Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-10-23: Beraz eskualduna, ke karanba!

      Frantzia eta Espainia aldeko eskualdunak ez omen dira beti bat. Gogoeta luze eta mamitsua dakarkigu Eskualduna-k, lurraldearen txikitasunaz jarduten du, eta azkenik bildotsak otsoen hazkurri direla ondorioztatu. Kazetak bi bandoen gerrako tresnak alderatzeari ekiten dio, ez da hau aste honetan leitu dezakegun alderaketa bakarra, Jean Etxepareren kronikan alemaniar eta frantziarren jantziak aletzean batzuen zein besteen abantailak eta desabantailak zerrendatzen ditu. Nor norekin sailean, munduko hainbat herrialdeen gerrarekiko jokaeraz mintzo zaigu. Frantsesek badituzte adixkide eta laguntzaileak baina badituzte etsaiak ere, eta era berean gerra muturra sartu nahi ez dutenak izan badira. Azterketa honetan, aliatuez gain, Japonia, Turkia, Italia, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Holanda, eta Kanada aberrien jokabidea aipatzen ditu. Aitortza baten kontatzean kazetariak ez du egokierarik alferrik galtzen uzten apaizen jarduna goraipatzeko. Bestalde, Milafranga, Mendiondo, Lekunberri, Isturitze eta Bastida herrietako kolpatu eta hildakoen berri ematen digu, horiek ditugu ondorioak baina gerraren jardun bortitzaz arrunt berri gutxi bai Eskualduna-n bai Euzkadi-n.

 

 

Frantzia eta Espainia 

 

      Gerla aitzinean Eskualdun huntan bethi atseginekin irakurtzen ginituen Espainia aldeko eskualtzale onetarik batek bi edo hirugarren aldia du, irakurtzaleak, zuentzat eta guhaurentzat igortzen dauzkula goraintziak. 

      Zinez guri atxikia dagolako marka, ja ezpaginakien ere. Ba eta gu hari eta harekilako gure eskualdun aneieri; gerla ondoan, lan huni hemen gurekin berriz lothuak ikus uste baititugu, arte huntan agian izanen ez den berriogokorik ezpalinbadugu. 

      Anartean atsekabekin ikusten duguna, bihotzez egia, —mintzo nautzue eskualdun guzieri— hauxe da: Espainia aldeko eta Frantzia aldeko eskualdunak ez girela bethi orotaz bat: bereziki ez Eskual-herriaren eta Espainiaren arteko batasun edo berexkunde delakoa, ez delakoaz, behar litaken ala ez. 

      Halaber hemen, gure alde huntan Frantziarekilakoa. Solas min eta minbera ez othe dugun hau, nago, eta odol hotzean, gizonki, adixkideki, eskualdun haurrideki aiphatzekoa hemen elgarrekin, hitzak bederazka neurtuz, haztatuz. 

      Deus ez erranik nahiago nuke, huntarik behar bagine makurtu. Ez balinba! 

      Bertzalde lehen aldia balitz, Espainia aldeko adixkide hunek eta bertze batzuek solas hau altxatzen daukutela, onez onean, baginauzke ixilik: beldurrez, bi aldetarik behinere baino gibelago geldi azkenean. Jainkoak begira! 

 

      Zer nahi gertha, mintzatu behar denean, behar da mintzatu. 

      Bakarrak balire hauk, Espainiako aldean gutaz eta guk egitekoez mintzo ez gure gogora, elhe, gutiz elgarretera ginitazke. 

      Adixkiden arteko hedoixka bat ezeztatua duzu hats huhako batez. Bainan gure auzoak ez ditugu oro bardin atxikiak guri. Ageri da: ez dute gordetzen, gurekilakoa baino nahiago dutela gure etsairik handienarekilakoa,... Alemanarekilakoa. 

      Zertako? Galde horri berex ihardetsiko diogu, egun zortzi edo geroxago, bizi bagira. 

      Hitz baitautzuet etzaukula eskastuko, zer ihardets. 

 

      Bainan goazin aldian aldikoaz. Egungo solasa dugu Frantziaz, Eskual-herriaz, Espainiaz: bertze bien artean Eskual-herria, bietarik berex, izaitez hala ez balinbada ere, hala behar hitakela diote holetan. Eta nork? Espainiako aldean hanitzek, eta ez ahapeka. Hemen, Frantziako alde huntan ere ba omen bakar batzuek. Zonbatek? Egundaino ezin jakin dut. Oro batera emanik, othe dire hamar? Gehiago uste duena mintza. Nik ez nezakezue bortzez on egin. Biga baizik etzauzkit mementoan gogoratzen. 

      Espainia aldeko berri hanitz gutiago dakit, bainan aski ba, jakiteko, eskualdun baizik nahi ez diren hanitz gehiago dela hemen baino han. 

      Beren ikustekoa dute, hangoek han berenaz; guk hemen gureaz bezala. 

      Ikustekoa... zer duten edo luketen nahi behar: ez gira hortan sartzen. 

 

      Ohiko fueros beren zuzenak, menderen mende gozatuak, aitzina bethi gozatuko zituztela hitzeman behin eta gero hitza jana diote Espainiak. Hori gaizki. Zer ari dire ordean horren xuxentzeko erranez, deus ez dutela nahi Espainiarekin. Erraitea bezen errex balitz egitea!... 

      Eskualdun eskualzale hangotiar eta hemengotiar bilkura batean galdatu zioten bati —eztu ere aspaldi—, elhetik elhere: «Española zirea? Ez, jauna — Frantsesa beraz? — Ez jauna. — Zer zira beraz? — Eskualduna. — Eskualdun frantses ala española — Bat ez bertze. — Beraz? — Beraz eskualduna, ke karanba!» 

      Atheraldi pullita: nahuzue dezagun erran ederra? Eta gero? — Geroaren berri eztakigu, ez zuek ez guk. 

      Balethor egun bat, erresuma osoak pusketan eman litzazkena —gerla ondorioz edo bertzela—ezta noizpeit gertha ez ditakena. Eskual-herriaren bi zathiek bat egitea, oraiko Frantses eta Español bi erresumetarik berex. 

      Batusun hoberik ez lakiguke guri. 

      Anhartean ez othe da guretzat aneiaki, elgarrenki bizitzerik? 

      Gobernamenduz, politikazko biziz bateratu arte, arrotz othe gira eta atze? 

      Nere burua nor nahi bezen eskualdun daukatalarik, ene hitzean nago: berex izaiteko eztela aski erraitea: «Espainia bat da, Eskual herria bertze bat». Bainan hola zaiotenek hola erran bezate berentzat. Guk eskualdun frantsesek eztugu Frantziatik berextea galdatzen: are gutiago erraiten ja bi direla Frantzia eta gure Eskual-herri hau? 

      Zer onik ginuke ere hortarik igurikitzeko? Erresuma ttipiak handiek ahamen batez janak ez dituguia ikusten? Horra zer zaion gerthatu azkenik hor Belgikari, handiago izan balitz gerthatuko ez zitzaiona. 

      Handitasunak eztu zuzena egiten, ba ordean, beharrez, laguntzen, azkartzen. 

      Ttipiturik, ederrak ginitazke, bi auzo handi, bata bertzea bezen gosen erdian, bietarik gu bereziak! 

      Otsoen hazkurri dire bildotsak;... xitoak, miruen. 

 

      Zuen gogora mintzo ez bagira, ez huntan zuek ere gurera. Goazin aitzina halere bethi adixkide eta eskualdun aneia. 

      Noizpeiko aspaldiko ethorkiz bat izanik ere, denborak berezi bagitu erresumaz: bi zathitan ezarri bagitu bi populu auzori eratxikiak, bien ararteko edo lokarri izaitea gu hiruen onetan ez litakea? 

      Gure ustez ba, elgarrekin bizi gaixtoan bizitzea baino hobe. 

      Ezkontzaz berexten zira, lehen auzo geldituz, burhaso eta haurridetarik,... ahultzen direa sor-etxearekilako lokarriak, ala luzatuz, hedatuz, azkartzen? — Ezta bardin. — Ez osoki: bainan hein batez, adixkidea, eza?

      Egun zortzi arte, Jainkoak nahi duelarik.

 

 

 

Gerlako tresnak 

 

      Gerlako tresna berezienak zer diren badakizue: kanoiak, xixpak eta bertze batzu mitrailleuses erraiten zaiotenak. Hoitaz mintzatuko nitzaitzue egun, gerlan ari diren zenbeitetarik jakin dutanaren arabera. 

      Badakizue oraiko xixpak ez direla lehenagoko xixpak bezalakoak. Duela berrogoi-ta lau urthe, oraiko etsai berekin ginuen gerla hartan, tiro bakotxean behar zen kartuxa zartatua kendu eta berri bat eman. Oraiko xixpetan bada untzi ttiki bal, kartuxa zenbeit, zortzitaraino, har detzazkena. Tiro bat egin bezen laster, bere baitarik kartuxa zartatua ilkhitzen da, eta bertze bat osoa horren tokian emaiten. Eta hori, untziko kartuxa guziak joan arte. Orduan berriz bethetzen da untzia eta tiroka lotzen. Hortarik ageri da zenbat lehenago baino tiro gehiago egiten den, kartuxarik aski balin bada. 

      Xixpaz Frantsesak eta Alamanak berdintsu gare: gurea heiena bezen ona, eta heiena gurea bezen. Bizkitartean, hemen ditugun soldado kolpatuek diotenaren arabera, gurearen bala heienaren bala baino handiago da, eta min gehaigo du egiten. 

 

* * *

 

      Eta kanoiak, nork ditu hoberenak? Hortaz, guziek aitortzen dute —eta Alemanek bertzeek bezala— gure kanoi, 75 erraiten diotena, paregabea dela. Horrekin zerbeit behin begiztatuz geroz, beti toki bererat egorriko du obuza, den mendrenik makurtu gabe. Hala da, obuzak ilkitzean egiten duen indarrarekin higituko da; bainan berekin duen tresna ttiki batek ekartzen du berriz hein bererat xuxen. Beraz berehala, batere gehiago begiztatzeko beharrik gabe, nahi bezenbat obuz egorriko du toki bererat, han diren guziak zafratu eta xehakatu arte. Obuzak berak ere hortakoak ditu; beti zartatzen dire eta bazter guzietarat barraiatzen, beheiti, goiti eta bazterretarat. Preso Frantzian ditugun Alamanak ikara handi batekin mintzo dire, kanoi horrek egiten dituen desmasiez. 

      Alamanen kanoiak ez dire, hurbiltzeko ere, hoin onak. Tiro bakotxean makurtzen dire begiztatu tokitik, eta ez ditezke hein bererat eman, berriz erabili gabe. Berdin hoik egorri obuzetarik frango ez dire zartatzen, eta, zartatzen direnean ere, ez dire bazter guzietarat barraiatzen gureak bezala; ez dituzte gureek bezalako desmasiak egiten. Hastapenean segurik, gure soldadoak trufatzen ziren kanoi hoitaz eta hoien obuzez. 

      Bizkitartean, badituzte kanoi zenbeit, guk ez bezalakoak, luzeak, aho handikoak, izigarriko obuzak aurdikitzen dituztenak. Hainiz dorpeak baitire, behar da hogoi bat zaldi edo mando heien erabilzeko; bainan, uria delarik, ez ditezke ibil; haxaraino sartzen dire lur gurian. Hoiek dutena da, beren obuz izigarriak hamabi kilometretaraino aurdikitzen dituztela. Hoiekin funditu eta sutan eman dituzte gure hiriak eta eliza ederrak. 

 

* * *

 

      Mitrailleuses direlakoak dire tresna batzu, hainiz bala betan aurdikitzen dituztenak. Hoitako balak xixpetakoak bezalakoak dire, bainan ukaldi batez hainiz aurdikitzen. Eta nola hoientzat ere baita mekanika bat, joan arau berriz bethetzeko, tresna hoiek minuta batean egor dezakete etsaien gainerat sei ehun baletaraino. Ikusten duzue beraz zer desmasiako tresnak ditezken mitrailleuses hoik. 

      Hoitan dute Alamanek guri buruz aitzin bat handia, ba omen baitute tresna hoitarik guk baino lau aldiz gehiago: erreximendu bakotxean guk lau, eta heiek hamasei. Bertzenaz, gureak heienak bezen onak dire, edo hobeak. Bainan zenbat gehiago duten! 

      Gure soldadoek tresna hoien beldurra dute gehienik; hala zuten bederen hastapenean. Hori erran dautet mintzatu ditudan kolpatuek. Hoitarik ginuen, haste hartan, hilik gehiena, gure soldadoak baionetarekin oldartzen zirelarik etsaieri. Hola, lehenbiziko guduetan, galdu dugu soldado hainiz. Bainan orai aitzindariek beiratzen dituzte xuhurki beren gizonak; ez dituzte uzten tresna hoien menerat hain errexki joaiterat. 

 

 

 

Alemanak hurbiletik 

 

      Ba gure departemenduko hirietan, ba auzokoetan, badugu ja Aleman andana preso, erresuma hortako harma eta eskualde gehiengoetarik. Nolakoak diren, zer ari, zer derasaten, nolako derakusaguten begitartea, ohartu girenaren arabera erranen dautzuegu. 

      Gutiz gehienak hezur larrikoak dira eta haragiz neurri onean. Ileak horats begiak urdin, ahokoak sendo. 

      Soinekoak nabar edo, hobeki erraiteko, erhauts kolore. Eta orok kolore berekoak, aitzindari handienetik soldado xumeeneraino. Lepoan doidoi ageri kolian gradoaren seinalia: xingola hertsi bat. Ofizierek sorbaldetan pataño batzu, xifre, hitz, eta galoin batzuekin; bai eta oraino esku muthurretan galtzoin izpi, doidoi hurbiletik ageri diren batzu. 

      Buruan soldadoek xano gora biribil bat; ofizierek kasketa bat, gainez zabal, zonbaitek berrogoi sosekoaren zabaltasuneko seinale batzuekin, visière delakoaren hegia sudurrari so. Oinetakotzat soldadoek bota batzu zango sagar gainetaraino, ditazken hoberenak, heien barnerat bildurik sartzen dutela galtzen beherea. Kabalierek, uhlans deitzen direlako heiek belhaun ixter barnetaka eta gibelaldeko oihala hautaki doblatua dute larru guriz.

      Gure soldadoek bezala hangoek badute zakua, gurenaren molde bertsukoa. Aratxe larruz egina haatik, ilea hala hala datxikola kanpoz. Badakizue engoitik soldado alemanek, bidean doazilarik, ez dakarratela ardura beren zakua bizkarrian. Karrosetan jarraikitzen zaizkote, on eta gaixto baita; ezen karrosak ez ditazke hel orotarat, apairuetako tenorian, ala gauaz; eta bertzalde, etzanik daudelarik, tiroka ari, deusek ez deie maldatzen bizkaira. 

      Ahantztera nindoan Alemanek ez derabilatela, gure soldadoek bezala, kapoterik soinian. Kapotia, bere kapuxun onarekin, zakuaren inguruari kurubilkatua karrosek deramakote, omen. Soinian, ez dute tunika baizik; tunika luzesko bat, ipurdiaren peko alderaino jausten dena, gibeleko sardeka baten barneko aldetik sakela batekin. Lepoaren itzuli guzian tunika horrek kola eroria. 

      Azpiko jaunzturak hoberenetarik dituzte: athorra azkar batzu, erdi kotoin, erdi ile, hanitzek badutelarik bertzalde jersey bat, bai eta kalzoinak. Bakotxak bizpahiru galtzerdi pare lodi, ilezkoak zakuak dauzkanak barne. 

      Golkoan, athorraren gainetik, larruzko ligeta batetarik lepotik dilingo, orok ekartzen dautzute larruzko moltsa ttipi bat, eskuineko bulharraren gainerat bihurtua; ezkerrekoaren gainerat aldiz, lepotik dilingo hau ere, bainan ilezko ligeta beltx batetarik, burdin-xuri xafla bat, plaque d'identité delako hura, beren izenarekin eta datxikizkon erreximenduaren numeroarekin. 

      Aithortu behar dut hemen, arroparen onaz nausi direla frantseser. Iraupen gehiago badu heienak. Ephe eta akidura berdinean, ez da hainbertze higatzen. Thindurik ere ez du galtzen heienak, ez duelakotz galtzekorik. Zoldarekin, bere zorri kolore ezin aiphatuzko hura etzako gogortzen baizik. 

      Solas hunen irakurtzeaz ohoratzen nuten zonbaitek galdegin dezakedatet: ea bada ez dutenetz Alemanek ekartzen orai buruan lehengo kaska biribil, larruzko edo metalezko, erditik punta xorrotx bat goiti zeraikikon kaska bitxi lazgarri hura. Ba, kaska molde hura bera badakarrete oraino guziek, eta, iduri ez duelarik, biziki arina da. Goraxago aiphatzen ginuen xanoa ez dute pausan dagozineko baizik. Metalezkoa baitute delako kaska erreximendu batzuek, urrunerat dirdiratzen du, hegalak zabaldurikako arrano hori bat kopetaren gaineko aldetik erakutsiz. 

      Hanitzetarik aditzen dugu, hoin ilhun hitsa dutenaz geroz gure etsaiek beren jaunztura, nekez ditazkela ageri urrunerat, nekezago zernahi izanik gure soldadoak baino. Hori hala da; aski hurbildanik ere, begiek ez omen ditzazkete nehondik berex ilhuntzetan eta argi urratzean. Aitzina ahal balite higitu gabe, nehor ez omen litzeieke ohar ere. 

      Bizkitartian ez uste ukan hainbertzetaraino ageriak direla gure soldadoak; kepia oihal urdin batez estalia dute; kapotiaren bi hegalen aitzinerat jaustia ez omen dute behinere ahanzten etsaiaren ganat hurbiltzearekin, haletan non beren galtza gorrietarik ez baitute ezagun zerranga mehar bat baizik —zapeten eta getren gain aldeko hura—, doidoi dena ere, erhautsak eta lohiak histua dutelarik. 

      Ez, ez omen da hain ikus errex bere jaunzturatik, nahi duenak nahi duena erranik ere, gure frantses soldadoñoa. Izaitekotz ere gamelaren konkor distirantak salhatzen omen du, bai eta harek eta gainerateko bizkarrian deramatzan errementeriek kilinki kalanka hedatzen dakoten harrabotsak. Ilhunak emanen daizkote hek eta ixilak, agian, gerla hunen ondotikakoendako! 

      Ofizierak ba, holetan, ofizierak ginituen hastapenean beren soinekoen dirdiratik ikus errex. Etziren gordetzen ere dohakabeak: bethi xutik, bethi besoak goitituz manatzen beren gizoner, bethi beren gizonetarik apur bat bazter. Alemanak aldiz heier bereziki aiher, heien aurdikitzeko ukanki tirokari hautetsiak. Hartakotz dugu, lehenbiziko hiru astetan, hainbertze aitzindari galdu, gehienak hilik.

      Geroztik hunat heien ordainek —ez baita heriotzea bezalako eskolatzalerik — soldadoen kapotia derabilate; kepia soldadoek bezala kukutua; beren menekoen aldean daude, etzanik manatuz hok, hok bezala artetan harmaz baliatzen direlarik.

      Hastapeneko gure solasera itzul giten, gure eta auzoko departeinendueturat preso, igorri Alemanak ez ginituen den gutienik igurikitzen. Gerokotzat ginauzkan gure ustez, gerlaren ondarrerateko, eta orduan ere ez hoinbertze. Bainan nunbait behar ziren kokatu: bi astez, dakizuen bezala, etsaiak hartu dauzkigu Frantziaren ipar eta iguzki aldeko sei departemendu; frantses eta aleman, kolpatu eta preso hartu, oro nahasteka eta metari sarthu behar izan dira Bordalen, hemendik ingurune guzietan ahal bezala barreiatuak izaiteko.

      Diot: ahal bezala. Ezen, emeki emeki leku egiteko orde, itho gituzte. Kolpatuez bezenbatean, gorenaz hamabi milaren goait baitzauden medikuak, hamabi milarentzat doidoi toki eginik, berrogoi ta bat mila eta zonbait ehun zaizkote lehen hiru astetan beretan eskuen gainerat erori.

(Beretik berriz helduden ortziralian).

J.E.

[Jean Etxepare]

 

 

 

NOR NOREKIN

 

      Gerla huntan baditugu frantsesek batzu adixkide eta laguntzale, bertzeak bakarrik adixkide, bainan laguntzarik, bederen oraino, eman gabe — bazterrerat daudela osoki, nahiz bihotzez gurekin: bertze batzu etsaiarekin, lagunduz edo ez lagunduz.

      Bertze batzuk gure aldea daukate osoki, guk heiena bezala; nola etsaiarena Autrixiak, eta Alemanek Autrixiarena.

      Badire gordetzen ez dautzutenak, nahiz geldi egoki, alemankinago direla, frantseskin baino.

      Hanitzez gehiago, guri daudenak, oraino geldirik, bainan ageri aise noren alde bethidanikako adixkidantzaz, edo bederen oraiko huntan ikusten baitute, iguzkia bezen argi, zuzenean girela.

      Azkenekotz badire faltsuak, norat dauden ez ageri, edo ahalaz gorde nahi; makilaren bi buruetarik atxikitzale.

      Zoin zoin othe beraz hor?

 

LAU LAGUNAK

      Frantses, belgikano, ruso, angles, hiru handi eta ttipi bat, den gutieneko dudarik gabe, osoki bat direla, erran gabe doa; hitzemana ere dutela elgarri, batzu ez bertzeak etsaiarekin baketzeko solasetan ez hastea ere, bertze hiruen baia gabe. Orok betan bake alemanarekin, baketzeko denbora dela zaiotenean laueri.

      Anhartakan jo aitzina orok.

      Bederen hiru handiek sinatua dute hitz hori elgarri; eta hiruak xede bereko dire azkarki, Belgika dohakabeari ez huts egiteaz:

      Anglesek oihuka zin egina dute, sekulan ez dutela utziko, ez erhautsetan, suntsitua, osoki ezarriko dutela berriz xutik, lehen bezen azkar eta eder; edo ederrago, azkarragotzekotan.

      Hitzeko izanen dire anglesak.

      Eta frantsesek, zer ez diogu zor Belgikari? Bere lurretik iragaiterat utzi balu etsaia, gure kontra, xahu baikinen, edo biziki nekez baikinion ihardoki ahalko.

      Nahiago ukan baitute xehakatuak izan, lehertuak azkarragokoaren zangopean, zuzenari uko egin baino!

      Hortakotz ere zioten zor gure Frantziak, hiri nausi behin Bruxelles gero Anvers etsaiak beretu daizkotenean, eskaintzea: jin ziten Frantziarat, beren lurrean balire bezala gurean.

      Hola da egun hautan Havre, frantses hiria, bilhakatu, gerla hunek diraunoko eta behar denoko, Belgikaren Parise.

      Han dugu, harat ethorria Belgikako gobernamendua, ministro eta guziekin, gurea Bordalerat bezala.

      Batago ez ditazke bi populu; zuzenago ere etzitaken hola izaitea baino deus.

      Hartakotz ere, Frantziako lurra hutsarazten diotegularik alemaneri, Belgikako lurraren huts-arazteari gitzazko lothuko, negua negu, frantsesak, anglesak Belgika ondar bizi denarekin bat egiten dugula, diren bezalako urde alemanak zafratu arte. Zer nahuzue bertzerik erraitea, elizarik ez deus xutik uzten dutenez?

      Rusoek beren aldetik zafraldi onik badiote ja emanik; negu huntan emaitekoak ororen ustez, handienak. Gure aldi orduan hatsaren hartzea; non ez den heldu iguriki baino goizago, heiek handik, guk hemendik, artean harturik ithotzeko denbora.

      Ez litake hura gaixtoago, leher egin dezan gerlak lehenbailehen, alemanarekin, negua negu.

 

JOPONIA

      Hau ere kontra du alemanak; bere gatik ba, itsasalde hetako leihor batzu beretu nahiz; bainan mementoan alemanen etsaiak, nahi eta ez, gure lagun dire. Beraz hau ere, nahiz hoberik badukegun.

 

TURKIA

      Berekin luke Alemaniak Turkia... barnez, ahaletan balitz; ari zaio ere lausenguka, berekilakotu nahiz; bainan Balkans heiekilako azken gerlan utzirik behingo indarrak, kaburik eztu oraino aski, berriz lotzeko gerlari. Loth balakio, harenak egin luke.

 

HOLLANDIA

      Erdi dudan egonik, noren alde jar, laguntza pozika batzu ere Alemanari utzirik han gaindi sararaztera, ez auzo atxikimenduz, bainan beldurrez, urrikitua iduri du. Hobe.

 

SUÈDE ETA NORVÈGE

      Hauiek ez dute nahi gerla huntan sudurrik sarthu, bainan guri daude omen bihotzez. Ez diotegu bertzerik galdatzen.

 

CANADA

      Anglesaren eta are gehiago gure gatik, alde dugu hau ere adixkidantzaz. Ahal bezen laster lagunduko ere gituela du omen hitzemaiten, gauzaz eta gizonez. Agian ba eta lehenbailehen.

 

SUISA

      Hemengo gehienak gurekin ditugu. Sar dakigula han gaindi Alemana Frantziarat Belgikan gaindi hastean sarthu zaukun bezala, ageriko da, norat dagon Suisa.

 

ITALIA

      Hau, Alemanak ustez osoki bere zuena. Autrixiarekin hirugarren, neutre dago: ez batzuen ez bertzen alde. Bizkitartean diote uzten daizkola, izilka, gordeka, kontrabandan, asko zer, jateko, gerlako puskateria eta bertze, bere lurretan gaindi sartzerat.

      Bi aldekilakoa egin nahiz, lanetan da Italia. Ja hanitz da, geldirik baitago. Bere burua sobera du erakutsia, bazter egon gogo duela, orai gure kontra itzultzeko, huntaraz geroz.

      Gaiten izan azkarren, eta segur, gure alde jarriko da osoki azkenerat Italia.

 

ESPAINIA

      Hau ginuela behar ikusi gerla huntan guri beltzurika, gure etsaiari lausenguka, eta Espainiako aldetik nor?!... Bertzetarik berex mintzo gira hunekilakoaz.

      Bertzalde, hemen berean erran dezakegu, ez dituela Frantziak oro etsai Espainian; ez hemengo katolikoek ere hangoak.

 

BANA BERTZE

      Orotara, etsaiak baino gehiago adixkide dugu bazterretan. Hori uste ez dutenek ikusiko dute ondoko egunetan, eta beren begiz ikustearekin, sinetsiko.

 

 

 

Xehetasun zenbeit

 

PARISE-REN GAINERA

      Bi aireplan aleman ibili dire Pariseko hiriaren gainez gain. Hiru bonba aurdiki dituzte gain behera; bat Notre-Dame deithu eliza-nausiaren gainera, beharrik ez baita lehertu. Zapart egin balu, nork daki zer gertha zitaken?

      Hiru hil, hamabortz kolpatu. Zer bitoria!

 

13 EGUN eta GAU

      Xaia edo kaba ilhun handi baten zolan gorde dire lau soldado frantses, alemanen helmenetik ihes. Leiho ziloak beren kapote handiez hetsirik, ilhunpe hartan egon dire 13 egun eta gau, lutsagar gordin hutsez bizi.

      Alemanak urrundurik, frantsesak jin direnean, atsegin hartu dute beren gordegitik athera direnean.

      Ez baita behar uste, aski zaiola goseak hil hurran bati jatekoa nasaiki aitzinera emaitea; behar baitu janari eta edanari emeki lothu, aldian gutika, eta ez edo zoin zeretarik, ithoka; hura bera aski bailuke, hiltzeko.

 

ZER ARI DIRE HAN?

      Hau aitzinagoko asteko berria: soldado aitzindari handixko bat gelditua zagon, harat so, hunat so, bere gizonak non zituen eta zer ari. Harantxe, heintto bat urrunera oharturik, bazela soldado multzo bat arbola batzuen pean egoki xutik; artetan bat bertzeetarik berexten zela, ezkinako azken arbola baten aldera joaiteko, galdatzen dio aitzindariak berekin zuen soldado bati: «Zer ari dire gizon hek haranxe? — Ezta egia bezalakorik: baitute bat apeza, hari doazi, oro aldizka kofesatzera, sarri surat joan baino lehen. Behazu; hara bat xutiturik gibelerat heldu, bertze bat joaki lagunetarik harat. Ongi behatuz ikus dezakezu apeza bera ere, othoitzean dagola soldado bat arbolari belhauniko. — Biba hek, to; nik ere badiat, zer gertha ere, zango hauier garbi-aldi bat emaitearen beharra. Joan banindoako apezari bi hitzen erraitera ni ere?».

      Berehala badoa, eta kofesatzen da, soldadoin ondotik.

      Biba hura; nahiz ongi egin badu, beretzat duen egin, etsenplu ona ere zerbeit da, soldado xoilek behin aitzindariari gero aitzindariak soldadoeri emana.

 

IFERNUTIK ZERURAT

      Kazetek ekarri daukute berri hau iragan astean: bazela soldado kolpatu dohakabe bat, itsuski zaurthua; odol husten ari, hezurrak eta oro hautsiak; zer nahi sofritzen; etsitua osoki; ezin hil, ezin bizi.

      Sineste mikorik ez, edo ukanik galdua; bere heriotzea Jainkoaren gain eman nahi, hitza blasfemio zerasala; ifernuan ja direnak iduri.

      Handik haratxago soldado apez bat, hau ere kolpatua, nahiz ez hainbertze. Huni erraiten diote, nola den bertze hura hiltzera joaki zer nahi erranka; eztuenez bere ahala egin nahi danatu hil hurranaren urrikiarazteko? — Baietz; ea non den? — Baderamakote gizon etsituari apeza.

      Gaizki hartzen du behin, begi kolpe izigarri batekin, ahora jin elhe tzar zikin guziak oro bota eta bota.

      Emekiño apezak, lausenguz, elhe on, ezti baino eztiagoz, balakatzen du: zer nahi duen mundu huntako minen gainera bertze mundukoak jauts-araziz, huntako oinhazeak bertzeko esperantzaz soleitziko orde.

      Nahi eta ez, apezak bizien eta hilen othoitzez, laguntzako direla, itzul ditzan begiak eta bihotza zerurat.

      Betan jauzten zaio kolpatu madarizione eta blasfemio . zarionari, bi begietarik nigarra, bainan ez nigar samina; eztia, goxoa.

      Besarkatzen du apezak; hala hil zakiolako beldurrak ikaran zaukanak tinkatzen dio bi besoz burua, Jainko urrikalmendutsuari egiten diolarik harentzat othoitz kartsu bat.

      «Ez baitzinitazke kofesatu nahi, adixkide maitea, gaixo gizona? Zuk uste baino errexago da eta hobe, kofesioa, zu ziren heineko batentzat. — Ba, ba, nahi niz kofesatu. Bainan barkatuko daita Jainkoak ene blasfemioak eta oro? — Ba segurki, eta oraino hanitz gehiago bazinu ere».

      Kofesatzen du apezak, eta denbora gutiz osoki itzulirik ezartzen ifernuko bidetik zezurakoan, gaurgoitik han baita erdiz erdi, aspaldi araiz egin beharra zuen kofesio onari esker.

      Apezaren esku bati bere bi eskuez lothua, harek erakutsi bihotz-altxatze guziak egiten zituela, ez omen zion bertze galderik, baizik ere etzezala bera utz, haren aldean othoi zagola han, azken hatseraino.

      Erran bezala egin.

      Lerro hauk irakurtzen baditu, apezak soldado gerlan lagunen trahitzeko baizik ez direla dioten erhoska hetarik batek, ez othe zaio hautsiko bihotza?... Ez? — Hanbat gaixtoago haren..

 

 

 

ESKUAL-HERRIA

 

MILAFRANGA

      Joan den astelehenean 49 eta 142 bi erreximenduetako soldadoak ari zirelarik etsersisa egiten Milafrangako gain batzuetan, hetarik bat erori da hil gor. Anévrisme deitzen den bihotz gelditzeak jo duke dohakabea.

      Baionarat ereman dute gorputza Poiloko-eiherako karrosa batean, lotinant bat eta sarjant bat lagun.

      Patarraren zolara direnean, hain xuxen han Milafrangako jaun erretora eta Hiriburuko jaun bikaria. Hilari hil othoitz bedera baizik ezin diote eman.

      Gibelerat gelditu soldado batzuk hits zuten begitartea; lotinanta ere nigarrez zagon.

      Hilak 42 urthe zituen; ezkondua zen; haurduna; Akiztarra; burdin-bideko jelazain Urkhetan.

 

MENDIONDO

      Lekorne Miaztoi-ko semea gerlan hil dela igortzen daukute kolpatua egonik diotenaz artha eskasean luzaz erori den tokian, bertzenaz behar-bada senda zitakena.

      Emazteari depexa heldu zaionean, gaizki zuela senharra, berantegi zen.

      Badoa ospitalera eta han erraiten diote hila dela Etcheverry haren gizona. — Non den? — À la morgue, hil jaberik gabeak ezartzen dituzten atherbean.

      Han, bertze hilen artean, erakusten diote bat, mihisez inguratua, kopeta kukutuaren gainean izena izkirioz emana kartoin batean.

      Kuraia ukan du emazteak, behar ziren urhatsak eginik, senhar hilaren gorputza berekin ekartzeko herrirat.

      Han ehortzi dute asteartean zortzi.

      Bada eta izanen holako, hunek dirauno.

      Oro baginazki zonbat othe ginuke aste bakotx?

 

LEKUMBERRY

      Jinkoaren nahia duzu, dudarik gabe, gerla hunek ereman ditzauzkun, gutartetik hoberenak.

      Huna nun dolurik minenian ezarri dien Hergaray-ko familia ohoragarrienetarik bat, Lekumberry Agerreko familia.

      Zuten seme bakarra, gerlan hil ziezu eta hunekin, Beñat Arbelbide; biak orok hain ontsa ikusiak eta maitatiak; bata Daguerre jaun apezaren iloba; bestia, koinata.

      Jinkoa duzu bakarrik holako bihotzminak arhintzen ahal ditiena.

      Urrikal dadila biziez eta hilez.

 

ISTURIZE

      Isturiztar Sainte-Marie jaun ixtudianta gerlak ereman du bertze hanitz bezala. Xehetasunik ez dugu, hil delako segurtamena baizik.

      Bihotzmin handia etxekoentzat. Lagunek eta diosesako buruzagiek ere biziki maite zutena, esperantza handiko apez onaren geia dutela galdu, ez da bertze solasik, Sainte-Marie gaztea ezagutu dutenetan.

      Buru ona ekartzen zuela; bihotz araberakoa, jite seriosa biziki, haurdanik.

      Doniane Garazin eta Miarritzen bikari egonik, gero luzaz Semenario handian apezgeien eskolatzale hil baitzen bere buru lanean goiz higaturik hunen osaba apeza, apez onik bat balinbazen hura izana, haren urhatsak zauzkan hunek.

      Eliza gizon hoberenetarik laster ikusi esperantza ginuena Jainkoak bere-ganatu du. Perlak ereman bertzentzat bezala: dugun erran hunentzat ere bihotz guziz: «Egin bedi gure Aita zerukoaren nahia!»

 

BASTIDA

      Erdi egia, erdi ez egia igorririk soldado agunek gerla ari den tokietarik eman ginuen duela bizpalau aste Bastida Pesarrutar apez gazte Durquet handizki kolpatua hil hurran utzi zutela eta geroztik etzela haren berririk.

      Egia zen eta da Durquel apezak bizpahiru aldi ukan dituela goraki tropa guziaren aitzinean buruzagien laudorioak; ba eta «la médaille militaire sur le champ de bataille». Bainan kolpe gaixtorik bazuela ez omen. Atseginekin jakin berri dugu bi zangoen gainean xut eta azkar zagola egun hautan. Hobe.

 

 

 

Soldadoen berri

 

Letra hau heldu zauku azken mementoan:

 

      St.-Nicolas de la Grave (Tarn et Garonne)

 

      Jaun kaseta eguilia

      Eskual-herrian hanitxek deya badakizie blezaturik izan nizala Alemanez igaran setemeren hoguey eta bat guerenian, eta famaturik dusu guibel eraiak hounkirik tudala; bena hori ezta hala. Ezkereko espalda dit uhken bala batez igazanik.

      Jakin dezela aren Eskual-herrian diren ene askaziek eta adiskidek laster berriz prest nizala ene zerbutxiaren ara hartzera eta behar bada Alleman debru horiekin erebanjaren eguitera.

      Jaun kaseta eguilia, pharka ene ignorantzia.

      Zoure serbutxari.

Joseph Camus,

soldat du 249e en traitement
à l'Hôpital de St-Nicolas de la Grave.

(Tarn-et-Garonne).

 

      Biba zu, adixkidea! Balu Frantziak zu bezalako «iñorant» hanitx!

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Sicut erat, bethi bardintsu. Aitzinatuz goazila bethi, etsaiari Frantziako lurra huts-araziz emeki; bainan emeki ordean eta hurriki.

      Diote halere, hamabortz bat egunen buruko gure zedarriez haraindirat aurdikiak dituzkegula. Ordu litake.

      Gizon tzarrak, hunat ezin sarthuz, airez ditugu aiher oraino ere. Reims-eko eliza nausia bezala, suntsi dezaketenez Parisekoa!

      Ikus hor, tzarkeria eginik urrikituak direnetz.

      Oro betan pagatuko dituzte; berantago eta garrazkiago. Orduan, orduan Alemaneria guziarendako zinak eta minak. Anhartean guretzat eta gure lagunentzat lanak.

 

EUZKADI (Kirikiño)

 

1914-10-19

 

Badabiz ekin eta ekin

 

      Bitzuek dira sendoak, indar andidunak, eta azartuak. Orregaitik dauko itxura txarra gudeak, iraungo dauan itxurea.

      Leorrez, itxasoz ta aizez diñardue.

      Bart etorri zan izparra Pantzeko gudalerroan (línea de batalla), erdialdean asi dirala doixtarrak atzera egiten Konprinzen gudaldarrak (tropak). Eta laster, oraintxe egun oneetan irabazten ez badabe doixtarrok ezker-aldean, lerro edo errenkada guztian atzera egin bearko dabela.

      Ikusiko dogu ba laster egia dan ala ez.