Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-11-13: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”

       Eskualduna-n, Alemaniako enperadorearen erretratua egiten segitu du: hura zen gerla piztu zuena, haren handinahia zen gatazkaren sorburua. “Alemanak hurbiletik” sailean, Jean Etxeparek gai klasiko bat landu du: 70eko gerlatik 14kora, alemanak beren burua prestatzen ibili dira; Frantziako politikariak, berriz, nora ezean ibili dira.

      Noiz artio iraunen du gerlak? Hainbat aldiz azaltzen den galdera da hori: erreketan sartuak gerla egiteko molde berri honekin, luze iraun dezake: “horra zertako baziren uste zutenak, gerla hunek ez zezakela iraun bizpahiru aste baino gehiago”. Gerlarien berrietan behin eta berriz agertzen den ideia da hori: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”.

      Kirikiñok, Euzkadi-n, lubakiak egitera behartua izan zen nafar baten abenturen berri emanen digu, bai eta doixtarren basakerien berri ere Charleroin.

 

 

Guillaume bera

 

      Nori esker dugun gerla izigarri hau eta zenbatsu dezaguken iraun, orai danik orok jakiteko, etzaut iduri adiskideak, halakorik baden, nola baita Guillaume Alemaniako Enperadorearen ezagutzea behin bera ongi, buruko iletarik zango zolaraino, bertzetarik berex: gero bertzeak, andanazka. 

      Egun zortzi eman dugu Guillaume Napoleon Handi zenarekin parrez par. 

      Erran dugu: bazutela zerbeit elgar idurikorik; ohore gose bat, oro manatu, oro zangopean ezarri-ta berak oro baino gorago beharrez nehon ezin egon bat gaitza. 

      Eztu borrek erran nahi orotaz biak bardin direla. Urrun da. Hura, bere itzal guziekin, gizon bandia zen, agertu diren handienetarik: hau handi «nahia»; berak «uste», hala dela ere, menturaz oraino. 

 

      Gerlak erakutsiko dio huni, on bazaio eta ez bazaio, eztela heltzen Napoleon zenaren sorbaldetara, ez eta ere gerrira; gizon handi, Handi izaiteko, eztela aski, «nahi» ukaitea. 

      Ja hasiak ditu bere ingurukoak ohartzen: heiek ere zaukaten baino gutiagoko gizona dela; oro azpiko behar: bera bethi ororen nausi. Eta gerla hastetik hunat, askotan ja ezagutu dute ororen nahasteko baizik eztela. 

      Kontrariatzen badute, erhotzen da: bera utziz nahi duena egin eta eginaraz, deus onik ez. «Zoazte harat, zatoztze hunat» erranka, bazterrak asexeak ditu. 

      Hutsak eta nahigabeak oro Lertzen gain; abantail den gutiena dutenean hura bere edo seme zaharren, Enperadore geiaren: okaztatuak ditu bertze gerlari aitzindariak. 

      Soldado xeheak ere gogoetatzen hasiak; ez othe den uste zuten bezenbatekoa. 

 

* * * 

 

      Hots, egunetik egunera histuz doa, eta aphalduz Guillaumeren izarra. 

      Dathorla hortako behar den denbora, gutitarako dire hari atxikiak zirenak: azkenean ezdeus-etarako.

      Geldituko da bera: ber-bera bere familiarekin. Maite zuketenek hastiatuko dute, higuinduko, ezin jasanezko heineraino. 

      Bera beharra, izanen da orduan, biziki berago, nahi zuen baino. 

      Frederik enporadore aita zena min gaixto xangrearekin bi hilabethez erreginatzerat ezin utzi zuena poxolu zuela erakutsi baitzuen itsuski, hor du «kronprintz» bere semea, 30 bat urthetan aitari jazartzekotan dena; aita baino erhoago, urguluntzi oro xehatu nahizkoa. Merezi. 

      «Bismarck» ministro zena, bere tzarrean gizontasunez, kaskoz, huntaz bertzerik zena, Alemaniaren handitzale egiazkoa, zaldi zahar bat bezala, esker izpirik gabo zokorat, aurdiki zuen; aitasoren, aitaren ministro, zerbitzari hoborena hainbertze urthez izan gizona, poxoluz, handiegiz aldean atxikitzeko, itzal egiten ziolakotz orotan bera behar nausi «Guillaumeri», holetan ferrak kendurik larrerat igorri zuen, joare eder bat lephotik dilindan estekaturik. 

      Egun hautarik batez, goizxago, berantxago, bere zerbitzari, ministro, soldado aitzindari eta bertzek abandonatuko dute: bera utziko hain bera beharra bethi; beren baitharik utziko ez dutenek beharko bortxaz. 

 

* * * 

 

      Nahuzue orai jakin, gerla hunek zenbatsu duen iraunen? Iraunen du «Guillaume» eta Alemania berex arte bethikotz osoki elgarretarik. 

      Akhabo Guillaume eta haren familia, doazila Alemaniatik; hek han direno, ez baita bakerik izanen Europarentzat, ez eta mundu zabaleko erresumentzat. 

      Guillaume itzaliz geroz, bakea egin ahalko da, edo bederen solasetan hasi ahalko dire frantses-angles-belgikano-rusoak alde batetik, bertzetik aleman-otrixianoak. 

      Bainan Guillaume Enperadore hau Alemaniako Enperadore deno eta Prusiako Errege, bakerik ez; bakezko elherik ere ez. 

      Hola hola zuten garhaitu Napoleon Handi zena bertze orduz. Zer nahi izanik ere, ez ahal da hau hura baino garhait gaixtoago izanen. 

      Bertze auzirik ere badukegu Alemaniarekin: lehena hori. 

      Belgikako lurrean sartzea, gerlako legeak eta oro zangopean lehertuz pagatuko du horrela Guillaumek ederki. — Merezi. 

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Beretik berriz) 

 

      Elhetarik ez bada hanbat ageri etsaiaren barnea, bederen hor ditugu aitzineko, non ez giren itsu edo arrunt soraio, haren egitate eta egintzak. Huna oraino bertzalde hau neholere uka ez ditakena, aleman Alemaniatik beren gerlarien oldarrari so egon direnen ahoan bilorik gabeko aitorra. Hango liburu eta kazetetarik datxikagu, bai gudu has aitzinekoen, bai geroztikakoen iturritik.

      Zioten Frantzia ustelduxea zela, aspalditik har-joa izanez, guritua, darian; usteldurak emeki emeki, bera kasik ohartu ere gabe, errekerat eremanki. Usteldua, lehenbizikorik eta oroz gainetik Jainko nausiaren baithako sinestea ahuldua zuelakotz, galdua ere ba hainitzek. Jaun-goikorik izaitez ez dela gogoan finka dezala behin gizonak: ez du gehiago hil-ondoko beldurrik, gutiziarik ere ez; zeruaren esperantzak ez detzozke goza bihotzeko nahigabeak; lurreko bozkalentzietarat erortzen da ondikotz dena, hok egunetik egunera nagituz deramatelarik. Hatzeman ez baditzazke, edo xuhur baizik ez baditzazke jasta, bilhatzetik bederen ez baititake bara.

      Min gaixtoa hori, biziak dirauno ezin iraungizko su-kharra, frantsesari guziz aiher daukagun aaztura (zioten gure auzoek), bertze edozoin gizalde baino hazkurriago zakolakotz bere jitez frantsesa. Hazkurriago, zeren eta lur gizen batek, zeru eder beltzuri handirik gabeko batek, itsasoz ala leihorrez daukan aurkintzeak egiten baitakote frantsesari adimendu erne bat, aski sendoa izana gatik, ez guti kotsu bilkina.

      «— Guri ere ba, derasagute aitzina Alemanek, adiarazia zaukuten jakintsun batzuek sinesterik gabeko erakaspen galgarri bera, bainan adiarazia bakarrik. Ez ginituzten behinere ezarri onhartzeko edo bazterrerat uzteko baitezpadan». Beren artean solas guziz erabilirikan ere —eta noiz nehon egundaino alhatu ukan dute hortaz gogotikago mihia Alemanian baino?— delako jakintsunek uzten zakoten jende xeheari bere aitzinekoetarikako erlijionea; behar orduan goresten ere ba eta sutazen.

      »Ororen buruan, munduaz kanpo deus ez nehor ez dela zinez dion batentzat, nahi baditu bere gogoarekin jarraikarazi bere urratsak, daukagu ez den deus xuxenagorik nola baita erligionezko sinesteen errespetatzea: lurrak sorthu dituenaz geroz, eta bera lur, eta lurtiar, harrikatuz hek, bere buruari litake ar alabainan harrika. Sortzen dituen gogomen ala jaidura guziekin dezala bere osoan, onar eta gorets mundua.

      »Bertzalde, delako erakaspenentzat arras xarra zagon alapidea alemanen baithan. Gure tokiek ez gerakarzate gurikerialat; lana daukute manatzen, nekea, bizitze xuhur arrunt bat. Zeru gaina ere hitsa dugu, zuenaren aldean; goiti behatzen dugularik, iguzkiaren argi lanbro epelaz bertzerik ikusten ez baginu gorago, nundik arin lakiguke sekulan gogoa? Gure sor-lekuaren itxurak berak gitu egiten eta gauzka, nahi ala ez, jainkotiar.

      »Bainan zuek bezala galdu ukan baginu ere fedea, zuen idurirat ondikotz uko abiatu izan bagine gure eginbideer eta gure gizontasunari, ez ginintazken halere, zonbait behaztoparen gatik, eror erori zareten neurrirat. Zaindu ginintuzketen beren oihuez, besotik behar orduan atxikiz eta zimikatuz ere, gure aitzindariek. Ezen aitzindariak baditugu, beren buruaren jabe egon direnak; jarraikarazi dutenak beren buruari aphalagoetarik zor zitzakon jauspena.

      »Sare azkar batek dauka Alemanian alde orotarik jende xehea inguratua, bederazka inguratua kasik, eta xut.

      »Argituz, emendatuz, berrituz, gure lanpidetan, bazterretarat hedatuz ginoazilarik bethi buruzagi berek aitatik semera edo bederen xede berek bidean aitzinarazi gaituzte.

      »Gobernamendu eskasak porroskaturik zauzkate aldiz zuek, frantsesak, bakotxa bere sailari, bakotxa bere gain, gidari ez zaintzalerik gabe: otsoaren ahorat sartu zaituzte erdiz-erdi gerla hunek.»

 

      Horra nolakoak ziren, gutaz bezenbatean, alemanen mintzaldiak. Ah! lumaz baizik ez baginintuzte sistatu, ez minhartuarena egin ginezoketen, barka ere ba azkenean; hanbatenaz samur gutiagorekin non, haur batzuek bezain lañoki, ez bihotz garbitasun berarekin hargatik, emaiten baitzaukuten beren barneko berri; idekitzen baitzauzkiguten begiak gure zakarren gainerat, sendatu nahi ukan balauzkigute bezala, urrikaldurik! Luma baino zorrotzago erakutsi baitaukate ordean aztaparra!

      Hiruetan hogoi ta hamarreko gerlatik goiti dugu hauteman hau, urthetik urthera luzeago, harrapakariago gure erraietan, idorrago, ageriago ere ba gu tinkatu arau.

 

      Indar hartu zuen lehenik bere baitan Alemaniak, indar bat gaitza, bere erro guziez batean alhatuz bere leihor eremu guzian, erro hek egunetik egunera aldaskatuz zoazkolarik, hala nola bere gizon buru aralde joria. Jakintsunek eskoletxeak eraiki zituzten gauazko izarrak bezain usu, jakitatea heltzen zutelarik oraino igan etzen goratasunerat; armadak hartzen zuen dakizuen sail izigarria, erresumako zoko gehienak ezin hurbilduzko larderian ezarriz; marina ondar hamasei urthe hotan bethi buruzagi bera entzunez, zoin-gehiagoka lothua zen anglesenari; burdin-bide eta urbideen sare xeheak izpikatuz zeramatzalarik, eta orozbat aberastuz laborantzako lurra.

      Ikusten ginituen ba aitzinamendu eta oldar hoik guziak mugaz hunainditik, bainan okerrek bezalatsu: erdizkaxe. Laketago ginuen zorigaitzez gure ohiko ezdeuskerier beha egoitea. Politikak ergelduak, zirtzilduak, ethenduak ginauzkan. Egunetik biharrera lurrean ginituen buruzagiak, gure gostuz gizentzeko doi asti uzten giniotelarik. Etzen obedientziarik gehiago: jende xehea, ausartatuz eta tzartuz zoan, —alferkeriak, edariak politikeroen gezur eta pereka zoroek burbutzika noiz nahi airatzen zutelarik. Ezkontza guti, are gutiago sortze, jendetzea urtzen ari zen. Bere armadari eta gizon zuhur bakar batzuei esker, zagon xutik gure Frantzia maitea.

 

(Beretik berriz helduden ortziralean).

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

 

ERREKETAN

 

      Egun hautarik batez, gure soldado aitzindarietarik batek, erraiten zuen hauxe: «Gerlari doazkon gauza guziak gure ustez aitzinetik amestuak gintuen; hau bakarrik ez zitzaikun gogoratu: erreka batzuen barnetik ari behar ginela gerlan. Hori Alamanek daukute erakatsi, eta ikasi diotegu ederki». 

      Orai diren gerlako tresna izigarriekin eta xuxenekin, zerbeit geriza behar da soldadoentzat, ez badire nahi laster herraustuak ikusi. Gure aitzindariek amestua zuten, soldadoak etzanik emanez, hola tiro egin aratzea. Alamanek errekak zituzten gogoan, eta gogo hori obratu dute. 

      Badituzte, erreka hoien egiteko, tresna berezi batzu lurra zilatzen dutenak, ukaldi batez, hiru pia zabal eta barna. Holako zenbeitekin laster eginak dire zilo handiak eta luzeak. Heien barnean ez da irrrisku handirik, non ez den obus bat xuxen gainerat heldu eta han lehertzen. Orduan ez diteke ihes egin, eta desmasia handiak dire. 

      Beraz Frantsesek ere beren errekak egin dituzte, eta han dagozi erne, noiz etsaia etorriko zaioten. Etsaia maiz gauaz da ilkitzen bere erreketarik. Berehala, zelatan dagon soldado batek jakin arazten diote bere laguneri. Hauk ere ilkitzen dire beren ziloetarik, eta guduari lotzen etsaiari buru egiteko. Gudu hortan ere, ahal bezenbatean, etzanik egon behar, herrestaka ibili behar, non ez diren baionetarekin hurbiltzen. Horra gerla egiteko molde berria. 

      Etsaiari hurbilenak diren soldadoak, ala gureak, ala bertzeak, erreketan dire. Erreka hoek badute hurbil bi metra barna. Hor diren frantsesak aski deskantsuan dagozi egunaz; ezen Alamanak beren ziloetarik guti dire ilkitzen, egunak dirauno. Ongi haziak dire: ekartzen diote, egunean bietan, urruntxago antolaturik. salda, haragia, arnoa eta kafea, taaboa ere badute ausarkian pipatzeko. 

      Bainan gauaz bertzerik da; orduan baitire Alamanak agertzen eta jazartzen. Beraz gure soldadoek ernerik egon behar dute beren erreketan; lokartzen badire ere, xixpa eskuan behar dute, zaintzalan lehen oihuan berehala tiro egiteko. Ezen laster egin behar da, Alamanen eta Frantsesen errekak maiz ehun eta berrogoi ta hamar metretan baitire elgarretarik. 

      Jainkoak beira erreka hoitarik kanpo burua ager, ikusteko zer gertatzen den inguruetan; laster etorriko da tiro bat eta tiro horrek bakan huts eginen du agertu burua. Badire tiratzaile hoberenetarik xoko zenbeitetan gordeak holakoeri frogatzeko, ez dela on inguruetako berri sobera jakin nahi izaitea. 

      Bi Eskualdunek, egun hautarik batez frogatu duta hori; joak izan dire buruan. Eta nahiz kolpe gaitzak zituzten, bizkitartean sendatu dire biak. Harritua, medikuak omen zion: Eskualdunek ez dituztela bertzeek bezalako buruak. 

      Ez uste izan erreka hoitan neke dela egoitea, uria delarik. Gainetik egina zaiote aterbe bat, uritik gerizatzeko. Bertzalde badute ere zolan urarentzat ixurki bat, zangoak ez ditezen busti. 

      Erreketan egoitea ez liteke hain neke, lo egiten ahal baliz. Lo eskasa da hor izigarri. Horra zertako hor egoiteko aldizkatzen diren soldadoak. Bizpahiru egunen buruan maizenik, ilkitzen da erreketarik bertze batzueri toki horren uzteko, eta bigarren lerrorat joaiteko. Bigarren lerro hortan irrisku gehiago ba omen da, han agerian delakotz, eta etsaien kanoiek harat errexki egortzen baitituzte beren ukaldi izigarriak. 

      Hor ere zenbeit egun egoiten da, eta gero urruntxago joaiten, puska bat deskantsatzerat. Hola soldadoak ez dire soberarik nekatzen, eta berriz itzultzen direnean erreketarat, aski ongi deskantsatuak heldu dire. 

      Oraiko gerlako molde berria hori da. Nork iraun lezake bertzela, eta bereziki nork ihardok oraiko tresna izigarriekin? Hortarik heldu dire hoinbertze egun dirauten gudu luzeak. Lehenago bezala xutik, eta agerian balagode soldadoak, laster bururatuak litezke guduak. Ez liteke oren hainitzik behar, armada osoen suntsitzeko. Horra zertako baziren uste zutenak, gerla hunek ez zezakela iraun bizpahiru aste baino gehiago. Bainan orai, erran dautzuegun molde berri horrekin ageri da iraun dezakela luzaz. Non ez duen Jainkoak zerbeit hor egiten, gure gizonen laster itzul arazteko beren etxetako lanetarat! 

 

 

 

Gerlarien berri

 

Urriaren 20en

      — Zer da berri? Azkartuz gohazila, emeki, emeki, urhatsez urhats, toki gaixtoenetan bagaudela tente —geroko segurtamenarekin— Gizon guti galduz behar gira jokatu. Indar zoro batek guti balio luke tresna izigarriak baitire hor... Goazin emeki, xuhur badugu. Indar handiaren tenorea noiz ere buruzagiek ikusiko baitute jin dela, eginen dugu. Anhartean nausi da lurpeko lan gordea. 

      Heldu den astean emanen dautzut berri gehiago; biltzen ari naiz, zokoz zoko. Egun gure kolpatu gaixoetarat nahi ala ez lerratzen zaut ene solasa. Hetarik hainitz ikusi dukezu. Gogoratu othe zautzu nola mirakulu jinak diren hemendik horrat? 

      Goazin haste hastetik. 

      Kolpatu guziak ez ditugu guk biltzen. Hainitzek beren burua berek ezartzen dute toki segurean. 

      Kolpatu batek lekua husten du zalhu, zangoak batere on balinbaditu; zerbeit sendi dueneko, berak ez dakielarik oraino xuxen zer duen, laster egiten du handik aldaratzeko, egin ahala urrun, herrestan balinbada herrestan, eskuekin bermataz atherbe bat atzeman artio, oihan zoko bat, zilhoka bat, pezoin baten malda zerbeit, hots, hirrisku handitik beiratzeko on ditekenik. Hain urrun ezin higi ditizkenak, gudua ari deno agertzeak berak hirrisku handia duelakotz, han berean kokatzen dire, arroila handi «tranchée» direlako heien barnean etzanik. 

      Bataila handi bat oraino karraskan ari zelarik, aboztuaren 29an, arratsari buruz ikusi nintuen kolpatuak tropaka bide handirat atheratzen zokho guzietarik. Zangoak on zituzten oraino gehienek; bainan baziren frango zangoak herrestan zerabilzkatenak, sarraski izigarri batzuetarik odola zariotela, guziak galdez, urrun zenez bazter guzietan oraino, metaka, lekhu aberatsak baitire hauk oro, ogi lekhu, betarraba lekhu, azukre egiteko. 

      Aroa oraino aski goxo dago, dilindan uri alderat, umi eta lanhotsu, hotz egiazkorik gabe. Estalgi eta barneko lenaki beroak heldu dire. Etxetik igorriak ere xuxen xuxena heltzen daukute laster, trikota, galtzerdi eta bertze. Deus ez da bidean galtzen. 

      Igor trikota beroak gabe direneri. 

 

Urriaren 25 

      Adiskidea, 

      Nahi zinuke jakin xetasun gehixagorekin zer heinetan giren. Sinhesten zitut — Urrun bizi denak apetitua bethi zorrotz dauka, urruneko berrieri buruz. Bainan egia zor dautzut, eta ikusten dut kantu berari behar nizela lothu. 

      Zer da berri? Zahar berri! Sei aste badu hemen gaudela. Ez haatik bethi lo: zalaparta ederrik ikusi dugu. 

      Azkenean iduri du guduak bertze toki batetarat egin duela, gorago, gure ezkerrean. Eskualdun frango badire han ere, bainan zaharretarik. Osoki gibelean daude, berehalako hirriskurik gabe. 

      Gazteak eta bitartekoak hemen, etsaiari so. Kanoiak ixilduxeak bi aldetarik. Heiek ere pausua on dukete. 

      Aroaz erran dautzut iragan astean urirat ari zela. Itzuli zauku laster berriz, eta iguzkia nausitu. Zer iguzki gozoa! Osasunaren erdia duzu holako zeru garbia. Aski goiz ikusiko dugu neguaren begitarte beltza. Ez dugu haatik halako beldurrik estalgi beroak heltzen baitire tenorez. 

      Uriaren kontrako estalgi berri batzu ere jin zaizkigu, hek hedaturik atherbean egonen baikira goxoki. Zangoek eginen dute ahal dutena. Hezurrek hamar urthez zahartu beharko dute, eta belhaunek gogortu. 

      Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago. Menturaz egun luzeak iragan beharko hemen berean. 

      Hurbiletik ikusiz gauzak, ez da hortan batere harritzekorik. 

      Ikusten dugu arras ontsa gure eskualde huntan guduak ez duela hausterik izanen. Bertze nunbeit beharko da trenkatu, eta orduan juan beharko dute hemendik. 

      Menturaz Frantzia gain gaineko gudu hetan zafratuko ditugu, eta berriz Belgika-ko lurrak ikusiko. Bainan han ere lan handiari lothuak dire gure gizonak. Ez da egun batez egiteko lana. 

      Menturaz Rusianoek gaina hartuko dute laster, bainan han ere bideak ez dituzte kausitzen idekiak zabal zabala. Urhatsez urhats behar aintzinatu, ez badute nahi galdu gizonez leherra. Han ere hemen bezalako tresnak eta gizonak: tresna hainitz eta gizon gerlariak. 

      Denboraren buruan Rusianoek gaina behar dute, gizonez baitute nahi bezenbat, bainan hortaratu baino lehen, egunak iragan ditazke. Abantail handiak ukan dituzte bizpahiru tokitan. Gero ta handiagokoak ukanen dituzte. Utz hatsaren hartzerat. 

      Gerla hunen laster trenkatzeko diote hainitzek goseteak eginen duela gerlariek baino gehiago. Alemaniak ez duela jatekorik; etzaiola nehundik deus ere sartzen. Zenbeit egun gora behera goseak hil behar duela. 

      Huntan ere ez dugu gure burua enganatu behar. Ikus beraz gauzak diren bezala. 

      Egia da Alemaniak ez duela gehiago fornitzalerik; berak berea egin behar duela. Egia da.

      Bainan, horiek guziak hola, ez du berehalako hirriskurik gosetearen ganik; geroxago bai, izigarriko miseria. Bainan bospasei hilabethez segurik iraunen du. Nolaz hori?

      Hasteko, ogiaren miseriarik ez du jai izanen. Zekalezko ogia dute bereziki jaten. Zekalea badute behar baino gehiago, urthe oroz zekalea kanporat saltzen dutenaz geroz. Emagun aurthen gutixago bildu dutela. Hamar bat hilabetherena segur badukete.

 

      Bainan ogiaz bertzerik behar da. Haragia bereziki gerla batean ausarki behar da. Azinda hanitz, eta azinden haztekoa Alemanek ez dute beretako hazindarik aski, ez eta ere bere azinden haztekorik.

      Hiruetarik bat kanpotik behar. Zenbeit hilabetheren buruan zer nahi ikusi beharko; bainan berehalako minik ez dute.

      Ororen buruan geroari so egiten dugularik, ez dugu behar egin ametsik, haurren gisa, berehala fini dela eta gero iratzar nigarrez.

      Gudua gure eskuetan dugula, bai: jada nausi girela, bai. Bainan partida luze izanen dela menturaz, behar dugu eman gogoari. Badakigu zer etsaia dugun zer barnea duen zer harmak eta zer gizonak. Deramagun gure lana deskantsuan emeki, buru kolperik gabe.

 

Hazilaren 1an

      Adixkide maitia,

      Urriak egin du bere aldia, eta gu bethi hemen. Egiaren erraiteko, arras hemengotuak gira. Ikusiak ikusi, oraikoez ez dugu zeren errengura; ez dire hala dorphe. Tokiaren gainean egoite hori denboraren buruan lotsagarri litake, ez baginu ikusten partida eskuetan daukagula; gero ta gehiago ageri da norat ari den gela izigarri hau. Alamanek egiten dauzkigute noiztenka oldar izigarri batzu, hil edo bizi, iragan nahiz, Pariserat buruz. Aste hunen lehen egunetan bereziki borthizki jazarri zauzkigu, bainan bethi debaldetan. Zer gau izigarria! Metaka beren zilhoetarik jali dire, ixil ixila, herrestan guri buruz... Bethi bezala uzten ditugu hurbiltzerat eta gero jo metaren barnerat. Kanoiek egin dute sarraski gaitza, mitralusa heiek ere ba; xixpek ere, beren lana, bi orenez bero aldi bat ederra harturik bai taude.

      Hainitz gizon galdurik gibelerat egin dute. Guk ere zenbeit gizon galdu dugu, bainan hainitz gutiago.

      Herenegun berriz gure ezkerrean indar handi bat egin dute, ikusirik gure tropak hor nunbeit ttipitu gintuela; guti edo aski aintzinatu zaizkigu hor gaindi; herri handi bat ere hartu.

      Bainan abantail ez deusa da hori; holako bat gertatzen da. Egun heiek har eta gero guk bihar; etzi gero hein berean oro.

      Bertzalde, gure tokian ez dute gehiago lehengo zalaparta erabiltzen. Ez dute «billetik» hemen gaindi pasatzeko. Nahiz Parise-ko biderik xuxenena eta hurbilena hemendik duten, ikusia dute bere gostuz ez dela heientzat biderik hemen gaindi.

      Horra zertako goraxego ari diren azkarki. Guk ere harat igorri ditugu gure kanoi hoberenak. Anglesak ere harat juanak dire, luzaz gure ondoan egonik. Han dire gudu izigarrienak, Frantzia gain haran, Belgika ixkinean. Itsasorat heldu nahiz, Alamanek beren tropa hoberenak han omen dituzte.

      Hitz hauk zuri helduak izanen direneko, ageriko ahal da norat egin duen hango gudu luzeak.

      Hemengoak bezenbat iraun behar balinbadu, hilabethe berri hau ere Frantzian iragan beharko dugu.

      Hoik oro hola, zertan ditugu gure gerlariak?

      Bethi bezala kuraje handitan daude. Gauak freskatzen ari, eta kanpoan guardiak luze, gau eta egun zilho hetan egon behar; kanoiek baino min handiagoa eginen laster aroak. Oraino denbora hauta dugu. Sinhetsiko duzu nahi baduzu, uriterik ez dugu batere. Bethi kasik zeru argi goxo bat. Iraun beza luzaz!

      Kolpatu guti gure eskualdean. Iragan astean ukhan dugu andanatto bat Alamanek egin dutenean delako indar handi hura.

      Eri zenbeit ere ba, nahi ala ez; barnea ahuldurik gibelerat igortzen dituzte, zenbeit egunez pausa diten goxoki, eta loz ase barnean. Harritzeko da zoin laster berriz lehengo heinerat itzuliak diren; bizpahiru egun goiti beheiti, koloreak, indarrak eta oro berriz jinik, gerlarat itzultzen dire lorietan.

      Zer nahuzu! Gogoa bethi han, beren launekin...

      Holako soldadoekin ez dugu zeren den gutieneko beldurrik ukhan. Partida segura dugu: pondu luzeak izanen dire; hainitzetan ados egonen gira. Azken ponduak botatik eginen ditugu karraslkan.

 

 

 

ZER ETA ZER

 

 

 

 Ez gerla nahi 

      Zer uste zinukete duela erraiten Alemaniako Enperadore koskak bere buruaren xuritzeko: baizik eta gerla hau etzuela nahi, eztela hau haren baithari kakoa; gerla gose izan balitz, etzituela 56 urthe joko, gerla funtsezko bat egin gabe, guziz Frantziar?

      Hanitz aldiz gerla piztera zoana, gibelatu duela burak dio. — Estakuru mestakuru.

      Ba naski, nahiago zuken, hura den bezalako gizon hego, hotz bero, alde orotarat dagonak, salbu onerat, mundu guzia ikusi bere aitzinean beldurrez ikharan belhauniko, gerlarik gabe; harek nahi zituen guziak egin, hireaz eta nereaz axolarik gabe, eta bertzek orok bethi burua beheiti aphal.

      Aspaldiko ametsa zuen berriki, arte Frantziari agur egitea Parisen, ah! Parisen onez onean, errezebitzea gure bibak eta eta errebibak, iduri-ta hura zela gerla gizonak baino handiagoa, eta hobea, gaitzeko balentriak zituenaz geroz egiten, ororekin bakez bake.

      Ba, bainan nola? Haren kapriza guziak orok bethi onetsiz.

      Oraiko gerla piztu denean ere, nahi zuela zion auzia eman zedin ararteko bati, bainan arateko hura izanez bera. Hori hola etzuen bakarrik erakusten hitz estalka, bainan erraiten hitzez hitz, goraki.

      Atheraldi hoberik ezpadu bere buruaren xuritzeko, badauke ixilik!

 

 Sathor-mulhoak 

      Badakizue Reims hiri handiko eliza nausi eder hura, kanoi ukaldika xehakatu baitzuten alemanek, eta erre? Orobat baitzuten lehenxago Belgikan hauts eta erhauts ezeztatu hiri bat osoa, «Louvain» munduko pullitenetarik bat; bereziki jakintsun argituenak zauzkaten eta liburu mota guzietarik aberats ziren eskoletxe batzu gaitzak han baitziren.

      Porroskatu zituztela oro badakizue?

      Zer uste duzue diotela orai, ondotik, lan tzar hoitaz eta holakoez, diren atrebitu tzarrek? — Deus etzaiztela hoik oro; munduko eliza eta jauregi ederrenek, bai eta hiri aiphagarrienek baino gehiago duela balio «sator-mulho» batek, baldin harea gibelean gordetzen ahal bada soldado aleman bakar bat, handik tiroka hil ditzazken frantses guzien hillzeko.

      Urguhutsu bezen bihotz-gabe.

      Zoazte; errozuete gero alemaneri, ez direla munduko gizonik gizonenak...

 

 

 

ESKUAL-HERRIA

 

 GERLAN HILA 

      «Ernest Bourmalatz» , Baigorriar soldado aitzindaria, 364en erreximenduan kapitain, merezimendu handiren ondorioz «Chevalier de la Légion d’Honneur» izendatua zena, bere sor herria eta sor-etxe ja ohoragarria handizki ohoraturik, hil da «Chanploneko» guduan, «Wevre» deithu eskualdean, urriaren 8, 1914ean.

 

 EZ HILA 

      «De Ressfiguier» kolonela, Alexandre Molinier baiones jaunaren suhia, bi hilabethetsu huntan hiltzat ekarria zena, bizi da, preso Alemanian. Handik gorri diozka bere berriak emazteari, behin laburzki, nola den bizi eta non.

      Eman giten andere horren plazan, bere bortz haur ja handituxeak dituenen aitzinean ideki duelarik senhar ja hiltzat etsituaren letra. Izialdurarik handienak bezen ongi du bihotza joiten holako uste-gabeko atseginak.

      Bi hilabethe huntan bere familia guziarekin eta ahaide hurbilekin, dolua hartua zuen; meza kantatu ehortztegunekorik ez oraino, hila... bizi zitakelako nahikaria izpi bat baitzaukaten; bainan meza ixila irango, beharretan balinbazen, etzadin gabe geldi.

      Nola dute sinetsi hala ez zena? — Errex da konprenitzea: gudu borthitz batean ikusi dute bere azpiko zituen soldadoek erortzen kolpatua. Laguntzera zoazkolarik hurbilenak, ezin altxatu dute; ja inguratua zuten alemanek alde orotarik. Tirabira gaitza izan omen zen hanxe. Alemanak nausitu; frantses ondarrek gibelerat egin, beren aitzindari maitea hil ala bizi uzten zuten jakin gabe.

      Gehienek hila zaukaten. Gudu ondoan harat itzuli eta ezin hatzeman zuten gorputza.

      Baitzen alemanek ehortzi hanitz —alta bertzenaz beren eta gure gehientsuak ehortzi gabe uzten dituztelarik— heiek ehortzitzat zaukaten bere soldado eta aitzindari lagunek.

      «Ordonnace» bere mutilak ere zion letra guzietan, hanxe galdu zuela nausia. Galdu, bizirik ala hilik? Etzen garbiki mintzo.

      Dudatzeko zen ez balu familiak errezebitu gobernamendutik hil berria. Nehondik deus ez ageri; baitezpada iduri biziaren hatz zerbeit geldituko zela, soldado aitzindariek berek hiltzat ekarri dute kolonel kolpatua baizik etzena, eta gaztiatu andereari hil berria. Nola duda ordutik?

      Bizkitartean duda piru bat gelditzen zitzaion andereari. Guti ba, bainan zen gutia egia gerthatu.

      Ororen buruan sendatzekotan dela omen du izkiriatzen kolonelak; ezkerreko ukharea zuela hautsia, beso guzia ere zaurthua puska bat, non makhur geldi dakion beldur baita, eta gogor, harat hunat ezin erabil.

      Ezkerreko sahetsean ere omen zuen zauri bat itsusia, bi sahets hezurren artetik iragana bala, aitzinetik gibelerat.

      Hartarik osoki sendo dela dio.

      Nola ezin igorri duen berririk erraitea eztu ahanzten; zera dela omen; kolpatuak eritegietan direno, arthatzeko, ez direla haizu izkiriatzerat, hura den tokian segurik, «Crefeld» delakoan. Sendatuxerik presuner-tzearekin dituztela uzten astean behin izkiriatzera etxerat; gero maizago.

      Hau orok jakitea on da.

 

 KOLPATUENTZAT 

      Gure kolpatu eskualdun eta eskualde hautako soldado Parisen aithatuak direnentzat holetan zerbeit egitekotan dela diote Trésaugue deithu jaun bat.

      Nor eta non diren eta zeren beharretan, bilhaturik, jaberik balinbadute —eta bakanak dire gabe— elgarren berriak hel arazten daizkote; laguntzak ere ba eiki.

      Hori ongi, zeren baita egun hautan ororen beharra. Lan horri buruz ez omen da bakarra jaun hori. Dibildos jaun apez Haspandarreren, bertze jaun eta andere batzuen, ba eta eskualdun sehi Parisen bizi direnen laguntza eskuratua duke. Hobe segur, gozatuko dutenentzat.

      Zerk emana dioten delako jaunari eta harekilakoeri gogorat gure kolpatu eskualdunentzat zerbeiten egitea, errana dugu: eskualdun batzu, bederen bat, zeren den eri egon eta hil, Zabaleta zelakoa, eskuaraz mintzo, frantses kasik hitz bat ez jakin; ez harek ezin konpreni, batere zertaz mintzo zitzaizkon inguruko arthatzaleak; ez eta heiek hura, zer zerasan dohakabeak azken hatseraino zerbeitez norbeiti bethi bera ezpainetan zuelarik erreberietan sukarrarekin.

      Bati gerthatua etzauku iduri hain hanitzi gertha dakiotela Parisen, harat joan eskualdun soldadoeri hitzik ez jakitea frantsesez.

      Xuxen edo makur gehienek frantses izpi baten marruskatzen badakite engoitik.

      Funtsez egiteko solas, hala nola hiltzerakoan, —hartaratzen balire— beren azken adioen eta xeden igortzeko etxekoeri, nahi lukete askok eta behar eskuara garbiz norbeitekin elhestatzeko errextasuna: are beharrago, gaizkitu-eta kofesatzeko kontsolamendua.

      Hortako lukete beharra eskualdun soldado gaizoek, orotan ez baditake, nonbre handitan diren erreximendu bat edo bitan bederen omonier apez eskualdun berezi baten beharra.

      Nork deie hori ardietsiko buruzagietarik?

 

 ASPEITI ZENARI 

      Gerlan hil soldado eskualdun Irissartar bat zen «Aspeiti». Hartaz mintzo zaizkun lerro hauk, nahiz ez herritik jinak, emaiten ditugu hemen arima on batentzat daukagulakotz igortzalea, izkiriotik errexki ezagutzen baitugu, eta zolako izenetik.

      Beraz Irissartar Aspeiti zelako soldadoaren Paristar lagun «Vial» deithuak eske bat egin du «Paul Bert» izeneko ospitalean Parisen gogoraturik lagun bihotzdun horri, behar ziotela eskualdun adixkideari ororen artean korona bat eginik ezarri hil hobiaren gainean, orok maite zutelako orhoitzapen.

      Korona pullit hura eskuan badoa Umia Saindu biharamun, hilen egunean hilerrietara, soldado lagun kolpatu zangoek xutik atxiki nahi zituzten guziak ondotik.

      Hobiaren gainean koronañoa pausaturik, han egon dire aphur bat, oro elgarrekin behin othoitzean, gero elheketa, hil maiteaz eta haren heriotze hunkigarriaz.

      Hil gaixoaren arimak araiz ihardetsirik «milesker, Jainkoa dela zuekin» haren boza entzun duke gure Paristarrak. Ezen biharamunean mahain sainduan omen zen Aspeiti-rentzat kominiatzen, nork daki?..., behar bada aspaldiko orde.

      Gero badoa, esketik bildu sosa ez baitzitzaion guzia behartu, koronaren erosteko, badoa garaitikoaren emaiterat apez bati hilarendako meza sari.

      Agian Aspeiti soldadoaren etxekoen bihotzmina eztituko du jakiteak nola duten haren lagun onek lorez aphaindu haren tonba, othoitz egin berek eta egin arazi, haren arimarentzat.

 

 ZABALETA 

      Hainbertze kazetak, Parisen hilik, aiphatu duten soldado Ustariztar zelakoa ez omen zen Ustariztarra, ba ordean Arbonarra. Haren aita karlist gerla ondoan kokatua herri hortan, zazpi haur utzirik hiltzen.

      Hetarik hirugarrena, «Laurent» , hil delako hau. Hunek ere utzi ditu bi haur, hirugarrena bidean.

      Gizon bat zen, gaixtakeria zer den ez zakiena; lanari jarraikia, ba eta erlisioneko urhatseri.

      Xehetasun on hauien igortzaleak othoi barka, laburtuz eta berant baizik ezin eman baditugu. Orotara heltzea ezta errex, gure langileak oro kasik gerlan ditugularik.

      Ahal bezala bizi zarezte zoin zuen tokietan, eztea hala? Gu ere ba.

 

 

 

KOPLAK

 

GERLA

 

      Airea: Sor lekua utziz geroz... 

 

Gauza bat izigarria da nahi-t-ez bethi gerla,

Elgar ezeztatzekotan jendeak lotzen direla...

Eta horra hor, ifernua jautsia balitz bezala,

Rusiatik Inglaterraino garra hedatuz doala!

 

Hemeretzi ehun eta hamalaugarren urthea,

Ginuen uste gozoki bakean iragaitea:

Jaz egon ginen miserian jin zelakotz uholdea,

Aurthen berriz oldartzen zauku debru Alaman urdea!

 

Holako gizon biltzerik ez da izan egundaino,

Guziak oro soldado, gudu hunek diraukuno...

Agur aitamak! agur haurrak! urrikalgarri gu baino,

Etxetik urrun bagoatza... Jinkoak nahi dueno!

 

Eskualdunak, orhoit gaiten berme nor eta zer dugun,

Etxean nigarra frango zinez egiten da egun...

Gureek nigar saminagorik ez dezaten ixur nehun,

Nola herrian, halkanpo, gauden gu bethi eskualdun!

 

Zeru lurren nagusia, zuretzat guk azken hitza,

Zuk daukazu gutarteko goiti-beheitien giltza.

Apal-zkitzu gure etsaiak, herrarekin baitabiltza.

Onets Jauna, bethi bezala, Eskualduna—ren othoitza!

 

Oxobi

 

 

 

Ziberoan

 

 BASA-BÜRÜ 

      Nuri gogoratüko zeron bagüniala Hur-Jüntako langilen artian Aleman «espion» edo zokholer begistari bat? Diotenez bazen bat phürü. Hebentik abiatzean, erran umen dero bere ostatüko naüsiari: Orai banua; urthe bat gabe, Alemanak hunarano jinen dira; Ez dükezü ihesi juan beharrik; zure etxiari ez die gaizkirik eginen.

      Prüsiano zarra ez da ageri bere lagünekin. Hur-Jüntako bidiaz besterik hartürik ahal dü.

 

 GERLAA 

      Mündia, bortxaz ere, erreüs da gerlak iraiten, eta üdüri ororen arabera, sobera lüzaz irain behar dialakoz. Güdükaa lüze gizonak juaiten, lanak ezin egin, sos jiterik ez: Horik dira oraiko tzinkuriak. Ez da haatik behar etsitü; Frantzia bide hunian da atheka gaitz huntarik noizpait uhuretan jelkhiteko. Ez dütügü ahatziren saian erori direnak; bena ahatziren dütügü, etsaia lehertü onduan, gerla hunek ekharri dütian beste galtze eta itxes ikürügarrikuak.

      Eta geroxiago, ikhusten dügülarik garbiki zer igaran den, zer heñetan izan giren, zer indarrak behar ükhen diren hedatü, zer gizonak dütügün orano Frantzian, laztüra gorde batekin bena botza gora aiphatüren dügü 1914eko gerlaa.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Aroak ez ditu behin hanbat lagundu gerlariak; ez gureak ez etsaiarenak. Lanho bat deus ezin ikusizkoa.

      Garbitu denean zeru gaina berehala, jazarri dire bi aldetarik elgarri, oldar gaitzean. Orotan kasik uko egin behar izan dute alemanek, guti bada guti; gibelerat egin ez dutenetan ere nehon zehe bat lur ez daukutela hartu, da egun astezkeneko berria.

      Hurri, bethi hurri joaki holetan lana; bainan segurki, gero ta gehiago konfiantzarekin.

      Gelditzen diren belgikanoek (omen ba tire oraino 60, 70 mila, heintsu hori, errabian alemanaren kontra), are gehiago anglesek azkarki laguntzen gituzte.

      Rusoek beren aldetik ari dute gaina hartzen. Zer nahi duzue gehiago, ahalik gizon gutiena galduz egitekotz gerla, irauten duena iraun?

      Halere diote, gaitzeko zafraldia etsaiari egun hautarik batez emaitekotan girela.

      Othoi, othoi pazientzia.

 

EUZKADI (Kirikiño)

 

1914-11-09

 

Napar baten nekeak

 

      Perpiñan deritxon Parantzeko urira eldu da emeretzi urteko mutil bat, naparra, gudalekuetatik etorrita.

      Guda aurretik joan zan au Parantzeko ipar-aldera, Courriereseko meatzetan (miñetan) lan-egiten. Gudea asita gerotxuago doixtarrak uriolea lez sartu ziranean alde artan, igesi egiteko astirik ez eban izan, eta espean (prisionero) artu eben, eta eroan bera lako beste amaika atzerritarregaz La Basée deritxon errialdera.

      Espetuok (prisioneruok) adierazo eben eurak etzirala ez alde bateko ez besteko, an atzerritarrak zirala, baiña ez eutsien jaramon egin, eta sua ebillen lekura eroan ebezan, antxe lubak (trintxerak) egiten ipiñirik. Oneetariko lanean ei ebiltzan 2.000 gizon inguru gudari etziranak, izkillugeak.

      Lenengo lubea (trintxerea) idigi ebeneko sartu ziran bertan gudamutil (soldadu) doixtarrak eta bereala asi ziran su egiten pantzetarrei. Gudariok onetan iñarduela, gudalge (paisano) gixajoak eta napar mutilla euren artean, beste luba bat idigiten ipiñi ebezan. Onantxe erabillezan gizonok lan ta lan egun askotan. Bala txistua ta bala burrundadea ta eriotzea ta nekea entzun eta ikusten ebela gogoa kikildurik.

      Gau baten napar gazte onek, era ona izanik, alde egin eban isil-isillik eta ardurarik andienaz narrazka pantzetarrak egozan tokirantz. Oneek ondo artu eben eta ikusirik España laterrikoa zala aske itxi eben eta aldendu zan arin gudatoki itzel aretatik.

 

 

 

Malinas, uri ill

 

      Ara Berliner Tageblatt deritxon izparingiari Belgikatik bere izparkariak diñotsona:

      «Uri au ilda dagoala esan leike. Bertako 60.000 biztanleak igesi egin eben, zabalik euren etxeak itxita. Kaleetan iñor ez dabil, utsik dagoz, ta utsik ikuste onek sortu eragiten dau biotzean alako bildur antzeko bat eta norberak igarri barik bizkorrago ibilten asten gara.

      Doixtar gudamutillak dabilz atzera ta aurrera. Plaza Nagusian, Merkatuan eta Egmont plazan, gudamutillak agiri dira lanean.

      Baiña erriko biztanlerik ez. Igesi joan ziran Antwerp edo Anberesera Malinas aurkitu zanean, gudako zoritxarrez, apurtuta itxi daben artilleria bien bitartean. Urten ziran euren etxeetatik dana bertanbera laga edo itxita. Ez eben izan astirik ezer eroateko ta maigaiñetan idoro dira gertauta eukezan janariak. Gudamutil batek esan daust jokatuko leukela ez dirala amalau biztanle gelditu.

 

      Gotzai-txadon edo Catedralaren aurrez-aurre dago ardanetxe bat Int Guiden Vlies izena dauana, ta bertan neuk ikusi dodaz mai ganetan edontziak ardaoz erdi beteta, edaleak bertatik alde egitean utsitzeko astirik izan ez ebela.

      Granada batek zatituta itxi dauan etxe baten dakust, ondiño kateagaz ormara lotuta dagoan txakur koitau bat uluka.

      Biotz estututa gelditzen da ikusirik uri eder onetako kale antziña-erako onen bakartasun itzela».

 

 

 

Gudaldi andiaren begira

 

      Polon-aldean, Wartha deritxon ibaia ta Silesiko muga bitartean, gertuten ei dabiz doixtarrak atzean datorkiezan errusitarrei aurre egiteko ta al badabe oneei galerazoteko Doitxe laterrian sartzen. Agaitik uste da laster izango dala bertan gudaldi edo batalla andia.

 

 

 

Doixtarren basakeriak

 

      Bart eldu zan Bilbaora belgikar injiñeru bat Charleroitik. Onek emen berton dauko bere bizibidea ta guda aurretxuan joan zan bere errira senideakana edo alditxu bat igaroten. Andik zala gudeak arrapau eban eta ikusi dauz an jazo diranak eta dira basatikeri, astakeri, gaiztakeri, txarrikeri, deungakeri, ta ipiñi gura ta al dozuezan keri guztiak. Doixtarren menpean jausi diran emakume ta ume ta enparau biztanle errukarriak!

      Eta injiñeru au ez da gero edozein txotxolo buru arin bat. Notin bena ta zentzunduna da, ta ez dogu uste guzurraz datorrenik.

 

 

 

1914-11-12

 

Kaiser ta bere mutillak

 

      Kaiserra joaten ei da sarri zaurituen artera ta irribarreka esaten ei dautse:

      —Zer diñozue, mutillak? Zuen kaiser onek gura dauana da ainbat lasterren osatu zaitezela... barriro be alkarregaz gudara joan gaitezan, neu ta zuek, Doitxerri aintzaren aldez.

      —Orretarako... ainbat geroen osatuko bagintzozak be ez geunkek asko galduko, esan eben euren kolkorako mutil gixajoak.