. Haren semeak ere eragin handia izan du, bai eta gerlatik etekina ateratzen duten aberaskumeek ere. Errege-familia hori joatearekin atsegin hartuko dute “aleman zinezko bake-gizonek berek ere”. Jean Etxeparek bake garaiko gerlaz idatzi du, Alemaniak, bere komertzioaren bidez, Frantzian mendean hartu nahian zebileneko garaiaz. Jaimetarrak –karlistak, alegia– doixtarrekin batera doaz, gaztigatu digute Euzkadi-n, eta Londonen, hemengo “izparringi toreruen” eraginez-edo, uste omen dute euskaldun guziek doixtarrak maite dituztela.

 

 

Bertze alemanak

 

      Gerla hau eta hunen hastea, hunek diraunoko izigarrikeriak, ez eta geroan dakarzken ondorioak ez ditugu zeren eman guziak oro Guillaume enperadorearen gain; gehienik ba, hura denaz geroz hor buruzagi; hala nahi ere; eta osoki bera nausi bakar ez balin bada uste hala dela; uste, den bezalako kesoak, oro berak derabiltzala, bera bertzek sudurretik derabilatenean ere.

      Hartakotz da bera, guzietarik lehen, orotaz hobendun, egundaino gizon bat nehon handizki eta itsuski hobendun izan bada, hau baita, hau, Guillaume.

      Ezta ordean halere gutiago egia, iduri luken baino biziki maizago eta azkarkiago derabilatela bertzek. —Eta nork!— Ahaide hurbilek, eta oroz gainetik, zonbeit urthe huntan, seme zaharrenak, kronprintz delako gerlakin tzar harek; ba eta seme hari dauden soldado aitzindari buru beroek.

      Ginion egun hautarik batez, —ez othe azken aldian— bera beharra dela Guillaume, Alemanian ala bertzetan bere burua baizik ez ikusi nahi neholere nausi. Nola derabilate beraz holetan bertzek? Ezta gaitz, nola.

 

      Erradazue: nola dire aberats batzu abarizioak iretsirik baitauzka: adinean joanago eta berkoiago?

      Ardit zilhatu bat ez lezokete soberakinetik eman behar gorrian ikusten dutenari, oro berentzat ez askiz. Atxik ozute begi: zikoitzenetarik bat edo bertze noiztenka ikusiko duzu perrek balio ez duen baten alderat ixuria bitxiki: bat harentzat deusik ez sobera, balu ere atze huts.

      Kartier guziaren irringarri, dariola burrustan.

      Halaber Guillaume, bere zerean. Nehoren erranari ez behatu nahi eta zahartzen doi-doi hasi orduko ja kasik deus ezin ikus bertzen begiz baizik. Zer litake sarrixago, enperadore balitz oraino? Jainkoak beira gitzala! Anhartean, ohartzen ez dela, nahi tuztenak egin-arazten diozkate. Bakea zuela nahi, ez gerla baitio, zertako bada ezta egon bere hartan azkar? Ingurukoeri ihardukitzen eztuelakotz jakin.

      Eman beza beraz heien gain hoben guzia: zuzenkiago, erdizka beza heien buru gaixtoen eta bere ahuleziaren gain.

 

* * *

 

      Behinik behin badu holetan seme bat, kronprintz delakoa, hogoi-ta hamar, hamabi urthe hein hori adin duena, gerla gose errabiatua, frantsesaren herran handitua, aita kesoaren seme keso areagokoa.

      Hortzak eta bizarra handi arau azkartuz doako ezin egona. Murga bat, ah! nolakoa! Diote aitari odol gaixto onik egin-arazirik dagola bospasei urthe huntan, bere gerla gosearekin.

      Jaz ala orai bi urthe, pizter zitzaukularik ja oraiko gerla hau, nahi izan zen aitzinatu aita baino lehenago; atheraldi batzu berehala bolborari su emaitekoak egin zituen, ez balu aitak larderiatu garrazki, zortzi egunentzat, edo gehiago —ahantzia dugu zonbaten, xuxen— «aux arrêts» puniturik ezartzerainokan, soldadoak aitzindariek bezala.

 

      Gerla hastean orhoit gira irakurturik, aitzinagoko egunetan semeak aita ezin bilduz berehala zaldirat igaitera Frantziako bideari lotzeko, ran-plan-plan, —aita oraino lotsa— erran ziola; «Ez banuzu nahi sinetsi, nere burua hilen dut, hemen hola, herdoilak jana egonen nizen baino lehen».

      Hoi da zorokeria, enperadore-gei baten ahotik bere aitari buruz, hainbertze gizonen hil edo biziaz denean solasa!...

      Seme horren furfuriak ez ditugula jasanen erakusteko baizik ez balitz ere, behar zen gerla hau. Ontsa ginitazke, gu frantsesak Frantzian, eta gure lagun ruso, angles eta bertzeak oro zoin beren lurretan, holako fanfarron bat baginu —oraikoa den bezakoa ez aski!— Alemaniako enperadore!

      Ez balinba! Ez, ez: ez aita, ez semea, ez familia hortarik zahar ez gazte, nehor gehiago. Ez orai, ez gero.

      Aita baino gutiago semea: semearen umeak, ala edo zoin aneiarenak are gutiago. Asea da mundua hoitaz aspaldi.

      Goihendurak harturik dauzka, gu bezenbat, gure lagun bertze populuak. Beldurrez koropilo daudenak bertzalde: atsegin hartuko baitute lau hatzez gora ikustearekin basa ihizi hoik.

 

* * *

 

      Semearekin, soldado aitzindari hanitz ere ukan ditu enperadore iduri azkar, izaitez ahulak, ahul itsuak, gerla pitz zezan sustatzale, sistatzale kitzikatzale.

      Aleman guziak ez dire suko itxindi, garra dariotelako. Bakezko gizonak orotan bezala, Alemanian ere badira edo balitazke, gerlakin oro erhautsi nahizkoek ez balute han gaina hartua.

      Hek ziren Guillaumen ondoko geiarekin bateginak, gerla beharrez baitezpada. Baia ba?!

      Gogoetatu da aita, jelostu semeaz: Zer dituzten sudur-hixtu hoik? Ala ez daukaten othe oraino semea bezen gizon, ba eta beharrez hura bezen gerlari burudun, aita!!!

      Zer aski! Aita semen arteko jelosia tzar bat «Hi bahiz, ni ere ba»; soldado aitzindari «nor gira gu» anbizionez hantu batzu bazterretik suaren buhatzale!

 

* * *

 

      Eta populua? Dirudun, langile nausi, negoziant gaina jo azkarrenetarik gu eta bertzeak oro baino gehiago gure lurretan hedatu nahiz; nahiz oro beretu, aleman jende xeherainokoak zertaratuak etziren ja, eta zer hatsean, bethi gorago, nausiago beharrez orotan?

      Ez gobernamenduko gizonetarik, ez eskoletako buruzagietarik etzuten alabainan bertzerik ikasten: mundu hau dena behar zela bilhakatu aleman!

      Beharko dire bildu, oraikotik, beren zedarrietarat, eta han egon.

      Atsegin hartuko baitute, bertzeak bertze, aleman zinezko bake-gizonek berek ere.

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Beretik berriz)

 

      Bainan zeri baikinen gutienik ohartzen, zer gure itsumenduan laguntzen ere ginuena egun oroz, hura zen etsaiaren komerzioa eta, komerzioarekin batean, hunen erro industria Frantzia geroago gehiago erainez, estaliz, iretsiz zoan, ahagoak pentze gori bat bezala.

      Bere tresneriaz, bere jendetze joriagoaz, bere laneko kharraz eta langileak bere nausiaren alderat zaukan erligionezko jauspenaz, asko gauza hobeak atheratzen zituen bere lantegietarik guk guretarik baino, eta guziz merkeago. Ez jakinean batzuetan, ardura baginakielarik noren ganik ari ginen, asko puska euskal-herrian berean hangoetarik ginituen erosten, merkeago zirelakotz;... hortako bereko. Bazuten bertzalde zonbaitek, merkearen gainera, halako arrunt azkar bat, laborariari guziz laket zakona. Burdin xurizko zer gehienak handik zetorzkigun, bai eta farmazietako asko. Hitz hok bizkitartean, berriz ere diot axalari lothuak ikusten ginioztelarik ardura: Made in Germany (Alemaniako lantegietarik atheraia).

      Arruntaz bertzerik ere bazakiten, egia erran, osatzen gure auzoek. Mekanikerian aspaldiskotik nausi jarriak ziren. Elektrizitateaz bezenbatean, iduri zuen kasik beren eskuko hartzera zeramatela guzia Europan. Orhoit zirezte azken bizpalau urte hotan nola sartuak ginituen euskal herrian: mendiez hunainditik, ingeñadore alemanak eihera guzien ondotik zabilzkigun, elektrikaren ithurritzat; haraindian, lehenxago sarthua zuten zangoa, elektrikaren ondotik minoteriez, burdin eta zur lantegiez jabetzerainokoan. Azpitik zaukaten ja Espainiako industriaren alha, eta hartarik datxikola, ez da dudarik, Espainolen bihotza.

      Frantzian zilhar eta urrezko untzi, edergailu ala apainduren salbidea urthe guziez zabalago zeramaguten. Kataloxen egiteko, mikrozkopen, larga-bixta handien, etzuten parerik. Duela zonbait urthe, eremu batzu gaitzak iguzki aldeko mendietan eskuratuak zauzkiguten, lore usain ondunen biltzeko, nahiz lorerik gabe ere, beren industriaz, lurretik ur usain onen jalgitzen ikasiak ziren. Frantses andrearen biltzeko, gizonaren ondotik bigarren, etzuketen bide hoberik.

      Parisen barna ginituztelarik hertsatzen zorrozkienik. Egun hotako bahikuntzetarik agertu da gure hiri nausian eta haren inguruetan bazituztela idekirik hogoi-mila negozioko etxez gainetik. Hiruetan hogoi ta hamarreko gerlan emana izan zitzeien eskua, etzuten ephe den gutiena galdurik, haren ahal bezenbatean hedatzera bermatu gabe. Xortaka zaukuten nahi xurgatu gelditzen zitzaukun odola.

      Gizonaren ondotik, emaztearen ondotik, haurrari ziren lothuak Parisen, eta, emeki emeki, Frantzia guzian. Haurren jostagailuak, berriki artio Parisen bakarrik lantzen zirenak, geroago gehiago, Alemaniatik zitzauzkigun heldu.

      Gero ixilik, gordeka, gure nagikeria ergelean hautemaiten ere ez gintuelarik, horra nun berriz gure emazteen ahuleziari jazartzen zaizkon. Pariseko hiria baitzen egundainotik ordu artio modaren asmazale eta emailea mundu guziari, Pariseri aitzintzera lehiatzen zako Berline, dendarien eta tallurren lantegietarat zilatzen dute nolazpait alemanek; lantegi hetarik zonbait erosten ere dituzte. Nola beren baitharik eskoil hutsak baitira, ez baitakite zer den pullit, are gutiago begiko, eta neke baita horren ikastea, jitez ez dakizularik, apaintzeko molde batzu sordesak, ezin jasanak kasik, agertu zituzten Parisen. Hainbertzetaraino inharrosiak ukan zituzten zainak bitzikeria laidogarri hetaz gure emakumeek, non... hainitzek onetsi baitzituzten.

      Zentzua zutenak oro harriturik egon ziren bazter guzietan: alemanaren ganik ez baitzuen oraino behinere ukan Frantziak holako uztarrik.

      Zonbait urte lehenxago, bere bortz ahalak eginak zauzkigun etsai beltzak, Pariseko kazeta handi batez jabetu nahiz. Etzelakotz orduan bere xedetarat heldu, bere gogoaren ararat frantsesarenaren itzulikatzeko biderik gabe gelditu zen, errabian. Makur ttipia: ezen espiunak metaka, bai eta negoziantak, bai eta oraino gure buruzagi nahasietarik hainitzak hemendik beretik alde ari zitzaizkon lanean.

      Mendekatu zen kenduz dakizuen sargia Beljikak Afrikan zuen kolonia ederraren barnerat, huni datxikola guhaurek ginuen kolonia batetarik barnez barne. Hortzak erakutsi zauzkigun bertzalde, oihu ozen batzu orozbat adiaraziz.

      Aztaparretan egunetik egunera tinkatuago gineramatzan. Zonbat urthe etzuen jadanik, bere eskolategiez eta hetan erakasten zuen jakitateaz edekia zaukula bai auzo erresumetan bai urrungo leihorretan egundainotik ginaukan ohorezko omena! Gure adimendu ernea ohartzeari trebeago zagon ba halere bethi, bainan zerbait berririk kausitu bezain laster, hari so baratzen ginen, akiturik bezala; ez ginuen gemenik, ikertzeko zer sail edo zer ondorio zerakarken. — Hek aldiz, ildoa bazeramaten aitzina, zonbait urtheren buruko biltzen zituztela ezin sinetsizko uzta ederrak. Haidurrak ziren hek, gu lotsakorrak bezain eta ukoak; lanaren xehatzen bazakiten bertzela beren artean jakintsunek, gainerateko industrietan ikusten ohi zuten bezala. Bakotxak bere izpia bururatu ontsa, osoan eder atheratzen zen ezin gehiago. Frantziako medikuak bazoazin multzoka hangoen entzuterat; ingeñadoreak berdin; legeko gizonak berdin; berdin izkiriantak, guziz Erroma eta Greziako gora-behera beihalakoez alha zirenak; apezgeiek berek, alemanak argitaratu liburuak zituzten irakurtzen semenarioetan, eta ikasten. Gure izpiritu eta bihotzaz laster jabetzera zoazin. Sakela ginioten bakarrik oraino apur bat zaintzen, beren negozioko sare xehe eremu gaitzekoaren lotpidea gatik.

      Horra nun urthe hunen hastean luzatzen daukuten harat ere beren aztaparra. Bankoer ausikika lotzen dira. Sei hilabethez Parise izialduretan dago. Banko hetarik bat, ez xarrena, bertzeak baino minkiago kitzikatzen dute, sistatzen, zaurtzen aleman bankoek. Nork daki zertaratuko zen, eta harekin batean Frantziaren indarra Argentinan ala Brasilen, ez balako esku eman, xutik atxikitzeko, Frantziako banko nausiak? Zerbait dakiten guziek aditzen dute zertaz nizan eta zoinez hemen mintzo.

      Aski xeheki aipaturik dauzkagu, balinba, alemanen egintzak gure alderat, gure kontra, bakean gineno. Frantziaren lurrerat aurdikitzeari bermatzen zirela etzezaketen garbikiago erakuts. Gerlak zaukun behar hobeki agertu oraino zer hats eta nolako errabiarekin.

(Beretik berriz helduden ortziralean)

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

Laborarier

 

GEROARI

      Gizonak gerlarat joanak dituzten emaztek, are gutiago zuk, seme gaztearen eskasean etxaldeaz artha duzun aita zaharra, ez dukezue araiz guk hemen Eskualdunean erakuste beharrik, zer egin, zoin zuen tokietan, ahal bezala itzulikatzeko.

      Halere, xede onez mintzo denari barka baitakioke, irriño bat eginen bazaio ere, zertan dautzuen sudurra sarthu nahi, behar nuzue utzi erraitera: ongi egin zinezaketela —gerlak gerla, malurak malur— guzien artetik halere orhoitzea geroaz.

      Huntarik lekora, hilek ez dute bizitzeko deusen, beharrik ukanen; othoitz on zenbeit arimarentzat, bertzerik ez.

      Bainan bizirik geldituko direnek ze lana, gerla aitzineko heinera ezin berriz altxatuz? Ez berehala hartaraturik ere, bizitzekoa ezin eginez, zer buru eta bizkar berotzeak?

 

      Gerlatik itzuliek, han lehertu ondoan, osasunak eta oro galdu han, edo ez onthurik, zer atsegina beren lurrak, etxeñoa, barrokiko abereak eta oro hatzemaitea xaharrek, lagunak, haurrek ahalaz ongi arthaturik, uste baino hanitz hobeki doazila!

      Bertze eskerrekin dire gizagoizoak, beren indarrak berri arau, lanari lothuko, ikusiz begien aitzinean bazterra eta aberetegia geroari dagozila itxura bihotz-altxagarrian.

 

 

      Gizon gazte gaizoa ez baladi gertatik etxerat itzul, bere etxeari eta etxeko maiteri sekulakotz adio errana baliote, ba ene adixkideak, lerro hauk hemen, sarrixago eta oraidanik, irakurtzearekin, begiak busti balazkitzue, orhoituz lur huntan gehiago ikusiko eztuzuenaz, erradazu, etxeko anderea, zuek, hor harat joanaren burhaso zaharrak, erradazue: haur gaixo hoik direa hor, geroari daudenak, umezurtz bizi beharko, zuen kuraia laguntzalez?

      Haurrentzat atxik begi eta esku geroari. Gerlan diren aita gaizoek,... hil ala bizi, deus ez dukete gogoanago han, etxetik urrun, haurren geroa baino; deus atseginago, zer nahi gertha, esku onetan utziak dituztela orhoitzea baino; bihotza, gau eta egun, maiz handik hunat ari zaiotenean.

 

* * *

 

      Geroari egoitea, begiak eta ahoa zabaldurik, deus egin gabe hari doakonik, ez orhoitzea bezala litake; behar zaio buruz eta eskuz lothu geroari, eta jarraiki hurbiletik. —Nola? —Galda berari; eta gor itsu ez denak ikus eta entzun zer dion.

      Baginaki ontsa, kondua xuxen atheraratzen ahal baginu, zenbat dion gerla hunek Frantziari gal-arazi ontsasun, irabazpide, diru idor, — odol ixuri eta gizon hilez bertzalde, harri ginitazke.

      Zenbat miliun eta miliar? Gerla irabazi ere eta gastu agerikoetarik handienak etsaiari jasan-arazirik ere, zer zilo alimalea Gobernamenduko diruntzian? Untzi handi eta ttipi guzietan eza, nahi eta ez oro nolazpeit hatzemanen baititu gerla hunek eta joko, batzu gisa batetara, bertzeak bertzera?

      Zilo handi hoik, hainbertze handi nork tapa eta nola, noizko? Behingo lan. Eta halere zenbat eztire geldituko ezin tapatuak!

      Arrazoia doblea, gutarteko jende, aphaldanik eroriak izanen girelakotz bizkar hezurra osorik geldituko girenek ahal den indar guzia egin dezagun, ez bakarrik sarri, bainan oraidanik, lurretik altxatzeko lehenbailehen goiti poxiño bat.

      Guhaurentzat ez bada, bederen ondokoentzat.

 

      Hortako zer egin? Bethi berera noakizue: oraidanik aitzinerat, gogo geroari; geroari buru, sorbalda eta esku.

      Ez egon hor, aireari beha, iduri zozotuak; paralesiatuak, besoak dilindan eta zangoak herrestan; egunean eguneko sua pitz, jatekoa bero,... balinbada zer jan; ez balinbada, erhi pututsa justa eta eltze hutsaren zorroa miika.

      Ez geroari egon, zer daukun berak bere baitharik ekarriko. Delako gero hura lagun guhaurek, eta, beharrez, bortxa, nahi ez lukenaren ekartzerat.

      Egun orhoit biharrez; bihar etziz; aurthen, heldu den urtheaz, ba eta geroagokoez.

 

      Hainbertze aldi erran dugu, behar litakela deus onik diren etxalde guzietan urthe bakotx landatu zerbeit, itzal edo egur eta fruitu emaile arbola.

      Ez betan ketarik; aldian gutiño bat hobe, gero bethi jarraikitzekotan.

 

      Egia nahuzue nik hemen aithor? Iduri zaut ikusten zituztedala hamarretarik bederatziak, gerlarako etzirezten gizonki eta emaztekia, hau egun hemen irakurtzearekin, irri hits batekin behako bihurri bat emaiten, diozuela, boza kexurik: «To eta zertaz gerla egun hautan solas! Bertze lanik ez baitugu berdin, arbola eta holakotan sos igortzen artzea baizik, orai!...»

      Aski lakiket, gehiagokorik gabe kexatze orde, balitz hau irakurtuko duten hogoi, —bota berrogoi— laborarisa emazteren, aitaso amaso zaharren artean bat, bere buruari erranen diona: «Egia dik edo din "Eskualdunak".»

 

      Geroaz orhoitzeak nori zer kalte du egundaino egin, etxalde nahigabek eta herioak ere jo baten iraupenari buruz?

      Atseginago baizik ez nuke ikustea etxeko haur tarrotuxeak, aita edo aneia zaharrenak gerlan direlarik, nor hil nor bizi, amari galdeka: «Zinez, ama, igandean Eskualdunak deramakun sosaren hatzemaiteko baizik ez balitz ere, behar dugu aurthen, gerla urthe huntan, landatu zerbeit. Ez ahal dauku aitak gaizkirik erranen, jakiten duelarik.

      Nork daki? noizpeit menturaz atsegin ukanen dugu, elgarri erraitearekin: «Egur hau, itzal goxo hau, fruitu ahotik ezin utzi hau 1914eko gerla urthean landatu ginuen.»

      Biziak orduan hilez orhoit litazke, eta mintza; othoizño bat, edo gutienetik, bihotz altxatze bat Jainkoari arima joanentzat, bizi geldituok elgarri atxikiak tinkatzearekin batzu bertzeri.

 

* * *

 

      Jainkoak beira holako solas bati loth: eztakizu non geldi, ez nola haria pika. Goazin oraino zonbeit lerro, gogora jina doala luma muturrari behera.

      Geroz gero, zer ez litake, huni datxikola, hor erraiteko? Arbola landatzeaz bertze ondoriorik darraikona, horra hortxe non duzuen, ezkaratzaz haraindian, aberetegia; nahuzue, dezagun egin sar-jali?

      Alazean galda geroari, ea zer dion; —Zer dion? Bethi bera: «Nitaz orhoit».

      Gerla hunek oraino irauten badu, eta iraunen du, itxura guziak, iraunen duelakoak ditu... Irauten badu, aberetegiak hustuko dire Frantzian eta inguruetako erresumetan; behinik behin gerla duten guzietan, adixkide ala etsai.

      Egizue alabainan, bi begiak hetsirik, buruz hor: zonbat, idi eta behi, ergi eta miga gizen igorri beharko dugun hor behera, nahi eta ez, soldadoen haragi.

      Gizenen ondotik meheak; aiher da gerla luze, zabal hau abere eta azinda larrutzea balio duten guzien eremaiteko, harrapaka.

      Zer egin, sarrixago, zoko guziak aberez huts ez dazkigun geldi? Hazi hanitz atxik eskuetan, hazi eta haz-gei.

      Behi bat ez etxetik despedi, bi aratxe ordain ezarri gabe, beren othelakoñoari estekan. Hiru hobe, ahal balire; hots, bederen bat.

 

      Odola bezen kario izanen dire sarri, gerla ondoan, abere larriak; dirutan ezin hatzemanak. Barrokiak hutsik nor ere baitu hatzemanen gerla ondoko urtheak, ondokoaren ondokolak, han bharat, eztakizue noiz arte, hanbat gaixtoago geroari aharrosika edo nigarrez hantu begier thorraka egonen direnentzat.

      Hanbat hobe aldiz, geroaz orhoit, geroari atzar eta erne jarraikirik, tegia huts hatzemanak izanen ez direnentzat.

      Beren doi seguraturik, balinbadute sarri zonbeit buru saltzeko, ez ditut urrikari,... buru hortarik.

      Gerlari eta gerlaren ondorio lotsagarrieri kendua ken.

 

 

 

Gerlarien berri

 

      Mont-de-Marsan-eko erreximenduarekin joan soldado baiones baten ganik:

 

Glennes, Hazilaren 10ean

 

      ...Joan den igandean, ene aitzindariaren baimenarekin karrosan izan niz «Fismes» derizan hiriraino. Harat heltzean iduri zauntan hiletarik pizten nintzela. Hango karriketan, plaza eta magasinetan, jendea harat hunat-ka ikustearekin, orhoitu niz lehengo biziaz. Eta arratsari buruz gibelerat itzultzean, ene bihotza ere ilhun zen.

      Hotel batean bazkaldurik ahal guziak erosi ditut «articles de toilette», fruitu, arno eta bertze. Anhitz denbora ja gure ziloetan girela, anhitz denbora beharko egon. Berriz ere, hirirainoko baten egiteko esperantza badut.

      ... Atsegin hartu dut jakitearekin Belgikanoak heldu direla Baionaraino. Eman gogotik hoieri behar dituztenak oro. Hain dire urrikalgarri!

      Eta zer ez dute egin guretzat! Erran ditakena da orai Belgikan egon gire dotzena bat egun; ez baitugu deusen eskasik ukan. Eskaintzen zaukuten guk galdatu ere gabe, burra, xokolet, esne, kafe, zigarro; bereziki biera; hots, orotarik, har ahala.

      Orhoituko niz bethi nola nexka batek gomitatu ginituen, ni eta bi lagun; haren etxean, familiarekin, mahain berean jaten baikinuen; ohe bat ere nola eman zaukuten gauazko. Eta hoien guzien pagatzeko, milaesker erraitea aski. Ah! zoin onak izan diren. Le pays que nous habitons n’est pas aussi franc, eta Jinkoak daki zonbat ezpion duten hemen arrastatu!

 

ABSOLUZIONEA

      Huna letra bat Paristar kaseta handi batean agertua:

      «Thuin deithu hirian ginen, delako Sambre ur handiaren zain. Goizean goiz, argiastetik, etsaien balak senditzen ginituen, ga baino gorago hixtuka iganik, jauts ahalA erortzen inguruetara.

      Gu han ginauden, gure erreketan, aitzindariek noiz manatuko zaunkuten, oldartzea etsaiari. Betbetan ikusten dut lagun bat errekatik xutitzen, D... zen, kaporal errezerbista, eskualdun bikario bat.

      Burutik baduka, to? Jautsi gogo hiza hortik ala heiek behar hute jautsarazi?» Guziak kaporalari oihuka. Kheinu batez ixil-arazten gitu, diolarik: «Gutarik anhitz ez dira behar bada jalgiko hemendik nahi nauzueke absoluzione bat eman.»

      Eta belhaunikatzen da etsaiari buruz, gerriz goiti osoki agerian.

      Orduan, buru has jarri ginen guziak; apez eskualduna hasi zen: Confiteor Deo omnipotenti... Nahi gabeko ikhara bat bazuen ezpainetan. Eta horra non bala batek, alde aldetik iraganez hixtu izigarri batekin hausten dakon elhea.

      Durduzatu zen egiazki gure kaporala, jan ere zituen bospasei hitz; bainan laster bere baitharaturik, larki, gora, bururatu zuen othoitza.

      Emaiten dauku absoluzionea. «Eta orai lagunak, errazue nerekin hiru aldiz «Gure Aita». Berriz lotzen da othoitzari, burua xut, bi eskuak elgarretaratuak, pausaki erranez hitzak, ahantziak dituzketenek haren ondotik eman ditzaten.

      Hiru Gure Aitak erran eta, esku zahalaz zeinatzen gitu oro hanxe.

      Jauzi batez errekan da berriz. Irriz dago gaizoa; gu... nigarrez!

 

BAXENAARRE ALDETIK

      Ahal bagintza bil gure soldadoek etxekoer igortzen dituzten letrak eta Eskualdun-ean ezar, nehor elitakezu enhea irakurtzen eta bagiundikezi gerlaren iduripen zerbait.

      Huna, batek zer igortzen zien berriki:

      «Errain dautziet, egun jendia hemen arras alegera dela, jakinik gerla hau fite finituko dela; agian egia izain da! Guk hemen ez dugu deus ezagutzen; badu berroita hamar egun toki huntan berian gaudela denak: bi alderdiak ontsa jarriak trantxadetan, eta elgarretarat hurbiltziain beldur...

      «Kanoiak dira bethi ari direnak. Hiltzen dute bethi zonbait; bena lehengoain aldian deus hasik ez.

      «Juanden ats batez, izan da bataila gaitza. Jin dira hiru erreximendu Aleman Frantses bataillun bati buruz. Mila Aleman hil dituzte gurek eta hiru ehun preso hartu.

      Frantsesik aldiz ez da hogoi bat hil eta kolpatu baizik.

      «Gure kanoiak anhitz hunak dira. Xehatzen diuzte Aleman guziak.

      «Errain dautziet ardura euria dugula. Nori dugu gehienik partida, aladere kanpoan behar baitugu egon.

      «Orai ere euria gootik ari da; haatik etxe batian gira bi egun hotan. Ibiltzen gituzte batian aitzinaxago, bestian gibelaxago.

      Aitzinian girenian anhitz akhitzen gira. Zilo batzutan sartu eta han egon behar, gau eta egun. Sarri axeriak bezenbat izain gira; ez gira ageriko jendiak ala zer giren.

      «Nik jadanekotz badut, bizar bat hiru erhi trebes luze eta lepoa mehe; pentsa hea pollita nizanez.

      Zaku bat badut pizu diena berroita hamar kilo; hastetik anhitz penatu niz zeren bizkarrian min baitzaan; bena oraiten jarria niz gure etxeko pullua bezala.

 

* * *

 

      Territorialeko batek huna zer izkiriatu dien: «Hamar egun huntan kanpuan giaudezu, zenbait marraka entzuten dugulatik; bena oraino serurik gure konpañian oso gitzu; ez jakin noiz artio... Nahiz bigarren liñan gien, oraino etziu tiratu; bainan horren gatik bardin hirriskian gitzu.

      «Iragan astelehenian in diziu laster hunik, gure arterat etsaia tiratzen hasirik, bataillun guzia etxe batzuin gibelian ginelarik; bospasei kolpatu eta hil zitzun.

      «Orai gu artillurren artian gitzu arroila batzutan. Gure gañetik tiratzen dizi artilleriak bost kilometretan; gu gure tokian eta hek bethi berenetan. Etziu hamabost egun hotre battie gibelorazten ahal; at gau eta egun aritzu izigarriki. Balinba gure Jainkoa huna fite urrikalduko ziauzu...

      «Nik hok igorria gatik, ez trista; zerena zortia, Jainkoak nahi dien tokian baita. Hain borondatia konpli dadila: etzit bertze gomendiorik iten haindako hun girelarik har gitzala bere ganat.

      «Beraz ez trista, izan iazie kuraye eta ez odol gaxtorik egin egor bethi horgo berriak xeheki.

      Horra nola mintzo diren gure «territorialeko» soldado aita familiakoak. Jainkoak lagun ditzala eta beira berenendako zorigaitzazko gerla huntan.

 

 

 

ZER ETA ZER

 

Ruso zaldizkoa

      Egia ezagutua da gure adixkide, gerlari lagun Rusoak ez balinbadire banazka orotaz Alemaneri nausi, —guk heien laguntzaren bezala heiek gurearen beharra balinbadute— on batzu badituztela nehork nehon ez dituenak, Rusoek baizik; hala nola zaldizko gerlarentzat ez omen dute parerik.

      Gogorki trebe omen zaldiz. Bere gostuz ikasi du hori aleman aitzindari batek eta ez ahal dauka ahantzirik.

 

      Bospasei Ruso, presuner baitzituen bere meneko, ekar-arazi ditu bere aitzinera, armada guziak ikus zitzan, zoin ziren zalhu, zaldiz ala oinez; lasterka, jauzika, burbutzika.

      Jakina zuen, gaitzak zirela ruso hoik buruzgainka; bizkar hezurraren hausteko itzulipurdiak eginik ere bethi zangoen gainera xut, minhartu gabe.

      Halere alemana bertzen jakitate edo zoinez trufatzerat ekarria baita, jostatu nahi zen aitzindari hura bere presuner rusoaz.

      Zangoak estekatuak omen baitziozkaten, laxarazten daizko.

      «Ea goazin ikus», dio aleman buru handiak basa batentzat daukan rusoari; «ikus zer eta zenbat itzuli darkitan egiten».

      Inguruan ziren alemanak oro beha, irriz asetzera prest zaudela; ez gutienik aitzindari pisu, hura bere zaldiaren gainetik. Hainbertzenarekin, rusoak jauzi eta jauzi, pirurika asko eginik, bi begietara, zart, behatzen dio trufariari. Hunek aire mespreziozko batekin:

      «Ez dakika deus gehiago?»

      Ahotik azken hitza athera dueneko, rau, zaldira jauzi rusoak aleman aitzindariaren gibelera; huni loth, bi besoz gerria dinkatzen diola, eta zaldiari zangoez tripazpia jo; alegia deus ez, bridak eskuetarik edek; zaldia behin trostan, gero kalupan, joan ahala joan, hara non deraman ruso presunerak aleman urgulutsua... preso Alemaniatik Rusiarat buruz debruak hausteko.

      Irri onik ahal baitzuten Rusiako armadaren erdira heltzearekin presunera libro, eta libro zena preso.

 

Kronprintz

      Aleman izen hori egun hautan hoin ardura lumaren puntan dugunaz geroz, eta mihietan, bazaio jakitea orok, zer duen erran nahi. Alemanez ala frantsesez bezen konpreni errexa da eskuaraz.

      Krone erran nahi da korona; printz, printzea; kronprintz, koronari dagon printzea; oraiko enperadorearen ondotik korona ekarriko duena.

      Ez haatik oraiko hunek, ez hunen haurrek agian, gerla huntarik lekora; ez hunen aitak, ez arrazako edo zoinek bizi giren hauiek dirauguno bederen.

      Doazila enperadore, ...dore-gei, printze ta printzesak nehuten bezen urrun.

 

Anhartean

      Harat hunat dabila gure jaun «kronpritz» nehork ezin kronprintuzkoa; frantses-angles-belgikano armadetarik rusoetara joan-jinka.

      Han ala hemen, orotan ororen nahaseko baizik ez on. Aitarekin atzo elgarri zer bahi erranka; semeak aitari zer jeneral auru gabeak adituen hautatu gerlako; ititak semeari: hura bezenbat badela guerenik dena.

      Gero bardin biharamunean, soldadoeri eta populuari begietarat erhauts botatzeko, aitak ororen aitzinean semea besarka, bulharrak bulharren kontra tinkatuz.

      Printz eta kronprintz, kintal bat eta ehun libera.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Bethi berri onak; ez espanturik, ez eta beharrik ere; bainan harria bezen gogor gaudela gure hatzean, nehon ere aiphatzea balio duen urhatsik egin gabe gibelerat.

      Izaitekotz, aitzinatuz goazila han hemenka, toki gaixtoenetan.

      Joffre jeneral nausia bere bi lagun Pau eta Castelnau dakizuenekin, konfiantzaz bethea dela, ba eta armada guzia.

      Ba eta gurekin ditugun anglesak.

      Rusoak ere ba, beren aldetik azkarki ari direlarik etsaiari zafraldia zafraldiaren gainera emaiten.

      Baditakea mementoko berri hoberik?

 

(Kirikiño)

 

1914-11-15

 

Gudea

 

      Zelan dabil? Onantxe itz gitxitan:

      Parantze-Belgikan doixtarrak jo ta jo ibilli dira egun oneetan Joffrek imiñi dautsen gizonezko esi gogorra. Ezin ausi izan dabe, ta len lez aurkitzen dira, alperrik izan dira euren topekadak. Ibilli ta ibilli, makalduko dira.

      Sorkaldean (Orientean, Estean) ankajokoa dabil, danak aurrerantz... bai ba, atzerantz ariñeketan asiko balitzaz laster kokoteaz lurra joko leukie. Baiña, norantza da ankajokoa? Onantz. Doixtarrak eta osterreiztarrak orpoketa gogorra dakarre, ta atzean datorkioez errusitarrak.

      Gezurroff? Patatenberg?.... Gagozan isillik!

 

 

1914-11-16

 

Gudaren barri ez ekian

 

      Sydney deritxon Austarliko itxas-urian sartu da aizezko doixtar ontzi bat Ernst izenduna, Hanburgetik urtenda artez ara joan dana, orain gudea danik ez ekiala. Jakiña, ontzi ori oratu ta espean jarri dabe Sydneyko agintariak. Aizezko ontzi orrek egin dauz itxasoan 120 egun Hanburgetik ara, ta orregaitik izan da ezjakite ori, gudea asi baiño lenago urten ziran itxasora ta.

 

 

Mutil azartua

 

      Alkarren urrean dagoz pantzetar ta doixtarrak. Areetariko batek jokatzen dau joan ta ipiñi baietz pantze-ikurrin bat doixtarren tokian. Gau illuna dator, ta mutil au badoa bere ikurriñagaz narrazka ta ardurarik andienaz doixtarrak dagozan alderantza, igaroten da lenengo zaintzailleak baiño aruntzago, igoten da zugatz batera, ta lotuten dau gorengo adarrean ikurriña. Lengo bidetik bigurtzen da geldi-geldiro ta narraz suge bat letxe. Arerioak ez dabe ikusi ez entzun.

      Eguna zabaltzen da. Pantze-ikurriña ikusita euren artean doixtarrak lenengo ikaratu ta gero asarratzen dira ta badoaz zugatzera igoten ikurriña kentzeko. Baiña urreratzen diran guztiak jausten dira, pantzetar gudamutillak ba euren izkilluekaz joten dabe ara doiana, agiri-agirian daukelako zugatza. Egun guztian egon zan ikurriña bere lekuan iñok kendu barik.

 

 

1914-11-17

 

Europako matazea

 

      Irakurri egizue, ene maiteak, Naparrako Garestik bidaldu dauskuen idazkia.

      Guk ementxe idatzi genduan ondiño lengo egun baten, entzun genduala karlistak ebiltzala asmoetan Naparratik Pantzera sartzeko gudan, Joffreri kentzeko gudaroste-gorputz (cuerpo de ejército) bat edo bi, eurei gogor egiteko bidaldu bearko leukezanak Españako muga alderantz.

      Orra nun datorren gaur Naparratik bertatik izparra guk entzun genduana sendatzen. Doixtarrak eta jaimatarrak alkar aituta Joffreri txibitea emoteko. Mutillak! Matazeak ondiño geiago nastau bear jok! Zer ikusi bear ete dogu?

      Atzo illuntzean esan geuntson pantzetar jakitun bati zelako izparra etorri jakun ba Garestik eta erantzun euskun patxadarik andienagaz:

      —Orren barri jakin dabe Pantzeko Gobernuak, Joffrek eta bere Estado Mayorrak, eta neurriak artuta daukiez karlistak jagiten diranerako. Parantzek konbeniue egin dau Andorrako Errepublikeaz, ta karlistak igitu daitezanean Andorrak igituko ditu (mobilizau) bere tropa guztiak, eta uste dot naikoa dirala karlista guztiei ankajokoa eragiteko.

      —Orixe bai! Oi, zelako astuna kendu dauskuzun ganetik ez dakizu! Andorra orretan badago ez da zetan bildur izan. Pantzetarrak, eta geuk be bai, lo egin geinke arkoloka.

 

 

1914-11-19

 

Paris-Calais-London

 

      Atzo eguerdi-ostean akeita artzen joan giñanean, aurkitu genduan Txomorro gernikarra, ta itandu geuntsonean zer iñoan erantzun euskun goizean eldu zala itxasoz Bilbaora Londondik etorririk. Orain aste bi inguru joan zala Parisera, andik Calaisera, ta gero Londonera bere zeregin batzuk zuzentzeko ta onantza itxasoz etorri. Ibilli dan errietan ia zer ikusi dauan itandu geuntson, eta ara beragaz izan genduan barriketa-alditik atara doguna.

      Parisen jendea guda aurretik baiño obeto bizi dala. Gabetan ez dagoala antzoki edo teatro-jairik ez ostantzekorik, goxetik mundu guztia etxeratzen dala. Ez dagoala apacherik. Oneek eroan dituezala gudara batzuk, eta besteak Apirkara, Paris zeatz garbiturik euroetaz. Ez apacheak bakarrik, Maria-bideetako guztiak be uixatu ditue andik. Beraz loiak atara dituz andik gudatarren eginbide gogorrak.

      Pantzetarrak, arrokeri barik, uste osoan ei dagoz gudea eurak irabaziko dabela.

      Paristik Txomorro ta bere lagun Z'tar J. joan ziran Calaisera; eldu ziran gabeko amarretan, ez egoan erri guztian argi bat etxe-barruetan izan ezik. Ori, doixtarren egaizkari ta zepellinak igarri ez dagien uria nun dagoan. Uri guztia egoan gudariz ta belgikar igestiez beterik; azkenengo oneek ebiltzan kaleetan, gixajoak etxetik atara al izan ebena zorroetan sartu ta berau lepoan, biaramonean edo Ingelandara joteko. Txomorrok eta ezin izan eben idoro ostaturik eta azkenez portuko txanela baten etzun bearran aurkitu ziran.

      Biaramonean ontziratu ta igaro eben Itxaso-estunea Folkestone urira joanik; igarotze au egin eben ingelandar gudaontziak alde batetik eta bestetik txitean-pitean eukezala.

      Londonen be dendetan kale-aldeko argiak ez dagoz piztuta, eta kaleetako argi-mutillak barriz danak dagoz goitik estalduta txano edo txoto andi banaz. Onan goitik ibilliko balitz iñor ezin ikusi izango leukez argiok, eta ezin igarri, urriñetik beintzat, London nun dagoan.

      Gabeko amarretatik aurrerantz gebenduta (debekauta) ei dago iñori saltzea ardao, garardao, patar, edari gogor edozetarikoa. Ta zeatz beteten ei da geben ori. Txomorrok berak ikusi ei dau, amar-amarretan txola edo edontzia aurrean edari erdikiñaz dagozala zaldun antzeko ondo-jantziak, eldu morroiak eta esaten: «Amarrak dira, ta amaitu egizu edari ori, ontzia eroan dagidan».

      Belgikarrak asko maite ei ditue, ederto urgazi edo lagundurik euroi. Kaleetan eta denda-buruetan eurrez, ugari, agiri ei da Belgika-ikurriña.

      Emengo jendea, Bilbaokoa, euren areriotzat ei dauke ta txarto esaten ei dabe gutzaz. Itxuraz, emengo izparringi torerua irakurri izango dabe, ta ortixek atara dabe gu danok garala Kaiser ta bere gudariek darabillezan txarrantxen agurtzailleak.

      Londonen ikusten ei da gudamutilletan, izugarria! Izkilluak ondo erabilten ikasi arte dagoz bertako edo inguruetako zelai andietan. Txomorrok diño asko ta asko ikusi arren gudamutillok, bata baiño bestea mutil ederragoak dirala, jasekoak. Ez dirala ez, batzuk esaten daben lez, ango zirkilleria. Bertakoekaz batera ei dagoz 36.000 kanadatar, Belgika-Pantzera bidaltzeko bearrizana datorrenean.

      Gudea asi zanetik ona sartu ei dira gudari Ingelandan milloe bat inguru gizon. Euren guraz da gero. Orreexek dira benetako abertzaleak!

      Ingelandarrak ardura anditan ei dagoz, igarririk doixtarra arerio gogorra ta indartsua dala. Orraitiño euren ustea da guda au irabaziko dabela, baiña orretarako alegin andiak egin bearko dabezala. Euren eretxiz guda onek iraungo ei dau gitxienez iru urte. Txomorrok diñoanez an edonori entzuten jako eretxi auxe.

      Onak gajagozak orrenbeste aldi iraun bear bajok guda madarikatu onek!