Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-11-06: Porrot egitera kondenatua dago Guillaume txikia

      Napoleon eta Guillaume; Korsikako gizon xumea eta Prusiako Wilhelm kronprinz-a. Bien asmoa –Europa mendean hartzea– antzekoa da, baina arrunt diferentea bietarik bakoitzaren balioa eta pisua historian: “Berehala gerlari handi agertuz, gero gerlaz bertze askotako ere nor nahi bezen on zela” erakutsi zuen Napoleonek; “bere jitez zen Napoleon gizon Handi; Guillaume aitaren eta aitattoren seme delakotz da leher egiterainoko urguluntzi bat bilhakatua”. Propagandaz ere aritzen zaigu Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean. Alemanen ahotik ikasiko ditugu etsaiaren balentriak Belgikan, baina bakar batek ere ez ditu berek egindako azpijokoak eta itsuskeriak aipatuko. Belgikako erresistentziari egiten dio gorazarre Eskualduna-k, horrek mantsotu baitu alemanen aurrerakada. Eta Espainiara ihes egindako pilotariez (“«desertor» solas hoik etzaiku laket”) mintzo bazaigu Eskualduna, euskal pilotari baten ausardia aipatu du Kirikiñok, Nieuwpoort eta Diksmuide (Nieuport-Dixmunde) inguruko batailaren berri ematen duelarik.

 

 

Napoleon eta Guillaume

 

      Duela ehun bat urthe bazen gizon gerlatiar handi bat, Napoleon Handi zena, Frantses Enperadorea, Europa guziak begietan zuena, gerla gerlaren gainerat orori egitetik nehork ezin geldi-araziz. 

      Gerla Italiari, gerla Belgikari, gerla Angleterrari, gerla Otrixiari, gerla Prusiari, gerla Espainiari, gerla Rusiari, ba eta ere Aita Sainduari. Eta nori ez azkenean? 

      Itsasoez haraindiak eta oro nahi zituzken beretu; Afrikan, Asian eta barna, han harat, oro haren. 

      Buru gaitzeko gizona zen, lurrak ekarri dituen handienetarik; bakezko edozoin lanetan bardin trebe zitakena, nola gerlakoetan, oro garhaitu beharrezko ezin egona ez balitzaio bethi nausitu. 

      Frantziaren, ez Frantzia hunen, bainan hau doblezka handituaren Buruzagi izaitea etzitzaioken aski. 

      Inguruetako erresuma hel ahal guziak nahi zituzken bere azpiko. Mundu zabaleko Enpradore gei zaukan bere burua, ziolarik populu: guziek beren onetan zuketela, hari jarraikitzea. 

 

* * *

 

      Ez othe zuen, zinez hala uste eta nahi ere, laborari suhar, kasko gaitzeko, lan gose batek begiz ikus ahala eremu harturik, irauliz, harrotuz, pekoz gora ezarri ondoan, itsuskionth, eder, gizen, aberats uste balu bezala. 

      Eta heien guzien Etxeko-Jaun gero nor? «Ni Napoleon» zauntzuen erranen, esku zabalez bulharrak joiten zituela. Erraiterainokoan hanxe, itsasoaren erdian, Ste-Hélène-ko ugartean, arrano zahar bat zangotik estekan bezala zaukatelarik Anglesek hil arte preso, bere biziko eginak eta egin gogoak izkribuz emaiten zituelarik, urgulurekin; «Horra zer eta zonbat lan dugun egin, gerlaz gerla. Zer ez ginuen (ez nuen, nik, Napoleonek) eginen, gerlako lanen ondotik bakekoentzat, denbora eskastu ez balitzaut! Hetaz nuen, hetaz gogoa gehienik hartua! Hek ziren izanen ondorio eta iraunen handikoak!» 

      Zinez mintzo zena othe? Ala bere huts handiak nahiz ahantz-arazi, edo bederen ahantzi berak? 

      Bethikoa zuen, bertzen zuzenak noiz ere baitzituen gehienik ostikatzen, bere xedetaratzeko, estakuru zerbeit nahi hatzeman,... eta guti aski, itsuskeriarik agerienen edertzeko. 

      Bada holako: gizon deus guti direnetan bezenbat, ez othe araberan, handietan ere. 

 

      Xedeak xede, aski egin zuen azkenean, Europa guzia bere kontra altxatu baitzitzaion, ororen artean behar zutela lehertu. 

      Bi itzulipurdi gaitzak egin-arazi ere ziozkaten: lehenbizikotik altxatu zen. Ehun egunen buruan berriz erori Anglesen eskuetarat, edo erortzera zoana, berak bere burua eskaini preso, eskapurik etzuela ikusi zuenean. 

      Soldadoak berak eta guziz gerlari lagun aitzindariak aseak zituen gerlaz. Hatsa noiz behar zuten hartu, galdez hasiak oro; noiz gozatu pausa eta bakea! 

      Hogoi-ta bortzek atsegin hartu zuten buruz behera ikustearekin, hain azkar, hain gora orok ikusi gizona, oro harrituak atxiki ondoan. 

      Bainan, etzelarik alta ethorki handikoa, sortzez ere doi-doi frantsesa, «Corse» ugarte, haren sor-lekhuak ez baitzuen urthe bat guretua ginuela, Napoleon hori han sorthu zenean. 

      Goragoko atxikimendurik gabe haren aitzinekoentzat gizon berria zen beraz Frantziarentzat Napoleon: arte gutiz halere, erreboluzione handitik lekora, frantsesen gogoa hatzeman zuen. Gaina hartu-eta, gero-ta azkartuago joan zen. Behin berehala gerlari handi agertuz, gero gerlaz bertze askotako ere nor nahi bezen on zela erakutsiz. 

      Ukan ez balu larruaren barnean ezin atxikizko odol beroa, eta oro manatu beharrezko errabia, on zen hura Frantzia odol husturik aphal utzi zuen bezen gora altxatzeko. 

      Ororen buruan halere, haren izenari pindarra zarion, handik berrogoi bat urthe gabe, haren iloba azken Enperadore zenak bere alde bozak milaka, miliunka biltzeraino. 

      Gaitzeko bitoria handiak irabazi zituela bethi orhoit oro,... eta hori eder guri bethi! 

 

* * *

 

      Europak azkenerat osoki begietan hartu bazuen Napoleon, zenbat gehiago eztu hastiatua Guillaume hau, ba eta hunen aitzinekoak,... Eta ondoko geiak eza, hasiz «kronprintz» delako debruz egin hartarik? 

      Bere jitez zen Napoleon gizon Handi; Guillaume aitaren eta aitattoren seme delakotz da leher egiterainoko urguluntzi bat bilhakatua. 

      Gizon handi ezta egundaino izan, are gutiago izanen gaurgoitik. Eztu oraikoa. Aitaso Guillaume Lehen zenaz badu espantu, zeren zuen harek «Bismark» ministro eta «Moltke» jeneral zirenen laguntzarekin, 1870eko gerla irabazi. 

      Seme on ezta egundaino izan, ez aitaren ez amaren alderat. 

      Anglesa zuelakotz ama, etzuen ja maite: eta jakinez geroz minen beldurrez amak bere burua lokar arazirik, haurra sekulakotz beso batetarik enbalier jin zela, geroztik hura hila bezala du, du hortakotz bere ama egundaino begien aitzinean ezin ikusia. 

 

      Aitarentzat are idorrago. Bi hilabethe baizik etzuelarik erreginatu, etzion semeari hanbat luzarazi tronurako bidea. 

      Min gaixto batek zintzurra janik zadukona, zer nahi ikusirik, ezin bizi ezin hil, aita dohakabea, seme hunek kireskeria onik irets-arazi omen zion Frederik bere aita zenari. 

 

      Bismark zena, guk urrikari ukaitea sekulan merezitu ezluena, bainan Guillaume hunek hartze baino zorrago zuena, nola eztu ahal bezen laster bazterrat eman pusaka, piltzar bat bezala? 

      Esker gabe, bethi orotan bera beharra bezen bitzi sordesa da bertzenaz ere. 

      Betlh orori larderiaka, erakuska; harek oro jakinki, bertzek deus ez. 

      Bizkarkina, noiz nahi norat nahi joana, tipust tapastean: haren gutiziak gutienik zutenetara maizenik. 

 

      Eta gero noiz nahi atheraldi bitzi irringarrienak. Behin sarthurik ixtudiant gazte batzu liburutan ari ziren barne batera, erran zioten, lunetak soinean ikusirik zonbeit: «Uzkitzue misera perreka hoik buru ahulentzat; aleman sanho, azkarrak begi hutsez du munduari behatu behar. 

      «Alemana!» Iduri alemana ezten zuek eta ni bezala zainez, odolez, hezur eta haragiz egina! Ez, bertzeak ez bezalako larru-ta mami bereziz eginak dire alemanak Guillaumen arabera. 

      Den bezalako piro hantua! 

      On bazaio eta ez bazaio, behar du lehertu oraikotik. 

      Hots, adixkideak, Guillaumez bertzerik zen Napoleon, bere itzal guziekin. Astokeriarik bederen etzuen erraiten harek. Hunek ba. Hert bedi. Nigar guti zaio jarraikiko. 

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Beretik berriz) 

 

      Zer daukaten gogoan gure alemanek oraiko gerlaz, eta gerla huni doazkon zerez, xuxen jakitea baino nekezagorik ba ote denez deus, nago batzutan. Ixil daude ardura hortaz gure aitzinean. Mintza balite ere ahoa betez, nork daki? Hain guti da gutartean alemana dakitenik, ikasiko dutenik sekula!

      Mintzai idor latz bat zauku frantsesaren aldean, zintzurra karrakatuz ezpainetarat heltzen den eta entzulearen beharria soraio galdegiten duen mintzai bat. Hitzez aberatsa haatik, diotenaz, joria ezin gehiago, guziz jakitateari darraikon hizkuntzan eta hitzak elgarri lotuz edo izpi bat kanbiatuz beren itxuran, hitz berriz, behar arau eta ikus ahala, emenda ditakena. Bainan euskarari zorigaitzez gertatzen zakon bezala, zonbat begitarte eta soinu berex, ikaslearentzat etsigarriak, ez dakarte aleman hitz berek, eskualde arau, gizonen ethorki arau, oroz gainetik bat bederaren eskolatikako argi arau!

      Ez ginuken nehoren golkotik nihoiz atera deus, ez baginiozte gure kazetak noiztenka, iduri uste gabetarik, eskutik eskura helarazi. Behin baino gehiagotan keinuz baztertu dauzkigute, behako hotz batekin, bainan azkenekotz, tirria, «jakingura» nausiturik, han hemenka irakurtu. Irakurtu hek frantsesa eta, ez denez bitxi, nahiz noizbait gure hizkuntzaren heien ahotik aditzeari gure beharriak bazagozkon, «frantsesez» mintzatu gure gizonak! Ez frantses irazian, nahi baduzu, ez beti xuxen ere, kaskoinak euskaraz bezalatsu izaitekotz, bainan frantsesez. Ah! neurri berean baginaki, bederen zonbaitek alemana!

      Holaxe salhatu daukute nola Pariseraino hurbil, gure leihorrean sartu zauzkigun, kanibet bat gurian bezala kasik ikus ahala laster; harrituak, nahasiak, aztoratuak, gure armadako zathi berexak elgar ezin adituarekin ohilduak bat bertzeari, soldadoetarik hainitzak kasernetan oraino ezin beztituz ari zirelarik, burdin eta suzko erauntsi izigarriak orroaz aitzinean gau eta egun ihes gineramatzala, berrehun-mila gizon bidean erainez, dela kolpatu, dela preso hartu, dela hil, eta gerlako puskak metaka etsaiaren aztaparretarat utziz.

      Pariseren inguruan dauzkate geroztik hunat beren lagunak, Parisez jabeturik, Frantzia barna ez balin bazaizkote Euskal herriari buruz bidean heldu esku emaiterat!

      Batek baino gehiagok, burua goitituz, erran dauku ondarrean azkarki, fededunek beren sinesteko zerez duten karrarekin: «L'armée allemande est invincible!» Euskaraz: aleman armadari ez da bihur dakiokenik! Heien begitarte arraia, solas hori erraitean, heien airosa, beldurrarekin guri ezin gordez, ahal bezain tinki zaukatelarik bizkitartean!

      Iduri zitzaukun, meneko heier beha, ikusten ginituela gure aitzinean, hautemaiten ondotik heldu, eta guk deus ezin egin, aleman higuin beltzen mitrail-xixpekilako beribilak ehunka, hauien gibeletik dazkitzuen kanoi gaitzak, gero gizonak ulia bezala beren kaska xorrotxekin, sahetsak oinezkoer zaintzen zaizkotela zaldizkoek urrun; gero airean, bide erakusle eta gure ezinbertze nigar-egingarriaren lekuko, aireplan lanho bat.

      Oroitarazten ginituzten nolako hatsean, bazterrak oro xehatuz, jinak zitzauzkigun gainera, lehen lana aitzinetik elgarren artean zatiturik, industria handietan egiten ohi den bezala: batzu espiun, bertzeak multzoka gure aitzindarien tirokazale, andana bat armada bakotxean gure herri gaixoer su emaile, gibelekoak aldiz hatzeman guzien ebats eta erresuma barnerat erakarle.

      Bat bakarra ez da izan haatik ororen artean aitortu daukunik nola guk baino zortzi egun lehenago armetan jartzeko manua ukana zuen aleman bederak, eta harma hartua, gu oraino lausenguka ginabilkotelarik; zer axola-gabekeria zakurrarekin munduko erresuma guzien aitzinean berek hitzemanak ostikatuz, Beljikari ezin ahantzizko zauria eginez, oldarrean sartu zauzkigun, su gar mail bizi baten pare; nola Beljikatik lekora hautatu duten gure herrialderateko sarkurarik errexen eta aberatsena; nola azkenik lasterrago heltzea gatik zangopetan lehertu duten Luxembourg derizan herrialde xumea.

      Nehork ez dauku holakorik aithortu; balentriaren ttipitzea zitaken; sobera zuketen, itsuskeria agertuz beren burua belztu!

 

(Beretik aitzina helduden aldian).

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

Gerlarien-Berriak

 

      Jaun kazeta egilea: 

 

      Ez dut egun asti handirik berri hainitzen «Eskualdun» erat igotzeko. Ondoko egunetan ikus. Bainan ez nitake gehiago egon zenbait gauza hemen gertatuak zuen irakutzaleri erran gabe. 

 

* * *

 

      Erraiten dute, herritik urruntzean, Eskualdunek sinhestea han uzten dutela. Ez dakit orotako berri. Nik erraiten ahal dudana da, Eskualdunetan badirela zinezko fededunak. Hemen frogatu dut, atzo azkenik. 

 

* * *

 

      Lau Eskualdun, baga Hazpandarrak, bat Aldudarra, bertzea Senpertarra elgarren lagun handi ziren. Etsaiari gordetzeko egin ziloetan ere ez zuten elgar galtzen. Beren xokoa bazuten. 

      Zer artzen dire han lauak? — Musean othe? — Ez — Zer beraz? — Arrosorio erraiten: batek, apheza balitz bezala bakharrik has; bertze biruek elgarrekin ihardets arras guziez. 

      Egunaz, bakotxa bere alde. 

 

* * *

 

      Urriko azken asteart huntan han zauden ziloan, hiru erdi-lo, laugarrena lauentzat othoitzean. Bi peza-tiro hainbertzenarekin. Batek deusik ez diote egin. Zorigaitzez, bigarrenak makur gehiago egin du. Lauetarik bat hil; bertze hiruak kolpatu. Lau lagunek hola dute galdu elgar. 

 

* * *

 

      Senpertarrak errana zaundan hau: behin baino gehiagotan: arrosorio hasia gero akabatzeko utzi zutela, heieri buruz heldu ziren etsai zenbeiten hiltzeko. 

 

* * *

 

      Ez da hau Eskualdun horieri bakharrik gertatu, othoitz hasiaren uztea tiroka lotzeko. Asteleheneko gauean gertatu da Afrikako soldado Moroeri ere. Huna nola.

      Gauerdi iria zen. Lo zauden «Tirailleurs» moroak, bat edo bien gain utzirik etsaien zaintzea. Betbetan tiro bat, beilarietarik batek igorria. Xutitzen dira Moroak oro eta tarrapatan hasten, tira eta tira. 

      Aste arte goizean etsaiak hantxe zauden, mailka mailka etzanak, hil gogor jada bortzpasei mail oso. 

      Tirari gaitzak dira Moroak. Eta zer begiak gauaz ere hola ikusteko!... 

 

* * *

 

      Bertzalde guziek dakitena da soldado frantsesetan bat ez dutela partidago Alamanek, Moroa baino. Egia erran, nik ere nahiago dut heien adixkide, etsai baino, guziz gauaz, oihan zoko batean. 

 

* * *

 

      Ni naizen lekuan baditugu eriak, alaman eta frantses. Atzo arte ez ginuen Moro horietarik. 

      Hain xuxen Moro bat eman dute Alaman baten aldean. Irri goxoki eginik gaude hantxet oren batez edo biez. Ikharan, Alamanak burua kukutu du estalgietan, eta han atxiki oren pare bat, Moroa urrundu zutela seguratu arte. Moroa, ukomilo erakusten Alamanari, hortz zuri eder batzu hirrikatzen zituela, bere ohetik. 

 

* * *

 

      Gauari buruz, bazuen bere xedea Moroak, Beharrik ez du xede hura beretzat atxikitzeko aski barne izan. Hurbil arazi du eri arthazailea: «Li doimir ici?» dio galdegin. «Si dormir ici, moi li couper cou!» 

      Plazer badu eta ez badu, eri arthazailea han egon da gau guzia, zain... lo egin nahia. 

 

* * *

 

      Erraiteko baizik ez da, oraino zer herra duten Moroek gure etsaientzat. Bat ikusi dut tripan kolpatua, nigar eta nigar zagoela. 

      Hurbiltzen nitzaio: «Qu’as-tu, mon brave? Souffres-tu beaucoup pour pleurer ainsi?» — No souffrir... — «Pourquoi pleures-tu donc?» — «No povoir tuer Boches!» Holako soldadoekin, nola nahuzue Frantzia ez dadien nausi!!!... 

 

* * *

 

      Jaun kazeta egilea, banuke holako mila ixtorio. Bainan denbora badoa... eta egun badut bertze lanik ere. 

      Ondoko egunak arte, nahi baduzu. 

ZERBITZARI

 

 

 

GURE ANEIAK

 

      Aberastekotan gira Frantzian; baikinuen segurki beharra zonbeit hilabethe huntan! 

      Gizon guziak, edo gehienak eta hoberenak, kasik gazteria guzia gerlak deramagularik hor harat, harmetan, Frantziak egundaino ezagutu duen etsairik gaixtoenaren kontra gure lurren, herrien, etxen, ditugun guzien eta biziaren beiratzeko, Jainkoak eman zauzkun, orai duela hiru hilabethe, gerla hasterakoan, laguntzale batzu, erran dezakegu «auzo aneia» batzu, geroztik hunat ontsa eta ontsa behartu zaizkunak gerlako lehen egunetan; ba eta geroztik oraino behartzen, alemanari ihardukitzeko. 

      Badakizue nola, zuzen kontra, gerlako lege guzien kontra, jendetasunaren itzalik zuken nazione batek eginen etzuena Belgikan gaindi nahi izan diren iragan alemanak; guri errexkiago jazartzeko, Frantziako lurretarako bertze bide guziak hertsiki, azkarki hetsiak ginauzkalakotz. 

      Utzi balituzte aleman hoik belgikanoek han gaindi iragaitera, xahu ginen! Ez dituzte utzi, edo bederen ahal zuteno gibelatu dituzte. 

      Baitzituen Belgikak 300.020 gizon soldado, ehun milaz bertzeak hil daizkote alemanek edo kolpatu; hanitz ere preso ereman. 

      Ba bainan berek ere galdu dute hanitz. Hastetik berehala 50 mila hil; gero ere araberan hanitz. 

      Gizonak gal, egunak eta asteak gal, hamabortz egunez Parisen sar uste zutenak, hamabortz, hogoi egunen buruan hastean bezen gibela ziren. 

      Belgika xehakatu dute, hiriak, hiri osoak aurdiki eta erre; nehon deus utzi xutik; ebatsirik eremaiteko on etzirenak destruitu, gaizki egitea delakotz heien atsegina. 

      Hitz dauzuegu ederki gosta ere bazaizkotela egin dituzten itsuskeriak. Heiek behin belgikanoei eta gero guri bezenbat min egin diotegu heieri guk, edo gehiago. 

      Sartzekotz ere handik berehala Frantziarat, zaurthuak behar zitazken sarthu. 

      Berandu zeie, denbora galdu dute; Pariserako oldar handia hautsi, bospasei asteren. 

      Anhartean gu azkartu; Belgikaren eta gure zuzenari hel, anglesa hor berriz altxatzen da, hura bera baitu alemanak aski etsai, behinkotz. 

      Napoleon zenari bertze orduz atxiki zion anglesak hurbil hogoi urthez. Ez lezoke gutiago atxik Guillaumeri, beharrez; bainan eztugu zeren beldur izan, ez hogoi ez hamar, ez hiru urtherik iraunen duela hunek. Luze ba, bainan oraiko arian, ez bi urthe osorik ere. 

      Xoilki bere doi denbora behar. 

      Luze bada luze, segura baitugu irabaztea, eztea ja handi? Eta segurtamen hori, alemanak uste etzuen hastapenak ekarria nori diogu zor lehen lehenik, baizik ere Belgika ttipiak hor erakutsi duen kuraia gaitzari, egin duen indarrari, eman daukun laguntza ezin aski estimatuan? 

      Belgikaren ondotik, hunentzat atxikimenduz, hau delakotz hoin ederki jazarri lehenik gu guzien etsai higuinari, da lerroan jarri Angleterra, barnez ja alde ginuena, bainan geldi egoitera zagona, balitz Belgika hain fierki altxatu, zakielarik zeri zagon. 

      Hots, erran dezakegu, gerla huntan hiru hilabetheren buruan, dugun hein ona balin badaukagu, Belgikari esker girela huntan. 

      «Biba Belgika» eztugu behin, behin aski gora eginen oihu frantsesek, ez eta eskualdunek irrintzina. 

 

 ONGI ETHORRI 

      Hortakotz diotegu hemen guk ere, «Eskualdun» huntan bihotzez erraiten: «ongi ethorri». 

      Omen baitire gure departamendurat batzu jinak, bertze jitekoak bortz milaz goiti, oh! Jainkoaz, eztezotegun beltzuri egin. 

      Herri guziek, herri ttipienetarainokoek ez galdatuko, elgarri zoin lehenka, ohorea eta atsegina, belgikano zonbeiten haztekoa! — Noiz arte? — Gerlak dirauno behin.Gero? — Gero ikus. 

      Dudarik ezta oraiko itxuren arabera beharko duela etsaiak ederki pagatu gerla hau; lurrez, diruz eta bertzela, bakotxari bere zuzena bihurtu arte tinkan atxikiko dutela, dugula orok. 

      Lehenik berearen eskudun ezarriko dutela Belgika bertze lagunek, merezimenduen arabera, ezta dudarik. Orduan hunaz jin hauk zoin beren tokietarat nahiok dira. 

      Hemen laketurik, geldi balazkigu, gure aneia baino aneiago bilhakatuak zonbeit, hobe oraino! 

      Anhartean Belgika guzia, salbaien zangoek pilakatua, xehatua, su-garrez suntsitu bezala, ezta on kristorik han egoiteko. 

      Guri bezala zoin zueri erranen daitzuete hango izagarrikeriak.

      Urrikal gaizkiote. Jainkoak saristatuko gaitu.


 

 

ESKUAL-HERRIA

 

 BAIONA

      Lau ehun eta hamar bat belgikano jin zanzku Baionarat igande arratsalde erditsutan. Urrikalgarriz, ikustekoak ziren. Hirian eta kantonamenduan bihar zituzten barreiatu, gauaz etzateko eta... geroko ere ahalaz oro. 

      Galdatuak zituzten askok bat edo bi edo gehiago; bainan noizko ez ontsa konpreniturik, ezin jin dire oro bilha. 

      Behartu da, jaberik gabekoetarik zonbeit ereman baitituzte zoinek beren etxetarat, galderik aitzinera egina etzutenek.

      Hamarrak ondoa edo berantxago zen, azkenak altxatu dituztenean.

      Baginuke xehetasun zonbeit emaiteko; bainan egun eztezakegu.

 

ORZAIZE

      Gure herria bereziki hunkitua du gerlak: lau hil, tiro edo nolazpeiko kolpe ondorioz; gazteria katolikotik hiru; laugarrena gizon ezkondu hiru haurren aita.

      Orok heriotze on hunkigarriak egin dituzte. Ikusgarri ziren, bihotzean joak bereziki hilen etxekoak eta hil gaizoen gazte lagunak, elizan hil mezetarat bildu delarik herria.

      Sei edo zazpi kolpatu ere badire; bizpahiru galdu ere ba berririk igortzen ez dutenak. Hautaz ezta etsitzeko, frango agertzen baita berandetsi ondoan, Alemanian direla preso, edo Frantzian eri, ospitale zonbeitetan.

      Herri guti da beharrik Eskual-herrian, Orzaize bezala hunkiturik.

      Agian azkenak ditugu hemen emaiteko igorri dauzkuten hauk.

      Orhoitzapen bat, jende onak, hor joan arimentzat.

 

 

 

ZOIN PILOTARI

 

      Frantses Eskualdun Etxeko-Jaun batek igorri dauku duela zonbeit egun gure herritar pilotari aiphamen handiko bat Espainiarat joan berria omen gerla huni ihesi, hango plaza batean agerturik burua gora, nahi etzituena entzunik dagola; nehon guti baitire omen holako hoik begi onez ikusiak; hola utzi herriarentzat bertzeneaz ephel, ba eta hotz daudenek ere ahalik gutiena baitituzte ikusi nahi.

      Holakorik gerthatu bada, eztu delakoak merezi zuena baizik aditu, ziztu eta oihu.

      «Gerthatu bada»; ezen geroztik erran daukute, etzela egia; gero berriz baietz, egia dela; xoilki, behin izendatua soldado da omen, eta ez uko egitekotan; sua lehen aldiko ikustearekin durduzaldi bat ukan eta bere baitharatuz geroz. Hala ez bada, hala izan bedi.

      Bertze pilotari bat omen da erresuma auzorat ihes joanik, itzal-arazi dutelakoa oihuka: «kuku, kuku».

      Holakoetan bereziki jenden amen-omeneko erranak eztirelakotz nola nahi altxatzeko, zoin hobendun, zoin ez, begoite izenak argirat athera gabe, gutarik behinik behin.

      Bertzalde, «desertor» solas hoik etzaiku laket. Nahiz orai arte guti den, hoitarik eta hoitazko elherik gutiago eta hobe dela baitaukagu hemen.

 

 

 

EZIN HIL

 

      Bertze solas batzu ere, ja gibelatuak ezinbertzez luzatzen ditugu egun zortzirat, hala nola gerlatiarren letra eder batzu, eta eskualdun kolpatu Pariseko aldean arthatuezko berriak.

      Anhartean belgikanoez ere gogoan ginituenak oro ezin xehatu ditugu.

 

* * *

 

      Herrietarat igortzen daitzueteneri othoi egizozuete hartze on.

      Zortzi hamar bat egunen ogi eta gasna non ez da?

      Eskatu beharrik ere, zuzenago litake begikanoak hemen eske ibiltzea baino gu guhaur ibiltzea heientzat, etxez etxe.

      Ahalge ginintazke bertzeri hola hemen mintzatzeaz, ez baginintu guhaurek, bihotza hautsirik, biga ereman etxerat, igand-arratsean, nola haz, non etzan araz orhoite ere gabe.

      Janaren bezen gaixto da lanaren hatzemaitea bakotxari, jakin arau, ahal arau doakonetik.

      Batena ja hatzemana dugu.

      Nork lakile bizipide poxi bat 21 urtheko langile tindatzale haur on, on batentzat.

 

 

 

ZIBEROAN

 

LAPHURTARRA ETA ZIBEROTARRA

      Biak soldado dira hantxe, ez da haizü erraitia zuin lekhütan. Bena hurak diren esküaldetan, orzantz edo ühülgiak entzüten dira egün oroz; süu zirristak ageri dira zokho orotarik; hüxtü mehe batzük ere beharriak kirrikatzen dütie goizetik arrats.

      Bi soldado üskaldünek etzien algarren mintzajia enthelegatzen ahal Baionan zaudelarik. Orai ikhusten die herritarrak direla, eta üskara batetik bestiala ez die jauzirik hanbat hatzemaiten.

      Jateko ere arterik gabe, egüna oro süian igaranik, phaüsü püxi baten hartzera, haien konpaña ezari zien gibel erazixerik.

      Badüka minik? Laphurtarrak galthegin dero Ziberotarrari.

      — Nik ez, eta hik?

      — Garbi nük, garbi; alta senditü diat ba halako zankaño bat isterrian.

      — Zer isterretan?

      — O! nihaürenian ba, hortxetan, to.

      — A! azpian?

      — Ez azpian, bainan ba gainian.

      — Eman diagü egün zunbait gerren zista?

      — Ba motikoa; khondatü ditiat lehen hamasei lürrerat ezariak; handik gaineratikoak...

      — Hurak popülü.

      — Zer popülü?

      — Khuntiaz kanpoko.

      — Eta hik?

      — Zunbait bakhotxi sabela zilatü dieiat. Ederrena hau izan dük: Zahagia bezain lodiko ofizier bat hüillantü zitadak bi soldado zütialarik zaintzeko. Ofiziera phürü nahi nian egotxi. Bi soldaduen artetik lüzatü nük, konpasa bezala eta gaizo ünkhü handia, juan dük ützüli gainti, hunkia düdan bezain sarri. Gütitarik ezkapi nük haatik nihaü ere; ikhusten dütüka zilo horik? Berriz gerthatzen baniza bide berian, soldaduekin mintzatüren nük lehenik, gero ofizieraren lantzeko.

      — Sail bererat behar izanen baitügü laster itzüli, hats har dezagün miko bat jaten dügülarik.

      — Hats har? nahiago nikek eman satanen dantza.

      — Hori dük odola!

      — Zer hiz, lotsatürik?

      — Ez, motikoa; nahi badük egin pilota partida bat? Huna pilota. Errak, errak, soik nola zilatia den! Zer baionet zista dian! isterrian edo azpian senditü zanka, baionet ükaldia, zükan; pilotak beiratü nik gaixo ene pilota!

      — Bihar pelotakan ariko gütük; ez dezala uste ükhen Ziberutarrek ez dakigüla pelotakan; gaür behar diagü dantzatü: trai rai rai rai...

      Eta horra nun, berak khanta, berak dantza, Ziberotarra hasi den, ainhera bezain arhin, satan dantzaren emaiten.

      Soldado parrasta bat, hain sarri, hari üngürü jarri dira; kapitaña ere hüillantü da; eta Üskaldünak ezagützen beitütü aspaldian, erran dü erri gozo batekin: Vivent les Basques!

      Üskaldünetarik zunbait erorten dira zori gaitzez; bena ez uste ükhen, bizi direnak, lotsa sarthürik eta zañak ikharetan dabiltzala.

 

MONTORI

      Montoriesek uste zien herriko seme bat, Goity, aspaldi gerlan hilik zela. Egün hoietan muthikuak izkiribatü dü etxenkuer. Presuner da Alemanian.

 

LEXANTZÜ

      Papeteriako primiak etzian berririk emaiten gerla hatsarriaz geroz. Mündiak lotsa zian hilik zela. Ez da hilik; presuner da. Untsa dela berak igorri dü.

 

ATHARRATZE

      Lafont ofizier jaunaren berririk etzen ageri igaran aspaldian. Diala zunbait egün izkiribatü dü etxenkuer Alemaniatik. Presuner da.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Eztaudela beren lur ziloetan lo, ez alfer gure soldadoak, ez eta heien aitzindariak. Hurriki baderamate lana, eztugula zeren kexa; zalhuago joaiteko behar zuketela odola burrustan ixuri.

      Hola ere aski ez othe dugu?

      Ororen buruan, ez omen du luzatuko aleman ondarren Frantziako lurretarik fuera igorriak baititugu ikusiko.

      Agian ba; ezta goizegi izanen.

      Gero Belgikari jats-ukaldi on baten emaitea izanen da. Handik harat, Rusoek langaitza egina izanen dute, eta alemanek asken uztarrak emanxeak.

      Hola diote, agian egia, itxura handiak ja dituena.

 

EUZKADI (Kirikiño)

 

1914-11-02

 

Doixtarrak atzerantz

 

      Uste dot jakingo dozuela onezkero doixtarrak dirala alemanak edo ez daukozue alako buru andi-andirik be. Tira ba.

      Doixtarrak ibilli dira aste betean bultzakada ikaragarriak egiten or Nieuport-Dixmunde aldean alkartuen esi gogorra ausi gurarik Dunkerke ta Calais aldera sartzeko; ezin izan dabe lortu gura izan dabena. Eta atzo etorri zan izparra atzerantz egiten asi dirala ta Ostendetik be alde egin dabela.

      Ara, uste bat egizue Ostende dala Donosti, Dunkerke dala Bilbo, Nieuport dala Deba, Dixmunde dala Eibar. Doixtarrak Donostira sartu ta Debaraiño datoz, Bilbaorako ustez. Deba eta Eibar bitartean jarten jakez alkartuak (ingel-pantz-belgikarrak). Urte bete baiño geiago diñardue gogor, doixtarrak Bilbaorantz urratu gurarik, besteak bidea zarraturik. Gudaketa andi orren azkenean alkartuak asten jakez Donostirantz, ta doixtarrak ankajokoa egiñik bideak iruntsiten dabez ta Donosti bertatik be alde egiten dabe.

      Orixe da atzoko izparra. Beraz, doixtar orreek Bilbora etorteko, edo Dunkerkera joateko, antz andirik ez dabe agiri, beste alderantza doaz igesi ta.

      Gerokoa ez dakigu, baiña oraingoan guda onek ez dauko antz onik doixtarrentzat.

      Geroago ta antz txarragoa, ba errusitarrak be txibitea ei darabille an beste aldean.

 

 

1914-11-04

 

Gudea

 

      Belgika-Parantzen alkartuen gudarosteak (ejertzituak) egiten diñardu aspaldi onetan egiten izan dauana, eutsin, eutsin eta eutsin gogor doixtarren burruskada indartsuei. Onetara erabilliko dabe arerioa makaldu arte, ta gero eurak egingo dautse burruskadea.

      Atzoko izparrak diñoe, Dixmundetik Lys errekara bitartean, doixtarrak egin dabela orretariko bultzakada bat eta atzera egin bear izan dabela gizontza ikaragarriak galduta.

      Barriz, alkartuak Ostende ur-urrean sartu jakez, ba Mariakerke erriaren jabe dira, ta bitarte au bost killometrokoa da geien. Augaitik araiñegungo izparrak iñoen Ostendetik alde-egiten asi zirala doixtarrok.

      Antz ederra jagok Dunkerke ta Calais artzeko!

 

      Sorkaldean (eguzkia urtetzen dan aldean, orientean, estean) aurrean dakarrez doixtarrak. Txiñurria baiño ugariago dira errusitarrak eta ez makalak. Errusitar geien-geienak dira ba baserrikoak, lugin, lugarotz edo labradoreak.

 

* * *

 

      Itxasoan eta aizetan bitzuek alkarri txakadatxuak egiten dautsiez. Baiña ondiño ez da jazo andirik. Gudea benetan legorrean dabil bakarrik.

 

* * *

 

      Doixtarrak, azarriak edo valienteak diranez ganera azeri andiak be badira. Diñoe lengo egunen baten Iser ibaian atake bat zala, ibaialde batetik bestera igaro zirala seireun bat gudari doixtarrak belgikarren jantziaz, ta alkartuak itxi egin eutsien igaroten siñesturik eurendarrak dirala.

      Baiña azerikeriak txarto urten eutsen oingoan, ba leku onak artu orduko igarri eutsien alkartuak, eta kañoi ta fusil urtika guztiak garbitu ebezan.

 

      Jazar eta atake baten pantzetar konpañia bat leku txarrean aurkitzen da. Konpañiako mutil aldratxu bat besteekandik urrin samar dago, ta larri. Agintariari gaztigau (avisau) bear jako zelan dagozan, eta nor joan? Joango danak igaro bear dau zelai bat kañoi-balak atxurtzen dabena. Mutil batek diño: «neu noa», ta badoa bala-artean ikara gitxigaz, baita etorri be atzera kapitanaren aginduagaz, ta... osorik. Ori dok, mutil, zoriona! Kapitanaren agindu ori izan da «ekiteko il arte». Etzuten da lurrean mutil azarria bere lagunen ondoan, eta jarraitu tiroka doixtarrei atzera eragin arte.

      Gudamutil ori da euskalduna, Laburdiko Kanbo errikoa, pelotaria, orregaitik ondo ezaguna Bidasoz anditiko Euzkadin. Bere abizena ez dakigu, beti bere izenorde Kanboko Txikiaz bakarrik ezagutzen dogulako.

      Biotza bere lekuan dauko mutil orrek.

 

 

1914-11-05

 

Asi da makaltzen

 

      Doitxerria (Alemania). Igarri-igarrian dago alkartuak asi jakozala goiak artzen. Ori emendiko aldean. An Errusialdean doixtarrok 200 kilometro bidean ankajoko garratza dakarre Bistula ibai aldetik Silesirantz kosaka-gudariak euren zaldi bizkorretan atzean datorkiezala baketan itxi barik une baten be.

      Orain Doitxek igarri dauanean larri aurkitu bear dauala, alegiñetan dabil Ingelandari nasteak ipinteko Apirkako Egoaldean eta Egipton, ea olan makaldu al badai zerbait bere arerio gogor au.

      Baita be Parantzeri nastea ipiñi gura ei dautso alde onetatik. Diñoe, neuk ez dot siñesten baiña, karlistak asmoetan dabiltzela Parantzen sartzeko Naparratik su ta gar. Eta orretara Joffrek gudaroste-gorputz (Cuerpo de ejército) bat edo bi onantza bidaldu bearko dituela.

      Auxe egia balitz, orraitiño, arazoak beste itxura baten jarriko leitekez.

      «Asko ikusteko... bizi».