Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-10-02: Zenbat apaiz hil!

      Elizaren defentsa sutsua egiten du Eskualduna-k eta bide horretan Frantzian frantses izeneko Alemaniako alemanak baino alemanagoak diren anitz badirela salatu. Euskal apaizen eginak azpimarratzen ditu kazetak, kronikaren erdia baino gehiago gai horri eskaintzen baitio. Bestalde, Ingalaterraren itsas blokeoaren eraginez Alemaniak pairatzen duen jaki eskasia aztertzen du, moltsa laburrari bizitzea mehe. Hil eta kolpatuen berri ematean hona Eskualduna-ren adierazpena: egiazko kuraia ez da soraiokeria; egiazko kuraia zangopean ezarriz aitzina kurritzea da.  Era berean, Baionako Gurutze Gorriak egin eskaera eta Txilen ziren zortzi euskaldun etxetik pasa gabe su zelaietara zuzen joan direla notizia biltzen ditu Baionako kazetak. Gerrari buruzko informazio gutxi aste honetako Euzkadi-n. Kirikiño alemanen atzera-egiteaz mintzo da, triskantza doixtarrentzat, bigarrena omen.

 

 

ZORRIA LEHER 

 

      Nor uste duzue direla Prusiano eta Aleman guzien nausi tzakeriaz? Hok baino bihotz-gabeago eta abereago? — Frantses batzu, edo bederen frantses izena dutenak, bertze deus ez dutelarikan frantsesarenik, ez bihotz, ez buru, ez jendetasunaren itzalik. 

      Azken aldian ala aitzinekoan ginion, hain xuxen, Eskualdun huntan: asko ikusirik baginuela eta jasanik Frantzian katolikoek gure erlisionearen etsaietarik; bainan Reims-eko eliza ederraren aurdikitzea bezalakorik ez; hein hortaraino, etzirela heldu Frantzian frantses gaixtaginak. 

      Goizegi othe gira mintzatu? 

      Errexkiegi ahantziak othe ginituen gure herritar etsai ohi —ustez ohi— batzuen egitate, janhiza, herra, gezur eta gaineratiko urdekeriak? 

      Ezin sinetsia ere lakiguke, dakitenek segurtatzen ez balaukute, egia dela. 

 

* * *

 

      Huna zer diolen: apez eta ixtudiant apez-gei leherra soldado joanen odola ja ixuria delarik eta egun guziez ixurtzen ari burrustan, diote: badirela oraino Frantzian frantses izeneko eta jende begitarteko aleman batzu, Alemaniako alemanak baino alemanagoak. 

      Garbiki ez ginauden huni orai, ororen gainera; eta bizkitartean egia izan behar da, hanitz tokitarik elhe bera zaukunaz geroz heldu egun hautan: baizik eta gerla hau, bere izigarrikeria guziekin, ja ikusien gainera ikustekoak ditugunekin, Aita Sainduak, Apezpikuek, apezek, langile nausi eta bertze aberats berkoi, jende xehearen etsai direlako batzuek daukutela ekarria. 

      Ez naski Aita Saindu hunek, ez; hau berriegi baita beretarik egiteko, bainan hunen aitzinekoak, azken hil horrek diruz bildu zuela iragan egun hoitan, hiltzerakoan, bera baino zaharragoko bat, Autrixiako Enperadorea, Serbiari jazar zakion Rusiaren kexarazteko, eta gero bazterrak oro, batzu bertzen ondotik, sutan eta odoletan ezartzeko. 

      Aita Sainduaren iduriko eta barne tzar, xede nahasi beretako Apezpikuak, eza? Eza apezak? Eza ere aberats apeztiar dirudunak?... Guziak oro, edo gehienak ez direa Frantziaren etsaiekin besoz beso ibilki bethi, agerian ez bada, gordeka? 

 

* * *

 

      Horra zer derasaten omen frantses batzuek Frantzian. Eta noiz? Memento izigarri huntan. 

      Hemen deus onik diren guziak, ba eta orai arte hanbateko gizon ez izanak ere, gurekin eta orok elgarrekin bat ezin aski eginez ari direlarik; arrotz etsaiaren kontra indar guziak sobera ez ditugun oren latzean, baditazkela gutartean, frantses batzu alemanik tzarrenak baino areagokoak! 

      Nork sinets hori? 

 

      Gerla aitzinean, orai duela zonbeit hilabethe, edo nahi baduzue, bizpahirulau, bospasei urthe, non nahi entzunen zinituen holako tripa egosi usaindu batzu, hitz bat etzela hor egiarik jakin berek, eta halere mintzo, hatsa gezurra zariotela. 

      Heien iduritsuko batzuek, edo buru ahul zer nahiren irestera daudenek sinets; zentzurik dutenek —ez izanikan ere erlisione hanbatekoak— sorbaldak altxa eta burua itzul, zer tuzten astokeria hoik?  

      Hartuak bezala ginituen batzuen ganik prusianokeria itsusi hoik. 

      Bainan orai! Gerla hau, hau den bezalakoa gainera jina dugularik... orai, hoinbertze kolpatu eta hil, eta nigar zinezko saminen artetik; ikusiak ikusi, zer nahi jasaiteko hor aitzina zaukularik heldu, negu belzari buruz, gosete, izurrite eta nork daki zer? 

      Orai, egun hautan, holako atheraldien aurdikitzeko, ez beldur ez ahalge, diren bezalakoak! 

      Dezagun erran egia: Pariseko, Bordaleko kazeta batzuek daukute solasa ekarri egun hautan, jendea nola den mintzo han-hemenka. 

      Huntaz Eskual-herriko azken berri xuxen eztakigu. Hitz bat ez balu ere nehork oraino athera holakoetarik, zuzen baizik ez lakiguke. Bainan bertzetan bezala hemen ere badituzkegu egun ez bada bihar, frantses alemanak; prusianoak bezen tzar edo tzarragoak; erran dut eta hortan nago: holako frantsesak baino hobeak direla, jendeagoak guretzat, Frantziarentzat, prusianoak berak. 

      Bat edo bertze ikus eta entzun bazinezate, berehala emozue zangoa gainean. Leher-azue zorria bezala. 

 

 

 

AHALA

 

      Gerla bati buruz behar dela soldado hainitz, eta soldado hoien eskuetan behar direla tresna onak, hori guziek badakigu. Erran dezaket, gehienak hortaz bakarrik direla orhoitzen; iduri zaiote, soldado hainitz eta tresna onak balin badire, behar diren guziak oro badirela. Ez dire ohartzen badela oraino bertze zerbeit arras beharra, hain beharra non, hura gabe, armada handienek, tresnarik hoberenekin, ez baitezakete iraun. 

      Eta zer da bada bertze gauza hori?... Jatekoa! — Jateko guti delarik, soldadoak ilhaun. Eta ez bada jatekorik batere, armadarik handienek amor eman behar. Ikus dezagun beraz, jatekoari buruz zertan diren ala Frantziako ala Alamaniako soldadoak. 

 

* * *

 

      Frantzian, ba othe dugu aski bihi, aski azienda, gure soldadoen hazteko? Hori ez dakit. Bainan, hemen ez izanikan ere, hoik guziak errexki etortzen ahal zaizkigu kanpotik. 

      Anglesek egiten dauzkuten laguntzetarik handiena, hauxe dugu: hoieri esker, eskas ditugun guziak heldu zaizkigula itsasoz. Hola beren gerlako untziekin nausi baitire bertze erresuma guzieri, Alamaniako untziak bortxatzen dituzte gorderik egoiterat, gure itsaso hautan agertu babe. Beraz, behar ditugun jateko eta puska guziak, ekararaz detzazkegu itsasoz deskantsuan. Ez dugu Alamanek hortan traba eman dezagutelako beldurrik. 

      Laguntza hori Anglesek eginen daukute, gerlak dirauno. Ezen Rusoek, Anglesek eta Frantsesek antolamendu bat, guzien jakinean, egina dute elgarrekin, ez dutela... bakerik onetsiko bakarzka. Bakea Alamanekin hiruek betan dute eginen, edo batere. Zer deskantsua hortarik guretzat! 

 

* * *

 

      Eta Alamanak? Hoik ere beldurrik gabe othe dire, ez diotela jatekoek huts eginen? 

      Erran dezagun berehala, ez dezaketela aski atzeman beren eskualdeetan. Ogi guti biltzen da Alamanian; Frantzian biltzen dugunaren hiruetarik bat. Guk guretzat doidoia aski dugu, eta ez beti. Beraz han zenbat ez zaiote eskasten, urthe buru batetik bertzerat! 

      Eskas hori lehenago bazuten. Rusiatik eta Norte Amerikatik. Sinhetsiko duzue errexki, ez dutela zeren deus holakorik iguriki Rusiatik. Eta Norte Amerikatik? Hortik ere ez gehiago. Ezen Anglesek laster atzeman lezokete eta har itsasoko bide hortan. Ez zaiote hainiz etorriko beren adiskide Autrixianoen ganik; hoiek ere ez baitute aski biltzen berentzat. Inguruetako erresuma ttikiek oraino ez dute hoieri emaitekorik. 

      Ogi orde, bada-Alamanian oloa eta garagarra nasaiki. Hoitarik gogotik janen dute zaldiek; bainan olozko eta garagarrezko opilek ez diote ez bihotza, ez odola hainitz berotuko soldadoeri. 

      Haragia ere xuhur da erresuma hortan; bortxatuak baitziren Alamanak idi eta behi erosterat bertze herrietarat joaiterat, bereziki Frantziarat. Orai norat joanen dire bilha? Bizkitartean ba omen dituzte ahuntzak eta akerrak ausarkian. 

      Alamanen janhari arrunta lursagarra da; horrek emaiten omen baitu nasaiki hango lurretan. Ez badu aurthen hor eman gure Eskual-herrian baino gehiago, hortarik ere eskasa dukete, bertze guzien gainerat. 

 

* * *

 

      Preso hartzen ditugun alaman soldado guziek diote, gose direla, eta gosearekin pairatu dutela gehienik. Ez diote emaiten ogirik astean behin edo bietan baizik; ezen iragaiten diren Frantziako eskualdeetan, jendeek ez dute bihi edo irin hainitz uzten heien meneko. Eta Alamaniatik arras guti heldu zaiote. 

      Alamanian berean, gosetea hasia dute, eskas dutena nehondik ez helduz. Lehenago, Frantziako, Rusiako eta Norte Amerikako atheak, beren behar orduan, idekiak zituzten; orai hoik guziak, hetsiak. 

      Bertzalde, dirua ere xuhurtua dute. Alamanek esku-lan hainiz egiten baitute, eta hoik bertze herrietarat salduz bizi baitire, ez dezakete orai deusik egor kanporat. Hortik moltsak laburtuak; eta moltsa laburrari bizitzea neke. Goseteak bortxa detzazke Alamanak amor emaiterat, berek uste duten baino lasterrago. Agian bai. Bertzenaz, noiz arte iraun behar du gerla hunek! 

 

 

 

LEHEN ETA ORAI 

 

      Duela 44 urthe, 1870eko gerlan orhoitza eztea, zaharrak, nola joan ziren gerlerat, armadako omonier, hiru apez eskualdun kartsu, Hazparneko misionestetarik: Bastre, Lapeyre, eta Dupérou? Denborak joan, denborak jin; urthe hitsa frango ikusli Frantziak arte hortan, eta huna nun, bertzeak bertze, gure diosesatik beretik ez bide diren hor behera joanak berrehun baino gutiago, batzu omonier, bertzeak, infirmier, brankardier, hanitz —azken urthe hautakoak— soldado, harmekin; harrituak daudela soldado lagun, aitzindariak eta oro, bertzeak bertze, kuraiatsuenetarik batzuen karrari; deusek ez dituela izitzen iduri. 

      Suko direnak han ari tiroka, nor nahi bezenbat; artetan xuti beren gordegietarik, alde orotarat lerro osoeri, begiak eta mintzoa hel ahala urrun etsorta bat eman, labur eta zinezko; berehala orori absoluzionea. 

      Ez baita han jostetarik gero! 

      Gaizo soldadoek, ez baitakite omen bizirik geldituek, nola erakuts aski ongi beren apez lagun onen alderako ezagutza. 

 

MEMENTO LATZA 

      Balak eta mitrailla ziliportak barazuza bezala kiski-kaska ari direlarik omen da memento latza, arroila hegian apeza xutik, bertzeak ahuspez daudelarik, benedikatzen dituen memento hura, barkamenduzko hitzak erraitearekin! 

      Soldado gaizoak apezari oihuka: jauts dadin berehala lurrezko gordegira, bere eta lagunen onetan.

      Batzu jausten dire bizirik; bertzeak hil-gor erortzen arroilaren hegirat. Egun hautako berria zen, apez hoitarik bat, absoluzioneko azken hitza erran eta han berean obus batek erditik egin zuela. Ezta mirakulu; gehiago ez hiltzea da handi!

 

GUREAK

      Ez gira mintzo hemen bakarrik hango nonbeiko, urruneko soldado apezez. Goraki erran dezakegu, nigarra begian, bainan herritar edo ahaide, gure eskualdun soldadoez orhoitzen girelarik, bihotzean gozo batek gaindi egiten daukula.

      Eztea hala, gazte maiteak, bizi zarezteno ez baituzue ahantziko zoin aneia eta aita on izan diren zuentzat apez soldado lagun hoik?

      Norbeitek atzo erraiten zauntan: «Ah! bertze gizonik izanen dire ba, bertze aita familiakorik eta herrietan giristino zinezkorik, gerlatik lekora, gure oraiko gazteak».

      Agian ba! Bada hor zeren.

 

BIZIEN IZENAK

      Eskualde hautako apez soldado ederkienik arizan direlako bien izenak eman ditzagun, eztakigularik, ez bata ez bertzea non diren; kolpatuak direla baizik.

      Durquel.— apez berri Bastida Pesarruarra-k gerlan behar zituen egin apeztasuneko aprendizkoak. Egin ditu, ez nola nahi.

      Ba soldado, ba apez bezala ez omen ditake aski erran zer karra duen erakutsi eta zer kuraia!

      Soldado izanak direnek eta gerlan ibiliak, badakite zer den «à l'ordre du jour» ekarria izaitea, erran nahi, tropa guziaren aitzinean goraki laudatua. Gure Durquet bi edo hiru aldiz da izan, diotenaz, ekarria «à l’ordre du jour».

      Soldado hauta, beldur gabea , uko egoitea zer den eztakiena.

      Etsaiari tiro, laguneri elhe on, laguntza gorputzeko eta arimako; batzuri absoluzione kolpatu aitzinean ala ondoan; bertzeak, bere harma besotik dilindan zaukala, zakuaren gainera bizkarrean edo besoetan har; balak inguruan jauts ahala heldu eta, jo aitzina.

      Non ere baita, kolpatuz geroztikako berririk ez tugu. Agian laster jakinen, esku onetan dela, onerat ari.

      Huts eginik ekarria izan da Durquet hori Gethariartzat.

 

      Pierre Harosteguy. — Urruñar, apez berria, goragokoaren jite berekoa, areagokoa ez bada. Kuraia bat izigarria.

      Bala eta mitrailla eta guziek zoin guti zuten izitzen, harrituak omen zauden hari beha soldado lagunak, elgarri erranka: «Hau da kuraia!».

      Goazin agian bizi direnez solasa labur. Bereziki hunekin ez gintazke ongi, jakin baleza.

 

BERTZE HIRU HIL

      Méliande deithu bordales apez bat ere hil da, Baionako karrikan atzo buruz buru eginik mintzatu dugun sarjant batek erran daukunaz. Kolpatua da delako sarjanta; erran dauku Louhosoar Bisquey apezarakin bordales apez lotinant haren azpiko zirela biak; gaitza zela Méliande hori buru onekoa; ez beldur, eta gizon manatzen jakin.

      Charleroi-ko bataila izigarrian 60 bere gain zituen soldadotarik —guziak hiltzat etsituak ordikotz, eta— 40 bizirik beiratu zituela eta bataila ondoan bildu eta berekin ereman aitzindarier.

      Ikusi orduko, gainera jauzirik, besarkatu omen zuen bere komendantak.

      Bainan apez hura ere hil behar, eta hil, behialako jeneralak erran zuena: bethi berak direla gerlan hiltzen.

      Nongoa ere baita, mintzatu dugun sarjant arrotz hura, hari zion galdatua bordales apezak, hura hil ondoan, haren sakelako sos ondar, medela eta paperak har zilzala eta etxekoeri hel; hil berriarekin.

 

      Monbru Pauen bikari zena, Miarritzeko ohia ere bethi hiltzen direlakoetarik zen, nola nahi beren buruen hirriskatzaletarik.

      Ixterrean behin kolpatua, herrestan zabilalarik oraino, bertzeak lagundu nahiz, bala batek hatzeman dio aldean bertze zintzurra. Han berean hil da.

      Zonbat apez hil! Eta iduri hautatuz, bereziz, hoberenak lehen!

 

      Naude, apez-gei bearnes bat ere bazen, esperantza handikoa, adin berekoetan lehenetarik. Hura ere hil.

      Hitz batez, nonbrea xuxen eztakigu; bainan jakinik gaude 49e erreximenduan ziren apez-geietarik bat ez tela oso; kolpatuak oro.

 

AKIZEN

      Badakizue Akizen «les Baignots» deithu mainhu etxea? Kolpatuen ospitale bilhakatua da. Bada han, edo bazen iragan egunetan ixtudiant apez-gei bat, itsuski kolpatua. Huna nola.

      Kapitainak suan oihu obus-ak eta balak jauts ahala heldu zirelakotz: «Couchez-vous tous à terre» eta bera erdi xutik omen zagon. Zer egiten du ixtudiantak? Gainera jauzi kapitainari. Nahi badu eta ez, etzan-arazirik zabal-zabala, etzaten zaio soldado gaizoa gainera, eta luze-luzea kukutzen dio bere gorputzaz harena.

      Nonbeitik Jainkoaren nahia! Kapitaina, memento baten buruan, obus-ak leher eginik, xutitzen da arras arinki kolpatua, eta haren gainera etzan ixtudiant soldadoa altxatzen dute zaurthua, bizkarra masakratua.

      Soldado onak, holakoak ez balinbadire erradazue non diren.

 

APEZEN GERLA

      Berriz ere erranen dute apezkiari aiher direnek: apezak gerlakin direla. Berak berentzat putrun huts batzuek nahi zituzten, behar zituzten, duela hogoi bat eta zonbeit urthe, behar gero baitezpada, les curés sac au dos. Horra non dituzten. Berma hor.

      Eta mintza hor, zinez: gaixtakeriaz direa gerlakin apezak eta apez-geiak,... gerla nahiz, maitez gerla, odol ixurtzea, hiltzea laketez, ala Frantziaren, sor-herriaren, herritarren, soldado lagunen amodioz? Mintza, hots!

      Ixilduxeak dire erasiak, bainan ez osoki. Han hemenka badire bethi zonbeit herra oraino bizi dutenak. Bizi eta alha; ahoan bilorik gabe erraiterainokoan: gerla hunen piztale, sustatzale, bertze guzien bezala, —aberats batzuekin akort— apezak direla.

      Hartakotz omen zerasan, aste huntan berean zer nahi, apezen kontra errient fin gaixto egin baten ehorztean, haren kideko jaun keso batek; ahora jinak bota.

      Gerla eta erlisionea, eta beraz apezak, Jainkoa eta oro blasfemioka madarikatzen zituela.

      Erhoek erho elhe.

 

AITZINDARIAK

      Gerla huntako, soldado aitzindari lehenak Joffre, Pau, de Castelnau eta heieri hurbil bertze batzu,... ahalik gutiena aiphatzen dauzkutenak nor diren, non dabiltzan eta zer ari —etsaiak ez jakiteko gure berri— konfiantza handia merezi duten gizonak omen dire.

      Aphalagoko aitzindariak araberan.

      On ez direnak bazterrerat bota, sans pitié, eta jo aitzina. Vive la France!

 

SOLDADOAK

      Eta bertze soldadoak, soldado xoilak, noiz non izan dire hoin obedient aitzindarieri, eginbideari hoin ederki jarraikiak non? Noiz?

      Hastean bihotza hertsi; etxeak eta etxekoek dolu egiten... Damu mila sorginik!

      Lehen batailetan bala tiroen hixtuak, eta guziz kanoien harrabots burrunba harek odola zainetan gatzatzen. Bainan jartzen dire azkenean hari ere.

      Egiazko kuraia ezta sorhaiokeria; da beldurra zangopean ezarriz aitzina kurritzea.

      Gu aise mintzo girela hemendik, ez othoi erran. Soldado gaizoak berak dire mintzo.

      Eta ororen buruan gerla den gauza izigarria, gauza ezin aski madarikatua delakotz dugu ahal guzia egin behar, gerla bilhatzalen zafratzeko, behingo bake eman dezaukuten, huntarik lekora; bertzenaz urde aleman hoiekin bethi haste baikinuke.

      Hortakotz, hori orok ontsa konprenituz, dira gure soldado frantsesak diren bezen deliberatuak, hil edo bizi, ez uko egiterat; ez barkatzerat, etsaia leherturik lau hatzez gora ezarri arte, dagola nonbeit.

      Hortakotz dute hain gutik hastean berean ihes egin, eta geroztik are gutiagok izialduraz gibelerat behatzen.

      Hortakotz dire, hastetik hunat, ez apezak, ez faideak bakarrik —behar da egia erran—, arrotz herrietarik hunat laster egin bertze hanitzek ere; ba eta aitzina heldu oraino alde orotarik hunat hainbertze itsas-untzi guziez.

      Frantziako lurra sarrixagoko ez galdu nahi; funtsera eta bihotzez ere atxikiak Frantziari; zorokeriarik gabe, gizonki, zinez.

 

HARISMENDY MEDIKUA

      Apez soldado batzuen izenak eman ditugunaz geroz —eta ez oro; ginazkienak— zertako ez ginuke behar hemen aiphatu merezi dituen laudorioekin, Eskualdun Garaztar Doniandar Maurice Harismendy jaun mediku Hazparnen guti edo aski egona bere kusi Detxart zenaren ordain.

      Suaren erdian, obus eta mitraillak, ez balek izitu gabe, iduri bere-buruaz axolarik ez duela, kolpatu altxatzen, lotzen, arthatzen hain ederki arizan omen da eta segur oraino ari, xutik balinbadauke.

      Lau aldiz «a l’ordre du jour» ekarria izan omen baita, bere kuraiaren eta soldadoeri daukan atxikimenduarentzat.

 

      Batzuetarik eta bertzetarik adituak ditugu hemen emaiten, heldu zaukun bezala.

      Ez dugu orotaz on egiten, bainan merezimendu berezizko hauk zoin gogotik ditugun emaiten, bazinakite...!

      Zuzen ahal da!

 

      Gerlako berri guzieri bertzalde, bederen emaiterat haizu gireneri, «ongi ethorri» diotegu.

      Are gehiago Harismendy mediku aspaldiko adixkidearen berri oneri.

      Jainkoak begira ditzola bizirik Frantziari hau eta holako zonbeit, hoberen guziak othoi hil gabe.

 

 

 

Croix Rouge Française

 

      Croix-Rouge deithu lagungoaz Baionan artha dutenek eskerrak bihotzaren erditik ja zer nahi emaitza egin dioteneri. Heien beharra ukhan du St-Louis de Gonzague-ko eritegirat artha beharrez jin kolpatuendako.

      Bainan gure ahalak, nahi eta ez, joankor dire, soldado gaizoentzat hanitz despendio dugulakotz eta deus etzaukulakotz heientzat sobera.

      Orotarat heltzeko, behar dautzuegu orai ere eskua hedatu. Orori galdez gaude, othoi, othoi gure kolpatu maiteak ez ditzazuen ahantz. Bakotxak eman dezala bere ahalaren arabera eta dagola gogoz, bihotzez bethi ekarria, beharrak dirauno bere emaitzaren berritzera, hanitz bada hanitz, guti bada guti. Esker onekin hartuko ditugu, ttipienerainokoak oro.

      Croix-Rouge hunek Baionan hasi lana behar du, nahi du bururatu. Behar dugu orok, nahiko duzue, eztea hala? orok ahal oroz lagundu bururaino?

      Dirutze handia derama holako obra on batek.

      Bertzalde, gauak hozten hastearekin beharko ditugu laster lenazko ohestalgi, trikota, jilet, gerriko flanela, galtzerdi ilezko andana bat, gizon bakotxak bere depot-erakoan ereman ahal dezan hoitarik behar duen guzia.

      Badugu konfiantza baionesen bihotz onean, ba eta inguruetako jendearen jenerostasunean, soldado kolpatuen laguntzale «Croix Rouge française» hunen alderako atxikimenduan.

      Orai arte bezala, errexebituko ditugu gogotik ala diruzko ala bertzelako emaitza guziak, Victor Hugo karrikaren 17an lehen estai, goizeko hamarretarik eguerdiarte; ba eta karrika beraren 14an, lehen estai, arratsaldeko bietarik seiak arte. Ea zoinek lehenago eta gehiago.

      Ororen beharra izanen da.

 

 

 

HAZPARNE

 

      Bi soldado hil Hazpandar: Patane seme eta Itzetarretarik bat.

      Kolpatu zonbeit; hautarik bat da Jean Amespil (Patrun). Patane ospitale batean hil hurran ikusi duela erran daukute.

      Hilak hil, kolpatuak kolpatu, ez daude Frantzia, ez Eskual-herria oraino uko egitekotan.

      Zortzi Hazpandar jin dire aste huntan Chiletik beren soldado eginbidearen bethetzera: Bernardin Darthayet; Ch. Dindabure; St-M. Itzia; Laurent Lissarrague (Ttattila); René Londaitz; Mendilahatsu (Conpai); Sabaloa (Jats).

      Zortzigarrenaren izenaz ezin orhoitu da zazpi hoik eman dauzkuna.

      Biez bertzeak untzitik xuxen joan dire gerlarat, etxerat gabe.— Bravo!

 

 

 

NOLA DOAN

 

      Ororen buru gerla nola doan, galduz ala irabaziz goazin, elhe gutiz errana da.

      Gobernamendutik heldu zauzkunak baizik ez dezakegu segurik deus eman; eta xuhur, biziki xuhur zauzku handik heldu berriak.

      Bana bertze halere, berri onak nausi; etsaia gibelera igortzen hasiz geroz ez dugula zehe bat leur nehon galtzen, non ez dugun berriz guretzen, edo batentzat bi, lau eta gehiago irabazten.

      Gudua dorpe, hurri eta... kario; bainan etsaia gu baino araberan gehiago ahulduz joaki.

      Kolpatu hanitz guk; hil, ez hainbertze, nahiz hek ere sobera. Etsaiak aldiz kolpatu baino hanitz hil gehiago. Zerk ere baitu hori ekartzen, hola da.

      Garbitasun gehixago eman nahiak gaude begiak xuriturik.— Bigarren bitoria handi bat berandetsia duzue? Ba guk ere! Heldu da; hurbildua ere, diotenaz. Agian ba!

 

EUZKADI (Kirikiño)

 

1914-09-21

 

Gudea

 

      Badakizue lengo aste guztian euki dabela gudaldi (batalla) izugarria doixtarrak alde batetik eta ingalandar-belgikar-pantzetarrak bestetik, Parantzeko Aisne ibaiaren iparraldean Oise ibaialderuntz. Or izan dan triskantzea gitxitan ikusi izan dan lakoa da. Ondiño ez dakiguz zertzeladak (detalleak), baiña jakin daitezanean biotz austekoak lakoak izango dira.

      Gogor ekin dabe ba bitzuok. Eta gengozan ari me batetik dingiliz lez, zeintzuek atzera egingo ete eben jakiteko zain.

      Atzo, noz edo noz!, eldu ziran izparrak, doixtarrak atzera egiten asi zirala araiñegun Belgikarantz eta Luksenburgerantz eurak euken guda-erreskadearen erditik eta eskumatik.

      Guk au idatzita gero etorriko dira izpar geiago gudaldi onetzaz. Baiña atzokoekaz naikoa da igarteko doixtarrak galdu dabela. Eta bigarrenez da ille onetan.

      Antz onik ez dauko arazo onek doixtarrentzat. Lenengoan abiada andia egin eben, antxe indar asko galdu eben, eta gero besteok eldu dautsie ondo, ta badaroez jo ta jo euren errialderantz.

      Sartu baziran sartu ziran!