Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-10-09: Sekretu gaitza, zentsuraren gorazarrea

Arma bat nagusitu da gerra honetan, zentsura da arma berri hori. Aski kronika laburra dakar aste honetako Eskualduna-k, eta ia osoki pentsaren kontrola hartzen du hizpide. Kazetariak gogora ekartzen du 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa, berri oro, datu oro hedatzen zen prusiarren kontrako gerran, eta ohartarazten digunez maiz informazioa traidoreek zabaldua zen, Frantzia saldu zuten horiek, baina egun ez da hori gertatzen ari, egun sekretu gaitza da gobernuak aski ongi kudeatzen duen arma berria. Zentsuraren gorazarrea.

 

 

1870-1914

 

      Duela 44 urthe Alemaniak egin zaunkun gerla hura eta oraikoa elgarri parrez par ezarri-ta, bada zeren, bada zertaz egin hor bi gogoeta! 

      Hitz gutiz erraiteko, hau handiago, hura hitsago: lotsagarriago hura, lehen bi hilabetheen buruko kasik etsitzekoa, nahiz iraun zuen zorigaitzez zortzi hilabethe, mende bat bezen luze iduritu zitzauzkunak; hau lehen bi hilabethe hautan hoinbertze odol ja gostarik , oraino hanitz gehiago behar zaukula gosta dituelarik itxura guziak eta bereziki harek baino hunek luzazago dezagukela iraun, —nork daki zenbat?— halere Frantzia ez oraino lotsa, ez ukho egitekotan. Ez eta beldurtzen hasia ere, galdu behar othe dugun. 

      Kolpatze eta hil berriek sustatzen baizik ez armaden kuraia gaitza. 

      Oro konfiantzaz betheak: zer nahi jasan beharko badugu ere, azkenean partida izagarri hunen irabaztea guretzat dagola: oro segur, bederen zainik eta zainetan odolik duten guziak, etsaiaren garhaitzeaz. 

      Segurenik, nor? — Soldadoak. — Soldadoetan berezikiago ja gerlan izanak, ja kolpatuak, ja herioa hurbiletik ikusiak. 

      Aithortzen ba egia, den bezala, eztela pesta: hanitz sofritu behar, osasuna beiraturik ere; egun eta gau, hiltzeko lanjerean bizi. 

      Eta halere guziak hitz bereko; leher egin behar duela oraikotik alemaneria guziak, bereziki Enperadorearen odolekoek, seme ondoko-gei kronprintz delako erho tzarrak eta bertzek. 

 

* * *

 

      Gerla baten irabazteko, halakorik ez duzu nola konfiantza: behinik behin zuzenean zarela; eta gero indarrez ere, zeurez edo laguntzalenez nausi zarela.

      Arren badugu konfiantza hori: hastetik osoa, eta emendatuz, azkartuz joaki: abantail bat hori, 1870ean ez ginuena.

      Traidoreak baginituen orduan: ez jakin xuxen zonbat, ez eta nor. Bainan jeneral handienetarik ere baginituelako beldurra, Bazaine zelakoa eta bertze zenbeit haren iduriko, elhea bera etsigarri zen. Nor nori fida orduan?

      Orai ez dugu halakorik: bat edo bertze ukaiter baditugu ere, zalhu, zalhu itzaleratuak dituzte, ohartu edo dudatu ere orduko.

      Bizpalau aitzindaririk handienak gogorki gizonak ditugula buruz eta oroz, heieri gaude osoki.

      Hil balite ere ordain gei onak omen dituzte ondotik, funts ahulekoak aza jorratzerat igorririk oro.

      Hau ere badugu gerla huntan, lehengoan ez ginuena: sekretu gaitza. Zagozte zenbeit aldiz begiak xurituak, berri beha; eta kexu aste batzuez, Eskualdunak zoin berri guti dautzuen ekartzen.

      Guti baita berri egiazkorik. Orizue, 1870ean, bazinuketen berri. Egun guziez tutaka, oihuka heldu ziren hirietarik kanpaña herrietarat espantuak, bitoria bitoriaren gainera. Zafraldi onik harturik daude orduan alemanak mihietan, depexa eta paper mota guzietarik, handi eta ttipietan: cornet à piston, atabal, xirula eta turruteria:... trahison eta victoire aldizka tronpetatzen zaitzutela muthiko txar batzuek nondik noren izenean ziren heldu ere nehork ez baitzakien.

      Pentsa kazetak ixilik zaudenetz.

      Orai holako deus edo kasik deus ez zaiku haizu. Kazetak oihuka saltzera ez haizu: aphal behar eskaini, erdia gutiago salduko bada ere.

      Ez haizu kazetetan zer nahi emaiterat, gerlako berririk: berri txar ala on, hala direnak baizik ez eman behar; hek ere, ez oro. Jendea izi edo etsaia argi dezaketenik ez behar eman, edo «gare la censure!»

      Debeka lezakete kazeta eta hartaraz geroz, gaztiga ere garrazki.

      Horra nola gauden 1914ean hoin gerlako berri gutirekin: berri officiels, communiqués direlako hek bakarrik haizu emaitea.

      Guk oro jakin nahi eta hoin guti jakitea ezta laket. Nahi badu ba: hobe baita ordean: deusetan ez baita gerlan baino zuhurrago, beharrago, sekretua, ixiltasuna.

      Hortakotz dire soldadoak ere gerlatik hunat hango berrien nola nahi emaiterat ez haizu.

      Hilen, kolpatuen, presuneren sakeletan hatzeman balitzate asko xehetasun etsaiek, jakin behar ez dituztenetarik, hanbat gaixtoago guretzat.

      Debeku hoik oro, ontsa baino hobeki.

      Hiruetan hogoi-ta hamarrean holako paper asko hatzemanik, letra, kazeta, eta ixtorio, sekretu atxiki beharrak, gure harat-hunat guziez argitu ziren alemanak.

      Ez dute peilik oraiko gerla huntan hoinbertze jakin dezaten.

      Garbiki nardagarri ere zen 1870ean ez baitzen pertoli bat, jeneral guzien izenak, balentriak, hutsak, xedeak, oro erhien puntan etzazkienik. Haur mukuzu batzu mintzo armaden goitibehetiez, nola!!!

      Ce n’est plus ça, mes enfants, eta ontsa da hori: ontsa baino hobeki.

      Holako zenbat 1870ean ez bezala 1914ean!

      Orotako handiena hau: hau har othoi, orok gogoan, eta ez ez gero niri gal; 1870ean, ororen buru, bitoria galdu ginuela, eta 1914ean, irabaziko.

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Herritar kolpatu eta hilen izenak ez ditzazkegu eman, berantegiz; ez eta gerlako berri xehetasunik. Ez da ere hanbat berriagorik.

      Doi-doi, hauk biak: 1° Albert de Mu Frantziako gizon handien hoberenetarik bat hil dela supituki Bordalen; gerla huntaz gogoa ezin gehiago hartua zuena.

      Igurikitzen dugun bitoriaren berria berandesteak dio bihotza geldi-arazi. Gerlak duela hil erran ditake.

      2° — Delako bataila ezin trenkatuzko hura oraino dilindan dugu, nahiz gure alderat erortzekotan dagon.

      Hilabethetsu iraunik, irabaziko ahal dugu egun zortziko bederen balinba.