Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-08-07: Biba Frantzia!

      Oihu horrek betetzen du abuztuko lehen asteko Eskualduna. Mobilizazione orokorra deitua izan da eta “bihotz altxagarria” da ikustea nola erantzun duen Frantzia osoak, Eskual Herria barne. Trenak soldadoz beteta, Euskal Herritik gerlara sendi beretik sei eta zortzi kide bidali dituztenen etsenpluak irakur daitezke. Ezkila joka, afixak nonahi, astekaria ere gerlara jarria da, orain arteko formatua ezinbestean utzi eta txikian kaleratuko da, ahal den arte, gerlaren berri emateko.

      Italiak ez omen du Frantziaren aurka egingo, eta Errusia eta Ingalaterra, itsas armada indartsuena duena, Frantziarekin dira. Ez daukate lan erraza doixtarrek!

 

 

Gerla Haste — Biba Frantzia!

HERRIALDE AUZOAK GURE ALDE


 

Irakurtzaleri

      Gerla hau delakotz eta hunek dirauno itzaltzekotan izanik Eskualduna, agertzen da oraino egun; eta gure xedea da, nehondik neholere ahal badugu, ez usteko hunen irakurtzaleak, noiz eta ere baitira izanen berri gose eta egarrienik, hain xuxen orduan, deus jakin gabe, bazterretikako berriak baizik. Hek ere noiz eta nola? Jainkoak daki.

      Guk ere bertzetarik jakinez beharko ditugu ba eman; eta noiz edo noiz ―agian bakan eta egun laburrez!― berri gutirekin bagine, edo xuxenik, segurik batere gabe, laburtuko dugu kazeta, nola nahi zertaz nahi betherik emanen dugun baino lehen.

      Halere, lanak behar dauzkula eman zonbeit aldi ezin helduz, beldur gira; eta azken beltzean behar baginu ere, gure ahal guzia bertze lan zerbeit ezin utziagori eratxikitzeko, itzal-aldi bat egin luzexago, laburxago, eginen dugu eta hartuko duzue othoi hoberenera.

      Bakarrik hitzeman dezakeguna da, lanari ez uko egitea borondate on eskasez.

      Uko, sekulan, biziak eta ahalak diraukuteno.

      Xoilki, errana den bezala, gerlan gerlako gisa.

      Heldu diren egunetan hau baino lan presatuago bat jabe balakigu, ―gutien usten gertha dakigukena― gure denbora guziaz, ez ginitazke thema, ez ditakenaren egiterat.

      Etsi bat har ginezake zuek eta guk, irakurtzaleak, orduan bakotxa bere eginbideari darraikola, berriak Eskualherrian eskuaraz jakin ala ez jakin.

      Etsi baten hartzea eta etsitzsea gutaz, biga dire. Zertako etsi? Ez dugu zeren; urrun da.

      Hain du Frantziak, Frantzia guziak, Eskual-herria barne, oldar ederra, gaitza hartua hor, etsaiari ihardukitzeko.

      Ukan dezagun konfiantza gure armadetako aitzindarietan; egin dezotegun kreit, behar den guzia eginen dutela.

      Kreit gobernamenduari ere; berriak goizago edo berantago beren tenoren jakinen ditugula.

      Anhartean, aste huntakoak eman errexak ditugu, zeren eta guti baita, biziki guti, berri segurik.

      Amen omenkako berriak ez ditugu nahi eman, edo ahalik gutiena; eta oraino erranez, ez direla segurak.

      Sarri, sarri berri handiak; agian onak; gero ta hobeak, Jainkoak laguntzen gituelarik.

 

 

 

BERRIAK

 

      Agertzen ahal gireno, nahi ginituzke berriak eman ―berririk den egunetan― heldu diren egunetan, egunka.

      Egun berean hemenxe haste,

 

ITALIA

      Asteart goizean gira. Goiz huntako kazetek diotenaz, hala nola Bordaletik orai berean heltzen zaukun batek, Liberté du Sud-Ouest deithuak, Italiak Alemaniarekin bat egin zezan beldurtzeko baitzen, jakin-arazi du Italiako gobernamenduak Frantziakoari, ez dugula zeren Italia jazar dakigun beldurrik ukhan; gure alde ez bada, ez dela kontra ere izanen.

      Egia bada eta Italia hitzeko balinbadago, bazauku aski alde hortarik.

 

ANGLETERRA

      Hau ere asteart goizeko berria, Bordaletik heldu: Angleterratik hunat multzoka sartzen ari diren frantses gazteak gara guzietan, itsasoari lotzerakoan leihorretan, oihuka, bibaka segitzen dituzte anglesek.

      Oihuak oihu, bibak biba, segurtamen osoa omen dugu, gerla huntan, angles gobernamendua, angles armada, leihorrez ala itsasoz, bereziki itsasoz, gurekin izanen dela.

      Indar gaitza baitu angles marinak, untzi andana bat, gerlako untziz munduan den lerrorik ederrena, orai arte alemanak ezin bardindu duena, nahiz hurbiletik darraikion.

      Ba bainan leihorrez leihor Frantzia garhaitu nahiz bere indar osoa egitekotz, utzi beharko baitu Alemaniak bere marina erdi goserik; edo hau azkar atxikiz, lurreko armadak hanbatenaz ahuldu; bati emana bertzeari khen, nahi eta ez.

      Alta troparen hazteko, ala etxean geldituen, itsasotik igurikitzen zituzten laguntza handiak eskasten bazaizkote alemaneri, edo bederen xuhurtzen, debrua ikusi behar dute, ezin biziz, gerlak aphur bat irauten badu.

      Agian, agian eztauku huts eginen anglesaren laguntzak.

      Gure gatik ez bada, bere gatik ―gu garhaitu-ta, hari jazar litakelakotz alemana― hitzeko egoiten bazauku anglesa, eztugula zeren lotsa, diote orok. Altxa bihotzak!

 

RUSIA

      Goragoko bi berri onak, Italiaren geldi egoitea eta Angleterraren gure alde lotzea gerlari, Alemaniaren kontra, ez dire baitezpada egungo, ez atzoko berri; ja igurikiak orai baino lehen, dire orai holetan finkatuz joaki gero-ta gehiago: gurekin dela osoki Angleterra; eta aldiz Italia ez dela, beldurtzeko ginuen bezala, Alemaniarekin.

      Eta Rusia? ― Erran gabe doa: Rusia gurekin. Europako populu handiena, hedatuena, soldadorik gehiena altxa dezaken populu gaitza; gu hemendik bermatzearekin, hura handik bertze aldetik etsaiari oldartzera prest, ez bada ere, diotenaz, jadanik oldartua.

      Rusiaren laguntzaz hain duda guti dugu non haren gatik baitugu hastekotan dugulako gerla hau.

 

HITZ EZIN JANA

      Bi gizonek bezala, bi nazionek ere, hitzemanez geroz elgarri, bietarik bati jazartzen zaionean hirugarren bat, hunen kontra jarriko direla biak eskuz esku, behar dute hitza elgarri atxiki; ezta hor haratik ez hunatik.

      Lagunari hitza janez, uko egin lezakenari zorigaitz! Sekulako begietan hartzeko aiher da, hitzaren gainean kondatu duen populua. Bere hitza atxiki du Frantziak; ontsa egin baitu. Biba Frantzia!

 

BELGIKAN

      Herrialde hunekin ez gira gerlaz oraino bat Alemaniaren kontra, bainan hartara goazilako itxurak dire. Huna zertako.

      Ja Luxenbourg delako herrialde berex batean barna heldu zauzku Alemanak, zangorik han sartzeko dretxo den gutiena gabe; gerla batean barne ez diren tokietan sartzea ez baita haizu, nazione guzien arteko legen arabera; bertzalde Luxenbourg hortan ez sartzeaz elgar hitzhartua baitute bereziki horren inguruko erresuma guziek; berak Alemaniak eta Frantziak.

Hitz jan daukute hor beraz Alemanek; ez dute oraikoa.

      Belgikari buruz lan tzar beraren egitekotan ditugula da berria, zer eginen badute eta ez badute.

      Ja Belgikako gobernamenduak errana du goraki, nahi dela bere eremuen nausi; ez duela utziko arrotzik han sartzera.

      Axolarik gabe, aitzina sartzen bada beraz Belgikan Alemana, han gaindi errexkiago jazartzeko guri, segura da ehun mila etsai gehiago berehala oldar dakion; behin ehun gerokoak gero: Belgikako armada guzia.

 

PARISE

      Hiri nausiko berri xeherik eta segurik deus guti dugu, baizik sutan dela hango jendea; oro soldado nahi, ez uzteko, bertze orduz bezala, etsaia sartzera; ez eta hurbiltzera. Ez balinba oraikotik.

 

BERTZETAN

      Hiri eta herri, handi ala ttipi, guzietan, khar bera da. Frantzia guzia xutik, zuzen izpirik gabe, guk deus galdatzen, ez eta deus hobenik egiten ez diogun etsai aspaldiko tzarrari emaiteko merezi duen muthurrekoa.

      Orotan oro bat dire frantsesak, elgarren arteko makur, hoztasun, aiherkunde guziak utzirik bazterrera.

      Agian iraunen du batasun horrek eta joanen da gero-ta ederrago, tinkiago, azkarrago, agian; arrotz etsaiaren garhaitzera doala gure indar guzia.

      Orotan bakeak egin dituzte frantses elgar ezin ikusienek berek.

      Gobernamenduak ―berant bada berant― ordrea eman du eskola giristino eta komentu ondar herstera zeramatzatenak, (hain xuxen orai!), begoitela hunkitu gabe.

      Nola den erraiteko baizik ez da.

      Ez ginuken deus beharragorik egun hautan, eta hor heldu diren egunetan!

      Makurrik aski badakarkigu gerlak. Hori bederen ez dugun, ordu zen!

 

GIZON ALTXATZEAK

      Hau da berriz mobiliziazione gaitza! Egundaino Frantzian ez da ikusi holakorik. Hainbertze gizon, holako ordre ederrean, hoin fite, oro utzirik, denak soldado.

      Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!

 

BIBA ESKUAL-HERRIA!

      Eskual-herrian bezala joan balinbada gizon-altxatzea bertzetan, eztugu zeren, behin eta behin, Frantziaz etsi; ez eta ere lotsa.

      Xuberon, Baxenabarren, Lapurdin, orotan oldar bera.

      Larunbat arratsalde erditan, atabalak eta elizetako ezkilak entzutearekin, eta jandarmeak banazka tarrapatan bazter guzietarat hel ahala hel, afixen eman-arazterat herri guzietan, laztura batek hartu ditu oro. ― Zer da hori? Gerla othe?

      Etzen gerla oraino, bainan hartarako azken urhatsa. Urhats bat gaitza, Frantziako guziak egin zezalako deia: «Ordre de mobilisation générale».

      Berrogoi-ta bortz urtherainoko gizon guziak altxa; batzu berehala gauerditik goiti; bertzeak andanaka, lau, bortz egunez kasik oro.

      Gaua zoin beren etxetan solasean eta gogoetan egonik, biharamunekotzat oro deliberatuak ziren eginbidearen bethetzeari; uko egin gabe.

      Zenbeitek uste ez bezalako dute hor beren burua erakutsi Eskualdun gizonek. Ederki!

      Zenbat xehetasun hunkigarri ginituzke hemen emaiteko, entzunak edo guhaurek gure begiz ikusiak! Bertze zenbat sekulan jakinen ez ditugunak eta agian Jainkoak saristaturen dituenak, bakotxari merezitu laguntza emanez beretzat eta familiarentzat.

      Hemen hiru, lau gizon gazte eta adineko, etxeko langile guziak hor harat doazila, nausi eta muthil, emazte ahul, zahar higatu, haur hotz batzuen gain utzirik oro; lan etxeko gizon bakarra; errumes, eri, ohatu batzuen hazlea gerlarat; suaren pizterik ez zeiela gelditzen etxean.

      Joaitea lotsagarriago askotan eta kuraia handiago, azkarrago xedea.

      Probek lana, lanik gabe edo lan gutiz bizi zirenak bere izaite goxoa, orok oro utz eta loth, hala behar denaz geroz, zinkurinarik gabe, gizonki, gerlarako bideari.

      Bakotxak bere mina du minenik, bainan badire aiphagarriak, ezpalitz ere orori bihotzaren altxatzeko baizik.

      Ah! zer etsenplu hunkigarriak!

      Xubero Salgizetik sei aneia Garicoitz; seietarik, bat apeza.

      Guéthary-atik d'Elbée jaun soldado aitzindari ohiaren zazpi semeak, alaba baten senharra eta alaba hura... bederatziak badoazi hor harat, Frantziaren zerbitzari; zortzi soldado familia beretik eta emazte bat, soldado eri eta kolpatu arthatzale, Croix Rouge delako andere bilkuran sarthurik.

      Holako zonbat, non nahi! Ez da bethi nonbrea bakarrik bihotz-altxagarri, zonbat ere baita eder d’Elbée aita, on balitz bera ere gerlarat joan litakenak bere haurrak oro bil-eta erran diozkatelako hitzak: «Faites-vous tuer plutôt que de trahir votre devoir, mes enfants».

      Bakar batek berak gerlarakoan bardin hunki dezaguke bihotza, hemen uzten dituenak ikusiz.

      Hazparne Zelhaiko kartierean, sei edo gehiagoko haur zeheria baten aita laborari etxetiar, etxeko gizonki bakarrak ―etxalde handiko lan guziak bere gain― ortziralean berak aurdiki ditu gutienetik hiruetan hogoi bat zaku ogi, mekanikaz; larunbatean oro berak sarthu.

      Izertaldi bat ederra harturik, emaztea bere haurrekin utz eta loth gerlako bideari.

      Baionatik bat luzaz eri egon berria, doi-doi lanari berriz lothua, lau haur ttipiren aita, sei libera sakelan zituenak, utzi daizko emazteari erdiak, hiru; bertze hiru liberekin, anda kurri, soldado.

      Huna hau, ama bat guhauri mintzatua, Espainiako karrikan auzo duguna, elhaire ez ginuelarik, heldu zauku karrikaren erdira, haurño bat eskutik, bertze bat xutik joaitekoa, besoetan; begitartea mehe eta zuhail bezen begiak xuxen, mintzoa sarkor:

      «Othoi, jauna, erradazu: garhaituko dutea gure gizonek etsaia oraikoan? Ez balezate garhait, Frantziarenak egin luke bethikotz»

      Ahalik hobekiena ihardetsi diot: «Brave femmme, ayons confiance en Dieu ― Ba, jauna, bainan zinez egia: ene senharrak bere biziaren sakrifizioa egina duen bezala, nik ere onesten dut bihotzetik; alharguntsa gelditzera nago, Frantziak irabaztekotan»

      Emazte batean kuraia hori, bi haurren hazteko lanak ez izitzea, Frantzia oso gelditzekotan, ez dute oroko menturaz konprenituko; ezta gutiago eder eta, oren huntan, arimen altxagarri.

      Araberan, zer ez gaude?... Holakoek daukute ardietsiko Jainkoaren urrikalmendua.

 

BURDINBIDEAK

      Oro soldadoz betherik dabiltza treinak, harat-hunat. Igande arratsez geroz, bertze nehor ez dute hartzen nehondik nehorako; ez eta zenatur, ez deputaturik ere.

      Catalogne zenaturrak, Guixenne eta Ybarnegaray deputatuek ukan dutenean Pariserat galdea, gerla onhartu behar ginuen ala ez, erraiteko, ez edo ba, beren bozaz, hiruak berehala nahi izan dire joan, lehen treinez astelehen arratsaldean. Berantegi zela, etzela heien tokirik. Bertzale trains militaires hoitaz Parisera orduko, biharamunagoa zitakela, Baionan gelditu behar izan dire.

      Asteartean, ber ezin bertzea; nahiz Ganbaren biltzea 24 orenez luzatua zen, etzirela heldu ahalko aski goiz, hiruek batean Prefetaren medioz telefonatu dute Pariserat, Frantziaren etsaien kontra Gobernamenduak eginen dituenak onhartzen dituztela.

      Garati, lehenago joana Pariserat, behartu zaioke.

      Zonbat diren treina ezin hartuz gelditu, zonbat bildu Parisera, zonbatek boza eman gerlaren alde, ez dakigu oraino.

      Ezta dudarik bakar zonbeitez bertze guziek ba eman dutela.

 

GERLA DEKLARATUA

      Astearte arratseko hamarretan joan da Parisetik, Belgikan gaindi, Alemaniako enbaxadorea.

      Oren bat edo bi lehenago ukana zuen gure ministro nausiarekin bere azken solas-aldia. Elgarri erranik, hotz hotza, bi aldetarik beren ahalak egin ondoan, bakearen beiratzeko, paperak (les passeports) galdegin ditu eta eman diozkate, doala, ez badauke.

      Partitzean, utzi dio enbaxadoreak hemengo ministroari nota bat izkribuz: hango Gobernamenduaren izenean: gerla deklaratzen daukula, bakea nahi ez dugunaz geroz.

 

NOREN GAIN

      Noren gain gerla hau?

      Alemanak diotenaz, gezurra, eta enbaxadoreak bere nausien izenean erran duenaz, gure gain, frantsesen gain!

      Guk omen dugu altxatu makurra; guk berotu Rusia, gure etsai maltsoaren kontra, hunek deus egiten etzuelarik. Gezurra hori.

      Guk dugu omen zangoa eman lehenik Alemaniako lurrean, gerla hastekoa zelarik; are gutiago zelarik oraino deklaratua. ― Gezurra.

      Gure «aviateurs», aireko gizon-xoriak omen dire alemanen arabera, heienak baino lehenago ibili hegaldaka Belgikaren eta Alemaniaren gainez gain; Alemaniako zokoen ikertzen, soldadoak non zituzketen gerlako bilduak; eta Belgikan gaindi, nola zazkioketen jazar hemendik harat ― Gezurra.

      Belgikako lurra, gerlan barne etzena, berek ostikauta ja, edo egin gogo, eta guri sudurrera, guk dugula huts hori bizkarrean. ― Gezurra.

      Europa guziaren jakinean, xutik doazin gezurrak derasatzate, dakitelarik nehork ez dituela sinesten.

      Horrek ditu azkenean galduko, populu zibilizatu batek egundaino egin, ez erran ez dituzten egitateak eta hala ez diren erasia tzarrak besagainka derabiltzatelakotz.

 

ZERTAKO?

      Eta hoik oro zertako? Hain azkar balinbadira eta beren zuzenaz hain segur, zertako nahaskeria hoik oro? Huna.

      Behin uste baitzuten izituak ginauzkatela sekulakotz. Burua xut daukagula, ez beldur, ez lurrari etzanak ikaran, ikusteak erhoarazi baititu, diren bezalako urguluntzi tzarrak.

      Gero, gure zedarriak, handik hunateko bideak azkarki zainduak, uste zuten baino biziki azkarkiago hatzemaitearekin, debruak hartu baititu.

 

ORO KONTRA

      Are gehiago erhotu dire omen ikustearekin, ez dagola Europa guzia, mundu zabal guzia, heien aitzinean buruz behera, belhauniko: gezur bat, elhe zuri bat aski, nahi dituztenen atxikitzeko ahurrean; aski beltzuri bat, bertze guzien izitzeko.

      Baia ba? Oro altxatu zaizkote azkenean kontra, edo ari altxatzen, batzu bertzen ondotik. On dagiotela!

 

HASI GABE

      Larruaren barnean ez dauzkela, erho-arazten dituena da, gerla oraino funtsez hasia ez delarik, alde orotan hoinbertze etsai ja badutela ikustea, eta egunetik egunera gehiago ukaitekotan direla, irabaz ala gal.

      Irabaz balezate ere, beren kontra geldi litzazkote oro, sekulako hoztasunean eta herran; eta galtzen dutelarik, orok diotenaz galtzera doazin bezala, oraikotik Alemania, populu guzien larderiatzalearenak egin du.

      Ordu ahal da!

 

AZKEN BERRI

      Parisetikako eta Frantziaz kanpo bertze herrialdetarikako berri hauk hola dire, oro egiak.

      Erran gabe doa, beharko dugula, gerla hunek dirauno, bereziki hastapen huntan, gure burua zaindu, entzun eta irakurtu guziak, ebanjelioko hitz bezala, oro sinetstetik.

      Guk gure aldetik nahiago dugu deus ez erran, dudakorik hemen aitzinatu baino, ahalaz.

      Egia jakin dezazuen gutarik doaken bezenbat, gira lothuak, Eskualdunaren ager-arazteari gerla denbora huntan, behin bederen.

      Arren orainokoak, asteartetik hunat, kazeta huntan emanak ortzegun goizeraino, egiak doazi.

      Bereziki Angleterra eta Belgika gero-ta azkarkiago kontra ditu etsaiak: Belgika, haren lurretan gaindi nahi zaukulakotz hunat sarthu, bertze bideak, idekirik hatzeman uste zituenak, ezin hautsizko heinean hetsiak, alde guzietarik gizonez, kanoiz, mitrailleuses direlako izigarriz inguratuak hatzemanik.

      Angleterra, ezin onetsiz Aleman atrebitu horrek zangopean ezar ditzan guziak, orai arte kontra etzituenak eta oro.

      Alferretan dio galdatu, behin eztiki, Angleterrak: utz dezan Belgika, hunkitu gabe; han ez dadin sar, bere onetan; gero garbiki adi-arazi diote eta goraki aleman buru gogarrari: dagola bere zedarrietan; gerla huntan barne ez direnak utz ditzala geldirik; deus ez nehor ez du sinetsi nahi.

      Hanbat gaixtoago harentzat; hobe guretzat. Bere kaltetan sobera hantzen denak leher egin dezala; orok atsegin ukanen dute, eta penarik nehork ez.

 

* * *

 

      Hortan gira ortzegun goiz huntan. Hemendik bizpahiru egunen buruko zer berri othe dukegu? Agian onik baizik ez, eta hetarik hanitz.

      Bainan othoi ez egon ahoa eta begiak zabaldurik, zer nahiren, nor nahiren, nola nahi sinestera.

      Berri xuxen batentzat hamar eta gehiago makur ibiliko baitire hor, mihiz mihi.

      Berriak bakhan eta hek egiak, hobe da, egun guziez hala ez direnen ondotik ibili gabe.

      Kasu, kasu berri faltsueri: frantsesek holako hiria hartu; halako gizon-xoriak holako balentria egin; hunenbertze aleman hilak ja, edo preso,... kasu, egiak direnez.

      Garbitasunik ez duguno, egon gure ez-jakinean, edo bederen dudan.

      Segur daukaguna da orai arte hilez eta biziz, frantses apez bati jazarri zaizkola alemanak eta hil dutela tiroka.

      Hastapen itsusia! Dezotela lehen ausiki horrek kalte egin, apezkiak egundainoko tzar guzieri, goiz edo berant, egin dioten bezala.

      Behinik behin hemen guk, Frantzian, giristino eta bertze, gorri eta xuri, elgarrekin bakea dugu, batasun osoa. Ordu zen; dirauela etsai arrotzarekilako gerlak bezenbat eta gero ere aitzina bethi.

 

* * *

 

      Frantsesez emaiten ditugu deputatu eta zenaturren bilkurako berriak.

      Diren bezala, orok jakitekoak dire.

      Zorigaitzez, bihotzean min egiten daukuna da, ikustea: Jainkoaren izena nehon ez dela aiphu, ez Errepublikako Presidentaren, ez ministroen hitzetan.

      Jainkotiar baginitu Frantzian Gobernamenduko buruzagiak, ez ginuke munduan parerik.

      Beharrik ditugu soldado aitzindari hanitz, bertze hoik ez bezalakoak, erlisionez. Beharrik da Frantzian den bezenbat ongi, ororen buruan.

      Egin dezagun othoitz, eta Jainkoak urrikari gaituela.

      Estonagarri da eta, kontsolagarri zonbat soldado joan diren hor harat kofesaturik, komuniaturik, beren abitu eta medelak soinean, arrosarioak sakelan.

      Gaizo gizon fede azkarrekoak, zuek daukuzue salbatuko Frantzia.

 

 

 

OROK BAT

 

      Othe da, othe ditake deus hunkigarriagorik; deus, bihotz altxagarriagorik, nola baita ikustea, Frantziaren buru batetik bertzera, herritar guzien batasuna, gerlari buruz?

      Ez da gutartean gehiago, xuri ez gorri, berexkunderik.

      Oro frantses Frantzian; Eskual-herrian oro eskualdun, elgarren aneia.

      Donibane-Lohitzunetik Atharratzeraino eta han harat azken herrietako azken mugaraino, dezagun egin guziek bat Frantziarekin.

      Jainkoa lagun, nehork ez gaitu garhaituko.

 

 

 

SALTZALERI

 

      Clément Monge, Eskualdunaren “administrateur” jaunak soldado joaitean, utzi du bere ordaintzat hemen, gerlaren denbora guziko, Amédée Larrieu. Jaun huni beharko dire igorri Eskualdunari dohazkon letrak eta mandatak, adreza huntan:

            Monsieru Amédée LARRIEU,

            69, rue Bourg-Neuf

            BAYONNE (B.-P.).

 

 

 

ESKUALDUNA

 

      Gerlak dirauno, ez dugu ESKUALDUN hau ager-araziko, bi paietan baizik. Huna zertako.

      1ik― Esku lana biziki nekez izanen baitugu, hogoi bat langiletarik bizpalautaratu delakotz gure inprimariako nausia: hek ere ahal direnak, ez jakin noiz artio.

      Papera ere, gutien ustea eskas baitakiguke, jin bideak hesten badire egun hautarik batez eta gero behin ez idekitzen.

      2ik― Gerlako berriak baizik ez baitugu emanen urrungorik; ez eta ere deus hanbat, oraiko ustez, Eskual-herriko berririk gerlaren ondoriozkoak baizik.

Hauk baginitu hein bat xuxen, bihotz onez hemen emaitera gaude; orok elgarren berri jakinez, hobeki dezagun elgar lagun.

 

 

 

AZKEN HITZ

 

      Orotarat ezin bertzela helduz, otomobil bat hartu dugu egungo Eskualdun-aren hedatzeko.

      Berriz ez dugu despendio hau egin ahalko.

      Jendea usaiako harat-hunateri lotzearekin agertuko gira berriz. Ordu arte pazientzia.

 

(Kirikiño)

 

1914-08-06

 

Atzerri

 

      Nastau dira gudan Europa onetako laterri (estado) pillo andia: Errusi, Osterreitz, Serbia, Doitxerri, Olanda, Belgika, Pantze ta Ingalanda.

      Osterreitz ta Doitxerri beste enparauen aurka. Gogor ta indartsuak dira leorrez biok, baiña ondo urteten naikoa zeregin izango dabe.

      Ingalanda itxasoz ugazaba da; doixtarrok urganean galduta dagoz. Atzoko egunez, guda-egun lenengoa zala ori, ia ukutu txarren batzuk egin eutsiezan doixtar ontziei ingalandarrak.

      Serbitarrak egurra emoten dautsie osterreiztarrei egunokaz.

      Gogor egiten dabe areek euren aberriaren aldez.