Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-09-11: Irautea da guzia

      Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza! Aste honetan ere batasunaren aldeko aldarria da Eskualduna, besteak beste eliza eta zenbait politikariren kontra aditutakoak isilarazteko. Kazetak gerran ari diren herrialdeen soldadu kopuruak dakarzkigu eta azaletik bada ere, Belgikako frontea eta Errusiaren partehartzea hartzen ditu hizpide. Frontean irautea irabaztea da Eskualduna-rendako. Berri ezean, Baionara ekarri kolpatuen testigantzak agertzen ditu, eta bidenabarkoan alemanen krudelkeriak agerian utzi. Informazio gehiago eskaintzen digu Euzkadi-k eta fronteen egoerari errepasoa eman ondotik zenbait gertakari zehaztasunez agertu. Belgikako Lovaina eta Anberes hirietan jasotakoak, hegazkin alemanek Paris bonbardatzean gertaturikoak eta Errusiako fronteari dagokionez, Lenberg hiriko gudua. Azken honen kontakizunean lerroartean irakurtzera gonbidatzen gaitu Kirikiñok. Bakoitzak bere astoari arre, aste honetan ere aliatuen aldeko agertzen da Euzkadi eta ez du egokierarik galtzen karlisten kazetak egurtzeko.

 

 

Biba Frantzia

 

      Iragan astean behin, gizon bat —ez eskualduna— Baionako etxe, hazi eta bihi anhitz saltzen den batean sarthu da, iduriz kexu. Zer othe zuen eta zerk zerabilan?

      Zerbeit erosi nahi eta sakela hutsa? Ala golkoa pozoinez bethea eta ezin egon, xuxen edo makur, norbeiti jazarri gabe.

      Dena dela, gure gizona kexu zen biziki, zariola; «Debru apez hoik! Urhats bat eztezaket egin goizetik arrats, non nahi bi, hiru, lau ikusi gabe, karrika hok oro berenak balituzte bezala.

      «Hoik gerlarat, behar ederrez: iduri-ta ez jakin orok, on baino hanitz kalteago direla gerlan apezak! Hasteko ez ginuke gerlarik, ez balitz apezik.

      »Eta gero, herriaren trahitzeko baizik ez dire. Gerla huntan berean nork daki zonbat den hoitarik Frantziako armadetan alemanaren alde»?

 

      Oro harrituak gizonari beha, burutik othe zuen ala zer?

      Batere: gerla egun hits hautan, Jainkoari esker, guti diren bezalako barne egosi tzarretarik bat zen, haguna zolatik goiti zariola, dena lohi.

      Utzirik behin bere astokerien aurdikitzerat, hanxe elhe gutiz tapatu zuten bi emazte mihi onek.

      Aldetik beha bizpahiru gizon, irriz ustelduak, astaputz hura merezi zituenen aditzen ikustearekin, hitzik gehiago ezin atherazko heinera, matatua.

      Egunak baitire hauk, apez ala edo zoin bertze, gu frantsesak Frantzian elgarrez gaizki nintzatzeko! Eta nortaz nor?!

      Soldado gaizoak hor harat hiltzeko hirriskuan, zer nahi gertha, kontent doazilarik apezekin, hemen gelditu gizon ziri bat ezin egon ixilik, nehork deus galdatzen ez dionean!

      Guti da beharrik, holako guti biziki, egun hautan. Behar ere ba. Bakar bat ere ez balitz, hobe litake oraino.

      Etsairik aski badugu, alemanarekin.

      Eztu ere Frantziak soldado soberarik, dituen hoberenak hegiko zikina bezen poxolu ukaiteko frantses gizon zentzu izpirik duenak.

 

* * *

 

      Agorrilaren leheneko arratsean, larunbatetik iganderako gau erditsutan, gerlarat orotako lehen zoazilarik Doniane-Garazirat buruz Donazaharren barna, karrosatara bat gazte, —ja gerlak erhoenari furfuriak barna sar-araziak behar zazkon denboran— batek zintzurraren hausteko heinera oihu egiten zuen; «Biba Frantzia! Fuera Ybarnegaray».

      Gaizo zoroa! Nor eta nungo baitzen ere, freskatuxea ahal da engoitik, hil edo bizi!

      Onik baizik ez diogu desiratzen. Eta zinez egia, ordu berean ere, nahiz ez ginuen atsegin hartu, oren latz hartan, frantses eskualdun soldado baten ahotik atheraldi koska bihurri hura, —halere gaizki baino nahiagoz ontsa jujatu — gogoratu zitzaukun arnoa zela mintzo, ez gizona!

 

* * *

 

      Bat kaskoinaren, bertzea eskualdunaren bi ahopaldi txar hoik, bakarrak dire, hilabethe bat baino gehiago huntan holako bakarrak, gure beharriek entzun dituztenak.

      Aiphatzearen oherea ere hemen egungo Eskualdun-ean etzuketen merezi, ezpalitz garbiki eta goraki erraiteko, zoin den atsegin, zoin eder, zoin gozo, ikustea egun latz hautan, frantses guzien, eskualdun guzien batasuna.

      Ezta gegiago gutartean politikazko herrarik, ez eta hoztasunik ere.

      Diot; politikazkorik: zertako behar litake bertzelakorik ere?

      Balitz han edo hemen oraino zonbeit piru gaixto, gerla hunek ezeztatu ez duenik oraino, ez dezatela iraun. Egun zortzi giniona; «Fuera herra!»

      Biba bakea, gutartean.

      Bazterretako berri eztakigu hemen Baiona hirian. Bainan bi gogoeta on eginik gaude, hemengoz hemengo, bospasei aste huntan.

      Zonbatekin eztugu solas egin, bethidanik adixkide bagine bezala, osoki arrotz ginelarik, ba eta zonbeitekin etsai, gerla hunen aitzinean.

      Hainbertze ondorio gaixto badu gerlak, non on bat ikusten diogunean, eta hura gutarteko, herritarren elgarrekilako bakea, herraren orde atxikimendua elgarrentzat, bihotza hunkitzen baitauku hemen huntaz mintzatzeak berak.

      Ba, goazin oro ororekin bake. Biba Eskual-herria! Biba Frantzia!

 

* * *

 

      Biba Frantzia!

      Zonbat aldiz othe gaude bi hitz hoik aditurik iragan egun eta gauetan Baiona hiriko karriketan!

      Bereziki soldadoak ehunka, milaka zoazilarik hiritik burdin-biderat, gogotik zuten, eta dute oraino bethi bulhar guziek oihu egiten Vive l'armée! Vive la France!»

      Nagon karrikan dut azkenik entzun, arratseko hamarrak ondoan, ehun, berrehun heintsu hori soldado atabal eta kleron musikaz karrikako bi etxe lerroak inharrosten zituztelarik, jendea etxe alhazetarik, leihoetarik esku zartaka, oihuka, gauaz, ari; «Vive la France!»

      Zer zautzue, bal, baño ez baitzen ageri, ez orduan ez bertze egunetan ez gauetan, oihuka; «Vive la Répu...»?

      Hastiaturik othe ordu artean maite zutena? Ene arabera batere.

      Bainan bakotxak bere baithan egiten zuen; «Begoite aiphatu gabe gutarteko ez-bai guziak. Frantses bati, edo zoini, den gutieneko pena egin dezokenik ez dezagun adi-araz.

      Nehork, ez kazetetan, ez nehon, erakutsi gabe, zer oihu egin, zer ez, berek beren baitharik dautzuete hatzeman elgarren alderako jendetasun, ikustate hori.

      Hori deus ez bazautzue, nik eztakit zerbeit aiphagarririk zer den, egun hautan Frantzian.

      Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza!

 

 

 

Zenbat soldado

 

      Badakizue zoin diren elgarren adiskideak eta elgarren etsaiak oraiko gerla huntan: alde batetik, Alamania eta Autrixia; bertzetik, Frantzia, Rusia, Angleterra, Belgika eta Serbia. Erran nahi dautzuet, egun, zenbat soldado egor dezaken gerla huntarat erresuma hoitarik bakotxak.

      Alamaniak jendeketa gatza du; sortze hainitz duelakotz, handizki emendatzen ari baita urthetik urtherat. Badu orai hiruetan hogoi-ta bortz miliun jende; eta hoitarik gerla huntako bilduak, sei miliun soldado bederen. Ez dakigu xuxen; zeren erran baitute, hamazazpi eta hiruetan hogoi urthe arteko gizonak soldado direla, eta ez baita errex jakitea eia hori hola den. Hori egia balin bada, badire, sei miliun soldado baino hainitz gehiago.

      Autrixiak, bere berrogoi ta hamar miliun jendeekin, baditu lau miliun soldado hurbil. Ez bide dire soldado hoik gain-gainekoak, bainan andana handia bada.

      Beraz gure etsaiek badituzte bilduak hamar miliun soldado gutienerat.

 

* * *

 

      Frantzian, baditugu hogoi-ta-hemeretzi miliun jende, eta lau miliun soldado. Badakizue soldado hoitan badela mota guzietarik adinaren arabera, hogoi urthetarik berrogoi-ta-zortzi arte: batzu, etsaiarekin gudukatzeko hautak; bertzeak, zahartuxeak, etsaiaren ganik urrun diren hirietan baizik egoiteko on ez direnak. Bertze erresumetan ere, holahola da. Ez dire guziak berdin arin, etsaiari buruz lasterka ibilzeko.

      Rusia, Europako bertze erresuma guziak elgarrekin bezen handi da eremuz. Baditu ehun eta homabortz miliun jende, eta zortzi milun soldado. Hainitzak beldur ziren, soldado hoik guziak nekez bilduko zituela. Bildu ditu, uste baino errexkiago eta lasterrago. Holako andanarekin lan gaitza egin diteke.

      Angleterrak, bere berrogoi-ta-bortz miliun jendeekin, armada ttikia du. Bertze erresuma guzietarik itsasoaz berexia, ez du soldado hainitzen beharrik. Zenbat ditu?... Gehienerat, miliun baten erdia. Ehun bat mila ditu Frantziarat egorriak. Bainan bertze erresuma guzieri nausi da itsasoan bere gerlako untziekin. Hoiekin dauzka Alamaniako eta Autrixiako untziak herstuak itsas-hiri zilo batzuetan; ez baititezke atrebi beren gerizetarik urruntzerat. Hortako itsasoz heldu zaizkigu deskantsuan, behar ditugun guziak.

      Belgika, eremuz ttikia, bainan, bere zortzi miliun jendeekin, erresuma bat joria. Ez zuen armada beharrik Europa guziak onetsirikako lege batzuen arabera, gerla guzietarik kanpo behar zenaz geroz. Badakizue nola Alamania trufatu den lege hortaz, eta bortxatu duen Belgika berrehun mila soldadoren biltzerat, bere lurren beiratzeko. Ahur bat soldado hoiekin ihardoki dio azkarki.

      Serbia, erresuma ez-deus bat, berrikitan, Turkiari buruz eginikako gerlan emendatua. Baditu orai lau miliun jende, eta hiru ehun mila soldado; armada horrekin zafratu baititu, Autrixiatik horri buruz etorri soldadoak.

      Beraz Frantziak, eta Frantziaren adiskidek, badituzte hamabi miliun soldado baino gehiehabo; ez naski oraino guziak bilduak, bainan nahi dutelarik bil detzazketenak.

 

* * *

 

      Non gudukatzen dire aipatu ditudan erresuma hoitako armadak?

      Serbiakoak, goraxago erran dautzuetedan bezala, Autrixiari buruz; beren lurrak beiratzen dituztelarik, Autrixiako lurretan sartuak baitire.

      Rusiakoak Alamanian eta Autrixian dire, erresuma hoitako armadak garhaitzen eta ihesari emaiten dituztela. Heldu gogo dute laster bi hiri nausietarat.

      Angleterrakoak Frantzian dire, gure soldadoekin batean. Errana dautzuet, hoik bereziki itsasoan beren untziekin direla bermatzen.

      Belgikakoak jazartzen zaizkote beren lurretan dituzten alaman soldadoeri, beiratzen dituztelarik etsaien eskuetarat oraino eroriak ez zaizkoten hiriak.

      Frantziakoek badute zer egin, ezin ihardokiz Alamaneri; Alamaniako armada genienak eta azkarrenak heien gainerat etorriak baitire. Alamanen jukutria hau izan da: doidoia zenbeit mila soldado utz Rusiari buruz, eta uste zuten bertze guziekin errexki eta laster lehertuko zituztela Frantsesak. Bainan frantses soldadoek ihardokitzen baitute ederki eta ihardokiko dute, Rusoak Alamanen hiri nausiraino heldu arte.

      Edo Alamanek gutitzen baituzte beren soldadoak, beren hiri nausiaren gerizatzerat, orduan hemen utziko dituztenak izanen dire laster zafratuak.

 

 

 

Gerlaren berri

 

      Zertan dugun gure gerla, galdatzea errexago da ezenez ihardestea. Halere huna laburzki zer heinetan giren. Ez gain gainean; ez eta ere zonbeitek uste bezen gaizki.

      Huntaz behar gira orhoitu: etsaia debruak hartua dugula, igurikitzen etzituen gibelamenduak hatzemanik, eta ez ttipiak oraino.

      Belgikan gaindi nahi zuken sarthu Frantziarat, non zabilan nehork galdatu ere gabe. Hogoi egun galdu ditu hango pezoin gaixtoa ezin hautsiz. Eta geroztik hunat ere, badu lan, Belgika ezin atxikiz bere zangopean.

      Anglesa uste zuen elhe zuriz bere ganat bil. Tronpatu da ederki.

      Uste zuen Rusoak soldado zahar tonto batzuez garhait han bertze alde hartan, bere armada gazte, on guziak, guri aurdikiz oro baten bizkarrera.

      Guk ihardukitzen diogu, harek guri bezenbat min eginez hari guk.

      Irautea hoin indar eta oldar gaitzeko etsaiari, zerbeit da. Zer diot: irautea da guzia. Anglesak eta Rusoak eztaukute bertzerik galdatzen, baizik irautea, ahal bezenbat, etsaia higatzeko, luzara.

      Rusoa, bere aldetik ari zaio alemanari azkarki gainaren hartzen. Aitzin gibelak batean ditu eri alemanak.

      Autrixia Serbiaren eta Rusiaren artean leherturik dago, zorria bezala. Hura lagun,... poxolu baizik eztu hemendik goiti Alemaniak.

      Italia berekin zuela zuen uste. Tronpatu da. Azkar ba azkar, bainan ahultzen hasi ja; nahi eta ez, ahulduz joan behar, bakarrik delakotz ororen kontra.

      Gogoetatzen hasia dela Guillaume baitiote, badu zeren.

      Ez balitz hartaratua ere oraino, bego denborari azken hitza. Tronpatuz behin, bietan, hiruetan, orotan bethi tronpatuz, salbu aleman eta frantses odol hanitzen ixur-arazte hortan, jinen zaio azken tronpaldi bat, ororen buruan bizkar hezurraren haustekoa.

      Ezta espakurik; etsai sobera du, eta elgar lagunduz, laguntzen duten bezala, bi tantoz eta lauez Alemania baino azkarrago.

      Alferretan dago Jainkoari oihuz Guilaume. Zuzenaren alde da Jainkoa, eta hala izanen.

 

 

 

KOLPATUAK

 

      Eztugu kolpatu eskasik; bainan etsaiak ornen du guk bezenbat, edo gehiago.

      Baionaraino eta inguruetarat igorri dauzkutenak, araberan arinki dire kolpatuak. Bi miletarik bat edo biga dire hemen hil, gure jakinean.

      Bizpalau ehun badire ja beren dépot-tarat joanak, kolpatu berriagoeri lekhu egiteko.

      Berehala on direnak gogotik doazi berriz gerlarat. Bihi bat ezta uko dagonik.

      Jitean baino itxura hobea dute orok ere joaitean.

 

* * *

 

      Arribadako egunean ez dire hanbat begikoak. Hilabethe bat, han Alsace-Lorraine-ko aldean, edo Belgikan, batzu Frantziako lurrean hunatxago ibilirik, gau eta egun, pilakatuak; azkenean kolpaturik, hiru edo lauetan hogoi oren burdin-bide hoitan higaturik — osasunekoarentzat ere lehertzeko litaken piaia luzea eginik, pentsa nolakatuak diren huna orduko!

      Soinekoak erhautsez, odolez, lohiz eta izerdiz fundituak; kasik orok athorra xehakatua, lurra bezen hori beltz egina; unthusik batzu, oinetakoak ezin jauntz, zangoak hantuegiz.

      Gizon batzuek bizkarrean eremanik, berak joaiteko on ez direnak, ohe aitzinera... heien behakoa ohe xuriñoari, heien hasperen zorionezkoa, diotelarik, etzaterakoan, buluz arau: «Ai ama maitea! Zer gozoa, lur has idor, hotz, lohitsutik lekhora, oheño huntan lo egitea!

      Eta infirmier hoik, andere eta serora hoik hor... —Zuen arthatzeko —Merci, — Ez ta zeren. Engoitik behartuak zirezte. Huna salda ihintz bat, barnearen pizteko; ondotik arno hurrupaño bat.

      Geroago-ta sokorri gehixago, azkarrago, indarrak jin arau.

      Indarrekin orori, eta batzueri lehenago zeie heldu omore ona, irri gutizia.

      Gazte alabainan, eta elgarrekin jostatu nahi. Omore on, salda on, ohe on, artha goxo, eta ahal denean zonbeit zigarret edo zigarro, zer behar du bertzerik soldado kolpatu larru onekoak? Vive la joie!

 

* * *

 

      Jostakin hutsak badire; nigar-egingarrizko xehetasunen artetik atherako baitautzute, batere beha etzaudelarik, tartalkeria bat, irriz urratzekoa, iduri deus

ez.

      Halakotzat ezagutua nuen batekin solas eginik atzo, hain xuxen arras gizon aldian baitzan, izaba xahar aberats idorxko bati ahalik abilkiena itzulirik igortzen zion letra baten bruillona ongi othe zuen egina, erakusterainokoan, banoako ihesi, bihar edo etzi artio erranik.

      «Zu ba jinen;... batere etzira jinen, bethi kazeta lan edo zerbeit estakuru. —Jinen niz. —Ikusiko dugu».

      Alegia muthur gelditzen zaut den bezalako ihizia.

      Eskaleren zolara ez nintzen heldua, noiz eta ere lasterka badarraikit infirmier bat: «Errazu, jauna; zaude, hitz bat. —Zer da? —Holakoak zure galdea du. —Ez dut aizinarik. —Othoi jiteko; baduela zerbeit erran beharra, baitezpada, gaur berean».

      Banoako: «Zer zinuen! —Zera, ori; ez luzea, ez. Istorioño bat nauntzun kondatu nahi, ahantzi gabe.

      Turko beltz afrikano hoik bezalakorik ezta. —Nolaz? —Hunateko itsasoari lotzera ginoazilarik, eztakit zer solasek ekarririk erraiten diot bati, zer ihardetsiko zaundan ikusi nahiz: «Toi, philosophe. —Non, pas fé los of, moi. —Oui, toi. —Non, pas moa. Le poule fé los of; moi, pas oun, chamé, ché té chur vérité».

      Horren erraiteko igan arazia ninduenez, bereak erranik, hanxe utzi dut, aldeko laguna etzaukela irriz.

      Haur batzu, hots; batek bala batez, bertzeak biez, zangoko hezurra tiroaz aldean bertze zilhatua; hantua ere ba, preseski mintzo zen bitzi harek, larruak atxik ahala; halere josta-gura.

      Ez omen baita laster sendatzeko deus halakorik, nola irria.

      Deus egitekorik ez lukenarentzat, ah! zer konpainia maitagarria, kolpatu gaiza hoiena! Bereziki batzuena, zoin alegera!

 

 

 

ETSAIAREN ABREKERIAK

 

      Ezin sinatsizko abrekeriak egiten daizkute omen aleman tzar hoiek, jendetasunaren urrinik den gutiena duten gerlatiarrek ez egitekoak.

      Ez dire mintzo bakarrik frantses kazetak, bainan ba handik hunat jin soldado kolpatu gaizoak; beren begiz ikusiez mintzo direnean ez sinestekotz gure soldadoak, nor sinets?

      Arren huna zer dioten: ikusi dituztela beren begiz alemanak gure kolpatu lurrerat erorien hiltzen, ez delarik egitate hori populu gizontasunik dutenen artean onetsia. Alegia uko, besoak goiti altxaturik hurbil gure ganat, eta gibelean gorderik zauzkaten mitrailleuses batzuekin, gu erhauts. Urdeak!

      Belgikanoen jaunzturekin beren buruak bezti, eta alegia gure adixkide hurbildurik, gure soldadoeri tiro.

      Belgikan ala Frantzian zibilak eta oro hil: auzapez, apez, emazte, haur, eri ohatu; etxetarik nork edo nork tiro tiratu diteke gezurra estakuru.

      Estakuru gezurrezko beraz, 15 urtheko mutil gazte bati bi begiak lehertu.

      Haur uken berri emazte bat oheari estekatu, haur gaixoa aldean, eta etxeari su eman.

      Emazte haur hazle batzuri bulharra ezpata ukaldika moztu. Gizon dohakabe ihes zoazin batzuri, deus egin zutenez ere jakin gabe, eskuak moztu, edo besoak, gogora heldu zitzeien bezala.

 

(Kirikiño)

 

1914-08-29

 

Atzoko guda-izparrak

 

      Belgika-Pantzeko mugan badirau burrukeak araiñegun baizen gogor, alde banatakoak euren lekuak zaindu dabezala. Doixtarrak ba ez dabe urratu alkartuak aurrean ipiñi dautsien esia. Or dabiz alegin andiak egiten, gudamutil taldeak bata bestearen atzean arerioekana jaurtirik, baiña antzez etorri alan ilten dautsez, ta ezin izan dabe esi ori igaro (gu idazten gagozan ordurarte beintzat).

      Doixtarrentzat egun txarra, ba berandutzen diran egun bakotxa galtze andikoa da orreentzat. Orreei datorkioe ondo gudea arin amaitzea, bestelan galduak dira.

      Pantze ta Doitxeko mugan be aren baten. Ez dabe egin aurrerarik. Pantzetarrak eutsin egiten dautsie.

      Errusi ta Doitxeko, baita Errusi ta Osterreizko mugetan, errusitarrak aurrera doaz egunik-egunera astiro-astiro bada be. Karlisten izparringiak diñoe au ez dala egia. Baiña orreek, gurata be, ezin dabe iñoz egirik esan guzur-utsa baiño. Errusitarren aurrerapen onen izparrak datoz leku bitatik, Erromatik eta Londondik, eta bietatik bardin, eta orregaitik siñesten doguz (Jaungoikoari eskerrak) karlista ez garan guztiok.

      Itxasoz, Baltikan doixtarrak galdu dabe gudontzi bat, Magdeburg. Onek bazterra jo bear izan eban, eta bere agintariak su emon eta eztanda eragin dautso, errusitarrak arrapau ez egien. Atalandikan ingalandarrak arrapau dabe doixtarren zamaontzi andienetariko bat. Adiratikan pantzetar ta ingalandar gudontziak txibitea darabille Osterreizko itxas-bazterretako uriak bunbadaka zuzitzen.

      Atzo esan zan Itali ta Osterreitz, alkarri agiñak erakusten dautsiezala lepoko uleak astin-astin eta urrumadaka. Eskier dala laster alkarri elduko dautsiela.

      Balkan-aldean be guda-bildurra bada. Turki ta Errumani ta Bulgari ta Gerka ta, guda-gertukizunak egiten el diñardue.

      Antza danez, Jaungoikoak esan bear izan dau: «Ni ez nozuela gura ta zabiltze arro-arrorik or. Itxi egin bear zaituet, ia zelan atonduten zarien zeuok».

      Ludi guztiak gudan jarri bear ete dau? Ondiño onakorik egundo ez da ezagutu. Txerren aske dabillela esan leike.

 

 

1914-09-01

 

Deutschland über Alles

 

      Auxe da doixtarren ikurritza (lema); euskeraz: «Doitxe ororen gain», edo, erri oro edo guztien gain Doitxe dala edo izan bear dala. Beste erri guztiak bere azpian egon bear dabela.

      Zegaitik? Beste gizonak baiño zer geiago dira ba doixtarrak? Gertututa dagozalako gudarako? Indarra daukelako, euren ustez, besteak nai ta ez azpian sartzeko?

      Arrokeri eroan eziña da gero!

      Eta amaibako zuzentasuna dan Jaunaren aldekotzat euren buruak daukezanak Doitxen adiskideak dira.

      Bake-bakean egoan Belgika-erria doixtarrak ondatu dabe. Belgikar gaztedia odoletan ito dabe. Belgikako ola eder-ederrak apurtu dabez, nun ogia irabazi ez dakiela itxirik ainbeste anei ta anei sendi gentzakor (bakeor). Okerreri au egin dabenen aldez dagoz poz-pozik, amaibako zuzentasuna dan Jaunaren aldezkoak dirala diñoenak.

      Ezetariko jarkipen (erresistentzia) barik sartu dira Belgikan doixtarrak erri askotan eta, biztanleak ogi-irabazteki barik itxita, eskatu dautsiez dirutza ikaragarriak, zematurik (amenazaurik) arin emoten ez badabez eurak doixtarrak estu artuko dabezala errikoak. Berari kalterik egin ez dautsonari orretara diruak ataratea, indarra-bidez, ez da ondo, ezin lei Jaunak ontzat emon. Eta Beronen ururrekoak dirala diñoenak, a ondo egiña dala diñoe.

      Belgikako Lowen uri ospatsua, bertan iñok gauza txarren bat egin ebala-ta, doixtarrak gogorrean artu dabe, uriko etxerik andienak autsegiñik eta uriko notin agirienai bizia kendurik, euren artean abadeak asko. Urian iñok gaiztakeria egin dauala ta, errubakoeri, uritarrak dirala ta beste barik ordaindu eragitea ta ez edozegaz euren biziagaz baiño, okerreria da! Ba berau zuritu eziñik dabilz Zuzentasun Berbera dan Jaunaren aldezkotzat dagozanak.

 

* * *

 

      Paris uri gaiñera dator egaiz doixtar bat, eta jaurtiten dauz bonbak itsu-itsuan. Ak ez daki nor joko dauan, nor ilgo dauan. Gudari bati ala agintari bati ala iñoz ezetan sartu ez dan gixajorik gixajoenari ala ondiño oialetan dagoan ume samur bati, nori bizia kendu daikion ez daki ta, olan be, bonbak jaurtin uri gaiñera. Gaiztagin deungea!

      Eta euren buruak ontzat, onenentzat, daukezanak diñoe poz-pozik eskuak alkarregaz igurdirik: «Ori izan dok gizon balientea! Ondo egin dautse prantzes txarri orreei!».

 

* * *

 

      Jaumaitasuna (karidadea), non zara?

 

 

1914-09-03

 

Gudea

 

      Guzur asko dabil, beti lez, bakotxak bere opillari su egin gurarik. Onetantxe be, batzuk geiago dira besteak baiño ta badira izparringiak guzur-asmaketan eurak ibilten diranak, iñun diran larregikeriak ipiñirik irakurle gazbakoen txakur-txikia arrapetearren. Oneetariko lelo batzuk uste izaten dabe izki edo letra andiekaz guzur andi bat ipiñi ezkero, au ez dala guzurra egia baiño. Ondiño linboan jente asko dago.

      Atzoko guzurtzatik ataraten dana da:

      Pantzen doixtarrak aurrera doiazala Pariseruntz, La Fere, Compiegne, Amiens urietatik.

      Lorenan eta Alsatzen eta Luksenburgen pantzetarrak eutsin egiten dautsiela doixtarrai.

      Belgikan Antewerp-aldea osorik dagoala bertakoen menpean. Eta asi dirala doixtarrak alde egiten euren errialdera joateko, ba errusitarrak sartu jakez etxean eta barregarri darabillez.

      Purrusi Sorkaldekoan errusitarrak iñurriak lez doaz aurrera ta aurrera Berlineruntz, eta nok atzeratu? Or jazoko da bein esan genduana: iñoren etxea arrapetan urten eta norberenera sartu beste batzuk, eta bata ta bestea barik gelditu.

      Ingalandak itxasoz ukutu gogorrak egin dautsoz Doitxeri, urpera botarik ainbat ontzi. Leorrez be, indarrak eta indarrak bidaltzen dauz Pantzera oneri laguntzeko, ta gertetan diñardu gelditu barik gudarosteak (ejertzituak) bata bestearen atzean bidaltzeko.

      Ondiño burruka oni etxako ikusten amaitzeko antzik.

 

 

1914-09-05

 

Gudea

 

      Ia Paris-urrera eldu dira alde batetik doixtarrak, eta uste da moltsotuko dabela uri entzute andidun ori. Bertatik alde-egin dau Bordeauxera Gobernuak, eta egunokaz biztanle asko ta askok artu dabez trenak alkarren leian, andik urrun joateko. Al dauanak ba, ez dau egon gura uri barruan arerioak inguratuta daukiela.

      Diñoe Paris ondo gogortuta dagoala, ta bearko dabezala doixtarrak illebete asko bera arrapetako. Oneek ostera ei diñoe laster artuko dabela, jentea jentearen ganera bidalduta il nai bizi. Ikusiko dogu, edo jakingo dogu.

      Egun onetan ibilli dira egaizkari doixtarrak Paris gaiñean egaiz, bonbak jaurtiten itsu-itsuan, joten dabena jo dagiela, deungak! Araiñegun arratsalde beradurantza, egaizki bi agertu ei ziran. Bata, Eiffel torrearen ingurura eldu zanean, torretik tiroak jaurtin eutsoezan, apara egin eutsoen eta orduan arin alde egin eban, euren tropak dagozan lekuan lurreratzeko. Besteari urten jakon egaizki-pantzetar bat, eta biak aize-goian burrukatu ziran tiroka gogor. Doixtarra joan zan Paristik, baiña lastertxu jausi lurrera arria lez, ta apur-apur egin zan egaizkia, ta ilda idoro ebezan egaizkari biak. Antzez, egaizki pantzetarrak apara-egin eutson doixtarrari tiroren bategaz.

      Osterreitzen errusitarrak alde batetik, eta bestetik serbiarrak eta basobaltzarrak, aurrera ta aurrera doaz, ta orain osterreiztarrak bildur dira Wien deritxon euren goiturian sartuko ete jakezan.

      Purrusin be badoaz errusitarrak barrurantz, Sorkaldeko Purrusi osoa dago euren menpean, 250 killometro gitxienez luzera eta 200 inguru zabalera daukozan erki andia.

      Itxasoz ez da izan atzo izparrik (beintzat au idazten gagozan ordura arte).

      Beraz alde batean irabazi ta bestean galdu dabiz gudagilleok. Geuk beintzat ez dautsogu ikusten arin amaitzeko antzik guda ikaragarri orreri.

 

 

1914-09-08

 

Gudea

 

      Belgikako Antwerp deritxon uri ospatsu anditik urten ziran araiñegun belgikarrak doixtarren aurka (kontra). Ekin eben gogor bitzuek zati baten. Baiña azkenez, doixtarrak indar andiak ekarririk artu ebezan aurrean belgikarrak eta erriratu ebezan. Etzan onetan gelditu, doixtarrak urira sartu gura izan eben alde guztietatik indar asko pillaturik; orduan belgikarrak askatu eben ibaia, ta an inguruko zelai guztia itxasotu eben, eta doixtarrak ankajoko galanta egin bearran aurkitu ziran, bertan guztiak ez itoteko. Alan be, aurrenengo ebiltzanetarik asko ito ei ziran, eta uretan itxi bear izan ei ebezan kañoe ta burdi asko, eurok atarateko ez eben astirik izan ta.

      Au ulertzeko jakin bear da zelan dagoan Antwerp uria. Skalda deritxon ibai andi baten ondoan dago, ta jazoten da inguru guztia zelai andi-andi bat dala, ta berau be-be dagoala, ibaiko ta itxasoko ura baiño berago, ta ibai ta itxaso oneek biok, eutsinda dagoz orma lodi sendo-sendoakaz.

      Ba zelai orretan egon diranean doixtarrak uriai eltzeko, belgikarrak apurtu dabez orma sendo orreek, eta ura zabaldu da zelai orretan arin, eta urak ez arrapetako doixtarrak be arin ibilli bear. An izango zan arnas estua! Zenbatek jaurtingo eban morrala ta bearbada fusilla be, astuna kentzearren eta bizkorrago ibiltearren!

 

 

1914-09-11

 

Gezurra dabil, beti lez, ugari

 

      Gutxi gorabera egia ateratzeko nekea artu bear da. Atzoko gezurtzatik, burumuiñak ederki kirimillatu ta gero, atera degu ondoren jartzen deguna.

      Paristik asi ta sorkaldera Champagne erki-alderuntz ibilli dala jazar bizia etsai bitzuen tartean. Eta antza danez pantzetarrak bidea irabazi dute, doixtarrak egotzirik Marne deritzaion ibaitik iparralderuntz. Beintzat ala dio Pantzeko Gobernuak.

      Doixtarrak bultzakada gogorra ekarri zuten Belgika-aldetik, ugoldea bezela egun gutxitan sartu ziran Valenciennes, Saint Quintin, Compiegne, urietan. Aste bete ta erdi bada Paris-aldera eldu zirala, ta guztiok uste genduan bereala uri ospatsu au moltsotuko zutela, ta askoren iritzia zan egun gutxiren buruan beraren jabe egingo zirala. Baiñan ez da orlakorik jazo. Paris zirikatzen ez dira oraindik asi, eta guda biziro dabil len esan degun tokietan.

      Egun oietan zurrumurrua dabil aundia Ingalandak itxasoz dakarzkiala indiarrak, apirkarrak, amerikarrak (Canadatik), baita errusitarrak, Pantzen doixtarren aurka jartzeko. Izan diteke, ba itxasoaren jabe da, itxasoan orain ez du etsairik.

      Sorkaldean, errusitarrak darabilten zalaparta doixtar eta osterreiztarrekin, nork ulertu? London eta Paristik datozten izparrak diote errusitarrak irabazten dutela. Berlin eta Wientik, Erroma bide dala, datozanak ordea, ezetz, errusitarrak galtzen dutela.

      Ainbat egunetan ibilli dira esaten, Lenberg izena duen uri gogor indartsua, batzuek artu dutela, besteak ezetz. Ez genekian uri aura erori zan ala ez errusitarren eskuetan.

      Orraitio, atzo eldu zan izparra doixtarren aldetik esaten Lenberg etzutela irabazi errusitarrak. Oiek artu zutela ta jabetu zirala beratzaz... osterreiztarrak utzi zutelako, berai ondo zetorkiotelako ori egitea.

      Beraz egia da Lenberg errusitarrena dala onla edo orla. Onek esan nai du asko. Guda osterreiztarren eta doixtarren kaltez dabillela beste alde artan. Baita Lenberg orretakoa egia irten dan bezela, egiak izan bear dutela errusitarren gurendak Sorkaldeko Purrusin ere.

      Guda luzatu egiten da. Au txarra da Doitxerentzat. Asko dira esaten dutenak Doitxek guda irabaziko dula. Guk ez dakigu zeiñek irabaziko dun. Baiñan orain arte ez da orren antzik. Ondo neke izango zaio irtetzen Doitxeri sartu dan sasitartetik. Bera sartu da ta...