Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-07-10: Nahasmendu handiak

      Enperadore-gaiaren aurkako ekintzaren atzean Serbiako mugimendu oso bat dagoela adierazten du Eskualduna-k, eta horrek ondorioak ekar ditzakeela, egileentzat ez ezik, Serbia osoarentzat. “Nahasmendu handiak” etor daitezkeela, gerra hasi baino hogei egun lehenago esanak.

 

 

ASTEKO BERRIAK

 

Autrixiatik

      Serbiako bi gizon baitire enperadoregeia hil nahi izan duena eta hil duena, jazarkunde handia da, Autrixia guzian, Serbako jendeari buruz. Beldur izaiteko da nahasmendu izigarriak gerta diten hortarik.

      Gizon gazte hilzaileak erran du, hainitzek Serbian batasun bat egina zutela enperadore-geiaren hilzeko, baitzakiten zer kaltea zuketen beren erresumarentzat, hori, egun batez, Autrixiako enperadore bilakatzen baliz. Horren hilzeko tresnak Serbiatik egorriak ziren Serajevo hrirat.

      Serbiako jendeetarik hainiz baitzen Autrixiako eskualde zenbeitetan, gehienek ihes egin dute, edo kanporat ezarri dituzte. Erresuma hortako buruzagiak ixilik dagode, nahiz dixidu frango etorri zaioten, hoik ere heriotze hortaz hobendun balire bezala.