Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-10-30: Zuek gure adixkideago munduko aleman guziak baino

Horra hor paradoxa Eskualduna-rentzat Espainia aldean, fededun gehienak Alemaniaren alde eta fedearen kontrakoak Frantzia sustengatzeko prest. Gogoeta mamitsua dakarkigu aste honetako kazetak, berriz ere karlisten jokabidea hartzen du hizpide, kazetariaren iritziz euskaldun horiek oro tronpaturik dira alemanen alde. Gerra piztu aurreko urteetan Alemaniak Frantzian bertan egindako hedatzea pausatzen du Eskualduna-k, nonbait ezin izan dute prestaturiko plana burutu. Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean, aleman presoen bizimoduaz mintzo zaigu. Zentsuraren adierazgarri dira peladurak, kazetaren orrietan ageri diren zulo zuriak, horiek ez dira desohore Eskualduna-rentzat.  Kolpatuen inguruko berriak kenduta arrunt informazio gutxi gerra frontearen inguruan aste honetakoan. Kirikiño Euzkadi-n borroken berri ematen ahalegintzen da, doixtarren eta alkartuen bertsioak irakurtzean gezurraren gezurraz asperturik dela nabarmen utziz. Kirikiñok Bidasoaz harandiko anaia euskaldunak laguntzeko deia egiten du, haiei irakurgaiak igortzeko eskatzen du Euzkadi-n “Euskeraz irakurten, gu baiño euskaldun biziagoak dira-ta”.

 

 

Alemaniaren adiskidantza

 

      Beraz egun zortziko solasa ginuen: eztugula zeren, gure arabera, denbora gal ametsetan, ustez ikus Eskual-herria Frantziaren eta Espainiaren ganik berezia, bi zathiak batetara bildurik. 

      Bertze arrazoinik hor, geroari buruz, ez balitz ere, balaukuke aski ja hau; ez ditakenari ahoa zabaldurik, egoitea, aharrosiz bizitzea litakela. Nork iraun gehiagoko jakirik gabe? 

      Bertzela uste baginu, amets hortan daudenek bezala, bardin gibela ginitazke, zeren ez baita hau, bederen behin eta behin guk ahalezko gauza bat. Dezakezunera heltzea eta hartan irautea ere bada zerbeit egungo egunean, gu girenekin! Bertzela balaut gogoak emaiten, mintza nindakezue bertzela. 

      Hortarik aski aldi huntan: gerokoak gero, baitugu aurthengo lan, gerla hunekin.

 

* * *

 

      Gerla hau guk piztua dela dautzute gezurra erranen Alemanek: ba eta, gu baino hek sinetsi nahiagoz, Espainia aldeko eskualdun askok. Ez orok: hanitzek ba. Gehienik, diotenaz, Karlistek. 

      Ez dute oraikoa: bainan ez bide zuten egundaino beren burua hoinbertze agertu Alemanaren alde, gure kontra. Ez guziek balinba, eskualdun karlistek ere; ba ordean hanitz, hanitzek. 

      Hango berri dakitelakoek ez daukute bertzerik erraiten. 

      Nonbeit zerbeit izan behar da hor, bertzetan bainoagokorik oraiko huntan, Don Jaime, karlisten oraiko nausi errege-geiak jakin arazi diotenaz geroz, eztuela onesten bere aldekoen egitatea: gain gainetik eta goraki kondenatzen dituela, gerla huntan Frantziaren kontra direlako karlistak, nahi bezen atxikiak izan diten hari, don Jaimeri. 

 

* * *

 

      Erran behar da oraiko errege don Alfonzeren aldekoetan ere baditugula, erdaldun ala eskualdun, asko etsai Espainian; karlistetan baino gutiago. Halere behartzen zaiku, errege Alfonzo bera osoki alde baitugu. 

      Ama otrixianoa du Espainiako erregek, andrea berriz anglesa: hetarik baloa ez-baia, lanetan litake, biekilakoa ezin eginez. 

      Baginuke uste, biak aleman hutsak balitu ere, balakikela gizonki zer egin, emazteñoeri erranik, beharrez; daudela beren sukaldean. 

      Alfonsotiar eta Jaimetiar hoinbertze ikustea, beren bi Buruzagiak ez bezala, gure kontra gerla huntan, alemanaren alde, handi zaiku. Zenbatez handiago ezta ikustea, nehoren azpiko ez diren edonahi ez litazken batzu, bakarrik eskualdun katoliko, mintzo zaitzula gerla huntaz bertzeak bezalatsu: Alemaniaren alde, Frantziaren kontra! 

      Ageri edo iduri, sinetsiak dituztela Alemanen gezurrak; nola guk dugun bilhatu, guk piztu gerla hau, ez gure etsaiek. 

 

* * *

 

      Bertze batzuk erranen dautzute, gerla hau izan dadin gure aldetik zuzen ala ez: hobenak oro edo handienak izan diten alemanen ala gure, eztela hortan, ororen buruan, azken zera; goragotik, urrunago behar dela behatu; ikusi behar duela bakotxak bere onetan, zer duen hobe; hala nola Espainiako katolikoentzat, —bereziki katoliko eskualdunentzat— eskualdunak direnaz geroz katolikoenak, Alemaniaren adiskidantza dela bobe, Frantziarena baino: gure erlisioneak libertate gehiago duela, ba eta gehiago laguntza Frantzian baino Alemanian. 

      Aski dela ikustea nola diren Frantziaren eta Alemaniaren aspaldiko etsaigoan, Espainiako gorriak, framazonak eta heiekilakoak, liberal, errepublikano, anarxist eta holakoak oro Frantziaren alde. Alemaniarekin aldiz erregetiar erlisionekoak —salbu holetan Errege bera eta don Jaime— Ikustea, aski!... Nor den ikusle, eta zer begiren jabe. 

      Eta beraz guk eskualdun frantses katolikoek, ez othe dugu begirik, guri hemen doazkun on-gaitzen, gure eginbiden ikusteko? 

      Itsuak othe gira guhaur osoki? Eta gurekin bertze frantses katolikoak? Ezen bada Frantzian gutaz, eskualdunez bertze katolikorik oraino, ez Espainiako, ez nehongo katolikoeri zorrik ez baitiote. 

      Urtheak balinbaditu Gobernamenduaz gure erlisionearen etsaiak ditugula nausituak, auzoek bezen ongi edo hobeki dakigu hemen guk guhaurek, zer eta zenbat jasanik gauden. 

 

* * *

 

      Bertzalde non da herri katolikoa, deus jasaitekorik ez duena gobernamenduaren aldetik? Belgikan orai guziak elgarrekin bat dire, aleman tzar ezin jasanezkoari buruz. 

      Alta bazitazken eta baziren han ere zonbeit —orotan orotarik, errana dena— alemanaren aitzinean belhaunikatzera zagozinak. Ez hatik han ere hango errege, Albert, Europa guziak ezin aski lauda dezakena, salbu español zonbeitek; erraiterainokoan: imizil bat izan dela, ez ahuzpez emanik Guillaumeren zangopean! 

      Katoliko gizon baten egitatea othe da hitzaren jatea, Guillaumek jan duen bezala, hitzeman ondoan eta hitz hura sinatu; etzuela, gerla hau heldu bazen ere, zangorik sarthuko Belgikako lurretan? 

      Errege Albert gizonago izanen othe zen, harek ere hitzeman eta sinatu hitza jan balu, ostikatu balu: etzuela bere lurrean gaindi elgarri jazartzerat utziko ez anglesik, ez alemanik, ez frantsesik. 

      Gizontasun bakarra, giristinotasun bakarra da beraz, jaunak, zuen arabera, Guillaumek nahi dituenen egitea; uztea bera nausi orotan ororen? 

 

* * *

 

      Zonbat litaken hemen erraiteko! Hala nola erlisione katolikoak, guziz español katolikoek, ba eta ere katoliko frantsesek zerbait onik igurikitzeko ginukela Alemaniaren adiskidantzatik; deusik ez aldiz Frantzia galdu galgarri hunekilakotik! Alemania protestant urguluntzi herratsua Espainian, Frantzian,... Alemanian berean ere, gure erlisione katolikoaren laguntzale!... Itxura du ba!? 

      Ezpaitakizue, orok dakitena, 1870eko gerlaren ondotik Bismark zenak gerla gorria piztu ziotela aleman katolikoeri Alemanian! Hemengoek, ministro errepublikanoek ere ba hemen; bainan hauiek hemen baino bortitzagoa harek han, apezpiku eta apez hanitz preso luzaz atxikitzerainokoan.

      Frantses errepublikano nausitu berriek bazuten estakuru bat —nahiz gezurrezkoa— gerla dohakabe hura apezen eta apeztiarren lana izan zela. Bere zuzena iraunik baitago gezur asto hori! 

      Bainan Bismark zerk zerabilan, baizik eta erlisione katolikoaren herrak? 

 

      Bismark hil, bainan haren herra hor dugu bizi, eta zoin zail! 

      Ez ditu sei hilabethe, Guillaume dakizuen koska tzarrak ziola goraki, jende oste handi baten aitzinean; «Behar dugu erlisione katolikoa suntsitu». 

      Herra bera dute Guillaumek eta harekilakoek Frantziaren eta Eliza katolikoaren kontra. Nonbeit zerbeit onik badu beraz oraino Frantziak. 

      Zerbeit ikusiz dute Aita Saindu guziek, Frantziaren ganik jasaiteko gehiena ukan dutenek ere bethi laudatu Frantzia katolikoa. Ea noiz duten hainbertze laudorio egin Alemaniaz? 

 

      Aita Sainduari orok zor diogun obedientzia nork duten hobekienik begiratu azken urthe hautan, zoazte, galda Erroman, dakiteneri: Alemanek ala Frantsesek, apezak eta oro barne? 

      Irringarri ere da garbiki, gogoratzea bera: Alemania dela hemendik goiti Eliza katolikoaren esperantzarik hoberena. 

 

* * *

 

      Non duzue zentzua, adixkideak? 

      Aithor-azue, Napoleon Lehen zenaren egitetateak Espainiari buruz ditutzuela oraino ezin iretsiak. Orduan hura zuentzat, Guillaume orai guretzat, bi gizon tirano hastial. Ehun urtheren buruan ez badetzazketzue haren hobenak ahantz, nola guk Guillaumen aitzinekoen hobenak, eta bereak azken gerlatik hunat? Hunek berak oraino ezpazangun gerlarik egin, nori esker? Haren gizontasunari ala gure pazientzia luzeari? 

      Zonbat aldiz, eta bethi zuzen kontra, ez gitu desafiatu? Azkenean pegarra hautsi bazaio, eztu zeren gure gain eman. 

 

* * *

 

      Gu Frantzia aldeko eskualdunak frantsesegi bagauzkatzue, Espainia aldeko eskualdunek,... zer erran zuetaz Espainia aldeko eskualdunez, baizik ere miletan zuzen gutiagoz, jakinean edo ez jakinean, alemanegi zaretela hor bilhakatuak? 

      Gu bagine hutsean, gure baitharik ginitazke: zuek aldiz, Alernaniaren gezurrak errexkiegi sinetsirik. 

      Barkatu, eta gu zuen, zuek gure adixkideago bethi, munduko aleman guziak baino, agian! 

 

 

 

ZER ZUTEN USTE

 

      Badu berrogoi urthe Alamanak lanean ari zirela, oraiko gerla huni buruz. Hoien lanik handiena eta, erran diteke, miragarriena izan da, nola Frantzia guzia bethe daukuten beren gizonez. Bazen Alaman hainiz kokaturik zerbeit estakuruz Frantziako eskualde gehienetan; baziren gure Eskual-herrian berean, eskuara frango ongi ikasia zutenak. Saltzaile edo langile, guziak lan zerbeit itxuraz atxikiak ziren. Bainan bazuten bertze lan bat gorderik egiten zutena: gure eskualde guzien ongi ezagutzea eta hango aitzindari nausier ezagut-araztea. 

      Beraz erran diteke Alamanek, hoieri esker, gure herria guk bezen ongi ezagutzen dutela. Bada oraino gehiago. Alaman hainitzek, kokatzen ziren hiri edo herrietan, erosten zituzten lurrak eta hetan egiten lan berezi batzu; nehork ez baitzuen asmatzen ere zertako zitezken lan horiek. Orai ageri da zertako; ikusten baitire Alamaniako armadak nola diren orai hoitaz baliatzen. 

      Noiz eta ere iduritu baitzaio Alamaniako enperadoreari hogoi-ta-hameka eta esku zituela Frantziaren garhaitzeko, berehala hasi du gerla. Zenbeit egun lehenago, norapeit suntsituak ziren hemengo alaman gizonak. Ikusten dire orai Alamaniako armadetan, bakotxa ongi ezagutzen dituen eskualdeetan bertzeen bidari. 

 

      Hoik, guziak, beren ustez, hoin ongi antolatuak zituztenaz geroz, iduritu zaiote Alamaneri Frantzia beren eskuko xoria zutela. Ixilik bildu dituzte soldadoak, eta nola Pariserat joaiteko ipar aldetik baita biderik errexena, egin dute beren baitan: handik behar zutela iragan. 

      Hortako behar zituzten beren armadak Frantzian Belgikako lurretarik sar-arazi; eta berek, bertze erresuma guziekin batean, onetsia zuten nehongo armadarik ez zitekela sar Belgikako lurretan. Bainan zer zaio Alamaniako enperadoreari bere hitzaren jatea? 

      Uste izan du Belgikanoak, harrituak, ez zirela deusen egiterat atrebituko, eta hoien erresuma barna egun batez hel-araziko zituela bere armada handienak Frantziako mugetarat. Hortik armada hoik bazoazin Pariseraino, traba handirik gabe, zeren Frantsesek ez baitzuketen oraino aski soldado bildurik holako armaderi traba egiteko; eta Parise hartua zen hamabortz egunez, luzenaz. 

      Hola Frantzia lehertua zuen, Rusianoak hainiz aitzinatu gabe. Aski goiz zukeen oraino orduan, gehiago Frantzian behar ez zitezken armada handi heien Rusianoeri buruz egortzeko, eta hoien ere laster zafratzeko, Gerla bururatu beharra zen bi ilabethez. 

      Bainan matrikula eder hoietan hastapenak huts egin dio. Belgikanoak ez dire izitu, eta ez dituzte utzi Alamanak Frantziako mugetarat iragaiterat egun batez; atxiki dituzte han hiru aste handi. Eta hola Frantsesek bazuten astirik aski beren soldadoen ongi biltzeko, eta Parise hartzerat ez uzteko. Orai, hiru ilabetheren buruan, Alamanak Belgikako mugetarik Parisetik baino hurbilago aurkitzen dire. 

      Nahi badute eta ez, beren armadarik hoberenak beti hemen dituzte, eta hemen higatu beharrak dire. Rusianoeri buruz joan gabe. Rusianoak hola aitzinatzen ahal dire errexkiago. 

      Beraz Alamaniako enperadoreari kukuak gaizki jo dio; ez ditu bere soldadoak Parisen sartzen ikusiko, bera heien erdian. 

      Soldado hoieri hitzemana zioten bada, aboztuaren ondarra gabe sar-araziko zituela hiri hortan. Bere hitza ez baitzezaken atxik, ez zinezakete asma zer dioten sinhets-arazi: ez doazila Pariserat, zeren Presidenta eta ministroak ez baitire gehiago han; bainan heieri buruz Bordeleko bidean direla. 

      Ezin sinhetsia da, alaman soldadoek holako gezur bat sinhets ahal dezaketela. Bizkitartean, hori hola da. Suko aldean kolpatuen artatzen ari den adiskide batek izkribatu daut hauxe: artatu dituela bi Alaman kolpatu, preso hartuak, eta hoien sakeletan atzeman dituela letra batzu eginak zituztenak, gainean izkribaturik «Bordale», Bordeleko postan heien sartzeko ustearekin. Alaman aitzindariek sinhets arazia diote ihesari doazin beren soldadoeri, beti aitzinat doazila Bordeleraino. Ezen soldado gaizo hoiek ez dute asmatzen ere, aitzindariek gezurrik erran dezaketela.

 

 

 

Alemanak hurbiletik

 

(Beretik berriz) 

 

      Erakutsi dugu ondar mintzaldian, ustez aski xeheki, gure eskualdetarat preso edo kolpaturik igorri Alemanak nolakoak agertu zitzauzkigun beren soinekoez eta trakaz. Dezagun orai ikus batzu ala bertzeak zer ari diren, zer derasaten, eta ahalaz zer daukaten golkoan, — lehenik aiphatzen ditugularik preso hartuak. 

      Etzirelarik hanbat gei, diren bezalakoak, Frantziak eman deie atherbea, lastoa ausarki eta jan ona. Lastoz egin dauzkitzute ohe batzu hautak, beren buru azpiko guriekin; hetsi ere ba zitazken arteka guziak hotzetik begiratzeko gauez. Hazkurritzat, orotarik utzi deiegu. Egiaren den bezala erraiteko, bazuten beharra: leher eginak ziren, hogoi egunez gose eta egarri eta bethi gure ondotik errabiatuak mila kilometra baino gehiago Belgikan eta zorigaitzez gure leihorrian barna eginik. Akidurarekin eta mehatuaren ariaz, urrina bazarioten erbi hertsatuer bezala, nahiz hek ziren hastapen hartan ihiztari, eta ez gu.

      Bainan zer jaleak, Jainko jauna! Aserik ere, aitzina baleramakezute. Lipuak, hots, zintzurreraino ahalgerik gabe betetzerainokoan. Guziz ekarriak ogirat. Ahotik ezin utzia daukate gure soldado ogia, bere gostu onaz eta xuriaren xuriz; berena zekale irinez baitzuten alabainan, beltza, eta irin baino gehiago zahirekin. Laketenik zer duten ez zinezakete bizkitartian asma: ...xokoleta. Galdatu dute huntarik behin baino gehiagotan; eskaini ere ba hogoi ta bortz aldi gelditzen zitzaizkoten sos bakarrak, hiritik gordeka ekar arazteko: ez ordean ardietsi. Izigarri berkoiak dira bertzela, eta bekaiztiak elgarren alderat.

      Salda hutsari ez dautzute eskerrik. Haragiari ere guti atxikiak dira, hanitzek batere ez. Emozkiotzute oroz gainetik baratzeko gauzak: lutsagar, ilhar, pastenagre, eta holako, egun batzuez berex, bertze batzuez guziak batean, nahasteka. Arno xortaño batek, haizu duten aitzindariska bakarrer begitartea arintzen deie. Lutsagarren ontsa xuritzeko eta garbiki, nausi dira Frantseser; ez dituzte guk bezala ur ixtil batean itzulipurdikatzen: doazila idorrik eltzerat. Jateko untzi eta tresnen garbitasunari ere begia xorrotx badatxikite. Xehetasun hau orairo: kozinatzen dakien gizon bat dute bethi koziner; ez eskalapoin egile edo itzain bat. 

      Egunaz batzu etzanik daude, bertzeak eleketa edo kartetan ari; gehiener asko lan zurruburru barnean edo karriketan manatzen deiete gure aitzindariek. Lehenbiziko egunetan, tabakoa eskuratu dute gure soldadoen neurri berean; geroztik ez: ahulezia bat zen gure aldetik.

      Noiztenka, beren lagun bat edo bertze hiltzen baitzeie preso dauden hiriko ospitaletan, sarjant batekin badoa saldoño bat haren ehorztera. Ikusgarri da hobia zoin ontsa zilatzen duten, batzuek axala, bertzek barnea, bertze batzuek zola eta hegiak. Zonbat palatara lur kendu behar duten badakite, bai eta zonbat minutaz. Kutxa jausten dautzute aneiatasun ezti batekin; eta gero lerroan jartzen, itzea bezala, otoitz labur bat gora-gora emaiten dakotela beren gerlako lagun zenari. Gure soldadoek, bertze aldetik, «portez armes» egiten dute orduan gizonki.

      Karrikan badoazilarik andana bat buruzagiarekin, hunek, gure aitzindari bat ikustearekin, manu bat adiarazten du, bere eskua beharriaren gain-alderat goititzen duelarik; eta soldado guziek burua itzultzen dute gure aitzindariari buruz, parrean iragan artio begietara behatzen dakotela.

      Frantses ofizier bat ikustera heldu zeielarik, kurutzatzea gertatzen balin bazeie korridor batean, aldaratzen dira eta, takoiak junt, beha egoiten zaizko xut eta geldi, urrundu artio. Halaber beren ofizieren alderat. Kaska soinean dutenek bertzalde eskua baderamate epe berean kopeta hegirat.

      Kaporalak kaporalekin dabiltza, sarjantak sarjantekin, ofizierak ofizierekin, hein berekoak elgarrekin beti berex, egunaz nola gauaz; ezen aitzindariek beren etzateko barneak badituzte. Aitzindari xume edo larri bat soldado bati mintzo ikusten baduzu, segur soldadogoko zerbaitez emaiten dakola solas. Larderia gaitza da Alemanen armadan. Harriturik daude, zoin errexki ausartazen diren gure soldadoak beren buruzagirik handienen alderat. Makurbide gaixtoenetarik bat daukate izarigabekeria hori guretzat.

      Baditake, eta hala ere da, ausartzia urrunegi doalarik. Bainan ez zauku iduri lokarri seguragoa dakarla heien hoztasun eta berexgo latzak. Hasteko, gerlak ez du hala erakustera eman: aitzindariak xutik zagozkioteno, gogotik bermatzen ziren; hek erortzen zitzaizkotena, hara ordu berean gure gizonak harrituak, burua galdua, ez jakin zer egin ez norat jo, nehor ez argizale ez sustazalerik, nehorat ezin amodioz bil, gehienak lotsaturik uko jartzen...

 

(Beretik aitzina heldu den ortziralean) 

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

Soldadoen berri

 

      Ez eskualduna izanik ere, aiphagarri zauku atzo ikusi eta mintzatu soldado baten egintza. 

      Eriz igorri dute behin ospitale batetarat, nahiz ez kolpatua; gero Baionan dituen ahaide batzuen ikusterat, indar biltzeko. 

      Ahula izana gatik, huna nola duen bere burua beiratu alemanen aztaparretarat erortzetik. 

      Gudutan ari zirelarik, galdu ditu lagunak, eta bazituen orenak, errebelatua zabilala, jo harat jo hunat, oihan sahets batean. 

      Betbetan aditzen du harrabots bat; beha nondik... eta hara hahan heldu, ja hurbillzen ari aleman multzo bat. Zer egin? Ihes ba, bainan norat? Oihanari buruz baitzeramatzan bideak, «ez nuen eskapurik, dauku erraiten. Brau! lau hatzez lothurik oihan hegiko arbola lodi handi bati, fitexko igaiten niz goiti eta gora. Ostopean gordea nagolarik hanxe, heldu zauzkit hamar bat aleman, hain xuxen ene arbolaren azpira, eta han etzaten oro itzulian, zabal zabala. 

      »Lehertuak zirela, xutik ezin egon, ageri zen. Halere, zuhurtziaz jeikirik, harat hunat behaka, itzuli bat egiten dute, oihan hegiz hegi; sasipetarat so, arbola lodiaren gibelerat so. Goiti ere ba zenbeitek behako bat edo bertze.

      »Ni beldurrez ikaran. Ikusi banindu batek, eneak egin baitzuen hanxe.

      »Berriz bildurik arbolaren ingurura, etzaten dire, batzu saheska, bertzeak ahoz behera, edo gora.

      »Batek ostopetik ene zango edo kapote ezkina ikusi balu, eztul bat entzun edo abar bat higitzen, zer tiroen pazka, ni!

      »Biribil nindagola hitz dautzuet.

      »Kixkail idor batzu bildurik sua pizten dute, jatekoa erretzen; kafeak eta oro beroturik, jantordu bat ona egiten.

      »Arratsalde erditsua zen, ontsa bazkaldurik, pausaren egiteko etzan zirenean.

      »Ilhuntzeari buruz jeikirik badoazi handik aitzina; herri zonbeitrat naski hur eta bildu nahiz gauarentzat.

      »Atsegin hartu nuen, urrundu zirenean; emeki emeki nere arbolatik jautsi nintzen eta bideari lothu, hek alde bati, ni bertzeari, batere ez bainakien bide ona nuen hartu, ala ez. — Gizona, bainan nola igan zinen zure harma, zaku eta guziekin arbolaren gainera? — Eztakit. — Ikasia behar da igaiteko arbola bati gora. — Badakit, bainan "beharra lagun", zer eztu eginen bizia beiratu nahi duenak?

      »Sekulan ez dautzuet konprenituko nola nizen igan; segur ez nindake on berriz egiteko».

      »Jautsi-ta nindoalarik gauazko atherbe bilha, bide bazterreko pezoin erreka batean etzana ikusten dut frantses soldado bat; ni bezala hura ere ez kolpatua, bainan akhitu xehakatua; ni baino eskuetarik joanagoa.

      »Elheari ihardesteko kaburik ere etzuen, Ahal bezala xutiarazirik, besotik atxikiz baderamat enekin. Eskuetarik lerratzen zitzautan noiz nahi, eta erortzen.

      »Aldi bakotx, ezin xuti-araziz, lanak!

      »Azkenerat, bizkarrean hartu behar ukan nuen; ez bainuen urrun ereman ahalko, ez bagine frantses soldado multzo baten erdira heldu noizpeit, lehertuak.

      »Han ahal guziak egin zauzkuten barnearen pitz-arazteko.

      »Nola ginen bizirik athera, ni ene arbolari esker, bortz oren handi haren gainean egonik; bertze gaizoa nik bidean hatzemanik, ahuleziak hiltzera zeramana».

 

 

 

Eskualdun kolpatuentzat

 

      Eskualdun soldado bat, «Zabaleta» Ustariztarra, hilez geroz Parisen, gerran kolpaturik, azken orenetan zerbeiten edo norbeiten galdez, nehork ezin konprenituzko hitz batzu erraiten zituela, Trésaugu deithu jaun bati gogoratu omen zaio, behar duela hor erakutsi Eskual-herriaren eta Eskualdunentzat duelako atxikimendua, lagun batzu eta laguntza batzu bilduz, —holakorik eztakigun berriz gertha— Parisen eta Pariseko inguruetan ahalak eginez, gerlan kolpaturik edo eriturik han ditazken eskualdun soldadoen hatzemaiteko lehenbailehen oro.

      Egun ez gitazke xehetasunetan sar, asti eta toki eskasez. Aski goiz izanen ahal da egun zortzi, obra on horri hemendik guk eman dezokegun eskukaldiarentzat. Anhartean delako Jauna lagun batzuekin lothua omen da lanari.

      Jainkoak ikus ditzala hauien xede onak!

 

 

 

EMAZTEAK ALEMANIAN

 

      Hamasei urthetarik 65 urthetarainoko gizonak oro soldada altxatuz geroz gizon guti zeie gelditzen Alemanian herri eta etxe lanetako.

      Ez dire oraino arras hartaratuak; ba ordean hartaratzan ari: belgikano, angles, ruso, frantses, orori betan buru egiteko behar baitute gizon hanitz, biziki hanitz.

      Hilen ordain ere zonbat ez?

      Horra zertako emazteak dituzten ezarriak herri zain, etxe zain; ba eta gizon-lan askoren egile.

      Eskolemaile, nesken ala muthikoen, emazteak; itzain, edozoin puskaketari, biden arthatzale, emazteak.

      Emazteak orai arte gizonik baizik etzen buregoetan, herriko-etxe, banketxe, garetako billet saltzale, postako letren barreiatzale,... hots, ez omen da emaztentzat on ez den, edo hobeki dezadan erran, emazteak on ez diren lanik.

      Ez eta gerla ere; behinik behin gerla-gizon lan tzarrenetako, gizonak bezenbat omen dire, edo gehiago, emazteak. Hala nola herri batez jabetu direnean soldadoak, badarraizkote omen asko aldiz emazteak etxe barnetan hatzeman ahal puska guzien biltzale; sukaldeko eta ganbaretako tresneria; untzi oihaleria mihise, dafaila, on diren guziak bil, bil eta paketa handi batzu eginik bota soldado lagunen orgetarat.

      Zer emazte lana! Emazte delikatuena!

      Ofizier aitzindari batzuen anderek ez omen dute holakoetako parerik.

      Erosi prezioan saltzen dautzuegu.

 

 

 

PELADURAK

 

      Bertze kazetak irakurtzen dituzuenek edo aldekoen eskuetan ikusten zabalduak, ohartu zireztea, noiztenka han hemenka badituztela huts batzu, peladura zuri batzu, batzutan ttipixago, bertzetan hedatuxago, ilez buluzi hasko pelatuen iduriko?

      Ezpadakizue zer diren hek, huna. Ez gara haizu kazetariak gerlazkotz berri guzien emaiterat, batzu gezurrak direlakotz, edo bederen ez egia segurak; bertze batzu jendearen izitzeko litazkelako hobe bihotzaren altxatzeko baino.

      Debeku hori zuhurra da hein batean; emagun osoki zuhurra dela ere, kazeta egile hanitz diren bezalako ezagutuz geroz.

      Axola izpirik ez baitute gutartean hanitzek, egiaz ala gezurrez mintza, jendea lotsaraz ala susta, soldado hil edo ez hilen etxekoak izi ala ez. Ea beren kazetak zerbeitez bethe ditzazketenez.

      Hortakotz legea emana dute soldado aitzindariek: kazetarik ez haizu agertzera, non ez duten bakotxak bere lehen lumeroa eremaiten erakustera —agertzerakoan— tribunal hortako bildu bati. Hunek ikus, irakur-aldi bat, larri edo xede, behin emanik, zer utz agertzera, zer ez.

      Baionako kazeten ikerfzale tribunal bereziak badauzka hiru jaun: soldado aitzindari komendant bat, hiriko auzien jujatzale hiru baitire, hetarik bat, eta «Lebeuf», jaun botikario famatua.

      Heien hiruen aitzinerat jaun kazeta bakotxa beraz, agertzeko kenkan, lehen lumeroa eskuan, eta berehala ikus ea badaukanez kazetak agertuz ondorio gaixto zerbeit lukenik deus. Balinbada bat edo bizpahiru ala gehiago balinbadire, luze, edo labur, hek oro khen; bizpahiru lerro ala hogoi, ala sail osoa. Eta heien tokia hutsik utz, han dagola zuri zuria.

      Huts haren bertze zerbeitez bethetzeko denborarik ez. Orduan zer egin? Hutsak huts, ager hala hala, peladura zuri heiekin.

      Begi-kolpe hitsa du halako zenbeit handixko duen kazetak.

      Hanbat gaixtoago; aski zen zuhurrago izaitea.

      Guk ez dugu oraino ukan holakorik bainan «Eskualdunari» ere bertze edozoini bezala gertha dakigukena da nahigabe hori. Uste gabetarik emanen duzu... haizu ez dela jujatuko dautzuten zerbeit. Egungo huntan berean badukegu holako huts zuri bat.

      Behar da obeditu ixil ixila, edo kazeta osoki debeka lezakezute. Gehiago ez libro agertzerat hunenbertze denboraz, gerla ondo arte bardin. — Atx!...

 

[hemen peladura horietako bat dago kazetan]

 

EZ DESOHORE

      Ez duzue zeren buruari eman edozoin kazetarentzat peladura, hutsez betherikako zuri hoik desohore direla.

      Behinik behin tzarreri kendua ken. Balute hoitarik gehiago zonbeitek, hobe litake! Kazeta oneri ere bizitasun bat edo okia zerbeit duketen lerro zonbeit gora behera, onik aski geldituko zeie Ororen buruan ohorea oso.

      Peladurak begia bakarrik du guti edo aski kolpatzen. Nola baita buru kaskoa belhaun burua bezen murritz duken gizona bardin gizon, halaber kazeta pelatuena.

      Batzu akalgetzen dire. Zertako?

 

IRAKURTZALEA

      Hunentzat dire gure huts hek ez laket irakutzeko duzuenaz geroz erosten kazeta. Gerlan gerlako gisa.

      Egin orduan behialako, xantreak bere erretorari halako batez egin ziona: igandetako meza nausian epistola kantarazten baitzion xantreari apezak, liburu zahar higatu, oro zilo eta urrako zen batean, zer zaio xantreari gogoratzen?

      Hitzak oso ageri zireno, kantatzen zuen ba epistola garbiki eta gora; puska biphiek jana edo erhi muthuirek eremana zuten tokietan, latinarekin nahas, boza lodituz, finkatuz bazeraman kantuko donu berean: «Bada hemen zilo bat».

      Zuen artean ere, agian gerthatuko ez dena, hutsik baginu behin edo behin «Eskualdun-ean», ez geldi han uko: «Zer da hemen hau?» Ezta deus.

      Ahapekako irakurtzalek, egizue jauzi bertze burura; eta familian ororentzat gora denak irakutzale ari, ez aphal boza; izaitekotz ere altxa, gora, erranez: «Bada zilo bat hemen».

      Zilo huts gehiago eta lasterrago duzue irakurtua kazeta.

 

ZER HAIZU ZER EZ

      Orai artinoko debeku bereziak ginutuen: kazetarik nola nahiko berriz bethetzea, egungo egia bihar gezur; ministro, prezident eta jaun handi hoitaz gaizki mintzatzea; ez eta gutartean, elgarrez ere, elgarrekilako bakea baitezpada behar dugularik, eztezagun gerla pitz; gaizki mintzatzea soldado aitzindariez, konfiantza gal araziz, beharrenik dutenean; politikazko kalapitak, bake denboran ja deus onetako ez direnak, are gutiago gerla denboran.

      Eta holako.

      Eztezagun ahantz kazeten oihu egitea karriketan, zoinek haro eta harrabots gehiago. Ikustekoak baitire saltzaleak Baionako karriketan ibilki, oro ixil; kazetaren izena buruari lothuak, emaztek ileari, xapel bat iduri; gizonek kopetaren inguruan.

      Hits dire saltsale mutu hoik, lehengo oihu garraziez orhoitu-eta.

      Bati gogoratu zaio kazeta eskaintzea, erranez erdi aphal, erdi gora, oihurik gabe: «Debekatua da — Zer debekatua? — Oihu egitea. — Zer oihu? diote galdatzen. — Kazeta oihu». Oroz batean eskutik eskura sakatzen dautzu, nahi baduzu eta ez. Irri egin, paga eta kito.

      Itsuski saltzen du holaxe.

 

AZKEN DEBEKUA

      Debeku hoien gainera, hau dute azkenik ekarri: kazetetan ez haizu kolpatu berririk eta hil berririk emaitea gerlan diren soldadoez. Hanitz omen zen biziak hil ekartzen zituztenik; den gutieneko minik gabeak kolpatu hil urran bardin, etxekoez, aitamez, emazteaz ez nehortaz axolarik gabe.

      Hola dire gerthatu omen frango kazetek hiltzat ekarri batzu, zortzi, hogoi egunen buruan bizi... eta bizi gogoak oraino kopletako «Extebe» zena bezala.

      Hortakotz dute debekatu, behin zorrozki, hil berririk emaitea; gero eztikixago hil berrien emaitea utzi haizu, «hilaren» etxekoek galdatu edo onetsi ondoan; bertzenaz ez. Hori ontsa.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Eskualdun soldado hil berririk eztugu. Balinbada, eztauku nehork nehondik igorri, gure herritar aitzineko astetan aiphatuez bertzerik hil dela.

      Ez gaude berandetsiak; zuek ere ez naski.

      Oxala emanak baginitu Eskualdun hilen azken izenak! Berri zahartzen hasiak ere, beren denboran ezin emanez utziak berantzerat, zerbeit gibelamendu gerthaturik, lotsa gira orai hemen emaitera;... etxekoen bihotzmina erreberri beldur.

      Bat halere nola utz itzaltzerat, bi hitz erran gabe hura zen eskualdun frantses gazte maithagarriaz: Zibero Zalgizeko familia ohoragarrienetarik bateko seme «Apéceix» jaun «architect» ethorkizun ederrari zagona?

      Orthesen kokatua egoitzaz, lan hanitz bazuen ja, eta buru oneko zaukaten orok Biarnon eta Eskual-herrian.

      Hendaiako erretor etxe berria, ba eta Hazparneko «Gaztetxe» ederra, bertzeak bertze, harek eginak dire.

      Hau eta holakoak ikustearekin gerlan hilik, joaki, nola ez erran berriz ere: hoberenak doazila lehen?

 

* * *

 

      Gerlako tokitik Norteko departamendu, Belgika, itsas hegi eta eskualde hetarik, berriak bakan; bakan bezen xuhur: tokitan aitzina sarthu zaukula etsaia guti edo aski; bainan ez hanbat; toki gehiagotan urrunduz doala han harat.

      Luze irauteko itxura gerlak, bainan etsaia gu baino ahulduzago doala, eta joanen; azken bitoriak gure, aitzindari guzien arabera.

      Halabiz!

 

EUZKADI (Kirikiño)

 

1914-10-24

 

Gudako izparrak

 

      Burruka gogorra darabille Parantzeko iparraldean doixtarrak eta alkartuak. Oneek areei eutsin eta eutsin egiten dautsie. Gizonezko esia ipiñi dautsie Belgikako itxasotik asi ta Zuitzaraiño. Esi auxe gogor eukiten badabe, doixtarrei aurrerantz egiten eragotzirik, ondo doaz. Doixtarrentzat txarto dator gudeak irautea, besteak baiño txanpon gitxiago daukelako.

      Beste aldean, Purrusi-Polon-Galitzi aldean, iñok ezin ulertu lei zer dabillan.

      Ara, izparringi onetako euskal-landolan egunero artzen dira onelakoxe izparrak:

      Gezurroff. (Soka-bagako telegrafotik). Errusitarren Estado Mayorrak diño:

      «Apur-apur eginda itxi doguz doixtarrak. Ankaz gora gelditu dira burruka-zelaian 18.931 gizon. Arrapau dautseguz 24.147 gizon bizirik, 63 kañoi, 29.757 fusil, eurotarik 7 gauza ez dirala ta konpondu bearko diranak, 39 burdi, txirringak ausita bat, 2.500 zaldi, 307 mando, ta asto bat. Aurrean daroaguz 27 killometro ta erdiko bidean, bearrizantxu bat egiten gelditzeko astirik emon baga».

      Txip, Txip, Txask!...

      Ara oska irrako telegrafoa. Bagoaz arin-arin, tramankulura, ta badargu urrengo izpar au:

      Patatenberg. (Irrako telegrafotik bidalduta.). Ona emen doixtarren Estado Mayorrak diñona:

      «Gezurroff-inguruan errusitarrak sakatze bat egiten asi jakuzan, eta geuk ostera egin geuntsen atzera-sakatze bat eta gurenda andia irabazi dogu. Illik eta zauriturik itxi ebezan errusitarrak zelaian 27.999 gizon, arrapau geutsezan 32.273 ukutubakoak, 390 kañoi, 3.477 zaldi, 5 egazki tramankulu, 24 killometroko zabaleran eroan doguz ankajoko ikaragarrian, buruko tximelak be botaten ebezala ariñago egitearren. Euren jeneralaren kapelea be emen daukogu».

      Orain, beste zeregiñik ez badaukozu, igarri egizu zeintzuek izan diran gurendadunak eta zelan igarri, bata baiño guzurti andiagoa dira ta?

      Orraitik, onetara badarraie luzarotxu, telegrafo-tramankuluok eratsi ta ganbarara eroango doguz ta kitu, gudea amaitzen danean jakingo dogu zeiñek irabazi dauan, guzurraren-guzurraz atsituta gaukez ta.

 

 

1914-10-28

 

Gure anai zaurituentzat

 

      Jakitun zagoze guztiok, irakurle maite orreek, Bidasoz anditiko gure anai euskaldunak, laburditar-benapartar-zuberotarrak, Parantze laterripean dagozala ta doixtarren aurka dabiltzela guda ikaragarri onetan.

      Gure anaietarik zorigatxez asko jausi dira ilda ta zaurituta orain arte. Zaurituetarik asko dagoz gaur Parisko gaixo-etxeetan, eta gixajoak, osatze-bidean aurkitzen diranak, egun luze guztian iñora urten eziñik gogait egiten dabe, ta irakurgaia poz-pozik artzen dabe.

      Jakin bear da gure anai orreek euskaldun utsak dirala, ta guztiak dakiela euskeraz ederto irakurten, guk emen baiño zaletasun geiago dabelako.

      Azken igandean Zornotzako bazkarian Ixaka Tolosakoak aitatuta, miñean erabilli genduan auxe: ondo izango litzakela gure irakurleak jakitun ipintzea onetzaz al dauanak ara bidaldu dagiezan idaztiño, egutegi, izparringi, ingurri, edozetariko irakurgaia, gure anai maite areen ordu luze gogaikarriak arindu daitezan. Ixakak esan euskun berak bidalduko euskula idazki bat, auxe iragarteko, ta itxaroten gengozan. Baiña ona bat etorri jakula Axeren urrengo idazki au:

 

ENTZUN, EUSKALDUNAK!

      Parisen osatzen dagozan euzko gudari zaurituak, euskal-irakurkizun eske dagoz.

      Laburdi-Zubero-Benaparrako mendi-mutil zintzoak, gure anai maiteak, gure odol, ele ta endakideak, antxe doguz Parisen Parantze-aldez artu dabezan zauriak osatzen.

      Euzko-baserritarraren askatasun zindozko bizikerea dazauzuenok, oldoztu dagikezue zenbait eta zelan gogainduko ete diran orreek gure anaiok, Pariseko osategietako oetan etzanda! Ta pantzeraz tutik be ez dakiela! Ta arrotz artean dagozala esan litekela!

      Bidaldu, beraz, bidaldu egikiezuez euskal-irakurkizunak, alik eta geien! Aitaturiko erkietako baserritar orok dakie Euskeraz irakurten, gu baiño euskaldun biziagoak dira-ta.

      Euskal-irakurkizunok bidaltzeko, ara emen bidea:

(Imprimés) (Pour les blessés basques)

Mr. l'abbé Dibildos

6, rue de Luxembourg

PARIS

 

 

1914-10-30

 

Gudea gogor dabil, beti lez

 

      Amaika mutil gazte, baita gizon be, jausten da or!

      Belgika-bazterrean eta Parantzen, egunokaz dabiz doixtar sendo gogorrak urratu gurarik Joffrek ipiñi dautsen gizonezko esia, ta ezin dabe egin gura dabena.

      Esi orren aurka joten dabe astebete onetan Kaiserraren gudariak, eta beti atzera doaz, itxasoko ugiñak edo olatuak apurtuta jausten diran lez bis-bits eginda atxakaz jokada andia eukita gero.

      Doixtarrak egiten dabezan abiada garratzetan mutil asko ta asko galtzen dabez, ez dabe euron errukirik.

      Alkartuak (ingel-pantz-belgikarrak) eutsin eta eutsin egiten dabe ta onexegaz bakarrik emoten dautsiez ederrak doixtarrei.

      Emengo izparringi guzurtian ia astebete da iragarri zana doixtarrak Dunkerke urian sartu zirala, baiña ondiño be an sartzeko antzik ez dago. Jaimatarren gurariak baiño ez dira.

      Beste aldean, sorkaldean, esan leike atzoko izparretatik Errusi dabillela goitik. Baiña Gezurroff eta Patatenberg gogoratzen jakuz ta ez daukogu siñeste andi-andirik.

      Egia bada erusitarren goititasuna, doixtarrak larri bear dauste. Andik estutu ta emendik estutu itoko dabez.

      Serbia ta Belgika, txiki gaxoak, len lez gelditu daitezan, doixtarrak galdu bear dabe guda au.

      Serbia ta Belgikarren aldez dagoanak, ba, doixtarren ondamena gura bear dau.