Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-07-31: Gerla izigarriena

      Gerra hotsak dabiltza bazterretan, eta hala jasotzen dute uztaileko hondar astean agerkariek. Serbian eta Errusian hasi direla tiroka, azken orduan Euzkadi-k. Ezkertiarrek gerra piztea erlijioari leporatu izana deitoratzen du Eskualduna-k, gogor, baina azpimarratzekoa da gerrak ekar ditzakeen ikaragarrikeriak nola aurreikusten dituen, susmatuz hau izan daitekeela “menturaz egundaino Europan eta bertze non nahi ere izan den gerlarik izigarriena”.

 

 

BAKE ALA GERLA?

 

      Aspaldiko urthetan ez dugu Frantzian ikusi, ez eta entzun egun hautan bezen hurbildanik, egunetik biharrera leher egitekotan, gerla; eta ez nola nahikoa; menturaz egundaino Europan eta bertze non nahi ere izan den gerlarik izigarriena.

      Bi populu handi, hala nola Frantzia eta Alemania, buruz buru elgarren kontra ezartzeko orde, hiru, lau, sei, zortzi, nork daki zonbat nazione, oro sutan, oro elgarren hilka, karraskan lotharazteko aiher den gerla bat; arte laburrez oraiko tresna ikaragarriekin bazterrak oro erhauts bailitzazke; guziak odoletan, pusketan ezar, behingo larrutuak hobekienik geldi litazkenak, eta nork daki zonbat eta zoin sekulakotz suntsituak.

 

* * *

 

      Gerlaren piztalea nor den, zer den, zer eta nor izan den, orotan ez bada, gehienetan, bethidanik, galda zozuete gure etsai framazon eta diren bezalako nahasi tzar horier. Ahoa bethez erranen dautzuete direla izan eliza gizon, fededun, apezak eta apeztiarrak.

      Gezur bat hori, deus dakitenek nekez sinetsiko dutena; bizkitartean, erranaren bortxaz, jende xeheari asko aldiz irets-arazi diotena.

      Erlisionearen etsaiek ba; ezin ikusiz begien aitzinean erlisionea, piztu dute hogoita bortz aldi gerla, poxoluz erlisionea, suntsitu, ezeztatu nahiz.

      Bainan erlisionea, bereaz bera, ez da gerla piztale; kontrarat.

      Bakarrik herriaren amodioa ba, herriko zuzenen zaintzeko karra ba sustatzen du, azkartzen bihotzetan, bizi atxikitzen; soldadoari altxatzen dio bihotza erlisioneak; erakaste dio bere eginbidea; gogoan ezartzen: eginbidetan den handienari, herriaren begiratzekoari ez diola behar egin uko.

      Hori zeiea gaizki zonbeiti? Non litake herria? Non ginitazke oro, zoin gureaz gure, soldadorik ez balitz, ez armadarik, ez herriko zedarrien zaintzalerik? Arrotz etsaiari nork nola iharduk, zuzen kontra jazarri nahi zaukunean, edo gure lurreri, ontasuneri lothu.

 

* * *

 

      Zuzenari esku emaiteaz eta kanpoko etsaiari burutzia egiteaz bertze lanik ez lukete behar soldadoek.

      Ahalgegarri da, bertzeak bertze, asko aldiz barneko etsaien, hemengo berekoen, herritarren larderiatzeko behartzen baitire soldadoak.

      Oxala ez balitu Gobernamenduak tzarkeriako ere, hala nola fraide eta serora gaizkirik egiten ez dutenen kasatzeko beren etxeetarik, ohointza batzuen ere egiteko, ez balitz bermatzen armadari!

      Holako lan tzarrendako ez, bainan zuzenari emaiteko indar, onhartzen du erlisioneak soldadogoa; ez gerla gosez, bakea nahiz ba orotan ikusi; gaixtaginekin ez bailitake bakerik, armado on azkar baten larderia gabe.

      Politikero tzarrek dute soldadogoa begietan, ohoinek eta gizon hiltzalek jandarmea bezala.

      Ez direa frango koska eta xede gaixtoko gizon, gobernamendurik ere izan dadin sobera baitzeie; oro ororen nausi, edo nehor nehoren; bakotxak nahi duena egin, nahi ez duena ez… hobeki ginitazkela baiterasate. Nik uste ba, jou!!!

 

* * *

 

      Erlisionea gerla piztale! Haren etsaiak bakezko gizon! Itxura du ba! Ez direa egitetateak hor, lekhuko?

      Lurden izan bazinete iragan astean, hanxe ikusiko zinuten ez denez erlisionea bakearen alde.

      Aditzekoak ziren, harat bilduak, han mintzo gizonen, gizon guzien, bereziki giristino guzien arteko bakeaz, batasunaz, aneiatasunaz, Apezpiku bihotz handidun batzu: angles, italiano, amerikano, rusiano, ba eta urrunagoko.

      Goraki zioten beren mintzaldi ederretan aldizka orok: oro elgarren haurride girela mundu huntan; orotako haurridenik, gu kotolikoak.

      Hanitzi begiak busti ere zaizkote, gerlazko burrunbaz oro betheak diren egun hautan, hanxe Lurderat jina, han mintzo, Cologne hiri handiko aleman apezpiku bat, boza ikaratzen zitzaiolarik eta bihotza pil-pil ari aise ageri omen, zinez mintzo zela? «Zertako ez ginuken behar elgarrekin bakea, bake osoa, katolikoek bederen katokoekin, edo zoin herrialdetako izanik ere?

      Hunkigarriak omen ziren Lurden aleman buruzagi katoliko baten ahotik bakezko, elgarren amodiozko elhe hoik iragan astean.

      Bizkitartean geroztik oraino are lazgarriago doazi gerlazko ximitxtak eta ortziak.

      Agian Jainkoak eta Ama Birjinak entzunen dituzte Lurden, Aita Sainduaren ordain han zen kardinale buruzagiak egin-arazi dituen othoitz kartsuak, bakearentzat.

      Diraukula bakeak. Jainkoak beira gitzala gerlatik!…

 

 

 

ASTEKO BERRIAK

 

Gerla?

      Egun hautako berria da, oraikoan gerla dugula, eta laster. Poincaré, gure Errepublikako jaun Presidenta, Rusiatik itzultzean, izan da Suediako hiri-nausian. Bainan, gero etorri da berehala Frantziarat, Norvegiako eta Danemarkako hiri nausietarat joan gabe, xedea zuen bezala.

      Izkribatu diote bi erresuma hoitako erregeeri, sartu behar duela lehenbailehen Frantziarat, gerlazko dixidu handien gatik, eta joanen dela heieri agur egiterat bertze aldi batez, ahal duen bezen laster.

      Huna zer gertatzen den. Orhoit zarezte nola, orai duela ilabethe bat, hil zuten Autrixiako enperadore zaharraren iloba, horren ondotik enperadore behar zena, bere emaztearekin. Hango poliza miatu da nola gertatu den izigarrikeria hori, eta huna zer duen atzeman. Serbiatik etorriak zirela hiltzaileak, eta handik bazituztela laguntza handiak, bereziki kargudun andana baten ganik.

      Froga hoik bildu ondoan, Autrixiako gobernamenduak egorri diozka galde batzu Serbiakoari, gerlaz dixidatzen duelarik, ez baditu onesten bi egunik barnean. Serbiakoak onetsi ditu, ez guziak, bainan gehienak. Orduan Autrixiak kendu du Serbiatik bere emabaxadorea, eta egorri Serbiakoa Autrixiatik kanpo.

      Ez dakigu oraino eia gerla hasiko den.

      Bainan heien artean hasirik ere, nola beldur izaiteko dugu Frantzian? Huna zergatik.

      Nola Autrixia Serbia baino hainitzez handiago eta azkarrago baita, leher dezake errexki. Bainan Rusiak erran du, lehertzerat utzi baino lehen, Serbiaren alde emanen dela.

      Rusia hola guduan sartzearekin, Alamaniak hitzeman du bere soldadoak egorriko dituela Autrixiaren laguntzerat. Orduan Frantzia ere bortxatua da bere adiskide Rusianoekin bat egiterat.

      Ikusten duzue, zer dixiduen erdian garen. Jainkoak beira gaitzala gerlatik!

 

 

 

AZKEN BERRI

 

      Ortzegun eguerditan gira. Bake ala gerla? Zertara goazin dakiena ixilik dago. Depexa depexaren gainera heldu; egia batentzat: hamar gezur. Gehienak deus jakin gabe mintzo.

      Bakarrik segur dena da Europa guzian, edo bederen guri doazkun tokietan gerlazko su bat izigarriaren lotzeko hirriskuan girela.

 

(Kirikiño)

 

1914-07-27

 

Atzerri

 

      Izpar itzela dabil. Guda gorri inpernutarra urtengo ete dan gaur Europan bildurra dago. Ez al da egituko atzo ebillan zurrumurrua! Guzurtuko al da!

      Doipuru ona, biotza ausita, alegiñetan ei dabil ia eragozten dauan guda deungea. Jaunak lagunduko al dautso!

 

 

1914-07-28

 

Antz obea

 

      Dauke atzoko izparrak. Zarata asko dabil, igarten da gudea ez dabela gura Laterrietako (Estaduetako) nagusiak, eta alegiñetan dabiltzela Osterreitz eta Serberria bakean ipinteko. Bestetik, Doipuruak be eskatu dautso Osterreizko Kaiserri (enperadoreari) al dauala ez daiala amaitu bere agintaritza ainbat eta ainbat gixajoen odolez gorri-gorri eginda. Kaiser ori zar-zarra da; ta kristau ona, ta esan leike alegiñik andienak erabilliko dauzala gudea eragozteko.

      Oneek dira atzoko izparrak. Gaur ez dakigu zelakoak etorriko diran. Antz ona badago egon, baiña ondiño ezin esan leike gudea eskier (seguru) atzeratuta dagoanik.

 

* * *

 

      Lengoa idatzita gero etorri dira izparrak, errusitarrak eta doixtarrak asi dirala alkarri tiroka, baita serbatarrak eta osterreiztarrak be.

      Beraz asi da gudea, guda madarikatua, guda inpernutarra. Nok zenbatu leiz guda ikaragarri onek ekarriko dauzan kalteak gogoentzat eta gorputzentzat eta ogasunentzat?

      Artu daigun Jaunaren zigortzat, eta otoi dagiogun bakea emon daiskula.