Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-10-16: Gerra urte, negar urte

      Gerra gaztigu gisa, denok omen gara hobendun Jainkoaren aldean, hori biltzen du aste honetako Eskualduna-ren lehen predikuak. Jarraian logistika kontuak aipatzean burdinbidearen garrantzia azpimarratzen du, trena ezinbestekoa baita gerran ari direnak asetzeko eta horiek armaz hornitzeko. Badu txungurretik Jean Elizalde Zerbitzari apaizaren kronikak, “Kazeta egileak eta gerlariak ez dituzte naski gauzak begi beraz ikusten”, lehen predikuaren aldean tonu belizista begi-bistakoa da lubakietan den apezaren kronikan. Bestalde gizonak gerran ari diren bitartean, geratzen diren laborariek elkarri laguntzen diote eta mozkinak ez dira sobera urritu, hori bai, laborantzako tresna gutxiago saltzen dira. Oso berri gutxi gerraren inguruan, ezin jakin nor ari den nagusitzen.

 

 

GERLA GAZTIGU

 

      Gerla egunetan ardura gogora, eta gogotik mihira heldu zautzuen solasa da hau eta holako: «Zer misterio ikaragarria den haatik, ororen buruan, gerla! Gizon batek bertze gizon baten hiltzea hain itsusi, hain gaizki, halako krima lazgarria! Buruko ileak eta oro altxarazten diozkana bihotzik duenari, lazturaren lazturaz!... 

Eta populu osoak milaka, miliunka ikusi behar guk gure begiz, elgarri jazarriak hilka: batzuek bertzeri ezin aski gizon hil-araziz, hatzeman ahal tresnarik izigarrienekin!

      Nola den ere hori haizu! 

      Hori ongi zaioketela erresumen buruzagieri, ba eta populueri!... 

      Orhoitzeak berak burzoratzen du nor bera dena. 

      Ohiko salbaiak hortaratzea, paso: bainan gizontze ikasiak, argituak, eztituak, jendetuak, egundaino bezen gibela hortaz, edo gibelago! 

      Nork egundaino ikusi du, entzun du jendeki aberenetan ere, alemanek iragan egun hoitan egin dauzkuten itsuskeriak bezalakorik? 

      Ontzeko orde gaixtatuz othe goazi? Aitzinatzeko orde, gibelatuz? 

 

* * * 

 

      Gizonak gizon, gaixtaginak gaixtagin, bederen Jainkoak, gure Jainko onak ez kenduko gerla mundu huntarik behin bethikotz! 

      Horra zer zautzuen heldu egun hits hautan gogora, eztea hala? Eta nori ez? 

      Gizonaren gogoa bethi alha da, xuxen edo makur: maizago makur, xuxen baino. 

      Ez airea batzu aski erhoak, erho bihurri Jainkoaren etsai ditaken hats gaixtoenekoak, han berean jo ditzan Jainkoak ez baitire beldur, derasatenean: «Jainkoa zuzen balitz, ez lukela behar, neholere, gerla nahi». 

      Ohoin batek erran balezazu bezala da: gobernamendu zuzen batek ez lituzkela presondegiak nahi behar. 

      Orobat gizon hiltzale kriminel batek erran baleza; zertako den, zeren beharrez gillotina? Gobernamendu zuzenek lehenbailehen kendu behar luketela tresna madarikatu hura. 

      Zinezko madarizionea merezi duenik zer da?... Nor da? Hobenduna, ala gaztigatzalea? Gaztigua, ala krima? 

      Den bezen ikaragarri eta krudel, ororen buruan, gerla, gaztigu bat balitz, batzuek baino bertzek rnereziago duketena, blasfemio bat da, bertze hobenen gainera; gizon bere buruaz hartuaren ganik Jainkoaren alderat hoben guziak baino handiagokoa. 

      Jainko on harek berak, adixkideak begira zitzatela blasfemio hortarik. 

      Giren guziak, guti edo aski, Jainkoaren alderat hobendun gira. Hori onesten eztuena, ezta giristinoa. 

      Batzu bertzeak baino hobendunago ere girela, nork uka? Gure sinestearen etsai batzuek ba: heiek ere ez orok. 

      Hobendunek barkamendu galdatzea, zuzen da. Ezpalinbadakite berek barkamendu galdatzen, zer makur zautzue heientzat galdatzea bertzek? Nik othoitz egin nahi badut eta egiten, zure orde zuretzat, eta zure idurikoentzat, zer kalte egiten dautzuet? Ez diozuete zeren bertzerik ihardets gutartean, Eskual-herrian uruski bakarrak diren batzuen erasieri. 

      Jainkoak urrikari dituela! 

 

 

 

NOLA?

 

      Behin baino gehiagotan erran blde dukezue zuen baitan hauxe: Nola bada hazten othe dire miliunka gerlan ari diren soldado gaixoak? Holako andana izigarriari jaterat emaitea ez da errex. Nola egiten da soldadoari bere jatekoaren seguratzeko? 

      Badire, armada bakotxean, soldado bereziak, beren aitzindari bereziekin, jatekoaz bereziki artu dutenak. Hoien lana da, jateko gauzen behar den tokirat helaraztea. 

      Armada bakotxak badu bere artaldea. Badire soldadoak azienden hiltzeko, eta, moldatu ondoan, egortzeko guduan ari direneri. Badire bertzeak ogia egiten dutenak; bertzeak, behar den lur-sagarra edo ilharra egortzen dutenak. Hoien gerla hori da: guduan ari direnen asetzea. Ez baita beti lan errexa. Gero badire bertze soldado batzu, hoien guzien behar den tokirat eremaiteko.

      Soldado bakotxak badu berekin, bere zakuan, bi egunen jatekoa; bainan ez du behar hortaz baliatu, bertze nehondik deusik heldu ez zaionean beizik. Erreximendu bakotxari heldu zaio aldian bi egunen jatekoa. Hori zatitzen da konpainietarat, eta hortarik jan behar dute soldadoek, beren zakukoa beiratzen dutelarik, bertzerik ez deneko.

      Bertzalde, armada bakotxean bada oraino lau egunen jatekoa, erreximendueri egortzekoa.

      Beraz armada bakotxak badu bere soldadoentzat behar duen jatekoa zortzi egunentzat, soldadoek beren zakuan dutenarekin. Hola badute beti, zernahi gerta ere, zortzi egunen aitzina; ez baita guti hainbertze nekatzen den soldado gaizoak ez dezan grinarik izan bere jatekoaz. Badaki bere nekeen ahanzteko, emanen diotela jatekoa hein onean.

      Eta zer da bada emana zaion hein on hori?

      Soldado bakotxak badu, egun bakotx, libera bat eta erdi ogi, libera bat haragi hiru untza ilhar edo lur-sagar, eta untza bat sukre. Edatekoa, soldadoak berak behar du bilatu; arnorik ez bada, ura.

      Jatekoaren hel-araztea errex da, burdin-bideak diren tokietan. Orai arte hola izan da gure soldadoentzat, burdin bideek beti aski hurbil hel-arazi baitiote. Burdin bideak gelditzen diren lekuetarik behar den tokirat eremaiteko, badire suzko karrosa handi batzu, joan-jina arras laster egiten dutenak.

      Baditugu Frantzian hogoi armada. Hoien guzien jatekoaren hel-arazteko, asmatzen duzue zer behar den. Eta ez dire bakarrik gizonak; badire oraino zaldiak. Hoiek ere jan behar; hoien jatekoa ere hel-arazi behar. Eta zenbat mila zaldi ez da!

      Sinhetsiko duzue errexki, armaden ondoan diren burdin-bideek badutela zer egin hoien guzien eremaiten behar den negurrian, eta behar den tenoreko.

      Eta kanoiek eta xixpek, ez othe dute, hoiek ere, beren azkurria behar? Hoien azkurri baitire obuzak eta kartuxak. Ez da dudarik behar dela hoitarik andana handia, beraz maiz berriak hel-arazi, ez bada nahi kanoiak eta xixpak ixilik egon diten.

      Beraz hoien guzien hel-arazteaz arta duten aitzindariak eta soldadoak ez dire lanik gabe. Holakoak ez direla surat joaiten, hala da. Bainan suan direnek zer egin lezakete, ez balute holako laguntzarik?

 

 

 

Gerlarien berri

 

Frantzian, gerla tokitik

      Jaun kazeta-egitea,

      Huna, nahi baduzu, Eskualdunarentzat, gerlaz bi lerro. Kazeta egileak eta gerlariak ez dituzte naski gauzak begi beraz ikusten; nik ikusten ditudan bezala ontsa bazauzkitzu, Eskualdun maitean ezarriko ditutzu; bertzenaz bota surat.

      Guzieri hemen, hauxe zauku: gerlak hainitz irauten duela. Zoin gure etxetarik, Bayonako, Tarbeko edo Bordeleko kazernetan sartu ginelurik, iduri zitzaukun zortzi edo berantenaz hamabortz egunen buruko, berriz etxean ginela, etsaiak erhautsirik. Bainan Alaman horiek gerlari gaitzak dire; ez dute amor eman nahi horren laster.

      Haste hartan, bortizki jazarri zitzauzkigun, gure lagunetarik frango hilez eta hainitz kolpatuz. Uste gabean, Belgikako lurrak iraganik, Pariserat hurbilduak ginituen.

      Bainan laster iratzarri ginen, Frantsesak.

      Lothu gu ere karraskan, errabia bihotzean, hek garhaitu nahiz.

      Hor ditugu orai gure aintzinean, zenbeit ehun metretan, bainan Parisetik... urrun on bazaiote.

      Ah, zer tiroak hartzen dituzten, egunaz, kanoietarik, gauaz zizpetarik. Milaka eta milaka hiltzen ditugu; ez nahi bezenbat halere.

      Badituzte zilo batzu lurpean bi metra barna; hetan sartzen dire sagarroien pare; eta gero lanak, handik khentzeko.

      Frangotan ez gituzte hurbiltzerat ere uzten beren kanoi urrunkari ela mitrailleuses debruekin.

      Bertzalde badituzte aireplan horietarik andana gaitza; goizetik arrats ez dire baratzen, gure kanoiak nun diren ikusi-eta beren artillurer pindar batez ezagut-arazi arte.

      Beharrik da gure artilleria heiena baino hobea. Ez da, diotenaz, hain urrunkaria, bainan min gehiago egiten du. Jainkoak beira hunen menean aurki; gizon bat ez da xutik uzten.

      Infanteriak ere egiten du bere doia lan, gauaz partikulazki. Etsaia gauaz bere ziloetarik atheratzen da ba, uzten dugu hurbiltzerat. Menean dugularik, tira eta tira, azkenean baionetekin bere erresumetarat itzularazten dugu. Mementoko, gure aintzindariek ez omen dute bertzerik bilhatzen, hemen segurik.

      Gure aireplanak ere badire etsaienak bezenbat. Orai gain horietan ere hasiak dire tiroka. Atzo airekari frantses batek etsai baten tresnari tiroka su eman dio eta hau, parabira, lurrerat erori da.

      Airekari han ziren etsaiek ez dute geroztik sabelean min handirik: bia baitziren elgarrekin, lurrerat orduko ikatz eginak ziren biak.

      Airetan nausi, nausi lurrean, urez ere ba, diotenaz, nola ez dugu lasterrago garhaitzen. Alamana guk? Lerro gaitza direlakotz. Hil arau, ordainak han dituzte.

      Ezin sinhetsia da nola, lerroa lerroaren ondotik, kantuz, à la baionnette heldu diren, bi begiz ikus ahala, bethi eta bethi.

      Jaun kazeta egilea, negu huntakoa badugu naski, bainan zaude trankil bertze gerlarik hasteko gutizia khenduko diotegu behingotz.

ZERBITZARI

 

 

 

Laborarier

ARO, MOZKIN, LAN

 

      Gerla urthe, nigar urthe, behingo herstura eta bihotzmin urthe. Bertze guziak oro gaizki balin badoazkigu, bederen aroa ez dugu orai arte hain bihurria urthe huntan.

      Gure gizonak dabiltzan gerla tokietan, gau eta egun ardura euri, haize hotz, aro gaixto zer nahi jasaiteko zutelarik, guk hemen aroa bederen alde ukan dugu, gerlaren hastetik hunat, bi hilabethez.

      Mozkinak ere araberan jin zauzku, eta bil errex: sorho, mahats, artho eta bertze.

      Arbi lan eta garaitikoak oro beren denboran egin ahal izan dire, aroaren partetik. Jainkoari eskerrak. Non ginen, ororen gainera, alde hortarik bederen lagunduak izan ez bagine?

      Elgarri eskukaldi frango ere auzoek asko tokitan emanik daudela iragan bi hilabethe hautan laborariak, entzunik gaude.

      Biba zuek, adixkideak; emazue hortarik, gerlak dirauno, eta gerlaren ondorio gaixtoenek.

      Laguntza handirik beharretan den auzoari egin eztezokenak, egin bezo ahal duena; gabea baino bethi hobe.

      Lana lan, ikustatea bere ere zerbeit da. Behiak pazka, edanaraz, daitz; itheiak athera;... gorga bat iratze, ongarri, egur karreia uztarriko abererik eztuenari, edo dituenak ezin uztar.

      Laguntza truk ere egin ditake: senharra hor harat joanik haurrez kargatua den emazteak esker dioke aldeko gizon adinekoaren emazteak ez beager-aldiari zorlako behakoa baitu, nahi eta ez, gizonak, bana bertze, bere zer hetan.

      Haurrek ordainez haur lan zer ez dute auzo bati egiten ahal, heien eskasean gizon batek behar bailuke denbora galdu.

      Errazu hor dela eskola ere, ba eta katixima, zoin beren tenor eta egunetan, jarraiki behar zeienak. Orotarat heltzea da ahalik eta hobekiena: gerlan gerlako gisa, gusiak baino lehen atxikiz arimari doazkan urhatsak. Noiz dugu beharrago laguntzale guzietarik handiena, Jainkoa, gerla denboran baino?

      Hari oihuz egoitea, urrikal dakigun, debalde ginuke, baldin ez bagine guhaur haren ganat itzultzen gogoz, bihotzez, obraz.

      Emazte onak, nahi diozuete gerlan dituzuelako senhar gaizoeri plazer egin? Igor-zkiotzuete ahalaz berri onak: etxeko lanak hola eta hola doazila, ongi, jarraikiki; mozkin orotarik pulliki bildurik, xuhurki derabilazuela, gerlak eremanaren hatzemaiteko, heintto bat bederen, ahal den burutil.

      Haur gaixoak, muthiko ala neskatoko, urthe osoa menturaz, —nork daki zonbat?— etxetik, herritik urrun izanen den aita onari, zerk nahuzue dezon hatzeman bihotza, baizik ere ama obeditzen duzuela zoin gehiagoka, aitaxo eta amaxoren au[?]guñoak ere merezitzeko, aita gaizoa han nonbeit deno, ez dakizuela zer egin?

      Herritarrek elgar ba, lagun; auzoek ere auzoak; bainan lehen lehenik, orotako lehen etxekoek etxekoak. Hoztasun edo bihurri airerik balinbazen zahar-gazten artean, oro ahanztea, etxearen onetanztea etxeko buruzagi, den tokian, gerlarik, aski duenak, etxean bederen bakea duelako deskantsua ukan dezan, zuzen da, ez dea hala? Ea bi pondu hari onez mihiño horri amitxi xaharra. Eta zuk gaztea,... pazientzia. Orhoit, zahartzea bere on-gaitzekin, bakotxak bere baitharik ez duen bat dela.

      Eta futxo, orok zahartu nahi.

      Elheak elhe, bertzerik ez badezakezu, tapa bi bxarriak bedera ixtupa poziz. Biba orotan bakea! Fuera gerla!

      Lur lan, laborantza, solas huni datxikola, hau ere hartuko du paperak. Laborari guti dutalakotz ikusten bizi naizen tokian, lur tresneria zer nahi saltzen den baiones bi etxetako lehen komiseri egin diotet egun hautarik batez, bost minotarik barne, galde bera: «Laborantzako tresna hoitarik guti saltzen bide dukezue aurthen? — Ez, daut ihardetsi batek; ez bertze urthetan baino gutiago. — Egia? — Ba jauna, egia».

      Eztut sinetsi.

      Bertzeak ihardetsi daut: «Erdia eztugu saltzen usaiakotik. Huntarik juja-zazu. Urthe bakotx, bana bertze, saltzen da gure etxetik iratze ephaiteko 500 bat sega. Aurthen ez gira helduko 150etara.

      Hau sinetsi dut.

 

 

 

HAZPARNE

 

      Hazpandar eskualdun on, frantses onak ez dire xoilki beren sor herriaren alde gerlarat heldu Ameriketarik: Chiletik, Metsikotik, Buenos-Airesetarik, Canadatik, bazter guzietarik; bainan ba ere urrunagotik.

      Baginaken bidean zela Japonia zolatik heldu, gerlaren berria entzun eta berehala itsasoari lothurik, Jan-Battitt Lissarrague Hazparne-Hoditeiko semea, hamahiru urthe huntan Japoniako hiri nausi Tokion dagona misionest —hango giristinoen Buruzagi baitzen orduan Mugabure eskualdun Guethariar Jaun Apezpikua geroztik sor-herrirat eri ethorririk hemen hila.

      Hura zen artzain on bihotz handikoak atsegin ahal baitzuken, bizi balitz, bere arthaldearen arthatzale lagun bi herritar ikustea hunat heldu hango lanak behin utzirik, beren frantses eginbidearen bethetzerat.

      Ez dire bakarrak; alde orotarik dathozi bonazka, birazka, launazka urrungo misionestak eta oro.

      Hauk bezen urrundanik nehor guti. Itsasoz 50 egun: zerbeit da oraiko untzi zalhuez dabiltzanentzat:

      Lissarrague misionestak 3 urthe ditu.

 

 

 

Zibero gain

 

      Ez dügü ahazten zer denboretan giren; ez dügü ahazten zer batasünian egon behar dien Frantzesek orok Aleman etsai zarrari bürü emaiteko.

      Sinhesten ahal deia, gure herri zunbaitetan, leheneko gai-bele batzü, lxeneko bide berez dabiltzala, behexgua, mendekiua, goitzarrena goguan eta egitatetan?

      Halakuak ez dira izanen gai bele baizik; etzaie emaiten ahal gizon izena. Ahalketü behar lükeie; bena badü aspaldi ahalkia eta gizatarzüna galdürik dütiela.

 

 

 

GERLAKO BERRI

 

      Azken berri, astezken arratsaldean, bethi bertsuak.

      Belgikan hiri bat, Anvers, Frantzian bertze bat, Lille hartu dituztela etsaiek.

      Garaitikoetan, hurriki, nekez, bainan azkarki halere nausituz goazila.

      Anglesa ez dagola lo, ez itsasoan ez leihor bazterretan.

      Rusoak aria zaizkula beren aldetik hurbiitzen. Ez ditakena dela, gostaia gosta, ororen artean ez dugun garhaituko.