Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-08-28: Bonbak sakelara!

      Gerrari buruz arrunt informazio gutxi dakar Eskualduna-k abuztuko hondar astean, balorazioak dira nagusi eta gogoeta bat 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa gogora ekarriz. Bi kazetek alemanek Belgikan egin aitzinamendua nabarmentzen dute, baina frantziarrek bai Belgika bai Alsazia-Lorrenako frontean aurre egin dietela garbi utziz; eta biek ere Errusiak ekialdeko frontean egin oldarrak duen garrantzia azpimarratzen dute. Eskualduna-k, berri ezean, Baionako hirira hilaren 24, 25 eta 26an iritsi soldaduen berri ematen du, horietatik hiru mila inguru arrotzak. Espainiar, italiar, errusiar, poloniar, errumaniar, turkiar horiei bi aukera eman diete: Frantzia utzi edota soldadu sartu. Kirikiñok gertakariek Alemaniari ekar diezazkioketen ondorioak aletzen ditu Euzkadi-n. Ingalaterraren aldeko ageri zaigu Kirikiño, haren iritziz Espainiako zamaontziak itsasoan aske dabiltza ingelesen nagusigoari esker eta bestalde, gerra ekonomikoa dela-eta, nabarmentzen du ingelesek bonbak minik handiena hartzen den tokira jaurti dizkiotela Alemaniari: sakelara!

 

 

ETA GERLA?

 

      Gerlako berri hanitz baginaki, baginuke. Nork daki ordean garbitasun handirik?

      Kazetak — ez Eskualduna, bainan zerbeitez bethetzea, erasia dariotela, bar-bar-bar, aski zeienak, ar litazke zoin gehiago erranka, haizu balire; bainan ez baitire haizu; ez behar ere.

      Non nahi, noiz nahi, nola nahi erran edo izkribuz eman berri on ala berri txar (bereziki txar) egiazkoek burua gal-araz bailezokete hanitzi.

      Etsaia berri hetaz jabe baladi, bailazkike jakin behar ez dituenak eta oro, izanik ere, diot, berri egiak; guziz orduan.

      Are gehiago, hamarretarik bederatzietan gerthatzen dena holakoetan, gutiz gehienen ahoan eta egiaz ala jazko haizeaz bardintsu axosla duten paper nahasi batzuetan dabiltzan erasiak deusetako ez baitire, ororen erho-arazteko baizik noiz nor sinets eztakizula.

      Horrela ginuen, duela 44 urthe 1870 ean deupeha deuzxaren aaineadi hau isadazil hu a isabaei; holako egunean halako tokian eesak hunenbertze aleman eshautsi. Guk bethi gaina. Eta gero, dakizuena.

      Deuz ez ba'te lcnn lolsagarri, eskuetarik joanarazgarri nola ehun espanturen duruan jakitea ondoko egunetan, gezurrak zirela.

      Bainan egiak berak ez luke behar goizegi agertu. Hortakotz dugu ja errana, eztela behar berandetsi; soldado aitzindariek eta Gobernamenduak ongi egiten dutela, ez orori erraitea zer duten eginik eta zer egiri gogo.

      Gau eta egun asaldatua lagoke jendea, nehorentzat deus abantailik gabe.

 

 DAZKIGUNAK

      Hein bat bada orotan. Xuxen edo makur, orok oro berehala jakin beharrez, edo ustez oro jakin, ezin ixilduzko kalakatik, etsigarri den bezen luzaz egoitera orotan oro barur, bada bide.

      Bakotxak bere heien berriak bederen jakin ditzan apur bat, noiztenka, zuzen da eta Frantzia zertan dugun, zertara joaki eztakiguno, gerla-egun hautan, nehon eztugu onik.

      Berriak ez ditugula, ez nola nahi sinetsi, ez berandetsi behar, erranen dautzuena bera han dago, begiak xuriturik, alde orotarat so, nondik zer entzunen duen, edo irakurtuko.

      Kazetek egia guti, biziki guti daukatela ba, mintzo, eta halere kazetek holako egunetan arrakastak; egundaino bezenbat irakurtzale kazeta ez deusenek eta orok.

      Ezin utz sos bat ala bietan erosi gabe «dernière dépêche» azken berriak dauzkalako oihu-egileari.

      Hoik oro hola, zer dakigu orai arte? Gerlaren hastapeneko berriak, hilabethe eskas batez, bana bertze, aski onak ukanik, bizpahiru egun hautan, etzauzku araberakoak heldu.

      Etsaiari han hemenka uko egin arazi diogu behin; gure lurretan sartzera zoana, ja sarthua tokitan barna ere, haizatu dugu han harat, gibelerat.

      Ondotik jarraiki ere gitzazko eta sarthu, gu, harenetan haraxko.

      Huna non eiki, azken berrien arabera, gure aldi den, aitzinatze orde, gibelatzea. Zertako? Ezin ihardokiz etsaiaren oldar gaitzari, ala uzteko sartzera poxi bat, gero alde orotarik oro jazarriz, inguratuz, gibelerateko bideak hautsiz, erhausteko.

      Hastetikako bere planaren arabera, zortzi, hamar, gorenaz hamabortz egunez Pariseraino hel uste zuen etsai urguluz hantua, hogoi egun hor galdurik Belgikanoekin, oraino ere xede berean dagola du iduri.

      Iduri baizik ez balu! Bainan sartzen ari zauku apur bat, eta uzten dute gure aitzindariek hiri bat edo biez jabetzera; har errexenetarik zonbeitez ba; bainan gu harenez edo harek guri bertze orduz ebatsiez nausitu, ja ederki hasiak ginen bezala, nahiago ginukelarik, eta hobe.

      Hortan gira, edo ginen atzo eta herenegun, egunak eguneko berriak dakarzkigula; ezpaitakigu ontsa zonbatetaraino diren egiak.

      Odol hanitz ja ixuririk badela ba; etsaiak ere galtze handiak dituela ja omen eginak. Harek ala guk gehienik?

      Dakiguna da, gizon hanitz galdu dutela hor Alemanek. Guk ere ba, araberan. Bainan ez da izitzeko; are gutiago, etsitzeko.

      Guk zonbat, heiek zonbat xuxen, ez ditake oraino erran.

      Ja Belgikan ahultzen hasiak, hemen hartu dute kraskako bat handia oraino etsaiek. Rusianoek han bertze aldetik emanak daizkoten kaskak bertzalde.

 

 GURE KONTRA

      Hor dena da, etsaiak behin gure kontra baitu egiten indarrik handiena; baziren azken egun hautan, Belgikatik hunat sarthu nahiz ari, zortzi ehun mila gizon; atxiki diotegu lauehun mila gizonekin han; gehixagorekin Alsace-Lorraine-ko aldean.

      Bana bertze, guk bezenbat min omen dute, armadarik gehienak eta azkarrenak guri hunat oldarron edauzkatelarik.

      Anhartean Rusianoa sarthua dute Alemanian eta egun guziez barnago sartzen ari.

      Gu ahamen batez irets uste zutenak, han dire lanetan, ezin garhaituz. Errabian direla ez duda, gu zafraturik bertze etsaien kontra itzuli nahiak eta ezin itzul. Gure kontra lanik aski behin eta behin.

      Horrek ditu azkenean garhaituko: ezin helduak orotara batean, eta ezin aldizka, nehork nehon ez uko egitenez.

 

 GU EZ UKO

      Batean aitzinerat, bertzean gibelerat, hobekiena zer den ikusiz geroko, ari dire han gure soldado aitzindariak; eztugu zeren uste ukan, aitzionatzen eztugunean uko gaudela.

      Gerlan behar da jakin, orotan bezala; jeneral handienetarik izan ditake eta da noiz aitzinerat, noiz gibelerat... edo bazterrarat egiten dakiena, etsaia garhaituz bere gizonen odola xuhurki duelarik ixurtzen.

      Behar denean behar da, bainan behar gabe, ez.

 

 BRUXELLES

      Hiri hau, Belgikako hiri nausia zeren duten Alemanek hartu, ezta estonatzeko; etzen fortifikatua, eta etzuten nahi xehaka zezan etsaiak.

      Geroaz orhoituz beiratu nahiago izan dute osorik, munduko hiri-nausi begikoenetarik bat delakotz.

 

 BERREHUN MILIUN

      Gaitzeko gerla-zerga eman diote, edo hobeki erran dezagun, kendu, ebatsi bortxaz, diren bezalako Aleman ohoin tzarrek Bruxelle-ko hiriari: berrehun miliun.

      Bertzenaz hiria berehala erretzera zeramaten alimale bihotz-gabek.

      Anglesek eta Frantsesek erdizka beren gain hartu dute, diotelarik (hau gorenik Anglesek omen) sarrixago, azken konduak egitearekin, bihur-araziko diotela soma hori on bazaio eta bazaio etsaiari, intres onarekin. Ederki merazitua izanen du.

 

 ARROTZAK

      Hilabethearen 24, 25, 26an ikustekoa zen Baionako hiria, ja mila eta milakako dauzkan soldadoez bertzalde, hor heldu zauzkula Parisetik, bospasei treinez, bizpahiru mila gizon arrotz.

      Parisen bizi zirenak lanetik: español, italiano, rusiano, polones, rumaniar, turko, nazione guzietarik.

      Hauta eman diote Gobernamenduak: Frantzia huts, edo sar soldado guretzat.

      Hogoi-ta hamar mila baino gehiagok hautatu dute soldadogoa.

      Hanitz beren baitharik ja soldado frantses izaitea galdatzera zagozin. Hetarik dituzte igorri Baionarat gaitzeko andana.

      Bada orotarik; gehienak haatik mehe, lan eskasa eta gosea jastatuak.

      Zenbeit egun labur tiro egiten ikasten atxikirik igortzekoak omen dituzte surat.

      Diote berek, gogotik joanen direla.

 

 KOLPATUAK

      Kolpatuak hasi zauzku Baionarat jiten aste huntan. Egun asteazkena, zonbeiten beha gaude. Atzo eta herenegun jinak ditugu, bi treinez, ehun eta hamar. Lorraine delako toki hartan kolpatuak.

      Baionako jaun mera aitzinean lehen bi kolpatuekin, ereman dituzte karrosa eta otomobil batzuetan lycée-rat.

      Hunkigarri zen ikustea; oro agurka: «vivent nos blessés».

      Andrek lore batzu emaiten zaizkoten karrosarat igaitean. Hek orori beha, batzu irriz, beso bat edo biak altxatuz, beren loreñoak erakutsiz «milesker» batekin.

      Bakar batzu etzanak, xuri-xuria, begiak hetsiak, hek kolpatuenak, edo piaiak akituenik zituenak.

      Ahal da holako bazterretan!

 

(Kirikiño)

 

1914-08-24

 

Belgika errukarria!...

 

      Doitxerriak (Alemaniak) bere indar guztia, 800.000 gizon, jaurti dautsoz ganera Belgika txikiari, gizonen-gizonez estaldu ta zapaldu dau laterri (estado) polit beargin begiko ori. Apurtzen eta zuzitzen diñardue doixtarrok Belgikako ola guztiak, euren oleai aurkarik egin ez daioen edo. Uri andi ta txikietan, diru pilla andiak gogorrez ataraten...

      Eta orretarako aitatzen dau Jaungoikoa Kaiserrak? Tresna ederrik bajagok!

      Belgika gixajoak, zer eukan ba, Doitxerriak Pantzegaz darabillan auzian? Belgika bake-bakean egoan, zegaitik bakean ez itxi, Jaungoikoak agintzen dauan lez? Pantzegaz daukok asarrea? Eldu eiok, or eure ondo-ondoan jagok eta!

      Baiña, bai zera! Askozaz errazago da, alboan uste barik eta bake-bakean dagoan makalari eltzea, ta berari sakelak garbitu ta etxea apurtu ta bizia kendu. Auxe egin ezkero gudari ikaragarrien ospe edo entzutea erraz-erraz artzen da. Bai ba! Ori olan balitz, neuk be arin irabaziko neuke gizon izugarri ospea, urrengo aurkitzen dodan mutil txikitxu bat ostikoka ta ukabilka bertan eiota itxiaz.

      Euki dabe ta badauke doixtarrak gudari on ospe andia, ta neuk be orixe siñesten izan dot. Baiña galdu dot onezkero uste ori. Ain gudari onak eta azartuak balitzaz, Pantzeri elduko eutsoen, badauke nundik eta. Laterri biak, Pantze ta Doitxek dauken mugea, irureun killometro baiño luzera geiagokoa da. Ia ba, nun burruka egin egon ez bada, begitu!

      Zegaitik sartu dira belgikarren etxean? Toki bigunagoa ikusi dabelako antxe. Eta bertan be, zer jazo da? Luik edo Liejako gazteluak artzeko adorerik ez dabe euki. Namur, uri gogorrari be agiñik ezartzeko kiñurik ez dabe egin. Antwerp, bere inguru guztiak izkilluz ederto orniduta daukozan uria artzeko be ez dabe erakusten gurari andi-andirik.

      Baiña izkillubako uri edegi baketsuekana, Brussel, Gante, Lowen, eta antzekoekana arin sartu dira... zetan?, diru billa! Ori, gudea da ala... beste gauza bat?

      Belgika txikia arrapau dabe lenengo abiadan; baiña Belgikan ostean dagoz Pantze ta Ingalanda ta Errusi, ta oneekaz ez dau erabilliko ainbeste oillarkeri... ikusiko da!

      Txikiak iruntsi bearrez ibilten diran andi arroak ikusten dira sarri koldartuta beste andi bategaz joten dabenean.

      Doitxek Belgikaz ta Osterreitzek Serbiaz egin daben okerreri andiaz ondo irabazi dabe taparrio on bat. Emongo baleutsie obe, ostantzean eurokaz iñor ezin izango da bizi. Gudarikeri geiegi dauke.

 

 

1914-08-25

 

Gudea

 

      Badabil geroago gogorrago. Europako gaztediak ondatu bear dau. Madarikatuak guda anker au asmau dabenak!

      Atzoko izparretatik ataraten da eldu dautsiela gogor alkarri doixtarrak eta pantzetarrak. Eta oneek azkenengook orain arte lez eutsiten badautse doixtarrai, oneenak egin dau.

      Bada errusitarrak uriolea lez sartu jakez Purrusi-aldean eta aberriaren biotzera joakez talde andietan. Doixtarren asmoa izan da, antzez, indar guztiakaz Pantze aulduta itxi illebetean edo beintzat arin, gero indar guzti au eroateko errusitarren kaltez. Baiña belgikarrak eta pantzetarrak eutsin eta eutsin, erabilli badarabillez doixtarrok ille bian, sartuko jakez oneei etxean errusitarrak milloika.

      Eta jazoko da gauza barregarria, iñoren etxeak arrapetan dabillanari berea arrapauko dautsoe.

      Gudan dabiltzanen artean guztiz begiko egiten diranak serbiarrak dira. Areek dira mutillak, areek! Osterreiztarrok zapata-belarria baiño bigunago ipiñi ditue emoten dautsiezan egurkadakaz. Alkarri eltzen dautsien guztietan, beti osterreiztarrok artzen ditue eurenak. Ariñeketan egiten ederto ikasi bear dauste mutillok oingoan!

 

 

1914-08-26

 

Guda

 

      —Berriro? Egun otan ez degu besterik ikusten guda ta guda baizik zure EGUNEKO zirtzil oietan.

      —Eguneko egunekoagorik ez dago ba. Guda beltz orrek kezkaz beterik gauzka guztiok eta gure gogoak osoro artzen dizkigu. Gaurkoagatik asketsi bearko didazu eta bigar... ikusiko degu.

      —Tira ba, asketsita zaude ta asi zaite. Zertan daude gudan dabiltzanok?

      —Doixtarrak irabazi bear izan dutela Belgikako mugabarrenean euki duten jazarra edo batalla berak alde batetik eta bestetik pantzetar ingalandar eta belgikarrak batera. Asi dira sartzen Pantzeko mugetatik doixtar oiek.

      —Beraz Pantze azpiratuko dute noski.

      —Ala dirudi. Baiñan guda ontan ez dira bakarrik pantzetarrak. Or daude ingalandarrak, itxasoaren jabe diranak, eta or errusitarrak, gudaritan daukatenak gure mendiak iñurritan aiña. Itxasoz etorkizuna beltz-beltz daukate doixtarrak, eta badakizu gaur egunean itxaso gabe, Doitxe lako erri andi notintsuak galduta daudela. Legorrez, Pantze-aldetik argitasun puska bat badu, sorkaldetik ez du ain argi ez gutxiago ere, ba Errusi etsai aundia da, astuna, ta gudatia. Luzaro iraungo duen antzak dauzka guda ikaragarri aurak.

      —Eta emen, ez ote degu beldur-ziorik?

      —Ala diote, ala dio Gobernoak berak ere. España laterria ez dala jarriko iñoren aldez, geldi egongo dala.

      —Obe da.

      —Bai, obe. Baiñan, maiz jazotzen da norbere aldez ez dagoana norbere etsai edo areriotzat artzea. Eta gogoratu ezazu Doitxek purrukatzen dula Pantze guztia, arrotzen dala gaur dan baiño geiago, ta esaten diola España laterriari: «Zu nere etsaia zera ta al detan kaltea egingo dizut».

      —Urruti gaude; beldur gutxi orregatik. Guganaiño eltzeko bide aundiak egin bear ditu.

      —Zaude oraindik. Españako zamaontziak itxasoan aske dabiltza beren ekartzeramatze onuragarria lasaiki betetzen dutela. Nori eskerrak? Ingalandari, beronek baztertuta dauzkalako doixtar gudaontziak. Ingalandari zor diogu ba itxasoetan dagoan paketasun onuratsua. Gogoratu ezazu Ingalandak bere burua larri ikusten dula Doitxe gogor orrekin darabillan burrukan, eta esaten diola Españari: «Itxasoa jagonda nik egiten dizutan eskerraren ordaiñez bidaldu itzazu Pantzera eun milla edo berreun milla gudari, guztioren arerioari eutsiteko». Orduan, zer? Uko egin? Ingalanda asarratuko litzake, ta asarre ori baiño obe izango luke eskatu zaizkan gudariak bidaldu. Ez da ala? Beraz nai ta ez zalapartan sartzeko bearturik aurkitu liteke oraindik España-laterria.

      —Zaude isillik, gizona, jan detan aparia ere mingoisturik jarri didazu ta.

      —Guda madari-madarikatu onek euki lezazken ondorenak ezin dira iñolaz ere igarri. A nolako zigorkada bidaldu dion Jaunak gizadi arrotuari!

 

 

1914-08-28

 

Gudea

 

      Belgika ta Pantzeko muga-inguruan gogor dabiltz, doixtarrak urratu gurarik alkartuak ipinten dautsiezan lerroak.

      Esan leike doixtarrak zerbait aurrera egiten dabela, baiña ez gauza andirik. Eta au, indar andiak bildu dabezala toki orretan doixtarrak. Eurok uste eben, edo beintzat euren aldez dagozan emendiko askok esaten euskuen baizen arin eta erraz ez dabez gauzak aurkitzen.

      Topekada andiak, gogorrak, emoten ditu Doitxek or. Alkartuak eutsin eta eutsin bakarrik egiten badautsie, ibilli ta ibilli, tope ta tope, indarrok asko urritu bear jakoz Doitxeri.

      Errusi andi astunak eldu dautso sorkaldetik Doitxeri ta sartu jako laterriaren barrura Purrusi ta Polondik. Nik ez dakit zelan atonduko dan oneri aurre egiteko.

      Ingalandak egiten dautso orraitiño kalterik geien Doitxeri. Itxasoko bizi guztia kendu dautso. Atzo etorri zan izparra, Londongo diru-saloskariak erabagia artu ebela Doitxeko diruetxe edo Bankoen bitartez elduko jakezan artuen-agiri edo txekeak ez ordaintzeko. Ederrak emoten dautsiez onegaz! Ori, Namur edo Luik kañonadaka artzea baiño zerikusi geiagokoa da.

      Ingalandak ez dau guda-egiten kañoiakaz bakarrik. Beti lez, Ingalandak bere bunbadarik gaiztoenak jaurtiten ditu, sakelera!, miñik andiena artzen dan lekura. Diru barik ezin leike gudarik erabilli. Jan barik ezin leiteke gudaririk ibilli.

      Doitxe (Alemania) sartu da sartu, bearbada ezin urten izango dan nastean. Beragaz batera amaika galdu bear ditu baiña.