Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-08-21: Gerlako egiak, gezur

      Informazio eskasia nagusi da, eta gezur sasitzan argi printza bilatzen dabiltza hala Eskualduna-koak nola Euzkadi-koak. Gobernuak informazioa atxikitzea erabaki duela-eta apenas dakarren gerrako berririk Eskualduna-k, ontzat hartuz baina informazio-iturriak ixteko Gobernuaren ordrea, gezurren beldur. Euzkadi-k ere informazio nahasien inguruan dihardu, batailen berri ahal duena emanez ordea, baina gezur asko dabilela salatuz (agerkari karlistak barne, aleman zaleak hauek).

      Gerlari buruzko desberdintasun handia, bada, ordea: Frantziaren alde bizia ematera doazenak goresten ditu Ipar Euskal Herriko agerkariak, eta nola doazen kartsu mutilak frontera. Bi milioi t’erdi soldadoetatik, alde bietakoak, gehienek etxean nahiko luketela dio, ostera,  Kirikiñok: estatuetako agintari guduzaleek ekarria dela gerra.

 

 

Gure soldadoak

 

      Frantzia guzia, egun hautan, bere armada maiteari dago. Goizetik arrats, argitara, ororen behakoak, ororen gogoetak gauaz ilhunpeka, ba eta lotarikako ametsak —ez hek gutienik!— soldadoetara doazi.

      Soldadoen odolezko jaunztura gorriari josiak dauzkagu orok begiak.

      Oinez ala zaldiz, ala burdin-bidez doazila ikusi orduko edo entzun, laster eginen duzu athe alhazera, edo leihora, barneko lauak utzirik; laster zure alhor eta pentzetarik bide hegira, hesiaren gibeletik, pezoinaren gainetik, egiten diozuetela keinu eta oihu: «Adio, gaizoak! Ikus arte. Berma hor azkarki. Etsaia garhaiturik itzul gero hunat ahalik eta gehienak bizirik. — Agian ba!»

 

* * *

 

      Ah! zoin gogotik ginioten guk ere oihu eginen, iragan larunbat arratsaldean, hemenxe, Baionako hirian, bezperak ondoko prosesioneari, kantuz eta othoitzean jarraiki diren frantses on, eskualdun on, giristino soldadoeri: Gaizo gizonak,... nongo nahiko izan zaitezten, zuen etxeak eta etxekoak oro utzirik, burhaso zahar, emazte, haur eta haurride, zoinek zuen guziak nigarretan,... hanitzek eri, ezindu, berenaz egiteko ez on, behar hotzak, bazoazte.

      Zoazte kuraiez, lotsatu gahe. Jainkoak eta Andredena Mariak zaitzaztela begira!

 

* * *

 

      Oihu ba eginen ginioten bihotz onez, bereziki herritarren artean herritarrago ditugun eskualdun gizagaizoeri: Altxa bihotza goiti; orhoit egon bethi, eta guziz oren latz hautan: gure bizia eta biziarekin ditugun on guziak Gaineko Haren ganik ditugula; oro bethi haren eskuko.

      Bainan etzen han, ezta nehon oihu egite, ez eta erraite beharrik, gerlarat doazin gizoneri, —bereziki adin bateratuak direneri, bizitzeko segida bati lothuak—; berek badakite zer utzirik doazin eta zeri buruz.

      Halako predikurik ez baita, nola gerlaren izen hori; horren itxura bera; lehenagoko gerlaren orhoitzapena, ja ikusia dutenentzat; edozoinentzat ere ja urrundanikako azantza. Zer ezta, hurbiltzearekin?

      Ah! gerla, gerla!... Jainkoaren zigorrada! Populu hobendunak garrazki gaztiatu nahi dituenean, edo beren baithan sar-arazi, eztu haren beso pizuak halakorik, nola gerla.

 

* * *

 

      Gerlaz osoki hartua zutela gogoa, ezagun zuten Baionako karriketan prosesioneari zarraizkon zazpi, zortzi ehun soldadoek. Hain zuten gogotik egiten othoitz gizagaizoek, berentzat, beren familientzat, Frantziarentzat.

      Nehork deithu gabe jin baitire, beren baitharik, Andre-dena-Maria egun handiko ofizioetarat: meza-nausi, bezpera eta prosesione.

      Huntarik gibelerakoan, eliza katredalean gizon hoien sartzea, ikusgarri zen: xaramelatuz zeramatela, xantre eta apez kantariekin aldizka, Magnificat; zoin ederki! Zonbat aldiz!

      Bulharretarik bezenbat bihotzetik ari zirela, hitz dautzuet.

      Gerlak ez balu fedearen hola piztea, sustatzea baino ondorio makurragorik, benedikatzeko litake zinez gerla: baitu ordean bertzerik!

      Ah! bertze ondorio lazgarri hek ditzala gutarik urrun Jainkoak, orai eta bethi.

      Egun hautan berek othoitz egiterat oraino jinak ez diren gizon hotzenak eta oro sartuak dire hein bat beren baithan.

      Prosesionearen bi aldetarik hemen lerroka, hanxe multzoka dagozilarik so, begiak zabal, kopeta ilhun, ah! irriak barna dituzte; barna trufak.

      Baztarretik beha dauden hoitarik gutik daukate, gutik xapela buruan; bat bakarra lkusi othe dugun, gaude. Gutik ere ahoan pizturik zigarroa: «Nor gira gu?»

      Arima uzter ez dutenek ere sarthua dute, haragian, hezurretan barna, bertzetan ez bezalako laztura bat—. Sarthua, edo sarthuko, on bazeie eta ez bazeie!

      Bada zeren, ez dea hala, gizon eta emazte, dugulakotz gerla hau, othoitzean zagoztenak?

 

* * *

 

      Biba zuek, oraino eta bethi, eskualdun fededun seme, haurride, aita eta senhar zinezko giristinoak! Aurthengo Andre-dena-Maria egunean Baionako katredal handi ederretik Eskual-herriko eliza ttipieneraino inharrosi dituzuen zeru lurrak ez dira zeren izan gerla hunen beldur.

      Zeren beldur nahuzue dadin izan Jainkoa berekin duena?

 

 

 

Ez berandets

 

      Surat joanak diren soldadoen berriak ez ditugu zeren berandets: bethi aski goiz heldu dire txarrak; onak aldiz ez berantegi, egiaz onak diren ber.

      Hiru hauk har-zkitzue ongi gogoan.

      1ik.— On edo gaixto, berri handirik ez deno, hil eta kolpatze berri, bataila bat edo bertze irabaz dezagun ala gal, berriak xuhur emanen dauzkula Gobernamenduak.

      2ik.— Gobemamenduaren ganikako berriez bertzeak oro edo gehienak erdi gezurrak direla, osoki hala ez badira ere.

      3ik.— Zuhurki egiten duela Gobernamenduak ahal dituen xehetasunak behin gordetzea, jendea ez dadin asalda, xora, burutik joan.

      Berriak ez diren bezala hedatuz, nahasten baizik ez duzu jendea; sineskorrenak sines-gogortzen, deus gehiago aditu ez nahirainokoan, egungo egiak bihar gezur doazila oro ikusiz.

      Miletan hobe da guti, eta hek ahalaz onak. Gerlako jaun ministroak berak hastetik errana omen du. «Gerlak dirauno eztugu egia guzia erranen; bainan erranen ditugunak, guti bada guti, egiak izanen dira».

      Hala ez denik ez erraitea, ja zerbeit da. Gerlaz garhait arte, hortan behin, ez gezurti agertze hortan, alemanaren nausi ditugu gure gizonak.

      Xutik doarzinak baiterasatzate gure etsaiek, Espainian gaindika eta non nahi; hala nola berehala erran zutena Alemania barnean: «erreboluzione beltza ginuela Frantzian, guziz Parisen; Errepublikako Prezidenta zozialistek hil zutela» eta holako.

      Ezta gero egundaino izan Pariseko hiria bere hartan geldiago, gogoa hoberik; ez eta Frantzia guzia batago arrotz etsaiari kontra.

      Aste huntan berriz hor, Espainia Donaztiako berria zen 15 mila kolpatu baginituela ja Baionan eta eztakit ere ontsa non hemen, Bidarten ez othe?

      Aitzinagoko astean izigarriko kalapita eta zalapartak omen ginituen berriz Baionan; gaitzeko jendetzea gerlaren kontra altxaturik.

      Izendatzea bera balio ez duen buru bero, artetan hegoak derabilan baten zerez, haro bat, nolakoa, hor mendiez haraindiko kazeta batzuetan.

      Hain xuxen atzo Baionan izan balire gure auzo berri txar hedatzale zonbeit, ikusiko zuten hego egunetan zer derasan ez dakielako gizon bakarra, —eta orduan nehork guti aditzen duena— karrika hautan ibilki, soldado arropan, gathua bezen umil; bizpahiru soldado lagun apezekin, —eta zoin adixkide!— eskorgatara bat lur-sagar zeramatela lau aldetarik tira eta pusa, lauek, alegeraki.

      Gu elgarrekin makur Frantzian! Nor erran du hori.

      Gezur gose direnak ase ditela. Berri egia nahiago dutenek jakin bezate, gero, zer izanen bada eta ez bada, behinik behin, egun hautan lur-sagar, ilhar, haragi pozi on eta bertze behar diren jateko eskasik ez dutela Baionan, gure soldadoek.

      Gosetea jitekotan balinbada, jinen da aski goiz; ez gira hartan; ez dugu ere hartarako itxurarik.

      Zonbeit xahakok zonbeit bethe eta huts-aldi ere hartzen dutela, hitz dautzuegu.

      Gogoaren kontra behar ginituzke egin gerla egun hauk diren baino alegerago; bainan zertako egin, diren baino hitsago ere?

      Gaudezkon egiari bethi. Bake ala gerla, egiak ez du parerik.

 

 

 

ZERTAKO HOLA?

 

      Egia daukutela egun hautan xuhurkixko emaiten, ginion oxtian, eta ikusten duzue. Xoilki nork ez du ikusten ere, hobe dela sekretu atxiki behar direnak ahalaz atxikitzea, etsaiak ez ditzan jakin gure berriak.

      Batetik bertzera doazlla oro, ahoz aho, balazkike alemanak. Ongi baino hobeki egiton dute soldado aitzindariek, etsaiaren beharrietara ez diten hel hobe den berriak gordetzea. Orori erranez, nola gorde?

      Ja errana hemeh egun hamabortz, egin dezotegun kreit; kreit luze behar badute, bota luze.

      Ez da laket, ez errex, beha eta beha egoitea, deus kasik jakin gabe. Guziz berenetarik han, suan edo suari hurbil dituztenek, odola kexu dute, bihotza minbera. Zer egin ordean, hola hobe bada? Ororen onetan dena ez onetsiz alabainan, zer ari gira?

(à suivre)

 

 

 

Gaitzeko bataila

 

      Baitezpada nahi zinukete jakin, ez dea hala?... bertze berri handirik ez bada, bederen zonbatsu partida, gudu, bataila ditugun irabaziak,... edo galduak? Egia, hots, xehe ez bada larri, zinukete hor lehenbailehen orok nahi jakin. Bai alafede eta guk ete.

      Gudu zinezkoaren hastapenetan baizik ezdireno, ez baita ordean deus kasik jakiten ahal. Atzo, egun, bihar, etzi,... noiz dire zinez, oldar osoan burutik buru, elgarri jazarriko, parrez par bata bertzeari hurbilduak dauden bi armada gaitzak?

      Borroka, tira-biraka, josteta baizik ez dire oraino ari hastapenean. Emeki emeki hara non diren kiski-kaska egitekotan. «Hi bahiz, ni ere».

      Erran baitzinezakete bi harrasi handi, parrez par zut; bat bertzea bezen gora, lodi eta zabal.

      Higitzen artetan biak, bainan guti aitzinatuz.

      Noiztenka hemen edo han hunkitzen dutela elgar; ezkina bat, edo bertze batek bertzeari hausten; bainan kraskako handirik ez oraino.

      Bataila izigarriak izan dire bertze orduz; hau izanen dela iduri duen heinekorik ez, edo guti, handienetan ere.

      Zabal zkitzue bi besoak egin ahala, itzul zaitezte iphar alderat so; ezkerreko erhi muthurretarik eskunekoetaraino,... itsas aldeko Belgika hegitik, mendi aldean Suisa ezkina hunkitzeraino, Alsace-Lorraine guri kendu lur hek hartuz, omen baitire, Frantziako zedarri hegiz hegi, lau ehun kilometre, eremu izigarri hura guzia edo hurbil badauka haindiko aldetik aleman armadak; hunaindikotik frantsesak, ezkerrean belgikanoa eta anglesa lagun dituela.

      Bi milion gizonez goiti, buruz buru hanxe daude, lothu nahizko errabian, ja lothuak tokitan. Biek ere, nahi eta ez, saki eta sarraski onik jasaiteko dukete. Txarrenak amur; azkarrenak edo zailenak, iraunkorrenak hauskorrena bota lurrerat.

      Orainoko itxuren arabera, irabazi behar dugu, hemengo soldadoek zalhutasun, khar eta konfiantza gehiago dutelakotz; aitzindarientzat atxikimendu ere ba.

      Libertatearentzat dire hauk ari; hek Prusiako erregerentzat, bethi harentzat lehertuak bizitzeaz... eta hiltzeaz, aseak direla baitiote hanitzek omen, goraki.

      Bizpahiru, bospasei edo gehixago egun gora-behera ikusiko nor nausituko den.

      Iduriz holetan gu. Agian ba.

      Arte huntako gudu ttipiak, direlarik, ez dire, kaka aulimale hurbildua denaren aldean, kasik deus. Bihotzaren pizteko, altxatzeko doi.

      Bethi gurera goazin, ez orai ez gero, xuhurra baduzue, ez sinets, on ez gaixto, bazterretik gezur ereiten ari zaizkunen erranik.

      Buruzagietarik heldu direnak baizik ez sinets. Hek dire ja, hek izanen bethi, labur eta xuhur, jin arau, merietan afixatuak, kazetetako erasien erdiak ez dute perrek balio.

 

 

 

NOR BURUZAGl

 

      Menturaz orok ongi ez dakikezuena, ministroen orde, heiek beren ordain bezala ezarriak, beren esku guziak heieri utziz, soldado aitzindariak dire; jeneralak.

      Hori da deitzen hiri bat, erresuma bat ezartzea «en état de siège» Sabrea nausi ororen, hala behar delakotz gerla denboran, etsaiaren errexkiago zafratzeko; ba eta hemen berean ere larderia zorrotzagoaren atxikitzeko.

      Nahasi tzar zonbeitek burua nahi balute altxatu, eta berenetarik egin, laster garbituak balitazke tiroka, auzi eta auzi, elhe alferretan higatu gabe. Pin, pan, pan. Vive l’armée!

      Biribil daudela gure zibilak soldado aitzindari hoien aitzinean, xapelak eskuan, hitz dautzuet.

      Ministrorik Frantzian badugula ere kasik eztu iduri, salbu gerlako ministroa, Messimy; kargu hortaratu arte guti ezagutua zena; hura ere orai, bertzeak bezala, jeneral handi Frantzia salbatzera deramagutenen aitzinean ttipi dagona; gerla gerlarien lana baita alabainan.

      Zuzen da eta ordu, eman ditzagun hemen, jeneral hoitarik aitzinatuenen izenak. Ororen buruzagi Joffre; haren azpiko, armada guzia, jeneral handienetarik azken soldadoraino.

      Gero jeneral Pau, beso eskuna gerlan galdua; orok diotenaz buru gaitzeko eta khar are handiagoko gizona; gero de Castelnau soldado gidari eta sustatzale nehori zorrik ez diona.

      Hiru handienak hoik; bertze frango ere omen ondotik, soldadoek maite omen baitituzte; eta gogotik jarraikiko zaizkotela baitiote, nahuten lekurat.

      Batek izkiriatzen zaundana egun hautarik batez. «Norat geramatzaten ez takigu; buruzagietan konfiantza osoa dugulakotz, bagoazi aitzina, beldurrik gabe».

      Non dire 1870eko traidore solasak?

 

 

 

DOAZILARIK

 

      Balinbada deus egun hautan bihotza hunkitzen duenik, hura da ikustea gure soldado maiteak «sac au dos, fusil sur l'épaule» doazila hiritik burdin-bidera, gerla ja hasia den tokietarat buruz.

      Orhoitzeak berak begiak busti-arazten dauzkit; eta bizkitartean halako atsegin bat emaiten daut, bitorios itzuliko zaizkulako esperantza handi batekin.

      Ikustekoak ziren hiriko karriketan joaki lerro-lerro, bandera aitzinean, musika ere airosik ari, gerlarakoan; aitzindariak zaldiz, gaitzeko zaldi eder batzu jauzika, iduri ezin atxikiak, ezpata puntaz beheiti agur egiten zutela «Au revoir!» eginez aitzindari guziek iragaitean, aldizka.

      Soldadoak oinez, urhatsa bizi eta xut ezaguneri begi keinu zonbeit eginez adioka; eskualdun batek oihu, gora-gora: «Nous salon proméné, allé rétour».

      Irrintzina bat gogotik eginen zuela ageri baitzuen, haizu izan balitz. Zertako ez? Gibelerakoan bederen haizuko ahal dire hura eta bertzeak buru bulharren harrotzera norapeit.

      Lau, bortz andanetan ikusi ditugu joaki soldadoak, 49e erreximendua eta Mont-de-Marsanetik jin batzu; lehen asteko ortzegun eta ortziralean gehienak; gero bertzeak asteart arratsalde eta astezken goizean.

      Zonbatek etzuten harma kanoiaren puntan arrosa eder bat, ba eta buketa oso bat lothua, sarturik edo estekaturik?

      Aitzindari hanitzek bulharretan zuten lore bat emana, bat baino gehiagok andrearen edo alabaño baten orhoitzapen.

      Eskualdunak ziren begitartez alegerenik. Herritar zonbeit ezagutu ditugu; ba eta heiekin lerroan zoala, soldado xinple, eskualdun deputatu Ybarnegaray gure adixkidea.

      Bihotzetik egin diogu oihu, elgar ikustearekin. «Bravo, Jean. Ikus arte».

      Burua eta harma goiti altxatuz ihardetsi dauku.

      Eskualdunak ereman dezola gure goraintzia beretzat eta eskualdun lagunentzat. Erran daukute Gueraçague, deputatu huts egina ere, hain xuxen, trein berak ereman duela soldado.

      Ez hura, ez nehor ez dugu berexten, gerlarakoan orori heltzen diotegun agurrean. Gure etsai bakarra da gerla hau piztu daukun alemana.

      Biba Frantzia eta Eskual-herria, beren ume guziekin!

 

 

 

Erresuma lagunak

 

      Eztu alemanak bere alde otrixianoa baizik. Bertzerik nehon ezin hatzemanez dabila, debruak hartua; nehork ez du gehiago Guillaume-rekin, ez haren seme erhoarekin, ez heien soldado aitzindari urguluntziekin deus nahi. Ordu zen!

      Guk alde ditugu ja Belgika, Angleterra, Rusia. Alemanak lagun bat, guk hiru, eta nolakoak!

      Belgika ttipiak muthurretik lothu eta han dauka, lurrari buruz behera, oro erhautsi behar zituelako zezen basa tzarra.

      Guk bizkarra zaurtzen hasia diogu, haren orroek izitu gabe.

      Anglesak ez dio utziko sarri ahur bat zaldare, ez lasto ondo bat nehon jatekorik. Musianoak gibeletik gainera jauzian lehertuko du... agian.

      Bi, hiru hilabethez ihardokitzen diogularik, gostaia gosta, guk, hunat sartzerat utzi gabe, gaina dugu.

      Rusiak badirauke berak bi urthe, lotsatu gabe. Angleterrak, itsasoz eta leihorrez, nork daki zenbat?

      Hatsa luze dute gure lagunek; guk zainak on; oraikotik behar dugula behin bethikotz orori bakea uzteko heinera zafraturik ezarri, kaskoari itze bat bezala sarthua dugu, eztea hala, orok?

      Alde oroarik jazarri nahiak dagozko mak bertzalde, hala nola italianoa bere adixkide lagun ohia.

      Nondik nahuzue ez dezagun garhait ororen artean?

      Dezagun haleroe Bethi galda, dezagun merezi, oroz gainetik alde ukaitea Jainkoa!

 

 

 

ESKUAL-HERRIKO BERRI

 

      Berri biltzale eta guti hunat heltzale gehienak, ba eta kasik hoberen guziak soldado joanak ditugulakotz, xuhur kausituko ditutzue, gerlak dirauno, hemen, Eskual-herriko berriak.

      Zer egin, irakurtzale maiteak? Eginen duzue guk bezala, hartuko pazientzia. Edo biziki hobe litakena: igorriko zoinek zuen tokietarik, balio dutela iduri zautzuen berriak.

      Jainkoaz othoi haatik ez igor xuri eta gorri... politikazkorik deus. Ez irri egiteko, ez josteta, pesta eta holako solasik.

      Bertzerik du gaur gogoan jendeak; behar ere ba, balinba!

      Nola duen hartzen herri bakotxeko jendeak, bana bertze, gerla hau; nola jasaiten; non zer laguntza elgarri eginez: esku lan, sos, egur, abere pazka, ogi edo artho, zertarik ere baitute gehienik eskas beharretan direnek, hartarik hel, eman dezaketenek.

      Beretik emaiteko ez duenak, asti edo aizina balinbadu, laguntza egin dezake oraino zerbeit dunari erakutsiz, ezagut araziz deus-gabea.

      Eta gero, ezta laguntzan bethi zer guzia. Berriak berak ere jakitea laket da, jakiteko baizik ez balitz ere; gizonak hor harat joanak direlarik, nola doan bazterra; eta lanak nolatsu; zer den gibelaturik; non eta zertan agerienik buru eta beso eskasa. Holako zonbat!

      Etxetako goiti-beheitietan barnegi sarthu gabe, bederen ez berenak beren atxiki nahiago dituztenenetan, bada zer aipha, edo balitake, gerla ondorioz ondorio.

      Gu hobekienera gaude, gure aldetik. Ikus hor, zer zautzuen.

      Huna zertsu berri ginezokan eman gogotik.

 

HAZPARNE

      Zapeteria lantegi handiak oro hetsirik ―salbu bat edo bi, zerbeitxka oraino ari direnak― lanik gabe eta beraz ogirik gabe gelditzera zoazin soldadogoak hartu ez dituen zapetainak. Beharrik hatzeman dute hanitzek laborari etxetan enplegu, irabazi handirik ez badukete, bederen jan-edan truk.

      Lur lanaren berri ja dakiteneri behartuko zeie; laborantzako tresna baten erabiltzen, ez behi baten daizten ez dakitenek, ikas; edo loth ahal den lanari, gerlan gerlako gisa.

      Bakea jin arte bizirik irautea bera zerbeit izanen da, gehiago ez dezakenarentzat.

 

      Atsegin dugu entzunik Hazpandarrak lur huntako biziaz bezala drela orhoit gerla egun hautan, goragokoaz, berentzat eta soldado gaizoentzat; astelegun guzie salbu astezken-ortziralez, Purgatorioko arimendako baita meza, bertzetan zortzietakoa, gerlak dirauno, dute ja emaiten eta eman gogo Frantziako armaderi ardiesteko Jainkoaren laguntza.

      Biltzen omen da ja, erran daukutenaz, astelegun azken meza zortzietako hortarat, bertze orduz asko igandetako meza nausirat bezenbat entzule; bai eta oro ezin hartarat helduz, goiz goizeko lehenetik haste bertze mezetarat ere hanitz.

      Non diren fededunak, galda gerlari.

      Guzieri buruz bikari bakar bat, ahal dituen laguntzekin.

      Urthetsu bat baitu Hazparneko herriak hiru bikari dituela, hirugarrena erdi errient, haur altxatzale, huna non dituen hiruetatik bi bikari eta erretora, soldado.

      Noiz arte? Hori Jainkoak daki.

 

URRUÑA

      Herri huntako norbeitek errana dugu, badela egun hautan Baionaratua soldado, Urruñar laborari gaizo bat, bordaria; hamar haur, hamekagarrena bidean. Aita zaharra bizi ba, bainan haurtua, deusetako ahalik ez.

      Berak bortz haur dituen baxenabartar batek, Urruñar hortaz mintzo nintzaiolarik, ihardetsi daut. «Ah! hori, jauna, ezta zuzen. Gizon hura behar lukete aitzindariek etxerat igorri: nehori ez lakioke gaizki».

      Igorriko duten etxerat ala ez, guk ez dakigu; ez dezakegu deus erran, hola balinbada, zuzen litakela baizik, norbeit urrikal dakion.

      Are zuzenago, jakinik erran daukutena, gizagaizoak bere emazte hamekagarren aldikotz haur beharra esku-gain izpirik gabe utzi duela, beretzat harturik etxeko diru guzia —hogoi-ta hamahiru sos.

 

BAIONA

      Hemengo soldadotzea! Bospasei mila gizon gazte badire ja hor harat joanak; batzu joan, bertzeak jin.

      Igande agorrilaren bietik igande hamaseira, hamabotrz egun iraun du mobilisation delako gizon-altxatzeak.

      Hemen zen, soldadoz bethe arau huts, huts arau bethe, gure begiz ikusi dugun hiri huntan ageri, zer ordre ederrean preparatua zuten lan hori gure soldado aitzindariek: oro xuxen jin eta joan baitire, nehon den gutieneko makurrik, ez deusen eskasik gabe.

      Jatekoak, etzangiak, oro zoin beren tokietan xuxen. Nora noiz joan jakitea aski.

      Nehork hanbat, erakutsi gabe, gehienek beren baitharik hatzeman dautzuten bidea da, igandetan elizakoa; ba eta zonbeitek lehenago ere.

 

      Soldadoen meza — Andre-dena-Maria biharamun igandeko galdegin dute aitzindari batzuek, nahi zuketela beren gizonentzat soldado meza berezi bat, ahalaz elgarrekin aurkitzeko soldadoak meza hartan.

      Oren xuxenaz ontsa hitzhartuak etzirelarik katredaleko Jaun Erretorarekin, halere hanitz bildu dire ja igande hortan hamekak eta erdietakora.

      Hemendik goitirako tenora meza berezi horrentzat, gerla denbora guziko, uste dugu jakinen dutela soldadoek heldu den igandeko aski, goiz.

      Jarraik, eskualdun soldadoak meza horri.

      Bezperak — Eta bezperetarat zertako ez, zuen herri onetan bezala?

 

      Andre-dena-Maria biharamun igandean, etzelakotz pesta burua, bezperan baino soldado gutixago ginuen katredaleko bezperetan. Ba halare multzo on bat. Ongi eder baitzen eta hunkigarri, heien ikustea eliza barneko prosesione hirugarren igandekoan, pabillunaren ondotik zoazila, oro itzulian, Sakramendu Sainduaren kongregazioneko jaunen ondotik.

      Holakoeri esker ditu Jainkoak benedikaturen Frantziako armadak.

 

GERLARAT

      Baionata bildu eta hemendik gerlako bideari lothuak diren gazte fierrak, 49 garren erreximendu osoa bertze hainbertze eta gehiagorekin, engoitik noraino joanak othe ditugu?

      Eztakigu, Baionatik burdin bideratzean ikustekoak zirela baizik.

 

 

 

ZIBEROAN

 

ATHARRATZE

      Basabürüko gizon gaztek orok ihardetsi die lehiaz eta alageraki Frantziaren deiari. Saldoka eraitsi dira beren lekhietarik. Frantziaren amodiua bihotzian eta Aleman thorpia begietan, abiatü dira heraberik ez lotsarik gabe, sü garra bezain bero.

      Diala 44 urthe, gure soldaduek hartü zütien armak oraiko etsai berari bürüz juaiteko. Frantziaren etsai gaitza, Alemana da. Nazione bekhaxtia da eta berkhoia; eta nula bere amets handi eta indar ororen gatik, ez beite Frantziaren aztal beharriala heltzen, entelijentziaz, jakitatez, ez huntarzünez, Frantziaren kuntre badü bethi barneko har bat, erraietako jale bat.

      70 eko güdükari lothü zirelarik, Frantzesek bazütien, aitzinian, Napoleon lehenaren bitoria handiak, bai eta Napoleon hirur gerrenak irabazi partidak; eta haiek emaiten zeren beren beithako sinheste oso bat.

      Etzakien, ondikoz, aspaldi hartan Gobernia hil builta galgarri batetara eroriko zela; etzakien Frantziako armada zer heñetan zen.

      Ondoriuak ageri izan ziren.

      Nur ez da orhitzen, denbora hartan bizi zirenetarik eta nurk ez daki zer errabiarekin Alemanak erabili zian Frantzia, eroririk ikhusi onduan. Hantik hunat ere. gerthaldi oroz, Alemanak tratatü dü Frantzia egiten ahal zian bezain naüsiguarekin.

      Frantziak haatik ez dü seküla ahatze 70 eko gerla. Eta zunbat nahi politikero hügüngarri batzük nahasirik etxeki dien, bethi arizan da emeki emeki indar biltzen.

      Arte batez egin dütü zunbait ürhats gibelialat. Ordian zen ageri Alemanaren gozua! Uste zian berriz Frantziako armada errekalat bazuela.

      Beharrik gizun begi zoharbiak agertü dira eta haiek ezagüt erazi die zer galbidetan ginen.

      Doi, doia, denboratan, hirur urthetako zerbütxia berriz ezarri die. Barthu jaünari, behexiki, esker emaiteko dügü hortan.

      Frantziak, oraikuan, ez dü behar partida galdü eta ez dü galdüren; nazioniaren bizia eta izatia trebesiala emanik dira.

      Frantzesek orok ützi dütie politika zarrak sor erazten dütian aharra eta errreüsdürak; Frantzesak oro, egün bat jarririk dira; oro hitz bereko eta sendimentü beretan dira; agian haien arteko bakia izanen da egiazko eta irainkor.

      Aleman, etsai bethi erphai zaguena da, 70 ian bezala, orai ere süiaren phizlia.

      70 eko gerlan, Alemanak bazakian gañia ükhenen ziala. Prest zen eta ez ginen prest. Egün ez da hain gozuan. Indar handitan da eta untsa lagüntürik; bena Frantziak ere badütü indarrak eta badütü lagünak. Alemanak eta Autrixak, Frantzia eta Rüsia eror eraz beno lehen, lürra ikharatüren da, Europako nazioniak erreren dira.

      Frantziak ez Rüsiak ez die txerkatü bakiaren haüsterik; bethi elhe huna emaiten zielakoz, Alemanak eta Autrixak uste ükhen die lotsak gibel erazten zütiala.

      Oraikuan, Jinkuak detsala, Europa güziaren sütan ezarle eta ororen nausi izan nahiak garrazki phakatüren dütü bere ürgüillia eta bere abretasüna.

 

(Kirikiño)

 

1914-08-10

 

Guzur-sasia

 

      Orain Europan dabillan gudeatzaz esaten dan beste guzur... esan leike Zarrontzalez dabillela izparrak bidaltzen alde guztietatik. Bateko 500.000 zaldizko, besteko 20.000 gizon ankaz gora, orain 36 gudontzi urpera, gero 5 edo 6 uri andi kañonazoka birrin-birrin eginda... zer dok au!

      Guzurrak ain ugari ta sarratu dira ze sasitza bat egiten dabe, ta zain-zain egon bear da egiaren zatitxu bat ikusi al izateko sasiaren beste aldean.

 

 

1914-08-11

 

Gudea

 

      Atzoko guzur-sasitzatik ataraten da, ondiño Luik edo Liejaren jabe ez dirala egin doixtarrak.

      Belgikan oneek asko sartu dirala; baiña bai ingalandarrak be itxasoz Ostendatik, eta pantzetarrak egoaldetik. Azkengo bitzuok ia batu dirala belgikarrakaz, doixtarrai aurre emoteko. Laster izango dira ba ukutu gogorrak.

      Pantzetarrak sartu dira Alsatzen (Doitxerri) eta artu dabe Muluse deritxon uri andia, doixtarrak eutsin andiandirik egin ez dautsiela.

      Errusitarrak be uriolea lez Doitxerri mugatik barrurantz zabaltzen asi ei dira.

      Izpar guzti oneek, egia da, iturria dauke edo datorkiguz Paris ta Londondik, eta batzuren eretxiz ez dira osoro siñestu bear, jakiña da ba «bakotxak bere opillari su egiten dautsola». Baiña izpar oneek Gobiernuak berak emon dauzanak dira zertzelada guztiekaz ta siñestu leiz.

      Doitxerri-aldetik ez datorkigu izparrik. Bai, emengo karlista izparringiak ipinten dauz doitx-izparrak, baiña ez andik bidalduta ementxe atonduta baiño; ta atzo iragarri eban doixtarrak sartu dirala Parantzen Luksenburg aldetik, pantzetarrakaz jotze bat izan ebela, ta irabazi eutsiela oneei, ta orrelakoak. Izan leitekena da, baiña nekez siñestu leio izparringi orreri berezko guzurti utsa dalako. Pantzetarrai gorrototxua dautse, ta oneen kaltezko izparra, ez badauko be arin asmau.

      Laster izan bear dabe alkarjote andiak, ia alkarren urrean dabiltza ta. Bearbada, eguneko au idatzita gero etorriko dira izpar orreek. Alan balitz izparringi onen beste lekuetan irakurri zengikiez.

 

 

Etorle alan-olakoak

 

      Pantzetik bidaldu dabez bertan bizi izaten egon diran doixtar guztiak. Oneen artean geienak, oro ez badira, notin zindoak dira. Baiña oneen ostean datoz egunero españar pillo andiak. Españarrak ez ditue bidaldu Pantzetik, ez ba, España ta Pantze alkarren adiskide dira ta. Datozan orreek ba eurak gura dabelako da. Eta eldu ei da euron artean tresna ederrik... Eta gauza jokarria, oro datoz onaxe Euskalerrira. Baiña guk zer ete daukagu orreentzat? Zer? Agertzen diran guztiei jan ta edan emoten dautsegu ta orixe da: emoten dan lekura guztiak, jakiña! Etxekoentzat gorantziak bakarrik emongo bageuntsoz, orduan ez, ez litzakez agertuko.

      Ia ze gitxi doiazan Kataluñara, ta ia ze gitxi jarraitzen daben tren orreek Burgos, Logroño edo Santanderreraiño. Bai zera! Donostian eta Bilbaon, emengorik ostera garaunik ez datorrela.

      Berez gara gu leloak eta... zer gura dozu!

 

 

1914-08-12

 

Gudea

 

      Atzoko guzur-sasitzatik atarata.

      Luik edo Liejako izpar argirik etzan eldu. Antzez, lengo eran dagoz. Parisko Le Journal izparringiak diño Belgikako gobernuak esan dauala Luiken doixtarrak izan dabezan galtzeak: illak 2.000, zaurituak 20.000, arrapauak 9.700. Eurenak zenbat izan diran isillik dauke orraitiño.

      Pantzetarrak Muluse uritik urten dira, edo obeto, doixtarrak atara dabezala.

      Ingalandar gudaontzi andi batzuei atomau jakezala urpeko ontzi doixtarrak, eta ezin izan dautsiela kalterik egin; urpeko bat galdu ebela doixtarrak.

      Parisen gaixotegi asko zaurituz bete-beterik aurkitzen dirala, ta Bordeaux, Pau ta beste uri andi batzuetara be asi dirala joaten gudamutil zaurituak. Au jakiñik, susmoa egiten da pantzetarrak eta doixtarrak alkarjote gogorrak euki bear izan dabezala, ta Pantze-aldetik ezer ez dakigun lez, oneek taparrioren bat artu ete daben. Baleike.

 

 

1914-08-13

 

Gudea

 

      Edozetan gizona adikatzen (kantzetan) da, guzurrak esaten be bai.

      Lengo astean otzarakadaka, baita burkadaka be, bidaltzen izan dauz Zarrontzalek London, Paris ta Madridetik; izparringiak guzurrez beterik urteten izan dira.

      Atzo ez; atzo gitxi etorri zan.

      Batzuk iñoen izparrik ez etortea naikoa zala igarteko pantzetarrak ederrak artu izango dabezala, ostantzean ba bidalduko ebela jazo danaren barri Paristik.

      Eztakigu ba. Egunero jazartza (batalla) andiak ezin izan leikez. Itxuraz orain dabiz gudamutillak bildu ta bilduten mugetan, geroago alkarri oratzeko; ta bakotxa egongo da erearen zain, era onaren zain, irabazteko usterik geien noz eukiko dauan begira. Lenengo orataldi andietan lurra jota geldituko danak nekez gero jaso al izango dau burua. Orregaitik ardura andia aurrekoari eltzen asteko.

      Baiña noz edo noz, ta baten batek, asi bearko dau orretan be, ba egun bakotxean guda madarikatu onek jaten dauan dirutzea ikaragarria da ta orrelan ezin luzaro iraun.

      Eguneko au idazten diñardugun ordura arte beintzat ez da agertu izpar andirik: an Pantze ta Doitxeko mugan alkarjote txikiren batzuk izan dabezala ta besterik ez. Luik edo Liejatik bapez, ta itxasotik be bapez.

 

 

1914-08-14

 

Gudea

 

      Atzo, araiñegun baiño guzur geiago etorri zan. Zarrontzalek obeto bete eban bere bearkuna. Olan, olan!

      Guzur-sasitzatik ataraten da:

      Belgikarrak gogor egiten dautsiela doixtarrei. Ainbat lekutan euki dabezala alkarjoteak, eta batzuetan artu eta beste batzuetan emon, doixtarrak an azur gogorra aukitu dabela da ezagun.

      Beste izpar batek diño asi dirala belgikar gudari ez diranak (paisanuak) burdinbideak eta urrutazki-ariak (telegrafo) ebagiten, doixtarren atzean, oneei eldu ez dakioezan eurok bear dituezan ornikiak (provisiñoak). Auxe egiten badabe belgikarrak, gogait eragingo dautsie arerioei, ta asaro ibilten galazo. Biztanleak onetan asi ezketiño, gudaroste edo ejertzitu bat erabilten dabe itsututa, ulebioak txakurra lez.

      Belgikan beste eragozpen aurkitu badagie Pantzen doixtarrak, irabazi egin leie, baiña bai ondo nekez.

      Pantze ta Doitxerri-mugan be izan dira oratze txikiren batzuk; baiña uste diran jazar (batalla) andiak ondiño ez.

      Itxasoz ez dago barririk. Ez ba, Ingalandaren ontziak dira ugazabak itxasoan. Doixtarrenak egon bear dabe Baltikan, bertatik urtetako bildur dirala, besteak baiño indar gitxiago daukielako. Artean, doixtar zamaontziak geldi itxaso guztietan, eta ingalandarrak barriz aske dira ibilteko gura daben lekutik. Onexek, itxasoko gebentza onek ekarriko dautsoz Doitxerriari kalte izugarriak.

      Errusitik ez dago izparrik.

      Izpar begikor-begikorra etorri zan atzo Pantzetik. Ango Gobernuak erabagi dau barriro jaupariak ipintea gudaontzi guztietan. Orain zazpi urte dala kendu ebazan.

      Erabagi au gozaro artuko dabe pantzetar gudaontzietan dabiltzan katolikuak. Zorionak eurei.

      Eta ez uste katolikorik ez dagoala. Pantzetarrakaitik asko esaten da, baiña euren artean katoliko zintzo-zintzo benetakoak eurrez dagoz.

      Gomuta dozue oraintsu egon zala Donostin gudaontzi bat Jeanne d'Arc deritxona. Ba, ontzi ori eldu zan Donostira arratsaldeko lauretan, eta barrukoen artean etorri zan ofizialgai bat barau osoan Jaunartzeko gogoaz; uste izan eben Donostira elduko zirala eguerdi aurrean, baiña berandutu ziran eta alan be ez eban baraurik galdu, ta lurrera urten zanean bereala jo eban eleizara.

      Ontzi ori sartu ta urrengo igandean Donostiko eleiza baten ikusi ebazan gure ezagun batek ontzi artako itxastar erreskada andia autortuten eta jaunartzen, eta danak ziran ofizialgaiak.

      Beste orrenbeste iñoz jakin dozue egin dabenik katoliko izen andia daukon erri bateko itxastarrak?

 

 

1914-08-18

 

Jaungoikoa minean...

 

      Aldi baten (or eun urte inguru bai, nire aitaren aititak edestu edo kontaurikoa da ta), nire erriko eleiza-aurrean dagoan arte andiaren azpian egozan notiñen (personen) batzuk txutxu-putxu alkarregaz itz egiten.

      Senar-emazte ta seme bi ziran eurak. Gaberdi ingurua zan, negu azkenerantz.

      —Agur ba, ene Maimanu —iñotson gizonak emazteari— orain banoa seme bi oneekaz ta, Jaungoikoak gura badau, agertuko gara gaztaiñak elduko diranerako.

      —Jaungoikoak lagundu dagizuela etxerako irabazten, gorde zaiezala arrisku guztietatik.

      Banandu ziran. Atsoak, etxeratu zanean kandela luze bat ixitu Jesus Gurutzekoaren aurrean eta asi eban egun artantxe bederatziurrun sutsua eskatzeko bere senarrak eta bere seme biak irabazte andia ekarri egien urte artan.

      Senarra ta seme biak, zetariko lanera joan zirala uste dozue? Ez ikaratu. Itxasora lapurretan!

      Bai, nire aita zanaren aitita zanak edesten ebanez, nire errian baziran itxaslapurrak, urtearen aldi batean, udan, itxasora joaten ziranak ontziei lapurretan egiteko. Jakiña, Bizkai-itxasaldeko lagunekaz bat eginda.

      Orain ez dago onetariko lapurrik, itxasoan gaitz edo eziña dalako lapurretan ibiltea gaur egunean. Al balitz, orain be izango litzakez, lapur banaka bat beti dago ta.

      Gaur edesti zar au gogoratu jat. Zer dala ta? esango dozue. Orra ba, irakurri dodalako Europako bakaldun andi batek beti darabillela Jaungoikoa miñean, Jaungoikoari laguntasun eske, ta zetarako? Beste aberri batzuetara sartuteko, eurok birrindu ta zapaldu, ta bere mendapean ipinteko, euren askatasuna kendurik. Auxe, lapurretan egitea baiño ondiño txarragoa dala ta nago, lapurrak ba geure gauzea ostu ta daroa baiña geu ez garoaz ta, barriz, bakaldun arro orrek dagiana da gizonak eurak ostu ogasun guztiakaz, gizonai aberria ostu.

      Jaungoikoa miñean eta erpea libre? Ori etxatok ondo.

 

 

1914-08-19

 

Gudea

 

      Lengo egun baten esan genduan lez egun oneetan ibilli dira Laterri gudagilleok mutillak pillatuten, alkarri eldu baño len.

      Atzo esan zan alkarri eltze ori asi zala.

      Gauza ikaragarria! Doixtarrak eta osterreiztarrak milloi bat gizon inguru pillatu ei dabez.

      Ingalandar, belgikar ta pantzetarrak, barriz, pillatu ei dabez milloi bat eta bosteun milla.

      Guztira bi milloi ta bosteun milla gizon aurrez aurre ederto izkilluz orniduta alkarri bizia kentzeko.

      Gizon guzti orreek leku andian dagoz zabalduta: Belgikako Luik edo Lieja baiño iparralderagotxutik asi ta Suitzaraiño, or seireun killometro inguru.

      Egunokaz esan danez, era batera asiko dira alkarren aurka bide ain luze orretan.

      Or izango dan odola, nok daki? Eundaka milla gizonak geldituko dira illotzik.

      Eta zelakoak? Laterri orreetako lora-lorea. Mutil gazteak, ondo egiñak, osasunez zindo-zindoak, makalik edo gaixokirik ez dabe eroaten orretarako ta.

      Laterri orreetako gaztedia-lora mardo ederra ondatu ta birrinduko dabe or odolpatsetan.

      Eta gauza arrigarria! or alkar ilten diñarduen mutillei esango balitzakioe: «Aske az, eure eskuan daukok ementxe bizia jokatzeko edo etxera bake-bakean joateko», geienak, guztiak ez esatearren, izkillua itxi ta joango litzakez euren biotzeko maiteak laztantzera eta eurakaz bakean lan egin ta bizi izatera.

      Orra ba, bi milloi ta geiago mutil alkar ilten eurak gura ez dabela, alkarri gorrotorik ez dautsiela.

      Aurrerakunde andia egin dauala gizadiak aoa bete-betean esaten da. Azaletik bai, barrutik ez. Barrutik ondiño lenagokoa da ta izango da gudazaleak amaitu arte.

      Laterrietako gudazaleak dabe errua. Gudazaletasun auxe kendu bear da gizonen gogoetan, oña arturik onetarako Geure Jaunaren boskarren agintzan: «Ez dok erailgo».

      Gudazale diranok eurok bakarrik egingo balebe gudea, tira, txarto izango litzake orduan be, baiña eurak ain zaleak diran ezkero... Baiña ez, gudazaleak ez diranak eta bakean egon gura dabenak eroaten dabez, gudarosteko lagi gogorpean sartu, ta eragin nai ta ez.

      Eta gudazale oneek ikasi gura ez badabe Jaunaren agintza eder ori, ikasi eragin. Zelan? Iñoz gudarik asmaten dabenean, gudazale ez garan guztiok alkar artu ta batera erantzun: «Ez goaz gu, zoaze zeuek gura badozue».

 

 

1914-08-20

 

Gudea

 

      Beti lez atzo be guzur mataza andia etorri zan. Guzur-naste orreen artetik ikusi al daikena da: Belgikarrak gogor deragoioe euren Aberrira sartu jakezan arerio doixtarrai guda-egiten.

      Pantzetarrak batu jakez, baita ingalandarrak be, ta irutzuen artean eutsin beintzat egiten dautsie doixtarrai.

      Oneek gudari izugarriak dirala esaten euskuen. Pantze ta Belgika bereala ostikopean sartuko ebezala, ta aste biren buruan Parisen aurrean agertuko zirala ta..., nik dakit?

      Eta ikusi doguna izan da, doixtarrak euren arerio pansartu zirala bigunaren billa; andik sartu arren be, ezin dabela bide andirik egin Pantze-alderantz.

      Ez dira ba esaten zan bestekoak. Sartu dira arro-arrorik burruka onetan, baiña itxura baten urteteko nekea izango dabe.

      Alsatze-aldean be pantzetarrak garaille ei dira. Au pantzetarrak eurak diñoe, ta ez dakigu ba egi oso-osoa dan.

      Batzuk esaten dabe doixtarrak dirala irabazleak, eta belgikar ta pantzetar ta ingalandarrak aurrean artuta txarto darabillezala. Au esaten dabe karlisten aldeko izparringiak. Nundik eta zelan dakie ori? Inundik be ez. Orreei ezin ezer siñestu legioe.

      Beintzat, ezaugari bat badago igarteko nortzuren aldez dabiltzan arazoak orain arte ta bera da Ingalandako Bankuak diruaren euneko ainbestea asko merketu dabela. Doixtarrak (alemanak) irabazten baleioaz, ez litzake ori jazoko, bestetara baiño.

      Edozelan be, bakea etorriko al da ainbat lasterren.

      Atzo irakurri genduan Doipuruak (Aita Santuak) agindu dauskula kristau guztioi otoi dagigula bakea Jaunari eskatzeko. «Zorionekoak bakezaleak» esan dau Jesukristo gure Jaunak, eta X Pio Doipuru onak Aren bidetik jarraiturik, agindu ori emon dausku.

      Jesukristoren oiñordekoak bakea nai izatea, gauza egokia da; ez baiña, oraintsu Elgoibarren lekaide batek txadoniztokitik (pulpitotik) gudea eskatzea.