Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-06-25: Guda galgarri hau

Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.

1915-06-18: Umezurtzen nonbrea

Gerlak anitz umezurtz utzi ditu pausaleku orotan. Eskualduna-ren aburuz bilatu behar da zer egin “Umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko”. Wilson AEBetako presidenta eta Bryan atzerri-ministroaren arteko liskarra bildu du kazetak. Gallipoli garaipen gisara ageri da. Aurreko ostiralean,  Parisen mundu bat omen zen Bihotz-Sakratuaren Pariseko elizan, gizon anitz, gehienak soldaduak, eta kronikariak fermuki gaztigatzen digu, gerra hasiz geroztik kazeta honek ez du ezer txarrik aipatu lehenagoko gure etsai naturalez, gorriez. Gorri batzuk aldiz, gezurrak hedatzen jaioak dira, eta Aita Santuaren inguruan esandakoak gezur hutsa direla salatzen du kazetariak. Hona galdea, frantses zenbaiten begietan katolikoak ez ote dira Alemanak baino etsaiago?

1915-06-11: Ele makurrak

Mihi gaiztoak gaizki esaka ari diren honetan, ele makurrak zokoratu behar direla ohartarazten digu Eskualduna-k. Italiak ireki fronte berriaren berri eman digu kazetak. Greziako Konstantin hil zorian omen, hilez gero Grezia aliatuen alde jarriko omen da. Espainiako gobernuak galdatu die bertako kazetei gerla honen berri ez emateko. Aldaketa Frantziako su zelaietan, eguzkia Euskal Herrian baino goiztiarragoa da Arras aldean. Xori gizonen gerla moldea berria da Gerla honetan, etsaiaren hegazkinlariek preso dituztenen zerrendak airetik jaurti dituzten, batzuk hiltzak zituzten soldadu euskaldunek. Donibane Lohizunen hogei bat gerla zakur hautatu dituzte. Euzkadi-k ohartarazten digunez, Alemanen alde su eta gar ari direnak haserre dira Espainiako gobernuarekin. Italia gerlan sartu aurretik Espainiatik Italian barna hainbat merkantzia bidaltzen ziren Alemaniara, orain bidalketa hori eten da. Kirikiñok doixtarren aldeko Vazquezen jokabidea salatzen du. Bestalde, ezaguna denez, Gezurroff eta Patatenberg herriak elkarren ondoan dira.

1915-05-28: Hortzak luzatu zaizkio Italiari

Poza du erakutsi Eskualduna-k, ordua zen, Italia gerlan sartu da, ez da itsu-itsuan aritu, aterpea preparatu du. Italiak Alemaniari hitza emana eman zion ez ziola kontrarik eginen, baina hortzak luzatu zaizkio gure Italiari eta Austria beheiti zihoala ikusiz Biba gerlaka hasi da. Ez da iritzi berekoa Euzkadi, Italiaren jokamoldea kritikatu du kazeta jeltzaleak, egokiera profitatu duela dio Kirikiñok dioskunez abertzale batek ezin du jokamolde hori onartu, begi bistan baita bereak ez diren lurrak erdietsi nahi dituela. Kontu batean bat datoz bi kazetak, biek italiarrek musikarako duten dohaina ekarri dute gogora. Batxik ez daki geldirik, Glasgowetik Genoara bidean da.

1915-05-14: Fuera bekaizkeria

Nork sinetsiko zuen 46 urteko gizonak artoak egiteko utzirik beharko genituela ikusi, zakua bizkarrean, gerlarako bideari lotzen? Kazetak Euskal Herrian geratu direnei elkarri laguntzea eskatzen die. Fuera bekaizkeria! gerlan eta etxaldeetan elkarri lagunduz aitzinatuko direlakoan. Lusitania transatlantikoaren hondoratzearen berri dakarte bai Eskualduna-k  bai Euzkadi-k. Milatik gora hildako eragin ditu U-20 urpeko alemanak. Asaldaturik ageri da Kirikiño, horrelako triskantza ikaragarriak hotz-hotzean egiten duen gizonak, ba al du Jaunaren beldurrik? Azkenik badirudi gerlan sartu dela Italia, Osterreitzen aurka sartu ere. Fede konturik ez da falta bi kazetetan, aita santuaren sostengua Frantziako katolikoei, Lurdeko urak sendatu zuen soldaduaren istorioa, Metz hiriko apezpikuak Joana d’Arcekoaren potreta kendu zuenekoa, eta salaketa bat, Betor bakea! Oihu egin dio Elgoibarko lekaide gerlazale bati Kirikiñok

1915-05-07: Alemankeriak eta alimalekeriak

Denek dakite norainokoa den gure etsaiaren jite okaztagarria. Kronikariaren aburuz alemanaren urguiluaren adierazle dugu segidako errepika. “Ni,… Oro ni,… Biba ni,… Nor naiz ni?... Bethi ni, …Bakarrik ni”. Alemanen alemankeriak salatzen ditu Eskualduna-k, konparaziora bizirik buruz behera ehortzi zituztenen kasuarena. Alta, mendirik handienak azkenean ordokitzen dira, pazientziaren artea da guzia. Hona hainbat adibide, seiehun mila austriar Siberiara bidean jarri omen dituzte errusiarrek, azken hauek Hungariako bidean dira, hori hunkiturik Austriaren bihotza eskura dute. Italiarrak limurtzen saiatu da Eskualduna, negua igaro eta gerlan sartuko… Dirudienez, espainiarrak ez dira surat joanen baina Frantziaren alde jarri omen dira. Gallipoli ageri da kazetan, baina kronikan ez da triskantzaren arrastorik. Danimarkan emakumeek botoa emateko eskubidea bermatzeko lege abian da, kazetak ez dio lege honi kontrarik egiten.. Zuberoatik barna ibili da Ibarnegaray. Joseba Foccrouille gudara doala eta Kirikiñok txapela eranzten du horretarako gauza denaren aurrean. Gainera euskara apur bat (txirriporro) ikasi du belgikarrak.

1915-04-30: Gallipoli ez da ageri

Aste honetan ere ezin neurtu zentsuraren tamaina, pentsa, Gallipoli ez da inon ageri gure prentsan. Eskualduna-ren aburuz errabian dela ageri du alemanak, ke hori lodi bat igorri du ipar-haizeari esker. Diotenez ogirik batere jan gabe erraz bizi da alemana, euskaldun anitzentzat artoa den ber, lur-sagarra da aleman gehienen ogia. Frantziak Gerlaren hasieran denbora zuen eskas, egun aldiz alde du, kanoien hazkurria ez da ments, oraingo honetan kanoien mintzoak erabakiko du borrokaldia, gainera airean alemana da ihesi dabilena. Kazetak sineskeriak hedatzen dituztenak kritikatu ditu, nonbait, haur mutu baten lehen eta azken solasa gerla uztailean bururatuko dela izan da, ez da iragarpen bakarra, ama birjina agertu zaio zortzi urteko haur bati, eta besteak beste gerla maiatzean finituko dela esan dio. Gerlak ez ditu Baiona hiriko eraikuntza lanak gelditu. Uruguaiko euskaldunek Argentinakoen pare, 25.000 libera bildu dituzte sorterriko soldaduen sostengurako. Zuberoako kronikariak diru-laguntzen afera dakargu. Gerla hasi zenez geroztik Liginaga-Astüek hamabost herritar galdu ditu, gerla hasi aitzin 308 biztanle ziren.

1915-04-23: Onera goazi, osoki onera

Nekez sinetsiko luke esaldi hori ziloa derrigorrezko habia duen soldaduak. Ezin esan gerla honetan zein den berritasunik handiena. Lurreko gerran eta estrategiari dagokionez ziloena begitantzen zaigu berrien. “Hola bizi ala hil, zer ote da hobe?” galdera pausatzen du kazetariak. Alta, airezko gerra da ezezagunen, bai Eskualduna-k bai Kirikiñok zepelinen “balentriak” aletzen dizkigute. Bestalde Garros xori-gizona preso hartu dutela gaztigatzen digu Baionako kazetak. Italiaren balizko parte hartzea, Austria gerlaz asea omen, lehengo lepotik burua aste honetakoan ere.. Euskal Herrian gizona gerlan duten emazte eta seme-alabendako diru-laguntzen afera kezka iturri dira hainbat merentzat. Batxi onik dela diosku Kirikiñok.

1915-04-16: Ez da jostetarik beharrarekin

Kexu da Eskualduna diru-laguntzak behar bezalaxe banatzen ez direlako. Meren egitekoa omen da makur horien zuzentzea, beharra denari eman eta ez denari ez eman, ez da jostetarik beharrarekin. Lehengo lepotik burua su zelaietan, atzo guretua berriz berendua eta alderantziz, dirudienez, frantses, ingeles, belgikar, serbiar, montenegroar eta errusiar armaden sailek baturik bi mila kilometro pasatxo egiten dute. J. Saint-Pierrek gerlaritzak hartzen ditu mandoak ere, horietakoren bat Euskal Herritik ekarria da eta horren ondorioz ezaguna, euskaldunak euskalduna laster antzematen du. Iheskaria izenburupean Oxobik idatzi bertsoak leitu daitezke kazetan, egiazki gertatzen ari dena hedatzen du Moulierrek bertso horietan. Tortura kasu bat berritzen digu kronikariak, bestalde turko eta zikin sinonimotzat hartzen ditu. Alemana lurraren gainean den gezurtirik handiena denez, beti erne eta azkar egon behar etsaia osoki garaitu arte. Aste honetakoan Zuberoako kronikaren falta nabaritu dugu.

1915-04-09: Igor ezazue ogi bat

Gu jendeago gara. Atxiko direnen bizi baldintzak aletzen ditu Eskualduna-k. Frantzian aleman presoek maniarik ez baina behar duten guzia dute eskura, Alemanian aldiz, oro da bortxa, alemanendako frantsesa sortzetikako etsaia baita. Ez dezala irakurleak gal jatorri ezberdineko presoen jokaera aztertzean kronikariak ondorioztatzen duena. Bestalde Felix Heguy Arrosako apez gazteak Berlin ondoko Zossen presondegiko bizimodua lehen eskutik berritu digu. Alemanian preso den euskaldun batek gutuna igorri dio familiari, ezin izan du euskaraz idatzi, baina esaldiren bat isuri zaio, hona horietako bat, "Egor azue ogi bat aste guziez". Baina oro ez da lanturua, bular guziz Biba alemanak! egin du oihu Eskualduna-k, armada alemana jaioa da itsasontziak hondoratzeko arteak hedatzen, baina honetan sei ontzi aleman suntsitu ditu. Gilen antikristoa bertso-sorta irakur dezakezu kazetan. Kirikiñok dioskunez jateko gauza urri dabil Dotxerrian eta bere kronikan ingelesen gizontasunaz, alemanen ankerkeriaz eta zenbait politikari espainiarrek lelokeriak esateko duten joeraz mintzo zaigu.

1915-04-02: Altxa bihotzak!

Berriz ere gerla noiz finituko galdera pausatu digu Eskualduna-k. Noiz baino nola den amaituko du arrangura, ez du bake oker eta maingurik nahi, hobe aski luze joan dadin , etsaia osoki garaitu arte. Kazetak hamaikagarrenez alemanen ankerra agerian utzi du, batetik anaiaren hiltzea gutunean eta bestetik Jainkoa gurekin kantan, gerla honetan, alemanek egin demasak ikusirik Jainkoa beti Frantziarekin da. Ez alferrik, euskaldunak fedea erakusten ere nagusi dira. Alemania ahulduz doa eta aliatuak azkartuz, jeneral  japoniar baten aburuz primadera honetan azken ukaldia emanen diote Alemaniari, “Euskaldunak, altxa bihotzak, udan gure herria, gure mendiak eta gure itsasoa ikusiko ditugu”. Errusiarren garaipen gaitza erdietsi dute Przmysl hirian eta frantziar gerlariek baso bat arno gehiago ukan dute errusiarren ohoretan. Eskasia ari dira nozitzen Alemanian, Frantzian aldiz Desclaux moltseroa itzalpean da. Zuberoako kronikan errefuxiatu belgikarrei legez eman beharreko diru-laguntzaz mintzo dira.

1915-03-26: Barkamenik ez

Garbiki mintzo da Eskualduna desertzioaz, alemanek sustatu ele gaiztoek erraten dute ez dela desterrua hemengo Euskal Herritik hango Euskal Herrira joatea, gerla bukatu bezain laster duela berrogeita lau urte gertatu zen moduan horientzat barkamendua izanen dela, gezurra da hori, ez da barkamendurik izanen gerla honetan bere eginbidea bete ez duenarentzat, Eskualduna-k zigorrak ditu aletzen. Austriarren gibelatzea, Italiaren jarrera, Konstantinopolis berriz ere erortzear delarik turkiarren ahultzea, kazetaren irudikoz beldurtzen hasia da Alemaniako Gilen. Bestalde euskaldunak non diren barreiatuak agertzen digu, deskantsuan dira, urtarrilaren azken egunetik ez dute indarrik egin. Erromatar soldaduen hezurrak topatu omen dituzte, duela bi mila urtekoak, pausaleku horretan gerla gehiago izan dira baina oraingoarekin deus ez. Lehiaketa bat pausatu digu Eskualduna-k aste honetan, Errusiarrek Przsemysl hiria hartu omen dute, "bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erraten duenari, hutsik gabe". Ezaguna denez, Zuberoako kronikariak ez ditu sozialistak maite.

1915-03-19: Osoki garaitu eta gero

Eskualduna-k zuhurtzia eta harrotasun anoak neurri bertsuan ditu banatzen. Gerla noiz  finituko den galderari erantzuten ahalegintzen da. Alemania galtzez da nagusi, bideak idortuko dira eta aliatuak Alemaniara mugituko dira, Konstantinopolis erortzear da eta eskualde hartako herri txipiak harrituko dituzte aliatuek elez  eta ekintzez. Ez omen dute Japonia, Italia, Errumania, Greziaren beharrik, alde jartzen badira hobe, fite egin dezatela hautua, bihar berantegi izan liteke. Gisa berean zuhurtzia ageri da Eskualduna-ren kroniketan, etsaiaren ahalak, ahal guztiak finituko direnean finituko da gerla, zuhurtziak irabaziko du gerla, erokeriak gal lezake. Haurride saldoa gerlan dituenarendako kontsolamendu eskasa.

1915-03-12: Bihozgabeak

Bihotzaren altxagarri diren zenbait pasadizo berritzen dizkigu Eskualduna-k, baina gisa berean gaztigatu bihozgabeak ere badirela gutartean. Berriak egunka sailak maiz aurreko astekoaren errepika dirudi. Kazetak agertzen duenez Konstantinopolis garaituez gero, soka bilur zabal eta luze bezain tinkoa ezarriko genioke etsaiari, Euzkadi-n Kirikiñok dioskunez Bosforoa urrun dute oraindik aliatuek. Itsasaldean libratzen ari den gerra datuez hornitu ditu Eskualduna-k, aliatuak dira nagusi eta gainera etsaiak ontzi gehiago galdu ditu. Bestalde, Errusiako frontean gerra moldea bestelakoa dela ohartarazten digu. Gutun bat dakarkigu aste honetako kazetak, soldadu batek osaba Ottori igorria, “Zazpi hilabetez gerlan ibiltzeak nahitaez gogortzen du gizona”. Xoriñoen arrangurak bertso-sortan gerraren inguruko gogoetak  dakarzkigu Oxobik.

1915-03-05: Oldar handia

Eskualduna-ren aburuz bertze solasik ez da, oldar handia dute denek aipatzen. Joffrek hogeita hamaika eskutik omen du, eta ezin jakin zuhurtziaz edo xuhurtziaz jokatu nahi duen. Presoak ere hizpide hartu ditu kazetak, gobernuak ez omen ditu presoak ahantzi. Bestalde, alemanen gezurrak salatu ditu, Aita Santua ez da Frantziaren kontrako. Saint-Pierrek soldaduen anoaren ingurukoak berritzen dizkigu, ogia, haragia, pinta erdi bat arno egunean, alta xahakoa negu honetan pausan dago, zimurtua, zoko batean dilingo. Bakoitzak baditu bere bihotz min gordeak baina orok dute kuraia erakusten. Usu denez erlijioa aipatzen du Eskualduna-k, “nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa”. Lau mila emazte sartu omen dira armada ingelesean, diputatu izan nahi zuten “moko bipil” horiek soldadu bihurtu dira. Zuberoako kronistak ez du sozialistak kritikatzeko egokierarik alferrik galtzen. Bestalde, Liginaga herri txipian bederatzi hil, bost desagertu eta hiru kolpatu gerra hasi zenetik. Kirikiñok Euzkadi-n gaztigatzen digunez aliatuak Dardaneloak igaro eta Marmaran sartu berri dira, Konstantinopolis erortzear?

1915-02-26: Gertatzen dena gerta, guk egia beti

Eskualduna-k Errusiaren partehartzea aztertu du. Errusiarrak aspaldi erakutsia du nolako gerla gizon indartsua eta kuraiatsua den, berak daki nola eraman bere saila. Berriak egunka sailean, aste honetan ere primaderari deika ari zaio gezurretan ez omen dakien Eskualduna, hona lagin bat: zafrakoa zafrakoaren gainera dute alemanek, gu beti aitzinatuz goazi, itxura guztien arabera irabaziko dugu. Garizuman sarturik inauteriak igaro direnez ez omen dira jabetu soldadoak. Jean Saint-Pierre. kexu da igandean ere gerran aritu behar izanaz, gainera baten bat mezaz futitzen omen da, bestalde “gure kanoiek kolpe gutxi debaldetan” Kanadan sei urte eman ondoren sorlekura itzuli eta gerran sartu den soldado baten koplak dakarzkigu kazetak. Eskualduna-k Ibarnegaray loriatzen darrai, alemanek pozoitu zuten, osatu eta berriz sutara. Zuberoan soldado erien batzarra gertatu da, baimen osoa behar lukete horiek, “Egun oroz heriuaren borthan dagoena irabazten baitu egiaren jakitatea”.

1915-02-19: Geroa gure dugu

Garbi mintzo da Eskualduna, mundua zoraturik omen dago ikusiz alemanak bazter guzietan zenbat etsai dituen. Jean Saint-Pierreren aburuz lehenbailehen nahi du garaitu alemanak, baina debaldetan ari da, ezinbertzean ari da joka bazter guzietan, zezena barne zerratuan bezala. Alemanak urdeki jale handiak dira, baina gerrarekin urde guzien azken orena jina da Alemania guziko. Saint-Pierrek ez du dudarik, “alemanak fueratuko ditugu”, baina noiz? “Ager dadila primadera eta Anglesen laguntzarekin geroa gure dugu.” Ibarnegaray eta Guereçague, biak diputatu, biak soldadu aitzindari, bata Baigorrikoa, beste Donapaleukoa. Eskualduna-k agorrilan gerra hasi eta berehala Baionan “Fuera Ybarnegaray, Biba Frantzia!”oihu egin zuen gaztea gogora dakargu eta Frantzia bat dela nabarmendu.  Zuberoako kronikan ere batasuna da hizpide, frantsesak politika zaharra utzirik bat jarri baitira etsaiaren kontra, Gilen II.ak izanen ote du merezi duen gaztigua!

1915-02-12: Biba gure kanoia!

Eskualduna-k gogora dakargu gerra martxoan hasiko delaren aipua. Odol hotzekoak omen dira ingelesak, eta jada bai lehorretik bai itsasotik lagundu dute.Alemanian hornikuntza arazoak omen dituzte, jaki kontuetan bereziki. Su zelaietan jazotzen ari dena deskribatzean gisa honetakoak leitu ditzazkegu, “gure kanoiak nagusi, gure artilleriak etsairena isilarazi, zoraturik dagozila oro, errusiarrek turkiarrei xafraldi ona eman, …”. Kazetariaren aburuz, mundu guztia estonatua dago alemanen mehatxu eroaz, izan ere, itsasoan nazio oro mehatxatzen baitu Alemaniak. Gerra hasi zenetik sei hilabete igaro dira, Eskualduna-k tarte horren kronika egitean lotsa, beldurra eta izuaren aurrean frantses orok erakutsi kuraia nabarmentzen du. Kazetak salatu du inoiz desertoreen gaia, alta, aste honetan iheslariak bezain beste gazteak desertziora bultzatzen dituzten kuku nahasleak salatzen ditu, gerra ondorengo balizko amnistia bera ere zalantzan jartzen du Eskualduna-k. Jean Saint-Pierre gaztigatu digunez, uros dira soldadu muslariak, karta jokoak heldu omen zaizkie.

1915-02-05: Gerla martxoan hasiko

Kitchener jeneral ingelesaren aburuz gerra martxoan hasiko da. Dirudienez aliatuak prest dira martxoan indar gaitza egiteko, eta gerra noiz finituko den baino alituek garaipena noiz erdietsiko galdetu behar da. Reims hirian alemanen oldarra nozitu du frantses armadak, baina etsaiak baino biziki gutiago gizon galdu omen du. Hona gogoeta alemanen gezurren aurrean: “Gezurrezko ehun bitoria baino guk nahiago egiazko bat, eta hura segura, ez izanik ere alemanen espantuak bezen handia”. Aste honetakoak Aizibitzen  Beñat galtza handi bertso-sorta dakargu. Zuberoako berriemaileak salatzen duenez, Basaburuan bada gizon eli bat gerlaz baliatzen ari dena beren opilari su emateko. Kazetariak alemanen gezurrak irensten duten horiek ere salatzen ditu. Soldaduen gutun gutxi Euskalduna-n, “ez dire gerla toki hauk, lumarekilako buru lanentzat eginak.” Mendiez haraindiko euskaldunak gogoan hartu ditu Eskualduna-k, eta esan denaren kontra Julio de Urquijo Frantziari atxikia dela baieztatu digu.

1915-01-29: Heretikoak katolikoen kontra

Eskualduna-ren aburuz frantsesen erlijioa omen da alemanen etsairik gehienetariko bat. Nonbait, Alemaniako katolikoek, katoliko baino prusiarrago dira. Aste honetan ere “aitzina” da kazetan gehien-gehien errepikatzen den hitza. Bestalde, negu beltz eta ustel honetan artilleriaren lan ederra nabarmentzen du  Gobernuak diru gutxiago bildu du zergen kontura, itxuren arabera gerra honek ez dezake iraun heldu den negu arte, hori dela eta harrigarria egiten zaigu Zerbitzarik aipatu hau “bake iraunkor batentzat, batere ez litzaukuke sobera, hemen bertze sei ilabetheren iragaitea.” Errumania eta Italiaren jokamoldeak aztertzen ditu, baina Aita Sainduaren hitzak epelak edota zuhurrak izan ote diren ez du ebazten kazetak. Erromakoak ez du Alemania aipatu ere egin. Jean Saint-Pierrek bildu duenez marokiarrak algeriarrak baino gerlari hobeak omen. Bi salaketa dakarzkigu Kirikiñok Euzkadi-n, bata alemanen txakurkerien kontrakoa eta bestea ustezko “itxaspe-ontziak” direla kausa doitxiarren alde ari diren bertako egunkarien jokamoldea agerian uzten duena.

1915-01-22: Irabazteaz ez dugu dudarik

Lehengo lepotik burua Eskualduna-n, aro gaizto honek gerrako lana gibelatzen du. Jean Etxaparek barneko ospitaleetan jazotakoa berritzen digu. Honen aburuz euskaldunek euskara dute sendagai, “zer atsegina euskaraz hasten balin bazeie…galdegiozu hurbiletik ikusi dituen edozoin frantsesi, nor diren gudukari hoberenak etsaiarekin buruz buru, zaude ez dautzula ihardetsiko baizik: «Ce sont les Basques.» Jean Saint-Pierrek gerra molde honetan zulatzaileek duten garrantzia azpimarratu eta afrikar soldadoen kuraia nabarmentzen du. Donaixtik lau herritar galdu ditu gerran. Mercier Malinasko gotzainaren afera dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k, Aita Sainduak goraki gaitzetsi du alemanek Mercier preso hartzea, abertzale honek ez du burua makurtu alemanen aurrean. Kirikiñok irakasbide gisara Durango-Iurreta eta Bilbon karlista eta liberalen artean jazo ez diren bi gertakari kontatzen ditu Alemanak gerran egiten ari direna erakutsi nahian, badu txungurretik kontakizunak.

1915-01-15: Ez dugu bertze minik herrikoa baizik

      Errusiak alemanak garaitu ditu Kaukason, turkiarrak larri omen dabiltza, Belgikan ere metroak irabazten, Reims aldean “guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka”, ia oro da bihotz-altxagarri, “gure baionetak ez dire alfer egon” leitzen dugu aste honetako Eskualduna-n. Kazetariak ohartarazten digunez, “iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda”. Jean Etxeparek barneko ospitaletan gertatzen ari direnak aletzen dizkigu, txerto eskasia, zirujauen garrantzia, mendikuntzaren aitzinamendua, X izpiak kasurako. Jean Saint-Pierre besteak beste negu ustelaz mintzo da, “Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas”. Bestalde tiratzaile on baten balentria berritzen digu eta ondarrean erregu bat, musean aritzeko karta joko bat galdatzen du, kartak piltzartu baitzazkie. Gutun bat ere argitaratzen du aste honetako Eskualduna-k, frontean diren euskaldunen gogoeta gisa. Kirikiñok Euzkadi-n dioskunez euskaldun soldado zaurituak Pariseko Orly jauregian elkartu dituzte. Tolosako batzokian bildu behar omen dituzte haiendako gutunak, eta Tolosatik Baionara igorri.

1915-01-08: Bihotza eta zentzua iskiluak baino

      Bi bakeak galdegin ditu Eskualduna-k, kanpokoa zein barnekoa, Alemaniarekikoa zein frantsesen artekoa eta bizkitartean "oraino bethi aitzinatuz goazi" diosku kazetak, baina era berean gaztigatu, "gezurrez neke baita luzara triparen bethetzea". Bada beste galderarik aste honetakoan, Zertako? Aleman eta frantses soldaduek eguberri garaian zenbait tokitan menia moduko bat adostu dute eta elkarrekin aritu dira solasean eta kantuan, janaria ere elkarri eman diote, adiskidantza hau ez du begi onez ikusten Eskualduna-k. Bestalde, zaurituak nola hartatzen dituzten agertzen digu kazetak, zer gisako antolamendua duten ezarri horiek atenditzeko. Jean Saint Pierrek, lehen eskutik, frantsesez konfesatu den euskaldun baten testigantza dakarkigu, "herenegun kofesatua niz, bainan frantsesez. Etzaut iduri batere egina nizela». Bestalde soldaduei manatu berri dieten baselina oinetarako baino kandelak egiteko ibili omen dituzte euskaldunek. Aspaldi ez genuen Kirikiñoren berri, aste honetakoan, Batxik Glasgow hiritik berritu dizkionak pausatu eta xalo-xalo Batekotown-go The Gizurting Herald izparringiko berri bat itzuli digu, nonbait, Alemanek Konstantinopoliko atsoen eta txakurren arkakuxo azkarrak erabili omen dituzte errusiar soldaduen kontra.

1915-01-01: Harrabotsak ez du hiltzen

      Ahulena omen da azkarrena, gisa horretan nahi du Eskualduna-k goratu Belgikak gerran erakutsi kuraia. Anitz diru ari dira gastatzen gerraren kari, eta kazetaria dirua nondik? galderari erantzuten ahalegintzen da. Zergak ez omen dituzte goitituko, baina nola lortu gerra sustengatzeko behar den dirutza?  “Ithurri ttipiak bilhakatuz itsaso” dugu Frantziako Gobernutik eman duten arrapostua. Jean Saint Pierrek kolpatu, preso edota hil diren soldaduen berri ematen digu. Gerra hasi zenez geroztik 489.733 soldado frantses dira kolpatuak, gainera gehienak sendatzen omen dira eta “arras guti” dira hilak, 12.144. Frontean zortziehun metro zilo erreka irabazi omen dituzte aliatuek, eta alemanen azantza handia bada ere, harrabotsak ez duela hiltzen gaztigatzen digute, “nahi dugunean xehatuko ditugu” esatera ausartu da berriemaileak. Bestalde, sukar ustelaren kontrako txertoa jarri omen diete euskaldunak diren ejerzitoko soldaduei. Euskaldunak eguberriaren prestaketan omen ziloetan.

1914-12-25: Gauberri armadetan

      Aliatuak aitzina omen doaz gerra-toki orotan. Alemanek xafraldi gaitzak hartu omen dituzte bai Belgikako bai Poloniako fronteetan. Aste honetako Eskualduna-k tarte zabala eskaintzen dio Poloniako fronteei. Errusiak aurre egin die Alemaniari Varsovia aldean eta Austriari Krakovia inguruan. Ingelesek nagusi darraite itsasaldean eta bestalde, Afrikako iparraldea ari dira bereganatzen, Egipto ingelesen esku eta Maroko Frantziarenean geratu dira. Serbia beti gerran, turkoen kontra, bulgariarren kontra, orain austriarrei hartu die aurre. Serbiarrak sorlekuari atxikiak dira. Eskualduna Alemania eta Turkiaren arteko adiskidantzaz trufatzen da, Turkiak Van der Goltz alemaniarra jarri omen du armada zuzentzen, aleman bat fedegabeen buru. Suitzan aldiz katoliko bat hautatu dute lehendakari, Motta Frantziaren aldeko jotzen du kazetak. Ez da poesiarik falta aste honetakoan, Gauberri armadetan bertsoak lekuko, eta ohi den gisara balentria bat pausatzen digu Eskualduna-k, Ekialdeko Pirinioetako Filipe soldadoaren egina  aurreko astean loriatu zuen J.P. Bergararen balentriaren pare jartzen baitu.

1914-12-18: Lur ziloz zilo, errekaz erreka, beti aitzinatuz goazi!

      Ypres uzteko prest dira alemanak. Gerrak luze joko omen du, berriemailearen aburuz hobe karraskan baino emeki jokatzea. Janpierre Bergara itsasuarraren kuraia goratzen du Eskualduna-k aste honetako kazetan eta jarraian Zerbitzarik euskaldun gerlarien gorazarrerako Gure irrintzina olerkia eskaintzen digu. Zinez mamitsuak Jean Saint-Pierreren hiru artikuluak. Lehendabizikoan, alemanen indar eta harrotasunaz mintzo da, alemanen ezin jasanezko urguilu hori nekezago garaituko dute haien indarra baino. Bigarren eta hirugarren artikuluetan sator gerraren berri ematen zaigu, lubakietako bizimodua. Basaburuko Dominixe ez da haboro Izabako portuan gazta egiten, lau hilabete eman ditu frontean. Kazetak Atharratzeko plazan Santa-Grazitarren artean gertaturikoa berritzen digu, bada aldea fronteko eta herriko bizimoduen artean.

1914-12-11: Egunkari bat ez izatearen pleguak

      Kexu da kazetaria berri gutxi eta berantegi hedatuak eskaintzen dituelako kazetak. Eskualduna astekariak euskarazko egunkari baten beharraz ohartarazten ote digu? Jean Etxeparek “Alemanak hurbiletik” sailean presoen bizi baldintzak hartzen ditu hizpide, minaren, sufrimenduaren aurrean ezberdin jokatzen ote aleman soldaduek? Saint Pierrek heriotza baten berri ematen digu, Aita Blaise kaputxinoa (Luc Babaquy) ehortzi berri dute Fisme (Marne) herriko hilerrian. Hagiografian besteak beste Frantzia biziki maite zuen euskal idazle bat hil dela azpimarratzen du Saint Pierrek. Berri laburren sailean lau preso frantsesen ihesa  eta Kadet soldadu zaharraren balentriak berritzen dizkigu kazetak. Kirikiñok ezin digu gauza handirik argitu eskura duen informazioarekin. Calaisera iritsi ote dira doixtarrak?.

1914-12-04: Satorrak bezala, negua lurpean iragan beharko

      Gerra egiteko moldeak anitz aldatu dira. Eskualduna borrokarako tresnen garapen historikoaz mintzo zaigu, zelaietatik lubakietarako bidaian. Gezur ala egiak sailean alemanen gehiegikeriaz ari da, alemanek gurutzefikatu omen zuten neskato bat, Lafourcade medikuaren testigantza lekuko. Jean Saint-Pierreren kronikak lubakietako bizimodua pausatzen digu. Bestalde, pilotari batek muga iragan omen du eta Zerbitzarik Xikito Kanbokoaren balentriak hartzen ditu hizpide beste pilotariaren desohorea emendatu nahian. Baionara heldu berri diren 410 belgikarrak frantsesdunak omen dira, euskaldunak abegikor portatu dira belgikar hauekin baina kazetak eskean ari direnen jokamoldea ezbaian jarri du. Eskualduna-k arrunt informazio gutxi eskaintzen du fronteari buruz, errusiarrak aitzina doazela dio. Kirikiñok Euzkadi-n ez du klaredade handiagorik egiten, nonbait hor dabiltza elkarren lehian zeinek gezur gehiago, azkenerako egia irtengo da azalera olioa uretan lez.

1914-11-27: “Frantses Herri maitea, libre bizi zaite!”

      Eskualduna-n ez dute dudarik egiten: Alemaniak gerla galduko du, eta Frantziak irabaziko: “esku-gain handia dugu hartua ja, eta emeki bada emeki, bainan segurki, hartzen ari egunetik egunera”. Jean Etxepareren “Alamanak hurbiletik” sailaren ondoren, poema bat dakarkigu Jean Barbierrek, eta bertan ere frantses aberria nagusi: “Adios, edo ez, ez, berriz ikus arte! / Jainkoa, haur, andrea, nituen hoin maite! / Frantses Herri maitea, libre bizi zaite! / Nere haurrak, Frantsesek haziren zaituzte!... “, edo “Eskualdun soldadoak, ohore zueri, / Ohore hor gaindika hil zirezteneri! / Hatsa eman duzue Frantses-Herriari”. Artilleriaren garrantzia gerla honetan azalduko dizkigute aitzinxeagoan, bai eta “aleman urde diren bezalakoen” basakerien berri eman ere.

1914-11-20: Bake garaiko gerla

      Alemaniako enperadorea, gure Guillaume, ez da gerlaren hobendun bakarra: bai arduradun nagusietarik, baina ez bakarra. Haren semeak ere eragin handia izan du, bai eta gerlatik etekina ateratzen duten aberaskumeek ere. Errege-familia hori joatearekin atsegin hartuko dute “aleman zinezko bake-gizonek berek ere”. Jean Etxeparek bake garaiko gerlaz idatzi du, Alemaniak, bere komertzioaren bidez, Frantzian mendean hartu nahian zebileneko garaiaz. Jaimetarrak –karlistak, alegia– doixtarrekin batera doaz, gaztigatu digute Euzkadi-n, eta Londonen, hemengo “izparringi toreruen” eraginez-edo, uste omen dute euskaldun guziek doixtarrak maite dituztela.

1914-11-13: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”

       Eskualduna-n, Alemaniako enperadorearen erretratua egiten segitu du: hura zen gerla piztu zuena, haren handinahia zen gatazkaren sorburua. “Alemanak hurbiletik” sailean, Jean Etxeparek gai klasiko bat landu du: 70eko gerlatik 14kora, alemanak beren burua prestatzen ibili dira; Frantziako politikariak, berriz, nora ezean ibili dira.

      Noiz artio iraunen du gerlak? Hainbat aldiz azaltzen den galdera da hori: erreketan sartuak gerla egiteko molde berri honekin, luze iraun dezake: “horra zertako baziren uste zutenak, gerla hunek ez zezakela iraun bizpahiru aste baino gehiago”. Gerlarien berrietan behin eta berriz agertzen den ideia da hori: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”.

      Kirikiñok, Euzkadi-n, lubakiak egitera behartua izan zen nafar baten abenturen berri emanen digu, bai eta doixtarren basakerien berri ere Charleroin.

1914-11-06: Porrot egitera kondenatua dago Guillaume txikia

      Napoleon eta Guillaume; Korsikako gizon xumea eta Prusiako Wilhelm kronprinz-a. Bien asmoa –Europa mendean hartzea– antzekoa da, baina arrunt diferentea bietarik bakoitzaren balioa eta pisua historian: “Berehala gerlari handi agertuz, gero gerlaz bertze askotako ere nor nahi bezen on zela” erakutsi zuen Napoleonek; “bere jitez zen Napoleon gizon Handi; Guillaume aitaren eta aitattoren seme delakotz da leher egiterainoko urguluntzi bat bilhakatua”. Propagandaz ere aritzen zaigu Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean. Alemanen ahotik ikasiko ditugu etsaiaren balentriak Belgikan, baina bakar batek ere ez ditu berek egindako azpijokoak eta itsuskeriak aipatuko. Belgikako erresistentziari egiten dio gorazarre Eskualduna-k, horrek mantsotu baitu alemanen aurrerakada. Eta Espainiara ihes egindako pilotariez (“«desertor» solas hoik etzaiku laket”) mintzo bazaigu Eskualduna, euskal pilotari baten ausardia aipatu du Kirikiñok, Nieuwpoort eta Diksmuide (Nieuport-Dixmunde) inguruko batailaren berri ematen duelarik.

1914-10-30: Zuek gure adixkideago munduko aleman guziak baino

Horra hor paradoxa Eskualduna-rentzat Espainia aldean, fededun gehienak Alemaniaren alde eta fedearen kontrakoak Frantzia sustengatzeko prest. Gogoeta mamitsua dakarkigu aste honetako kazetak, berriz ere karlisten jokabidea hartzen du hizpide, kazetariaren iritziz euskaldun horiek oro tronpaturik dira alemanen alde. Gerra piztu aurreko urteetan Alemaniak Frantzian bertan egindako hedatzea pausatzen du Eskualduna-k, nonbait ezin izan dute prestaturiko plana burutu. Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean, aleman presoen bizimoduaz mintzo zaigu. Zentsuraren adierazgarri dira peladurak, kazetaren orrietan ageri diren zulo zuriak, horiek ez dira desohore Eskualduna-rentzat.  Kolpatuen inguruko berriak kenduta arrunt informazio gutxi gerra frontearen inguruan aste honetakoan. Kirikiño Euzkadi-n borroken berri ematen ahalegintzen da, doixtarren eta alkartuen bertsioak irakurtzean gezurraren gezurraz asperturik dela nabarmen utziz. Kirikiñok Bidasoaz harandiko anaia euskaldunak laguntzeko deia egiten du, haiei irakurgaiak igortzeko eskatzen du Euzkadi-n “Euskeraz irakurten, gu baiño euskaldun biziagoak dira-ta”.

1914-10-23: Beraz eskualduna, ke karanba!

      Frantzia eta Espainia aldeko eskualdunak ez omen dira beti bat. Gogoeta luze eta mamitsua dakarkigu Eskualduna-k, lurraldearen txikitasunaz jarduten du, eta azkenik bildotsak otsoen hazkurri direla ondorioztatu. Kazetak bi bandoen gerrako tresnak alderatzeari ekiten dio, ez da hau aste honetan leitu dezakegun alderaketa bakarra, Jean Etxepareren kronikan alemaniar eta frantziarren jantziak aletzean batzuen zein besteen abantailak eta desabantailak zerrendatzen ditu. Nor norekin sailean, munduko hainbat herrialdeen gerrarekiko jokaeraz mintzo zaigu. Frantsesek badituzte adixkide eta laguntzaileak baina badituzte etsaiak ere, eta era berean gerra muturra sartu nahi ez dutenak izan badira. Azterketa honetan, aliatuez gain, Japonia, Turkia, Italia, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Holanda, eta Kanada aberrien jokabidea aipatzen ditu. Aitortza baten kontatzean kazetariak ez du egokierarik alferrik galtzen uzten apaizen jarduna goraipatzeko. Bestalde, Milafranga, Mendiondo, Lekunberri, Isturitze eta Bastida herrietako kolpatu eta hildakoen berri ematen digu, horiek ditugu ondorioak baina gerraren jardun bortitzaz arrunt berri gutxi bai Eskualduna-n bai Euzkadi-n.

1914-10-16: Gerra urte, negar urte

      Gerra gaztigu gisa, denok omen gara hobendun Jainkoaren aldean, hori biltzen du aste honetako Eskualduna-ren lehen predikuak. Jarraian logistika kontuak aipatzean burdinbidearen garrantzia azpimarratzen du, trena ezinbestekoa baita gerran ari direnak asetzeko eta horiek armaz hornitzeko. Badu txungurretik Jean Elizalde Zerbitzari apaizaren kronikak, “Kazeta egileak eta gerlariak ez dituzte naski gauzak begi beraz ikusten”, lehen predikuaren aldean tonu belizista begi-bistakoa da lubakietan den apezaren kronikan. Bestalde gizonak gerran ari diren bitartean, geratzen diren laborariek elkarri laguntzen diote eta mozkinak ez dira sobera urritu, hori bai, laborantzako tresna gutxiago saltzen dira. Oso berri gutxi gerraren inguruan, ezin jakin nor ari den nagusitzen.

1914-10-09: Sekretu gaitza, zentsuraren gorazarrea

Arma bat nagusitu da gerra honetan, zentsura da arma berri hori. Aski kronika laburra dakar aste honetako Eskualduna-k, eta ia osoki pentsaren kontrola hartzen du hizpide. Kazetariak gogora ekartzen du 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa, berri oro, datu oro hedatzen zen prusiarren kontrako gerran, eta ohartarazten digunez maiz informazioa traidoreek zabaldua zen, Frantzia saldu zuten horiek, baina egun ez da hori gertatzen ari, egun sekretu gaitza da gobernuak aski ongi kudeatzen duen arma berria. Zentsuraren gorazarrea.

1914-10-02: Zenbat apaiz hil!

      Elizaren defentsa sutsua egiten du Eskualduna-k eta bide horretan Frantzian frantses izeneko Alemaniako alemanak baino alemanagoak diren anitz badirela salatu. Euskal apaizen eginak azpimarratzen ditu kazetak, kronikaren erdia baino gehiago gai horri eskaintzen baitio. Bestalde, Ingalaterraren itsas blokeoaren eraginez Alemaniak pairatzen duen jaki eskasia aztertzen du, moltsa laburrari bizitzea mehe. Hil eta kolpatuen berri ematean hona Eskualduna-ren adierazpena: egiazko kuraia ez da soraiokeria; egiazko kuraia zangopean ezarriz aitzina kurritzea da.  Era berean, Baionako Gurutze Gorriak egin eskaera eta Txilen ziren zortzi euskaldun etxetik pasa gabe su zelaietara zuzen joan direla notizia biltzen ditu Baionako kazetak. Gerrari buruzko informazio gutxi aste honetako Euzkadi-n. Kirikiño alemanen atzera-egiteaz mintzo da, triskantza doixtarrentzat, bigarrena omen.

1914-09-18: Irabazi dugu!

      Lehen garaipen handia, Marne ibaiako guduan Alemania gertatu da galtzaile. Gaina hartzean Lurdako amaren laguntza funtsezkoa izan dela azpimarratzen du Eskualduna-k. Alemaniarren jokabide okerrak aletzen ditu, gerra egiteko erabakia hartua zutela, arerioak gutxietsi zituela, ez zutela Altsazia eta Lorrena bereganatzen jakin, kazetarentzat ez da Alemania bakarra eta horrek zailtzen du haien batasuna. Igarle dabil Eskualduna, gerra honen ondotik armadak gutxituko direla uste baitu. Ondotik kolpatu eta hilen berri ematen du, zehaztasun osoz kontatzen du soldadu frantses baten pasadizoa, frontean gertaturikoak gizatasunaren eredutzat hartua. Apaiz lotinanta, Ibarnegarai diputatua, Eskualduna ez da etxekoekin ahaztu. Kirikiñok Euskadi-n Wilson AEBetako lehendakariak Gilen Kaiserrari kargu hartu diola agertzen du, Belgikan emakumezkoekin egin demasen karietara hartu dio kargu. Ingelesen abertzaletasuna goratzen du Euzkadi-k, kintarik ez duen herrialdean nola agertzen diren prest armak hartzeko aberriaren etsaien kontra. Astekariak gertakari hori probesten du hainbat herrikideren ustezko abertzaletasuna kritikatzeko.

1914-09-11: Irautea da guzia

      Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza! Aste honetan ere batasunaren aldeko aldarria da Eskualduna, besteak beste eliza eta zenbait politikariren kontra aditutakoak isilarazteko. Kazetak gerran ari diren herrialdeen soldadu kopuruak dakarzkigu eta azaletik bada ere, Belgikako frontea eta Errusiaren partehartzea hartzen ditu hizpide. Frontean irautea irabaztea da Eskualduna-rendako. Berri ezean, Baionara ekarri kolpatuen testigantzak agertzen ditu, eta bidenabarkoan alemanen krudelkeriak agerian utzi. Informazio gehiago eskaintzen digu Euzkadi-k eta fronteen egoerari errepasoa eman ondotik zenbait gertakari zehaztasunez agertu. Belgikako Lovaina eta Anberes hirietan jasotakoak, hegazkin alemanek Paris bonbardatzean gertaturikoak eta Errusiako fronteari dagokionez, Lenberg hiriko gudua. Azken honen kontakizunean lerroartean irakurtzera gonbidatzen gaitu Kirikiñok. Bakoitzak bere astoari arre, aste honetan ere aliatuen aldeko agertzen da Euzkadi eta ez du egokierarik galtzen karlisten kazetak egurtzeko.

1914-08-28: Bonbak sakelara!

      Gerrari buruz arrunt informazio gutxi dakar Eskualduna-k abuztuko hondar astean, balorazioak dira nagusi eta gogoeta bat 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa gogora ekarriz. Bi kazetek alemanek Belgikan egin aitzinamendua nabarmentzen dute, baina frantziarrek bai Belgika bai Alsazia-Lorrenako frontean aurre egin dietela garbi utziz; eta biek ere Errusiak ekialdeko frontean egin oldarrak duen garrantzia azpimarratzen dute. Eskualduna-k, berri ezean, Baionako hirira hilaren 24, 25 eta 26an iritsi soldaduen berri ematen du, horietatik hiru mila inguru arrotzak. Espainiar, italiar, errusiar, poloniar, errumaniar, turkiar horiei bi aukera eman diete: Frantzia utzi edota soldadu sartu. Kirikiñok gertakariek Alemaniari ekar diezazkioketen ondorioak aletzen ditu Euzkadi-n. Ingalaterraren aldeko ageri zaigu Kirikiño, haren iritziz Espainiako zamaontziak itsasoan aske dabiltza ingelesen nagusigoari esker eta bestalde, gerra ekonomikoa dela-eta, nabarmentzen du ingelesek bonbak minik handiena hartzen den tokira jaurti dizkiotela Alemaniari: sakelara!

1914-08-21: Gerlako egiak, gezur

      Informazio eskasia nagusi da, eta gezur sasitzan argi printza bilatzen dabiltza hala Eskualduna-koak nola Euzkadi-koak. Gobernuak informazioa atxikitzea erabaki duela-eta apenas dakarren gerrako berririk Eskualduna-k, ontzat hartuz baina informazio-iturriak ixteko Gobernuaren ordrea, gezurren beldur. Euzkadi-k ere informazio nahasien inguruan dihardu, batailen berri ahal duena emanez ordea, baina gezur asko dabilela salatuz (agerkari karlistak barne, aleman zaleak hauek).

      Gerlari buruzko desberdintasun handia, bada, ordea: Frantziaren alde bizia ematera doazenak goresten ditu Ipar Euskal Herriko agerkariak, eta nola doazen kartsu mutilak frontera. Bi milioi t’erdi soldadoetatik, alde bietakoak, gehienek etxean nahiko luketela dio, ostera,  Kirikiñok: estatuetako agintari guduzaleek ekarria dela gerra.

1914-08-07: Biba Frantzia!

      Oihu horrek betetzen du abuztuko lehen asteko Eskualduna. Mobilizazione orokorra deitua izan da eta “bihotz altxagarria” da ikustea nola erantzun duen Frantzia osoak, Eskual Herria barne. Trenak soldadoz beteta, Euskal Herritik gerlara sendi beretik sei eta zortzi kide bidali dituztenen etsenpluak irakur daitezke. Ezkila joka, afixak nonahi, astekaria ere gerlara jarria da, orain arteko formatua ezinbestean utzi eta txikian kaleratuko da, ahal den arte, gerlaren berri emateko.

      Italiak ez omen du Frantziaren aurka egingo, eta Errusia eta Ingalaterra, itsas armada indartsuena duena, Frantziarekin dira. Ez daukate lan erraza doixtarrek!

1914-07-31: Gerla izigarriena

      Gerra hotsak dabiltza bazterretan, eta hala jasotzen dute uztaileko hondar astean agerkariek. Serbian eta Errusian hasi direla tiroka, azken orduan Euzkadi-k. Ezkertiarrek gerra piztea erlijioari leporatu izana deitoratzen du Eskualduna-k, gogor, baina azpimarratzekoa da gerrak ekar ditzakeen ikaragarrikeriak nola aurreikusten dituen, susmatuz hau izan daitekeela “menturaz egundaino Europan eta bertze non nahi ere izan den gerlarik izigarriena”.

1914-07-10: Nahasmendu handiak

      Enperadore-gaiaren aurkako ekintzaren atzean Serbiako mugimendu oso bat dagoela adierazten du Eskualduna-k, eta horrek ondorioak ekar ditzakeela, egileentzat ez ezik, Serbia osoarentzat. “Nahasmendu handiak” etor daitezkeela, gerra hasi baino hogei egun lehenago esanak.

1914-07-03: Sarajevoko atentatua

      Enperadore-gai Francisco Fernandoren hilketak hartzen ditu hala Eskualduna nola Euzkadi-ko komentarioak. Agerkari bietan azaltzen dute asaldura gertakizunagatik, baina Euzkadi-n hiltzailearen abertzaletasuna azpimarratzen dute eta Bosnia-Herzegovinaren menpekotasun egoera.

      Mexikon Villa izeneko “gizon-hiltzaile” bat dela hango “nahasien”, errebeldeeen, aitzindarietarik bat albistea dakar Eskualduna-k. Tzarra dela baina buru eta asmo onekoa, Huerta presidentearen armada zafratu zuela.