Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-09-18: Irabazi dugu!

      Lehen garaipen handia, Marne ibaiako guduan Alemania gertatu da galtzaile. Gaina hartzean Lurdako amaren laguntza funtsezkoa izan dela azpimarratzen du Eskualduna-k. Alemaniarren jokabide okerrak aletzen ditu, gerra egiteko erabakia hartua zutela, arerioak gutxietsi zituela, ez zutela Altsazia eta Lorrena bereganatzen jakin, kazetarentzat ez da Alemania bakarra eta horrek zailtzen du haien batasuna. Igarle dabil Eskualduna, gerra honen ondotik armadak gutxituko direla uste baitu. Ondotik kolpatu eta hilen berri ematen du, zehaztasun osoz kontatzen du soldadu frantses baten pasadizoa, frontean gertaturikoak gizatasunaren eredutzat hartua. Apaiz lotinanta, Ibarnegarai diputatua, Eskualduna ez da etxekoekin ahaztu. Kirikiñok Euskadi-n Wilson AEBetako lehendakariak Gilen Kaiserrari kargu hartu diola agertzen du, Belgikan emakumezkoekin egin demasen karietara hartu dio kargu. Ingelesen abertzaletasuna goratzen du Euzkadi-k, kintarik ez duen herrialdean nola agertzen diren prest armak hartzeko aberriaren etsaien kontra. Astekariak gertakari hori probesten du hainbat herrikideren ustezko abertzaletasuna kritikatzeko.

 

 

GAINA DUGU

 

      Gaitzeko bataila bat zazpi egun iraun duena —buruil hunen bortzetik hamabiraino— irabazi dugu.

      Guillaume urguluntzi bandia, gure Frantzia ederretik ja bere ustez hamar bat departamenduz jabetua, zortzi egun gabe Parisen bazkal uste zuena, hara non dugun igorri han harat, jin bidez edo ahal duenez, ehun kilometre eta gehiago gibelarat: aitzindari eta soldado xoil, oso eta kolpatu, kanoi, zaldi, mitrailleuses, karro, tresneria, karraskan guziak oro buruzkain.

      Ah! zer itzulipurdia!

      Holako bertze bat edo bi, eta debruak ereman du «l'Empire d’Allemagne» boza altxatuz, lodituz, hantuz erraiten zutena!

      Igandean zitzaukun jin Baionarat garhaitia eder horren berria; geroztik hunat xehetasunak gero-ta bihotz-altxagarriago zauzku heldu egunetik egunera. Aleman hil hanitz; presoner milaka; zaldi, harma, tresneria zer nahi; hemen hamar kanoi, haranxe 160!

      Ehun eta hiruetan hogoi kanoi; kolpez hartzea, zerbeit da!

      Egundaino ez omen da nehon ikusi gure soldadoen oldarra bezalakorik.

      La Marne deithu ur handirat ondarrak aurdikitzen ditugu, bat ez zadin geldi bizirik.

      Ezin aski laudatuzko plana zuten egina gure jeneral buruzagiek; alegia beldurrez uko eta ihes, hurbil Pariseraino; handik eskuin bazterrerat jarraik-araz etsaia, gu zafratu nahiz erhotua, eta guk dugu zafratzen! Eta nola! In bizkarra!!!

      Trufarik eta blasfemiorik aski ez baitzuten hastean: behar zaunzkutela edeki oraikotik, ez bortz miliar, bainan hogoi ta-hamar; askiko ginuela gero galduen bilha joaitea gure Lurdeko Ama onari; gaixo Amak, izanen zuela lan ondoko egunetan, hautsiko zaunzkuten hezurren xuxentzen —blasfemio bezen ahopaldi asto— xuxen bitzate orai beren hezurrak, buruileko Andere-dena Mariaren bezperan, egunean, biharamunean, zazpi egun barne, guk hautsiak.

      Egundainoko inpio guziena da: krimaren araberako gaztiguak hatzemaitea.

      Trufa bite, trufa Lurdeko Ama-Birjinaz, beren Enperadore kesoa, alegia zinez eta behar bada hura ere trufaz, Jainko zerukoari othoitzean dagolarik.

      Lehenago lagunduko dituzte Jainkoak eta Ama Birjinak erlisione izpirik gabekoak, zonbat ere guti baitukete hauiek ere laguntza merezi.

      Gure esperantza da: Frantzian diren arima onen othoitzek daukutela ardietsi hastapen on hau, eta bururaino ardietsiko bitoria osoa.

      Eskerrak, zeren giren guk merezi baino hobeki lagunduak. Hau hemen erraitea, izariz, eztiki, nehor bereziki hobendun handi egin gabe, guhaur edertuz; hots, egiaren erraitea, guhaur ere hobendun sarthuz Jainkoaren aitzinean, ezta batzuen belztea bertzen xuritzeko.

      Ez guri bemen erran-araz erran ez dugunik. Nehor bezen guti atxikiak gira, holako hautan, herritarrez idorkiegi mintzatzeari.

      Bada beharririk dutenendako mintzatzalerik aski gerla hau bera.

      Hortakotz giten bozkaria urgulutan sarthu gabe. Dezagun bitoria merezi, bakotxak bere eginbidea bethez, ahalik hobekiena.

      Gaina dugu; atxik dezagun gain hau. Eztugu huntan fini, urrun da oraino, Alamaniarekilakoa; bainan huntaraturik ja, badugu zeren bozkaria.

      Jainkoak digula, lehen bitoria ttipien ondotik handi hau eman daukun araberako segida, bakearen egun ederreraino.

 

 

 

Hala beharra

 

      Azkeneko aldietarik batez, erraiten nautzuen zertarik hasia zen oraiko gerla izigarri hau. Hastapena izan da, Autrixianoen dixiduak Serbianoeri buruz. Hortarik Rusoak asaldatu dire; eta Alamanek, makurra antolatzeko orde, Frantsesek eta Anglesek galdetzen zioten bezala, emendatu dute, eta azkenean hortaz baliatu dire gerla hunen pitzarazteko.

      Estakuru baten ondotik zabiltzan, eta ez balitzaiote hori agertu, bertze bat hatzemanen zuten. Badakigu hori, preso eginak ditugun alaman aitzindari zenbeiten ganik: aitortu dute, gerla hunen aurthen egiteko xedea aspaldian hartua zela. Alamanek uste zuten, aurthen gerla horrentzat hein onean zitezkela berak, eta gu ez oraino.

      Holako xedeak direnean, estakuruak errexki atzemanak dire. Beraz, Alamanen arabera, gerla arras beharra zen aurthengotzat. Ez balitz deus makurrik gertatu ere Autrixiaren eta Serbiaren artean, Alamanek bertze zerbeit makur gerta-araziko zuten. Gerla hau arras nahia zuten, eta naski beharra. Horra zertako, estakuru hoik guziak bazterrerat utzirik, bilatuko dugun zertarik egiazki etorri zaikun oraiko gerla.

 

* * *

 

      Orai duela berrogoi-ta-lau urthe, Alamanek, garhaitu gintuztenean, hartu zauzkuten bi eskualde, Alsace eta Lorraine. Erran gabe doa, Frantziak ezin gehiago bortxaz utzi zituela eskualde hoik, eta ez duela behinere uko egin hoien berriz beretzeari.

      Bainan eskualde hoieri bereri, hoinbertze urthez ez zaiote batere laketu Alamanen eskupean, Alamanek ez dute jakin heien titulikatzen, heieri nolazbeit Frantziaren ahantz-arazten. Beraz bi eskualde hoik, hastetik orai arte, beti bihotez Frantziari atxikiak egon dire. Horri ohartzen ziren Alamanak, eta beldurrean zagozin noiz bada Frantzia hasiko zen, hoik berriz bere ganat bildu beharrez.

      Beldur horrekin atxiki dituzte armada batzu handiak, geroago eta handiagoak. Frantziak eta bertze erresumek hoik bezala egin behar izan dute.

      Bainan ez da aski armada handien biltzea eta atxikitzea. Hortako diru hainiz behar da, aberats behar da; bereziki luzaz atxiki behar direnean. Nork iraun zezaken gehienik hoinbertzetarainoko gastuekin? Frantziak ala Alamaniak?

      Alamania ohartu da, ez zezakela gehiago hola iraun. Uste zan du orai errexki garhait zezakela Frantzia, iduritzen baitzitzaion gu hemen elgarrekin arras nahasiak garela erlisioneari eta politikari buruz. Bertzalde, Rusiako armadak ez deustzat zauzkan, eta ez zuen amesten Angleterra jarreikiko zitzaukula hoinbertzetaraino.

      Gerla hau da gudu bat iraunen duena, Frantziak edo Alamaniak leher egin arte, zatikatua izan arte. Hola bakarrik, bakea heldu denean, gutitu ahalko dire armadak; garhaitu erresuma hala lehertua eta biluzia izanen baita, non ez baituke luzaz indarrik bertzeari dexidu egiteko.

      Ene arabera, gerla hunen ondotik, hori gertatuko da: orai arte, hainbertze urthez hazi diren armada handiak hainitzez gutituko direla, ez baita luzaz holako gerla baten beldurrik izanen. Zer irabazia, erresuma guzien budjetarentzat!

      Horra beraz zerk has-arazi dion gerla hau Alamaniari: ezin gehiago bere armada izigarria haziz, nahi izan du, horren beharrik gehiago ez izaiteko, Frantzia oraikotik zatikatu eta ezeztatu, erresumen lerrotik histuz.

      Itxura guzien arabera, bertzela gertatuko zaio. Hala da, gerla hau bururatzeakin, ez da armada handi beharrik izanen. Bainan lehertua, zatikatua, erresumen lerrotik histua, ez du Frantzia ikusiren. Alamaniari berari gertatuko zaio hola.

 

* * *

 

      Horren sinhesteko, aski dire egun hautako berriak irakurtzea. Bertzalde, ez diteke deus errexagorik. Ezen Alamania elgarri behinere ongi josiak izan ez diren puskez egina da. Puska hoitarik bakotxa gogotik bere gain emanen da; egin ditezke hoiekin, Alamania bakar baten orde, hogoi bat erresuma ttiki, elgarren ganik arras berexiak, bertzeentzat gehiago dixidu bat ez ditezkenak.

      Lehenagoko mendeetan ere, hola zen Alamania hortan; ez erresuma bakar bat, bainan erresuma berezi hanitz. Arrodak lehenagoko hein bererat itzuli behar du[...] Segur hola eginen dela oraikoan.

 

 

 

 

KOLPATUAK

 

      Zonbeit hil, nahi eta ez; kolpatu anitz gehiago bethi; hautarik gehienak sendakor; batzu gerlarat berriz itzultzeko laster on izanen direnak, bertzeak berantago.

      Badire diotenak irriño batekin: «Beha ene besoari, bi, hiru erhi moztueri, belhaun, ixter, ondoil hantuari, eztaukat nik behin gerla berriz ikusirik, edo behar du luzaz iraun! —«Nere doi gerla jastaturik ahal dut» dio bertze batek.

      Arinkienik hunkituenetan badire berriz joaitea berandetsiak. «Hiltzer nute, diren bezalakoek; ez gira goizegi berriz elgarretarako, hel ahaleri tripak egin ditzotegun».

      Izitu lotsaturik guti da. Gehienek daukate, gerlatiarrez gerlatiar, alemanak bezenbat bagirela.

 

* * *

 

      Handik hunako arribada hura dute hitsa kolpatu gaizoek: zango edo beso zerbeit hautsirik, bala batek aldean bertze zilaturik hezurreraino, odol anitz galdurik, sofrikarioa bertzalde, lau, bortz egun eta gauetaraino emanik bidean, lotura funtsik gabe —zauria doi-doia zerbeitez ingura, garbitu ere gabe—, eta kurri aitzina.

      Huna orduko, lo eskasak, treineko inharrosteak, egartsuak begitartea desegina diote. Hezurrak oso dituztenak ere nekez lauzke xutik; angailaz ereman behar beribiletik oherat; hilak iduri.

      Oheko goxoari, sokorriari, arta onei esker, ja biharamuneko pizten zaitzu —eta nola!— gutiz gehienak.

      Are hobeki bala tzar bat barnean poxolu gelditua zutena jaun medikuak ateratzen diotelarik.

 

      Balaz bezenbat bada kolpaturik… mitrailleria zilipartaz: huni obus batek deramakola eskuaren erdia, hari zango aztal puska bat, bertze hanxekoari zakua bizkarretik, soinetik bere kapotearen erdia, sorbaldatik zolaraino urratuz, xehakatuz.

      Eta ez ohartu ere bera, lephotik beso gainetik odola zurrustan zariola; buluz gorri zuela eskuin alde guzia, ez ikustea, lagun bat zaurien lotzera jin arte!

      Erdiek ez omen dute min hartzen kolpatze hartan; gero ba ondoan. Batzuek, halako marteilu ukaldi bat bezala; edo pizu handi batek, zauri toki hura gain-beheiti tiratzen diotela.

      Piaian sofrituak sofritu, ohatuz geroz, guti dire minez errangura.

 

      Jin dire igandean Baionarat bererat, bertzetakoak bertze, hiru ehun eta hogoi bat; bataila gaitza baitugu hor irabazi «de la Marne» delakoa, sei egun oso arizanik. Bitoria handia biziki, ba eta ongi gostaia.

      Halere Jainkoari eskerrak: holako zenbeit oraino, eta gaina baitukegu, Anglesen eta Rusoen laguntzarekin, aise, aise, orok diotenaz.

      Ezta goizegi izanen, eta agian gero behingo bakea dukegu prusiano tzar hoien aldetik bederen.

 

 HILAK

      Hoinbertze ehun eta ehun kolpatutarik Baiona inguru hautan bat edo bi bakarrik direla oraino hil ospitaletan, errana dugu egun zortzi.

      Zerk duen hori egiten huna. Behin hunaz geroz gain-gainetik artatuak baitire; deusen eskasik ez; jan-edan, mediku laguntza, garbitasun, orotarik behar den guzia.

      Gero, Frantziaren bertze burutik huntarainoko piaia luzea, bidean hil gabe, egiteko on ezagutu dituztenak ez baitziren hil-kolpez joak, nahiz batzu saki barna itsusiekin.

      Gero min-hartuenak han berean gelditzen baitire, edo hil-hurran altxatu eta bideari lothu ondoan, laster hiltzen.

      Heien etxekoak dire urrikalgarri.

 

      Zoin diren, ez eta zonbat, eskualdun hilak, gerlaren hastapenetik hunat soldado eztakigu oraino xuxen. Bertzetako araberan eztela behin anitzik badakigu, nahiz beren bat galdurik hunkituak direnentzat bat hura ere aski den.

      Erran dauzkutenak orai arte, huna: Esquiule-ko bat; Larrañe-ko biga; Izenak eztazkigu; Mauletar bat, Dudoy deitua, bere lagun Atharraztar lotinant kartsu kuraiatsuak, ahalak oro eginik gorputzarendako, arimari bihotz onez erlisioneko sokorri guziak eman baitazko.

      Hil behar eta hola hiltzea, piztea da.

      Bizia herriarentzat emanik Jainkoari, azken hatsa botatzen duen eskualduna, eskualdun apez baten eskuetan, dohatsu! Zer kontsolamendua haren etxekoentzat!

 

      Guichenné jaun deputatuaren aneia, Pauetar abokatak ere galdu du suhi bat, soldado aitzindari zuena, Malpel deitua; gizon gazte bat ezin hobea, bere bizipideari bezen atxikia erlisioneari; haur bakar oraino ttipi baten aita.

      Ez dute gobernamendutik jakin hil berria; erortzen ikusi zutenetarik bat aitzindurik, nola ikusi zuen igortzerat, oro batean hilaren sakeletan hatzeman orhoitzapenak, medela eta garaitikoak haren eskuetan zirela jakinarazten zuela.

      Bera Bordalen da eiki, kolpatua hura ere, hil berri horren heltzalea.

      Malpel lotinantari mitrailla ziliport izigarri batek hertzeak urratu diozka eta berehala odolustu da.

      Lagunek eliza batean sar-jali eginik, apez baten, othoitzekilan ehorztera zeramatena, utzi behar ukan dute, aleman multzo bat gainera heldu zitzeielakotz.

 

      Diharce baiones bijoutier ohoragarriak, bazituen gerlan hiru seme. Hiruetarik bigarrena, St-Cyr-ko soldado-gei eskola handian lehen urtheko zena, lotinant karguarekin gerlarat joan, eta han hil da.

      Hunen hil berria bere etxerat igorri du, eta hilaren burhasoer jakin-arazi, haren kapitainak. Hau herritarra gerthatu eta berak ikusi lotinant gaixoa hil hotz erortzen.

      Segurtamenik aski bazelakotz, elizako ohoreak eman daizkote larunbatean; jende hanitz bazen.

      Haurdanik burhasoen, haurriden, gazte lagunen ala guzientzat ezin gehiago maithagarri eta on izana, soldado aitzindari hoberenetarik bat izanen zela zaukaten orok Ferdinand Diharce.

      Jainkoak berekin duela, bizia Frantziarentzat adin hortan eman duena; ez baita bakarra, egun hautan.

      Alde batetik urrikalgarri, bertzetik dohatsu hola doazinen burhasoak eta haurrideak!

 

      Capitaine Bourg. Hau ama alarguntsa jainkotiar baten seme bakarra. Behin senarra joan arraintzarat eta ur hegian zangoari lurrak huts eginik ito zitzaion.

      Huna non dioten heldu, itsutuki bere amari atxikia zelako semearen hil berria. Fede handiko anderea baita, mundu huntako nahigabeak giristinoki jasaiten ikasia, behartuko zaio.

 

      Altxa zuen bihotzak Jainkoari, ama fededunak, Salbatzailearen Amak, bere Semea hiltzen ikustearekin altxatu zuen bezala.

      Baginaki gure eskualdetako bertze hilik, gogotik eman ginitzazke Eskualdun-ean, ezpalitz ere arima onetarik orori zonbeit othoitzen laguntza ardiesteko baizik.

 

 ALEGIA HIL

      Solas hau utzi gabe, goazin erran atzo eguerdi aitzinttoan, Baionaratu kolpatuetarik batek egun goizean erran daukuna: bala batek omen zion ixterra —beharrik axal aire— zilhatua.

      Ezin kurri, xutik ere nekez egoki. Kolpatu eta lurrean etzanik zagola, zen baino gaizkiagoarena egiten omen zuen, beldurrez etsaiek hil, hanitz kolpatu ja hilak zituzten bezala.

      Bizi zela ezaguturik, hiltzeko orde, preso hartzen dute alemanek eta beren kolpatuekin lerroan ezartzen bide bazterrari hedaturik.

      Leku tzarrean, esku tzarragoetan zela baitzuen buruari emana, egiten du alegia nehon ezin egon, bere oinhazekin; harat itzul, hunat itzul,… eta,… emeki-emeki, oro intzira ari zelarik, ohartzen zaizko etsaiak olo alhor batetarat herrestan gorde nahiz ari dela.

      Izi-aldi baten emaiterat hurbildurik bizpahiru aleman, errebolberaz beharri bazterrera mehatxatzen dute: bere onetan ez dadin higi, edo erretzen diotela tiroz burua.

      Izi ala ez izi, hura bethi ihes joaiteko xedearekin, ahal duen ber.

      Hainbertzenarekin, frantses armada nausitu; alemaneria guzia itzulipurdika doala, zoin zalhuago, (gorago aiphatu bataillaren azken uztarrak ziren), hanxe uzten dituzten beren kolpatuak eta oro; beraz preso altxatua zaukatelako frantsesa ere.

      Atsegin hartu omen baitzuen heien aztaparretarik espakaturik azkenean.

      Aleman kolpatuekin lerroan hanxe gelditu frantsesa, hek eta hura goseak eta egarriak hil-hurran baitzauzkaten, —eta baitziren etxe bakar batzutako jendeak, etsaia urrunt arau, gordega batzuetarik beren atherbetarat itzuliak, othoizten dute kolpatu alemanek frantses kolpatua, lagun ditzen, gaua jin gabe, jende heietarik jateko poxi eta edateko xorta baten ardiesten; hura frantsesa, hari gogotikago emanen ziotela.

      Erran bezala egin: «Nere zangoa herrestan, bazinaki zoin gogotik nintuen hanxe sua pizturik bedera arroltze eta zonbeit lur-sagar fritu», daut erraiten irriño batekin.

      «Han hil uste nuena, huna ni Baionan bizi, Frantziaren bertze buruan. Ixterretik odola nariola, lur has idorrean lo iragan astezken arratsa, eta gaur, igandetik astelehenerako gauean, izena doi-doia nakien hiri on huntan, ohe xuri goxoan eta nolako esku eztien, bihotz onen arthañoekin!

      »Garbiki, jauna, gerla gerla da, bainan baditu bere oren onttoak ere, bertzelakoekin aldizka. —Nahuzu zigarreta bat? —Gogotik! Oro onak direla Baionan daut oxtian erran lehenago hunat jinetarik batek. Milesker. —On dagizula.»

 

 

 

AIPHAGARRI

 

      Ahal da bazterretan berri, oro baginazki, aiphagarri litazkenik. Dazkigunetarik ere frango gelditzen zauzko aste bakotx gibelerat; batzu, ahantzirik; bertzeak, ezin helduz, denbora edo toki eskasez.

 

      Hala nola, badela han urrun joana, Lorraineko aldean, Tarbeko arreximendu baten bandera ekartzale, lotinant apez Eskualdun bat, Dominique Doyénart, apeztu berria.

      Ez ahal da egundaino ikusi oraino frantses armadetan apez lotinant, bat bere kolonelak bandararitzat hautatua.

      Ohore bat da hori, ba eta lanjer handi bat, bethi xutik, bethi ororen aitzinean baitoa alabainan banderaria; etsaia ere lehenik hari aiher; hil arte ez baitu, neholere ahal badu, soldado onak utzi behar eskuetarik erreximenduaren ohorea bere hegaletan daukan bandera.

      Han harat joan geroko berri bakarra dugu, Doyhénart apez banderariak agorrilaren 15, Andre-dena Maria goizean, lur has zeru has, erreximendu guziaren aitzinean meza eman zuela, han urrun.

      Geroztik entzun dugu, etzutela oraino sua ikusi. Segur gira, zer nahi gisaz, ez banderaria, ez haren lagun eskualdun eta bertzeak ez daudela uko.

 

      Gerla huntan, ez dute, heldu zauzkun (et aoro emaiterat haizu ez giren) berrien arabera, ez eskualdunek, ez eskualdun apezek nehongoeri zorrik ukanen.

      Biba Frantzia! Biba Eskual-herria.

 

* * *

 

      Jean Ybarnegaray, eskualdun deputatuaren berriak irakurturik gaude, aste huntan behin, Paristar «Echo de Paris» kazeta handian; osasunean dela, omorea onik, soldadoaren egitekoeri jarraikia ederki; lagun guziek maite; erran gabe doana, bereziki eskualdun lagunentzat dena bihotz.

      Bihotzez diote igortzen Eskualdun-ak hari eta harekilakoeri, goraintzi. Berma hor, gazteak! Ikus arte!

 

* * *

 

      Emanuel Iguinitz, Bayona katredaleko sakristau François Iguinitzen semetarik bat, «foot ball» delako indar jokoan aiphatuenetarik denak, egin du gerlan ere beretarik.

      1°— Agorrilaren 23an, Harosteguy Urruñar apez-soldadoarekin, biek altxatu zuten beren «sous-lieutenant» Birade Baiones kolpatua, etxean baita, sendatzeko bide onean.

      2°— Iguinitzek berak, 24an baiones Martin sarjanta, kolpatua erortzen ikusirik, brau, hartu bizkarrean eta ereman zuen etsaiaren helmenetik, hau ondotik zutelarik oldar gaitzean heldu.

      3°— Biharamunean, ala geroxago eztakigu xuxen, Iguinitzen aitzindariak suan hil eta heien ordain bera jarririk 50 gizonen buruzagi 100 alemanen kontra, oihuegin du «Feu à volonté» Pin-pan-pan, batzu hil, bertzeak ihes, erhautsi dituzte.

      Han ziren bertze soldadoetarik batek du hau erran, kolpatua jin delarik hunat.

 

 

 

BANDERAK

 

      Alemaneri hartu lehen bandera ekarri zutelarik Pariserat, ukan zuen ohore, haren hartzaleak; geroztik bi, hiru, lau, bazirela etsaiari kenduak zioten, noiz eta ere jin baita zazpi egun iraun duelako bataila izigarriaren berria.

      Hortan eta geroztik hunat zonbat ditugun aleman bandera eskuratuak, jakin beha gaude.

      Banderez bertzerik utzi daukute, letrak eta oro multzoka non nahi utzirik direnaz geroz ihesi joan.

 

 

NORAINO JOANAK

 

      Iduri omen zuten Berlinen harat zoazila, sekulako harrituak. Gureak ondotik, joan ahala joan.

      Frantziako lurra osoki hustu gabe geldituak omen dire gure eskuineko aldean, gibelaz beren herriari, kopetaz hunat itzulirik.

      Bertze muthurreko bat beharko naski, joan ditela hemendik urrun, edo hezurrak hauts. Hor nonbeit dukegu lehen bataila.

 

 

EZ AHANZTEKOAK

 

      Ez ditzagun ahantz kolpatu bat eta hil bat: kolpatua, Louhosoar kapitain Dibar ixterra bala batek aldean bertze pasatua. Hobekituz doaz.

      Hila, Regis Casedevant, Doniane Garaziko jaun mediku onaren iloba; aita mazik ditazken hoberenen haurra, zortzi haurridetarik seme zaharrena.

      Hari zauden xoratuak gero-ta gehiago burhasoak, halakoa omen baitzen buruz, bihotzez, eta orotaz.

      Jainkoak emana ereman diote Jainkoak. Daudela haren nahi sainduari Zerk ezti holakoetan burhaso eta ahaide sineste gabekoen bihotzmina?

      Dohatsu, hauk, ez baitire halakoetarik!

 

(Kirikiño)

 

1914-09-12

 

Akiakula barregarria

 

      Akiakula ta atxakia bat dira. Atxakia españerazko achaquetik ei dator. Akiakulak geurea dirudi.

      Orra ba: Doitxerriko Kaiserrak, II Gillelmak, artu eban lengo baten Wilson, Amerikako Laterri Batzatuen Lendakari danaren izparra, doixtarrak Belgikan egin dituen astakeriekaitik gogor egiten eutsola, zematurik orretara badarraie, bera be neurriak artzen asiko dala doixtarren kaltez, ori ezin leikelako ezetara be jasan (sufridu). Eta Kaiserrak erantzun dautso Belgikan uri asko erre ta kiskaldu ta zuzitu badira, ez dala bestegaitik izan, ango emakumetxuak txarto artu dituelako gudamutil edo soldaduak baiño, emakumetxu orreek gogorkeri andiak egin dituela gudamutillekaz, ta orregaitik izan dala.

      Ederki emana!... gure anai laztan gipuzkoarrak esaten daben lez.

      Beraz gudagizon gaxoak, erbi-buztana lakoxe biboteak ezpan gaiñetan dituela, barregarri edo estu ta larri erabilli dituzte belgikar emakumetxu orreek.

      Gauza barregarriak entzuteko ludian bizi izatea lakorik ez dago. Belgikar gizonezkoak izkilluz orniduta ezin izan dabe eutsin ganera etorri jaken doixtar gudaroste izugarria ta emakumeak, izkillu barik eta bakotxa bere etxean negarrez ikaratuta dagozala, egin dautsiez doixtarrei kalte andiak.

      Amaika astakeri bai egin izango dabe doixtarrok emakume orreekaz! Egia bada Kaiserrak ori esan dauala... orraitio... burla egiteko gogoa badauko berak.

 

 

1914-09-15

 

Ingalandarren abertzaletasuna

 

      Pantzen dabiltz gudan doixtarren aurka 200.000 inguru ingalandar. Eurok izan dira lenengoz atzerantz eragin dautsienak doixtarrei. Argiroago, Marne ibai orretan lengo egunetan izan dan gudaldi odoltsu izugarrian, ingalandarrak egon diran lekuan asi ziran atzerantz egiten doixtarrak. Ederto guda-egiten dabe.

      Ingalandan bertan, gertetan ibilli dira 400.000 gizoneko gudarostea, ta oraingo eskier (seguru) asi dira Belgika ta Pantzen leorrerazten, bitarteko itxasoa igarota, eta euren gobernuak adierazo dau milloi bateraiño jasoko dauala gudarostea (ejertzitua), bearra bada.

      Jakin bear da gudari oneek gurarizkoak (voluntarioak) dirala, Ingalandan ez dago kintarik, gura dauana joaten da gudari izateko, ta gura ez dauana ez.

      Au onan izanik, ez da arrigarria orrenbeste gizon agertzea izkilluak (armak) artzen, euren guraz (borondatez)? Orreek ingalandarrok lez gudara joatea norberen eskuan balego, zenbat batuko ete litzakez beste laterrietan, batez be neuk dakidan eta zuek igarriko dozuen baten?

      Ingalandarrak euren aberria oso maite dabe, ta igarten dabe Doitxek Europan aginduko baleu, txarto ibilliko litzakela aberri ori, ta orregaitik doiaz eurrez izkilluak artu ta guda zabaletara bizia jokatzen aberri-aldez, iñok nai ta ez eroan barik, euren guraz.

      Agaitik dira gudaririk onenak, euren agintariekaz bapat egiñik, oneen agindu baga oñik atzera egiten ez dabenak azkenak bertan egin arren be.

      Beste laterrietan gudamutillak eroan egiten dabez. An, eurak doaz.

      Onetan, abertzaletasun bizi-bizia darakus Ingalerriak. Beste errietan be badira abertzaleak, ez dogu ukatuko. Baiña ez dabe ondiño emon orrelako erakutsirik.

      Burustu gaitezan abertzaletasun orren aurrean, batez be gu euzkotarrok, abertzaletasunean azkenengo zotzak garanok...

      —Zer diñozu? Zeure anaien kaltez itz egiten asi al zara?

      —Nire anaiak eurak egiten dabe, itza baiño geiago, euren buruen kaltez. Lotsagarria da euzkotarrena, esan leike zuzengarriak ez dirala. Emen daukozuz asko ta asko abertzaletzat euren buruak daukezanak eta... Belmonte agertu orduko, or doaz zokondora abertzaletasun guztiak! Orreetariko eperdiestu batek abertzaletasuna kentzen dautsenean, nun geldituko litzake bizia galtzeko zoriaren aurrean? Ut!!

 

 

1914-09-18

 

Gudea

 

      Atzoko izparrak diñoe barriro be alkarri eldu dautsiela alkartuak eta doixtarrak Parantzeko Aisne deritxon ibaia baiño iparralderago. Badaragoiela gogor joten, ondiño makaltasunik igarten ez dala ez bat ez bestearen aldetik.

      Ortxe doixtarrak atzeratzen badira, esan leike laster etorriko dala guda odoltsu andi onen azkena. Obe litzake!

      Pantzetarrak or galduko balebe, gudeak ondiño jarraituko leuke luzaroan, ba Parantzek ostiko andi ta gogorrak daukoz: Ingalanda ta Errusi. Iru laterri andi oneek daukezan indartzarrak azpiratuten aldi luze-luzeak bear ditu Doitxek.

      Onek, ostera, bere indar guztiak jokoan ipiñita daukoz oraingoxe. Ta ganera gudeari ezin leio luzaroan arpegi emon, ba bere mugak itxita daukoz leorrez ta itxasoz, ta ezin jako atatik ezer joan. Bere ola ta lantegiak geldi daukoz. Erri ugaria da notiñetan. Gosea ta itxulaspena arin agertu bear dira.

      Biarko ta gaur goizalderako be bai bearbada, elduko dira izparrak Aisneko gudaldi orrenak.