Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1914-07-03: Sarajevoko atentatua

      Enperadore-gai Francisco Fernandoren hilketak hartzen ditu hala Eskualduna nola Euzkadi-ko komentarioak. Agerkari bietan azaltzen dute asaldura gertakizunagatik, baina Euzkadi-n hiltzailearen abertzaletasuna azpimarratzen dute eta Bosnia-Herzegovinaren menpekotasun egoera.

      Mexikon Villa izeneko “gizon-hiltzaile” bat dela hango “nahasien”, errebeldeeen, aitzindarietarik bat albistea dakar Eskualduna-k. Tzarra dela baina buru eta asmo onekoa, Huerta presidentearen armada zafratu zuela.

 

 

ASTEKO BERRIAK

 

Autrixiatik

      Joanden igande goizean, tiroz hil dute enperadorearen iloba, horren ondotik eta horren orde Autrixiako enperadore behar zen jauna. Horrekin betan hil dute ere horren emaztea. Berrogoita hameka urthe zituen; eta emazteak, berrogoi-ta-sei.

      Biak, Bosnia deitzen den Autrixiako eskualdean, Serajevo hirirat joanak ziren. Herriko-etxerat zoazilarik karrosan, norbeitek aurdiki diote bonba bat; bainan jaunak urrundu ahal izan du eskuz, eta hortarik ez zaiote deus makurrik gertatu. Herriko-etxetik gibelerakoan, hemeretzi urthetako mutiko gazte bat hurbildu zaiote, eta biak hil ditu tiroz.

      Enperadora zaharra bihotzmin handitan aurkitzen da. Nehork ez bide du horrek bezenbat holako desmasiarik bere familian ikusi. Bere emaztea, bere seme bakarra, bere anaietarik bat hola galduak ditu. Eta orai bere erresumen buruzagi utzi gogo zuen iloba!

 

Serbiatik

      Erresuma hortako erregek egin du antolamendu bat Aita Sainduarekin. Erlisione katolikoa antolamendu horren arabera gerizatua izanen da erresuma guzian.

 

Albaniatik

      Nahasiek gaztjatu diote erregeri, ez direla geldituko, horrek bere kargua utzi arte. Eta bazter gehienetan nausituak dire.

 

Metsikotik

      Horko nahasien aitzindari lehenetarik da Villa deitzen den gizon-hiltzaile bat. Gizon hori, nahiz tzarra den, bizkitartean buru eta asmu onekoa behar da izan. Orai ere, gudu handi batean zafratu ditu Huerta Presidentaren armadak.

 

 

 

BI HIL

 

      Autrixiako enperadore-geia 51 urthe zituena eta haren emazte, enperatriza-geia hil dituzte iragan igandean. Bosnia baita erresuma handi hartako zathi bat, hango hiri nausi Serajevo deithuan.

      Karrikaren erdiz erdi zoazilarik jaun andereak beribilez, bonba deithu zapart egile hetarik bat aurdiki deie behin gainera langile tindatzale batek; pilota bat bezala eskuz baztertu du bonba hura enperadore geiak; leher egitera joan baita gibelaxago, heien ondotik zoan karrosara.

      Han bi soldado aitzindari kolpatu, guti edo aski.

      Hiriko etxera zoazilarik hori. Aitzina joan dire handik bere bideari enperadore eta enperatriza geiak.

      Hiltzalek beren izari guziak hartuak zituzten, batek huts egiten bazituen, bigarren bat, eta beharrez hirugarren bat, jazarriko zitzazkotela, batek nolazpeit hil kolpez hatzeman arte.

      Hemeretzi urtheko ixtudiant buru bero batek biru tiro eman diozkate errebolberez, bide sahetselik beribilera; behin enperadore geia, gero haren anderea hiltzen dituela, gizona lephoan eta ixterrean kolpaturik, anderea sabelera erdiz erdi.

      Asaldura bat gaitza da omen Autrixia guzian hiltzalen eta heien herritarren kontra.

      Enperadore zahar, holako bertze asko ikusirik dagona bere odolekoetan, hiltzerainoko bihotzminetan omen da.

      Badukegu, izigarrikeria, horren ondorioz bertzerik erraiteko hemen, ondoko egunetan.

 

(Kirikiño)

 

1914-06-29

 

Osterreixko Bakaldungaiak erailda

 

      Gure izparringi onetako izpar erderazkoetan ikusiko dozue zelan erail dabezan atzo Osterreitzen bertako bakaldungaia ta bere emaztea.

      Nun ete dauko sustraia gaizkintza ikaragarri onek? Batek badaki!

      Begoz donokian senar-emazte zorigeztokoak.

 

 

1914-06-30

 

Abertzaleak dira

 

      Osterreizko bakaldungaia bere emazteagaz batera garbitu daben mutil biak abertzaleak, serbo-abertzaleak, dira.

      Bosni ta Ertzegobin, erki biak Osterreitzek indarrez arrapau ta bere menpean daukoz, ta erki bi orreetako biztanleen artean abertzaleak sortu dira, marre ikusten dabenak, eurak serbotarrak izanik osterreiztarren ostikopean egotea.

      Bakaldungai ori izan da arerio gogorra ango abertzaleentzako, ta ortik aituten da berari izan dautsoen gorrotoa; burubero batzuk agertu dira, ta egin dabe erailtza gogorra.

      Ondo egin dabe? Ez! Gaizkintza txarra izan da ori. Gizonari Goikoak emon dautso bizia, ta Berak kendu bear dautso bizi ori, ez iñok. Jaunak emondako bizia ta askatasuna, bere-bereak ditu gizonak emen ludian, eta zuzenez ezin legioz iñok be kendu.

      Orain, gogorkeriak eta gorrotoak, gogorkeria ta gorrotoa sortzen dabez, ta gogorkeri ta gorroto bik alkar jotean orreelakoxe gaizkintzak dakarrez. Orregaitik, gaizkintza bat izaten danean itandu bear da sarri ia zein beste gaizkintzek ekarri al izan dauan, batak besteagan euki oi dau asia ta sustarra ba ta.

      Oraingoan be itanduten dogu, ta zeatz jakin gura geunke, zenbat gaizkintza egin dabezan Osterreizko agintariak serbo-abertzaleen kaltez; oneetariko zenbatek bizia galdu daben eta zenbat dagozan espetxeetan sartuta askatasuna galduta gorrotozko negarrak bustiten dautsiezala euren begiak, biotza illundurik euren maiteekandik aldenduta; ta ori, euren aberria autortzen dabelako ta maitatzen dabela diñoelako.

      Oneetariko gaizkintzak urrun ez dira jakiten, andikien kaltez egiten diranak lez, ta ez dakiguz; baiña geure urrean jazoten diranak dakiguz, ta baita gizonak alde guztietan dirala alkarren antzekoak, eta ortik ataraten dogu Sarajevoko gaizkintza orrek bere sustarra eukiko dauala Osterreizko agintariaren aldetiko beste gaizkintza askogan.

      Osterreizko Bakaldungaia izan da Agintari orreen irudi bat, eta irudia jo dabe.

      Agintariak ez leukie bein be aiztu bear okerrak okerra dakarrela beti, goiz edo belu.